17. ALDIZKARIA - 2024ko urtarrilaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Oinarri iraunkorrak onestea prebentzio, sustapen eta gizarte lankidetzarako proiektuak egiten dituzten irabazi asmorik gizarte partaidetzako entitateendako dirulaguntzen deialdirako

Tuterako Udalak, 2023ko abenduaren 20an eginiko osoko bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen:

ERABAKIA:

Lehenengoa.– Tuteran prebentzio, sustapen eta lankidetza sozialeko proiektuak egiten dituzten irabazi asmorik gabeko gizarte partaidetzako entitateei dirulaguntzak emateko oinarriak indargabetzea. Oinarri horiek 2007ko maiatzaren 18ko osoko bilkuran onetsi ziren.

Bigarrena.– Onestea Tuteran prebentzio, sustapen eta gizarte lankidetzarako proiektuak egiten dituzten irabazi asmorik gizarte partaidetzako entitateendako dirulaguntzen deialdirako oinarri iraunkorrak.

Hirugarrena.– Erabaki hau Idazkaritzara eta Kontu-hartzailetzara helaraztea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Aditzera ematen da, orok jakin dezan.

Tuteran, 2023ko abenduaren 20an.–Alkate udalburua, Alejandro Toquero Gil.

TUTERAN PREBENTZIO, SUSTAPEN ETA GIZARTE LANKIDETZARAKO PROIEKTUAK EGITEN DITUZTEN IRABAZI ASMORIK GIZARTE PARTAIDETZAKO ENTITATEENTZAKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIRAKO OINARRI IRAUNKORRAK.

Tuterako Udalak urtero dirulaguntzen deialdi bat argitaratzen du udalerrian lan egiten duten gizarte zerbitzuen arloko elkarteendako, zehazki, gizarteratzea; emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasuna; gizarte arriskuko egoeren prebentzioa; edo hainbat kolektiboren zaurgarritasun, babesgabetasun, mendekotasun edo gizarte esklusioko egoerak tratatzea helburu gisa dutenendako.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25. artikulua da deialdi honen arauzko esparrua. Honako hau xedatzen da bertan: "1. 1.- Udalerriak, bere interesak kudeatzeko eta bere eskumenen esparruan, auzo erkidegoaren beharrak eta nahiak betetzen laguntzen ahal duten jarduera-mota guztiak bultzatu eta nahi adina zerbitzu publiko egiten ahal ditu. 2. Udalerriak, beti, Estatuko eta autonomia-erkidegoetako legedian ezarritako moduan, gai hauetako eskumenak beteko ditu:... e) Gizarte premiako egoeren ebaluazioa eta informazioa, eta gizarte esklusioko egoeran edo arriskuan dauden pertsonei berehalako arreta ematea, eta o) Gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzeko eta genero-indarkeriaren aurkako jarduerak."

1.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da deialdi publikoa arautzea norgehiagoka araubidean dirulaguntzak emateko Tuteran erroturik dauden edo beren proiektuak Tuteran egiten dituzten irabazi asmorik gabeko gizarte partaidetzako entitateei, jarduketa eremutzat gizarte ekintza dutenei, edozein arlotan: prebentzioa, laguntza, sustapena edo errehabilitazioa.

Norgehiagoka araubidearen prozeduraren bitartez dirulaguntzak ematen dira aurkezturiko eskaerak alderatuz, horrela ezartzen baita haien arteko lehentasuna, oinarri arautzaileetan eta deialdian ezarritako balorazio irizpideen arabera eta kreditu erabilgarriaren muga gainditu gabe.

2.–Zenbatekoa.

Deialdiaren zenbatekoa urtero argitaratuko da deialdi horren hasieraren iragarpenarekin batera. Udal Aurrekontuko 48201.2310 partidaren kontura finantzatuko da, edo, bestela, horretarako izendatzen den partida baten kontura. Dirulaguntzaren deialdiaren babesean emaniko dirulaguntzak partida horri egotziko zaizkio.

Proiektu bakoitzeko eskatzen den dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoak ez du gainditzen ahalko dirulaguntzaren urteko deialdian ezarritako zenbatekoa. Gainerako zenbatekoa entitatearen beraren edo beste entitate finantzatzaile batzuen ekarpenek estali beharko dute, eta V. eranskineko erantzukizuneko adierazpenaren bitartez jakinarazi beharko da.

Deialdi honen babesean dirulaguntza bat emateak ez du esan nahi hurrengo ekitaldietan mantendu behar denik, ez osorik, ez partez.

3.–Helburua: esku hartzeko esparruak.

Aurkezten diren proiektu guztiek esku hartzeko eremu hauetako batean sarturik egon beharko dute:

a) Zaurgarritasun egoeran eta/edo gizarte esklusiokoan daudenendako arreta.

b) Adineko pertsonendako, mendekotasuna dutenendako eta haien senideendako arreta.

c) Familiarendako eta haurrendako arreta.

d) Kultur aniztasunaren arreta.

e) Substantzia eta/edo jokabide mendekotasunak.

f) Desgaitasuna duten pertsonendako eta haien familiendako arreta.

g) Gaixotasun arraroak eta horiek dituztenen familiak.

h) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioa.

i) Arestian aipaturikoen artean ez dauden beste eremu batzuk, Balorazio Batzordearen iritziz oinarri hauen xedean sarturik daudenak.

4.–Baldintzak.

Dirulaguntzaren onuradun izaten ahalko dira honako baldintza hauek betetzen dituzten entitateak:

a) Irabazi asmorik ez izatea.

b) Sozietatearen egoitza edo ordezkaritza iraunkorra Tuteran izatea. Hala ere, nahiz eta baldintza hori ez bete, onuradun izaten ahalko dira Tuterako udalerriaren edo herritarren onerako proiektuak garatzen duten entitateak.

c) Entitatea legez eratua eta erregistratua egotea dirulaguntza eskaera aurkezten den unean.

d) Entitatea inskribaturik egotea Tuterako Udalaren Elkarteen Udal Erregistroan dirulaguntza eskaera aurkezten den unean.

e) Gizarte Segurantzarekiko, Zerga Ogasunarekiko eta Udal Toki Ogasunarekiko zerga betebeharrak egunean izatea.

f) Aurretik udal honen dirulaguntzak jaso baditu, haiek ematearen ondoriozko betebeharrak bete izana eta, ondorioz, frogagiriak aurkeztu izana, salbu eta aurkezteko epean badaude.

g) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan xedaturikoaren arabera onuraduna izatea eragozten duten kasuetako bakar batean ere ez egotea.

h) Ez duela zehapen irmorik jaso administrazio, lan edo zigor bidean berdintasunerako eskubidea eta sexuagatiko bereizkeriarik ez jasotzekoa urratzeagatik. Zehapena jaso badu, ez du dirulaguntzarik eskatzen ahalko dagokion zehapenean ezarritako epean.

i) Ez izatea emakumeen eta gizonen arteko berdintasun printzipioaren aurkako xederik edo helbururik, onarpen edo sarbide sistemarik, funtzionamendurik, ibilbiderik, jardunik, antolaketarik edo estatuturik.

j) Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legeak eta martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak ezarritako betebeharrak betetzea, emakumeen eta gizonen egiazko berdintasunerakoak.

5.–Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak Udalaren Erregistro Elektronikoan aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Azken eguna egun baliogabea bada, hurrengo lehen egun baliodunera arte luzatuko da epea.

Udalaren Erregistro Elektronikoa bere Egoitza Elektronikoan dago, URL https://sede-tudela.es helbidean.

6.–Dirulaguntzaren xedeko jarduketak.

Dirulaguntza tramitatzen den urteko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean egiten diren proiektuei emanen zaie dirulaguntza.

Entitate eskatzaile bakoitzak proiektu bakar bat aurkezten ahalko du, eta proiektu bakar bat egiteko dirulaguntza eskuratzen ahalko du. Proiektuek entitatearen berezko jarduerarekin zerikusia izan beharko dute eta Tuterako lurralde eremuan baizik ez dira eginen. Proiektua II. eranskinean ezarritako formatura egokitu beharko da nahitaez.

Ez da dirulaguntzarik emanen beren eguneroko lana egiteko Udalarekin hitzarmena duten entitateen proiektuetarako. Horrez gain, ez dira diruz lagunduko Udalaren programa eta/edo zerbitzuetan dagoeneko sarturik dauden proiektuak, ez eta Administrazioek beren eskumenen esparruan eginikoak ere, non eta ez diren Administrazioaren jarduketaren osagarritzat jotzen. Hori justifikatu egin beharko da, eta dirulaguntzen instrukzio fasean baloratu beharko da egoki den ala ez.

Ez dira diruz lagunduko sexuagatiko bereizkeria eragiten duten proiektuak, salbu eta sexuen arteko desberdinkeria zuzentzeko helburua badute. Hori justifikatu egin beharko da, eta dirulaguntzen instrukzio fasean baloratu beharko da egoki den ala ez.

7.–Eskaerak eta dokumentazioa aurkeztea.

Elkarte eta entitate interesdunek Tuterako Udaleko Alkatetza-Lehendakaritzara bidaltzen ahalko dituzte beren eskabideak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluaren arabera, Udalaren Erregistro Elektronikoaren bidez, edo, bestela, lege bereko 16. artikuluan ezarritako prozeduretako edozeinen bitartez. Horretarako, entitate eskatzaileak sinaturiko eskabidea telematikoki aurkeztu beharko du nahitaez, I. eranskinean jasotako ereduaren arabera eta entitate eskatzailearen legezko ordezkaritza duenak sinaturik.

Aurkeztu beharreko agiriak:

a) I. eranskineko eskabide eredua.

b) Estatutuak, indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera eguneratuak eta egokituak; nahitaez jaso beharko du entitatea eratu zeneko dataren agiria.

c) Identifikazio fiskaleko txartela.

d) Dirulaguntza jasotzeko aurkezten den proiektua, II. eranskinean proposaturiko ereduari jarraikiz, nahitaez, gehienez ere 20 orrialdekoa, 1,5 puntuko lerroartea eta 11 tamainako Arial letra tipoa dituena.

e) Dirulaguntzarako aurkezten den proiekturako aurreikusitako aurrekontua, III. eranskinean proposaturiko ereduari jarraikiz.

f) Transferentzia bidez kobratzeko eskabidea, behar bezala betea, Tuterako Udalaren ereduari jarraikiz, edo banku ziurtagiria.

g) Ziurtagiriak, indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzen dutenak.

h) Entitatearen idazkaritzaren ziurtagiria, Tuteran bizi diren bazkideen kopuru eguneratua agertzen duena.

i) Entitatearen instalazioen errentamendu kontratua, gastu hori diruz lagundu beharreko zenbatekoan kontabilizatu bada.

j) Erantzukizuneko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan eta deialdi honetako baldintza espezifikoetan onuradun izatea eragozten duten debekuetan ez dagoela dioena, IV. eranskinean proposaturiko ereduari jarraikiz.

Udal honen esku dauden eta aldatu ez diren agiriak ez dira nahitaez aurkeztu beharko, baina noiz eta zergatik aurkeztu ziren adierazi beharko da.

8.–Diruz laguntzen ahal diren gastuak.

Diruz laguntzen ahal diren gastutzat hartuko dira, zalantzarik gabe diruz lagundutako jardueraren izaerari loturikoak, behar-beharrezkoak direnak eta dirulaguntzaren xede den urte naturalean egiten direnak, baldin eta justifikazio agiriak aurkezteko epea amaitu baino lehen ordaindu badira.

Asmoa toki mailako proiektuak finantzatzea denez, gastuak entitateak Tuteran duen ordezkaritzari buruzkoak izanen dira, eta ez dira egozten ahalko toki esparruan gertatu ez diren gastuak, hau da, diruz lagungarritzat soilik joko dira Tuteran sorturikoak. Honako gastu hauek ez dira diruz lagungarriak:

8.1. Langileria gastuak.

Dirulaguntzaren xede den proiektua gauzatzeko behar diren langileen gastuak dira. Bai dirulaguntzaren eskabidean bai justifikazioan, gastu horiek bi multzotan banatu beharko dira:

a) Entitateko langile egonkor edo iraunkorrak, proiektuan dihardutenak, Tuterako ordezkaritzan.

b) Proiekturako kontrataturiko langileak, lan kontratu baten bidez edo Tuteran proiektua garatzeko profesional independenteen zerbitzuak kontratatuz.

Beraz, a) puntuko langileen gastuak "langileen soldata gastuak" kategorian sartuko dira.

Aldiz, b) puntuko langileenak "langileen soldata-gastuak" multzoan sartuko dira entitateak obra edo zerbitzuko kontratu bat formalizatzen duenean, eta "hirugarren bat azpikontratatzearen ondoriozko gastuak" atalean sartuko dira entitateak profesional independenteen zerbitzuak kontratatzen dituenean.

Langileen soldata gastuak dira nominak, gizarte aseguruak eta entitatearen plantillaren izenean egindako PFEZaren atxikipenak. Ez dira inolaz ere diruz lagunduko heriotzagatiko, lekualdaketengatiko, etenaldiengatiko edo kaleratzeengatiko kalte ordainak. Kontratua eteteagatik edo bukatzeagatik ematen diren kalte ordainak diruz lagungarriak izanen dira soilik kontratuok proiektua egiteko sinatu badira, baldin eta soilik dirulaguntzari egotzitako kontratuaren zenbatekoaren neurrian.

Hirugarren bat azpikontratatzearen ondoriozko gastuak dira zerbitzu bat emateko hirugarren bat kontratatzearen ondoriozko kostuak.

8.2. Gastu arruntak.

Entitatearen ohiko funtzionamenduaren ondoriozko gastuak, dirulaguntzaren xede den proiektua egiteko beharrezkoak direnak, Tuteran gertaturikoak.

Honako hauek daude horien artean:

–Entitatearen lokala alokatzeko gastuak (udal espazioak okupatzeko tasak kanpo). Diruz lagundutako zenbateko osoaren %10 bitarte laguntzen ahalko da diruz.

–Horniduren gastuak, hala nola gasarena, elektrizitatearena, telefonoarena eta Internetena (Tuterako Udalaren Ur Batzordeak igorritako ur gastua kanpo). Diruz lagundutako zenbatekoaren %10 bitarte laguntzen ahalko da diruz.

–Aseguru gastuak.

–Jardueraren publizitate eta zabalkunde gastuak.

–Bulegoko materiala eta bestelako material suntsikorra eskuratzea.

–Bestelakoak, proiektuaren III. eranskinari jarraikiz aurreikusitako aurrekontuan zehaztu beharko dira.

8.3. Inbertsio gastuak.

Inbertsio gastutzat hartuko da altzariak, ekipo informatikoak eta ikus-entzunezko ekipoak erostea.

Dirulaguntza honen kontura ez dira diruz lagunduko:

–Finantza-gastuak, hala nola banku komisioak; banku kontuen, maileguen edo hipoteken zor interesak; eta berandutze interesak, zorrak geroratu edo zatikatzeagatiko errekarguak eta interesak.

–Inola ere ez da dirulaguntzarik emanen jatetxe gastuetarako edo jardueretan parte hartzen dutenen bazkari, mokadu, askari, afari, ostatatze, otordu eta gisakoetarako.

Gastu horiek ez dira kontuan hartuko eskaturiko dirulaguntzaren balorazioan eta, beraz, ez dira onartuko ondorengo justifikazioan.

9.–Tramitazioa eta akatsak zuzentzea.

Deialdiko dirulaguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Tuterako Udaleko Gizarte Eskubideen Zinegotzigoari (edo arlo horrek deialdia argitaratzen den unean ematen zaionean duen izena) dagokio. Balorazio prozesuan instrukzio organoak behar den informazioa bilduko du, proiektua deialdi honetan jasotako balorazio irizpideetara zenbateraino egokitzen den zehazteko.

Horretarako, Tokiko Gobernu Batzarraren erabakiz izendatuko dira gizarte entitateen proiektuen Balorazio eta Jarraipen Batzordeko kideak, eskabideak eta horiekin batera aurkeztu beharreko agiriak aztertuko dituztenak.

Eskabideak ez baditu betetzen deialdian ezarritako betekizunak, interesdunari eskatuko zaio zuzenketa egin dezala gehienez ere hamar egun balioduneko epe luzaezinean, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskabidea bertan behera utzi duela ulertuko dela, aitzinetik ebazpena eman ondoren, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedaturik dagoenarekin bat.

Eskaerak baloratzeko prozesuan entitateei dei egiten ahalko zaie, eskaeraren alderdi teknikoak argitzeko edo zabaltzeko.

10.–Balorazio irizpideak.

Dirulaguntza eskatzeko espediente bakoitza baloratzeko eta dirulaguntzaren zenbatekoa banan-banan zehazteko, irizpide hauek hartuko dira kontuan, laguntza horiek finantzatzeko gehieneko zenbateko osoaren muga absolutuaz gain.

Eskabide bakoitzerako gehieneko puntuazioa 100 puntukoa izanen da, hiru ataletan banatua:

A.–Entitateari buruzko irizpide orokorrak. 20 puntu, gehienez.

1. Ordezkagarritasuna. Entitatearen Tuterako kide kopurua. 1 puntu, 25 kideko; gehienez ere, 4 puntu. 25 kide baino gutxiago dituzten entitateek 0,50 puntu jasoko dituzte.

2. Entitateak proiektua gauzatzen duen espezializazioa edo esperientzia eta ekintzaren xede den kolektiboaren ezagutza. Irizpide horretan 4 puntu emanen dira gehienez, honela baloraturik:

a) 0 puntu: Deialdi honen aurreko urteetan entitateak Tuterako Udalaren dirulaguntzarik jaso ez badu, Gizarte Eskubideen Arloaren (edo arlo honi deialdiaren hasiera argitaratzean duen izena) bitartez.

b) 2 puntu: Deialdi honen aurreko urtean Gizarte Eskubideen Arloaren (edo deialdia argitaratzen den unean alor horrek duen izena) bidez dirulaguntza jaso bada, dagoeneko garaturiko eta behar bezala justifikaturiko proiektuengatik.

c) 4 puntu: Entitateak Tuterako Udaleko Gizarte Eskubideen Arloaren (edo arlo horrek deialdiaren hasiera argitaratzean duen izena) bitartez, dirulaguntza jaso badu deialdiaren aurreko 2 urteetan, dagoeneko garaturiko eta behar bezala justifikaturiko proiektuengatik.

3. Azken 3 urteetan Partaidetza eta/edo koordinazio mahaietan eta/edo Tuterako Udalak antolaturiko kontseiluetan parte hartzea. Irizpide horretan 4 puntu emanen dira gehienez, honela baloraturik:

a) 0 puntu: Ez du parte hartu.

b) 4 puntu: Parte hartu du.

4. Boluntariotza sustatzea: Irizpide horretan 4 puntu emanen dira gehienez, honela baloraturik:

a) 0 puntu: Proiektuak boluntariotza sustatzen ez badu edo giza baliabideen artean boluntarioak daudenik zehazten ez badu.

b) 2 puntu: Boluntarioen beharra aipatzen badu eta bere jardun eremuan boluntario izateko prestakuntza planteatzen badu.

c) 4 puntu: Boluntarioen poltsa bat badu eta proiektua gauzatzeko behar duen boluntario moten zerrenda egiten badu.

5. Beste entitate eta/edo gizarte baliabide publiko batzuekin eta/edo oinarriko gizarte zerbitzuekin koordinatzea. Irizpide horretan 4 puntu emanen dira gehienez, honela baloraturik:

a) 0 puntu: Proiektuak ez badu aipatzen beste erakunde batzuekiko, gizarte-baliabide publikoekiko eta/edo oinarriko gizarte zerbitzuekiko koordinazioa.

b) 2 puntu: Proiektuak beste entitate edo gizarte baliabide publiko batzuekin edo oinarriko gizarte zerbitzuekin koordinatzea aurreikusten badu.

c) 4 puntu: Proiektuak beste entitate eta gizarte baliabide publiko batzuekin eta oinarriko gizarte zerbitzuekin koordinatzea aurreikusten badu.

B.–Diruz lagundu beharreko proiektuari buruzko irizpide orokorrak. 70 puntu, gehienez.

1. Aurkezturiko proiektuaren kalitatea: Proiektuaren helburuak baloratuko dira; proiektuaren funtsa; lortu nahi diren emaitzak; esleituriko baliabide ekonomikoak, materialak eta pertsonalak; horiek helburu orokor eta zehatzekin bat etortzea; jardueren deskribapena; aurrekontuaren egokitasuna eta koherentzia, eta haren jarraipena eta ebaluazioa. Irizpide horrekin 40 puntu emanen dira gehienez, honela baloraturik:

a) 10 puntu gehienez. Proiektua ez da oso koherentea, zehatza eta definitua.

b) 20 puntu gehienez. Proiektua apur bat koherentea, zehatza eta definitua da.

c) 40 puntu gehienez. Proiektua guztiz koherentea, zehatza eta definitua da.

2. Proiektuaren hartzaile kopurua. Zuzeneko hartzaileen kopurua neurtuko da, ukituriko biztanleriarekin alderaturik. Irizpide horrekin 10 puntu emanen dira gehienez, honela baloraturik:

a) 3 puntu gehienez: 20 pertsonara arte.

b) 6 puntu gehienez: 40 pertsonara arte.

c) 10 puntu bitarte: 40 pertsona baino gehiago.

3. Genero ikuspegia txertatzea. Irizpide horrekin 10 puntu emanen dira gehienez, honela baloraturik:

a) 0 puntu: Proiektuak beren diseinuan eta egikaritzean genero ikuspegia aintzat hartzen ez badu.

b) 5 puntu gehienez. Proiektuak bere diseinuan genero-ikuspegia txertatzen badu, baina ez planteaturiko jardueretan, ezta haien edukietan ere.

c) 10 puntu gehienez. Horrez gain proiektuan generoaren inpaktuaren jarraipena eta ebaluazioa egiteko mekanismoak aurreikusi badira eta hori azaldurik badago.

4. Ebaluatzeko adierazleak. Irizpide horrekin 10 puntu emanen dira gehienez, honela baloraturik:

a) 0 puntu: Proiektuaren ebaluazioa adierazten ez bada.

b) 5 puntu gehienez. Aurkezturiko ebaluazioa ulertzeko nahikoa bada, baina ez badu adierazlerik edo parametrorik azaltzen.

c) 10 puntu gehienez. Garatu beharreko ebaluazio metodoa argi eta zehatz azaltzen bada, eta ebaluazio adierazleak (kualitatiboak edo kuantitatiboak) eta espero diren emaitzak aurkezten badira.

C.–Proiektuaren kofinantzaketa: Eskaturiko zenbatekoa eta entitateak proiektuari egindako ekarpena. Irizpide horrekin 10 puntu emanen dira gehienez, honela baloraturik:

a) 0 puntu: Beste baliabide batzuen %10erainoko ekarpena.

b) 1 puntu: Beste baliabide batzuen %11tik %25era arteko ekarpena.

c) 2 puntu: Beste baliabide batzuen %26tik %40ra arteko ekarpena.

d) 4 puntu: Beste baliabide batzuen %41etik %50era arteko ekarpena.

e) 6 puntu: Beste baliabide batzuen %51tik %60ra arteko ekarpena.

f) 8 puntu: Beste baliabide batzuen % 61etik % 70era arteko ekarpena.

g) 10 puntu: Beste baliabide batzuen %71tik gorako ekarpena.

Gutxienez ere 50 puntu lortu beharko dira proiektua diruz laguntzeko. Lorturiko puntuazioaren arabera banatuko dira 50 puntu baino gehiagoko proiektuendako dirulaguntzak. Ezin da inoiz eskaturiko zenbatekoa gainditu, dirulaguntzaren deialdian ezarritako muga..

11.–Eskabideen balorazioa, ebazpena eta jarraipena.

Horretarako izendaturiko Balorazio Batzordeak dirulaguntzen deialdira aurkeztu diren proiektuen azterketa eta balorazio tekniko eta ekonomikoa eginen ditu, eta proiektuen balorazio txostena eginen du. Txosten horretan oinarrituko da Gizarte Eskubideen Informazio Batzordea dirulaguntzak emateko proposamena egiteko.

Balorazio Batzordea Tokiko Gobernu Batzarraren erabakiz izendaturiko teknikariek osatuko dute, Gizarte Eskubideen Arloko Zinegotzigoak (edo deialdiaren hasiera argitaratzen den unean duen izena) proposaturikoek.

Tokiko Gobernu Batzarrak, informazio batzordeak proposaturik, deialdia ebatziko du, aurrekontua betearazteko oinarrietan bestelakorik xedatu ezean.

Balorazio Batzordeak oinarri hauek behar bezala betetzearen jarraipena eginen du, baita proiektuaren justifikazioarena ere.

12.–Gorabeherak proiektuak gauzatzean.

Salbuespenez eta entitatearekin ikustekorik ez duten arrazoiengatik proiektua garatzen edo proposaturiko jarduketaren bat egiten uzten ez duen gorabeheraren bat gertatzen bada, posible izanen da Tuterako Udalari proposatzea hura birformulatzea, Udalak baloratzeko epearen barrenean aurkezturiko proiektuaren xedea mantenduz.

Proposaturiko aldaketak behar bezala arrazoiturik eta behar adina denboraz aurkeztu behar dira, urtean berean baloratu eta garatu ahal izan daitezen. Urteko azken hiruhilekoan ez da proiekturik berrikusteko eskaririk onartuko.

Aurkezten den proposamen berriak oinarri hauetan ezarritako baldintzak bete beharko ditu. Nolanahi ere, balorazio batzordeak erabakiko du proposaturiko aldaketekin salbuespena egiten ahal den, eta horiek egiteko arrazoiak onartzeko modukoak diren eta, hartara, tramiteari bide ematen zaion ala ez.

Behin balorazioa egindakoan, Tokiko Gobernu Batzordeak espresuki adieraziko du aldaketa onartzen duen ala ez, erabaki baten bidez. Horrelakoetan, dirulaguntzaren zenbatekoa aldatzen ahalko da.

13.–Ordainketa eta justifikazioa.

Dirulaguntza ordaintzeko, diruz lagundutako zenbatekoaren %75 aurrerakin gisa ordainduko da, eta ez da bermerik eta/edo abalik jarri beharko. Gainerako %25 ordaintzeko agindua eman ahal izateko, nahitaezkoa da dirulaguntza tramitatu zuen unitateak egiaztatzea bete direla emateko erabakian eskaturiko baldintzak.

Aurreikusiriko berme araubideari dagokionez, ez zaio entitate onuradunari eskatzen ahalko bermerik edo abalik jartzeko, ez baita antzeman bere gain harturiko betebeharrak ez betetzeko arriskurik. Aurreko ekitaldietan dirulaguntzak lortu dituzten entitateek behar bezala aurkeztu beharko dituzte horien frogagiriak, eta horiek onetsi egin beharko dira, dirulaguntza jaso aurretik.

Dirulaguntza transferentzia bidez ordainduko da, adieraziriko banku kontura; horretarako, transferentzia bidez ordaintzeko eskaera aurkeztu beharko da, Udalaren ereduaren araberakoa, edo banku ziurtagiria, bestela.

Ez da dirulaguntza ordainduko, baldin eta une horretan erakunde onuraduna administrazio honen zordun bada itzulketaren bidezkotasun ebazpen bat tarteko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 34. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Diruz lagunduriko entitateek justifikatu egin beharko dute betekizunak eta baldintzak betetzen dituela; baita dirulaguntza emateko arrazoi den jarduera egin dela eta helburua bete duela.

Emaniko dirulaguntzaren frogagiriak aurkezteko gehieneko epea dagokion urteko otsailaren 28an bukatuko da (egun hori barne), non ez den baliogabea, orduan hurrengo egun baliodunera aldatuko baita.

Horretarako izendaturiko Balorazio Batzordeak hartuko du espedienteen jarraipena egiteko ardura. Azken dokumentazioa aurkeztu eta ikusten bada osatu gabea dela edo akatsak daudela, Udalak hamabortz egun balioduneko epea emanen du zuzentzeko, eta aldi hori iragan ondoan zuzendu ez bada, behar den administrazio prozedura abiatuko da, emaniko dirulaguntza erreklamatzeko eta itzultzeko.

Onuradunak ezin badu emaniko dirulaguntzaren zenbateko guztia behar bezala justifikatu, zerbitzu arduradunak ofizioz tramitatuko du dirulaguntzaren zenbatekoa murriztea, bi zenbatekoen (emanikoa eta justifikaturikoa) arteko proportzio berean.

Halaber, proportzionaltasun irizpidea erabiliko da egikarituriko proiektuaren gastu osoa deialdian onetsitako proiektuaren aurrekontukoa baino txikiagoa denean, baldin eta dirulaguntza ekarri duen helburua bete dela egiaztatzen bada eta Gizarte Ongizatearen eta Emakumearen Informazio Batzordeak (edo deialdiaren hasiera argitaratzen denean arlo horrek duen izena) hori erabakitzen badu.

Gastuak dirulaguntza zein urtetarako eskatzen den, horrexetarako baizik ez dira izanen, eta, beraz, ez da onartuko urte horretako abenduaren 31tik aurrerako gastuen frogagiririk.

Bi ekitaldi ekonomiko hartzen dituzten gastuen frogagiriak aurkeztuz gero, dirulaguntza eman den urtearen neurriko zatia bakarrik egotziko da.

Frogagiriak Tuterako Udalaren Erregistro Elektronikoan aurkeztuko dira (Egoitza Elektronikoa: https://sede.tudela.es), eta agiri hauek eduki beharko dituzte:

–Tuterako Udalari bideraturiko eskabidea, dirulaguntzaren erakunde onuradunaren lehendakariak sinatua.

–Proiektuaren memoria teknikoa eta ekonomikoa, nahitaez VI. eta VII. eranskinetan ezarritako ereduen araberakoak.

Dirulaguntza hitzarmen baten ondorioz emana bada, horren klausulek agintzen dutena eginen da justifikatzeko eta ordaintzeko. Bestela, oinarri hauetan ezarritako prozedurari jarraikiko zaio; hitzarmenen kasuan ere modu osagarrian aplikatuko dira arau hauek.

14.–Betebeharrak.

Diruz lagundutako entitateak honako hauetara daude behartuak:

a) Dirulaguntza jasotzeko behar den xedea betetzea, proiektua egikaritzea, jarduera egitea edo jokabidea izatea.

b) Oinarri hauetan eskaturiko agiriak aurkeztea.

c) Agiri guztiak aurkeztean eranskinetan ezarritako ereduetara egokitzea.

d) Proiektuaren jardueren publizitatean, dibulgazioa, zabalkundea edo argitalpena dakarten ekintzetan, Udal honek diruz lagunduak daudela adieraztea. Horretarako, Tuterako Udalaren logotipoa helaraziko zaio eskatzen duen entitateari, eta besteen ikuspen baldintza berberetan jarri beharko da.

e) Agiri, publizitate, irudi edo material guztiek hizkera inklusiboa erabili beharko dute; emakumeenganako bereizkeria islatzen duen irudi oro edo estereotipo sexistak saihestu beharko dituzte; eta berdintasunari, presentzia orekatuari, aniztasunari, erantzunkidetasunari eta rolen eta identitateen pluraltasunari loturiko balioak sustatu beharko dituzte.

f) Diruz lagundutako proiektua egikaritzearen inguruan Tuterako Udalak eginiko jarraipenaren, kontrolaren eta egiaztapenaren mende gelditzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 46. artikuluan xedaturikoaren arabera.

g) Tuterako Udalari jakinaraztea dirulaguntzaren xede den proiektuaren aldaketak, halakorik bada.

h) Emaniko dirulaguntzaren xedea ez aldatzea.

i) Tuterako Udalak eskatzen duen informazio ekonomiko, tekniko, laneko eta beste edozein motatako informazio oro ematea, dirulaguntzaren xede den jardueraren edozein alderdi ezagutzeko.

j) Tuterako Udalari jakinaraztea diruz lagunduriko proiektuak finantzatzeko bestelako dirulaguntzarik, laguntzarik, diru sarrerarik edo baliabiderik hartu den, dirulaguntza justifikatu aitzin.

k) Dirulaguntzaren aplikazioaren frogagiriak gordetzea.

15.–Diruaren itzulketa eta zehapen araubidea.

Tuterako Udalaren aurrekontua betearazteko oinarrietako 32. oinarriarekin bat, Udalaren Kontu-hartzailetza Nagusiari dagokio emaniko dirulaguntzen finantza kontrola egiteko eskumena.

Baldintza horiek osorik edo partez betetzen ez badira, edo dirulaguntza gisa jasotako dirua justifikatzen ez bada, jasotako dirua itzuli beharko da nahitaez. Itzulketa prozedurak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 41., 42. eta 42. artikuluei jarraikiko zaie.

Dirulaguntza gisa emaniko zenbatekoa osorik edo partez justifikatzen eta itzultzen ez bada, entitateak ez du ondoko urteetako dirulaguntza deialdietan parte hartzen ahalko, erabat erregularizatu arte.

Orobat, administrazioen edo erakunde publiko edo pribatuen ekarpenek Tuterako Udalak diruz lagundutako jardueraren kostua gainditzen badute, entitateak dirulaguntzaren xede den jardueraren kostuaren gainetik lorturiko soberakina itzuli beharko du.

Dirulaguntzak esleitzen dituzten entitate edo antolakundeen gain izanen dira finantza-kontrolaren, itzulketaren eta arau-hauste administratiboen arloan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onetsitako lege horren Erregelamenduak ezarritako aginduak.

Dirulaguntza borondatez itzultzen bada, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 90. artikuluan aurreikusitako moduan, dirua Udal Diruzaintzako Kutxan (Plaza Zaharra, 1, 3. solairua, 31500 Tutera) emanen da, esku dirutan, edo Tuterako Udalaren aldeko banku transferentzia eginez, horretarako emaniko kontu zenbakian; hala eginez gero, diru sartzearen edo transferentziaren frogagiria aurkeztu beharko da.

16.–Publizitatea.

Emaniko dirulaguntzak Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean argitaratuko dira.

17.–Araudia.

Oinarri hauek aurreikusten ez duten guztian Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatua aplikatuko da, baita Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan xedatua ere.

18.–Errekurtsoen araubidea.

Oinarri hauen aurka eta haiek betearazteko hartzen diren administrazio ebazpenen aurka errekurtso hauetako edozein aurkezten ahalko da, aukeran:

–Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio egintzaren udal organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi errekurtsoa, Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurrituriko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

19.–Indarraldia.

Oinarri hauek indarra izanen dute harik eta organo eskudunak, legeak ezarritako prozedurarekin bat, aldatu edo indargabetu arte.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditu dira Tuterako Udalaren (Nafarroa) prebentzio, sustapen eta gizarte lankidetzarako proiektuak egiten dituzten irabazi asmorik gizarte partaidetzako entitateendako dirulaguntzak emateko oinarriak, Tuterako Udalak 2007ko maiatzaren 18an eginiko osoko bilkuran onartuak, Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 108 zenbakian argitaratu zirenak 2007ko abuztuaren 31n.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

I. eranskina.–Eskabide eredua.

II. eranskina.–Dirulaguntzaren xede den proiektuaren deskribapena.

III. eranskina.–Aurreikusitako aurrekontua.

IV. eranskina.–Dirulaguntzen onuradun izateko eragozpen kausarik ez dagoela dioen erantzukizunpeko adierazpena.

V. eranskina.–Proiektuaren kostuaren eta finantzaketaren erantzukizunpeko adierazpena.

VI. eranskina.–Proiektuaren justifikazio memoria - azken txostena.

VII. eranskina.–Justifikazio ekonomikoa - azken txostena.

Deskargatu eredu guztiak (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2318320