2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
DONAMARIA
Aldaketa, Prestazio pertsonala edo auzolana arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena
Donamariako Udalak, 2023ko urriaren 25ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Donamaria-Gazteluko prestazio pertsonala edo auzolana arautzen duen ordenantzaren aldaketa.
Onespenaren erabakia 2023ko 231. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 7an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.
Donamarian, 2023ko abenduaren 11n.–Alkatea, Natalia Rekarte Oteiza.
DONAMARIA-GAZTELUKO PRESTAZIO PERTSONALA EDO AUZOLANA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honen xedea da arautzea prestazio pertsonala eta/edo bide-lana –auzolan izenarekin ere ezagutua–, auzo-bideak eta landabideak egin, zaindu eta hobetzeko, eta, oro har, obrak eta zerbitzuak egiteko herritar guztien mesederako. Lan horiek nahitaez eta ordaindu gabe egitekoak dira, betiere toki-erakunde honen eskumenen esparruan.
2. artikulua. Oinarria.
Ordenantza hau ezarri da arau hauen babesean: Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea (12., 53. eta 54. artikuluak), eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikulua.
3. artikulua. Nahitaezkotasuna eta salbuespenak.
–Auzolana egitera beharturik daude:
A) Hamasei (16) eta berrogeita hamabost (55) urte arteko guztiak, biak barne, Donamaria-Gaztelun erroldatuta badaude edo udalerrian bizi badira. Bizilagunen batek bere burua udal erroldatik kentzen badu auzolana ez egiteko, eta frogatzen bada herrian bizi dela, auzolanaren ordenantza bete behar duten bizilagunen zerrendan sartuko da.
B) Pertsona bakarrak aritu beharko du familia-unitate bakoitzeko. Honako hau hartzen da familia-unitatetzat: Bikote ezkondu edo egonkor batek osatua, gehi odol-ahaidetasuneko ahaideek, bigarren mailaraino, baldin etxebizitza berean bizi badira; hots, Udaleko Biztanleen Erroldan orri berean agertzen direnek osatzen dutena.
C) Familia-unitatearen ordezkaria ordezkatu ahal izanen da prestaziorako egokia den beste pertsona batekin, betiere borondatez egiten badu eta berrogeita hamabost (55) urte baino gehiago ez baditu. Ordezkapen hori aldez aurretik jakinarazi behar zaio Udalari, parte-hartzaileen zerrendan sar dezan, aseguruarekin egin behar diren komunikazioetarako.
–Auzolana egitetik salbuetsiko dira honako hauek, auzolana nahitaez egiteko adin tartean egon arren:
A) Lanerako ezintasun iraunkorra dutenak, espetxean daudenak, edo desgaitasun fisiko, intelektual edo sentsoriala dutenak.
–Auzolanean parte har dezakete hirurogeita bost (65) urtetik gorakoek, salbuespen gisa eta haien borondatez, baina ez dira familia-unitateko kide gisa zenbatuko 3.B) apartatuko nahitaezkotasunari dagokionez.
4. artikulua. Komunikazioak eta abisuak.
Donamaria-Gazteluko Udalak, beharren arabera, nahitaezko auzolanetarako deia eginen du, egun batzuk lehenago, eta horretarako iragarkia jarriko du herriko iragarki-taulan eta webgunean, eta mezuak bidaliko dizkie helbide elektronikoa edo telefono mugikorraren zenbakia eman dutenei.
5. artikulua. Egutegia eta ordutegiak.
Urtero, bi epealditan (ekainean eta irailean) edo hirutan parte hartzeko deia eginen da, Udalak urtero ezartzen dituen beharren arabera. Asteko egun guztietan parte hartu ahalko da, parte hartzeko aukera gehiago eskaintzearren, baina lehentasuna izanen dute larunbat goizek, 8:30etatik 13:00etara bitarteko ordutegiarekin.
Epealdi bakoitzean auzolana egiteko bi egun izanen dira. Lehenengo auzolan egunera ezin bada joan, betiere justifikatutako arrazoiengatik, parte hartzeko ezintasuna jakinarazi beharko da auzolanerako deia jaso eta 24 orduen barnean, eta aukera egonen da epealdi bereko bigarren auzolan egunera agertzeko.
Beraz, hutsegite bakoitza behar bezala justifikatu ezean, familia-unitate bakoitzak urtean, gutxienez, bi auzolan egin beharko ditu; hots, auzolan bat epealdi bakoitzeko.
Justifikatutako arrazoitzat hartuko dira honako hauek: Egun horietan familia-unitatea oporretan egotea, edo lanagatik beste toki batera joan izana, edo laneko edo familiako arrazoiengatik ordutegiak bateraezinak izatea, edo lanerako aldi baterako ezindurik egotea. Familia-kontziliazioaren justifikazioa baliozkoa izateko, familia-unitatean 55 urtetik beherako heldu bakar bat izan behar da, 16 urtetik beherakoekin bizitzen, edo 55 urtetik beherako heldu bat, mendekotasuna duen heldu bat zaintzen. Bi heldu dituzten familia-unitateen kasuan, ez da onartuko familia-kontziliazioaren justifikazioa.
Arrazoiak beti justifikatu beharko dira, eta agiri egokien bidez frogatu.
Auzolana egitera behartua dagoen herritar batek ezin badu parte hartu, betiere justifikatutako arrazoiengatik, Udalari jakinarazi beharko dio, auzolanaren jakinarazpena jaso eta 24 orduko epean. Adierazitako epean abisatzen ez badu, 7. artikuluan zehaztutako zehapena kobratuko zaio.
Alegatutako arrazoiaren arabera, Udalak erabakiko du ea betebehar hori beste uneren batean bete behar den.
6. artikulua. Makineria eta garraioa.
Herritar batek makineria ekartzen badu lanen bat egiteko, berak erabiliko du eta bera izanen da erantzule bakarra; Udalak erregaiaren gastuak ordainduko ditu. Ondorioz, urte osoko auzolanen zenbaketan honela baloratuko da:
–Traktorea: lanaldi bat (1) edo auzolan egun bat, jabearen alde.
–Atoia: lanaldi erdia (1/2) edo auzolan egun erdia, jabearen alde.
–Sasiak garbitzeko makina: lanaldiaren laurden bat (1/4) edo auzolan egun baten laurdena, jabearen alde.
Udalak kasu bakoitzean kalkulatuko du makinak ekartzearen balioa, kontuan hartuz aurreko paragrafoan ezarritako gehieneko muga.
7. artikulua. Zehapenak.
Indarrean dagoen legeriaren arabera, arestian azaldutako arrazoiengatik auzolanetik salbuetsita egon gabe, hura egitera behartuta dauden herritarrak ez badira joaten nahitaezko auzolanen batera, prestazioaren zenbatekoa ordaindu beharko dute; hau da, 60 euro, auzolan bakoitzeko.
A) Gutxieneko auzolanak egiten ez badira, Donamaria-Gazteluko Udalak eskubidea izanen du herri-ondasunen aprobetxamenduak ukatzeko.
B) Urtero berrikusiko eta zenbatetsiko dira zenbatekoak eta zehapenak, eta bizilagun guztiei emanen zaie horien berri, 4. puntuan ezarritako bideen bitartez.
8. artikulua. Asegurua.
Donamaria-Gazteluko Udalak auzolanaren prestazioa aseguratuko du istripuei aurre egiteko, zehaztutakoaren arabera eta horretarako kontratatutako aseguruan ezarritako mugen barruan.
9. artikulua. Lanen zuzendaritza eta erantzuleak.
Auzolan bakoitzeko lana Udaleko kide edo langile batek zuzendu eta zehaztuko du. Espezialitateren bat eskatzen duten lanetarako, Udalak taldeko arduradunak izenda ditzake, egin beharreko lan bakoitza zuzendu eta kontrolatzeko, eta ezarritako ordutegia betetzen dela kontrolatzeko.
10. artikulua. Parte-hartzea jendaurrean jartzea.
Auzolanetan parte hartzen dutenak zerrenda batean jarriko dira, eta zerrenda jendaurrean jarriko da.
XEDAPEN OROKORRAK
Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan xedatu ez den orotan, jarraituko zaio Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legean xedatuari.
Bigarrena.–Ordenantza hau indarrean jarriko da, eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, behin betiko onetsi eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.
Iragarkiaren kodea: L2317340