17. ALDIZKARIA - 2024ko urtarrilaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARAITZ

Ordenantza, Araizko Udalaren ur horniduraren tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Araizko Udalak, 2023ko urriaren 23an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Araizko Udalaren ur horniduraren tasak arautzen dituen ordenantza.

Espedientea jendaurrean egon zen hogeita hamar egun baliodunean, iragarkia paratuta, 2023ko 240. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 20an, eta Udaleko iragarki oholean. Inork ez du erreklamaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu eta horren ondorioz ordenantza behin betiko onetsita dago.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoarekin bat, osorik argitaratzen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Araitzen, 2024ko urtarrilaren 9an.–Alkatea, Jose Manuel Zubillaga Muguerza.

ARAIZKO UDALAREN UR HORNIDURAREN TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Oinarria

1. artikulua.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babespean ezarri da ordenantza hau.

Zergapeko egintza

2. artikulua.

Zergapeko egintza da ordenantza honek araututako zerbitzuak eskura izan edo eskuratu ahal izatea, nahiz jarduerak erabili edo erabili ahal izatea. Horiek behar diren tasak sortzen dituzte eta, banan-banan, ondoko hauek dira:

a) Herriko ur horniduraren sareen eskuragarritasuna eta mantentze-lanak.

b) Herriko saneamendu eta estolderia sareen eskuragarritasuna eta mantentze-lanak.

c) Ur horniduraren zerbitzua erabiltzea.

d) Uraren banaketa edo/eta hondakin uren hustuketa sareetara lotzeko eskubideak. Ur hornidura eta saneamendu zerbitzua fisikoki eskura izatea sartzen da.

Subjektu pasiboak

3. artikulua.

Zergadun diren aldetik, ordainarazpen honen subjektu pasiboak dira pertsona fisiko eta juridikoak eta izaera juridikorik gabeko entitateak, unitate ekonomiko bat izan edo ondare bereizia eduki eta edateko uraren etxeko hornidura zerbitzua eskatu dutenak edo hartaz baliatzen direnak.

Zergadunaren ordezkotzat hartuko dira higiezinen jabeak, eta hauek onuradunei pasatzen ahalko dizkiete kuotak. Edozein kasutan ere, higiezinaren jabea tributu zorraren erantzule izanen da, solidario eta subsidiarioki.

Zerga-oinarria

4. artikulua.

2. artikuluko zerrendan aipatutako zergapeko egintzetan hauek dira bakoitzaren karga oinarriak:

1. a) eta b) ataletan ezarritako zergapeko egintzagatik: kuota finkoa.

2. c) atalean ezarritako zergapeko egintzagatik: kontsumitutako metro kubiko ur kopurua, kontagailuaren bidez edo beste bide teknikoki onargarri batzuen bitartez zenbatetsiz.

3. d) atalean ezarritako zergapeko egintzagatik: Kuota finkoa.

Tarifak

5. artikulua.

Tributu-kuota kalkulatzeko, tarifa hauek aplikatuko zaizkie tasen zerga-oinarriei:

a) Etxerako ura: 0,36 euro/metro kubiko kontsumitua.

b) Industriarako ura: 0,40 euro/metro kubiko kontsumitua.

c) Ur horniduraren, saneamendu eta estolderia sareen eskuragarritasun eta mantentze lanengatik kuota finkoa: 25 euro urtean.

d) Saneamendu kanona eta BEZa: legez ezarritakoak.

e) Sarera lotzeko kuota, etxean erabiltzeko: 250 euro etxebizitza bakoitzeko.

f) Sarera lotzeko kuota, industrian erabiltzeko: 355 euro jarduera bakoitzeko.

g) Fakturatu beharreko gutxieneko kontsumoa urtean 50 m³ izango dira kontsumo guneko.

6. artikulua.

Kontagailuan matxura izanez gero, ratioen araberako tasa kalkulatuko da. Etxeko erabilerarako horniduraren kasuan, 175 litroko kontsumoa hartuko da kontuan pertsonako eta eguneko.

Tributu-kuotak

7. artikulua.

Zerga-oinarriari bere tarifa aplikatzetik ateratzen den emaitza da tasa bakoitzaren tributu-kuota, kuota finkoa dutenetan izan ezik.

Ateratzen den tributu-kuotaren gainean aplikatuko dira legeek aldi bakoitzean finkatzen dituzten zeharkako zergak, legeek ezarritako moduan eta baldintzetan.

Salbuespenak

8. artikulua.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen bosgarren eta seigarren xedapen gehigarrietan ezarritako salbuespenak bakarrik onartuko dira tasak ordaintzeko.

Sorrarazpena

9. artikulua.

2. artikuluaren a) eta b) ataletan ezarritako tasek urte natural bakoitzeko lehenbiziko egunean izanen dute sorrarazpena, sarearekin lotura egina duten erabiltzaile guztientzat edo zerbitzua lehen aldiz hartzen dutenentzat.

Zerbitzuan alta egiten dutenendako ere, alta egiten duten urte natural bakoitzeko lehen egunean izanen da dagozkien tasen sorrarazpena.

c) ataletan ezarritako prezio publikoen sorrarazpena ur kontsumoak egiten diren unean izanen da.

d) atalean ezarritako prezio publikoen sorrarazpena ur hornidurarako eta/edo hondakin uren saneamendurako sareetako hargunea ematen den unean izanen da.

Kudeaketa arauak

10. artikulua.

1. Higiezin batean hargunea paratu nahi duten sustatzaileek, eraikitzaileek, pertsona juridikoek edo fisikoek, eskabidea aurkeztu beharko diote Araizko Udalari. Bertan adierazi beharko dute zenbat etxebizitza, etxabe edo lokaletan instalatzen ahal den hornidura partikularra. Beharrezkoa da kontagailu bat izatea herritar edo famili unitate bakoitzeko.

Eskabidea ikusita, Udalak eskaera ebatziko du. Egoki iritziz gero, informazio osagarria eskatu ahalko du eta jarraibideak eman ahalko ditu komenigarritzat jotzen duen hargune orokorra egiteko.

2. Sarearekiko lotura edo hornidura eskatzen duenaren bizkar izanen dira instalaziorako zein hornidurarako behar diren materialen eta lan eskuaren gastuak.

Udal sare orokorretik kontsumo guneraino iristen den instalazioa hodi pribatutzat joko da. Horren ondorioz, udal sarea amaitu eta hodi pribatua hasten den tokian paratuko da dagokion kontagailua. Beraz, kontagailuak jabari publikoan paratuko dira.

Kontagailuak jabari publikoan paratzeko betebehar horretara egokitzeko interesa dutenek, haien kontura eginen dute, Araizko Udalaren irizpide teknikoei jarraikiz.

3. Aurreneurri moduan, ur-hornidura eten ahalko zaio barreneko instalazioan ur-galera dakarten matxurak dituen hargunearen titularrari. Era berean, hornidura eten ahalko zaio asmo txar nabaria edo iruzurra dagoen kasuetan edo ordaindu ez denean. Halaber, ur-hornidura mozten ahalko da interesduna ordenantza honen 13. artikuluan jasotzen diren kasuetako batean dagoenean, zehapen-espedientea dakarten horietako batean.

4. Erabiltzaileak behin ere ez dio urik ematen ahalko beste pertsona bati, eta ez die erabiltzen utziko horretarako eskubiderik ez dutenei. Utzikeriagatik izan litekeen iruzur oro saihestu beharko du. Horrelakorik gertatuz gero, erabiltzailea izanen da errudun bakarra.

5. Erabiltzaileak behartuak daude ura banatzeko sare nagusiko matxura baten ondorioz gertatutakoak toki entitateari lehenbailehen jakinaraztera.

6. Erabiltzaileari dagokio kontagailua eta paso-giltza dauden tokia behar den bezala egon dadin zaintzea eta toki entitateak ematen dituen jarraibideak betetzea.

7. Ordenantza honetan aipatzen diren ordainarazpenetako bat ordaindu beharra duten zergadunak behartuak daude kontagailua dagoen tokira sartzen uztera irakurketa egiten duen langile kreditatuari, kontagailuaren irakurketa egin dezan, edo toki entitateko edozein langileri, baldin eta zerbitzuko beharrengatik edo gisako beste zerbaitengatik zergadunaren etxera edo lokalera sartu beharrean badaude.

8. Udalak ardura handiz zainduko du ur horniduraren zerbitzua, lanak eta antzeko zerbitzuak ahal diren baldintza hoberenetan emateko, baina horregatik ez da erantzule izanen erabiltzaileek jasan ditzaketen kalte edo galeretan, presio gutxiegi, ur hornidura eten edo zerbitzuan beste edozein gorabehera gertatuz gero. Udalak bando bidez ohartaraziko du etenaldi luzeak izaten direnean, salbu eta larritasun handiko kasuak badira.

9. Oro har, hornidura eten ahalko da zerbitzuaren beharrek hala eskatzen badute, batez ere kontuan harturik udan izaten den egoera. Murrizketak izaten direnean bandoa argitaratuko da Udaleko iragarki oholean.

Ordainarazpena

11. artikulua.

Ordenantza honek arautzen dituen tasak honako arauei jarraikiz ordainaraziko dira:

1. 2. artikuluaren a), b) eta c) ataletan aurreikusitako tasak lau hilabetetik behin.

2. d) atalean aipatutako tasak sorrarazpena gertatzen den unean berean ordainaraziko dira.

Diru-bilketa

12. artikulua.

Tributu zorrak haiek jakinarazi eta hogeita hamar egun balioduneko epean ordainduko dira. Jakinarazitzat joko dira dagokion bandoa edo ediktua Udaleko iragarki oholean argitaratu eta biharamunetik. Era berean, jakinarazitzat joko dira dagokion ordainagiria, edo bankuko helbideratzea jasotzen denetik; egun horretatik hogeita hamar egun balioduneko epea kontatuko da, borondatezko ordainketa egiteko.

Borondatezko ordainketa egiteko aldia iraganik, muga-eguna gainditu duten zor likidoak direnean, premiamendu bidez eskatu ahalko dira, dagokien errekarguarekin.

Arau-hausteak eta zehapenak

13. artikulua.

Honako hauek hartzen dira iruzur motako arau-haustetzat:

a) Entitateko langileei sartzen ez uztea, behar bezala kreditaturik joanda.

b) Kontagailuen irakurketa edo ordenantza honetan araututako zerbitzuekin ikustekoa duten frogapenak eragoztea.

c) Toki entitateak paraturiko prezintu, sarraila edo aparatuak maneiatzea.

d) Entitateak neurgailuak edo kontsumo-aparatuak aldatzeari buruz edo gaurko hargunea mantentzeko zein berria paratzeko obrei buruz emandako jarraibideak ez betetzea.

e) Kontagailuaren irakurketa maltzurkeriaz aldatzeko asmoz, baimenik gabeko mekanismoak ezartzea.

f) Ordenantza honen 10. artikuluan ezarritako edozein betebehar ez betetzea.

14. artikulua.

Arau-hauste eta zehapenen gainerako alderdiei dagokienez, Ordenantza fiskal orokorrean, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta bat heldu diren gainerako arauetan xedatutakoari jarraikiko zaio. Hornidura eten ahalko da, ordenantza honen 10. artikuluan azaltzen den bezala.

Saneamendu kanona

15. artikulua.

Saneamendu kanona Nafarroako Hondakin Uren Saneamenduari buruzko abenduaren 29ko 10/1988 Foru Legean eta foru lege hori garatzeko apirilaren 5eko 82/1990 Foru Dekretuak onetsitako Erregelamenduan arauturik dago.

16. artikulua.

Kanonaren zenbatekoa aurrekontu-ekitaldi bakoitzerako dagokion Nafarroako aurrekontuei buruzko foru Legean finkaturik gelditu da.

Xedapen indargabetzailea

Bakarra.–Ordenantza honek indarra hartzen duenetik indarrik gabe geldituko dira, baliorik ez ondoriorik ez dutela, hari kontra egiten dioten ezarritako xedapen edo ordenantza guztiak, maila berekoak edo beheragokoak badira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aplikatuko dira.

Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, haren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondotik.

Iragarkiaren kodea: L2400413