17. ALDIZKARIA - 2024ko urtarrilaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1104E/2023 EBAZPENA, abenduaren 21ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen eraginaren adierazpena egiten duena Renovables del Cierzo SL enpresak Corella udal mugartean sustatutako Hibridación El Montecillo eguzki instalazio fotovoltaikorako eta berorren ebakuazioko azpiegiturarako proiektuari dagokionez.

Ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura haste aldera, Nafarroako Gobernuaren Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak, organo eskuduna den aldetik, Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusira bidali du Corella udal mugartean Hibridación El Montecillo eguzki instalazio fotovoltaikoa egiteko proiektua; Renovables del Cierzo SL enpresak sustatutakoa, hain zuzen.

Txostenean hizpide den eguzki instalazioa El Montecillo parke eolikotik hurbil dago, eta biek ebakuazioko 66 kV-ko linea elektrikoa partekatzen dute El Montecillo transformazio-azpiestaziotik La Serna transformazio-azpiestazioraino. Ebakuazioko azpiegiturak badu aldeko ingurumen eraginaren deklarazioa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak abenduaren 28an emandako 1470E/2020 Ebazpenaren bidez emana; beraz, espediente honetan ez da ebaluatuko.

Deskribatutako proiektuaren ezaugarriak direla-eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 4. taldeko i) apartatuan sartzen da jarduera. Beraz, han ezarritakoaren arabera, ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.

1.–Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura izapidetzea.

Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak, organo eskuduna den aldetik, jendaurrean jarri zuen Hibridación El Montecillo eguzki instalazio fotovoltaikoaren proiektua, 6. zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, 2022ko urtarrilaren 11n.

2022ko abuztuaren 18an, sustatzaileak planteatutako instalazioaren ebaluazioa bertan behera uzteko eskatu zuen, kokatzeko beste proposamen bat aurkeztu artean.

2023ko maiatzaren 8an, sustatzaileak dokumentazio berria aurkeztu zuen organo eskudunean: aurreko kokapenetik hurbil dagoen beste batean planteatutako proiektu bat, aurrekoa aldatu eta ordezten duena, eta aldez aurreko administrazio baimena eta eraikitzekoa eskatu zituen, bai eta ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko ere.

Berriro ere, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurrean jarri zuen Hibridación El Montecillo eguzki instalazio fotovoltaikoaren proiektu aldatua, 112. zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, 2023ko maiatzaren 30ean. Halaber, ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura haste aldera, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak proiektu eguneratua bidali zuen Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusira.

21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Ingurumen Eraginaren Atalak kontsulta egin die proiektuak ukitzen dituen administrazio publikoei eta interesdunei, oharrak edota iradokizunak egin ditzaten, haren eskumeneko gaiei buruz. 8 kontsulta egin dira, eta 3 erantzun jaso dira. Kontsulta egindako entitateen zerrenda eta erantzunen laburpena ingurumen eraginaren txosten honen I. eranskinean jaso dira.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen duela argitzeko ea proiektuak ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta bete behar duen, edo ingurumen eraginari buruzko txostena eman behar den, txosten honetan ezartzen diren baldintzetan.

Aurkeztutako dokumentazioan badago ingurumenari buruzko agiri bat, eta bat dator Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten denarekin. Azterketak jasotzen ditu alternatiben analisia, kaltea hartzeko arriskua duten ingurumen faktoreen deskribapena, eragin nabarmenak sorraraz ditzaketen ekintzen identifikazioa eta ingurumen faktoreen gaineko eragin nabarmenen ebaluazioa, horien artean eragin sinergikoak eta metatze eraginak, ezbehar larri edota hondamendien aurreko kalteberatasunaren ondoriozkoak, paisaia azterketa, neurri prebentiboak eta zuzentzaileak, ingurumena zaintzeko plana eta jarduera bertan behera utzi ondorengo leheneratze plana. Azterketaren ondorioa da proposatzen den proiektuaren eragin globala bateragarria dela.

2.–Proiektuaren deskribapena.

Hibridación El Montecillo eguzki instalazio fotovoltaikoa hurbileko bi esparruz dago osatuta, bakoitza hesiz itxita dago, eta 21,85 ha-ko azalera hartzen dute gutxi gorabehera. Halaber, proiektuak barne hartzen du ebakuazioko azpiegitura lurperatua 66/33 Kv-ko El Montecillo transformazio-azpiestazioraino. Azpiestazio hori El Montecillo parke eolikoarekin partekatzen du, eta guztia dago Corella udalerriaren barne.

Instalazioa ardatz bakarreko jarraitzaileen gainean muntatutako modulu fotovoltaikoek osatuko dute, +-60º-ko biraketa heina dutenak, lurzoruan zuzenean finkatuak. Inbertsoreek modulu taldeek hornitutako korronte zuzena behe-tentsioko korronte alterno bihurtuko dute, eta hori instalazio bakoitzean egonen diren transformazio zentroetara eramanen da eta erdi-tentsiora (33 kV) igoko da. Bertatik, sortutako energia lurpetik ebakuatuko da 66/33 kV-ko El Montecillo transformazio azpiestazioraino.

Instalazio bietara sartzeko jadanik dauden bideak erabiliko dira, eta instalazio bakoitzaren barruan transformazio zentro bakoitzera sartzeko korridoreak eta bide perimetralak eginen dira, 4 metroko zabalerakoak, eta zabor-legar artifizialezko 20 zentimetroko bide zorudunak.

Proiektuan jasotako beste ekintza batzuen artean daude ekoitzitako energia lurpetik ebakuatzeko zangak induskatzea, lurrak mugitzea jarraitzaileak eta transformazio zentroak instalatzeko, 2 metro inguruko garaiera duen itxitura perimetrala jartzea, goiko aldean seinaleztatua, hegazti faunak talka egitea saihesteko, eta hesia bide publikoekin mugakide den kanpoko zatian landare zerrenda jartzea ere bai.

3.–Espedientearen azterketa teknikoa eta proiektuaren eragin nagusien tratamendua.

Ingurumenaren esparruan aurkeztutako dokumentazioak barne hartzen du alternatiben analisi bat, 0. alternatibaz gain hiru aukera jasotzen dituena. Irizpide anitzeko azterketa egin eta 2. alternatiba aukeratu da, helmugako azpiestaziotik hurbilen egoteagatik, baita landatzeko lursailetan kokatuta dagoelako ere, eta zuzeneko ukipenik ez duelako landaredia naturalean, habitatetan, jabari publiko hidraulikoan, ingurumen intereseko eremuetan, aztarnategi arkeologikoetan eta abelbideetan.

Instalazioa Corellako hirigunearen eta NA-6820 errepidearen artean kokatzen da, herritik 2,5 km ingurura mendebaldean eta errepidetik 1,5 km baino gutxiagora, hego-ekialdera.

Aztertu den eremua gizakiaren erabilera handikoa da, tartean direla urezta lurrez osatutako nekazaritza eremu bat, zerealaren labore alorrak, mahastiak, fruta arbolak, olibondoak, etab., eta inguruan bide eta elektrizitate azpiegitura ugari ditu.

Instalazioa ezartzekoa den eremuaren morfologia laua da funtsean; azaleraren gehiengoak %5 baino gutxiagoko malda du, eta zati txikiago batek %10 baino gutxiagokoa. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, lurrak ahalik gutxien mugituko dira, gorabehera geomorfologikoak oso txikiak izanen dira eta, hori dela-eta, inpaktua "ez esanguratsu" gisa kalifikatzen da.

Berezko landaredia urria muino eta magal bakanetan hazten da, gehienbat han-hemenka ikusten diren belar lehorrak, 6220* lehentasunezko intereseko habitatari lotuak (Bazkaleku mediterraneo xerofitikoak urtekoak eta bizikorrak), eta orobat bide eta drainatze lekuetan ageri direnak. Hainbat pinudi ere ageri dira, Corella inguruko mendi magaletan. Hala ere, instalazioa lehorreko belarki laboreek estalitako azaleraren gainean dago oso-osorik, eta Montecillo transformazio-azpiestaziorainoko lurpeko ebakuazio lerroa lehendik dauden bideei atxikita dago; beraz, landaredi naturalaren, habitat naturalen eta intereseko floraren gainean aurreikusten den eragin handiena bateragarritzat jotzen da.

Faunaren gaineko inpaktua ebaluatzeko, El Montecillo parke eolikoko hegazti faunaren eragiketa aurreko urteko ziklo osoaren azterketako datuak erabiltzen dira. Bertan, hainbat transektotatik eta kontrol puntutatik egindako behaketak jasotzen dira, ingurumenaren aldetik zaurgarriak diren inguruko leku nagusiak barne. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, faunaren gaineko inpaktu handiena eraikuntza fasean sortutako eragozpenengatik eta habitataren kalteagatik zein galeragatik gertatzen da, baita funtzionamendu fasean habitata aldatzeagatik eta hesi efektuagatik ere. Kasu guztietan, kaltea bateragarritzat jotzen da.

Instalazioa ezartzekoa den partzeletan dagoen habitata estepako hegazti faunak noizean behin erabiltzeko egokia bada ere, kalitate eskasa du, eta, batez ere, ingurunearen antropizazio handia hartu behar da aintzat (gainera, eguzki instalazio fotovoltaiko gehiago jartzea aurreikusten da). Hori dela eta, hegazti horientzat ez du ia baliorik.

Bestalde, instalazioa ezartzekoa den eremua interesgarria izan daiteke, lotura eratzeko "Ombatillo-Morterete" Estepako Abifaunaren Kontserbaziorako Garrantzi Handiko Eremu mugakidetik Errioxako Estepakoen Kudeaketarako III. Planaren Eremua deritzon guneraino. Hala ere, komunikazio bide horren zabalerak haren gaineko eragina maila bateragarrietara murrizteko aukera ematen du.

Halaber, instalazioaren eremuak halako habitatetan ohikoak diren harrapakin espezieen dentsitate handia mantentzen du eta, beraz, harrapari espezie ugarik erabiltzen dute larreratze eta sakabanatze eremu gisa, horietako asko interesgarriak edo babestuak (Bonelli arranoa, arrano beltza, miru gorria, miru beltza, arrano sugezalea, arrano txikia, aztore arrunta, etab.); babesa eta habiak egiteko lekuak aurkitzen dituzte Alhama eta Ebroko ibaibasoetan edota inguruko magaletako pinudietan. Proiektuaren instalazioak zenbait espezieren larreratze habitat erabilgarriaren hedadura galtzea eta beste espezie batzuen ehizarako aukerak murriztea ekartzen ahalko luke, baina kaltea berdintzeko aukera ematen ahal dute, alde batetik, ingurunean antzeko propietateak dituzten eremuak izateak, eta bestetik, aurkeztutako dokumentazioan eta ebazpen honen baldintzetan jasotako neurriek.

Oro har, nekazaritzarako erabiltzeko erabat eraldatutako eremu bat da, eta nekazal laboreak dira nagusi, nahiz eta errepideak, eguzki instalazioak, aerosorgailuak, linea elektrikoak eta abar egon. Corella eta Cintruénigo dira hurbilen dauden hiriguneak, 2,5 kilometro eta 4 kilometrora, hurrenez hurren.

Bestalde, instalazioaren inguruan 5 kilometroko erradioan izanen den ikuspen maila zehazten da. Azterketaren emaitzen arabera, instalazioa edo haren zati bat ikus daiteke ikus arroa deitzen den azaleraren %34,46tik. Eta intrusio bisualari dagokionez, berori gehien sortzen den eremuak instalazioaren aldirietan daude; alabaina, instalazioarekin mugakide diren bideen inguruan proposatutako landatzeak hesi bisual bat sortuko du instalazioaren inguruan, eta ukipena murriztuko du. Bestalde, elementu geografikoei esker, instalazioa ezin da ikusi eremu horren barne hartutako hiriguneetatik, ezta begiratoki asko dituzten eremuetatik ere. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, paisaian duen inpaktu globala bateragarria da.

Azkenik, aurkeztutako dokumentazioaren arabera, inpaktu sinergikoak eta metagarriak bateragarritzat jotzen dira ere bai.

4.–Proposamena.

Beraz, aurkeztutako dokumentazioa, eta proiektua gauzatu, ustiatu eta bertan behera uztearen ondoriozko ingurumen eragina aztertuta, Ingurumen Eraginaren Atalak txostena eman du eta adierazi ezen, kontsulten emaitza kontuan hartuta, eta Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean horri buruz jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, ez dela egokia haren ingurumen ebaluazio arruntaren tramitazioa hastea, eta aurreikusten dela proiektuaren ingurumen eragina bateragarria izatea ingurune hartako naturaren eta paisaiaren balioekin, betiere, proiektuak betetzen baditu ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaerarekin batera aurkeztutako ingurumen dokumentuan proposatzen diren neurriak, eta horiez gain, Ingurumen Eraginaren Azterketa honetan jasotzen diren zehaztapenak, ondoren zehaztu eta proiektuaren baimen substantiboan jasoko direnak.

Ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Hibridación El Montecillo deritzon eguzki instalazio fotovoltaikoak eta berorren ebakuazio azpiegiturak, Renovables del Cierzo SL enpresak Corella udalerrian sustatzen duenak, ez du eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen inpaktuaren txosten honetan ezarritako moduan, eta, beraz, ez da beharrezkoa 21/2013 Legearen II. tituluko I. kapituluko 1. atalean aurreikusitako ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.

2. Aurrekoa gorabehera, baimentzeak berekin ekarriko du baldintza hauek betetzea:

–Ondare arkeologikoaren gaineko ukipenei dagokienez, instalazioaren ondoko partzela batean Las Foyas I izeneko aztarnategia dago, 3. mailaz kalifikatua, eta honako mugaketa hau du:

X

Y

X

Y

X

Y

595771,36

4663469,04

595710,36

4663544,04

595717,36

4663557,04

595733,36

4663554,04

595801,36

4663489,04

595795,36

4663471,04

Lurrean egiten diren mugimenduen kontrol arkeologikoa egin beharko da adierazitako eremuaren 50 metroko perimetroan.

–Halaber, lanak egin bitartean lur azpian aztarna arkeologikoren bat agertuko balitz, ordura arte ezezaguna, sustatzaileari gogorarazi behar zaio legezko betebeharra duela horren berri berehala emateko Nafarroako Gobernuaren Ondare Historikoaren Zerbitzuari.

–Euskarri egitura fotovoltaikoa lurrean zuzenean tinkatuz ezarriko da lehentasunez.

–Eguzki instalazio fotovoltaikoa lursailaren topografia naturalaren arabera egokitu beharko da, obrak egin bitartean ukipenak guztiz ezinbestekoak diren zonei soilik eragiteko moduan eta lur mugimenduak ahalik eta txikienak izan daitezen. Plakak ezartzeko eremuan egin beharreko sasi garbitzeak eta lur berdintzeak ez dira eremu osoak ukituz eginen; jarraitzaileen zutoinek osatzen dituzten lerroetarako beharrekoak diren ukipenak soilik eraginen dira, haien erabilera eta ezarpen egokirako doi beharrezkoak direnak. Horretarako, beharrezkoa izaten ahal da proposatutako jarraipen soluzioa aldatzea, fabrikatzaileen eskakizunen arabera, edota malda gehieneko eremuetan jarraitzaileek hartutako azalera murriztea.

–Materialak pilatzeko eremuak eta makinentzako parkeak nekazal eremuetan eta basoko jabari publikotik kanpo jarriko dira, eta inola ere ez dira paratzen ahalko landaredia naturalak estalitako eremuetan.

–Lanak egin bitartean katalogo nazional edo autonomikoetan arriskuan dagoelako jasotzen den espezieren baten presentzia detektatzen bada, lanek kaltetuko luketena, berehala jakinaraziko zaio Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari, eta hark xedatzen duena bete beharko da.

–Inguruko hesia zutoinen bidez bakarrik tinkatuko da lurrean, fauna txikiari azpitik igarotzeko aukera uzteko, eta horretarako, azpitik tarte bat utzi beharko du, lurretik 15-20 cm-ra altxatuta. Hesia diseinatuko da fauna txikia igarotzeko modukoa izateko (abeltzaintzako hesia edo zinegetikoa, txarrantxarik gabekoa), eta seinaleztatzeko aurkeztutako dokumentazioan proposatutako neurriei jarraituko zaie.

–Plakak ezartzeko eremuan dagoen landaredia kontrolatzeko eta mantentzeko ohiko metodo gisa, abeltzaintza estentsiboa erabiliko da eta, behar berezia izanez gero, sasi garbitze mekanikoa baimenduko da. Herbizidak erabiltzea espresuki debekatua dago.

–Lagomorfoak, karraskariak eta bestelako animaliak kontrolatu behar badira, egokiak diren baimenak eskuratu ondoren, baliabide mekanikoak eta biologikoak erabiliko dira eta guztiz debekaturik egonen da pestizidak, intsektizidak, errodentizidak eta bestelako pozoiak erabiltzea.

–Panelak garbitzeko ezarriko den sistemak ez du erabiliko gai kimiko kutsagarri edo arriskugarririk.

Instalazioan argi punturik jartzen bada, ezinbestekoak direnak bakarrik jarriko dira, talka eremu potentzialetatik (hesietatik, tentsoreetatik, aireko linea elektrikoetatik eta abarretatik) urrun. Argi kutsadura txikiagotzen duten luminariak erabiliko dira, intentsitate txikikoak eta lurrera begira jarriak.

–Areka eta drainatzeen diseinuan eta eraikuntzan egiaztatuko da drainatze sare naturalaren jarraipena, higaduraren eremu berriak sortzea eta gai solidoak drainatze sareetara arrastaka eramatea saihesteko.

–Ingurumen arloko integrazioa.

  • Obrak hasi aurretik, zehaztu eginen dira lan eremuak, makinak pasatzeko eremuak eta materialak biltzekoak. Landaredi naturala ahalik eta gutxien ukitzeko, lan eremua ahal den txikiena izanen da eta eragin ezin dituen eremuak balizatuko dira.
  • Lurra berdintzeko lanek, beharrezkoak badira, ez dute sortuko 2 metro baino gehiagoko lur erauzketa edo lubetarik; ezpondarik sortzen bada, etzanak izanen dira, 2H:1V baino gutxiagoko maldarekin, haien goialdeak biribilduak izanen dira, eta lur erauzketako zein lubetako ezponden gainean gutxienez lur begetalezko 30 zentimetroko geruza jarriko da.
  • Lurra kendu edo hondeatu aitzinetik, obrek eragindako azalera guztietatik landare lurra kenduko da, gutxienez 30 zentimetroko sakonerako profil batean (okupazio iraunkorreko edo aldi baterako azalerak). Material hori propio horretarako hautatutako guneetan metatuko da, 2,0 metrotik beherako altuera duten kabailoiak osatuz, geroago zaharberritze lanetan berrerabiltze aldera.
  • Lur mugimenduetako soberakinak ahal bezainbeste aprobetxatzeko ahalegina eginen da, obran berean erabiliz. Lur soberakinak hondakinen kudeatzaile baimendu batek kudeatu beharko ditu.
  • Obrak bukatutakoan, behin-behineko instalazioak desmuntatu eta kenduko dira eta obra hondarrak garbituko dira okupatu den eremu osoan, hondakinak kudeatuta indarreko legediaren arabera.
  • Eguzki instalazio fotovoltaikoaren eremu osoa eta obrek ukitutako beste edozein eremu, aldi batez ukitu bada ere, eta bereziki jarraitzaileen arteko lur zatiak, harrotu eta ereintzarako prestatuko dira, eta belardi autoktonoen hazien nahasketa bat ereinen da; belar horiek egin beharreko jarduerarekin bateragarriak izan beharko dute, eta agente polinizatzaileen presentzia erraztu. Obrak egin bitartean landare lurrezko geruza kendu edo hondatu bada edo halakorik ez badago, erein baino lehen landare lurrezko geruza bat jarriko da, gutxienez 30 zentimetrokoa, aurretik behar bezala erauzi eta metatua.
  • Lanak amaitu eta hurrengo sei hilabeteetan berrezarri behar da landaredia. Landaketak landaketa-garaiaren, klima baldintzen eta abarren menpe daudenez, obrak amaitu eta hurrengo landaketa-garaian eginen dira. Landaketen jarraipena egin beharko da, eta bideragarriak direla ziurtatu, eguzki instalazioaren bizitza baliagarri guztian.
  • Erabilerari lotutako eraikinen diseinua ingurunearekiko harmonia errespetatuz eginen da, eskualdeko eraikinen tipologiarekin bat eginez, eta paisaian integratzea ekarriko duten kolore ez nabarmenak erabiliz.

–Estepako abifaunari laguntzeko neurri osagarri gisa eta instalazioaren bizi erabilgarri osorako, hesien barne dagoen azalera osoaren %50 kudeatuko da, lehorreko erregimenean zerealak landatzeko partzelena eta estepako hegaztientzako habitat ezin hobea dena, landatuta zein lugorrian egon, urteko eta aldiko erregimenaren arabera. Partzelak eremu lau, zabal eta gailenetan izanen dira, eta, ahal dela, "Ombatillo-Morterete" Estepako Abifaunaren Kontserbaziorako Garrantzi Handiko Eremuaren barruan edota Nafarroako abifauna kontserbatzeko garrantzi handiko beste eremu batzuetan. Lursail horiek aukeratzeko, aholkua eskatzen ahalko zaio Nafarroako Gobernuaren Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari, eta hari aurkeztu behar zaio aukeratutako lursailen zerrenda, onets ditzan. Zerbitzu horri egiaztatu beharko zaio aipatutako lursail horien gaineko erabiltzeko eskubidea baliagarri dagoela, edo nekazariekin lotutako akordioak. Kudeatzeko aukerak izan daitezke, besteak beste, lugorri uztea eta 2-3 urtetik behin kontrolatzea landarediaren garapena, azaro-otsail arteko azaleko labore lan bat eginda, edo lugorrien kudeaketarako beste hainbat eredu erabiltzea, betiere fitosanitarioen erabilera baztertuta eta labore lanak ugaltzeko garaitik (martxotik abuztura) kanpo eginda. Ez dira erabiltzen ahalko energia berriztagarrietarako beste proiektu batzuengatiko konpentsazio neurri gisa ezarritako nekazaritza eta ingurumen arloko neurriak dituzten lurzatiak.

–Jarraipen, zaintza eta leheneratzeko plana: obrak hasi aitzinetik, Ingurumen Ebaluazioaren Atalean jarraipen eta zaintza plan bat entregatu beharko da obren eta funtzionamenduaren fasean, eta ingurumena leheneratzeko eta paisaia integraziorako plan bat ere bai. Plan horretan, egin beharreko jarduketen metodologia proposamena jaso beharko da, ebazpen honen baldintzetan eta aurkeztutako gainerako dokumentazioan azaldutakoarekin bat. Obrek ukitutako lurretan landaredia birjartzeko proposamena sartuko da, eta ezartzekoa den landare hesiarena ere bai, eta zehaztu eginen dira landatzeko erabiliko diren espezieak eta azalerak, bai eta hasien dosia edota aleen kopurua ere.

AC15 Corella Estepako Abifaunaren Kontserbaziorako Garrantzi Handiko Eremuaren ondoko esparruaren kanpoaldean jartzekoa den landare hesiari dagokionez, erabiltzen diren espezieak zuhaixka formakoak izanen dira, altuera txikikoak, inguruko esteparako ohikoak, eta dentsitate txikitan jarriko dira, landatzeko marko zabalean, inguruko estepako espezie posibleentzako oztopo bisuala izan ez daitezen.

Halaber, eguzki parkearen bizi erabilgarriaren amaieran aurreikusitako leheneratze lanak ere sartuko dira planean, urtebetetik beherako epean egin beharko direnak. Instalazio guztiak behar bezala eraitsi eta kenduko dira, hondakinak indarreko legediaren arabera kudeatuko dira eta landare estalkia lehengoratuko da. Jarduketa horiek dagokien ingurumen ebaluazioko prozeduraren esparruan eginen dira.

Halaber, instalazioa abian jarri aurretik, estepako abifaunari laguntzeko neurriak gauzatzekoak diren partzelak zehaztu behar dira, eta berorietan egitekoa den kudeaketa ere bai. Sustatzaileak urtero aurkeztu beharko du, eguzki instalazioaren bizi baliagarri osoan zehar, estepako abifaunari buruz jasotako neurriak bete izana egiaztatzeko dokumentazio teknikoa.

Ingurumen Ebaluazioaren Atalaren aldeko txostena lortu beharko da, eta hori gabe eguzki parkea ez da sarera konektatzen ahalko.

–Obrak hasi baino gutxienez 72 ordu lehenago, Ingurumen Jarraipenaren Bulegoari ohartarazi beharko zaio (seguimiento.ambiental@navarra.es).

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak ukatu gabe, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jartzen ahal direnak ukatu gabe.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Industriaren Antolamenduaren, Azpiegituren eta Mehatzeen Zerbitzuari, Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Tutera) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko abenduaren 21ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

I. ERANSKINA.–KONTSULTA EGINDAKO ERAKUNDEAK ETA KONTSULTEN TRAMITEAREN EMAITZA

ERAKUNDEA

ERANTZUNA

Corellako Udala

Bai

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia

Bai

Ekologistak Martxan Iruñea-Ecologistas en Acción

Ez

Ekologistak Martxan Landazuria-Erribera

Ez

Gurelur

Ez

Lurraren defentsaren aldeko elkartea

Ez

EDER Partzuergoa

Ez

Sustrai Erakuntza Fundazioa

Bai

–Ondare Historikoaren Zerbitzua.

Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak txostena eman du, zeinaren bidez adierazten baitu ezartzekoak diren azpieremu bietan eta horiekin lotutako obretan zuzeneko ukipenik ez dagoela aztarnategi arkeologiko katalogatu batean ere.

Nolanahi ere, jakinarazten du aztarnategi bat badagoela instalazioaren ondoko partzela batean, eta lanekin bateragarria izanen da baldin eta lurrak mugitzean kontrol arkeologikoa egiten bada aztarnategiaren inguruko 50 metroko perimetroan.

–Corellako Udala.

Ukitutako partzelen hirigintza egoeraren berri eman du, eta ondorioztatu du bateragarritasuna dagoela gorde beharreko lurzoruaren kategoria duten partzeletan, eta berretsi egiten du Nafarroako Gobernuak babesaren kategoriako partzeletarako ezartzen duena, instalazioaren aldirietan aztarnategi arkeologiko bat egoteagatik.

–Sustrai Erakuntza fundazioa.

1. Aurkeztutako proiektuak energia berriztagarrien produkzioa handitzea du xede, baina ez du Nafarroako energia egoera aztertzen.

Erantzuna: alegazioak proiektu honen esparrua eta ingurumen inpaktuaren ebaluazioa gainditzen ditu.

2. Ez da aztertzen proiektua eraikitzearen eta landare estalkia kentzearen ondorioz sortzen den CO2 isuria.

Erantzuna: txosten hau idaztean kontuan hartu da, eta aintzat hartzen du, instalazioaren bizitza baliagarrian zehar, positiboa dela saihestutako emisioen eta alegazio honetan emandako arrazoiengatik gertatutakoen arteko aldea.

3. Aurkeztutako proiektuak ingurumen balioa duten eremuetan lur mugimenduak egitea dakar.

Erantzuna: txosten hau egitean kontuan hartu da.

4. Aurkeztutako proiektuak ingurumen eragin larriak ditu naturaguneetan.

Erantzuna: txosten hau egitean kontuan hartu da.

5. Proiektua garatu nahi da ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatu soil batekin.

Erantzuna: txostenean hizpide den eguzki instalazio fotovoltaikoa Ingurumen Ebaluazioaren 21/2013 Legearen II. eranskinean dago sartuta, eta, horrenbestez, lege horren 7. artikuluaren arabera, ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren menpe egonen da.

Alegatzaileak aipatzen duen parke eolikoak, txostenean hizpide den instalazioarekin ebakuazioa partekatzen duenak, aldeko ingurumen eraginaren adierazpena du, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abenduaren 28ko 1470E/2020 Ebazpen bidez onetsia. Nolanahi ere, parke eoliko hori eta berorren ebakuazio azpiegitura aintzat hartu dira ondorio metagarriak eta sinergikoak aztertzeko egin den ikerketan.

Instalazioa "Ombatillo-Morterete" Estepako Abifaunaren Kontserbaziorako Garrantzi Handiko Eremutik hurbil dagoela aintzat hartu da txosten hau egitean; instalazioa eta ebakuazio azpiegitura El Montecillo transformazio azpiestazioraino baino ez dira ebaluatu, La Serna azpiestazioraino doan ebakuazio azpiegituraren gainerako zatiak baduelako aldeko IEA, aurreko paragrafoan aipatutako 1470E/2020 Ebazpen bidez onetsia.

Azterketa esparruko faunari buruzko informazioa nahikoa dela jotzen da, eta instalazioak faunarengan duen ukipena aintzat hartu da txosten hau egitean.

6. Ezaugarri horiek dituen proiektu bat hiri lurzoruan edota lurzoru degradatuan instalatu beharko litzateke.

Erantzuna: alegazioak proiektu honen esparrua eta ingurumen inpaktuaren ebaluazioa gainditzen ditu.

7. Arriskua dago ekoizpen handiko nekazaritza lurzoruak galtzeko, eta kaltea atzeraezina izateko.

Erantzuna: lurzoruaren gaineko eragina txosten hau egitean kontuan hartu da.

8. Proiektuak paisaiari eta bizimodu tradizionalei eragiten die, eta horrek landa garapena eta biztanleriaren mantentzea arriskuan jartzen ditu.

Erantzuna: paisaiaren gaineko ukipena aintzat hartu da txosten hau egitean, eta, bizimodu tradizionalei dagokienez, jotzen da instalazioak ukitutako azalera mugatua dela eta ez dituela kaltetzen ez landa garapena ez populazioa mantentzea.

9. Proiektuak ingurumen eragin larriak ditu habitat naturaletan.

Erantzuna: landarediaren, habitat naturalen eta estepako abifaunaren gaineko eragina, bereziki "Ombatillo-Morterete" Estepako Abifaunaren Kontserbaziorako Garrantzi Handiko Eremukoarena, aintzat hartu dira txosten hau egitean.

10. Proiektuak ez du betetzen jardueraren antolamendu sektorialari buruzko araudia, 64/2006 Foru Aginduaren arabera, II. kategoriako nekazaritza lurzoru ureztatuetan baitago, ez eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak jarduera hori ezartzeko adierazitako nekazaritza lurzoruetako eremu egokien protokoloa ere.

Erantzuna: edukia ez da ingurumen arlokoa.

11. Proiektuak ez du betetzen lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren araudia.

Erantzuna: edukia ez da ingurumen arlokoa.

Iragarkiaren kodea: F2400104