17. ALDIZKARIA - 2024ko urtarrilaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

193/2023 EBAZPENA, abenduaren 21ekoa, Energiako, Enpresen I+G+b-ko eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aurretiazko administrazio baimena ematen baita Tutera udal mugartean energia elektrikoa ekoizteko "Repotenciación Montes de Cierzo I" parke eolikoaren instalaziorako.

1.–Aurretiazko administrazio baimenaren eskaera.

Nafarroan parke eolikoetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 4. artikulua aplikatuz, 2021eko urtarrilaren 22an, Eólica Montes de Cierzo SLUk aurretiazko administrazio baimenaren eskaera aurkeztu zuen Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuan, energia elektrikoa ekoizteko "Repotenciación Montes de Cierzo I" parke eolikoa deritzon instalazioa jartzeko Tuterako udal mugartean (5,8 MW-eko 6 aerosorgailu, guztira 34,8 MW).

Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, energiaren ebakuazioa egiteko baliatuko ziren bertan jadanik zeuden instalazioak, "Montes de Cierzo I" eta "Montes de Cierzo II" parke eolikoetan erabili izan direnak, Red Eléctrica de España SAUk han duen "La Serna 220 kV" azpiestazioraino.

Bestalde, adierazi behar da "Montes de Cierzo I" (29,67 MW) y "Montes de Cierzo II" (30,8 MW) parke eolikoen titularra dela sustatzailea, eta asmoa du modu progresiboan parkeok desmuntatzeko azken batean hizpide den baimenaren funtsa den parke eolikoarekin ordezteko, bai eta "Repotenciación Montes de Cierzo" (1176-CE) eta "Repotenciación Montes de Cierzo II" (1053-6-CE) parke eolikoekin ere.

2.–Aurreproiektua eta ingurumen eraginaren azterketa jendaurrean jartzea eta kontsultak egitea.

Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 7. artikuluari jarraikiz, Eólica Montes de Cierzo SLUren eskaera jendaurrean egon zen 30 egun baliodunez, iragarkia argitara emanda honakoetan: 2021eko 53. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 8an, 2021eko martxoaren 9ko Diario de Noticias egunkarian eta Tuterako Udalaren ediktuen taulan; era berean, dokumentazioa Nafarroako Gobernu Irekiaren web fitxan argitaratu zen.

Alegazio hauek jaso ziren (aurkeztu ziren egunaren araberako hurrenkeran daude):

–1. alegazioa: Ana Gurbindo Cizur andrearena, 2021eko martxoaren 15ekoa.

–2. alegazioa: Gurelur elkartearena, 2021eko apirilaren 23koa.

–3. alegazioa: Nafarroako Ekologistak Martxan elkartearena, 2021eko apirilaren 23koa.

–4. alegazioa: Zangozerriko Ongaiz-Ekologistak Martxan elkartearena, 2021eko apirilaren 23koa.

–5. alegazioa: Saguzarrak Kontserbatzeko eta Aztertzeko Espainiako Elkartearena (SECEMU), 2021eko apirilaren 23koa.

Jasotako alegazioen edukia eta azterketa ebazpen honen I. eranskinean laburbiltzen dira.

Horrekin batera, maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 8. artikulua aplikatuz, kontsulta egin zitzaien erakunde hauei, eta taulan adierazten diren txostenak jaso ziren:

ERAKUNDEA

Zk.

DATA

Ingurumen Eraginaren Atala

5

2021-07-27

Lurraldearen Antolamenduaren Atala

4

2021-04-28

Ondare Arkitektonikoaren Atala

1

2021-03-09

Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala

6

2021-12-13

Zainketa Zerbitzua (Herri Lan eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia)

3

2021-04-14

Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atala (abelbideak)

-

-

Tuterako Udala

2

2021-03-23

Txosten horien edukia eta azterketa ebazpen honen II. eranskinean laburbiltzen dira.

Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 9. artikuluari jarraikiz, aipatutako alegazioak eta txostenak Eólica Montes de Cierzo SLUri bidali zitzaizkion.

3.–Ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eta lurzoru urbanizaezinean jarduerak eta erabilerak baimentzeko eskaera.

Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 10. artikuluan ezartzen dena aintzat hartuta, 2021eko irailaren 1ean Eólica Montes de Cierzo SLUk dokumentazioa aurkeztu zuen. Beraren bidez, ingurumen eraginaren ebaluazioa hasteko eta lurzoru urbanizaezineko jarduerak eta erabilerak baimentzeko eskatu zuen, eta erantzun egin zien jendaurreko informazioaren eta kontsulten tramiteek iraun zuten bitartean jasotako alegazioei eta txostenei.

Dokumentazio berriak ez du aurreikusten aldaketarik aurreproiektuan, ukatu gabe ingurumen eraginaren azterketan egiten ahal diren ekarpenak, Ingurumen Eraginaren Atalak (5. txostena) eta hainbat alegaziotan adierazitakoekin bat etorriz.

Aipatutako artikuluan ezarritakoa betez, eskaera Ingurumen Eraginaren Atalera eta Lurraldearen Antolamenduaren Atalera igorri ziren.

4.–Aldeko ingurumen eraginaren adierazpena.

Ingurumeneko zuzendari nagusiak ekainaren 29an emandako 664E/2022 Ebazpenaren bidez, ingurumen eraginaren adierazpenean ontzat ematen dira "Repotenciación Montes de Cierzo", "Repotenciación Montes de Cierzo I" y "Repotenciación Montes de Cierzo II" parke eolikoen proiektuak, barne direla haien ebakuazioko azpiegitura, eta jarduera ingurumen ebazpenean jasotako baldintzen arabera garatu behar dela ezarriz, haien artean hauek azpimarratuta:

–"Hiru haize-parkeen energia eramateko aireko linea elektrikoa osorik lurperatu beharko da, bai berrindartze proiektuko zati berriak, bai lehendik dauden aireko tarteak barne; azken horiek kenduko dira. Hartutako konponbidea behin betiko egikaritze proiektuari erantsiko zaio, eta Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusi honen oniritzia beharko du, Nafarroako haize parkeen baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 15. artikuluaren esparruan".

–"Proiektutik kendu behar dira MCI05 eta MCI06 aerosorgailuen kokapenak, lerrokadura berria baitakarte. Berrindartze proiektua gaur egun dauden lerrokaduretara mugatu behar da. Nafarroako Energia Planean ezartzen den bezala, MCI05 eta MCI06 aerosorgailuak jartzekoak diren eremuan ezin da garapen eoliko berririk egin, Estepako Abifaunaren Kontserbaziorako Intereseko Eremu batean baitago.

Ingurumen eraginaren adierazpenaren arabera, proiektua garatzeko aurreikusten den inpaktu nagusia hegaztien eta kiropteroen gaineko inpaktua da, aerosorgailuekin talka egiteagatik eta hegaztiek lehendik dagoen eta proiektatuta dagoen linea elektrikoekin talka egiteko duen arriskuagatik.

5.–Aurreproiektua eta ingurumen inpaktuaren azterketa jendaurrean jartzeko eta kontsultak egiteko bigarren prozedura.

Aurreproiektua egokitzeko xedez, batez ere, ingurumen baldintzen arabera, 2023ko urtarrilaren 16an, Eólica Montes de Cierzo SLUk dokumentazioa aurkeztu zuen, 2021eko urtarrilean erregistratutako dokumentazioaren aldean honako aldaketa hauek eginda:

–MCI-05 aerosorgailuaren kokapena aldatu eta jadanik dauden lerrokaduretako batean jartzea, ingurumen eraginaren adierazpenak deuseztatu egin dituelako MCI-05 eta MCI-06 aerosorgailuetarako aurrez proposatutako kokapenak.

–MCI-01 eta MCI-04 aerosorgailuak 80 eta 170 metro bitartean lekualdatzea ipar-mendebalderantz, MCI-04 aerosorgailua Red Eléctrica de España SAUren 400 kV-ko goi tentsioko linea batetik hurbil dagoelako, eta bete ahal izateko linea elektrikoen eta aerosorgailuen arteko gutxieneko distantziak, otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat.

Horrenbestez, hauek dira aerosorgailuen amaierako koordenatuak:

"REPOTENCIACIÓN MONTES DE CIERZO I" PARKE EOLIKOA

UTM koordenatuak ETRS89 30 N Eremua (EPSG:25830)

Aerosorgailua

2021eko urtarrila

2023ko urtarrila

x

y

x

y

MCI-01

607.320

4.660.415

607.308

4.660.394

MCI-02

607.697

4.660.599

607.662

4.660.501

MCI-03

608.076

4.660.785

607.955

4.660.720

MCI-04

608.452

4.660.972

608.304

4.660.889

MCI-05

610.300

4.660.150

609.528

4.661.412

MCI-06

610.703

4.660.298

Kendu da

–Parkearen guztizko potentzia murriztea, 31,4 MW-ekoa izan dadin, MCI-05 aerosorgailuaren neurriak eta potentzia murriztearen ondorioz (4,2 MW-eko potentzia izanen du); halaber, MCI-01 eta MCI-04 aerosorgailuen potentzia areagotu eta 6,8 MW-ekoa izanen da, baina ez da azken horien neurria aldatuko.

–Erabat lurpean sartzea 66 kV-ko ebakuazioko linea, eta haren marraketaren egokitzapen txiki bat, lur azpiko linea baten ezaugarrietara egokitu ahal izateko, IEAn eskatutakoari erantzunez.

–Dorre anemometriko autosostengatzaile eta finko bat jartzea, 125 metroko garaiera duena, Tuterako udal mugartean, honako koordenatu hauetan:

"REPOTENCIACIÓN MONTES DE CIERZO I" PARKE EOLIKOA

UTM koordenatuak ETRS89 30 N Eremua (EPSG:25830)

x

y

Dorre anemometrikoa

607.390

4.660.722

Aurrekoa ikusirik, eta maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak espedientea jendaurrean jarri zuen 30 egun balioduneko epean, iragarkia argitara emanda honako hauetan: 2023ko 31. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 14koan; 2023ko otsailaren 15eko Diario de Noticias egunkarian eta Tuterako Udalaren ediktuen taulan; era berean, dokumentazioa Nafarroako Gobernu Irekiaren web fitxan argitaratu zen.

Ez da alegaziorik jaso.

Horrekin batera, maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 8. artikulua aplikatuz, kontsulta egin zitzaien erakunde hauei, eta taulan adierazten diren txostenak jaso ziren:

ERAKUNDEA

Zk.

DATA

Ingurumen Eraginaren Atala

5 bis

2023-04-24

Ondare Arkitektonikoaren Atala

1 bis

2023-02-15

Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala

-

-

Zainketa Zerbitzua (Herri Lan eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia)

-

-

Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atala (Abelbideak)

7

2023-02-10

Tuterako Udala

2 bis

2023-02-10

Eólica Navarra SLU

-

-

Eolia Renovable de Inversiones S.C.R. SA

10

2023-03-02

Río Ebro Renovables SL

8

2023-02-14

Opdenergy Holding SA

11

2023-03-02

I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU

9

2023-02-27

Red Eléctrica de España SAU

12

2023-03-08

Txosten horien edukia eta azterketa ebazpen honen II. eranskinean laburbiltzen dira.

Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 9. artikuluaren arabera, aipatutako txostenak Eólica Montes de Cierzo SLUri bidali zitzaizkion.

6.–Ingurumen eraginaren adierazpena eta ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera.

Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 10. artikuluan ezartzen dena aintzat hartuta, 2023ko maiatzaren 5ean, Eólica Montes de Cierzo SLUk Ingurumen Eraginaren Ebaluazio Arrunta hasteko eskatu zuen.

Ondorioz, Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 24an emandako 1019E/2023 Ebazpenaren bidez, ingurumen eraginaren adierazpenean ontzat ematen da "Repotenciación Montes de Cierzo I" parke eolikoaren proiektu aldatua, barne dela haren ebakuazioko azpiegitura, eta jarduera ingurumen ebazpenean jasotako baldintzen arabera garatu behar dela ezarriz.

7.–Lurzoru urbanizaezinean jarduerak eta erabilerak baimentzea.

2022ko irailaren 30ean, Lurraldearen Antolamenduaren Atalak errekerimendua bidali zuen, hartan eskatuz "Ingurumen zuzendari nagusiaren ekainaren 29ko 664E/2022 eta irailaren 9ko 915E/2022 Ebazpenen arabera proiektuari eman beharreko aldaketak zehaztuko dituen dokumentazioa, bereziki ebakuazio linea erabat lur azpian sartzeko jarraituko den marraketari dagokionez". Horren ondorioz, 2023ko urtarrilaren 10ean, Eólica Montes de Cierzo SLUk hirigintza baimena eskuratzeko dokumentu aldatua aurkeztu zuen, aurreproiektu aldatuaren egokitzapen berak jasotzen dituena.

2023ko martxoaren 9an, Lurraldearen Ordenamenduaren Atalak beste errekerimendu bat egin zuen, Canal de Navarra SAk (CANASA) 2023ko martxoaren 6an emandako txostenari lotua. Eólica Montes de Cierzo SLUk erantzuna eman zuen esleitutako epearen barruan, eta adierazi zuen CANASAk bere txostenean azaldutakoa jadanik erantzun zela 2023ko martxoaren 15ean "Repotenciación Montes de Cierzo II" proiektuaren espedientearen baitan aurkeztutako dokumentazioan (1053-6-CE).

Azkenik, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren uztailearen 6ko 281E/2023 Ebazpenaren bidez, lurzoru urbanizaezinean jarduerak eta erabilerak egiteko baimena eman zitzaion proiektuari, ebazpenean bertan zehazten diren zehaztapenak betetzeko baldintza jarrita.

8.–Aurretiazko administrazio baimenaren proposamena.

Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 5. artikuluak xedatzen duena betez, espedientean Eólica Montes de Cierzo SLUren gaitasun tekniko, ekonomiko eta juridikoaren ziurtagiria jaso da.

Halaber, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluak ezartzen duenarekin bat, Eólica Montes de Cierzo SLUk badauka garraio sarearen kudeatzailearen baimena Serna azpiestazioan (220 kV) sartu eta konektatzeko.

Horregatik guztiagatik, aurkeztu den dokumentazioa aztertu ondoren, eta Nafarroako parke eolikoetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko Azpiegitura Energetikoen Atalak, prozedura behar bezala egin dela iritzita, proposatzen du Eólica Montes de Cierzo SLUri aurretiazko administrazio baimena ematea.

Adierazitakoarekin eta espedientean jasotako agiriekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Aurretiazko administrazio baimena ematea Eólica Montes de Cierzo SLUri energia elektrikoa ekoizteko "Repotenciación Montes de Cierzo I" deritzon 31,4 MW-ko instalaziorako eta haren transformazio eta ebakuazio azpiegituretarako, Tuterako udal mugartean. Baimena ematen da Ingurumeneko zuzendari nagusiaren ekainaren 29ko 664E/2022 Ebazpenean eta azaroaren 24ko 1019E/2023 Ebazpenean ezarritako baldintzak betetzearen menpe.

2. Baimen hau emanda ere, instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren kontzesio, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, lortu beharko ditu instalazioaren eskatzaileak, bat etorrita aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin.

3. Ebazpen hau igortzea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuko Ingurumen Ebaluazioaren Atalera, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Basoen Plangintzaren Atalera, Ondare Historikoaren Zerbitzuaren Ondare Arkitektonikoaren Atalera eta Erregistro, Ondasun Higigarri eta Arkeologia Atalera eta Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiko Zainketa Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

5. Ebazpen hau jakinaraztea entitate hauei: Eólica Montes de Cierzo SLU, Gurelur elkartea, Nafarroako Ekologistak Martxan elkartea, Ongaiz-Zangozerriko Ekologistak Martxan elkartea, Saguzarrak Kontserbatzeko eta Aztertzeko Espainiako Elkartea (SECEMU), Eólica Navarra SLU, Eolia Renovable de Inversiones S.C.R. SA, Rio Ebro Renovables SL, Opdenergy Holding SA, Canal de Navarra SA, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU, eta Red Eléctrica de España SAUren Lineak Mantentzeko lanen Departamentura eta Sarerako Sarbidearen Departamentuei; ohartarazten da ebazpenak ez duela agortzen administrazio bidea, eta beronen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariaren aurrean, hilabeteko epean, jakinarazten den egunetik, espediente zenbakia adierazita.

6. Ebazpen hau Tuterako Udalari jakinaraztea, eta aditzera ematea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, ezertan galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2023ko abenduaren 21ean.–Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

I. ERANSKINA.–JASOTAKO ALEGAZIOAK

Jaso diren alegazioen eta txostenen laburpena eta analisia azalduko dira jarraian.

1. alegazioa.–Ana Gurbindo Cizur andrea.

2021eko martxoaren 15eko idazkian, Ana Gurbindo Cizur andreak dio ez dagoela Nafarroaren egoera energetikoaren gaineko azterketarik, eta ingurumen arloko hainbat arrazoirengatik (CO2 isurketa, lur mugimenduak, eremu naturalen gaineko eragina), proiektua gauzatzea "kaltegarria litzatekeela Nafarroako ingurumen eta gizarte balioentzat", eta horregatik eskatzen du hura deuseztatzeko eta "bidean diren mota honetako proiektu guztiak ere geldiarazteko, eta Nafarroan behar dugun eredu energetikoari buruzko gogoeta eta plangintza prozesu egoki bat abian jartzeko". Gainera, proiektuan interesdun gisa onartzeko eta hari buruz emanen den ebazpenaren berri emateko eskatzen du.

Erantzuna:

Proiektua Nafarroako egoera energetikorako egokia izatea dela-eta, proiektuan Sektore elektrikoaren abenduaren 26ko 24/2013 Legeak ezartzen dituen baldintzak eta helburuak betetzen dira, eta bat dator Estatuko sektore elektrikoaren planarekin eta 2030erako Nafarroako Energia Planean sektore horretarako markatutako plangintzarekin.

Gainerako gaiak, ingurumen arlokoak, aintzat hartu eta ebaluatu dira ingurumen eraginaren adierazpenaren esparruan, eta hainbat neurri eskatu dira hor, besteak beste, dauden lerroketetatik kanpo kokatzen ziren aerosorgailuak kentzea, eta ebakuazio linea lur azpitik eramatea.

Interesdun gisa onartzeko eskaerari dagokionez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 4. artikuluan xedatutakoaren arabera, esan beharra dago alegatzaileak ez duela frogatu haren zer eskubide edo interes ukitzen ahal dituen ebazpen honek.

2. alegazioa.–Gurelur elkartearena.

2021eko apirilaren 23ko alegazio bidez, Gurelur elkarteak adierazten du parke eolikoa ez litzatekeela baimendu behar, arrazoi hauek direla-eta:

1. Ezinezkoa da proiektuak aztertu eta alegazioak egitea, espediente asko jarri direlako jendaurrean aldi berean.

2. Potentzia indartzea zatikatuta aurkezten da, hiru proiektu desberdinetan.

3. Irregulartasunak daude ingurumen eraginaren azterketan jasotako alternatiben analisian.

4. Dauden aerosorgailuek eratzen duten lerroketatik kanpo dauden bi aerosorgailu proposatzen dira.

5. Abifaunak eta kiropteroek espazioaz egiten duten erabileraren urteko zikloaren azterketak akatsak ditu.

6. Hegaztien gainean proiektuak duen inpaktuaren ebaluazioak hutsuneak ditu.

7. Dauden parke eolikoen eraispenerako planean hutsuneak daude.

Erantzuna:

Jendaurrean jarritako proiektuen kopuruari dagokionez, esan behar da maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 7. artikuluak hau ezartzen duela: "Aurkeztutako aurreproiektuak jendaurrean jarriko dira ingurumen eraginaren azterketarekin batera, gutxienez ere hogeita hamar egunez". Hogeita hamar eguneko epe horrek hamar egun gehiago ditu urriaren 1eko 39/2015 Legearen 83. artikuluak arau orokor gisa aurreikusten duenak baino. Izan ere, artikulu horrek dioenez, jendaurreko informaziorako iragarkiek alegazioak egiteko epea zehaztu behar dute, "inoiz ez hogei egun baino gutxiagokoa". Bestalde, hogeita hamar eguneko epea da instalazio elektrikoen tramitazioan aplikatu beharreko ohiko epea, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. artikuluaren arabera.

Horrela, espediente honi dagozkion iragarkietan jendaurreko informaziorako ezarritako epea egokia da energia elektrikoa ekoizteko instalazioei aurretiazko administrazio baimena emateko prozeduren konplexutasunerako eta berezitasunetarako, oro har, eta "Repotenciación Montes de Cierzo I" parke eolikoaren proiekturako, zehazki. Gainera, azpimarratu behar da espedienteak bi aldiz bete duela jendaurreko informazioaren prozedura.

Proiektuak zatikatuta aurkezteari dagokionez, potentzia indartzeko hiru proiektuak instalazio independentetzat hartu dira, ondoko parametro hauek ebaluatu ondoren:

–Sustatzailearen ahala. Instalazio elektriko baten diseinua eta definizioa sustatzailearen ahala da, Konstituzioaren 38. artikuluan eta Sektore Elektrikoari buruzko Legearen 2.1. artikuluan jasotako enpresa ekimen askearen babespean. Gogoratu behar da araudi sektorialak araubide substantibo bakarra ezartzen duela energia ekoizteko instalazioak baimentzeko, kasu bakoitzean baimena emateko eskumena duen administrazioa edozein dela ere. Instalazio baten baimena administrazio baten edo bestearen eskumena izateak ez du esan nahi, legez, interes orokorraren edo sektorearen funtzionamenduaren babesa handiagoa edo txikiagoa denik.

–Ingurumen ebaluazioa: Bi proiektuak proiektu independentetzat jotzeak ez du ekarri araubide juridikoa onuragarriagoa izatea ingurumen ebaluazioaren ikuspuntutik. Aitzitik ere, proiektuak aldi berean jarri dira jendaurrean, eta ingurumenean eskumena duen organoak parke eolikoen ingurumen eraginak aztertu ahal izan ditu guztiek batera baliabide naturalen gainean eragiten ahal dituzten inpaktu metatu eta sinergikoak aintzat hartuta, eta ingurumen eraginaren adierazpen bakarra eman du proiektu guztientzat.

–Eskakizun elektromekanikoak eta neurketakoak. Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioa aztertuta, ulertzen ahal da parke eoliko bakoitzak bere helburuak betetzeko behar diren eskakizun elektromekanikoak eta neurketakoak betetzen dituela. Zehazki, bakoitzak baditu bere osagai elektromekanikoak, bai eta neurgailuak ere, eta ekoizpen unitate guztiz autonomoa osatzen du, bere finantziazioa duena, bere mantentze programak dituena, eta gainerako parkeetatik era independentean funtzionatzen ahal duena.

–Azpiestazio elektriko transformatzailea partekatua: parkeen autonomia ez da kaltetzen instalazioak estazio bat eta berarekin lotzeagatik, beste hainbat proiekturekin batera.

Eraispen planari dagokionez, argitu behar da ingurumen eraginaren adierazpenak ebaluatu duela hiru parke eoliko ezartzea han dauden bi parke eolikoren ordez. Beste alde batetik, eraispena deskribatzen duen dokumentazioa espedientean jasoa dago.

Gainerako gaiak, ingurumen arlokoak, aintzat hartu eta ebaluatu dira ingurumen eraginaren adierazpenaren esparruan, eta hainbat neurri eskatu dira hor, besteak beste, dauden lerroketetatik kanpo kokatzen ziren aerosorgailuak kentzea, eta ebakuazio linea lur azpitik eramatea.

3. alegazioa.–Nafarroako Ekologistak Martxan elkartearena.

2021eko apirilaren 23an, Nafarroako Ekologistak Martxan elkarteak alegazio idazkia aurkeztu zuen. Bertan biltzen dira Nafarroako energia egoerari buruzko azterketa orokorra, honelako proiektuen inpaktuaren azalpena eta proposatutako aukerak edo konponbideak: energiaren kontsumoa murriztea, energia efizientzia, autokontsumoa, erregai fosilen ordez energia berriztagarriak erabiltzea, egungo parkeen potentzia handitzea, aurrekoen "osagarri" gisa, Ingurumen Erantzukizunari buruzko Legea aldatzea.

Gainera, alegazioaren puntu batean "Repotenciación del Montes de Cierzo I" parke eolikoaren inguruneko ingurumen balioak eta parkearen ingurumen inpaktua aztertzen ditu, hainbat aldiz azpimarratuz beharrezkoa dela ebakuazio linea osorik sartzea lur azpian, eta beraz, "Nafarroako ingurumen eta gizarte balioentzat kaltegarria" litzatekeela, eta eskatzen du proiektua deuseztatzeko eta "bidean diren mota honetako proiektu guztiak ere geldiarazteko, eta Nafarroan behar dugun eredu energetikoari buruzko gogoeta eta plangintza egokia egiteko prozesu bat abian jartzeko".

Azkenik, proiektuan interesdun gisa onartzeko eta hari buruz emanen den ebazpenaren berri emateko eskatzen du.

Erantzuna:

Proiektua Nafarroako egoera energetikorako egokia izatea dela-eta, proiektuan Sektore elektrikoaren abenduaren 26ko 24/2013 Legeak ezartzen dituen baldintzak eta helburuak betetzen dira, eta bat dator Estatuko sektore elektrikoaren planarekin eta 2030erako Nafarroako Energia Planean sektore horretarako markatutako plangintzarekin.

Gainerako gaiak, ingurumen arlokoak, aintzat hartu eta ebaluatu dira ingurumen eraginaren adierazpenaren esparruan, eta hainbat neurri eskatu dira hor, besteak beste, dauden lerroketetatik kanpo kokatzen ziren aerosorgailuak kentzea, eta ebakuazio linea lur azpitik eramatea.

Azkenik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 4. artikuluan xedatutakoaren arabera, interes ekonomiko eta sozialen ordezkari diren elkarte eta erakundeak interes kolektibo legitimoen titular izanen dira, legeak onartzen dituen baldintzetan.

4. alegazioa.–Zangozerriko Ongaiz-Ekologistak Martxan elkartearena.

2021eko apirilaren 23an, Zangozerriko Ongaiz-Ekologistak Martxan elkarteak alegazio idazkia aurkeztu zuen, Nafarroako Ekologistak Martxan elkarteak aurkeztutako berbera (3. alegazioa).

Erantzuna:

Nafarroako Ekologistak Martxan elkarteari emandako erantzunaren ildo berean erantzuten zaio.

5. alegazioa, Saguzarrak Kontserbatzeko eta Aztertzeko Espainiako Elkartea (SECEMU).

2021eko apirilaren 23an aurkeztutako idazkian, Saguzarrak Kontserbatzeko eta Aztertzeko Espainiako Elkarteak (SECEMU) parke eolikoetan izaten den saguzarren hilkortasunari buruzko azalpen orokor batzuk ematen ditu eta ingurumen eraginaren azterketetan saguzarrei dagokienez kontuan hartu behar diren helburuak eta protokoloak zehazten ditu.

Orain aztergai den proiektuari buruz, ingurumen eraginaren azterketak agertzen dituen akatsak zehazten ditu, kiropteroen gaineko inpaktua aipatuz eta "IEA honek, oro har, parke eolikoak hegaztien eta kiropteroen gainean duen inpaktuari dagokionez erakusten duen balantze desorekatua" azpimarratuz.

Erantzuna:

Ingurumenaren arloko alegazioak ebaluatu eta aintzat hartu dira ingurumen eraginaren adierazpenean, eta bertan ezartzen diren neurrien artean, eskatzen da orain dauden lerroketetatik kanpo geratzen diren aerosorgailuak kentzea, eta energia ebakuatzeko azpiegitura lurpean ezartzea.

II. ERANSKINA.–JASOTAKO TXOSTENAK

Jasotako txostenen laburpena eta analisia azalduko dira jarraian.

1. eta 1. bis txostena.–Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atala.

2021eko martxoaren 9ko eta 2023ko otsailaren 15eko txostenetan, Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atalak jakinarazi du "ez dagoela ukipenik" Atal horri dagokionez.

2. eta 2 bis txostenak.–Tuterako Udala.

2021eko martxoaren 23an, Tuterako Udalak jakinarazi zuen "proiektua kokatu nahi den partzelak Tuterako Udalaren herri lurretakoak direla. Beraz, haren baimena izapidetu beharko da".

Bestalde, 2023ko otsailaren 10ean kontsulten bigarren izapidearen baitan emandako txostenaren bidez, Tuterako Udalaren Hirigintza Arloak ukitutako lurren hirigintza sailkapena egin eta adierazi zuen "azpiegiturak ahal den inpakturik txikiena eragin behar duela ukitutako nekazaritza ustiategietan (Udalaren herri lurrak) eta dauden azpiegituren gainean, eta oinezkoen eta ibilgailuen segurtasuna bermatu behar duela, obrak egiten diren bitartean".

Erantzuna:

Sustatzaileak adierazi du ados dagoela txostenekin.

3. txostena.–Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia.

2021eko apirilaren 14an emandako txostenean, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiko Zainketa Zerbitzuko Ustiapen Atalak zehaztu zituen Foru Komunitatearen intereseko NA-160 errepideko 5+630 kilometro puntuaren eskuinaldean dagoen sarbidea egokitzeko lanetan kontuan hartu beharko diren baldintzatzaileak, eta sustatzaileari gogorarazi zion ezen, lanak egin aurretik, aipatu Zuzendaritza Nagusiaren baimena behar duela.

Erantzuna:

Sustatzaileak txostenarekiko adostasuna azaldu du, eta berretsi du han ezarritako baldintzak beteko dituela.

4. txostena.–Lurraldearen Antolamenduaren Atala.

Lurraldearen Antolamenduaren Atalak 2021eko apirilaren 28an txostena eman zuen, 0003-OT12-2021-000076, 0003-OT12-2021-000077 eta 0003-OT12-2021-000078 espedienteei buruz.

5. eta 5 bis txostenak.–Ingurumen Eraginaren Atala.

Ingurumen Eraginaren Atalak txostenak eman zituen 2021eko uztailaren 27an eta 2023ko apirilaren 24an, hurrenez hurren 0003-0226-2021-000022 espedienterako eta 0003-0226-2023-000001 espedienterako.

6. txostena.–Ondare Historikoaren Zerbitzuko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala.

2021eko abenduaren 13an, Ondare Historikoaren Zerbitzuko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak jakinarazi zuen "proiektuak ez duela ukitzen katalogatutako aztarnategi arkeologiko bat ere", eta, hortaz, aldeko txostena eman zuen.

7. txostena.–Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atala.

Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak, 2023ko otsailaren 10eko txosten bidez, ezarri zuen "parke eolikorako sarbidean gurutzaketak egotea saihestezina dela, eta aldeko irizpidea ematen da"; jarraian, abelbideetan ukipenak minimizatzeko kontuan hartu beharreko baldintzatzaileak definitzen ziren txostenean.

Erantzuna:

Sustatzaileak txostenarekiko adostasuna azaldu du, eta berretsi du han ezarritako baldintzak beteko dituela.

8. txostena–Río Ebro Renovables, SL.

2023ko otsailaren 14an, Río Ebro Renovables SL enpresak jakinarazi zuen "antza, nahikoa distantzia dagoela" bere jabetzako instalazio elektrikoekiko ukipenari dagokionez, eta, nolanahi ere, baldintza tekniko zehatzak ezarri zituen.

Erantzuna:

Sustatzaileak Río Ebro Renovables SLren txostenarekin bat datorrela adierazi du, eta aurreikusitako ukipenaren planoa erantsi du; enpresa horretara helarazi da.

9. txostena.–I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SA.

2023ko otsailaren 27ko txostenean, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUk, bere jabetzako azpiegituren gaineko ukipenak zehazki aztertu ondoren, "baimena eman du" proiektatutako lanak aurrera eramateko.

10. txostena–Eolia Renovable de Inversiones SA eta Sistemas Energéticos El Valle SLU.

2023ko martxoaren 2ko txosten bidez, Eolia Renovable de Inversiones SAk, El Valle-Valdenavarro deritzon parke eolikoaren eta berorren ebakuazio azpiegituren titular den El Valle SLUren bazkide bakarrak, bere jabetzako azpiegituren gaineko ukipenak ebaluatzeko aukera emanen duten ezaugarri tekniko zehatzak jasotzen dituen separata eskatu zuen.

Erantzuna:

Sustatzaileak jakinarazten du ezen, eraikitzeko administrazio baimenaren eskaerarekin batera, eskatutako zehaztasun maila jasotzen duen separata ere aurkeztuko duela, eta, nolanahi ere, aplika daitekeen araudian eskatzen diren baldintza eta betekizunak beteko dituela.

11. txostena.–Opdenergy Holding, SA.

Planta Solar OPDE 40 SLk, 2023ko martxoaren 2ko idazkian, "adostasuna adierazten du" proiektuaren ebakuazio linea eta LSAT 220 kV "SET Sangorrín - SET La Serna Promotores" linea zanga baten bidez gurutzatzearekin, proiektuan jasotzen den bezala, tramitatzen ari dena, betiere betetzen bada txostenean ezarritakoa eta otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretuan ezarritakoa, haren bidez onesten baitira goi tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoak eta segurtasun bermeak, eta zehazki, ITC-LAT 06 instrukzioaren 5.2.3 apartatuan ezarritakoa.

Erantzuna:

Sustatzaileak adierazi du proiektuaren ebakuazio linea eta txostena eman duen enpresaren jabegoko edozein linea gurutzatzeko jarduketak eginen direla aipatutako arau hori betez.

12. txostena.–Red Eléctrica de España SAU.

2023ko martxoaren 28ko txosten bidez, Red Eléctrica de España SAUren Lineak mantentzeko lanen Departamentuak jakinarazi zuen "ez duela eragozpenik" "Repotenciación Montes de Cierzo I" parke eolikoa osatzen duten azpiegiturei buruz, eta dagozkion baldintzak ezartzen ditu.

Erantzuna:

Sustatzaileak txostenarekiko adostasuna azaldu du, eta berretsi du han ezarritako baldintzak beteko dituela.

Iragarkiaren kodea: F2318310