169. ALDIZKARIA - 2024ko abuztuaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

213E/2024 EBAZPENA, uztailaren 22koa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita deialdi hau eta zuzenduko dituen oinarriak: "Pirinioetako Planaren lurralde eremuan inskribatutako toki erakundeentzako dirulaguntzak, etxebizitza eta enplegua lotzen dituzten, biztanleriaren finkapena eta inguruko lurralde garapena sustatzen dituzten eta bizitzeko eta lan egiteko espazio baten sorrera bultzatzen duten proiektuen ziozko inbertsioetarako". DDBN identifikazioa: 776244.

Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa onesten duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuan ezarri zen Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren misioa dela despopulazioaren kontrako borrokaren estrategiarekin lotuta dauden neurriak, erronka demografikoari aurre egitekoak eta lurralde egituraketaren aldekoak aztertu, koordinatu, proposatu eta izapidetzea.

2023ko apirilaren 26ko Gobernuaren Erabakiaren bidez, Nafarroako Despopulazioaren aurka Borrokatzeko Estrategia onetsi zen, Nafarroako Foru Komunitatearen zeharkako plangintza publikorako tresna izan zedin. Bertan, gobernu-ekintza bateratua sustatzen da, Nafarroan despopulatzen ari diren eskualdeetako biztanleria mantentzeko eta biziberritzeko behar diren gizarte, ekonomia eta lurralde baldintzak ezartzeari begira.

2017ko maiatzean eratu zen "Pirinioetako Mahaia", eskualde horretako toki erakundeek (Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legean jaso bezala) eta Artzibarko eta Orotz-Beteluko udalerriek osatua; mahai horren antolakuntzan tokia dute, halaber, inguru horietako erakunde sozialek eta herritarrek. Mahai horretatik sortu zen Pirinioetako egoerari buruzko ponentzia bat eratzeko proposamena, zeina begi onez hartu baitzuen Foru Parlamentuak.

Parlamentuko Ponentziak egindako txostenean jasota daude Nafarroako Pirinioaldeko diagnostikoaren elementu kritikoak: biztanle gutxi eta sakabanatuak, populazio zahartua eta gehienbat gizonezkoek osatua, dinamika demografiko negatiboa, oinarrizko zerbitzuen gutxitzea, mugikortasunerako oztopoak, azpiegitura aurreratuen falta, egun dauden jarduera ekonomikoetan aritzeko enplegu falta eta belaunaldi berririk eza, etxebizitza lortzeko zailtasunak... Horren aurrean, aldiz, bizimolde berriak ditugu, hirikoa eta landakoa parekatzen dituztenak, landa eremuari sustatu beharreko balioa ematen dion ikuspegia agertzen hasi da, bertako ondare eta ingurumen aberastasuna, jarduera sektore berriak eta herritar taldeen bizitasuna ere hor daude... Horiek guztiak Pirinioetako Lurralde Garapen Jasangarriaren pizgarri izaten ahal diren aukerak dira.

Parlamentuak emandako gomendioetako bat "Pirinioetako Plan Estrategikoa egin eta inplementatzea" da.

Parlamentuaren gomendio horiek aplikatuz, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak, hasita zeuden neurriei jarraipena emanez, zenbait ekimen gauzatu ditu Pirinioetako Plana inplementatzeko, ekintzei nahiz antolaketari dagokienez Pirinioetako Mahaiaren jarraibideetan eta erakunde kualifikatuekiko elkarlanean oinarritu den estrategia bat erabiliz.

Lurralde Kohesiorako Departamentuak Pirinioetako Planari dagozkion ekimenetan duen interes publikoaren erakusgarri, Nafarroako Lurralde Estrategiara jotzea besterik ez dago (Nafarroako Parlamentuak 2005eko uztailaren 4an onetsia). Bertan, Pirinioetako eremuak presentzia espezifikoa eta nabarmena du, bai Nafarroako Lurralde Ereduaren definizioan (3.3.7 kapitulua, "Pirinioak eta beste landa eremu eta naturagune batzuk") bai lurraldeko kultura berri baterako estrategian (4.5.2 kapitulua, "Pirinioak").

Aurrekontuen eta Programazio Ekonomikoaren Zerbitzuak urte anitzeko (2024-2025) gastu-konpromisoa balidatu zuen 2024ko maiatzaren 31n: 982.593,00 eurokoa. Urteka honela banakatuta:

–482.593,00 euro 2024ko ekitaldiko gastuen aurrekontuaren "Pirinioetan bizitzeko eta lan egiteko espazioak sortzeko dirulaguntzak" izeneko 210002 21400 7609 922102 partidaren kargura.

–500.000,00 euro 2025eko ekitaldiko gastuen aurrekontuaren "Pirinioetan bizitzeko eta lan egiteko espazioak sortzeko dirulaguntzak" izeneko 210002 21400 7609 922102 partida baliokidearen kargura, baldin eta kreditu egoki eta nahikorik badago.

Toki Azpiegituren Zerbitzuak egindako txostena aztertu da. Beraz, azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuarekin bat, zeinaren bidez Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa onesten den,

EBAZTEN DUT:

1. "Pirinioetako Planaren lurralde eremuan inskribatutako toki erakundeentzako dirulaguntzak, etxebizitza eta enplegua lotzen dituzten, biztanleriaren finkapena eta inguruko lurralde garapena sustatzen dituzten eta bizitzeko eta lan egiteko espazio baten sorrera bultzatzen duten proiektuen ziozko inbertsioetarako" deialdia onartzea 2024 eta 2025 urteetarako.

2. Onestea dirulaguntza arautuko duten oinarriak. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. 982.593,00 euroko urte anitzeko gastua baimentzea, aurrekontuaren partida hauen kargura:

–482.593,00 euro 2024ko ekitaldiko gastuen aurrekontuaren "Pirinioetan bizitzeko eta lan egiteko espazioak sortzeko dirulaguntzak" izeneko 210002 21400 7609 922102 partidaren kargura.

–500.000,00 euro 2025eko ekitaldiko aurrekontuaren "Pirinioetan bizitzeko eta lan egiteko espazioak sortzeko dirulaguntzak" izeneko 210002 21400 7609 922102 partida baliokidearen kargura.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau Plangintzaren eta Azterlan Ekonomikoen Atalari eta Toki Azpiegituren Zerbitzuari igortzea.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2024ko uztailaren 22an.–Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, Jesús María Rodríguez Gómez.

PIRINIOETAKO PLANAREN LURRALDE EREMUAN INSKRIBATUTAKO TOKI ERAKUNDEENTZAKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA ARAUTZEN DUTEN OINARRIAK, ETXEBIZITZA ETA ENPLEGUA LOTZEN DITUZTEN, BIZTANLERIAREN FINKAPENA ETA INGURUKO LURRALDE GARAPENA SUSTATZEN DITUZTEN ETA BIZITZEKO ETA LAN EGITEKO ESPAZIO BATEN SORRERA BULTZATZEN DUTEN PROIEKTUEN ZIOZKO INBERTSIOETARAKO

1. Xedea eta helburua.

Pirinioetako Planak jatorria du lurralde hartan sortu eta Nafarroako Parlamentuak babestu zuen ekimen batean, eta haren xedea da eremuari eragiten dioten zenbait elementu kritiko indargabetzea, honakoak alegia: biztanle gutxi eta sakabanatuak, populazio zahartua eta gehienbat gizonezkoek osatua, dinamika demografiko negatiboa, oinarrizko zerbitzuen gutxitzea, mugikortasunerako oztopoak, azpiegitura aurreratuen falta, egun dauden jarduera ekonomikoetan aritzeko enplegu falta eta belaunaldi berririk eza, eta etxebizitza lortzeko zailtasunak. Plana lehenetsitako eta gaika antolatutako proposamenetan egituratzen da: turismo jasangarria, hurbileko merkataritza eta zerbitzuak; industriak, ekintzailetza berdea eta LGJ (Lurralde Garapen Jasangarria); abeltzaintza, nekazaritza eta basogintza; etxebizitza, garraioa eta azpiegiturak.

Aipatutako Plana garatzeko ezinbestekoa da espazioak daudela bermatzea (lokalak, etxebizitzak), biztanleria inguru horretan finkatu ahal izateko. Hala, eta oinarrizko zerbitzuen eta jarduera ekonomikoen garapena eta finkapena sustatzen duten neurrien bidez, despopulazioaren ondorioak arindu, edo, are leheneratzen ahalko dira.

Horrenbestez, deialdi honen bidez Pirinioetako lurralde eremuan dauden toki erakundeen inbertsioak babestu nahi dira, beren udalerrietako lan espazioekin lotutako espazio, lokal, etxebizitza eraikin edo etxebizitza indibidualetan, eta, era berean, honako helburu hauetan aurreratu nahi da: kalitate handiko zerbitzu publiko eta azpiegituren sarbide unibertsala; landa erkidegoen berpizkundea; enplegu aukera berrien sorrera; landa inguruen bultzada; gizarteratzearen eta genero berdintasunaren sustapena; klima aldaketaren ondorioen arintzea eta bizitza profesionalaren eta pribatuaren arteko oreka, Pirinioetako Planaren helburuak lortzen laguntzeko.

Horretarako, etxebizitza eta enplegua lotzen dituzten eta inguruaren lurralde garapena eta biztanleriaren finkapena sustatzen dituzten inbertsioak babestuko dira, honako lerro hauetan:

–A lerroa: etxebizitza eta lana higiezin berean.

Espazioak, lokalak, etxebizitza eraikinak edo etxebizitza indibidualak erosi edo/eta birgaitzea, alokairu araubidean ohiko etxebizitza iraunkor moduan eta lantoki komun moduan erabiltzeko:

  • A.1: Coliving, hau da, jarduera profesional bati lotutako espazio komunitariok dituzten etxebizitza osagarrien multzoa.
  • A.2: Etxebizitza indibiduala, jarduera profesional bat garatzen den higiezinaren barruan.

–B lerroa: etxebizitza eta lana hainbat higiezinetan.

Etxebizitza eraikinak edo etxebizitza indibidualak erosi edo/eta birgaitzea, alokairu araubidean ohiko etxebizitza iraunkor moduan erabil ditzaten Pirinioetako Planaren lurralde eremuaren barruko beste eraikin batean bizi diren eta coworking erako lantokia (hots, lan espazio kolaboratiboa) partekatzen duten pertsonek.

–C lerroa: etxebizitza eta lana zerbitzu publikoetan.

Errentamendurako erabilitako etxebizitza eraikinak edo etxebizitza indibidualak erosi edo/eta birgaitzea, sektore publikoko langileek ohiko etxebizitza iraunkor gisa erabiltzeko (halakotzat joko dira Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 2. artikuluan sartzen diren erakundeak), baldin eta zerbitzu bat ematen badute Pirinioetako Planaren lurralde eremuan.

–D lerroa: etxebizitza eta lana sektore pribatuan.

Errentamendurako erabilitako etxebizitza eraikinak edo etxebizitza indibidualak erosi edo/eta birgaitzea, Pirinioetako Planaren lurralde eremuan lan egiten duten sektore pribatuko profesionalen ohiko etxebizitza iraunkor gisa alokatzeko.

Toki erakunde onuradunek horretarako sinatzen dituzten alokairu kontratuen errentaren prezioa ez da izaten ahalko, inola ere, urte bakoitzerako etxebizitza babestuen errentarako ezarritako gehieneko prezioa baino handiagoa, Nafarroan Etxebizitza izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 10. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2. Entitate onuradunak.

Deialdi honetan eskaera egiten ahalko dute uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 3. artikuluan zehazten diren toki erakundeek, egoitza Pirinioetako Planaren lurralde eremuan dutenek.

Pirinioetako Planaren lurralde eremua osatzen dute Pirinioetako Eskualdeak (Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legearen I. eranskinean zehazten denak), eta Artzibarko eta Orotz-Beteluko udal-mugarteek, baita ondoren Pirinioetako Planean sar litezkeen guztiek ere.

Entitate onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen babesean eratuak izatea.

–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako debeku egoeretako batean ere ez egotea.

3. Aurrekontuko zuzkidura.

Deialdi honetarako aurreikusitako diru-zuzkidura 982.593 eurokoa da, eta 2024ko ekitaldian (482.593 euro) eta 2025eko ekitaldian (500.000 euro) ordainduko da. Gastua egotziko zaio 2024ko ekitaldiko aurrekontuaren "Pirinioetan bizitzeko eta lan egiteko espazioak sortzeko dirulaguntzak" izeneko 210002 21400 7609 922102 partidari, eta 2025eko ekitaldiko aurrekontuan partida horren baliokide gisa gaitzen diren partidari.

4. Inbertsio finantzagarriak eta gastu diruz lagungarria.

4.1. Inbertsio guztiak izan behar dira etxebizitza eta enplegua lotzen dituzten eta 1. oinarrian aipatzen diren helburuak betetzen laguntzen duten ekimenetarako.

4.2. Gastu diruz lagungarriak:

Dirulaguntzen bidez finantzatuko dira, bakarrik, diruz lagundutako inbertsioaren izaerarekin bat datozen eta 12. oinarrian ezarritako epean egiten diren gastuak. Zehazki, honako gastu kontzeptu hauek diruz lagunduko dira, betiere merkatuko balioetara egokitzen badira:

a) Ekintzak egiteko beharrezkoak diren obrak gauzatzeko gastuak, materialak, makineria, erakunde(eta)tik kanpoko laguntza teknikoaren ordainsariak eta obraren kartela.

b) Diruz lagundutako ekintzetarako aurreikusitako erabilerak gauzatu ahal izateko ekipamenduak erosteko gastuak.

c) Tributuak gastu diruz lagungarriak dira dirulaguntzaren onuradunak benetan ordaintzen dituenean. Inola ere ez dira gastu diruz lagungarritzat joko berreskuratzen edo konpentsatzen ahal diren zeharkako zergak.

d) Ondasun higiezinak erosiz gero, eskuratzearen kostua, notario-gastuak, erregistrokoak, tasaziokoak, gestoriakoak eta antzekoak, baldin eta gastu horiek diruz lagundutako ekintzarekin zuzenean lotuta badaude eta ekintza behar bezala prestatzeko edo gauzatzeko ezinbestekoak badira.

Honako hauek ez dira diruz lagungarriak:

a) Norberaren kabuz egindako jarduketen laneskuaren kostuak.

b) Banku kontuetako interes zordunak.

c) Interesak, errekarguak eta zehapen administratiboak eta penalak.

d) Prozedura judizialen gastuak.

e) Erakunde(ar)en beraren publizitatearekin edo sustapenarekin lotutako gastuak, obraren kartelak izan ezik.

Oinarri hauetan aurreikusitako ondorioetarako, %100 arte azpikontratatu daiteke, alegia, beste batzuekin hitzar daiteke dirulaguntzaren xede den inbertsioa gauzatzea, hein batean edo guztiz. Azpikontratazio hori 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoaren arabera eginen da.

5. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Dirulaguntzaren zenbatekoa aurkeztutako aurrekontuko gastu diruz lagungarrien %90 izanen da, eta gehienez 250.000 eurokoa toki erakunde bakoitzeko eta ekitaldi bakoitzeko.

6. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

6.1. Toki erakunde bakoitzak eskaera bat baino gehiago aurkez dezake deialdi honetan.

6.2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira, dirulaguntza kudeatzen duen unitate administratiboari zuzenduta, Nafarroako Gobernuaren Atariko Tramiteen Katalogoko loturaren bitartez (www.nafarroa.eus), hilabeteko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik. Dokumentazioa pdf formatuan aurkeztuko da, dokumentu bereizietan, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela. Ziurtagiriak eta erantzukizunpeko adierazpenak ziurtagiri digitalarekin sinatu beharko dira.

Dirulaguntzen deialdi honi dagozkion komunikazioak entitate interesdunaren gaitutako helbide elektroniko bakarraren (GEHb) bitartez eginen dira. Interesdunak Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikoen prozeduran harpidetua egon beharko du.

6.3. Baldin aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo akatsak baditu, toki erakundeari errekerituko zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan 10 egun balioduneko epean; halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako moduan eginen da zuzentzeko errekerimendua.

6.4. Dirulaguntza eskatzen duten toki erakundeek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Eskaera egiteko inprimakia, behar bezala betea, I. eranskinaren arabera. Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan eskuratzen ahalko da, laguntzen fitxan. Helbide elektroniko bat adierazi beharko da, Administrazioarekiko harremanetarako lehenetsitako bide gisa.

b) Jarduera deskribatzeko proiektua, deialdiaren 7. oinarrian ezarritako edukiarekin. Atal hauek jasoko dira:

1.–Proiektuaren justifikazioa eta deskribapena.

2.–Erositako edo/eta birgaitutako espazio edo etxebizitzen kopurua eta haiei lotutako lanpostuen kopurua.

3.–Memoria ekonomikoa edo aurrekontu erabilgarria.

4.–Proiektuaren garapen maila.

5.–Onuradunak.

6.–Proiektuaren ingurumen, jasangarritasun eta eramangarritasun irizpideak.

7.–Udalerriko biztanleen edo taldeen parte-hartzea.

c) Erantzukizunpeko adierazpena, erakundearen ordezkaritza duenak II. eranskineko ereduaren arabera emana, honako hau adierazten duena:

1.–Elkarteak edo entitateak ez daukala ezarrita dirulaguntzen onuradun izateko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan adierazitako debekuetako bat bera ere.

2.–Erakunde eskatzaileak ez du galdu dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera zigor edo administrazio arloko zehapen baten ondorioz, eta horretarako desgaikuntza ekartzen duen legezko debekurik ez du jaso.

3.–Erositako edo/eta birgaitutako higiezina deialdi honetan aipatutako xedeetara bideratzeko konpromisoa, gutxienez 7 urtez. Epe hori laburragoa izaten ahalko da gerora sortutako inguruabarrak gertatzen badira. Horretarako, aurretik Toki Azpiegituren Zerbitzuari jakinarazi behar zaio eta Nafarroako Gobernuak baimena eman behar du, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.5.b) artikuluan ezarritakoaren arabera.

d) Toki erakundearen Idazkaritzako titularraren ziurtagiria, jasandako BEZaren kenkariari buruzko III. eranskineko ereduaren araberakoa.

e) Erosteko:

a. Eskuraketaren zenbatespen ekonomikoa, tasazio, notario eta erregistro gastuak barne.

b. Udal idazkariaren txostena, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 108. artikulua betetzen dela justifikatzeko.

c. Higiezinaren partzela-zedula eta jabearen identifikazioa.

f) Birgaitzeko:

a. Birgaitze obra egin nahi den espazioaren, lokalaren, etxebizitza eraikinaren edo etxebizitza indibidualen jabetza egiaztatzen duen agiria, edo alokairu kontratua edo beste edozein titulu, dirulaguntzaren onuradun den toki erakundeak birgaitu beharreko higiezinak dirulaguntzaren xederako gutxienez 7 urtez erabiliko dituela egiaztatzen duena.

b. Proiektua, aurreproiektua edo memoria tekniko baloratua eta agiri grafikoduna, non zenbatekoa agertuko baita, honako hauek barne: proiektu kostuak, segurtasun azterlana, obra zuzendaritza, segurtasunaren koordinazioa eta dirulaguntza jaso dezaketen gainerako gastuak:

7. Hautatzeko eta baloratzeko irizpideak.

Erosketak edo/eta birgaitzeak diruz lagunduko dira, deialdira aurkezten den inbertsio proiektuari dagokionez eskuratu dituzten balorazio irizpideen arabera lortutako puntuazioari jarraikiz:

IRIZPIDEAK

GEHIENEKO
PUNTUAZIOA
100 puntu

1. DIRULAGUNTZA LERROAK

40 PUNTU

–A lerroa: etxebizitza eta lana higiezin berean:

A.1. Coliving erakoa: 40 puntu.

A.2. Etxebizitza indibiduala, higiezinean garatzen den jarduera profesionalari lotua: 30 puntu.

–B lerroa: etxebizitza eta lana higiezin desberdinetan, coworking eran: 30 puntu.

–C lerroa: etxebizitza eta zerbitzu publikoa: 20 puntu.

–D lerroa: etxebizitza eta sektore pribatua: 10 puntu.

2. PROIEKTUA

60 PUNTU

2.1. Proiektuaren justifikazioa eta deskribapena.

Besteak beste, honako alderdi hauek baloratuko dira: inbertsioa gauzatzeko beharra eta proiektuaren deskribapena, inbertsioa erosteko edo birgaitzeko den adieraziz.

10 puntu

2.2. Erositako edo/eta birgaitutako espazio edo etxebizitzen kopurua eta haiei lotutako lanpostuen kopurua.

Erositako eta/edo birgaitutako etxebizitza edo espazio gehien biltzen dituzten proiektuak baloratuko dira, bai eta lanpostu kopuru handiena, erositako eta/edo birgaitutako espazioen azalera handiena eta aurreko bi alderdiekiko proportzioa lotzen dituzten proiektuak ere. Horrez gain, kontuan izanen da tokiko ekonomiaren gaineko eragina, bai exekuzioan, bai ondoren; eraikuntza materialak, hornidura, udalerriko langileak, profesionalen erakarpena, udalerriaren finkapena, eta abar.

10 puntu

2.3. Memoria ekonomikoa eta aurrekontu erabilgarria:

Alderdi hauek hartuko dira kontuan: kostuen taula, egutegia, arlo teknikoari eta aurrekontuei dagokienez, proiektuaren kudeaketa- eta bideragarritasun-plana edo antzekoak.

10 puntu

2.4. Proiektuaren garapen maila:

Eskaera aurkezten den egunean proiektuak duen garapen maila baloratuko da; besteak beste, kontuan hartuko dira deialdi honen aurreko edizioetan hasi eta amaitu gabe dauden proiektuak edo horien garapen-fasea, alderdi hauei dagokienez: higiezinen prestutasuna, memoria baloratua, obra proiektua, aurretiazko azterlanak, hasitako obrak, proiektuaren inguruko lan kolaboratiboko ekimenen garapen maila eta abar.

20 puntu

2.5. Onuradunak.

Besteak beste, etxebizitzak gazteen (16 eta 30 urte bitartekoak) eta/edo emakume langabeen, lan-merkatuan sartzen direnen, ohiko bizileku iraunkor izateko konpromisoa baloratuko da, baita etxebizitzetan bizi litezkeen familia-unitateetako kideen kopurua eta horien azalerarekiko erlazioa ere.

6 puntu

2.6. Proiektuaren ingurumen, jasangarritasun eta eramangarritasun irizpideak.

Baloratu eginen dira proiektua beste herri batzuetara eramateko edo transferitzeko aukera, proiektuaren jasangarritasun-maila (ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa), efizientzia energetikoa, bioeraikuntza edo antzeko irizpideak.

2 puntu

2.7. Udalerriko biztanleen edo taldeen parte-hartzea.

Proiektuaren faseetan baloratuko direnak: beharrak hautematean, proiektuaren diseinuan, proiektuaren garapenean edo obrak gauzatzean autoeraikuntzako proiektuen bidez, azpiegituraren kudeaketan... Tokiko boluntariotza ekintzak ere baloratuko dira, hala nola lankidetza, belaunaldien arteko parte-hartzea edo zenbait kolektiboren gizarteratzea.

2 puntu

Eskaeraren xedeko proiektu bakoitzari emanen zaion puntuazioa, guztira, aurreko irizpideak aplikatuz lortutako puntuen batura izanen da.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak 14.1 artikuluaren f) letran xedatutakoa betetzeari dagokionez, deialdiaren bidez Pirinioetako lurralde eremuan dauden toki erakundeen inbertsioak babestu nahi dira, beren udalerrietako lan espazioekin lotutako espazio, lokal, etxebizitza eraikin edo etxebizitza indibidualetan. Era berean, honako helburu zehatz hauetan aurreratu nahi da: enplegu aukera berrien sorrera; landa inguruen bultzada; gizarteratzearen eta genero berdintasunaren sustapena eta bizitza profesionalaren eta pribatuaren arteko orekaren bilaketa, Pirinioetako Planaren helburuak lortzen laguntzeko. Beraz, taulan jasotako balorazio-irizpide ia guztiak irizpide sozialak dira. Laburbilduz, betebehar hauek:

1.–Diruz lagun daitezkeen lerroak.

–A lerroa: etxebizitza eta lana higiezin berean:

A.1. Coliving erakoa.

A.2. Etxebizitza indibiduala, higiezinean garatzen den jarduera profesionalari lotua:

–B lerroa: etxebizitza eta lana higiezin desberdinetan, coworking eran:

–C lerroa: etxebizitza eta zerbitzu publikoa.

–D lerroa: etxebizitza eta sektore pribatua.

2.–Proiektua.

2.2. Erositako edo/eta birgaitutako espazio edo etxebizitzen kopurua eta haiei lotutako lanpostuen kopurua.

2.5. Onuradunak

2.6. Proiektuaren ingurumen, jasangarritasun eta eramangarritasun irizpideak.

2.7. Udalerriko biztanleen edo taldeen parte-hartzea.

8. Dirulaguntzak emateko eta eskaeren baloratzeko prozedura.

8.1. Dirulaguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Toki Azpiegituren Zerbitzuari dagokio, eta norgehiagoka araubidean izapidetuko da.

8.2. Eskaerak 7. oinarrian adierazitako irizpideen arabera baloratuko dira, eta horretarako nahitaezkoa izanen da Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzuaren txosten loteslea. Halaber, instrukzio organoak egoki iruditzen zaizkion jarduketak egin ditzake, ebazpen proposamenaren oinarri izanen diren datuak zehazteko, ezagutzeko eta egiaztatzeko.

8.3. Eskaerak lortutako puntuazio hurrenkeraren arabera ordenatuko dira, 7. oinarriko balorazio irizpideei jarraikiz. Funtsak ordena horretan banatuko dira ekitaldi bakoitzeko aurrekontuko partida ahitu arte. Erabilgarri dauden funtsak eskaera bati legokiokeen dirulaguntza guztia estaltzeko adinakoak ez badira, partidan gelditzen den diru kopurua esleituko zaio, partida agortu arte.

8.4. Berdinketa gertatuz gero, lehentasuna emanen zaie deialdiaren 7. oinarriko 1. atalean puntuazio handiena lortu dutenei. Berdinduta segitzen badute, lehentasuna emanen zaie 2.4 atalean puntuazio handiena lortu duten proiektuei; gero, 2.3 atalean puntuazio handiena dutenei; ondoren, 2.2 atalean puntuazio handiena dutenei eta, azkenik, 2.1 atalean puntuazio handiena dutenei. Hala ere berdinduta jarraitzen badute, erregistro elektronikoan sartzean ezarritako ordenaren arabera emanen zaie lehentasuna proiektuei.

8.5. Urte bakoitzean erabilgarri dagoena agortzeko, Toki Azpiegituren Zerbitzuak eskatutako proiektua birprogramatzen ahalko du, irizpide tekniko eta ekonomikoen arabera.

8.6. Edonola ere, toki erakunde bat onuradun izan dadin, ezinbestekoa da eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa proiektuaren exekuzio kostuaren %15 baino handiagoa izatea, salbu eta berariaz ziurtatu eta egiaztatzen bada era berean beste laguntza edo dirulaguntza batzuk jaso dituela, eta, guztira, proiektuaren exekuzio kostuaren gutxienez %50 ordezkatzen dutela.

9. Dirulaguntzak emateko ebazpena.

9.1. Dirulaguntzak emateko ebazpena Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta 2 hilabeteko epean, gehienez ere. Epe hori igarotzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, behar den errekurtsoa aurkeztu ahal izateko.

9.2. Toki Azpiegituren Zerbitzuak ebazpen proposamena eginen dio Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiari, eta laguntza esleitzeko espedientean jaso beharko du entitate onuradunek laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituztela.

9.3. Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenean honako hauek adieraziko dira: erakunde eskatzaileen zerrenda, diruz lagundutako proiektuak, proiektuak gauzatu diren urteak eta proiektu bakoitzerako dirulaguntzaren zenbatekoa, eta, kasua bada, zer eskaera ezetsi den eta zergatik.

9.4. Era berean, ebazpenari zerrenda bat erantsiko zaio, ordenatuta zehaztuko dituena, onuradun izateko eskatutako baldintza administratiboak eta teknikoak bete arren, deialdian ezarritako gehieneko kreditua gainditzeagatik onartu ez diren eskaera guztiak, ezarritako balorazio-irizpideen arabera bakoitzari eman zaion puntuazioa adierazita. Kasu horretan, edozein arrazoirengatik kreditu nahikoa askatzen bada, instrukzio-organoak proposatzen ahal du dirulaguntza ematea dagokien eskatzaileei, puntuazioaren arabera, eta aukera hori erakunde interesdunei jakinaraziko die, hamar eguneko epe luzaezinean dirulaguntzaren proposamena onar dezaten. Entitate eskatzaileak edo eskatzaileek proposamena onartu ondoren, administrazio-organoak dirulaguntza emateko egintza emanen du, eta jakinarazi eginen du.

9.5. Ebazpena eman eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta argitalpen horrek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 22. artikuluan eskatutako jakinarazpenaren ondorioak izanen ditu.

10. Emandako dirulaguntzari uko egitea.

Entitate onuradunak emandako dirulaguntzari uko egitea erabakitzen badu, Toki Azpiegituren Zerbitzuari jakinarazi beharko dio. Kasu horretan, uko egite horren ondorioz eskuragarri dagoen kreditua hurrengo proiektuari ematen ahalko zaio, 9.4 oinarrian ezarritakoaren arabera.

11. Aldaketak diruz lagundutako proiektuan.

Proiektuen baldintza teknikoak aldatzen ahalko dira ustekabeko beharretan, hobekuntza teknologikoetan edo beste arrazoi objektibo batzuetan oinarrituta, baldin eta dirulaguntzaren xedea betetzen bada eta aldaketa Kontratu Publikoei buruzko Foru Legearen arabera izapidetzen bada.

12. Gauzatzeko epea.

12.1. Diruz lagundutako inbertsioak exekutatzeko eta/edo eskuratzeko epea 2024ko urtarrilaren 1ean hasiko da, eta 2025eko urriaren 31n amaituko da, beranduenez.

12.2. 2024rako konprometitutako jarduerak 2024ko azaroaren 15a baino lehen justifikatu beharko dira.

2025erako konprometitutako jarduerak 2025eko urriaren 31 baino lehen justifikatu beharko dira.

2024 eta 2025erako konprometitutako jardueretan justifikazio partzialak eginen dira 2024ko azaroaren 15a baino lehen, eta azken justifikazio bat 2025eko urriaren 31 baino lehen.

13. Gastuen justifikazioa eta dirulaguntzaren ordainketa.

13.1. Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez erabakiko da dirulaguntzaren ordainketa.

13.2. Orokorrean, ordainketa bakarrean emanen da dirulaguntza, diruz laguntzen den inbertsioa egin ondoren, eta erakunde onuradunak oinarri honetan adierazitako frogagiriak aurkeztu ondoren.

13.3. Gauzatzeko epea aintzat hartuta 2024ko eta 2025eko ekitaldietan egin behar diren inbertsioetan, dirulaguntza zatika ordainduko da. 2024ari dagozkion gastuak 2024ko azaroaren 15a baino lehen aurkeztuko dira, eta inbertsioaren azken justifikazioa 2025eko urriaren 31n aurkeztu beharko da.

13.4. Azken frogagiriak:

Dirulaguntzaren xedeko inbertsioak egin ondoren, erakunde onuradunek justifikatu beharko dituzte emandako dirulaguntza kalkulatzeko oinarri modura onartu diren gastu guztiak. Kasu horretan, agiri hauek aurkeztuko dira:

1.–Proiektua egin dela justifikatzeko memoria, IV. eranskineko ereduaren arabera.

2.–Erosteko jarduketak.

a) Erosketaren eskritura publikoaren kopia.

b) Tasazio-txosten independentea, ordaindutako balioa frogatzen duena, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 107.3 artikulua betez.

3.–Exekuzio-proiektua (beharrezkoa bada eta aurretik aurkeztu ez bada).

4.–Harrera-aktaren kopia, horniduraren entrega-akta edo faktura xehatua, hornitutako elementuen zerrenda eta guzti.

5.–V. eranskineko ereduaren araberako justifikazio-kontua.

6.–Egindako inbertsioaren fakturak eta frogagiriak eta, kasua bada, obra-ziurtagiriak (obraren tamainak eskatzen badu), zuzendaritza fakultatiboak (halakorik bada) eta enpresa adjudikaziodunak izenpetuak.

7.–Egindako jarduketak frogatzeko dokumentuak eta/edo argazkiak.

8.–Proiektuak bestelako laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso duen azaltzen duen berariazko adierazpena. Hala bada, zehatz-mehatz adieraziko da zenbat diru jaso duen eta nondik, guztia VI. eranskineko ereduari jarraikiz.

9.–Idazkariaren ziurtagiria, VII. eranskineko ereduaren arabera. Hauek jasoz:

a) Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legea bete dela kontratistak hautatzean.

b) Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezartzen diren efizientzia eta ekonomia irizpideak betetzen direla. 30.000 eurotik gorako dirulaguntza jaso dezaketen gastuetarako, obretan, edo 12.000 eurotik gorako gastuetarako, baldin eta ekipamendu-ondasunak hornitzen badira edo aholkularitza- edo laguntza-enpresek zerbitzuak ematen badituzte.

c) Egoki denean, profesionalei dagozkien PFEZaren atxikipena egin dela.

d) Birgaitzeko jarduketetan:

I.–Kontratuaren adjudikazioa Nafarroako Kontratazioaren Atarian argitaratu izanaren URL helbidea.

II.–Ordainsari teknikoen adjudikazioaren datuak; adjudikaziodunaren izena, IFZ, adjudikazioaren zenbatekoa, erabilitako adjudikazio prozedura.

10.–Diruz lagundutako ekintzetan Nafarroako Gobernuren partaidetza agerrarazteko betebeharra betetzen dela egiaztatzen duten agiriak, VIII. eranskineko ereduaren arabera.

Azken ordainketa eginen da Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko zerbitzu eskudunak txosten teknikoa eman ondoren, behin jarduketa ikuskatu eta aurkeztutako dokumentazioa aztertuta.

13.5. Justifikazio partzialaren dokumentazioa:

Ordainketa partzialetan, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

1.–Erosteko jarduketetan.

a) Erosketaren agiri pribatuaren kopia.

b) Fakturen eta ordainagirien kopia.

2.–Gainerako jarduketetan.

a) Egindako inbertsioaren fakturak eta frogagiriak eta, kasua bada, obra-ziurtagiriak (obraren tamainak eskatzen badu), zuzendaritza fakultatiboak (halakorik bada) eta enpresa adjudikaziodunak izenpetuak.

c) Exekuzio-proiektua (beharrezkoa bada eta aurretik aurkeztu ez bada).

3.–Egindako jarduketak frogatzeko dokumentuak eta/edo argazkiak.

13.6. Instrukzio organoaren iritziz, gastuen justifikazioa eta haiek frogatzeko egindako ordainketena nahikoa ez bada, errekerimendua eginen dio erakundek eskatzaileari, beharrezkoak diren frogagiriak erants ditzan 10 egun balioduneko epean. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera eginen da errekerimendu hori.

Errekerimenduari erantzun ezean, benetan justifikatutako gastuen eta ordainketen arabera eginen da ordainketa.

13.7. Emandako dirulaguntzen ordainketaren aurrerakinak egin daitezke, baldin eta erakunde onuradunak justifikatzen badu dirulaguntzaren xedea betetzeko funtsak behar dituela.

Ordainketaren aurrerakinak eskatzean agiri hauek ere aurkeztuko dira:

1.–Dirulaguntzaren xedea betetzeko funtsen hornidura behar izatearen justifikazio ekonomikoa.

2.–Gauzatze-epeen aurreikuspena.

3.–Erosteko jarduketetan.

a) Erosketaren agiri pribatuaren kopia edo higiezinaren edukitza-tituluaren egiaztagiriarena.

b) Fakturen kopiak.

4.–Gainerako jarduketetan.

a) Ziurtagiri partzialak, jabetzak, obren zuzendaritzak eta enpresa kontratistak sinatuta.

b) Egindako inbertsioaren fakturak eta, kasua bada, obra-ziurtagiriak (obraren tamainak eskatzen badu), zuzendaritza fakultatiboak (halakorik bada) eta enpresa adjudikaziodunak izenpetuak.

5.–Egindako jarduketak frogatzeko dokumentuak eta/edo argazkiak.

14. Bateragarritasuna.

Deialdi honetan araututako dirulaguntzen onuradunak diren entitateek Estatuko edo Europar Batasuneko edozein administrazio edo erakunde publikok zein pribatuk edo nazioarteko erakundeek helburu edo xede bererako emandako dirulaguntzak eta laguntzak jasotzen ahalko dituzte, haiek, guztira, proiektu bakoitzaren inbertsio edo gastuaren %100 gainditzen ez badute.

15. Jarraipena eta kontrola.

Toki Azpiegituren Zerbitzuak proiektuen jarraipena egiteko eta gauzatutako alderdi guztiak eta finkatutako helburuak noraino bete diren ikuskatu eta ebaluatzeko ardura izanen du. Eginkizun horiek betetzeko laguntza eskatzen ahalko dio Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzuari.

16. Betebeharrak.

Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten erakundeek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain, haren xedearekin lotuta:

a) Diruz lagundutako ekintzak gauzatzea, deialdiaren helburua betez.

b) Eskurapenen kasuan, ondasun higiezinaren erosketaren eskritura publikoa egitea eta egoki den erregistro publikoan inskribatzea eta justifikatzea.

c) Higiezinen xede konpromisoak betetzea, bai epeari dagokionez, bai erabilerari dagokionez, bai eta sinatzen diren alokairu kontratuen errentaren gehieneko prezioa ere, 1. oinarrian ezarritakoaren arabera.

d) Toki erakundeen ardura izanen da maizterrek baldintza horiek betetzen dituztela zaintzea.

e) Dirulaguntzaren xede den edozein ekintza dela-eta sortzen den edozein gorabeheraren berri ematea Toki Azpiegituren Zerbitzuari, eta aurkeztutako ekintzen kudeaketa nahiz garapena aldatzeko baimena eskatzea idatziz, bestelako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak lortzea barne.

f) Frogatzea betebeharrak eta baldintzak bete direla, diruz lagundutako proiektua egin dela, eta dirulaguntza emateko arrazoi izan den helburua bete dela.

g) Emandako dirulaguntzei buruz, egiaztatze lana eta kontrol teknikoa egiten uztea instrukzio organoari, baita horretarako eskumena duen edozein organori ere; jarduketa horietan eskatzen zaien informazio eta dokumentazio guztia aurkeztu beharko dute.

h) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapen eta kontrol lanen xede diren bitartean.

i) Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren edozein komunikabideren bidez egiten diren proiektuaren publizitate eta zabalkunde ekintzetan, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere, Nafarroako Gobernuaren parte-hartzearen berri ematea. Lurralde Kohesiorako Departamentuaren logotipo ofiziala eta testu hau agertu beharko dira: "Nafarroako Gobernuak diruz laguntzen du". Halakoetan, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan jasotako ezaugarri teknikoak bete beharko dira.

j) Debekatuta dago etxebizitza alokairu turistikora edo beste erabilera batzuetara bideratzea, xedea ez bada biztanleria finkatzea, eta debekatuta dago, era berean, etxebizitza azpi-alokatzea ere.

17. Dirulaguntzak itzultzea

17.1. Dirulaguntza emateko ebazpena baliorik gabe uzteko zioek (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 34. artikuluan zehaztutakoak) eta foru lege horren 35. artikuluan aipatzen diren kasuetako edozeinek ekarriko du jasotako zenbatekoa osorik edo zati batean itzuli behar izatea, baita berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea ere, dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli behar dela erabaki bitartean sortutakoak. Beheko kasu horietan itzulketa izapidetuko da, baina dagokion espedientearen instrukzioa egin ondoren eta toki-erakundeari entzunda:

a) Dirulaguntzari uko egiten zaionean.

b) Dirulaguntza eskuratu bada eskatzen ziren betekizunak bete gabe edo horiek faltsututa.

c) Dirulaguntza zein xedetarako eman zen, xede hori ez denean betetzen.

d) Justifikatzeko betebeharrak betetzen ez badira, edo epez kanpo betetzen badira.

e) Dirulaguntzaren xede den higiezina ez erabiltzea ohiko bizileku gisa alokairu-erregimenean ostatu hartzeko, deialdi honetan aurreikusitako jardun-ildo bakoitzerako ezarritako baldintzetan.

f) Erakunde onuradunari ezarritako beste edozein baldintza edo betebehar ez betetzea.

g) Erakunde onuradunak Toki Azpiegituren Zerbitzuaren kontrol jarduketei uko egitea.

17.2. Erakunde onuradunaren betetze maila nabarmen gerturatzen zaionean jarduketaren erabateko betetze mailari, eta onuradunak argi eta garbi frogatzen badu hartutako konpromisoak betetzeko ahaleginak egiten ari dela, instrukzio organoak aurrez emanen duen txostenaren bidez zehaztuko da jaso beharreko zenbatekoa, edo, kasua zein den, itzuli beharrekoa, betiere proportzionaltasun irizpidearekin bat. Dirulaguntzaren xede den jarduera partez gauzatuz gero, kontuan hartuko da noraino zati daitezkeen jarduera eta kasu bakoitzean lortu nahi den helburu publikoa, baldintza izanik aurreikusitako helburuak betetzea.

Betetze nabarmena izanen da, baldin eta gauzatutakoak onura publikoa badu oinarri hauetan ezarritako xederako. Kasu horretan, gastu diruz lagungarriaren zer portzentaje gauzatu eta justifikatu den, horren baliokidea den laguntzaren portzentajea jasotzen ahalko du onuradunak soilik. Bereziki, kontuan hartu behar da modulu, fase edo unitate indibidualizatuak dauden, modu independentean egin daitezkeenak.

Ez-betetzea partziala den kasuetan, erakunde onuradunak noraino bete ez duen, horren proportziokoa, neurrikoa eta haztatua izanen da itzultzeko eskaera.

Itzulketak zuzenbide publikoko diru-sarreratzat hartuko dira. Hortaz, premiamendu bidez kobratzeari ekin dakioke, beste erantzukizun batzuk gorabehera, halakorik bada.

18. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau hausteei eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

19. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluarekin eta hurrengoekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin.

20. Araudi osagarria.

Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari eta aplikagarria den gainerako araudiari jarraituko zaio.

I. ERANSKINA.–ESKAERA, PIRINIOETAKO PLANAREN LURRALDE EREMUAN INSKRIBATUTAKO TOKI ERAKUNDEENTZAKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIAN, ETXEBIZITZA ETA ENPLEGUA LOTZEN DITUZTEN, BIZTANLERIAREN FINKAPENA ETA INGURUKO LURRALDE GARAPENA SUSTATZEN DITUZTEN ETA BIZITZEKO ETA LAN EGITEKO ESPAZIO BATEN SORRERA BULTZATZEN DUTEN PROIEKTUEN ZIOZKO INBERTSIOETARAKO

1. Entitatearen datuak.

Erakundearen izena

Posta helbidea

Telefonoa

Helbide elektronikoa

Ordezkaria

Ordezkariaren helbide elektronikoa

Toki erakunde eskatzaile(ar)en datuak

Pirinioetako eskualdea: Erronkaribar

Pirinioetako eskualdea: Zaraitzu

Pirinioetako eskualdea: Aezkoa

Pirinioetako eskualdea: Erroibar eta Luzaide

Pirinioaurreko eskualdea: Orotz-Betelu-Artzibar

2. Jarduketa lerroa

A lerroa: etxebizitza eta lana higiezin berean:

A.1. Coliving era

A.2. Etxebizitza indibiduala, higiezinean garatzen den jarduera profesionalari lotua

B lerroa: etxebizitza eta lana higiezin desberdinetan, coworking eran

C lerroa: etxebizitza eta zerbitzu publikoa

D lerroa: etxebizitza eta sektore pribatua

.........................(e)n, ........(e)ko .............................aren .........(e)(a)n.

Sinadura: Alkatea/Erakundeko burua

II. ERANSKINA.–ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA, ONURADUN IZATEKO.

…...……………………………...……………………………………………………………… andreak/jaunak, …..................... IFZ duenak, ................................ entitatearen ordezkaria den aldetik, honako hau adierazten du:

–Elkarteak edo entitateak ez daukala ezarrita dirulaguntzen onuradun izateko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan adierazitako debekuetako bat bera ere.

–Erakunde eskatzaileak ez duela galdu dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera zigor edo administrazio arloko zehapen baten ondorioz, eta horretarako desgaikuntza ekartzen duen legezko debekurik ez duela jaso.

–Erakunde eskatzaileak hitz ematen du erositako edo/eta birgaitutako higiezina aipatutako jarduketa eremura bideratuko duela, gutxienez 7 urtez.

.........................(e)n, ........(e)ko .............................aren .........(e)(a)n.

Sinadura: Alkatea/Erakundeko burua

III. ERANSKINA.–TOKI ERAKUNDE IDAZKARIAREN ZIURTAGIRIA, BEZ-AREN AITORPENARI BURUZKOA

……………………………………….................………………………………………. andreak/jaunak, ………………………………………………………………………… toki erakundeko idazkaria den aldetik,

ZIURTATZEN DUT:

Diruz laguntzeko eskatu den jarduketak eskubidea sortzen du jasandako BEZaren kenkaria egiteko, Balio Erantsiaren Zergari buruzko abenduaren 3ko 19/1992 Foru Legearen arabera: BAI / EZ.

Eta, jasota gera dadin eta behar diren ondorioak izan ditzan, ziurtagiri hau ematen dut, alkateak/erakundeko buruak ontzat emana eta erakundearen zigilua duena.

.........................(e)n, ........(e)ko .............................aren .........(e)(a)n.

Ontzat emana, alkate-udalburua

Izpta.:

Idazkariak ontzat emana

Izpta.:

IV. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN AZKEN MEMORIA.

1. Azalpen memoria.

–Egindako jarduketak eta proposatutako helburuen zein lortutako emaitzen deskribapena:

–Proiektua gauzatzean egindako aldaketak, halakorik balitz:

–Proiektuaren ebaluazioa:

–Ondorioak:

2. Proiektuaren balorazio orokorra

–Proiektuan diruz lagundutako jarduera guztiak egin al dira?

BAI EZ

–Jarduera guztiak egin ez badira, zergatik ez dira egin?

  • Aurrekontu faltagatik
  • Denbora faltagatik
  • Bazkideen interes faltagatik
  • Erakundearen barneko antolakuntza faltagatik
  • Beste arrazoi batzuengatik

–Proiektua gauzatzeak berrikuntzarik ekarri al du?

  • Bai, proiektuari berari dagokionez
  • Bai, jardueraren xede ziren hartzaileei dagokionez
  • Bai, jarduera egiteko moduari dagokionez
  • Bai, zabalkundeari eta hedapenari dagokienez
  • Kasu horietan, adierazi zein izan den berrikuntza .............................................................................

–Alderdi positiboak eta hobetzekoak:

  • Nabarmendu beharreko alderdi positiboak:
  • Hobetu zitezkeen alderdiak:

.........................(e)n, ........(e)ko .............................aren .........(e)(a)n.

Sinadura: Alkatea/erakundeko burua edo proiektuaren ordezkaria

Frogagiriei buruzko oharra.

Ekintzen frogagiriak aurkeztuko dira, bai eta haiek gauzatu edo zabaltzearen ondoriozko produktuenak ere. Frogagiri horietan sartuko da erakutsi dela Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako proiektuan parte hartu duela, egiten den publizitatean eta zabalkundean eta diruz lagundutako proiektuari buruzko dokumentazio guztian Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala txertatuz.

V. ERANSKINA.–JUSTIFIKAZIO KONTUA

Entitatea:

Proiektuaren aurrekontua:

Beste dirulaguntza batzuk, guztira:

Emandako dirulaguntza:

Justifikatu beharreko zenbatekoa:

DIRUZ LAGUNDUTAKO JARDUERARI LOTUTAKO GASTUEN ETA DIRU-SARREREN LIKIDAZIOA

JARDUERAK

GASTU DIRUZ LAGUNGARRIAK

DIRU-SARRERAK

Izena

Eskurapena

Birgaitzea

Gastuak, guztira

Dirulaguntzak

Beste batzuk

Diru sarrerak, guztira

1

0,00

0,00

2

0,00

0,00

3

0,00

0,00

4

0,00

0,00

5

0,00

0,00

6

0,00

0,00

7

0,00

0,00

GUZTIRA

0,00

0,00

0,00

0,00

0,00

0,00

FAKTUREN ETA EGIAZTAGIRIEN ZERRENDA

JARDUERAK

FAKTURA ZK.

FAKTURAREN DATA

ENTITATE HORNITZAILEA

KONTZEPTU DIRUZ LAGUNGARRIAK

FAKTURA GUZTIRA (eurotan)

ORDAINAGIRIA (eurotan)

ORDAINKETAREN EGUNA

DESKRIBAPENA

ZERGA-OINARRIA (eurotan)

BEZa (eurotan)

1

0,00

0,00

2

0,00

0,00

3

0,00

0,00

4

0,00

0,00

5

0,00

0,00

6

0,00

0,00

7

0,00

0,00

GUZTIRA

0,00 euro

0,00 euro

VI. ERANSKINA.–BESTE DIRULAGUNTZA BATZUEN AITORPENA

........................................................................................ andreak/jaunak, ....................................... IFZaren jabe, ............................................. den aldetik, eta .................................. IFZa duen ....................................................ren izenean eta haren ordezkari gisa, aitortzen dut:

Jarraian aipatzen diren dirulaguntzak eskatu eta/edo jaso dira Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak deialdi honen bidez diruz lagundutako proiekturako:

ORGANO EMAILEA

DEIALDIA / DIRULAGUNTZAREN KONTZEPTUA

KOPURUA

Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiarenaz gain ez dela beste inolako dirulaguntzarik jaso edo eskatu proiektu honetarako.

Halaber, 16. oinarrian ezarritako mugak gaindituz gero, konpromisoa hartzen du departamentu honi idatziz jakinarazteko, horren berri izan bezain laster, eta, betiere, funts publikoak zertan erabili diren justifikatu baino lehen, eta diruz lagundutako kontratuaren edozein epetan gertatuta ere.

.........................(e)n, ........(e)ko .............................aren .........(e)(a)n.

Sinadura: Alkatea/erakundeko burua edo proiektuaren ordezkaria

VII. ERANSKINA.–TOKI ERAKUNDEKO IDAZKARIAREN ZIURTAGIRIA

........................................................................................ andreak/jaunak, ..................................................................................................... toki erakundeko idazkaria den aldetik,

ZIURTATZEN DUT:

–Kontratistak hautatzean Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezarritakoa bete dela.

–Hornitzaileak Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluko 3. zenbakian ezarritako efizientzia eta ekonomia irizpideak betez hautatu direla; dirulaguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa bada obraren exekuzioaren kostuaren kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa ekipo ondasunak edo zerbitzuak ematen dituztenean, onuradunak frogatu beharko du enpresa efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela.

–Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren atxikipenak egin direla, profesionalei dagokienez, Ogasunari aitorpena eta sarrera egiteko (kendu, bidezkoa ez bada).

–Birgaitzeko jarduketetan

  • Nafarroako Kontratazioaren Atarian argitaratu den kontratuaren adjudikaziora bideratzen duen URL helbidea.
  • Ordainsari teknikoen adjudikazioaren datuak; adjudikaziodunaren izena, IFZ, adjudikazioaren zenbatekoa, erabilitako adjudikazio prozedura.

Eta, jasota gera dadin eta behar diren ondorioak izan ditzan, ziurtagiri hau ematen dut, alkateak/udalburuak ontzat emana eta entitatearen zigilua duena.

.........................(e)n, ........(e)ko .............................aren .........(e)(a)n.

Ontzat emana, alkate-udalburua

Izpta.:

idazkaria

Izpta.:

VIII. ERANSKINA.–KARTEL EREDUAK.

Gutxieneko neurriak: 290x190 cm.

Obrako hesituran oihalezko kartel serigrafiatua jartzea gomendatzen da.

Iragarkiaren kodea: F2411267