1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
1748/2024 EBAZPENA, 2024ko abuztuaren 6koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Kalitateko, Ekonomiako eta Estrategiako errektoreordeak emana. Haren bidez, ikertzaileen lan kontratazioa egiteko hautaketa-prozesurako deia egiten da, honako ikerketa proiektu hau garatzeko: "INDIRA - 0011-1365-2024-000097".
2024ko abuztuaren 1ean, Ikerketa Zerbitzuak hautaketa-prozesu baterako deia egiteko eskatu zuen, ikertzaileak kontratatzeko proiektuko lankide gisa "INDIRA - 0011-1365-2024-000097" ikerketa-proiektua garatzeko. Ikerketa-proiektuaren ikertzaile arduraduna Jokin Aginaga García da, kontratupeko irakasle doktorea, Ingeniaritza Sailari atxikia.
Ikusirik Giza Baliabideen Zerbitzuko Adar Juridikoko OLko teknikariaren txosten juridikoa.
Ikerketako errektoreordea ez dagoenez hura ordeztuz, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak 2023ko ekainaren 20an emandako 1306/2023 Ebazpenaren hamazazpigarren apartatuan ezarritakoarekin bat,
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Onestea ikertzaileen lan kontratazioa egiteko hautaketa-prozesurako deialdia, baita deialdiaren oinarriak ere, ikerketa-proiektu hau garatzeko: "INDIRA - 0011-1365-2024-000097".
Bigarrena.–Ebazpen hau Hautaketa Batzordeko kideei eta Ikerketa Zerbitzuari aditzera ematea.
Hirugarrena.–Agindua ematea ebazpen hau Unibertsitatearen iragarki ohol elektroniko ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu dadin.
Iruñean, 2024ko abuztuaren 6an.–Kalitateko, Ekonomiako eta Estrategiako errektoreordea, Martín Larraza Kintana.
IKERTZAILEEN LAN KONTRATAZIOA EGITEKO HAUTAKETA-PROZESURAKO DEIALDIA HONAKO IKERKETA-PROIEKTU HAU GARATZEKO:
"INDIRA - 0011-1365-2024-000097"
Hauek dira deialdia arautuko duten
OINARRIAK
1.–Datu orokorrak.
–Deialdiaren xedea: deialdi honen xedea ikertzaileak hautatzea da, ondoren lan kontratazioa egiteko ikerketa proiektu hau garatzeko: "INDIRA - 0011-1365-2024-000097".
–Maila profesionala: proiektuko lankidea, batez ere ikerketa-lanetan aritzeko.
–Eginkizunak: zulatzeko robotaren biki digitala garatzea. Robotaren parametroen ezaugarritze esperimentala eta baliozkotze esperimentala.
–Kontratu mota: jarduera zientifiko-teknikoen kontratuaren modalitatearen bidez eginen da kontratazioa, Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 23bis artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
–Iraupena: mugagabea, "INDIRA - 0011-1365-2024-000097" ikerketa-proiektuari lotua.
–Lanaldi mota: osoa.
–Ordainsariak: Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ikertzaileak Kontratatzeko Erregelamenduak bere eranskinean ezarritakoak, 2024. urtera egokituak; erregelamendu hori 2017ko maiatzaren 3ko Gobernu Kontseiluaren erabaki baten bidez onetsi zen, eta 2022ko apirilaren 12ko Gobernu Kontseiluaren erabaki baten bidez aldatu.
Diru-gehigarriak ordaintzeko aukera egonen da, proiektuan ezarritako helburuak betez gero. Diru-gehigarri horiek ordaintzeko, proiektuaren arduradunak ordainketa justifikatzen duen azken txosten bat egin beharko du, eta aurrekontuan diru kopuru nahikoa izan beharko da.
–Finantzaketa: Nafarroako Gobernua eta Europako FEDER funtsak.
–Argitaratzeko tokiak: deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeaz gainera, deialdiarekin lotutako egintza eta ebazpen guztiak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean argitaratuko dira, deialdiari dagokion atalean.
2.–Parte hartzeko baldintzak.
2.1. Hautaketa-prozesuan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa izatea edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiar Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.
Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko itunak aplikatzen diren eremuko estatuetako herritartasuna dutenen ezkontideek parte hartzeko aukera dute, betiere zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera dute, zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude, baldin eta 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.
Halaber, aurreko paragrafoetan sartuta ez dauden herrialdeetakoak izan eta Espainian legezko bizilekua duten atzerritarrek administrazio publikoetako lan kontratupeko langile aritzeko aukera izanen dute. Espainian bizi ez diren atzerritarrek parte hartzeko aukera izanen dute, betiere parte hartzeko betekizunak betetzen badituzte. Kasu horretan, atzerritarrei buruzko legeek eskatzen dituzten baimenak lortu beharko dituzte kontratazioa egin ahal izateko.
b) 18 urte baino gehiago izatea, eta administrazio publikoko langileentzat ezarritako nahitaezko erretirorako adina betea ez izatea.
c) Ingeniaritzaren esparruko Unibertsitate Masterreko titulazio akademiko ofiziala izatea.
Atzerrian lortutako titulazioen kasuan, baliokidetasun-ziurtagiria edo, bestela, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.
d) Deialdiko xede diren lanpostuak betetzea galarazten duen gaixotasunik edo muga fisikorik edo psikikorik ez edukitzea.
e) Diziplinako espediente baten ondorioz edozein administrazio publikotako zerbitzutik baztertua ez izatea, eta ez egotea epai irmo baten bidez ezgaitua eginkizun publikoak betetzeko.
2.2. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete behar dira deialdi honetan parte hartzeko ezarritako baldintzak, bai eta kontratuak dirauen bitartean ere.
3.–Eskaerak.
Parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hamar egun baliodunekoa da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Hautaketa-prozesu honetarako inskripzioa telematikoki egin beharko da, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetan:
https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/ikertzaileen-hautaprobak
Lehenik, "Hasi tramitea" botoia sakatu behar da.
"Erantsi fitxategiak" eremuan, dokumentu hauek erantsi beharko dira lanpostu kategoria bakoitzerako:
–Parte hartzeko eskabidea.
–Nortasun Agiri Nazionalaren, AIZaren edo pasaportearen fotokopia.
–Deialdian eskatzen den tituluaren fotokopia.
–Espediente akademikoaren fotokopia, batez besteko nota zehaztuta.
–Curriculum vitaea, norberak egoki jotzen dituen merezimenduen egiaztagiriekin batera.
Parte hartzeko eskabide eredua esteka honetan dago:
http://www2.unavarra.es/gesadj/registroGeneral/instancias/recursos-humanos/contratacion-personal-investigador.pdf
4.–Izangaien onarpena.
4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da, baztertua izateko arrazoia esanez, baztertuen kasuan. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda.
4.2. Ebazpen honen 2.1 oinarriak aipatzen dituen dokumentuak ez aurkezteagatik behin-behinean baztertzea galarazi gabe, eskaera epez kanpo aurkeztea edo lehiaketaren bidez lortu nahi den lanpostua betetzeko bete behar diren baldintzak ez betetzea baztertzeko arrazoiak izanen dira, eta, gainera, ezin izanen dira zuzendu.
4.3. Izangai baztertuek edo zerrendan azaldu ez direnek zilegi dute erreklamazioa egitea eta, akatsen bat badago, akatsak zuzentzea, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo 5 egun balioduneko epean. Ezartzen den epean baztertuak izateko arrazoia konpontzen ez duten izangaiak behin betiko baztertuak izanen dira hautaketa-prozesutik.
4.4. Erreklamazioak aurkezteko eta akatsak zuzentzeko epea bukatu eta gero, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da.
4.5. Izangaiak hautaketa-prozesuan onartuen zerrendan egoteak edota 6.2 oinarriak aipatzen duen hautaketa-prozesua gainditu dutenen zerrendan egoteak ez du ekarriko inoiz ere unibertsitateak aitortzea betetzen dituztela deialdiko oinarrietan eskatu diren baldintza orokorrak edo bereziak. Kontratatzeko deitzen dituzten izangaiek ziurtatu eta egiaztatu beharko dituzte horiek, jatorrizko dokumentazioa aurkeztu beharko baitute kontratua sinatzen dutenean.
4.6. Parte hartzeko eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioarekin alderaturik jatorrizko dokumentazioa okerra edo faltsua bada edo aurkeztu ez bada, kontratua sinatzeko ezintasuna eta kontratazio zerrendatik baztertzea ekarriko du, interesdunak berak sinatuko duen erantzukizunpeko adierazpenarekin bat etorriz.
5.–Hautaketa-prozesua.
Izangaien merezimenduak baloratuko dira, aurkeztutako dokumentazioarekin bat etorriz eta I. eranskineko baremoaren arabera.
Izangaiek eskabideak aurkezteko epea bukatzean dituzten merezimenduak bakarrik baloratuko dira, eta gero lortutakoak ez dira kontuan hartuko. Hautaketa Batzordeak inola ere ez du onartuko izangaiek alegatu ez duten edo agirien bidez frogatu ez duten merezimendurik, eta ezin izanen du apartatu bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman.
Adierazten diren merezimendu guztiak zuzenbidean baliozkoa den edozein baliabideren bidez frogatu behar dira.
Hautaketa Batzordeko kide bakoitzak baloratuko ditu izangaien merezimenduak. Azken puntuazioa izangai bakoitzari emandako puntuazioen batezbestekoa izanen da.
6.–Hautaketa-prozesuaren ebazpena.
6.1. Izangaiek aurkeztutako merezimenduen balorazioa amaitu eta gero, Hautaketa Batzordeak Ikerketako errektoreordeari bidaliko dio hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazioekin.
6.2. Ikerketako errektoreordeak ebazpena emanen du hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien zerrenda onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean argitaratuko da.
6.3. Deialdi honetan sortzen den kontratazio zerrendak 3 urteko indarraldia edukiko du argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
Indarrean dagoen bitartean, kategoria bera eta ia eginkizun berak dituzten langileak kontratatzeko premia sortzen denean ere erabiltzen ahalko da kontratazio zerrenda hori, proiektu, kontratu, hitzarmen edo katedra baterako edo institutuko edo ikerketa-taldeko funtsetarako izan, betiere hurrenkera ordena errespetatuz.
6.4. Deialdi honen ondoriozko kontratazio zerrendan egonik kontratu bat onartzen duten izangaiei ez zaie beste edozein lanpostutarako kontraturik eskainiko. Dena dela, eskainiko zaie baldin eta kontratua bukatzeko 15 egun edo gutxiago gelditzen badira.
7.–Hautaketa-batzordea.
Batzordeburua: Xabier Iriarte Goñi doktorea, unibertsitateko irakasle titularra, Ingeniaritza Sailari atxikia, Ikerketako errektoreordeak delegatuta.
Idazkaria: Jokin Aginaga García doktorea, kontratupeko irakasle doktorea, Ingeniaritza Sailari atxikia.
Batzordekidea: Iker Agirre Olabide doktorea, irakasle laguntzaile doktorea, Ingeniaritza Sailari atxikia.
–Ordezko hautaketa-batzordea:
Batzordeburua: Aitor Plaza Puértolas doktorea, kontratupeko irakasle doktorea, Ingeniaritza Sailari atxikia.
Idazkaria: Jesús María Pintor Borobia doktorea, unibertsitateko irakasle titularra, Ingeniaritza Sailari atxikia.
Batzordekidea: Mauro Malvè doktorea, unibertsitateko irakasle titularra, Ingeniaritza Sailari atxikia.
Hautaketa Batzordearen jarduerak, une oro, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legeak ezartzen dutenaren arabera gauzatuko dira. Jakinarazpenak egiteko eta bestelako gorabeheretarako, Hautaketa Batzordearen egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Kudeaketako eraikina izanen da.
8.–Datu pertsonalen babesa.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak langileen kudeaketaren arloan antolatutako prozesuetan parte hartzeak interesdunen datuak tratatzea ekarriko du berekin. Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da.
Datuen tratamendua aplikatzekoa zaion araudiari jarraikiz eginen da, hots, Datuak Babesteko 2016/679 EB Erregelamendu Orokorrari eta Datu Pertsonalak Babesteko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz. Tratamenduaren deskribapena Tratamendu Jardueren Erregistroan dago kontsultatzeko, hemen: https://www.unavarra.es/portal-transparencia/.
Tratatuko diren datuak batez ere hautaketa-prozesuetako izangaienak eta NUPeko langileenak izanen dira; hauek hain zuzen ere: izena, deiturak, NANa, datu akademikoak eta profesionalak eta, beharrezkoa denean, bankuko datuak eta Gizarte Segurantzakoak, edo ondoren deskribatzen den xedea betetzeko beharrezkoak direnak.
Datuen tratamendua justifikatzen duen xedea hau da: hautaketa-prozedurak, mugikortasunekoak, egoera administratiboak, ziurtagiriak, edo Giza Baliabideen arloan NUPen eskumenekoak diren beste batzuk tramitatzea.
Xede horrek interes publikoa edo botere publikoa legitimatzen du, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluak ezartzen duen bezala. Hauek dira oinarri juridikoak, langileei buruzko beste arau batzuen artean: Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen Testu Bategina onesten duen 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, 2015eko urriaren 30ekoa, eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, 1993ko abuztuaren 30ekoa.
Datuak tratatzeko jarduerei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, haiei kontra egiteko eta transferitzeko. Horretarako, mezu bat bidali behar dute delegado.protecciondatos@unavarra.es helbidera, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoaren 11. artikulutik 18. artikulura bitartekoei jarraikiz. Desadostasunen bat izanez gero, Datuak Babesteko Espainiar Agentziara jo dezakete, https://www.aepd.es/ domeinuaren bidez.
9.–Errekurtsoak.
Hautaketa Batzordeak erabakitzen dituen egintzen aurka zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita.
Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta beroriek aplikatzeko egintzen aurka, Hautaketa Batzordeak egindakoak ez direnean, zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita.
I. ERANSKINA.–IKERTZAILEAK HAUTATZEKO BAREMOA
ERABILIKO DEN BAREMOA ETA/EDO EGINEN DIREN PROBAK |
1. APARTATUA: espediente akademikoa | Puntuak | 5 |
Deialdira sartzeko titulazioaren espediente akademikoa proportzionalki baloratuko da, 5 punturekin gehienez ere. 1 koefizientearekin ponderatuko diren titulazioak: Masterra Ingeniaritza Mekaniko Aplikatu eta Konputazionalean. Masterra Industria Ingeniaritzan. Industria Ingeniaritza. 0,5 koefizientearekin ponderatuko diren titulazioak: arlo teknikoko edo zientifikoko bestelako unibertsitate masterrak. |
2. APARTATUA: lanbide-esperientzia / ikerketa-esperientzia | Puntuak | 4 |
Lan esperientzia sistema mekanikoen diseinuan, analisian eta esperimentazioan. 0,15 puntu emanen dira kontratuko hiruhileko bakoitzeko. Aldi laburragoei puntuazio proportzionala emanen zaie. Ikerketa-esperientzia ingeniaritza mekanikoan: 0,5 puntu emanen dira JCRko aldizkarietan egindako argitalpen bakoitzeko, 0,2 puntu indexatu gabeko aldizkari zientifikoetan egindako argitalpen bakoitzeko, 0,2 puntu nazioarteko biltzarretan egindako argitalpen bakoitzeko, eta 0,1 puntu Estatuko biltzarretan egindako komunikazio bakoitzeko. |
3. APARTATUA: prestakuntza gehigarria | Puntuak | 2 |
Industria Ingeniaritzaren arloko masterreko eta/edo doktoretzako beste titulazio unibertsitario batzuk, hautaketa-prozesuan parte hartzeko eskatzen denaz gain: 1 puntu. Ingeniaritzarekin lotutako ikastaroak. 0,1 puntu 10 orduko eta hortik gorako ikastaro bakoitzeko. Lankidetza- edo ikerketa-bekak. 0,1 puntu emanen dira bekako hilabete bakoitzeko. |
4. APARTATUA: hizkuntzak | Puntuak | 1 |
Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziak jasotako mailen arabera baloratuko da. Ingelesa: 0,5 puntu B1 maila, eta 1 puntu B2 maila edo hortik gorakoa. Euskara baloratuko da, 210/2010 Ebazpenean zerrendatutako titulazioak kontuan hartuta –ebazpen hori 2010eko irailaren 13an eman zuen Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak–: 0,5 puntu B1 maila, eta 1 puntu B2 maila edo hortik gorakoa. |
Hautaketa-prozesua gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuazioa 4 puntu da.
Hautaketa-prozesuaren azken emaitzan gerta daitezkeen berdinketak 2. apartatuan puntuazio handiena atera dutenen alde ebatziko dira. Berdinketa badago, 1. apartatuan puntuazio handiena lortzen dutenen alde. Berdinketak jarraitzen badu, hautaketa-prozesua zozketaz erabakiko da.
Iragarkiaren kodea: F2411882