2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
TEBASKO KONTZEJUA
Aldaketa, igerilekuetako eta kiroldegiko barne-araudiaren erregelamenduan. Behin betiko onespena
Tebasko Kontzejuko Batzarrak, 2024ko maiatzaren 8an egindako bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa egitea Tebasko Kontzejuaren igerilekuetako eta kiroldegiko barne-araudiaren erregelamenduan, 10., 16., 19., 20. eta 22. artikuluetan. Espedientea jendaurrean egon da hogeita hamar egun baliodunean, dagokion iragarkia argitaratuta 2024ko 109. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 28koan, eta Kontzejuko iragarki-taulan eta web-orrian, bizilagunek eta interes legitimoa dutenek espedientea aztertu eta erreklamazio, kexa edo oharrak egin zitzaten; hori guztia, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin eta horrekin bat heldu direnen edukiekin. Epe horretan ez zaio alegaziorik egin espedienteari, eta, beraz, hasierako onespenaren erabakia behin betiko bihurtzen da. Horregatik guztiagatik, eta aipatutako araudiarekin bat etorriz, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen da aldatu den artikuluaren testua.
Tebasen, 2024ko uztailaren 17an.–Kontzejuko burua, Francisco Javier Zamora Jiménez.
ALDAKETA, IGERILEKUETAKO ETA KIROLDEGIKO BARNE ARAUDIAREN ERREGELAMENDUAN
10. artikulua. Abonatu motak.
10.1. Abonatuen artean sailkapen hau egin da:
ABONUAK |
ADINA | TEBASKO BIZILAGUNAK | ABALATUAK | BIZILAGUNAK EZ DIRENAK |
0tik 3 urtera bitarte | DOAN | DOAN | DOAN |
4 eta 6 urte bitartekoak | 6 euro | 9 euro | 20 euro |
7tik 18 urtera bitarte | 20 euro | 25 euro | 50 euro |
19tik 64 urtera bitarte | 42 euro | 50 euro | 100 euro |
> 64 urte, erretiratuak, pentsiodunak | 20 euro | 25 euro | 50 euro |
10.2. Tebasko Gaztelua kiroldegian eta igerilekuetan abonatu nahi duten guztiek ordaindu beharko dituzte finkatutako prezio publikoak, eta Kontzejuaren bulegoetan ordaindu izanaren frogagiria aurkeztu beharko dute, NANaren tamainako argazki batekin eta datu pertsonalekin batera, abonatu izaera lortzeko.
Instalazioak ireki ondoren, ordainagiria kiroldegiko eta igerilekuko harreran ematen ahalko da, eta hori izanen da ordainketa justifikatzeko egiaztagiria, bazkide-txartela eman arte.
Baja hartzen duen abonatuak ez du eskatzen ahalko ordaindutakoa itzultzeko, ezta baja egunetik egokitu dakiokeen zatikia ere.
10.3. Bi konnotazio sartzen dira, finkatutako prezioetan kontuan hartu beharrekoak:
1. Tebas-Muru Artederretako Udalean erroldaturik dagoena hartuko da herrikotzat.
2. Aukera dago 18 urtetik gorako bizilagun/abonatu bakoitzak, gehienez ere, auzokoa ez den pertsona bat abalatu ahal izateko, prezio publikoen koadroan ezarritako prezioan. Modu horretan, herriarekin nolabaiteko harremana duten pertsonei sarrera errazten zaie, prezio merkeagoan.
10.4. Erretirodunak eta pentsiodunak, edozein adin izanik ere, eta frogagiri ofizial bat aurkezten badute (administrazio publiko batek emana), halakotzat hartuko dira. Halaber, izaera berbera aitortuko zaio ezkontideari, baldin frogatzen badu ez dela lanean ari (informazio hori jasotzen duen osasun txartela aurkeztuz).
16. artikulua. Abonatu ez direnak honako modu honetan soilik sartzen ahalko dira kirol instalazioetan:
Eguneko sarrera erosita.
Kirol-ikastaroren batean izena emanda.
16.1. Abonatu gabekoen modalitate horiek guztiak pertsonalak eta besterenezinak dira.
16.2. Tebasko Kontzejuak finkatuko ditu abonatu ez direnek instalazioak erabiltzeko prezio publikoak eta, ondorioz, honako prezio publiko hauek ezarri dira eguneko sarreretarako:
SARRERAK EGUNEKO |
ADINA | TEBASKO BIZILAGUNAK | ABALATUAK | BIZILAGUNAK EZ DIRENAK |
0tik 3 urtera bitarte | DOAN | DOAN | DOAN |
4 eta 6 urte bitartekoak | 1 euro | 2 euro | 6 euro |
7tik 18 urtera bitarte | 2 euro | 4 euro | 8 euro |
19tik 64 urtera bitarte | 3 euro | 6 euro | 10 euro |
> 64 urte, erretiratuak, pentsiodunak | 1 euro | 2 euro | 6 euro |
16.3. Kirol-ikastaroetan izena emateak eskubidea ematen du aipatutako ikastaroetara sartzeko soilik, hau da, ez dira instalazioak erabiltzen ahalko beste inolako jardueratarako. Instalazioan ez da sartzen ahalko jarduera hasteko 10 minutu baino gehiago falta bada. Jarduera bukatu eta hurrengo 15 minutuetan atera beharko da. Baten bat beranduago ateraz gero, instalazioko langileek kargu hartuko die, eta arau-hauste bera aldi gehiagotan eginez gero, baja emanen zaie dagokien jardueran, eta hartan jarraitzeko eta kuota itzultzeko eskubideak galduko dituzte.
16.4. Eguneko sarrerak honako instalazio hauek erabiltzeko eskubidea emanen du: igerilekua, berdeguneak, pistak, aldagelak eta dutxak, eta gimnasioa. Aretoko arduradunek sarreran ematen dituzten sarrerak instalazioetatik irten arte gordeko dira.
Ez da beharrezkoa eguneko sarrera ordaintzea taberna eta terraza erabiltzeko soilik.
19. artikulua. Zerbitzu eremua.
19.1. Zerbitzu-eremua esaten zaion aldean sartzen dira taberna, armairuak, aldagelak, zerbitzuak eta botika-kutxa.
19.2. Erabiltzaileek lagunduko dute instalazioa garbi egon dadin, langileekin lankidetzan arituz, eta instalazioko bazter guztietan dauden paperontziak eta hautsontziak erabiliz.
19.3. Instalazioen erabiltzaileek zehatz-mehatz bete beharko dute ezarritako ordutegia, aitzinetik kalkulatuz zenbat denbora egin beharko duten dutxatzen eta aldageletan, ixteko ordua inola ere ez gainditzeko.
19.4. Armairu-zerbitzuak txanponak txertatuz funtzionatuko du, eta haiek erabiltzeko aukera emanen dute. Erabiltzailea izanen da giltzaren eta armairu barruan gordetako objektuen erantzulea, haiek kendu arte.
19.5. Erabiltzaileek eskura izanen dute botika-kutxa zerbitzua, langile espezializatuen ardurapean (igerilekuetako bainu-ordutegiaren barrenean).
19.6. Higienea dela-eta, txankletak erabili beharko dira aldageletan eta dutxen aldean.
20. artikulua. Tenis-, kirol anitzeko eta padel-pistak.
20.1. Tenis-pista, kirol anitzekoa eta padel-pista erabiltzeko, honako arau hauei jarraituko zaie:
–Abonatuek 2 egun lehenago egin dezakete erreserba; gainerakoek, egun bat lehenago.
–Gehienez ordubete erreserbatuko da eguneko. Norbait badago jokatzeko zain, ez da ordubetetik gora ematen ahalko jokoan.
–Kontzejuak zein instalazioen kudeatzaile den enpresak antolatutako jarduerarik badago, jarduera horiek lehentasuna izanen dute erreserben aurrean.
20.2. Abonatuak ez diren erabiltzaileek tenis eta kirol anitzeko pistak alokatzen ahalko dituzte gainerako instalazioetatik aparte, haiek bakarrik erabiltzeko; aurreko puntuan adierazi bezala, egun bat lehenago erreserbatuko dituzte. Ordu bakoitzeko prezioa 10 eurokoa izanen da, dutxak eta aldagelak erabiltzeko eskubidea barne. Fokuak erabiliz gero, 2 euro gehiago izanen dira orduko.
Udan, oro har, bazkideek edo eguneko sarrera erosten dutenek bakarrik erabiltzen ahalko dute padel-pista. Erabilera "orduka" eginen da, atezaindegian erreserba formalizatu ondoren. Urtearen gainerako egunetan erreserbaren bidez eginen da, Kontzejuak kontratatzen duen aplikazio informatiko berariazkoan, eta Kontzejuko Batzarrak erabakitzen dituen prezio eta berariazko arauetara egokituko da.
20.3. Debekaturik dago instalazioetan zapatekin sartzea.
22. artikulua. Gimnasioa.
22.1. Gimnasioa erabili nahi duten guztiek behar den igerilekuetako abonamendua izan beharko dute.
22.2. Kirol-eremu horretara sartzeko, nahitaezkoa izanen da kirolerako arropa eta oinetako egokiak janztea. Arau hori betetzen ez duten erabiltzaileei kirol-eremu horretara sartzea ukatzen ahalko zaie.
22.3. Talde antolatuek gimnasioa eskatzen ahalko dute jarduerak egiteko, Tebasko Kontzejuak edo enpresa kudeatzaileak eskainitako jardueretatik eta instalazioaren berezko jardueren ordutegitik kanpo. Horretarako eskabide bat bete eta dagokion baimena lortu behar dute.
22.4. Udan, erabiltzeko ordutegia 11:00etatik 20:30era izanen da.
22.5. 18 urtetik gorakoak sar daitezke gimnasioan. 16 urtetik (16 barne) 18 urterako (18 kanpo) adingabeek gurasoen baimena beharko dute, edo horien kargura dagoen pertsonarena. 16 urtetik beherako adingabeek gimnasioa erabiltzen ahalko dute haietaz arduratzen den pertsona batek lagunduta.
22.6. Gimnasiora sartzen diren guztiek behar diren neurriak hartuko dituzte behar bezala erabiltzeko muskulazio-makinak, bizikleta estatikoak, etab., eta Kontzejuari adieraziko diote baldin zerbait hondatua badago edo gaizki badabil, konpontzeko egokiak diren neurriak hartzeko.
Iragarkiaren kodea: L2411292