2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
MIRANDA ARGA
Udal-igerilekuen barne-erregimeneko araudia. Behin betiko onespena
Miranda Argako Udalak, 2024ko maiatzaren 30ean egindako bilkuran, hasiera batez onetsi zuen udal-igerilekuen barne-erregimeneko araudia.
Hasierako onespenaren erabakia 2024ko 125. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 18an, eta epearen barnean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, araudi hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara Nafarroako Aldizkari Ofizialean; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Miranda Argan, 2024ko abuztuaren 1ean.–Alkatea, Maria Pilar Ibero Pérez.
MIRANDA ARGAKO IGERILEKUETAKO BARNE ARAUDIAREN ERREGELAMENDUA
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Erregelamendu honen xede nagusia da Miranda Argako udal-igerilekuen erabilera arautzea.
2. artikulua. Udalak zehaztuko du instalazioak noiz egonen diren itxita (neguan, mantentze-lanak egiteko...) eta zer ordutan irekiko diren jendearentzat.
3. artikulua. Igerilekuetako harreran araudi honen ale bat egonen da.
4. artikulua. Urteko abonu bat edo sarrera bat erosten duen edo kirol-ikastaroren batean izena ematen duen pertsona orok barne-araudi hau onartu eta bere gain hartzen du.
5. artikulua. Miranda Argako Udalak ahalmena izanen du hura aldatzeko, zerbitzuaren beharrizan berrietara egokitzeko edo eguneratzeko, edo araudian aldaketak egiteko.
II. KAPITULUA.–INSTALAZIOAK IREKITZEA ETA IXTEA
6. artikulua. Miranda Argako udal-igerilekuak irekita egonen dira udan zehar.
6.1. Orokorrean, instalazioa itxita egonen da irailaren 15etik ekainaren 15era bitarte, eta irekiera- eta itxiera-datak aldatzen ahalko dira Miranda Argako Udalaren erabakiz.
6.2. Udako ordutegia:
–11:00etatik 21:00etara, denboraldia hasten denetik abuztuaren 22ra arte.
–11:00etatik 20:00etara, abuztuaren 23tik denboraldia amaitu arte.
6.3. Aurreko puntuetan xedatutakoa gorabehera, Miranda Argako udalak zehazten ahalko du zer alditan egonen diren itxita Miranda Argako udal-igerilekuak, baita jendearentzat irekita egoteko ordutegia ere.
III. KAPITULUA.–ABONATUAK
7. artikulua. Miranda Argako Udalak onetsitako prezio publikoen ordainketan egunean daudenak izanen dira abonatuak.
8. artikulua. Tarifak urtero ezarriko dira, behar dena onetsita: Ordenantza fiskala, udal-igerilekuetako eta pilotalekuko kirol-instalazioak erabiltzeko tasak arautzen dituena.
Baja hartzen duen abonatuak ez du eskatzen ahalko ordaindutakoa itzultzeko, ezta baja egunetik egokitu dakiokeen zatikia ere.
9. artikulua. Abonatuek honako eskubide hauek dituzte:
9.1. Instalazioetan doan sartzea, jendearentzat irekita dauden egun eta orduetan.
9.2. Instalazioak erabiltzeko eskubidea, Miranda Argako Udalak onesten duen araudiari jarraituz.
9.3. Instalazioen funtzionamenduari buruz egoki iruditzen zaizkien erreklamazioak eta iradokizunak egiteko eskubidea.
10. artikulua. Abonatuek aurrerago ezartzen diren erabiltzaileentzako obligazioak bete beharko dituzte.
IV. KAPITULUA.–ABONATU GABEKO PERTSONAK
11. artikulua. Abonatu ez direnak entradak edo abonuak erosiz saltzen ahalko dira kirol-instalazioetara, horretarako dauden modalitateen arabera.
Miranda Argako Udalak instalazioak erabiltzeko prezio publikoak finkatuko ditu abonatu ez direnentzat, urtero, behar dena onetsita: Udal-igerilekuetako eta pilotalekuko kirol-instalazioak erabiltzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalaren tarifen eranskina.
Eguneko sarrerak honako instalazio hauek erabiltzeko eskubidea emanen du: igerilekua, aldagelak eta dutxak, terraza eta taberna. Aretoko arduradunek sarreran ematen dituzten sarrerak instalazioetatik irten arte gordeko dira.
Beharrezkoa da eguneko sarrera ordaintzea taberna eta terraza erabiltzeko, gainerako instalazioak ez erabili arren.
V. KAPITULUA.–INSTALAZIOEN ERABILERARI BURUZKO ARAUDIA
12. artikulua. Xedapen orokorrak.
Instalazioen ardura duten langileak dira instalazioen funtzionamenduaren arduradun nagusiak, bai eta instalazioen funtzionamendu egokia zaintzen dutenak ere. Horretarako, hemen ezarritako arauak betearazi behar dituzte, instalazioa zentzuz erabiltzeko eta erabiltzaileen eta bainularien segurtasuna zaintzeko helburu bakarrarekin. Langileek enpresa kudeatzaileari eta Miranda Argako Udalari emanen diete egokitzat jotzen dituzten gorabeheren berri.
Instalazioetako langileek ahalmena dute portaera gaitzesgarria duten erabiltzaileei kargu hartzeko edo instalaziotik bidaltzeko, baldin eta gainerako erabiltzaileenganako begirunerik ez badute.
13. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak.
–Instalazioak eta zerbitzuak zuzen eta egoki erabiltzea, igerilekuetako arauak eta ordutegiak errespetatuz, bai eta langile arduradunen (ateetako eta tabernako arduradunak, sorosleak...) jarraibideak errespetatuz ere.
–Gainerako erabiltzaileei behar den errespetua gordetzea, bizikidetasun egokirako behar den jokabidea erabiliz.
–Ezarritako kuotak garaiz ordaintzea.
–Kirol Batzordeak proposaturik Miranda Argako Udalak ezartzen dituen zehapenak betetzea.
–8 urtetik beherakoak ez dira esparrura sartzen ahalko ez bada adin nagusiko pertsona heldu batekin. Pertsona hori bere ardurapeko adingabeen portaeraren eta horiek arauak betetzearen erantzule izanen da. Adingabeak beren zaintzaz arduratzen den pertsona helduak gainbegiratuko ditu.
–Instalazioetan jarritako karteletan azaltzen diren jarraibideak bete beharko dituzte erabiltzaileek, osasun-arloaz, jokabideez, arriskuen prebentzioaz eta eskubide eta betebeharrez, besteak beste.
14. artikulua. Zerbitzu eremua.
Zerbitzu-eremua esaten zaion aldean sartzen dira taberna, armairuak, aldagelak, zerbitzuak eta botika-kutxa.
–Erabiltzaileek lagunduko dute instalazioa garbi egon dadin, instalazioko bazter guztietan dauden paperontziak erabiliz.
–Udalaren kirol-instalazioen erabiltzaileek zehatz-mehatz bete beharko dute ezarritako ordutegia, aurretik kalkulatuz zenbat denbora egin beharko duten dutxatzen eta aldageletan, ixteko ordua inola ere ez gainditzeko.
–Armairu-zerbitzuak txanponak txertatuz funtzionatuko du, eta haiek erabiltzeko aukera emanen dute. Erabiltzailea izanen da giltzaren eta armairu barruan gordetako objektuen erantzulea, haiek kendu arte. Armairuetako giltzak harrera-lekuan egonen dira, eta erabat debekatuta dago instalazioetatik kanpora ateratzea.
–Erabiltzaileek eskura izanen dute botikin-zerbitzua, langile espezializatuen ardurapean (igerilekuetako bainu-ordutegiaren barnean).
–Udalak ez du erantzukizunik izanen hamaken lapurreten eta/edo hamaketan izandako kalteen kasuan.
–Debekatuta dago igerilekuetara patineteekin, patinekin edo antzekoekin sartzea.
15. artikulua. Igerilekuak eta berdegunea.
Soroslea da instalazioetako agintari gorena. Sorosleak aginpidea du instalazioak gaizki erabiltzen dituztenei kargu hartzeko eta, azken neurri gisa, igerilekutik egozteko, baldin eta nahasmendua sortzen badute, ekipamendua gaizki erabiltzen badute eta arriskua badago erabiltzaileen osotasun fisikoarentzat.
–Nahitaezkoa da uretara sartu aurretik dutxatzea, eta debekatuta dago igerilekuetako ura zikintzea (xaboia, krema eta olio brontzeatzaileak, kosmetikoak).
–8 urtetik beherakoek (8 urtekoak barne) heldu batekin sartu beharko dute.
–Igeri egiten ez dakienarentzat derrigorrezkoa da sorosleei jakinaraztea.
–Igerilekuetako uretara sartzeko ateak itxita daudenean, ez da horietara sartzen ahalko.
–Sorosleek igerilekuak husten ahalko dituzte, beharrezkoa denean, txilibitua jota.
–Derrigorrezkoa da ilea jasotzea eta bainu-txanoak erabiltzea gomendatzen da.
–Bainurako, nahitaezkoa da jantzi gisa bainu-jantzia soil-soilik erabiltzea; haurrek eta helduek eguzkitik babesteko jantziak erabiltzen ahalko dituzte, medikuaren aginduz.
–Debekatuta dago soropilean baloiarekin jolastea, baita igerilekuetan koltxoneta edo antzekoekin sartzea ere.
–Erabat debekatuta dago listua botatzea, pixa egitea eta, oro har, uraren kalitateari kalte egiten dion zeinahi jardute.
–Uretan eta hondartzetan, debekatuta dago jatea, orraztea edo hondakinak sor ditzakeen beste edozein ekintza. Halaber, ezin da beirazko ontzirik eraman aipatutako eremuetara, ezta berdegunera ere.
VI. KAPITULUA.–OSASUN ETA SEGURTASUN NEURRIAK
16. artikulua. Instalazioetan jarritako karteletan azaltzen diren jarraibideak bete beharko dituzte erabiltzaileek, osasun-arloaz, jokabideez, arriskuen prebentzioaz eta eskubide eta betebeharrez, besteak beste.
17. artikulua. Igerilekuen autokontrolerako protokoloa, uraren parametroen analitiken erregistro-liburua eta Barne Erregimeneko Araudia erabiltzaileen eskura daude harreran.
VII. KAPITULUA.–ERREGELAMENDU HONETAN XEDATUTAKOA
18. artikulua. Miranda Argako Udalaren esku gelditzen dira erregelamendu honen interpretazioa eta aplikazioa. Zerbitzuaren kudeaketaz arduratzen den pertsona edo entitatea Udalak eskuordeturik arituko da xedapenak interpretatu eta aplikatzeko eginkizunetan, eta konponbiderik zuzenena bilatuko du instalazioen eguneroko erabileran sortzen diren arazoetan.
19. artikulua. Miranda Argako Udalari dagokio behar diren arauak ematea Miranda Argako udal-igerilekuak ongi funtziona dezaten, erregelamendu honetan jaso gabeko egoerak izaten direnean.
Halaber, Udalak beretzat gordetzen du igerilekuen funtzionamendu onerako egoki ikusten dituen arau edo baldintzak gehitu, kendu edo aldatzeko eskubidea.
Iragarkiaren kodea: L2411711