169. ALDIZKARIA - 2024ko abuztuaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GALAR

Aldaketa, Ibilgailuak elektrikoki kargatzeko puntuak arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena

Galarko Udalak, 2024ko maiatzaren 14an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Ibilgailuak elektrikoki kargatzeko puntuak arautzen dituen ordenantza (2024ko 109. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, maiatzaren 28an).

Jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, hasierako erabakia behin betiko bilakatu eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori dena, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325,1. artikuluari jarraikiz.

Getze Galarren, 2024ko uztailaren 10ean.–Alkatea, Óscar Amóztegui Recalde.

ORDENANTZA, IBILGAILU ELEKTRIKOAK KARGATZEKO ZUTOINEN HORNIDURA ELEKTRIKOA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Oinarria eta araubidea.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 11-15 eta 28-35 bitarteko artikuluek emandako eskudantziak erabiliz, Galar Zendeako Udalak udalerrian ibilgailu elektrikoak kargatzeko zerbitzua arautu du, eta erabiltzaileek hargatik ordaindu beharreko prezio publikoak ezarri ditu.

2. artikulua. Zerbitzu ematea.

Ibilgailu elektrikoak kargatzeko zerbitzua horretarako prestatutako instalazioaren bidez eskainiko da. Instalazioak honako aparkaleku publiko hauetan egonen dira:

1. Noain-Ezkirotz industrialdea, H-3 kalea.

2. Ezkirotz kalea 20.

3. Morea industrialdea.

4. Udaletxe plaza, Getzen.

Galar Zendeako Udalak etorkizunean beste instalazio batzuk ezartzen ahalko ditu udalerrian.

3. artikulua. Ordaindu beharraren sorrera.

Baldin pertsona fisiko eta/edo juridikoek ibilgailu elektrikoak kargatzeko zerbitzua erabiltzen badute, dagokion prezio publikoa ordaindu beharko diote Galarko Udalari.

Prezio publikoa ordaintzeko beharra sortzen da zerbitzuaren prestazioa edo jarduera hasten denean; Galarko Udalak, ordea, eska dezake aldez aurretik ordaintzea haren zenbateko osoa edo zati bat, jarraikiz martxoaren 20ko 2/1995 Foru Legearen 34. artikuluko 1. apartatuari (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).

4. artikulua. Ordaintzera behartuta daudenak.

Ibilgailu elektrikoak kargatzeko zerbitzua emateagatik prezio publikoa ordaintzera behartuak daude pertsona fisiko eta juridikoak, baldin eta zerbitzuaren onura jasotzen badute edo hura erabiltzen badute ezartzen diren moduetako edozeinetan.

Puntu bakoitzean, gehienez, 6 orduz kargatzen ahalko da ibilgailua. Denbora hori mugatzen ahalko da, hala behar bada edo eskariaren intentsitateak hala eskatzen badu.

5. artikulua. Zenbatekoa.

Galarko Udalak zerbitzu honengatik jasoko dituen eskubideak, bai eta zerbitzuari lotutako gainerako prezio publikoak eta tasak ere, ordenantza honetako tarifen eranskinean jasota daude.

Galarko Udalak eranskin hori eguneratzen ahalko du, gainerako prezio publiko eta tasekin batera edo modu partikularrean, horretarako legezko prozedura betez.

Ordenantza honetan araututako prezio publikoen zenbatekoek kargatua dute aplikatu beharreko BEZa.

6. artikulua. Kobrantza.

Zerbitzua ematen hasten den une berean sortzen da prezio publikoa ordaindu beharra.

Zerbitzua ematen ez bada, prezio publikoa ordaintzera behartuta dagoen pertsona fisiko edo juridikoari leporatu ezin zaizkion arrazoiengatik, ordaindutako zenbatekoa itzuli eginen da.

Prezio publikoa dela-eta zorrik baldin bada, eskatuko da premiamendu-prozeduraren bidez.

7. artikulua. Kobratzeko prozedura.

Udalak kobratzeko sistema bat ezarriko du, berariazko aplikazio informatiko baten edo batzuen bidez, eraginkortzat jotzen baditu; aplikazioak izaten ahalko dira Udalarenak berarenak edo hirugarren agente batzuek emandakoak.

Sistema horiek erabiltzeak kostu gehigarria izan dezake erabiltzaileentzat; kostu hori, gehienez ere, kargaren zenbatekoaren %5 izanen da, eta 0,1 euroko kostu finkoa karga bakoitzeko.

8. artikulua. Kargatzeko puntuen erabilera-arauak.

1. Kargatzeko aparkatzea. Kargatu beharreko ibilgailua espazio mugatuaren barruan aparkatu beharko da, kargaren norabidean, eta balazta edo antzekoa aktibatu.

Ibilgailuak kargatzeko mugatutako espazioan ezin da aparkatu. Espazio hori oztoporik gabe eta erabiltzaileen esku egon behar da, bere xederako erabiltzen ez den bitartean.

2. Segurtasun arauak. Kargaren erabiltzaileak kargatu beharreko ibilgailuaren fabrikatzaileak xedatutako segurtasun arau guztiak beteko ditu, bai eta Udalaren kargatzeko puntuko ekipo edo instalazioen fabrikatzailearenak ere.

3. Erabilera arduratsua. Udalaren kargatzeko puntuaren erabiltzaileak arduraz erabili beharko du, behar bezala zainduz, zerbitzu publikoa egokia izan dadin. Ekipoari edo azpiegitura osatzen duten elementuei dagokienez, ez dira aldatzen edo manipulatzen ahalko. Halaber, kableak ez dira behartzen, tolesten edo zimikatzen ahalko, ez eta horiek aldatu edo kaltetzeko ekintzarik egiten ahalko ere. Halaber, ekipo edo azpiegitura horiek ez dira erabiltzen ahalko ibilgailu elektrikoak kargatzeaz bestelako helburuetarako.

4. Zehaztapenak. Kargatzeko puntuaren erabiltzaileek bete egin beharko dituzte Udalak instalazioen zaintza eta errespetuaren gainean ematen dituen jarraibideak, betiere Udalaren kargatzeko puntua egoera onean zaintzeko.

Udalak ez du bere gain hartuko kalte eta galeren gaineko erantzukizunik (ondasun edo pertsonei, ibilgailua kargatzeko ezintasuna, etab.), baldin eta Udalarenak ez diren arrazoiengatik sortu badira.

5. Karga amaitu eta ibilgailua erretiratzea. Karga amaitutakoan, erabiltzaileak berehala erretiratu beharko du ibilgailua.

6. Ibilgailua erretiratzea. Ibilgailuak erreserbatutako gehieneko karga aldia gainditzen badu, hogeita hamar minututik gorako aldeaz, zilegi izanen da ibilgailuen gordailura eramatea, mekanikoki ibilgetzea edo langile baimendunek salatzea. Ibilgailuaren titularrak edo hark legez baimendutako pertsonak ordaindu beharko ditu ibilgailua gordailura eraman eta han edukitzearen gastuak edo ibilgetzeak eragindako gastuak, gaia arautzen duen ordenantzan azaldutako baldintzetan.

9. artikulua. Eskumena eta zehapen-prozedura.

1. Zehapen-prozedura hasteko eta ebazteko organo eskuduna Galarko Udaleko Alkatetza edo eskumen hori eskuordetuta duen Zinegotzigoa izanen da, betiere dagokion espedientea zabaldu ondoren.

2. Zehapen-prozedura bideratuko da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen arabera.

10. artikulua. Arau-hausteak.

1. Ordenantza honen arau-hausteak dira honako jarrera hauek:

2. Falta arinak.

–Ibilgailu elektrikoak kargatzeko erreserbatutako plaza okupatzea, erreserba eduki gabe.

–Ibilgailu elektrikoak kargatzeko erreserbatutako plaza bat baino gehiago okupatuz aparkatzea.

–Ez erretiratzea ibilgailua, ibilgailua kargatzeko denbora amaitu eta hogeita hamar minutu igarotakoan.

–Kablea ez batzea edo konektorea behar bezala ez jasotzea.

–Kargatzeko puntuko arduradunek aparkatzeari, ibilgailua erretiratzeari edo karga puntuko ekipoa edo azpiegitura erabiltzeari buruz eman dituzten jarraibideak ez betetzea, baldin eta beste erabiltzaile batzuen eskubideak kaltetzen ez badira edo kargatzeko puntuko ekipoa edo azpiegitura kaltetzen edo hondatzen ez bada.

–Ordenantza honetan ezarritako arauak eta hura garatuz ezartzen diren xedapenak urratzearen ziozko egintza, baldin eta berariaz astuntzat jotzen ez bada.

3. Falta astunak.

–Ibilgailua ez erretiratzea karga amaitu eta hiru ordu baino gehiago igarotakoan, erreserbatutako plaza okupatuz, erreserba duen beste erabiltzaile bat ez badago ere.

–Zabarkeriaz kaltetzea kargatzeko puntuko ekipo edo instalazioen elementuetako edozein.

–Ez errespetatzea ibilgailuaren fabrikatzaileak edo Udalaren kargatzeko puntuko ekipo eta instalazioen fabrikatzaileek xedatutako segurtasun arauak, baldin eta horrek zerbitzu publikoen gaineko kalteak, Udalaren jabetzako ondasunen gaineko kalteak edo hirugarren erabiltzaileen eskubideen gainerako urraketak badakartza.

–Urtebetean bi falta arin egiteagatik zehapena jaso izana.

4. Falta oso astunak.

–Kargatzeko puntu, ekipo, instalazio edo seinaleetako elementuak lapurtzea.

–Nahita kaltetzea kargatzeko puntuetako ekipo edo instalazioen elementuetako edozein.

–Ez errespetatzea ibilgailuaren fabrikatzaileak edo Udalaren karga puntuko ekipo eta instalazioen fabrikatzaileek xedatutako segurtasun arauak, baldin eta horrek istripua eragiten badu.

–Udalak ingurua zaintzeko eta bizilagunekiko errespetu eta bizikidetza egokirako ezartzen dituen jarraibideak ez betetzea.

–Kargatzeko puntuaren zerbitzuari iruzurrezko erabilera ematea.

–Ez identifikatzea arau-haustearen ustezko arduraduna, nahiz eta horretarako errekerimendua egin agintaritza agenteek.

–Urtebetean bi falta astun egiteagatik zehapena jaso izana.

11. artikulua. Zehapenak.

1. Ordenantza honen arau-hausteek zehapen hauek ezartzea ekarriko dute:

–Arau-hauste arinek 100 euroko isuna izanen dute zehapen.

–Arau-hauste astunek 200 euroko isuna izanen dute zehapen.

–Arau-hauste oso astunek 500 euroko isuna izanen dute zehapen, bai eta kargatzeko puntua hiru hilabetez erabiltzeko debekuaren zehapen osagarria ere.

2. Ordenantza honen arau-hausteen ziozko diruzko zehapenek indarreko legedian aurreikusitako murrizketak lor ditzakete.

12. artikulua. Erantzuleak.

Arau-haustea eragin duen jarreraren egilea izanen da horren gaineko arduraduna, eta, hala badagokio, ibilgailuaren titularra edo alokatzailea, eta, beraz, arau-haustearen arduraduna behar bezala identifikatu beharko dute.

Arau-haustea dakarten jarduerak hainbat pertsonaren artean egiten direnean, eta ezinezkoa denean zehaztea bakoitzak noraino hartu duen parte, guztiak izanen dira erantzule modu solidarioan, prozedura erkideari buruzko legedian ezarritakoari jarraikiz.

Era berean, kalteen erantzule solidarioak izanen dira pertsona fisiko edo juridikoak, baldin eta legezko betebeharra badute beste batzuek egin ditzaketen administrazioko arau-hausteei aurre hartzeko.

13. artikulua. Lehengoratzea eta kalte-ordaina.

Ordenantza honetan ezarritako jarrerengatik ezar daitezkeen zehapenak gorabehera, arau-hauslea behartuta egonen da, hala dagokionean, ondasunak lehen zuten egoerara itzultzera eta berritzera, eragindako kalte eta galeren ordaina emanez.

Horretarako, Udalak, zerbitzu tekniko eskudunen tasazioaren ondotik, konponketaren zenbatekoa erabakiko du, eta horren berri emanen dio arau-hausleari edo haren ordezkoari, ezarritako epean ordainketa egin dezan.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honen indarraldia hasiko da behin betiko onetsitakoan eta testu osoa argitaratutakoan Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta indarrean jarraituko du harik eta Galarko Udalak erabaki arte indargabetzea edo berariaz aldatzea.

TARIFEN ERANSKINA

Bide publikoko ibilgailuen karga erdi lasterraren zerbitzuko tasak (BEZa barne)

Ibilgailu elektrikoen karga lasterraren zerbitzuaren zenbatekoa ezartzen da oinarri harturik kargatze puntutik zerbitzua jasotzen duen ibilgailu elektrikora benetan igarotako energiaaren n unitateko prezioa.

Karga zerbitzua: 0,30 euro/kW.

Iragarkiaren kodea: L2410860