Iragarkia
169. ALDIZKARIA - 2024ko abuztuaren 20a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
122C/2024 EBAZPENA, uztailaren 5ekoa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez erabakitzen baita erregistratu, gordailutu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea Grupo Fromageries Bel España SL enpresaren Iraizozko lantokirako hitzarmen kolektiboa.
Ikusirik Grupo Fromageries Bel España SL enpresak aurkeztu duen hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31007952012000), zeina erregistro honetan sartu baitzen 2024ko ekainaren 20an, eta enpresaren ordezkariek eta sindikatuen ordezkariek 2024ko ekainaren 7an izenpetu baitzuten.
Bat etorriz Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onetsi zuen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta Hitzarmen kolektiboak, lan akordio kolektiboak eta berdintasun planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoarekin,
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehena.–Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzea Grupo Fromageries Bel España SL enpresak Iraizozko lantokirako aurkeztutako hitzarmen kolektiboa (kode zenbakia: 31007952012000).
Bigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, orok jakin dezan.
Hirugarrena.–Ebazpen hau eskatzaileari jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpenak ez diola amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal diola Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Iruñean, 2024ko uztailaren 5ean.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.
GRUPO FROMAGERIES BEL ESPAÑA SL ENPRESAREN HITZARMEN KOLEKTIBOA IRAIZOZKO LANTOKIRAKO
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Aplikaziorako funtzio eta lurralde eremua.
Hitzarmen honen bidez Iraizozko (Nafarroa) Grupo Fromageries Bel España SLren produkzio zentroko lan harremanak arautuko dira.
2. artikulua. Langileriari dagokion aplikazio eremua.
Hitzarmenak plantillako langile finko guztiengan du eragina, eta haien kategoriak eta soldata mailak enpresan aplikatzen diren soldata tauletan ageri dira. Iraupen jakin bateko lan kontratua duten langileak beren lan kontratuko baldintza partikularren arabera arautuko dira; gainerakoan, testu hau aplikatuko da eta, subsidiario gisa, gainontzeko lege edo erregelamendu xedapenak.
3. artikulua. Iraunaldia.
Hitzarmen honek sinatzen den egunean hartuko du indarra, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den eguna edozein dela ere. Hala ere, ondorio ekonomikoak atzera eramanen dira 2023ko urtarrilaren 1era arte. Bi urteko indarraldia izanen du, 2023ko urtarrilaren 1etik 2025eko abenduaren 31ra arte, eta sinatzen den egunetik automatikoki salatutzat jotzen da, Langileen Estatutuaren 85.3 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.
Edonola ere, Langileen Estatutuaren 86.3 artikuluan arautuarekin bat, hitzarmenak indarrean eta aplikagarri jarraituko du hitzarmen berri batek ordeztu arte.
4. artikulua. Konpentsazioa.
Hitzarmen honetan adostutako baldintza ekonomikoek eta lanekoek, orokorrean hartuta, lantokian aplikatzen direnak konpentsatzen eta ordezten dituzte.
5. artikulua. Irenspena.
Hemen ituntzen diren kontzeptuak aldatu edo handitzen dituzten xedapen edo ebazpen guztiek eragina izanen dute, baldin eta urteko kopuruan hitzarmen honen kontzeptu guztien urteko guztirakoa gainditzen badute. Horrela izan ezik, hitzarmen honen barnean irentsitzat joko dira.
6. artikulua. Arau subsidiarioak.
Hitzarmen honetan arautu ez diren gaietan Esne eta Esneki Industrien Estatuko Hitzarmen Kolektiboan xedatutakoari jarraituko zaio, eta hitzarmen horretan araurik izan ezean, Langileen Estatutuan eta hura garatzen duen araudian xedatutakoari.
Eta gainera, alderdi sinatzaileek hitzarmen honi erantsi diote Esne eta Esneki Industrien Estatuko Hitzarmen Kolektiboaren 52. artikuluko bigarren paragrafoa –edo etorkizunean hura ordezten duena–, Langileen Estatutuaren 15.2 artikuluan araututako behin-behineko kontratuaren gehieneko iraupenari dagokiona.
7. artikulua. Osotasunari lotzea.
Itundutako baldintzek osotasun organiko eta zatiezina osatzen dute eta, bi alderdiek adierazten dutenez, hitzartutakoari eginiko loturek itundutako osotasunarekiko konpromiso izaera dute.
8. artikulua. Batzorde paritarioa.
Hitzarmenaren Interpretazio Batzorde Paritarioa eratzen da, baita Langileen Estatutuaren 85.3.e) artikuluan jasotako arazoetarako ere; langileen aldeko bi kidek eta enpresaren aldeko beste bik osatuko dute, hitzarmen hau sinatzen duten pertsonen artetik.
Batzorde horrek alderdietako edozeinek eskatuta eginen du bilera, desadostasunak izaten direnean (banakakoak edo kolektiboak), hitzarmen honen nahiz Langileen Estatutuaren 85.3.c) artikuluan araututako gainerako gaien interpretazioaren edo betetzearen gainean. Gutxienez zazpi egun lehenago jakinaraziko da, eta arazoak konpontzeko gehienez ere zazpi eguneko epea izanen du.
Eskaera formala izateko, hitzarmena sinatu duten alderdietako baten kide guztien sinadurak bildu beharko dira. Planteatzen diren auziak bi alderdiak adostuta ebatziko dira. Bestela, lan erakundeetara eramaten ahalko dira.
Gatazka kolektiborik sortzen bada hitzarmenaren interpretazioari edo aplikazioari buruz, batzorde paritarioak esku hartu beharko du gatazka organo judizial eskudunaren aurrean formalki planteatu aurretik.
9. artikulua. Lan baldintzak ez aplikatzea.
Hitzarmen honetan ezarritako lan baldintzak ez aplikatzeko, ondoko prozedurari jarraituko zaio honako arlo hauetan: lanaldia, ordutegia eta laneko denboraren banaketa, txandakako lanaren araubidea, ordainsariaren sistema eta soldataren zenbatekoa, lan sistema eta errendimendua, Langileen Estatutuaren 39. artikuluak mugikortasun funtzionalerako ezartzen dituen mugak gainditzen dituzten eginkizunak eta gizarte segurantzaren babes-jardunaren borondatezko hobekuntzak, arrazoi ekonomikoak, teknikoak, antolakuntzakoak edo produkziokoak direla eta.
1. Enpresak kontsultaldia irekiko du, 15 egunekoa, gai hauek aztertzeko: enpresak hartutako erabakia dakarten arrazoiak eta haren ondorioak saihesteko edo murrizteko aukera, bai eta ukitutako langileek jasan behar dituzten ondorioak leuntzeko neurriak ere. Epe berean emanen zaio aditzera hitzarmenaren batzorde paritarioari, eta langileen legezko ordezkaritzari egindako idazkiaren kopia erantsiko zaio.
Kontsultaldian, alderdiek fede onez negoziatu beharko dute, akordio bat lortzeko helburuarekin. Akordio horretarako, beharrezkoa izanen da batzordeko kide gehienen, langileen ordezkarien adostasuna. Enpresaren eta langileen ordezkaritzaren artean ezarritako kontsultaldian garatzen diren negoziazioetan akordiorik izanez gero, horren berri eman beharko zaio batzorde paritarioari.
2. Adostasunik ez bada, kontsultaldia bukatutakoan, alderdietako edozeinek jar dezake desadostasuna hitzarmenaren batzorde paritarioaren mende, eta horrek, gehienez ere, zazpi eguneko epea izanen du erabakitzeko, desadostasuna planteatzen zaionetik.
3. Kontsultaldia akordiorik gabe bukatu eta desadostasunak jarraitzen badu, Langileen Estatutuaren 82.3 artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.
II. KAPITULUA.–BALDINTZA EKONOMIKOAK
10. artikulua. Soldatak.
2023., 2024. eta 2025. urteetarako soldata igoera hauek adostu dira:
1. 2023. urtea:
Soldata taulek, 2023. urterako, estatuko 2023ko KPI errealaren araberako soldata igoera izanen dute, 2022ko abenduaren 31ko aplikazio-taulen gainean.
Salbuespenez, 2023. urterako, mantentze-lanetako 3. mailako ofizialen kategorian, soldata taulak %20ko igoera izanen du, 2022ko abenduaren 31ko aplikazio-taularen gainean.
2. 2024. urtea:
Soldata taulek, 2024. urterako, estatuko 2024ko KPI erreala gehi 0,20 puntuko soldata igoera izanen dute, 2023ko abenduaren 31ko aplikazio-taulen gainean.
Hala ere, alderdiek hitzartu dute ezen, 2024ko estatuko KPI erreala negatiboa bada %0,20tik gorako ehuneko batean, ez dela soldata berrikuspenik egin beharko, eta soldatak 2023ko abenduaren 31n indarrean zeudenak izanen direla.
3. 2025. urtea:
Soldata taulek, 2025. urterako, estatuko 2025eko KPI erreala gehi 0,40 puntuko soldata igoera izanen dute, 2024ko abenduaren 31ko aplikazio-taulen gainean.
Hala ere, alderdiek hitzartu dute ezen, 2025eko estatuko KPI erreala negatiboa bada %0,40tik gorako ehuneko batean, ez dela soldata berrikuspenik egin beharko, eta soldatak 2024ko abenduaren 31n indarrean zeudenak izanen direla.
11. artikulua. Antzinatasuna.
Langile orok eskubidea du antzinatasuneko osagarria kobratzeko, kategoria bakoitzari dagokion oinarrizko soldataren gainean, era honetan:
–Hirurteko bat: %3.
–Bosturteko bat: %5.
–Zortziurteko bat: %8.
–Bi bosturteko: %15.
–Hiru bosturteko: %20.
–Lau bosturteko: %25.
–Bost bosturteko: %30.
Eta horrela hurrengoetan ere, %5 gehituz bosturteko bakoitzean.
Enpresan zer hilabetetan sartzen den, hartatik aurrera hasiko da osagarri hau sorrarazten. Antzinatasun ehunekoak kalkulatzeko erreferentziako oinarrizko soldata izanen da 2022ko abenduaren 31n indarra zuten zenbatekoei dagokiena.
Igoera hauek izanen ditu antzinatasunaren kontzeptua kalkulatzeko erreferentziako oinarrizko soldatak:
1. 2023. urtea:
Antzinatasuneko osagarriak, 2023. urterako, estatuko 2023ko KPI errealaren araberako soldata igoera izanen du, 2022ko abenduaren 31ko aplikazio-taulen gainean.
2. 2024. urtea.
Antzinatasuneko osagarriak, 2024. urterako, estatuko 2024ko KPI erreala gehi 0,20 puntuko soldata igoera izanen du, 2023ko abenduaren 31ko aplikazio-taulen gainean.
Hala ere, alderdiek hitzartu dute ezen, 2024ko estatuko KPI erreala negatiboa bada %0,20tik gorako ehuneko batean, ez dela soldata berrikuspenik egin beharko, eta soldatak 2023ko abenduaren 31n indarrean zeudenak izanen direla.
3. 2025. urtea.
Antzinatasuneko osagarriak, 2025. urterako, estatuko 2025eko KPI erreala gehi 0,40 puntuko soldata igoera izanen du, 2024ko abenduaren 31ko aplikazio-taulen gainean.
Hala ere, alderdiek hitzartu dute ezen, 2024ko estatuko KPI erreala negatiboa bada %0,40tik gorako ehuneko batean, ez dela soldata berrikuspenik egin beharko, eta soldatak 2024ko abenduaren 31n indarrean zeudenak izanen direla.
12. artikulua. Hilabetetik gorako aldizkako epemuga duten sortzapenak.
Urtean hiru ordainsari izanen dira, hauek hain zuzen:
–Mozkinen ordainsaria: urteko lehen hiruhilekoan ordainduko da, eta 30 eguneko oinarrizko soldata izanen da, bakoitzari dagokion antzinatasun-saria gehituta.
–Uztaileko aparteko ordainsaria: 30 eguneko soldata gordina, bakoitzari dagokion antzinatasun-saria gehituta. Ordainsari hau ekaineko nominarekin batera ordainduko da.
–Abenduko aparteko ordainsaria: 30 eguneko soldata gordina, bakoitzari dagokion antzinatasun-saria gehituta.
Enpresan urte barrenean hasten diren langileek edo urte horretan enpresa uzten dutenek ordainsari horiek jasoko dituzte, baina lan egindako denboraren arabera hainbanatuta. Horretarako, hilabetearen zatia hilabete osoa bezala kontatuko da.
Eritasun, istripu edo amatasun bajan izandako langileek bakoitzari dagokion neurrian kobratuko dituzte ordainsari horiek, lanean aritu izan balira bezala.
13. artikulua. Goragoko kategoriako lanak.
Zerbitzu beharrak direla-eta, pertsona batek goragoko kategoriako lanak egiten baditu edo horrelakoak egitera aldatzen badute, honela ordainduko zaio:
–Eginkizun horietan 15 egun edo gutxiago arituz gero, goragoko kategoriari dagokion soldatarekiko aldea, 15 egunekoa, kobratuko du langileak.
–Eginkizun horietan 15 egunetik 30era bitarte arituz gero, 30 eguneko soldata aldea ordainduko zaio langileari.
Kontroleko "parte" bat eginen da, goragoko kategoriako lanak egunero erregistratuko dituena.
Enpresako zuzendaritzak eta langileen ordezkariek goragoko kategoriako lanak erregulatuko dituzten arauak aztertzeko eta osatzeko konpromisoa hartu dute, bai eta maila igoerak ere, hitzarmena bukatu ondoren.
14. artikulua. Aparteko orduak.
Hitzarmen honetan finkatutako lanaldi arruntaren gehieneko iraupenaren gainetik egiten diren lanorduak aparteko ordutzat joko dira.
Hauxe da kategoria bakoitzeko ordu arruntaren eta antzinatasunaren zenbateko unitarioaren gaineko igoera:
–Ordu arruntak: %75.
–22:00etatik 24:00ak arte: %100.
–Jaiegunetako orduak eta gaueko gainerakoak: %150.
Hitzarmena izenpetzen den egunetik hasita, Langileen Estatutuaren 35.5 artikuluan xedatutakoa betetzea erabaki da, eta aparteko orduen jarraipena eginen duen batzordea sortuko da, zeinaren eginbeharra izanen baita ordu horien kalifikazioa (ezinbestekoak ala ohikoak) aztertzea, bai eta zergatiak eta kontratazio baten bidez ordezteko aukerak ere aztertzea.
15. artikulua. Goizeko 6ak baino lehenagoko plusa edo 22ak baino lehenagokoa.
"Goizeko 6ak baino lehenagoko plusa edo 22ak baino lehenagokoa" izeneko plusa ordainduko zaio instalazioak martxan jartzeko edo fabrikazio prozesuak hasteko lana gauez, 06:00ak baino lehen, edo jaiegunez, 22:00ak baino lehen, egiten duen langile orori, ordu edo zatiki bakoitzeko.
2023., 2024. eta 2025. urteetarako, plus horren zenbatekoa, lanbide-kategoria bakoitzerako, honela kalkulatuko da:
Eguneko soldata (= eguneko oinarrizko soldata + eguneko soldata-osagarria +
eguneko antzinatasun-saria) x %30
Lanaldiaren batez besteko orduak (6,272 2023an, 6,264 2024an eta 6,257 2025ean).
16. artikulua. Gaueko txandaren plusa.
Gaueko txandan 22:00etatik 06:00ak arte zerbitzuak egiten dituzten langileei, ordu tarte horretan lan egindako gau bakoitzeko, akordio hau sinatzean indarra duen kopurua ordainduko zaie, alegia, 35,44 euro, 2001eko martxoaren 13ko akordioan jasotako moduan. Kopuru hori honela igoko da:
1. 2023. urtea:
Soldata-osagarriak, 2023. urterako, estatuko 2023ko KPI errealaren araberako soldata igoera izanen du, 2022ko abenduaren 31ko aplikazio-taulen gainean.
2. 2024. urtea:
Soldata-osagarriak, 2024. urterako, estatuko 2024ko KPI erreala gehi 0,20 puntuko soldata igoera izanen du, 2023ko abenduaren 31ko aplikazio-taulen gainean.
Hala ere, alderdiek hitzartu dute ezen, 2024ko estatuko KPI erreala negatiboa bada %0,20tik gorako ehuneko batean, ez dela soldata berrikuspenik egin beharko, eta soldatak 2023ko abenduaren 31n indarrean zeudenak izanen direla.
3. 2025. urtea:
Soldata-osagarriak, 2025. urterako, estatuko 2025eko KPI erreala gehi 0,40 puntuko soldata igoera izanen du, 2024ko abenduaren 31ko aplikazio-taulen gainean.
Hala ere, alderdiek hitzartu dute ezen, 2025eko estatuko KPI erreala negatiboa bada %0,40tik gorako ehuneko batean, ez dela soldata berrikuspenik egin beharko, eta soldatak 2024ko abenduaren 31n indarrean zeudenak izanen direla.
Soldata kontzeptu hori ez da sartuko oporren ordainsarian.
III. KAPITULUA.–LAN BALDINTZAK
17. artikulua. Lanaldia.
Hitzarmen honek ukitutako langileen urteko lanaldia honako hau izanen da, hitzarmenaren indarraldiko urte bakoitzerako:
–2023. urtea: 1.714 lanordu urtean, benetako lanekoak, gehi ogitartekorako hamabost minutuko geldialdia lanegun bakoitzean; geldialdi hori presentzia denboratzat hartuko da eta, beraz, ez da ordainduko.
–2024. urtea: 1.712 lanordu urtean, benetako lanekoak, gehi ogitartekorako hamabost minutuko geldialdia lanegun bakoitzean; geldialdi hori presentzia denboratzat hartuko da eta, beraz, ez da ordainduko.
–2025. urtea: 1.710 lanordu urtean, benetako lanekoak, gehi ogitartekorako hamabost minutuko geldialdia lanegun bakoitzean; geldialdi hori presentzia denboratzat hartuko da eta, beraz, ez da ordainduko.
Produkzioko langileek bi geldialdi izanen dituzte egunean, 10 minutukoak; denbora hori benetako lan denboratzat hartuko da eta, beraz, ordaindua izanen da.
Geldialdi horiek ez dira aurreko paragrafoetan aipatutako ogitartekorako hamabost minutuko geldialdia berak.
Lanaldi partzialeko edo lanaldi murriztuko produkzioko langileek ere geldialdi horiek izanen dituzte, baina beren benetako lanaldiaren proportzioan.
Hitzarmen honen indarraldiko urte bakoitzeko lan egutegia taxuturik, "egutegia doitzeko ordu-poltsa" bat ezarriko da; horiek hartzeko, opor egunei gehitzen ahalko zaizkie.
Era berean, doikuntzako ordu horiek urte naturalaren barrenean hartu beharko dira; hortaz, urteko abenduaren 31rako hartu ezean, iraungitzat joko dira ondorio guztietarako.
Espresuki ezarri da lanaldi partzialeko edo lanaldi murriztuko lan-kontratudunek ere doikuntzako ordu horiek izanen dituztela, beren lanaldiaren proportzioan.
18. artikulua. Lanaldi irregularra.
Enpresak merkatuan duen lehia-posizioa hobetzeko neurri gisa, eta eskariari erantzun hobea emate aldera, adostu da lanaldiaren ehuneko zazpia modu irregularrean banatzen ahalko dela hitzarmenaren indarraldiko urteetan, gure produkzio-ahalmena handitzeko, bat etorriz Langileen Estatutuaren 34.2 artikuluan ezarritakoarekin.
Banaketa irregular hori aplikatzeko, egun bat gehituko zaio asteko lanaldiari zerbitzuak emateko: larunbata, alegia, eta lan txanda guztietan.
Ukitutako langileei eta enpresa batzordeari eman beharko zaie lanaldi irregular hori ezarri eta erabiltzearen berri 7 egun natural lehenago, gutxienez ere.
2023., 2024. eta 2025. urteetan lan egindako larunbat bakoitza, sistema hau aplikatuta, atseden egun batez konpentsatuko da, eta konpentsazio ekonomiko gehigarri bat emanen da eguneko, 20 eurokoa, hitzarmenaren indarraldiko bi urteetako bakoitzean lan egindako bosgarren larunbatetik aurrera.
Sistema horretan lan egindako larunbat bakoitzaren konpentsazioa hamabi hilabeteko epean egin beharko da.
19. artikulua. Oporrak.
Langile guztiek 175,5 orduko (22,5 lanegun) oporretarako eskubidea izanen dute urtean, edo urtetik beherako lanaldia izanez gero, dagokion zati proportzionalerako. Horretarako erreferentzia izanen da urtarrilean hasi eta abenduaren 31n bukatutako urtea.
Enpresan aplikatzen diren soldata tauletan aurreikusitako sortzapen finkoak dira egun horiei dagokien ordainsaria.
Oporrak hartzeko arauak gaur egun lantoki honetan indarra duen sisteman oinarritzen dira.
Oporrak zenbatzeko moduari dagokionez, oporraldia bukaturik, inork ez du izanen ordu gehiago edo gutxiago eginak lanean 2023rako ezarritako 1.714 orduak baino, 2024rako ezarritako 1.712 orduak baino, eta 2025erako ezarritako 1.710 orduak baino. Langile bakoitzarekin adosten den moduan konpentsatuko dira gehiegizko edo gutxiegizko aldeak.
20. artikulua. Baimen ordainduak.
Langileek, aurretik abisatu eta justifikatuta, baimena dute lanera ez agertzeko, ordaindua izateko eskubidearekin, arrazoi hauetako bat dela medio:
1. Ezkontzeagatik edo izatezko bikoteen erregistroan inskribatzeagatik, 15 lanegun.
Langileak bere oporren kontura egunak metatzeko eskaera egin dezake, 10 lanegunera bitarte.
2. Seme-alabak jaiotzeagatik, 4 egun natural.
3. Heriotzagatik:
a) Ezkontidearen edo ondorengoen heriotzagatik, 6 egun natural.
b) Gurasoen edo aitaginarreba-amaginarreben heriotzagatik, 3 egun natural.
c) Anai-arreben edo ezkontidearen anai-arreben heriotzagatik, 2 egun natural.
d) Aitona-amonen, ezkontidearen aitona-amonen, biloben edo ezkontidearen biloben heriotzagatik, 2 egun natural.
Horien heriotza 200 kilometrora edo urrunago gertatzen bada eta horregatik langileak bidaia egin beharra baldin badu, baimen hori bi egun luzatuko da.
4. Ezkontidearen, izatezko bikotekidearen edo bigarren gradura arteko odol edo ezkontza ahaidetasuneko ahaideen (izatezko bikotekidearen ahaide odolkidea barne) istripu edo eritasun larriagatik, ospitalizazioagatik edo ospitalizaziorik gabe etxean atseden hartzea eskatzen duen ebakuntza kirurgikoagatik, bai eta aurrekoak ez bezalako beste edozein pertsonarengatik ere, langilearekin etxe berean bizi bada eta hura benetan zaindu behar badu: 5 lanegun.
Horien eritasuna edo ospitalizazioa 200 kilometrora edo urrunago gertatzen bada eta horregatik langileak bidaia egin beharra baldin badu, baimen hori bi egun luzatuko da.
Egoera bat "LARRIA" dela kalifikatu ahal izateko, irizpide hauei jarraituko zaie:
1. Edo fakultatiboak horrela adieraztea eta ziurtatzea.
2. Edo klinikan sartzean horrela dela adieraztea.
Hala ere, ospitalizazioen kasuan, baimenaren egunek ezin izanen dute gainditu ospitalizazioaren iraupena, eta ospitalizaziorik gabeko ebakuntza kirurgikoen kasuan, etxeko atsedenaren iraupena.
Baldin bi langilek pertsona berari dagokionez sortzen badute baimena izateko eskubidea ospitalizaziorik gabe etxean atseden hartzea eskatzen duen ebakuntza kirurgikoagatik, horietako bakarrak izaten ahalko du baimen hori.
Honako hauek hartzen dira ahaidetzat:
–Lehen mailakoak:
- Odol bidezkoak: gurasoak eta seme-alabak.
- Ezkontza bidezkoak: aitaginarreba-amaginarrebak eta semearen edo alabaren ezkontidea.
–Bigarren mailakoak:
- Odol bidezkoak: anai-arrebak, aitona-amonak eta bilobak.
- Ezkontza bidezkoak: ezkontidearen anai-arrebak, ezkontidearen aitona-amonak eta ezkontidearen bilobak.
5. Beste kasu batzuk:
a) Gurasoen, ondorengoen, anai-arreben, ezkontidearen anai-arreben eta biloben ezkontzagatik, 1 egun natural.
b) Ohiko bizilekuaz aldatzeagatik, 1 egun natural.
c) Nahitaezko eginbehar publiko eta pertsonal bat betetzeagatik, behar-beharrezkoa den denbora.
d) Osasun laguntza jasotzeagatik, behar-beharrezkoa den denbora.
e) Hitzarmen kolektiboa negoziatzen den urteetan, batzarretan parte hartzeagatik, 1,5 ordu.
f) Kudeaketa pertsonaletarako behar den denbora, gehienez 20 ordu urtean, kasu hauetan:
1.–Epaiketako ekitaldi batera borondatez joateko, agertzeko betebeharrik gabe, ordezkari bat izendatuta edukitzeagatik.
2.–Langileek 16 urtetik beherako seme-alabak osasun kontsultara eramateko.
Bi ezkontideek lantoki honetan lan egiten badute, horietako edozeinek izanen du baimena.
3.–Gidabaimena ateratzeko azterketa egitera joateko.
4.–Notario-zitazioa, beste batzuekin batera. Ezinbestekoa da baimena ematea dakarren egoera langilearen lanaldiaren barnean izatea.
Enpresako zuzendaritza prest dago sor daitezkeen kasu bereziak aztertzeko, aurreko zerrendan agertu ez arren.
6. Enpresa batzordeko kideek 15 orduko kreditua izanen dute hilean, ordainduak, beren ordezkaritza lanetan erabiltzeko. Hala ere, aukera ematen da batzordeko kideen orduak kide baten edo batzuen esku uzteko, enpresa batzordeak hilabete lehenago eskatuta.
Artikulu honetako 2., 3., 4. eta 5. epigrafeetan "ezkontidea" aipatzen den guztietan, barne hartzen da, orobat, langilearekin bikotekide egonkor gisa bizi den pertsona, gutxienez urtebete lehenagotik elkarrekin bizi badira, eta betiere bizilekua duten herriko udalaren ziurtagiriaren bidez frogatzen badute.
7. Jaio aurreko azterketak egiteko eta erditzea prestatzeko tekniketan trebatzeko, adopzioaren, harreraren edo adoptatzeko egiten den zaintzaren kasuetan, informazio eta prestakuntza saioetara joateko eta egokitasun deklarazioaren aurreko txosten psikologiko eta sozialak egiteko, behar-beharrezkoa den denbora, betiere lanorduetan egin behar badira.
21. artikulua. Bularra ematea.
Langileen Estatutuaren 37.4 artikuluan ezarritakoarekin bat, emakume langileek bularra emateko baimena lanaldi osotan metatzen ahalko dute. Metaketa-egunen kopurua kasu bakoitzean dagokiona izanen da, metaketaren zenbaketarako erreferentziatzat hartuz ordu bat benetako lanegun bakoitzeko, kontuan izanik langileak ustez egin beharko lituzkeen lanegunak jaiotzagatik kontratua eteten zaionetik adingabeak bederatzi hilabete egin bitarte.
22. artikulua. Eszedentziak.
Langileek gehienez hiru urteko eszedentzia hartzeko eskubidea izanen dute beren kargura dagoen adingabe bakoitza zaintzeko, norberak izandakoa edo adoptatua izan, nahiz eta behin betiko harrerako moduan edo adopzio-aurreko egoeran hartu, aldi baterako izan ala ez, umearen jaiotegunetik edo epaileen edo administrazioaren ebazpenaren egunetik zenbatzen hasita.
Langileek eszedentziarako eskubidea ere izanen dute, halaber, istripu edo eritasun baten ondorioz edo desgaitasunagatik bere kasa moldatzeko gauza ez den eta lan ordaindurik egiten ez duen ahaideren bat –odol edo ezkontza bidezko bigarren mailara artekoa– zaindu behar duten langileek. Gehienez ere hiru urtekoa izanen da.
Hiru urte horietan lanpostua erreserbatua izanen dute.
23. artikulua. Lanaldi murriztua duten langileak.
Langileen Estatutuaren 37.5, 37.6 eta 37.7 artikuluaren babesean, lanaldia murriztea eskatzen duten langileek, antolaketa arrazoiak direla-eta, beren lan araubidean segituko dute (txandak), baina lanaldia hasieran edo bukaeran murriztuta.
IV. KAPITULUA.–BESTE BALDINTZA SOZIOEKONOMIKO BATZUK
24. artikulua. Ordainsaria, laneko istripuaren ondoriozko aldi baterako ezintasun kasuan.
Lan istripuaren ondoriozko aldi baterako ezintasun kasuan, benetako soldataren eta ugazaben mutualitateak erregelamenduz ematen duen prestazioaren arteko aldea ordainduko du enpresak, istripuaren lehen egunetik hasita. Onura horiek aldi baterako ezintasun egoeraren gehienezko iraunaldian jasoko dira (gaur egun hemezortzi hilabete), non eta langilea ez den behin-behineko baliaezintasunera igarotzen edo ezintasun iraunkorrerako proposatzen ez duten.
25. artikulua. Ordainsaria, eritasun arruntaren edo lanetik kanpoko istripuaren ondoriozko aldi baterako ezintasun kasuan.
Eritasun arruntaren edo lanetik kanpoko istripuaren ondoriozko aldi baterako ezintasun kasuan, langilearen kategoriari dagokion soldataren (I. eranskina) eta Gizarte Segurantzak erregelamenduz ematen duen prestazioaren arteko aldea ordainduko du enpresak, laneko bajaren lehenbiziko egunetik hasita.
Hobekuntza horretarako baldintza da lantokiko absentismo indizeak, kontzeptu guztietan, ez dezala ehuneko lau eta erdia gainditu (%4,5), baja hartu aurreko hamabi hilabeteetan metatua.
Aipatutako %4,5 hori gainditzen bada, artikulu honetako aldi baterako ezintasun egoeran dauden guztiek enpresaren kargurako osagarria kobratzeari utziko diote, ehuneko hori gainditu dela egiaztatzen den hiletik beretik hasita, harik eta metatutako indizea %4,5etik jaitsi arte, ordutik aurrera hasiko baitira osagarria berriro kobratzen.
%4,5 horren kalkulurako plantilla osoa hartuko da kontuan, salbuespenik gabe.
Enpresak ahalmena du berak izendatutako medikuak azter dezan eria, bai kontsultan bai eriaren etxean, beharrezkotzat jotzen duen aldiro.
Absentismo tasa nabarmen gehitu denez gero, bi alderdiak ohartu dira horren gaineko azterketak, analisiak eta neurri zuzentzaileak hartu beharra dagoela, gehiegikeriak saihesteko.
Alde horretatik, elkarrekin lan egiteko borondatea adierazi dute, eta horretarako gai horretan espezializatuta dauden entitateen laguntza izaten ahal dute.
–Absentismoa kalkulatzeko modua.
Absentismo indizea = absentismo orduak x 100
Aurrekontu barreneko orduak.
Aurrekontu barreneko orduak = Lan egin beharreko lanegunak x langileak x eguneko ordu kopurua
Indizea kalkulatzerakoan eritasun arruntaren edo lanetik kanpoko istripuaren ondoriozko aldi baterako ezintasun kasuko orduak bakarrik joko dira "absentismo ordutzat", honako hauek salbuetsiz: jaiotzagatiko eta adingabearen zaintzagatiko bajak, ospitalizazioko egunak eta sei hilabetetik gorako eritasunen eta lanetik kanpoko istripuen bajak, zazpigarren hilabetetik hasita (6 hilabete + egun bat).
Jaiotzagatiko eta adingabearen zaintzagatiko bajak eta hirurogei egunetik gorakoak (azken horiek 61. egunetik hasita) lehenengo paragrafoan adierazitako %100 kobratuko dute, absentismoaren indizea edozein dela ere.
Osagarri sisteman ondoren zehazten den salbuespena ezarri da, artikulu honetan azaldutako absentismo indizeak baldintzatua:
Eritasun arruntaren edo lanetik kanpoko istripuaren ondoriozko aldi baterako ezintasun egoeran dagoen langile batek ez badu baja prozesurik izan aldi baterako ezintasuna hasi aurreko hamabi hilabeteetan, bere kategoriari dagokion soldataren (1. eranskina) eta Gizarte Segurantzak erregelamenduz ematen duen prestazioaren arteko aldea kobratuko du laneko bajako lehenbiziko egunetik hasita, edozein dela ere une horretako absentismoaren indize orokorra.
Era berean, eritasun arruntaren edo lanetik kanpoko istripuaren ondoriozko aldi baterako ezintasun egoeran dagoen langile batek ez badu baja prozesurik izan aldi baterako ezintasuna hasi aurreko bederatzi hilabeteetan, bere kategoriari dagokion soldataren (1. eranskina) eta Gizarte Segurantzak erregelamenduz ematen duen prestazioaren arteko aldea kobratuko du laneko bajako lehenbiziko egunetik hasita, baja hasten den hilabetean absentismoaren indize orokorrak %9 gainditzen ez badu.
Langilea bajan egon ez den hamabi edo bederatzi hilabeteen aldiak kalkulatzeko, aurreko baja bukatu zen egunean hasiko da zenbaketa.
Enpresak zorrotz kontrolatuko ditu iruzurrezko bajak, kasu bakoitzean egokitzen diren ondorioekin.
26. artikulua. Eskolarako laguntza.
Eskolako adinean dauden seme-alaben ikasketak direla-eta langileek izan ohi dituzten kargak arintzearren, 2023rako 43.61 euroko laguntza ezarri da, hilero kobratuko dena, hasi irailean eta ekainera bitarte, biak barne, langile bakoitzarentzat eta eskolara joaten den 4 urtetik 16ra arteko ondorengo bakoitzeko.
2024rako eta hurrengo urteetarako, zenbateko hori eguneratuko da aurreko urteko estatuko KPI errealaren ehunekoaren arabera.
Laguntza hori ikasturte naturala hasten denetik (irailetik) aurrera kobratuko da, baldin eta seme-alabak lau urtetik hamaseira artekoak badira. Hori guztia, eskolatzea egiazkoa bada eta zuzendaritzaren iritziz beharrezkoak diren frogagiriak aurkeztu ondoren.
Bi gurasoek enpresan lan egiten badute, batek bakarrik eskuratuko du laguntza.
27. artikulua. Desgaitasuna duten edo Down-en sindromea duten ondorengoentzako laguntza.
2023. urterako 111,44 euroko dirulaguntza ezarri da, ondorengoak egoera horretan dituzten langileentzat, ondorengo horiek familiari dakarzkioten karga ekonomikoak arintzeko.
2024rako eta hurrengo urteetarako, zenbateko hori eguneratuko da aurreko urteko estatuko KPI errealaren ehunekoaren arabera.
Ondorio horietarako, desgaitasuna dagoela onartuko da erakunde eskudunek horrela aitortu badute.
Laguntza izateko nahitaezkoa izanen da desgaitasuna duen pertsonak lan ordaindurik ez egitea, bere egoeragatik inolako pentsiorik ez jasotzea, eta guztiz edo dohainik erakunde batek bere baitan onartua ez egotea.
Laguntza hori sorraraziko da enpresarentzat inguruabar guztiak egiaztatzen diren unetik aurrera. Bi gurasoek enpresan lan egiten badute, batek bakarrik eskuratuko du laguntza.
Enpresa batzordeak eta zuzendaritzak hitzeman dute artikulu honetan aurreikusitakotik bazter gera daitezkeen kasuak banan-banan aztertuko dituztela.
28. artikulua. Bizi-asegurua.
Enpresak, bat etorriz Esne eta Esneki Industrien Estatuko Hitzarmen Kolektiboaren 30. araututakoarekin bat, bizi-aseguru bat itundu du langileentzat, honako kontingentzia hauek estaltzeko, gutxienez:
–Istripu baten ondoriozko heriotza edo ezintasun iraunkor oso edo absolutua edo baliaezintasun handia: 30.000 euro.
–Gaixotasun arrunt baten ondoriozko heriotza edo ezintasun iraunkor oso edo absolutua edo baliaezintasun handia: 24.000 euro.
–Ehorzketa gastuak: 3.000 euro.
–Laguntza gastuak: Esne eta Esneki Industrien Estatuko Hitzarmen Kolektiboaren I. eranskinean adierazitako moduan.
Hala ere, estaldura hori hobetu eginen da, honako gehieneko zenbateko hauetara iritsi arte, hala behar bada, langileek aipatzen diren baldintzak betetzen badituzte:
–5 urtetik 10era bitarteko antzinatasuna: hileko ordainsaria halako lau gehi 3.065 euro gaixotasunagatik edo 6.130 euro istripuagatik.
–10 urtetik 15era bitarteko antzinatasuna: hileko ordainsaria halako zazpi gehi 3.065 euro gaixotasunagatik edo 6.130 euro istripuagatik.
–15 urtetik 20ra bitarteko antzinatasuna: hileko ordainsaria halako zortzi gehi 3.065 euro gaixotasunagatik edo 6.130 euro istripuagatik.
–20 urtetik gorako antzinatasuna: hileko ordainsaria halako hamar gehi 3.065 euro gaixotasunagatik edo 6.130 euro istripuagatik.
Lehen adierazitakoaren ondorioetarako, honako hau ohartarazi behar da: hobekuntza hori eginen da, bakar-bakarrik, goian aipatutako hileko ordainsarien zenbatekoak lortzen ez badira Estatuko Hitzarmenaren 30. artikuluan zerrendatutako kopuruen bidez; izan ere, zenbateko horiek lortuz gero, Estatuko Hitzarmenaren 30. artikuluan zerrendatutako kopuruak baino ez dira jasoko.
Lehen aipaturiko hileko ordainsarien zenbatekoa izanen da enpresa behin betiko uzten denean indarrean dena, langilearen soldata mailaren arabera.
Gatazkak saihestu eta prebenitzeko, hileko ordainsariaren kontzeptua honela zehazten da, artikulu honetan jasotako ondorioetarako: gaur egun arte aplikatu den bezala, oinarrizko soldata, soldata-osagarria eta antzinatasun-saria jasotzen ditu bakarrik, aparteko ordainsarien zati proportzionala sartu gabe.
Lanaldi partzialeko kontratuetarako, lanaldi partzialeko erretiroari dagozkionak barne, Esne Industrien Hitzarmenean ezarritako gutxieneko estaldurak aplikatuko dira, salbu eta estaldura handiagoak sortu badira, soldata mailaren arabera, asegurua jasotzeko eskubidea ematen duen gertakizunaren unean.
Heriotzaren kasuan, honako hauek izanen dute sarirako eskubidea, ordena baztertzailean: ezkontideak, seme-alaba adingabeek edo desgaitasuna duten adin nagusikoek, langilearen kargura bizi diren aurreko ahaideek.
29. artikulua. Enpresarekiko loturaren saria.
Enpresak ondoren adierazten diren diru kopuruak ordainduko ditu langileak, erretiroa dela eta, enpresa behin betiko uzten duenean (barne dela 63 urterekin hartzen den erretiro aurreratua, abuztuaren 1eko 27/2011 Legean xedatua).
–10 urtetik 15era bitarteko antzinatasuna: hileko ordainsaria halako bost.
–15 urtetik gorako eta 20 urte baino gutxiagoko antzinatasuna: hileko ordainsaria halako sei.
–20 urtetik gorako antzinatasuna: hileko ordainsaria halako zortzi.
Hala ere, erretiro partziala hartu bada Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 4. xedapen iragankorreko 6. apartatuan jasotakoa (manufaktura industriako erretiroa) ez den beste modalitate batean 2021eko urtarrilaren 1etik 2022ko abenduaren 31ra bitartean, loturaren saria dela-eta jaso beharreko zenbatekoak hauek izanen dira:
–10 urtetik 15era bitarteko antzinatasuna: hileko ordainsaria halako 2.
–15 urtetik 20ra bitarteko antzinatasuna: hileko ordainsaria halako 3.
–20 urtetik gorako antzinatasuna: hileko ordainsaria halako 5.
Artikulu honetan aipaturiko hileko ordainsarien zenbatekoa izanen da enpresa behin betiko uzten denean indarrean dena, langilearen soldata mailaren arabera.
Gatazkak saihestu eta prebenitzeko, hileko ordainsariaren kontzeptua honela zehazten da, artikulu honetan jasotako ondorioetarako: gaur egun arte aplikatu den bezala, oinarrizko soldata, soldata-osagarria eta antzinatasun-saria jasotzen ditu bakarrik, aparteko ordainsarien zati proportzionala sartu gabe.
Lanaldi partzialeko kontratuen kasuan, erretiro partzialeko kontratua barne, lanaldi osoan lan egindako urteak hartuko dira kontuan: lanaldi osoko tarte bakoitzean eskatutako urteak bete badira, soldataren %100 ordainduko da; bestela, kalkulua lan denborarekiko proportzionala izanen da.
30. artikulua. Enpresak egindako produktuak erostea.
Lantoki honetako langileek, nahi badute, zilegi dute enpresan egiten diren produktuak erostea, merkatukoak baino baldintza hobeetan.
31. artikulua. Jarduera sozialak.
Enpresako zuzendaritzak hitzeman du langileen prestakuntza hobetzeko edo zabaltzeko langileen ordezkariek egiten dituzten proposamenak aztertuko dituela, eta, orobat, kultura edo lanbide maila jasotzeko bide ematen duten jarduerak.
Hori dela-eta, hitzarmena sinatzen denetik hilabeteko epean enpresa batzordeari testu bat emanen zaio, zuzendaritzak "prestakuntzarako laguntzak" esleitzeko oinarritzat hartuko duena.
32. artikulua. Enpresa batzordea.
Enpresak deitutako bilera batera joateko, enpresa batzordeko kideek lantokitik atera eta ondoren beren lanpostuetara itzuli behar dutenean, egin beharreko distantziari dagokion plusa eta eguneko otordua ordainduko zaizkie.
V. KAPITULUA.–BESTE GAI BATZUK
33. artikulua. Segurtasunaren eta osasunaren arloko jarraipena.
Segurtasun eta Osasun Batzordea eratuko da, eta Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legeari jarraituz jokatuko du (31/1995 Legea, azaroaren 8koa).
34. artikulua. Distantzia.
Lana dela-eta, lantokira egin beharreko joan-etorriei dagokienez (garraio kolektiboa edo distantzia plusa), lantokian erabiltzen den ohiturari eta hura zehazten eta osatzen duten arauei jarraituko zaie (hori guztia, 84/11/02ko, 95/10/18ko, 09/12/17ko, 2016/07/04ko, 2021/06/21eko eta 2023/09/25eko Idazkietan bildua).
35. artikulua. Sariak, faltak eta zehapenak.
Sarien, falten eta zehapenen arloan, Esne eta Esneki Industrien Estatuko Hitzarmen Kolektiboan, Langileen Estatutuan eta horiekin bat datozen beste xedapen aplikagarrietan ezarritakoari jarraituko zaio.
36. artikulua. Ezintasun iraunkor osoa.
Laneko istripu baten ondoriozko ezintasun iraunkor osoaren kasuan, enpresako zuzendaritzak hitzeman du langileari beste lanpostu bat, haren gaitasun fisiko edo psikikoei egokitua, eskaintzeko aukera aztertuko duela, eta –egoera hori deklaratzen denetik hasita– emanen dion jarduera mailarekin (egun edo ordu kopurua) eta kontzeptu guztiengatik jasoko duen pentsioarekin edo prestazioarekin istripu egunean jasotzen zuen soldatara iritsiko dela bermatuko dio.
Lanaldi osoa edo partziala izateko aukera enpresaren esku egonen da, bai eta lanaren antolaketa ere. Hori guztia, horri buruzko egungo araudia mantentzen bada.
Egungo araudia aldatzen bada, edo istripua langilearen erruz, zuhurtziarik gabe jokatzeagatik, gertatu bada, edo langileak aukeratu baldin badu dagokion prestazioa jasotzea oroharreko zenbatekoan, izenpetutako konpromisoak ez du balioko, zuzendaritzak, dauden aukerak ikusita, kasu bakoitza aztertzea erabaki badezake ere.
37. artikulua. Euskara.
Euskara ikasteko matrikulatzen diren langileek 150 euro arteko laguntza jasoko dute urtean. Diru hori ikasturtea bukatutakoan emanen da, eta nahitaezkoa izanen da eskolen %80ra joan izana frogatzen duen ziurtagiria aurkeztea.
Enpresan egiten diren errotulazio berriak bai euskaraz bai gaztelaniaz eginen dira.
38. artikulua. 55 urtetik gorakoak.
Txandakako lanean ari diren 55 urtetik gorako langileek, 2024. eta 2025. urteetan, eskatzen ahalko dute gaueko txandako zerbitzutik salbuestea.
Enpresak salbuespen hori emateko, baldintza izanen da gaueko txanda egiten dutenen artean nahikoa langile egotea, hain zuzen, %75 gaueko txandako ordutegia duen atal bakoitzean.
Gaueko txanda egiten dutenen kopurua zenbatzeko, ez dira kontuan hartuko aldi baterako langileak, txanda hori egiterik ez duten bitartean, prestakuntza bukatu ez dutelako. Laneko hiru txandetan hasten direnean, zenbaketan sartuko dira. Era berean, lanaldi murriztua dutenak egiten duten lanaldi-ehunekoaren arabera sartuko dira guztizko zenbaketan.
Gaueko txanda ez egiteko salbuespena mantenduko da gaueko txanda egiten dutenak plantillaren %75 diren bitartean. Bestela, hiru txanda egitera itzuliko da, eta ohiko ordutegietan lan eginen da. Hiru txandetara itzultzerakoan, adinaren araberako ordena hartuko da kontuan, hau da, urte gutxien duen pertsona itzuliko da lehenik.
39. artikulua. Berme-klausula.
Hitzarmenaren indarraldian ematen baldin badira ezinbestean bete beharreko legezko xedapen batzuk, gutxieneko baldintzak ezartzen dituztenak, eta baldintza horiek, orokorrean eta urteko zenbaketan baloratuta, hitzarmen honetan adostutakoak gainditzen badituzte, emandako xedapen horietan ageri bezala aplikatuko dira, eta itundutako gainerakoak bere horretan segituko du oso-osorik.
Hitzarmen hau hamasei orrialdetan idatzi da.
Iraizotzen, 2024ko ekainaren 7an.
ENPRESA | LANGILEEN ORDEZKARIAK |
Iñigo Purroy López jauna Eva Carrascosa Patilla andrea Mario Saez Echevarría jauna | Xabier Gamón Almandoz jauna (LAB) Borja Arraztoa Gomez jauna (LAB) Alberto Martinez-Polo Forcada jauna (LAB) Martín Fagoaga Leiza jauna (LAB) Sergio Álvarez Perez jauna (UGT) |
Iragarkiaren kodea: F2410735
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
