Iragarkia
169. ALDIZKARIA - 2024ko abuztuaren 20a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
115C/2024 EBAZPENA, uztailaren 2koa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez erabakitzen baita erregistratu, gordailutu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu dadila Técnicas Logísticas de Materiales SLU enpresaren hitzarmen kolektiboa.
Aztertu da Técnicas Logísticas de Materiales SLU enpresak aurkeztutako hitzarmen kolektiboa (kode zenbakia: 31102222012024), erregistro honetan 2024ko maiatzaren 21ean sartu zena, 2024ko maiatzaren 17an enpresaren ordezkariek eta sindikatuen ordezkariek sinatu ondoren.
Bat etorriz Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onetsi zuen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege-dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta Hitzarmen kolektiboak, laneko akordio kolektiboak eta berdintasun planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoarekin,
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.–Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzea Técnicas Logísticas de Materiales SLU enpresak aurkeztutako hitzarmen kolektiboa (kode zenbakia: 31102222012024).
Bigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila xedatzea, orok jakin dezan.
Hirugarrena.–Ebazpen hau eskatzaileari jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpenak ez diola amaiera ematen administrazio bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal diola Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Iruñean, 2024ko uztailaren 2an.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.
TÉCNICAS LOGÍSTICAS DE MATERIALES SLU ENPRESAREN HITZARMEN KOLEKTIBOAREN TESTUA (2024-2027)
1. artikulua. Aplikazio eremua.
Eremuari, funtzioei eta langileei dagokienez, hitzarmen honek eraginpean hartuko ditu enpresak dituen lantoki guztiak, baldin eta horien jardueren artean mota guztietako salgaiak biltegiratzea, manipulatzea, banatzea, inportatzea eta esportatzea, kontsumigarriak salerostea eta logistikarekin zerikusia duten era guztietako jarduerak badaude.
Hitzarmen hau enpresako langile guztiei aplikatuko zaie, haien kontratazio mota edozein dela ere.
2. artikulua. Nahitaez bete beharra.
Hitzarmen kolektibo honen arauak, Langileen Estatutuan xedatutakoari jarraikiz itundu direnak, nahitaez bete beharko dira aurreko artikuluan aipatutako lan harremanetan.
3. artikulua. Indarraldia.
Hitzarmen kolektibo honen artikuluek, ezarritako legezko izapideak bete ondoren, argitaratzen diren egunetik 2027ko abenduaren 31ra arte izanen dituzte ondorioak. Hitzarmena bukatutakoan, aurreraeragina izanen du, gehienez ere hiru urtez, salbu eta lehenago beste hitzarmen bat sinatzen bada.
4. artikulua. Arau osagarriak.
Arau osagarriak izanen dira indarra duten lege orokorrak eta hitzarmen kolektibo honetan adostutakoaren osagarri diren lege xedapen guztiak.
5. artikulua. Bermea.
Hitzarmen kolektibo honetan biltzen diren baldintza guztiak gutxienekotzat joko dira; beraz, hitzartutakoak baino baldintza hobeak dakartzaten klausulek bere horretan segituko dute, halakoez baliatzen diren langileei dagokienez.
6. artikulua. Lanaldia.
Urteko orduen kopurua 1.695 izanen dira, eta kopuru hori ezin izanen da berrikusi hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean. Oporrak kalkulatzeko, astean 39 orduko lanaldia hartuko da oinarritzat.
Asteko lanaldia 39 ordukoa da, 8 ordukoa eguneko, eta ostiraletan 7 ordukoa.
Biltegia eta bulego irekitzeko ordutegia honako hau da: 8:00etatik 17:00etara.
Bulegoetako eta biltegietako langileen ordutegia honela banatzen da:
–Ordutegi jarraitua astelehenetik ostegunera, 8 orduko lanaldiarekin.
–Ostiraletan, 07:00etatik 14:00etara.
–Jaiegunen bezperetan, lanaldia 07:00etatik 15:00etara izanen da.
Uztailaren 1etik abuztuaren 31ra bitarte, honela banatuko da lanaldia:
–Astelehenetik ostegunera, 7:00etatik 15:00etara.
–Ostiraletan, 7:00etatik 14:00etara.
–Jaiegunen bezperetan, lanaldia 7:00etatik 15:00etara izanen da.
Lantegiak irekitzeko ordutegia 06:00etatik 22:00etara bitartekoa da.
Ekoizpen ordutegia honela banatzen da:
–Astelehenetik ostegunera, 06:00etatik 14:00etara eta 14:00etatik 22:00etara.
–Ostiraletan, 06:00etatik 13:00etara eta 13:00etatik 20:00etara.
–Ekoizpen arrazoiengatik gaueko txanda badago, txanda horretarako asteko lanaldia igandetik ostiralera bitartekoa izanen da. Lanaldia igandean hasiko da, 22:00etan, eta ostiralean amaituko da, 6:00etan.
Oharra: Gaueko txanda beti da 8 ordukoa eta honako baldintza hauek ditu:
• Igandean, 22:00etatik 00:00etara, gaueko txanda eta jaieguna balitz bezala kobratzen da.
• Ostegunetik ostiralerako gauean aparteko ordu bat kobratzen da.
Lanaldian zehar, langileek 30 minutuko atsedenaldia izanen dute guztira, eta hori benetako lantzat hartuko da. Langileek fitxatu egin behar dituzte atsedenaldiak. Horiek ez dituzte 30 minutuak gainditzen ahalko eta gainerakoa ez da benetako lantzat hartuko.
Lanaldi partzialean ari direnen kasuan, atsedenaldia egiten den lanaldiaren proportzioan kalkulatuko da. Adibidez, pertsona batek egunean 5 lanorduko lanaldia badu, benetako lantzat hartuko den atsedenaldia 18 minutukoa izanen da.
Edozein arrazoirengatik (ikasketak, ikastaroak edo familia eta lana bateratzea) aldi baterako lanaldiko ordutegia aldatzea eskatzen duen langileak enpresarekin hitzartu beharko du.
7. artikulua. Ordainsariak.
–2024. urtea: erantsitako taulen arabera.
–2025. urtea: %4,5eko igoera.
–2026. urtea: %2ko igoera + 2024-2025 urteetan argitaratutako KPIaren diferentzia eguneratzea, atzerapenik ordaindu gabe, eta taula 2027. urteko igoeraren soldata bermatua aplikatzeko abiapuntutzat hartuta. Emaitza negatiboa bada, ez zaio aplikatuko berrikuspenik taulari, eta 2027rako soldata igoera aplikatzeko oinarri gisa finkatuko da. Kalkulua egiteko, 2024ko KPIak %4,5 baino handiagoa izan beharko du.
–2027. urtea: %2ko igoera.
Salbuespen gisa, enpresak, aurreko paragrafoan ezarritako igoeraz gain, 400,00 euro gordineko soldata osagarri lineala ordainduko die 2027ko urtarrilaren 31n enpresan alta emanda dauden langile guztiei. Osagarri hori 2027ko urtarrilaren 31 baino lehen ordainduko da eta ez da finkagarria izanen.
Hurrengo hitzarmena 2028tik aurrera negoziatzeko, abiapuntua izanen da 2026. eta 2027. urteei dagokionez argitaratutako KPIaren diferentzia eguneratua; atzerapenik ez da ordainduko, eta taula erabiliko da abiapuntu gisa 2028. urteko igoera aplikatzeko soldata bermatuan.
Hitzarmen kolektibo honetan itundutako soldata igoerak langile bakoitzaren soldata errealaren gainean aplikatuko dira.
Atzerapenak Nafarroako KPIa argitaratu eta hurrengo hilean ordainduko dira, dagokion aldi bakoitzean.
8. artikulua. Parekatutako kategoriak.
Lehen mailako ofizioko profesionalen soldata 25 urtetik gorako denda-saltzaileek dutenarekin parekatuko da.
Biltegiko morroiaren kategoria duten pertsonak, enpresan urtebetez aritu ondoren, besterik gabe morroi espezializatuaren kategoriara pasatuko dira.
Enpresan 4 urte baino gehiagoko antzinatasuna duten ofizioko laguntzaile kategoriako pertsonak bigarren mailako ofizioko profesionalen kategoriara pasatuko dira.
25 urtetik gorako bigarren mailako ofizialak, morroi espezializatuak eta administrari laguntzaileak, enpresa berean eta kategoria horietan 3 urte baino gehiago eman ondoren, lehen mailako ofizialaren, 25 urtetik gorako denda-saltzailearen eta administrari-ofizialaren kategoriara pasatuko dira. Antzinatasuneko 3 urte horiek enpresa barnean eta nork bere kategorian eginak direla ulertuko da.
9. artikulua. Antzinatasuna.
Antzinatasunaren araberako diru kopuruak gehitzeko araubide bat ezarri da, langile guztiei aplikatu beharrekoa: antzinatasuneko lehen seiurtekoa, hitzarmeneko soldataren %3koa, eta hiru laurteko, bakoitza %3koa; horrela, sektorean, antzinatasunagatik ordainduko den gehikuntzarik handiena %12koa izanen da.
Kontratua 2014ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik duten langileei, enpresan data hori baino lehenago aplikatzen zitzaien antzinatasun araubidea mantenduko zaie, honako baldintza hauekin:
1. Langileek 5 laurteko eta 3 hirurteko sortuko dituzte, eta ikastun sartu berriei edo gaur egun ikastun edo izangaiaren kategoria dutenei ikastaldia ere kontuan hartuko zaie.
2. Antzinatasuna honela banatuko da: lehenengo 5 laurtekoak sortuko dira, eta gero, 3 hirurtekoak.
3. Aldi baterako kontratu bat mugagabeko kontratu bihurtzen denean, aldi baterako kontratu horren iraupena ere kontuan hartuko da antzinatasuna kalkulatzeko.
4. Laurteko bakoitzeko zenbatekoa hitzarmeneko soldataren %5 izanen da, indarra duten legezko xedapenetan ezarritakoari jarraikiz beti.
5. Hirurteko bakoitzeko zenbatekoa hitzarmeneko soldataren %3 izanen da, indarra duten legezko xedapenetan ezarritakoari jarraikiz beti.
Aurrekoa galarazi gabe, berariaz ezartzen da antzinatasuneko sortzapen hauen ondorioz langileek ez dutela %35etik gorako igoerarik izanen hitzarmeneko soldatan, eta ondorio horietarako kontuan hartuko direla bai "antzinatasuneko osagarri pertsonala" bai "antzinatasuneko soldata-osagarri" berria, halako moduan non ehuneko horretara iristen direnek edo hura gainditzen dutenek eutsiko baitiote zenbateko sendotuari, baina etorkizunean ez dute inolako zenbatekorik sortuko muga horretatik gora dagoen antzinatasunagatik.
10. artikulua. Aparteko haborokinak.
Enpresek uztaileko eta eguberrietako aparteko haborokinak ordainduko dizkiete horietarako eskubidea duten langile guztiei. Haborokin horietako bakoitza hilabeteko soldata bat adinakoa izanen da, ordainsari guztiak hartuta.
Enpresak langileentzako haborokinen araubide bat prestatuko du, irabazien edo salmenten araberakoa. Haborokin horiek langileak jasotzen duen hilabeteko soldata bat adinakoa izanen da gutxienez, ordainsari guztiak hartuta. Ordainsari hori ohiko hamabi ordainsarietan hainbanatuta ordainduko da.
Halaber, eta enpresaren emaitza ekonomikoaren arabera, langileek opari eta/edo haborokin bat jasotzen ahal dute urtearen amaieran. Gauzazko ordainketatzat hartuko dira, dagozkien lege ondorioetarako.
Opari eta/edo haborokin hori emanen borondatezkoa izanen da enpresarentzako. Hain zuzen ere, enpresak baloratzen ahalko du ordainduko duen ala ez, eta langileek ez dute inola ere eskubide eskuratutzat edo baldintza onuragarriagotzat hartuko.
11. artikulua. Aparteko orduak.
Aparteko orduak ordaindu eginen dira, edo jai egunekin konpentsatuko dira, langileak nahi duen bezala, lan egindako ordu bakoitzeko 1,5 ordu emanez.
12. artikulua. Bidaiak eta dietak.
Enpresak ordainduko ditu langileak egiten dituen gastuak, baldin eta behar bezala justifikatuta badaude.
Langileak 30 egun baino gehiago eman behar baditu beste herri batean bizitzen bertan zerbitzuak eskaini behar dituelako, enpresak erraztasunak eman beharko dizkio langileari etxera gutxienez 2 egunerako itzul dadin, inolako kalte ekonomikorik gabe.
13. artikulua. Eritasuna eta istripua.
Edozein kontingentziagatiko aldi baterako ezintasunaren kasuan, haurdunaldiko arriskuarena barne, enpresek Gizarte Segurantzaren prestazioa osatuko dute, langileak hileko soldata gordin finkoaren %100 jasotzen duela bermatu arte.
Behin-behinean lanpostu egokiago bat emanen zaie –halakorik badago– haurdun dauden emakumezko langileei, lanpostuz aldatzea beharrezkoa badute, medikuak justifikatu ondoren eta enpresako aukera teknikoak eta antolaketakoak kontuan hartuta.
14. artikulua. Heriotzagatiko laguntza.
Langilea hiltzen bada, enpresak hiru hilabeteko soldata ordaindu beharko die haren eskubidedunei, bakoitza langileak kobratu zuen azken soldata adinakoa.
15. artikulua. Laneko jantziak.
Enpresa behartuta dago langileei laneko bi jantzi edo gehiago ematera, bakoitzak dituen eginkizunetarako egokiak. Jantzi horiek enpresaren eta langilearen arteko lan harremanaren hasieran banatuko dira eta urte bakoitzeko lehen hiruhilekoan berrituko dira, edo beharrezkoa denean.
16. artikulua. Oporrak.
Langile guztiek urtero opor ordainduak izanen dituzte, baldintza hauek kontuan hartuta:
–Langilea eta enpresaburua ados jarriko dira oporrak noiz hartu erabakitzeko. Edonola ere, enpresak egun erdiak banatzen ahal ditu opor kolektiboak egiteko.
–Oporrak batik bat uztailetik irailera bitartean hartuko dira.
–Urtean zehar lan harremana eteten duen langileak eskubidea izanen du lan egindako denbora zatiari proportzioz dagozkion oporrak hartzeko.
–Aldi baterako ezintasuna gertatzen bada, Langileen Estatutuaren 38. artikuluko xedapenak aplikatuko dira.
–Edonola ere, Langileen Estatutuan xedatutakoari jarraituko zaio.
–Enpresa itxita egonen da aste batez abuztuan, enpresak hala erabakita.
–Urteko azken astean (eguberrietan), enpresa itxita egonen da, langileekin akordioa lortu ondoren, eta hori ez da zenbatuko enpresaren itxiera gisa.
–Ekoizpen atalak bi astez itxiko da abuztuan, eta fabrikari esleitutako langileak hartuko ditu itxiera horrek eraginpean. Honela banatuko dira:
- Lehenengo astea TLMko (Técnicas Logísticas de Materiales SLU) itxiera orokorrekoa izanen da, eta bigarren astea urteko egutegia egiten denean negoziatuko da. Enpresaren beharraren arabera erabakiko dira data zehatzak, baina, nolanahi ere, enpresa osoa ixten deneko astearen aurrekoa edo ondorengoa izanen da beti.
17. artikulua. Lizentzia ordainduak.
Langile orok, aurretik abisatu eta justifikatuta, baimena izanen du lanera ez agertzeko, egiazki ordaindua izateko eskubidearekin, arrazoi hauetako bat dela medio eta honenbeste denborarako:
Ezkontza | 20 egun natural |
Seme-alaben ezkontza | Egun natural bat |
Aitaren edo amaren ezkontza | Egun natural bat |
Anai-arreben ezkontza | Egun natural bat |
Aiton-amonen gaixotasun larria | 5 lanegun |
Biloben gaixotasun larria | 5 lanegun |
Aita-amaginarreben gaixotasun larria | 5 lanegun |
Koinatu-koinaten gaixotasun larria eta ospitaleratzea | 5 lanegun |
Anai-arreben gaixotasun larria | 5 lanegun |
Ezkontidearen edo izatezko bikotekidearen gaixotasun larria | 5 lanegun |
Seme-alaben gaixotasun larria | 5 lanegun |
Gurasoen gaixotasun larria | 5 lanegun |
Aiton-amonen heriotza | 2 lanegun |
Anai-arreben heriotza | 3 lanegun |
Biloben heriotza | 2 lanegun |
Aita-amaginarreben heriotza | 2 lanegun |
Koinatu-koinaten heriotza | 2 lanegun |
Aitaren edo amaren heriotza | 4 lanegun |
Seme-alaben heriotza | 7 lanegun |
Ezkontidearen heriotza | 7 lanegun |
Bizilekua aldatzea | Egun natural bat |
Ezkontidea laguntzea tratamendu onkologikoa egitera | Urtean 16 ordu gehienez; 17. ordutik aurrera, ordaindu gabeko lizentzia da, gutxieneko oinarrien kotizazioarekin |
Gurasoak laguntzea tratamendu onkologikoa egitera | Urtean 16 ordu gehienez; 17. ordutik aurrera, ordaindu gabeko lizentzia da, gutxieneko oinarrien kotizazioarekin |
Seme-alabak laguntzea tratamendu onkologikoa egitera | Urtean 16 ordu gehienez; 17. ordutik aurrera, ordaindu gabeko lizentzia da, gutxieneko oinarrien kotizazioarekin |
14 urte arteko seme-alabak laguntzea Osasun Zerbitzu Publikoko familiako medikuarengana edo espezialistarengana | 6 ordu urtean, gehienez ere |
Oharra: bi gurasoek enpresan lan egiten badute, bietako batek bakarrik hartzen ahal du. Bisitaren hitzordua bien ordutegian / txandan bada, elkarri orduak uzten ahal dizkiote | |
Ezkontidea laguntzea Osasun Zerbitzu Publikoan proba diagnostikoa egitera, anestesia orokorra edo sedazioa eta laguntza beharrezkoak direnean | 12 ordu urtean |
Oharra: anestesia edo sedazioa eta laguntza behar izatearen frogagiria aurkeztuz. Gehienez ere 3 aldiz hartzen ahal da, eta horietako bakoitzak gutxienez 4 ordu iraunen du. Hitzarmena argitaratzen denetik hasita erabiltzen ahal da | |
Gurasoak laguntzea Osasun Zerbitzu Publikoan proba diagnostikoa egitera, anestesia orokorra edo sedazioa eta laguntza beharrezkoak direnean | 12 ordu urtean |
Oharra: anestesia edo sedazioa eta laguntza behar izatearen frogagiria aurkeztuz. Gehienez ere 3 aldiz hartzen ahal da, eta horietako bakoitzak gutxienez 4 ordu iraunen du. Hitzarmena argitaratzen denetik hasita erabiltzen ahal da | |
Seme-alabak laguntzea Osasun Zerbitzu Publikoan proba diagnostikoa egitera anestesia orokorra edo sedazioa eta laguntza beharrezkoak direnean | 12 ordu urtean |
Oharra: anestesia edo sedazioa eta laguntza behar izatearen frogagiria aurkeztuz. Gehienez ere 3 aldiz hartzen ahal da, eta horietako bakoitzak gutxienez 4 ordu iraunen du. Hitzarmena argitaratzen denetik hasita erabiltzen ahal da |
a) Heriotza edo gaixotasun kasuetan, Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo joan behar denean, dagokion lizentziari 2 egun gehituko zaizkio: lanegunak, heriotza kasuan; naturalak, berriz, gaixotasun kasuan.
b) Behar bezala erregistratutako izatezko bikoteek ere lizentzia berberak izanen dituzte.
c) Gaixotasuna larria izanen da ospitaleratzea ekartzen duenean, ospitalean eta etxean.
d) Nahitaezko eginbehar publiko bat betetzeko: behar-beharrezkoa den denbora.
e) Hitzarmen honen eraginpeko langileek norberaren aukerako 12 egun izanen dituzte, 4 egun lehenago abisatuta, betiere.
1. TLM enpresak orduak errekuperatzeko aukera ematen die jada ordu librerik ez duten pertsonei, betiere nagusiren baten adostasun eta baimenarekin. Ordu horiek enpresaren ordutegiaren barnean errekuperatu beharko dira, lantokiaren eta lanpostuaren arabera, eta urtean 10 ordu izanen dira gehienez ere.
f) Eguneko ordu bateko murrizketa, edoskitzeagatik.
g) Lizentzia ordainduak hurrengo lanegunetik aurrera hasiko dira, baldin eta gertaera eragilea gertatzen den unean eta berehala lanaldia bete bada. Lizentzien iraupena nola banatu adostu eginen da edo ospitaleratzeak dirauen bitartekoa izanen da.
h) Osasun sistema publikoaren barruan nahiz kanpoan itundutako mediku espezialistaren orduak ez dira errekuperatu beharko, baldin eta justifikatzen badira.
18. artikulua. Xedapen orokorrak aplikatzea.
Hitzarmen honetan aurreikusi edo arautu ez den orotan, indarreko legedian ezarritako arauak aplikatuko dira.
Langile bat delitu ez arrunt batengatik atxilotzen badute, edo delitua arrunta izanda ez badute auzipetzen, edo, auzipetuz gero errugabetzen badute, arrazoi horrengatik lanera ez agertzea ez zaio justifikatu gabeko absentziatzat hartuko; beraz, horrek ez du kaleratzeko bidea emanen, baldin eta enpresari absentzia hori modu egiaztagarrian jakinarazi badio eta justifikatu badu.
Kontratazioa.
Lanaldi partzialeko kontratuak astean hamabi ordutik gorakoak izanen dira beti, ordezkapenen kasuetan izan ezik.
Kontratazioa, edozein modalitatetan, legeria indardunean xedatutakoari lotuko zaio.
Ekoizpen-gorabeherengatik egiten diren behin-behineko kontratuetan, ulertuko da egoera hori gertatzen dela enpresak ohiko ekoizpena baino handiagoa behar duenean.
Indarreko legediaren babesean egindako lan kontratuak dituzten ikastunen kasuan, soldata bigarren taldeko ikastunen eta ofizioko profesional ikastunena izanen da, erantsitako soldata tauletan ageri dena.
10etik 50 langilera bitarte dituzten enpresetan, behin-behineko kontratuak eta aldi baterakoak plantilla osoaren %35 izanen dira gehienez ere.
Probaldia.
Probaldia 15 egunekoa izanen da kategoria guztientzat, buru eta arduradunentzat izan ezik, horientzat, gehienez ere, bi hilabetekoa izanen baita. Buruak eta arduradunak kategoria hauek izanen dira:
–1. taldea.
- Ingeniariak.
–2. taldea.
- Kudeatzailea edo zuzendari komertziala.
- Arduradun nagusia.
- Biltegiko burua.
–3. multzoa.
- Administrarien burua.
- Administrazio ataleko burua.
–4. multzoa.
- Zerbitzu teknikoetako burua.
- Tailerreko burua.
Gaueko lanaren plusa.
22:00etatik 06:00etara bitartean lan egindako ordu guztiek gaueko lanaren plusa izanen dute, %25ekoa, hain zuzen ere.
Erretiro partziala, errelebo kontratua.
Hitzarmen honen indarraldian, langileen esku dago legezko adinetik aitzinera erretiro partziala hartzeko erabakia hartzea. Eskubide hori hurrengo hitzarmen kolektiboan berrikusiko da. Hitzarmen horretatik aurrera, enpresaren egoera ekonomikoaren eta antolaketaren arabera erantzunen zaie eskaerei.
Bidezkoa bada, erretiro partziala une bakoitzean indarrean dagoen araudiaren arabera eginen da.
Enpresak du, ordea, erretiro sistema horretan sartzen diren langileen lanaldia antolatzeko ahalmena.
19. artikulua. Eskubide sindikalak.
Enpresa Batzordeko kideek eta langileen delegatuek legean ezarritako eskubide guztiak izanen dituzte, hauek bereziki:
1. Gai garrantzitsuen gaineko txostenak egitea, hala nola enplegu erregulazioari, lanaldi murrizketari eta instalazioak beste toki batera eramateari buruzkoak.
2. Enpresak langileei ezarritako zehapen oso astunen gaineko informazioa jasotzea.
3. Ahal den neurrian, eskatzen baldin bada, absentismoaren eta horren zergatien gaineko informazioa (laneko istripuak, gaixotasun profesionalak eta horien ondorioak) jasotzea.
4. Lankideei lan harremanetan eragina duten edo izan dezaketen gaiei buruzko informazioa ematea, legeak ezarritako moduan.
Enpresa Batzordeko kideek eta langileen delegatuek hilean 20 lanordu izanen dituzte euren karguko eginkizunetarako.
20. artikulua. Aseguru-poliza.
Enpresak aseguru bat kontratatuko du langileen alde, honako arrisku hauek bermatzeko:
Lan istripuaren ondoriozko heriotza | 38.840,96 |
Lanetik kanpoko istripu batek eragindako heriotza | 36.060,73 |
Laneko istripuaren ondoriozko ezintasun iraunkor osoa | 38.840,96 |
Laneko istripuaren ondoriozko erabateko ezintasun absolutua | 54.377,34 |
Laneko istripuaren ondoriozko ezintasun handia | 54.377,34 |
Lanekoa ez den istripuak eragindako edozein lanbidetan aritzeko ezintasun iraunkor absolutua | 36.060,73 |
21. artikulua. Hitzarmena salatzea.
Langileen Estatutuaren 86. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hitzarmen honen amaiera sinatzen den egunetik beretik iragartzen da.
22. artikulua. Lan osasuna.
Enpresa behartuta dago langile guztiei urtean osasun azterketa bat egitera. Osasun azterketa hori enpresak xede horretarako kontratatuta dituen laneko arriskuen prebentziorako zerbitzuetan eginen da. Langileek osasun azterketaren emaitzak jakiteko eskubidea dute. Azterketak lanorduetan eginen dira.
Enpresa behartuta dago langileei euren lanposturako behar dituzten jantziak edo babesgarriak ematera.
Enpresak hitz ematen du Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legean ezarritakoa hertsiki eta berehala aplikatuko dutela.
Horretarako, enpresak eta langileen ordezkariek hitzematen dute prebentzioko ekintza planak ezarriko dituztela, ahal duten neurrian eta ezarritako epeetan, lan istripuak desagerrarazteko eta gutxitzen joateko eta sektoreko lan arriskuen prebentzio eraginkorra izateko.
Arriskuen prebentzioko ordezkariei dagokienez, legean ezarritako bermeak izanen dituzte, eta enpresek agintzen dute erraztasunak emanen dizkietela haien eginkizunak betetzeko, behar adinako ordu kredituen bidez.
23. artikulua. Berdintasuna lanean.
Enpresan indarrean dagoen berdintasun planaren barruan onartutako konpromisoekin bat, enpresak sexuan oinarritutako bereizkeriarik ez izateko konpromisoa hartzen du. Aukera-berdintasuna lortzeko asmoz, hitzarmen hau sinatu duten alderdiek helburu garrantzitsutzat jotzen dituzte honako hauek:
a) Berdintasuna lanean, zuzeneko eta zeharkako diskriminazioa baztertuz.
b) Soldatetan sexu-diskriminaziorik ez izatea.
c) Enplegurako aukera-berdintasuna izatea.
d) Lanbide prestakuntza eta birziklatze prozesuetan parte hartzea.
Jaiotzagatiko eszedentziari dagokionez, Langileen Estatutuan xedatutakoari jarraituko zaio.
Legezko zaintzagatiko lanaldi murrizketaren legezko aldia amaitutakoan, enpresak eskatzen ahal dio langileari enpresaren ordutegi arruntera eta lanaldi osora itzultzeko, eguneko 8 lanorduak oinarri hartuta. Eskubide hori legezko adopzioetara hedatzea erabaki da, kasu horretan ere Langileen Estatutuan ezarritakoari jarraikiz.
Haurdunaldian lanpostu aldaketak eginen dira, osasunarentzat kaltegarria baldin bada eta enpresak lanpostu aldaketa egiteko aukera baldin badu.
Aldi baterako lanak ez du kalterik eraginen emakumezko langileen eskubide ekonomiko edo profesionaletan.
Hemen zehazten ez diren gainerako gaietan, indarreko legedian eta enpresan unean-unean indarra duen berdintasun planean xedatutakoari jarraituko zaio.
24. artikulua. Jazarpen egoeretan jarduteko prozedura.
Enpresako zuzendaritzak zainduko du lantokian egoera egokia izan dadin, portaera desegoki edo sexu kutsukorik gabea, eta horretarako behar diren neurriak hartuko ditu; besteak beste, alde biko espedientea irekiko du.
Sexu jazarpenaren edo sexu arrazoiengatiko jazarpenaren kasuan, enpresan unean-unean indarra duen berdintasun planean adostutako jazarpen protokoloaren arabera jokatuko da.
25. artikulua. Tratu txarren biktimei laguntza emateko neurriak.
Erasotzailea eta erasoa jasan duena lantoki berean ari badira, enpresak behar diren neurriak hartuko ditu, txandak aldatzea barne, beharrezkoa bada, lantokiko instalazioetan erasotzailea eta biktima ordu beretan egon ez daitezen.
26. artikulua. Aldi baterako laneko enpresetako langileak.
Hitzarmen honen eraginpeko enpresek, ukitutako langileen eta enpresen artean diskriminazio eta desberdintasun egoerarik izan ez dadin eta hitzarmen hau ez aplikatzea saihestearren, beharrezkoa dutenean bakarrik kontratatuko dituzte langileak aldi baterako laneko enpresen bidez, eta enpresa erabiltzaileen baldintza berberak bermatzen dituzten enpresak izanen dira beti, hau da, enpresaren hitzarmena aplikatuko diete horrela kontratatutako langileei, eta behartuta egonen dira baldintza horiek bermatzen ez dituzten enpresen zerbitzuak ez erabiltzera.
Hitzarmen honetan aurreikusi ez den orotan, indarra duen legerian xedatutakoari jarraituko zaio.
27. artikulua. Lanbide prestakuntza.
Enpresak langileen lanbide prestakuntza sustatuko du; horretarako, ordezkari sindikalen eta enpresaren artean aztertuko dituzte etengabeko prestakuntzaren arloko beharrak, eta enpresa planak prestatzen ahal dituzte, bai eta sektoreka egin daitezkeen plan bateratuetan parte hartu ere.
Enpresak hartzen badu langileak prestakuntza ikastaroetara joateko erabakia, langileek horrelakoetan ematen dituzten orduak benetako lanordutzat joko dira, eta ahaleginak eginen dira ikastaroak lanorduetan egin daitezen.
Diziplina araubidea
28. artikulua. Printzipio nagusiak.
Arau hauen bidez laneko giro egokia mantendu nahi da elkarbizitza ona izateko eta enpresaren antolamendu teknikoari eta antolaketari eusteko, baita langileen zein enpresaren eskubide eta interesak bermatu eta defendatzeko ere.
29. artikulua. Irizpide orokorrak.
1. Enpresak zilegi du langileen egiteak edo ez-egiteak zehatzea, laneko arau-hauste gisa, laneko arauak urratzean edo betebeharrak betetzen ez direnean, hurrengo artikuluetan ezarritako falten mailaketaren arabera betiere.
2. Falten zehapenak idatziz jakinarazi beharko zaizkie langileei, data eta arrazoiak adierazita.
3. Enpresak falta astun edo oso astunengatik ezarritako zehapen guztien berri emanen die langileen legezko ordezkariei eta, zehatua afiliatua bada eta enpresaburuak afiliazio horren berri badu, sindikatuko ordezkaritzari ere bai.
4. Zehapena ezarririk, hura beteko da irmoa denetik hirurogei egun natural iragan baino lehen.
Aurkaratzen ez bada, epea 90 egun naturalekoa izanen da, zehapena ezartzen den egunetik hasita.
5. Faltak honela sailkatuko dira, kontuan hartuz faltaren garrantzia edo asmoa: arinak, astunak eta oso astunak.
6. Langileak ezarri zaion zehapena aurkaratzen ahalko du jurisdikzio eskudunean, zehapena jarri eta hurrengo 20 egun balioduneko epean, indarrean dagoen legerian ezarritakoari jarraikiz.
7. Jazarpen eta agintekeriaren kasuetan, zehapena ezarri baino lehen, hitzarmen honen 28. artikuluan (Sexu jazarpeneko eta sexu arrazoiengatiko jazarpeneko kasuetan jarduteko prozedura) ezarritako prozedurari jarraituko zaio.
30. artikulua. Falta arinak.
Falta arinak honako hauek dira:
a) Puntualtasun-falta lanera sartzean edo lanetik irtetean, hiru aldiz gehienez hilabetean, justifikatu gabe.
b) Bidezko arrazoirik izan gabe lanera ez agertzea, hilabetean egun batez.
c) Lanera joanen ez dela ez jakinaraztea, aurretiaz edo, bidezkoa denean, hurrengo 24 orduen barrenean, halakorik egiteko ezintasuna egiaztatzen denean izan ezik.
d) Bidezko arrazoirik gabe zerbitzutik edo lanpostutik alde egitea, nahiz eta denbora laburrean izan.
e) Langilearen ardurapean dauden ekipoak eta laneko materiala zaindu edo mantentzeko narriadura arinak.
f) Enpresaren bezeroak edo hornitzaileak adeitasunez eta arretaz ez hartzea.
g) Lankide, bezero edo hornitzaileekin eztabaida desegokia izatea lanaldi barrenean.
h) Bizilekuz edo helbidez aldatu izanaren berri ez ematea enpresari, baldin horrek lankideei edo enpresari kalterik edo arazorik ekartzen badie.
i) Langilearen familiaren edo norberaren datuetan izandako aldaketak, Gizarte Segurantzan edo Zerga Administrazioan ondorioak izan ditzaketenak, ez jakinaraztea behar den garaian, enpresari kalterik sortu gabe.
j) Beren ohiko eginkizunetan organigramaz edo hierarkiaz nagusi direnek emandako preskripzio, agindu edo manuei jaramonik ez egitea, horrek pertsonei edo gauzei kalte edo arriskurik ekarri gabe.
k) Ohiko lanaldiaren barnean egiten diren prestakuntza ikastaro teoriko edo praktikoetara ez joatea, bidezko arrazoirik izan gabe.
l) Noizean behin mozkortuta edo drogak hartuta egotea lanean.
m) Lantokian erretzeko berariazko debekua ez betetzea.
n) Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeari buruzko Legearen 29. artikuluan ezarritako eginbeharrak ez betetzea, arriskuren bat ekartzen badio bere buruari, lankideei edo beste batzuei, arriskua arina izanda ere.
31. artikulua. Falta astunak.
Falta astunak honako hauek dira:
a) Puntualtasun falta lanera sartzean edo lanetik irtetean, hiru aldiz baino gehiagotan hilabetean, justifikatu gabe.
b) Bidezko arrazoirik izan gabe lanera ez agertzea bi egunez segidan edo lau egun tartekatutan, hilabetean. Aski izanen da lana behin bakarrik huts egitea, baldin horren ondorioz lankide baten txanda nahaspilatzen bada edo enpresari kalte handi samarra sortzen bazaio.
c) Zerga kontuetan edo Gizarte Segurantzan eragina izan dezaketen datuak maltzurkeriaz faltsutzea edo ez aipatzea.
d) Enpresak langileen eskura utzitako baliabide informatikoak (posta elektronikoa, internet, etab.) lan prestazioaren edukiaz bestelako helburuekin erabiltzea, horretan emandako denboraren ondorioz lanpostuari dagozkion eginkizunetan utzikeria egiten bada edo haiek bertan behera uzten badira. Enpresek baliabide informatiko horiek erabiltzeko protokoloa ezarriko dute, langileen ordezkariekin negoziatuz.
e) Bidezko arrazoirik gabe zerbitzutik edo lanpostutik alde egitea, nahiz eta denbora laburrean izan, horren ondorioz kalteren bat sortzen bazaio enpresari eta/edo plantillari.
f) Norberaren garbitasun eta txukuntasun eza, lankideengan arrazoizko arrangura sorrarazten duenean eta enpresak aurrez ohartarazi badio.
g) Beste langile baten lekua hartzea edo beste batek norberaren lekua har dezala uztea, laneko sarrerako edo irteerako erregistroak eta kontrolak aldatuz.
h) Organigramaz edo hierarkiaz nagusi direnek lan arloko eginkizunak erabiliz emandako jarraibideak ez betetzea. Salbuetsita daude norbaiten bizitza edo osasunarentzat arriskutsuak diren kasuak, eta agintekeriaren ondoriozkoak.
i) Zabarkeriaz edo zuhurtziarik gabe aritzea lanean, zerbitzuaren kaltetan, baina, horren ondorioz, enpresarentzako kalte larririk sortu gabe eta pertsonek istripua jasateko arriskurik izan gabe.
j) Enpresaren baimenik gabe, lan partikularrak egitea lanorduetan, eta norberarentzat edo beste batentzat erabiltzea enpresako tresnak, erremintak, makinak edo ibilgailuak, lanorduetatik kanpo bada ere.
k) Falta arinak (puntualtasun falta kenduta) egitea behin eta berriz, mota desberdinetakoak izanik ere, hiru hilabetean, langileari zehapena jarri bazaio.
l) Ahoz zein egitez iraintzea, eta pertsonen intimitatea edo duintasuna ez errespetatzea, arrazoi hauetako batengatik: sexua, sexu joera edo sexu identitatea, jaiotza, arraza jatorria edo jatorri etnikoa, erlijioa, sinesteak edo iritziak, adinak, desgaitasuna, eritasuna, hizkuntza edo bestelako inguruabar pertsonal zein sozial.
m) Noizean behin mozkortzea edo drogak hartzea, lanerako ondorio makurrak badakartza edo norberaren eta gainerako pertsonen segurtasuna eta osasuna arriskuan jartzen bada.
n) Laneko arriskuen prebentzioari buruzko Legearen 29. artikuluko eginbeharrak ez betetzea, horrek langileen segurtasun eta osasunerako kalte eta arrisku larriak sortzen baditu.
32. artikulua. Falta oso astunak.
Falta oso astunak honako hauek dira:
a) Justifikatu gabeko puntualtasun falta lanera sartzean edo lanetik irtetean, hamar aldiz baino gehiagotan sei hilabetean, edo hogei aldiz baino gehiagotan urtebetean.
b) Lanera hiru egun jarraian edo gehiagotan huts egitea justifikatu gabe, edo bost egun tartekatutan hilabetean.
c) Agindutako kudeaketan iruzurra, leialtasun eza edo konfiantza-abusu egitea eta beste lankideei, enpresari edo edozein pertsonari ebastea edo lapurtzea enpresaren lokaletan edo, lanean ari dela, beste edozein lekutan.
d) Eritasuna edo istripua simulatzea. Adierazitako edozein arrazoi dela-eta langilea bajan egonik, edozein lan egiten aritzea, bere nahiz besteren kontura, lan arloko arau-haustetzat hartuko da. Halaber, falta oso astuntzat joko da istripuaren edo eritasunaren ondoriozko baja luzatzeko egiten den trikimailu oro.
e) Zerbitzutik, lanpostutik edo pertsonen edo ekipoen gaineko aginte edo ardurako postutik alde egitea bidezko arrazoirik gabe, denbora laburrerako bada ere, baldin eta horrela enpresari edo lankideei kalte handi samarra ekartzen bazaie, segurtasuna arriskuan jartzen bada edo istripuren bat eragiten bada.
f) Enpresari lehia desleiala egitea zenbait jardueraren bidez.
g) Ohiko edo itundutako errendimendua luzaroan eta nahita gutxitzea.
h) Lantokian liskarrean aritzea, hitzezko eta egitezko tratu txarrak ematea eta errespetu edo begirune falta agertzea enpresarekin lotura duen edozein pertsonari.
i) Enpresako sekretuak, nahitaez isilpean gorde beharrekoak, haustea edo bortxatzea, edo enpresaren isilpeko eskutitzen edo agirien sekretua haustea, behar bezala ohartarazita, enpresaz kanpoko pertsonei nahiz erakundeei jakinarazteagatik enpresarentzat kalte larriak sor badaitezke.
j) Lanean zabarkeriaz edo zuhurtziarik gabe aritzeagatik istripu larria sortzea, horren ondorioz enpresarentzako kalte larria sortuz edo pertsonen istripua eraginez.
k) Falta astun baten ondoren, bi hilabeteren barnean beste bat egitea, desberdinak izanik ere, zehapena jasota.
l) Ez betetzea laneko edozein gaitan organigramaz edo hierarkiaz nagusi direnek emandako jarraibideak, lan arloko eginkizunak erabiliz agindu ere, baldin horrek oso kalte larria eragiten badie enpresari nahiz lankideei, salbu eta arriskua sortzen bada langilearen beraren bizitzarako edo osasunarentzako, edo agintekeriaren ondorioz bada.
m) Honako egoera hau hartzen da sexu jazarpentzat: sexu kutsuko edozein jokabide hitzezko, ez hitzezko edo fisiko, pertsona baten duintasunari erasotzeko asmoz egiten dena edo ondorio hori dakarrena haren gogoaren kontra, eta, batez ere, inguru beldur-eragile, etsaitasunezko, iraingarri, umiliagarri edo laidogarria sortzen duena. Sexu jazarpena pairatu duen pertsonari bere lanpostuan segituko duela segurtatuko zaio. Baldin jokabide edo portaera hori hierarkia-egoeraz baliatuz gauzatzen bada, inguruabar astungarria izanen da.
n) Jazarpen morala (mobbing), hau da, abusuzko jokabidea edo bortizkeria psikologikoa luzez erabiltzea beste pertsona baten aurka lantokian, errepikatutako portaeren, egintzen, aginduen edo hitzen bidez adierazten dena, pertsona horren izena belzteko, pertsona gutxietsi edo isolatzeko edo haren gaitasuna, lanbide-sustapena nahiz lanpostuko iraunkortasuna deuseztatzeko, haren duintasunean edo osotasun fisikoan gero eta kalte handiagoa eta etengabea sortuz, zuzenean nahiz zeharka. Inguruabar astungarria da jazarleak aginte hierarkikoren bat izatea jazarriaren gainean enpresaren egituran.
o) Arrazan edo etnian, sexuan, erlijioan edo sinesmenetan, desgaitasun batean, adinean edo orientazio sexualean oinarrituriko jazarpena. Ulertuko da jazarpena dagoela bereizkeria arrazoi horietako batean oinarrituta izaten den portaera orotan, helburua edo ondorioa izanik pertsona baten duintasunaren aurka egitea, eta sortzea giro larderiatsu, areriotsu, degradatzaile, laidogarri, baztertzaile edo iraingarria.
p) Ez betetzea Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen 29. artikuluan ezarritako eginbeharrak, betiere horren ondorioz lan istripu larria jasaten badu langileak berak, lankide batek edo beste norbaitek.
q) Agintekeria, hau da, legezko manuak nabarmen eta nahita urratuz eta langile bati kalte nabarmena eginez zuzendariek, buruek edo erdi mailako agintariek burutzen dituzten ekintzak.
33. artikulua. Zehapenak.
Ondoren azaltzen dira aipatutako faltengatik langileei ezartzen ahal zaizkien zehapen handienak:
a) Falta arinengatik:
–Idatzizko kargu-hartzea.
b) Falta astunengatik.
–Idatzizko kargu-hartzea.
–Bi egunetik hogeira bitarte soldataz gabetzea.
c) Falta oso astunengatik:
–Idatzizko kargu-hartzea.
–Hogeita bat egunetik hirurogei egunera bitarte enpleguz eta soldataz gabetzea.
–Kaleratzea.
34. artikulua. Preskripzioa.
Faltek epe hauetan preskribatuko dute, mailaren arabera:
–Falta arinak: 30 egun.
–Falta astunak: 60 egun.
–Falta oso astunak: 90 egun.
Aipatutako falten preskripzio epea enpresak gertaeren berri izaten duenean hasiko da kontatzen eta, betiere, gertatu eta handik sei hilabeteren buruan.
35. artikulua. Soldaten araubidea ez aplikatzea.
Arrazoi ekonomikoak, teknikoak, antolakuntzakoak edo ekoizpenekoak daudenean, enpresan lan baldintzak aplikatu gabe uzten ahalko ditu enpresak, Langileen Estatutuaren 41.4 artikuluari jarraituz kontsultaldi bat egin ondoren.
Ulertuko da arrazoi ekonomikoak daudela enpresaren emaitzetatik egoera ekonomiko negatiboa ondorioztatzen denean, hala nola galerak daudenean edo aurreikusten direnean, edo modu iraunkorrean behera egiten duenean diru-sarrera arrunten edo salmenten mailak. Edonola ere, beherakada hori iraunkorra dela ulertuko da ondoz ondoko bi hiruhilekotan, diru-sarrera arrunten edo salmenten maila, hiruhileko bakoitzean, aurreko urteko hiruhileko berean izandakoa baino baxuagoa bada.
Ulertuko da arrazoi teknikoak daudela ekoizpen baliabide edo tresnetan, besteak beste, aldaketak daudenean; antolaketako arrazoiak, berriz, langileen lan sistemetan eta metodoetan edo produkzioa antolatzeko moduan, besteak beste, aldaketak daudenean; eta ekoizpen arrazoiak, azkenik, enpresak merkaturatu nahi dituen produktu edo zerbitzuen eskarian, besteak beste, aldaketak daudenean.
Lan baldintzak ez aplikatzeko prozedura Langileen Estatutuaren 82. artikuluan ezarritakoa izanen da.
36. artikulua. Batzorde paritarioa.
1. Hitzarmen honetan batzorde paritario bat eratu da, zortzi kiderekin: lau, sindikatuen aldetik, sinatzaile diren sindikatuetako bakoitzak bana edo biak, kopurua osatu behar bada, eta beste laurak enpresaren ordezkariak.
Batzorde paritarioa hitzarmen honen funtzionamendu egokirako behar den guztietan bilduko da.
Bilkuraren deialdia idatziz egin beharko da, hiru egun baliodun lehenago, eta gai-zerrenda izanen du nahitaez.
2. Honako hauek dira batzorde paritarioaren eginkizunak:
a) Hitzarmena betetzen dela zaintzea eta haren segimendua egitea.
b) Hitzarmen honen agindu guztiak aplikatzean eta interpretatzean sortzen diren gaiak ezagutzea eta ebaztea.
c) Alderdietako batek eskaturik, hitzarmena aplikatzearen ondorioz sor daitezkeen auzi edo arazo kolektiboetan bitarteko lana egitea eta/edo konponbidea bilatzen saiatzea, eta, alderdiek eskatuz gero, arbitraje lana egitea.
d) Bide administratibora eta jurisdikzionalera jo aurretik, nahitaez, hitzarmen hau aplikatzean eta interpretatzean hitzarmen kolektiboen inguruan sortzen diren gatazken planteamenduetan aginpidea izatea, artikulu honen 3. atalean aurreikusi bezala.
e) Lan baldintzak ez aplikatzearen gainean enpresak eta langileen ordezkariek hasi dituzten prozedurak ezagutu eta, hala badagokio, ebaztea, hitzarmen kolektibo honetan ezarritakoaren arabera.
3. Hitzarmen hau sinatzen duten alderdiek nahiz aplikazio eremuko 1. artikulukoek konpromisoa hartzen dute batzorde paritarioari jakinarazteko haren interpretazio eta aplikazioaren ondorioz sor daitezkeen zalantza, eztabaida eta auzi kolektibo guztiak, betiere aurreko atalean ezarritakoaren arabera bere eskumenekoak badira, bere bitartekotzaren bidez arazoa konpon dadin edo, ezin bada, horren gaineko ebazpena edo txostena eman dezan.
4. Batzorde paritarioari planteatzen zaizkion gaiak idatziz aurkeztuko dira, behar adinako informazioarekin, arazoa behar bezala ezagututa aztertu ahal izan dezan. Gutxienez, honako informazio hau jakinaraziko zaio nahitaez:
1.–Gaiaren azalpen labur eta zehatza.
2.–Proposamen egilearen iritziz bere alde dituen arrazoi eta oinarriak.
3.–Batzordeari egiten zaion proposamen edo eskakizun zehatza.
5. Batzordeak informazio edo agiri gehiago eskatzen ahalko ditu aferaren gaineko informazio hobea edo osatuagoa lortzeko asmoz. Horretarako, proposatzaileari gehienez bost egun balioduneko epea emanen zaio.
6. Batzorde paritarioak, kontsultaren idazkia jaso ondoren edo, hala balegokio, beharrezko informazioa osatu ondoren, 15 laneguneko epea izanen du gehienez, akordioa erdietsiz gero, gaia ebazteko dagokion ebazpenaren bidez.
Akordiorik egon ezean, batzordeko kideek txosten bat eginen dute. Bertan, nork bere jarrera, eta, horrenbestez, desadostasuna argudiatzeko adierazi dituen irizpenak bilduko dira.
Azkeneko kasu horretan, batzordeak hurrengo zenbakian zehazten den bezala jokatuko du.
7. Batzorde paritarioak akordiorik erdiesten ez duenean bere eskumenen artean, aurreko 2. ataleko e) letran jasotzen diren gaietatik kanpoko bat planteatzen zaionean, desadostasunak, kasua bada, lan-gatazkak auzibidetik kanpo ebazteko sistemara pasatzen ahalko ditu, bi aldeetako –enpresa eta sindikatuak– bakoitzean gehiengoaren adostasuna egonez gero, eta gatazkak konpontzeko sistema ez-judizialen mendean jarri, Langileen Estatutuaren 83. artikuluan aurreikusitako lanbide arteko akordioen bidez ezarri ziren horien mendean, hain zuzen.
8. Batzorde paritarioaren helbidea Nafarroako Lan Auzitegiarena da (Iruñeko Kale Berria, 30-32).
37. artikulua. Xedapen orokorrak aplikatzea.
Hitzarmen honetan aurreikusi edo arautu ez denari dagokionez, Nafarroako Garraioaren Hitzarmen Kolektiboa aplikatuko da.
Lehenbiziko klausula gehigarria.
Langileek sortutako ordainsarien atzerapenak, hitzarmen honetan ezarritako baldintzekin bat, beranduenez Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hilabetean kobratuko dira.
SOLDATEN TAULAK
KATEGORIAK | 2024. URTEA | URTEKO GUZTIZKOA |
1. MULTZOA | ||
Ingeniariak | 2.571,09 | 38.566,35 |
2. MULTZOA | ||
Kudeatzailea edo zuzendari komertziala | 2.554,77 | 38.321,55 |
Arduradun nagusia | 2.478,99 | 37.184,85 |
Biltegiko burua | 2.299,77 | 34.496,55 |
3. MULTZOA | ||
Administrarien burua | 2.478,99 | 37.184,85 |
Administrazio Ataleko burua | 2.299,77 | 34.496,55 |
Administrari-ofiziala | 1.938,99 | 29.084,85 |
Administrari laguntzailea, 25 urtetik gorakoa | 1.747,02 | 26.205,30 |
Kontularia | 2.125,82 | 31.887,30 |
Administrari laguntzailea, 25 urtetik beherakoa | 1.726,10 | 25.891,50 |
4. MULTZOA | ||
Ikastuna, lehen urtekoa | 1.015,12 | 15.226,80 |
Ofizioko profesionalak | ||
Zerbitzu teknikoetako burua | 2.176,98 | 32.654,70 |
Tailerreko burua | 1.969,72 | 29.545,80 |
Lehen mailako ofizioko profesionalak | 1.938,99 | 29.084,85 |
Bigarren mailako ofizioko profesionalak | 1.772,28 | 26.584,20 |
Laguntzailea | 1.627,52 | 24.412,80 |
Arazurin, 2024ko maiatzaren 2an.
Sinadura:
–Enpresaren aldetik:
Petri Echeverria Igor.
–Langileen aldetik:
Collazo Morono Pilar.
Tirapu Del Pozo Rubén.
Iragarkiaren kodea: F2410681
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
