167. ALDIZKARIA - 2024ko abuztuaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ULTZANUETA ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Deialdia, oposizio-lehiaketa bidez kontratazioa egiteko, zerbitzu anitzetako langilearen lanpostu baterako, eta eratzeko izangaien zerrenda bat, ordezkapenak egiteko, bajak betetzeko edo errefortzu-beharretarako

Mankomunitateko buruaren uztailaren 3ko 9/2024 Ebazpenaren bidez, deialdi hau onetsi da, oposizio-lehiaketa bidez kontratazioa egiteko, zerbitzu anitzetako langilearen lanpostu baterako. Lanpostua lan-kontratudun finkoen araubidekoa da, eta hiru laurdeneko lanaldia du. Orobat, deialdi honen helburua da eratzea izangaien zerrenda bat, ordezkapenak egiteko, bajak betetzeko edo errefortzu-beharretarako, jarraikiz Mankomunitate honen 2024ko ekitaldiko lan publikoaren eskaintzari. Horrenbestez, bidezkoa da oinarri hauek argitaratzea, jarraikiz ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuari, zehazki, haren 25. artikuluari, 36. artikuluak hartara igortzen baitu (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua):

OINARRIAK

1. oinarria.–Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea zerbitzu anitzetako langilearen lanpostu bat, lan-kontratudun finkoen araubidean eta hiru laurdeneko lanaldian (%75), Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitateko (aurrerantzean, "Mankomunitatea") plantilla organikoan.

Halaber, deialdi honen bidez izangaien zerrenda bat osatu nahi da, plazarik lortzen ez duten izangaiekin, aldi baterako kontratatzeko, bat etorriz abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduarekin.

Oposizio-lehiaketaren hautapen-sistema erabiliko da plaza betetzeko.

1.2. Lanpostuaren ordainsariak izanen dira D mailari dagozkion oinarrizko ordainsariak, lanaldiaren arabera, bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuarekin eta indarrean dagoen araudiarekin, eta lanpostua betetzen duenak jasoko ditu Mankomunitatearen plantilla organikoan une oro ezartzen diren osagarriak.

1.3. Bi hilabeteko probaldia ezartzen da. Bitarte horretan, Mankomunitateak kontratu-harremana suntsiarazi edo hutsaltzen ahalko du, Mankomunitateari iruditzen bazaio lanpostuaren zereginak ez direla berak nahi bezala bete, edo ez dela behar bezala integratu langile taldean.

1.4. Hautaprobak gainditurik deialdi honetan hautatzen den izangaia afiliatuko da Gizarte Segurantzaren Sistema Orokorrean, eta alta emanen zaio bertan.

1.5. Lanaldia hiru laurdenekoa izanen da, eta zerbitzuaren beharretara egokituko da, betiere urtero onesten den lan-egutegia errespetatuz. Dena dela, administrazio-organo eskudunek noiznahi aldatzen ahal dituzte biak.

1.6. Bete beharreko eginkizunak deialdiaren kategoriari egokituko zaizkio, eta bere mailari dagozkionak izanen dira. Beteko dituen eginkizunak loturik daude Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitateko edateko uraren hornidura eta saneamendu zerbitzuarekin zerikusia duten jarduerekin, instalazioekin eta obrekin. Eginkizun horiek izanen dira mantentze-lanetako eta obretako brigadak berezkoak dituenak. Besteak beste, honako eginkizun hauek izanen ditu, aipatze hutsez eta bestelakoak baztertu gabe:

–Zerbitzu anitzak, loturik daudenak instalazio eta obren mantentze-lanetako brigadak berezkoak dituen jarduerekin, zeinek zerikusia baitute Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitateko edateko uraren hornidura eta saneamendu zerbitzuarekin. Jarraipena egitea haren funtzionamendu egokiari, kontserbazioari eta mantentzeari.

–Maneiatzea, mantentzea eta konpontzea zerbitzuaren berezko makinak, lanabesak eta tresnak.

–Beharrezkoak diren hiri-altzariak paratzea eta haiei dagozkien mantentze-lanak egitea, jarraikiz Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitatearen eskumen eta zerbitzuei. Orobat, behar diren hesiak, itxitura elementuak, seinaleak eta abar paratzea eta haiei dagozkien mantentze-lanak egitea.

–Beharrezkoak diren altzariak eta gauzak lekualdatzea eta paratzea, jarraikiz Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitatearen eskumen eta zerbitzuei.

–Zerbitzuaren ibilgailuak gidatzea eta makineria maneiatzea (B motako gidabaimena arte, hori barne).

–Mantentze eta konpontze lanak egitea Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitatearen bulegoetan, ondasun higiezinetan eta gainerako azpiegituretan, bai eta horietatik kanpo ere: iturgintza, elektrizitatea, pintura, igeltserotza, soldadura, zurgintza, mekanika, garbiketa, eta zangak ireki eta ixtea.

–Agintzen zaizkion instalazio berriak eta hobekuntzak egitea, betiere bere mailakoak, eta lanean erabiltzen diren ibilgailuen mantentze-lan oinarrizkoak eta kontserbazioa.

–Garbitzea Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitatearen instalazioak, ondasun higiezinak eta gainerako azpiegiturak, jarraikiz Mankomunitateak eskura dituen bitarteko eta aukerei.

–Lankidetzan aritzea Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitatearen beste zerbitzu batzu ekin, hala eskatzen zaionean.

–Antolatuko, banatuko eta kontrolatuko ditu hornidura eta saneamendu sare guztien erabilera, prestaketa eta mantentze-lana. Halaber, antolatuko, banatuko eta kontrolatuko ditu azpikontratatzen diren lan eta zereginak eta haien errendimendua.

–Kontrolatuko ditu instalazio eta obretako lanak eta funtzionamendua, loturik daudenak Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitateko edateko uraren hornidura eta saneamendu zerbitzuarekin, eta gainbegiratuko du hornidurako eta saneamenduko sareen zerbitzuak egiteko kontratatutako enpresen funtzionamendua.

–Lehentasunak finkatuko ditu egin beharreko lanen artean, betiere, Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitateko buruarekin batera edo hark eskuordetutako pertsonarekin batera.

–Zainduko eta kontrolatuko ditu bere zerbitzuko makina guztiak, lanabesak, ibilgailuak eta abar.

–Kontrolatuko ditu laneko segurtasun eta higiene neurriak.

–Beteko ditu bere mailaren eta kategoriaren barnean agintzen zaizkion gainerako guztiak.

Halaber, zerbitzu anitzetako lanpostuaren eginkizun izanen dira honako eginkizun orokor hauek:

–Segurtasun eta higiene arauak betetzea, behar bezala baliatuz lan bakoitzean erabiltzen diren babes-ekipamendu egokiak.

–Koordinatzaileari aldiro komunikatzea udal azpiegituretan, egoitzetan eta ekipamenduetan ikusten diren akats, matxura eta hausturak.

–Zerbitzuak hobetu daitezela sustatzea eta horretan laguntzea, eta proposatzea hobekuntzarako lagungarri izan daitezkeen ekintzak eta aldaketak.

–Ezagutzea eta aplikatzea lanerako ezarritako arauak, prozedurak eta zehaztapen guztiak.

–Kasuren batean behar izanez gero, egoerara egokitzea, lanorduekin malgutasunez jokatuz, bete ahal izateko ezarritako lan programa eta zerbitzuaren beharrak.

–Begiratzea ea egoera onean dauden Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitatearen eskumeneko instalazio eta espazio publikoak, baita Mankomunitatearen eraikinak ere, eta proposamenak egitea haien mantentze-lanetarako eta/edo hobekuntzarako.

–Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitateko buruak haren esku uzten duten beste edozein zeregin, edo organo delegatuek haren esku uzten duten beste edozein zeregin, betiere bat datorrena bere eskumen, maila eta kategoriarekin, barnean dela goragoko mailetakoei laguntzea eta haien lanak egitea.

–Era berean, eginen ditu, beharrezkoa izanez gero, Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitatearen bulegoetatik kanpoko jarduketak eta kudeaketak.

1.7. B-2 hizkuntza eskakizuna eskatuko da, Nafarroako Hizkuntza Eskola Ofizialaren baremoaren arabera, edo ofizialki baliokidetzat onartutako beste titulazio bat, edo izangaiak gainditu beharko du hizkuntza maila egokia duen zehazteko proba bat, bat etorriz 55/2009 Foru Dekretuaren 4. artikuluan ezarritakoarekin (foru dekretu horren bidez arautzen da euskararen ezagutza, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantilla organikoetan).

1.8. Mankomunitatean kontrataziorik egin beharko balitz zerbitzu anitzetako edo mantentze-lanetako eginkizunekin zerikusia duen lanpostu baterako, deitzen ahalko zaio zerrenda honetako dagokion izangaiari, eta kontratuaren maila izanen litzateke bete beharreko lanpostuari dagokiona, betiere ez badago izangaien zerrenda berariazkorik lanpostu horretarako.

1.9. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda honek indarrik gabe eta ondoriorik gabe uzten du beste edozein zerrenda, helburu duena Ultzamako Mankomunitatearen zerbitzuko mendizain eta zerbitzu anitzetako langilearen lanpostuak betetzea, aldi baterako kontratazio bidez. Bost urtez egonen da indarrean, eta zerrendaren kudeaketa eginen da jarraituz Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduari (foru agindu horren bidez onesten dira aldi baterako kontratazioak kudeatzeko arauak).

2. oinarria.–Parte-hartzaileen betebeharrak.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.

c) Lanpostuaren egitekoa betetzeko gai egiten duen titulazioa izatea (edo hura eskuratzeko moduan egotea eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean); titulu hori, gutxienez, izanen da Eskola Graduatuarena, DBHkoa (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza) edo Lanbide Heziketako lehen mailakoa edo baliokide batekoa.

d) Ibilgailuak gidatzeko baimena izatea, B motakoa.

e) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

f) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua ez izatea.

g) Euskara jakitea. Hori frogatzeko, aurkeztu beharko da B-2 titulua, jarraikiz gaur egun Nafarroako Hizkuntza Eskola Ofizialean indarrean den baremoari, bai eta NAPIn (Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua) indarrean den baremoari ere, edo maila horretako beste tituluren bat aurkeztu beharko da, ofizialki baliokidetzat aitortutakoa.

Orobat, izangaiak berariazko proba bat eginez frogatzen ahal du badituela maila horiek. Horren bidez frogatuko du baduela nahikoa hizkuntza maila (deialdi honen 1.7 oinarrian adierazia). Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak eginen du proba hori, edo Nafarroako Gobernuan arlo honetan eskumena duen erakunde eskudunak.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta bete beharko dira hautapen-prozesuak eta kontratazioak dirauen bitartean.

3. oinarria.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitateren erregistroan, edo urriaren 1eko 39/2015 Legean jasotzen diren bitartekoetako bat erabiliz (lege horrek hizpide du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea).

Eskabideak I. eranskineko ereduaren arabera bete beharko dira. Eredu hori Mankomunitatearen bulegoetan eskura daiteke, hitzordua eskatuta, edo Internet bidezko gunean (www.ultzanueta.es/eu), edo, bestela, argitaratzen den aldizkari ofizialetik bertatik hartuta.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek aurkeztu beharko dute eskatutako tituluaren eta nortasun agiri nazionalaren fotokopia, eta lehiaketaldian alegatutako merezimenduak frogatzeko agiriak. Esperientzia baloratzeari dagokionez, ezinbestekoa izanen da aurkeztea entitate kontratatzaileen ziurtagiriak, non agertuko baita, zehatz, egindako lan mota, esleitutako maila, lanaldi mota eta lanaldiaren iraupena, eta zer zerbitzutarako kontratatu den, kontratu horien iraupena.

3.2. Desgaitasunen bat duten izangaiek horren frogagiria aurkeztu beharko dute, parte hartzeko eskabidearekin batera, organo eskudunak emana. Halaber, eska ditzakete ariketak egiteko behar dituzten egokitzapenak, denbora eta baliabide aldetik, horren beharrik izanez gero. Eskabidean bertan eskatu behar dituzte. Orobat, aparteko orri batean, adierazi beharko dute zer desgaitasun mota duten, eta zer egokitzapen eskatzen.

4. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. oinarria.–Behin-behineko zerrenda.

Eskabideak aurkezteko epea iraganik, Mankomunitateko buruak jendaurrean jarriko du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, hura argitaratuz Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Mankomunitateko iragarki-taulan eta web-orrian.

Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera, argitaratu ondoko hamar egun balioduneko epean, interesdunek erreklamazioak egiten ahalko dituzte, edo eskabidean egindako akatsak zuzendu.

6. oinarria.–Behin betiko zerrenda.

Erreklamazioak aurkezteko epea iraganik eta horiek ebatzita, onetsiko da onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda, Mankomunitateko buruaren ebazpenaren bidez. Zerrenda hori, era berean, argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Mankomunitateko iragarki-taulan eta web-orrian. Zerrendarekin batera, argitaratuko da noiz eta non eginen diren deialdi honen 8. oinarrian aurreikusitako hautaprobak. Deialdia argitaratzen denetik probak hasi arte, bi hilabeteko tartea utzi beharko da, gutxienez.

Gero, kalifikazio-epaimahaiak behar diren iragarkiak argitaratuko ditu, gainerako probak egiteko, Mankomunitatearen iragarki-taulan eta web-orrian, bai eta probak egin diren tokian ere, erregelamenduari jarraikiz.

7. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaia.

7.1. Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

–Epaimahaiburua: Martin M.ª Picabea Aguirre, Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitateko burua, edo legez hura ordezten duena.

–1. epaimahaikidea: Lanbide Heziketako Eskolako irakasle bat, Mankomunitateko buruak izendatuko duena.

–2. epaimahaikidea: Ingenieritzako estudio edo enpresa bateko teknikari bat, Mankomunitateko buruak izendatuko duena.

–3. epaimahaikidea: Amaiur Elizalde Lallana, Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitate administrari-ofiziala, erakunde horretako langileen ordezkari.

–Epaimahaikide idazkaria: Alfonso Araujo Guardamino, Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitateko idazkari eta kontu-hartzailea, edo, bestela, eskualdeko beste udal bateko idazkaria.

7.2. Kalifikazio epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, baldin badaude urriaren 2ko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horiek gertatzen direnean.

Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko eta errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla eta, horren berri emanen da izangai onartuen eta baztertuen zerrendekin batera.

7.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak.

7.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioaz eta aplikazioaz sortzen diren gorabehera guztiak.

7.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eskatzen ahalko du probarako. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

8. oinarria.–Hautapen-prozesuaren nondik norakoa eta balorazioa.

8.1. Oposizioaldia hasi aurretik, eta izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi aurretik, izangaiek euskara proba eginen dute, baldin agiri bidez frogatu ez badute deialdi honen 1.2 oinarrian eskatzen den ezagutza.

Idatzizko proba eta ahozkoa eginen dira, jakiteko pertsona hori gai den ala ez deialdi honen 1.2 oinarrian adierazitako hizkuntza eskakizunaren mailari dagokionez.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak eginen du proba hori, edo Nafarroako Gobernuan arlo honetan eskumena duen erakunde eskudunak, eta horren ondoren oposizioko berariazko probak eginen dira.

8.2. Oposizio-lehiaketan, gehienez, 100 puntu eskuratzen ahalko dira osotara; haietarik, 20 puntu lehiaketaldiari dagozkio, eta 80 puntu oposizioaldiari.

8.2.1. Lehiaketaldia.

Lehiaketaldia ez da baztertzailea izanen, eta gehienez ere 20 puntu izanen ditu, baremo honen arabera:

A.–Laneko esperientzia (15 puntu gehienez):

A.1. Beste udal edo toki-erakunde publiko batzuetan egindako urte bakoitzeko, betiere erakunde horiek ematen badituzte edateko uraren zerbitzuak, eta izangaiak zerbitzuak eman baditu zerbitzu anitzetako enplegatu gisa, hornidura-instalazio horien mantentze-lanetan (D maila), edo antzeko beste lanpostu batzuetan, maila berean edo goragoko mailetan, baina eginkizun horiekin: 3,5 puntu eta, gehienez, 15 puntu.

A.2. Beste udal edo toki-erakunde publiko batzuetan egindako urte bakoitzeko, betiere izangaiak zerbitzuak eman baditu zerbitzu anitzetako enplegatu gisa, instalazioen mantentze-lanak egiten oro har (D maila), edo antzeko beste lanpostu batzuetan, maila berean edo goragoko mailetan, baina eginkizun horiekin: 2,5 puntu eta, gehienez, 15 puntu.

A.3. Beste erakunde publiko batzuetan egindako urte bakoitzeko, betiere izangaiak zerbitzuak eman baditu zerbitzu anitzetako enplegatu gisa, instalazioen mantentze-lanak egiten oro har (D maila), edo antzeko beste lanpostu batzuetan, maila berean edo goragoko mailetan, baina eginkizun horiekin: 2 puntu eta, gehienez, 15 puntu.

A.4. Erakunde pribatuetan egindako urte bakoitzeko, betiere izangaiak zerbitzuak eman baditu zerbitzu anitzetako enplegatu gisa, instalazioen mantentze-lanak egiten oro har, edo antzeko beste lanpostu batzuetan, baina eginkizun horiekin: 1,5 puntu eta, gehienez, 15 puntu.

B.–Prestakuntza osagarria (5 puntu):

B.1. Unibertsitate titulua (gradua, lizentzia, diploma), baldin badira lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duten espezialitateak: 3 puntu eta, gehienez, 3 puntu.

B.2. II. mailako Lanbide Heziketako titulua, goi mailako zikloko titulua edo titulu baliokidea, baldin badira lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duten espezialitateak: 2 puntu; gehienez, 4 puntu.

B.3. Ofizialki aitortutako prestakuntza, loturik dagoena lanpostuari dagozkion eginkizunekin, 30 orduko edo gehiagoko iraupena duena: 0,10 puntu, 30 orduko multzo bakoitzeko; gehienez ere, 3 puntu.

Atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da homologazioaren frogagiria.

Aurreko apartatuetako merezimenduak frogatzeko, aurkeztu beharko dira ziurtagiriak, behar den erakundeak emana, hots, lehiatzaileak lan egindako administrazio publikoak edo legez eratutako enpresa pribatuak. Merezimendu horiek zenbatzeko, kontuan hartuko dira egindako zerbitzuak, bai lan araubidean (finko nahiz aldi bateko gisa), bai administrazio araubidean (bitarteko gisa nahiz lanpostuaren jabe izanik).

Frogatutako lan-eskarmentuak ez badu urte osorik egiten, dagokion proportzioa aterako da, hilabete osoak kontuan hartuta. Kontratu bat kontuan hartzeko, izan beharko du hilabete batekoa gutxienez, osorik. Lanaldia osoa ez bada, orduan ere kalkulatuko da kasuan kasuko proportzioaren arabera.

Merezimendu horiek frogatzeko, aurkeztu beharko dira entitate kontratatzaile publiko nahiz pribatuen ziurtagiriak, non argi eta garbi agertuko baita zer lan mota egin den, lanpostuaren maila, lanaldi mota edo iraupena, eta kontratu horren iraupena (zer egunetan hasi eta bukatu zen). Ez da baloratuko behar bezala frogatu gabeko merezimendurik, hots, adierazitako ziurtagiriaren bidez frogatu gabekorik.

Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak argitara emanen du izangai bakoitzak lortutako puntuazioa, Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitatearen iragarki-taulan eta web-orrian.

8.2.2. Oposizioaldia.

Oposizioan 80 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta honako ariketa hauek izanen ditu:

–Lehen ariketa: teorikoa (baztertzailea). 30 galderako test bat egin beharko da, hiru alternatibarekin, lanpostuarekin loturik. Testa izanen da II. eranskineko zerrendan ageri diren gaiei buruzkoa. Ariketa honetan gehienez ere 30 puntu emanen dira, eta 15 puntu erdietsi behar dira, gutxienez, ariketa gainditzeko. Bazterturik geldituko dira gutxieneko puntuazioa lortzen ez duten izangaiak. Kalifikazio-epaimahaik erabakiko du zer denbora izanen den proba hau egiteko. Oker erantzundako galderengatik, 0,20 puntu kenduko zaizkio azterketaren guztizko puntuazioari.

–Bigarren ariketa: praktikoa (baztertzailea). Proba praktiko batzuk egin beharko dira, egun batean edo zenbait egunetan, lanpostuarekin zerikusia dutenak, II. eranskineko zerrendan ageri diren gaiei buruzkoak. Ariketa honetan gehienez 50 puntu emanen dira, eta gutxienez 25 puntu erdietsi behar dira. Bazterturik geldituko dira gutxieneko puntuazioa lortzen ez duten izangaiak. Kalifikazio-epaimahaik erabakiko du zer denbora izanen den proba hau egiteko.

8.3. Probarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiek agertu beharko dute aldean dutela nortasun agiri nazionala, gidabaimena edo pasaportea. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

Proba hau egiteko ez daiteke kontsultatu inolako testurik, ezta erabili ere kalkulagailurik, telefono mugikorrik edo bestelako materialik, ez bada bolaluma urdina edo beltza.

Izangai batek kopiatzen badu, edo ez baditu betetzen azterketa egiteko ezarritako arauak, zuzenean baztertuko da oposizio-lehiaketatik, eta ez du izanen lanpostura aurkezterik.

8.4. Hautaprobetan, ahal diren egokitzapenak ezarriko dira, denbora eta baliabide aldetik, beren desgaitasuna frogatzen eta eskabidean halaxe eskatzen dutenentzat.

9. oinarria.–Probak gainditu dituztenen zerrenda, eta lanean hasteko deia.

9.1. Behin proben kalifikazioa burutuz gero, kalifikazio-epaimahaiak eginen du probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazio handienetik txikienera ordenatua, eta argitara emanen du Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitatearen iragarki-taulan eta web-orrian. Era berean, Mankomunitateko buruari igorriko dio zerrenda hori, hautapen-prozesuaren espediente osoarekin batera, organo eskudunak onets dezan.

Mankomunitateko buruak onetsiko ditu zerrendako lehen lekuan dagoen izangaiaren kontratazioa eta izendapena. Probak gainditu dituztenen zerrenda onetsi eta espedientea bukatu eta, gehienez ere, hiru hilabeteko epean onetsiko ditu.

Berdinketarik gertatzen bada, hura ebazteko, joko da bigarren ariketan (proba praktikoa) puntu gehien lortu duen izangaiaren alde. Berdinketak jarraitzen badu, zozketa bidez ebatziko da.

9.2. Gainditu duten izangaiei dei eginen zaie Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitateren premien arabera, jarraituz deialdi honetako oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei.

9.3. Deia egiterakoan, kontuan hartuko da ezarrita dagoena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginean, zazpigarren xedapen gehigarriaren 4. apartatuan; horren bidez, hain zuzen, arautzen dira desgaitasun bat dutenak Nafarroako Administrazio Publikoetan lanean sartzeko xehetasunak. Horretarako, %33ko edo maila handiagoko desgaitasun aitortua dutenek egoera hori frogatu beharko dute, organo eskudunak berariaz emaniko agiri jatorrizkoaren bidez edo kopia konpultsatuaren bidez.

9.4. Kontratudunari alta emanen zaio Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean, eta bertan afiliatuko da; beraz, haren kontura izanen dira dagokion kuota eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena, bidezko diren kopuruetan.

10. oinarria.–Kontratazio zerrenden kudeaketa:

10.1. Kontratazio zerrendek lau urteko indarraldia izanen dute, salbu epe laburragoan agortzen badira edo beste deialdi bat egiten bada.

10.2. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda kudeatzeko arauak.

A) Deia:

Zerbitzuaren beharren arabera kontratatuko dira probak gainditu dituzten izangaiak, oro har, aurretiaz banakako deiak eginik.

Izangaiek ematen ahalko dituzte harremanetarako zenbait telefono, posta helbide edo fax-zenbaki, azkar lokalizatu ahal izateko, eta eguneraturik eduki beharko dituzte beti.

Zerrendan duten hurrenkeraren arabera deituko zaie izangaiei. Aurreko hori gorabehera, dei horretan kontuan hartuko da ezarrita dagoena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren testu bateginean, zazpigarren xedapen gehigarriaren 3. apartatuan.

Izangai bati kontratua telefonoz eskaintzen zaionean, gutxienez hiru dei eginen zaizkio emandako komunikazio-bideen bitartez, bi eguneko epean.

Dei bakoitzaren idatzizko oharra jasoko da, adieraziz gorabeherak, eguna eta ordua.

Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, deituko zaio/e zerrendan hurrengoa/k denari/direnei, harik eta eskaintzen den/diren lanpostua/lanpostuak bete arte.

Izangaiekin ezin izan bada harremanetan jarri, eutsiko diote izangai horiek zerrendan zuten postuari.

Deietarako oro har ezarritakoa gorabehera, baldin eta izangai bat lanean ari bada edo aritu bada Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitatean, deialdi honen ondorioz, antzeko lanpostu bat bete behar izanez gero kontratu hori bukatu eta hurrengo 12 hilabetean, Mankomunitatean, izangai horri berari eskainiko zaio kontratua, betiere dagokion zerrendan libre badago berriz dei egiten zaionean.

Kontratudun batek kontratuari uko egiten ahalko dio iraupen luzeko beste bat hartzeko, baldin eta haren zerrendaren esparrukoa bada eta hari badagokio hurrenkeraren arabera.

B) Uko egitea:

1.–Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendaren bukaerara pasatuko da, salbu honako egoera hauetakoren batean dagoela frogatzen badu:

1.–Horretara behartua egotea, indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan-kontratu batengatik.

2.–Aldi baterako ezintasun egoeran egotea, edo lizentzia edukitzea umea izateagatik edo adoptatzeagatik.

3.–Zaindu behar izatea 3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba, naturala nahiz adoptatua.

4.–Zaindu behar izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, berez baliatu ezin dena, adina, istripua edo eritasuna dela kausa.

5.–Izangaia ezkondu berria izatea edo balio bereko egoeran sartu berria, jarraikiz uztailaren 3ko 6/2000 Legeari (Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko Legea), baldin eta lanpostuari uko egiten badio egoera horiek gertatu ondoko edo aurreko hamabost egun naturaleko epean.

Aurreko apartatuan adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek edo pareko egoeretan daudenek (kontratazio arloan eskumena duen organoak baloratuko du egoera hori) hilabeteko epea izanen dute, uko egindako lanpostua eskaintzen zaien egunetik hasita, hori frogatzeko agiriekin eta modu frogagarrian. Hala izanez gero, zerrendan zuten toki berean segituko dute.

Artikulu honen lehen apartatuan aipatutako kasu guztietan, izangaiek jakinaraziko dute noiz dauden berriz zerbitzurako prest. Horretarako, aurkeztu beharko dituzte uko egitea ekarri zuen egoera noiz bukatu den adierazten duten agiriak. Komunikazio hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.

C) Zerrendatik kanpo gelditzea:

Honako hauek izanen dira izangaiak deiari dagokion zerrendatik kanpo gelditzeko arrazoiak:

a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.

b) Sinatutako kontratuari uko egitea.

c) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea.

10.3. Kontratuduna Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartuko da, eta bertan kidetuko; beraz, haren kargu izanen da dagokion kuota eta PFEZaren atxikipena (pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga), behar diren kopuruetan.

11. oinarria.–Aplikazio osagarria.

Deialdi honetan ezartzen ez den orotan, aplikatuko dira aplikatzekoak diren indarreko arauak.

12. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, eta bere oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtsoetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzenduko baitzaio Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Erripan (Odieta), 2024ko uztailaren 3an.–Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitateko burua, Martín M.ª Picabea Aguirre.

I. ERANSKINA.–ESKABIDEA

Izen-deiturak: ..........................................................................................................................................

NANa: ................................................ Jaioteguna: [urtea/hilabetea/eguna] ............................................

Jaioterria: ............................................................ Nazionalitatea: .....................................................

Egungo helbidea [kalea, zenbakia, eskailera, solairua]: ..........................................................................

Posta kodea/Herria: ................................................. Telefonoak: .........................................................

Helbide elektronikoa: ........................................................................................................................

AZALTZEN DUT:

–Ez dut eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik, eragozten didanik karguan aritzea.

–Ez dut indarreko xedapenetan ezarritako ezintasunetako bakar bat ere.

–Ez naute bereizi, diziplina espedientearen bidez, inongo administrazio publikoren zerbitzutik, ezta bidali ere diziplinako kaleratzearen bidez, eta ez nago desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

–Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe naiz.

–Baldintza guztiak betetzen ditut, eskaerak aurkezteko epearen azken egunean.

–Deialdian eskatutako euskararen ezagutza frogatzeari dagokionez (markatu bidezkoa dena):

Eskabide honi gehitzen diot ziurtagiri baten kopia autentifikatu bat, agertzen duena badudala deialdian eskatutako euskararen ezagutza.

Eskatzen dut egitea deialdi honetan eskatutako euskararen ezagutza maila frogatzeko proba.

–BADUT desgaitasuna / EZ DUT desgaitasunik, eta, beraz, azaltzen den egokitzapena eskatzen dut, adierazten diren arrazoiengatik. (Beste orri batean azaldu behar dira eskatzen diren egokitzapenak eta haietarako arrazoiak).

Aurkezten dut desgaitasuna frogatzen duen agiria, erakunde eskudun batek emana.

–Eskabideari erantsi dizkiot agiri hauen fotokopia konpultsatuak:

Nortasun agiri nazionala.

Eskatzen den titulazio akademikoa.

ESKATZEN DUT:

Honako honetan onar nazatela: deialdia, oposizio-lehiaketa bidez bete dadin zerbitzu anitzetako langilearen lanpostu bat, lan-kontratudun finkoen araubidean eta hiru laurdeneko lanaldian, Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitateko zerbitzura. Izangaien zerrenda bat eratzea, ordezkapenak egiteko, bajak betetzeko edo errefortzu-beharretarako, Mankomunitatean gertatzen diren premiei erantzuteko, aldi baterako. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen (zenbakia: ............................., data: ...........................................................................).

Erripan (Odieta), 2024ko ...........................................aren ...........................(e)(a)n.

(Sinadura)

Datuen babesa.–Deklaratzen duenak baimena ematen dio toki-erakundeari, jarraikiz abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari (Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko Lege Organikoa), tratatu daitezen espedientean eta tramiteetan jasota dauden bere datuak, fitxategi automatizatu batean sartzeko, fitxategi horren helburua baita datu pertsonal horiek sartzen dituzten organoei erraztea dagozkien kudeaketa, egiaztapen eta jarraipen prozedurak kontrolatzea eta hobetzea; eta deklaratzen duenak badaki, aipatutako lege organikoaren arabera, toki-erakundearengana jo dezakeela, baldin bere eskubidea erabili nahi badu datu horiek ikusteko, zuzentzeko, ezabatzeko eta aurka egiteko, idatziz, eskatzailearen nortasunaren fede ematen duen frogarekin, eta erreferentzia gisa "Datuen babesa" paratuz.

II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

I. zatia.

1. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, hizpide duena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea. I. titulua: prozedurako interesdunak (3. artikulutik 12.era). II. titulua: administrazio publikoen jarduna (13. artikulutik 33.era). III. titulua: egintza administratiboak (34. artikulutik 52.era). IV. titulua: administrazio-prozeduren xedapen orokorrak (53. artikulutik 105.era). V. titulua: egintzak bide administratiboan berrikustea (106. artikulutik 126.era).

2. gaia.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, hizpide duena Sektore Publikoaren Araubide Juridikoa. Atariko titulua: xedapen orokorrak (1. artikulutik 4.era). Administrazio publikoetako organoak (5. artikulutik 14.era). Abstentzioa eta errekusazioa (23. eta 24. artikuluak). Administrazio publikoen ondare-erantzukizuna (32. artikulutik 35.era). Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa (38. artikulutik 46.era).

3. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. Atariko titulua: xedapen orokorrak (1. artikulutik 5.era). Mankomunitateak (47. artikulutik 53.era). Nafarroako toki-erakundeen funtzionamendua (73. artikulutik 91.era). Nafarroako toki-erakundeen prozedura eta araubide juridikoa (317. artikulutik 328.era). Nafarroako toki-erakundeen jarduketen aurkaratzea eta kontrola (332. artikulutik 351.era).

4. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu publikoei buruzkoa. Atariko titulua (1. artikulutik 8.era). Kontratuen tipologia eta araubide juridikoa (27. artikulutik 35.era). Kontratu publikoen kontratu-kudeaketarako printzipioak eta arauak (39. artikulutik 45.era). Publizitate-arauak eta esleipen-prozedurak (artikuluak: 46, 47, 49, 50, 51, 58, 59, 60, 64, 71-81, 88-94, 95).

5. gaia.–Ultzama, Anue eta Odieta udalerriak: geografia. Eskualdeak eta parajeak ezagutzea, datu soziodemografikoak eta biztanleari buruzko datuak, eta udal ondasun eta instalazioei buruzko ezaugarriak eta antolaketa.

6. Gaia.–Ordenantza fiskala, tasak arautzen dituena Ultzanueta Zerbitzu Mankomunitateak ematen dituen ur-horniduragatik, saneamenduagatik eta gainerako zerbitzu eta jarduerengatik, eta ordenantzaren Tarifen Eranskina (indarrean dagoen testua).

7. gaia.–"Arauak eta jarraibideak, honako hauei buruz: Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitatearen hornidurako eta saneamenduko hargune berriak". Mankomunitateko Kideen Batzarrak onetsi zituen, 2023ko abenduaren 28an.

8. gaia.–"Arauak, honako hauei buruz: beharrezkoak diren ezaugarri teknikoak, hornidurako eta saneamendurako sareetara lotzeko, Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitatean". Mankomunitateko Batzorde Iraunkorrak onetsi zituen, 2019ko maiatzaren 7an.

9. gaia.–Oinarrizko ezagutzak honako hauei buruz: laneko segurtasun eta higienearen gaineko arauak, eta oztopo arkitektonikoen gainekoak. Arriskuak: motak eta prebentzioa. Segurtasuna, makinak eta erremintak erabiltzean. Norbera babesteko ekipamenduak.

10. gaia.–Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitatearen jabetzako instalazioak. Honako hauen kokapena eta egoera: saneamendu eta hornidura sareak, ur-biltegiak eta edateko uraren araztegia.

11. gaia.–Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitatetik zerbitzua emateko erabiltzen diren hodi-lerroak, sekzioak eta kutxatilak.

12. gaia.–Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitatearen zerbitzua jasotzen duten herrien planoak interpretatzea, lanpostuarekin lotuta.

13. gaia.–Iturgintzako instalazioen mantentze-lanak: komun-ontziak, txorrotak, zisternak, sifoiak, zirkuituak, zirkuituak betetzea eta purgatzea. Ezagutzea instalazio termikoetan efizientzia energetikoa hobetzeko sistemak (eguzki-energia termikoa, energia geotermikoa, biomasa).

14. gaia.–Hornidura eta saneamendu sareetan maiz egiten diren obra arruntak.

15. gaia.–Klorazioa eta ura arazteko beste sistema batzuk, giza kontsumorako egokia izan dadin; maila onargarriak.

16. gaia.–Kontagailu motak eta irakurketak.

17. gaia.–Sareak, harguneak eta ur kontagailuak mantentzeko materialak, aparatuak eta erremintak.

18. gaia.–Ulertzea elektrizitateko eta iturgintzako eskemak.

19. gaia.–Oinarrizko argi-zirkuituak: etengailuak, kommutadoreak, entxufe oinak, lanparak, pitzarazgailuak eta erreaktantziak.

20. gaia.–Eraikinen eta hiri altzarien mantentze-lanak. Pintura.

21. gaia.–Igeltserotzako kontzeptu orokorrak. Erremintak. Materialak. Zolatzea eta alikatatzea. Kofratuak eta paretak egitea. Obrak zaintzea eta mantentze-lanak. Obra txiki eta ertainetako makinak maneiatzea.

22. gaia.–Mekanika. Udal makinak, ibilgailuak, erremintak eta lanabesak maneiatzea, mantentzea, ikuskatzea eta konpontzea. Biltegia kontrolatzea.

23. gaia.–Ezagutzea, maneiatzea eta mantentzea lorezaintzako eta mendiko produktuak, makinak eta erremintak (sasiak garbitzeko makina, belarra mozteko makina, heskai-moztekoa, aizkora, motozerra, altueran inausteko plataforma jasotzailea). Fitosanitarioak aplikatzea.

24. gaia.–Behar diren materialak eta erremintak eskuratzea. Antolaketa eta mantentze-lanak.

Oharra.–Zein egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarra duen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

Iragarkiaren kodea: L2411324