Iragarkia
167. ALDIZKARIA - 2024ko abuztuaren 16a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
LERIN
Deialdia, bete dadin zerbitzu anitzetako enplegatuaren plaza bat, merezimendu-lehiaketaren bidez, jarraikiz abenduaren 28ko 20/2021 Legeari (lege horrek hizpide ditu premiazko neurri batzuk, enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko)
Alkatearen 2024ko uztailaren 28ko Ebazpenaren bidez, onetsi ziren deialdi baten oinarriak, bete dadin zerbitzu anitzetako enplegatuaren plaza bat, merezimendu-lehiaketaren bidez, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, jarraikiz abenduaren 28ko 20/2021 Legearen seigarren eta zortzigarren xedapen gehigarriei (lege horrek hizpide ditu premiazko neurri batzuk, enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko).
Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Lerinen, 2024ko uztailaren 29an.–Alkatea, Esmeralda Masó Cabezón.
OINARRIAK
Deialdi hau gauzatuko da jarraikiz aplikatu beharreko araudiari eta honako hauetan ezarritakoari:
1.–Deialdiaren xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da betetzea I. eranskinean zehaztutako lanpostu hutsa, aipatutako eranskinean jasotzen diren ezaugarrien arabera, betiere betez lehia askearen, berdintasunaren, merezimenduaren, gaitasunaren eta publizitatearen printzipioak, eta merezimendu-lehiaketaren prozeduraren bidez, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, honako arau hauen babesean: abenduaren 28ko 20/2021 Legea eta uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legea (20/2021 Legea, abenduaren 28koa, hizpide dituena premiazko neurri batzuk, enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko; eta 19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze-prozesuak gauzatzeko, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz).
1.2. Deialdi honen bidez izendatzen den izangaiak beteko ditu bere lanpostuari dagozkion eginkizunak, eta izanen ditu abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan ezarritako eskubideak eta betebeharrak, bai eta hura garatzeko araudian ezarritakoak ere (aipatutako legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina). Izendatutako izangaia sailkaturik geldituko da I. eranskinean zehaztutako araubidean eta mailan.
1.3. Eskainitako plaza txanda irekiaren bidez beteko da, eta ez da izanen igoera-txandarik, ez eta plazaren erreserbarik ere desgaitasuna dutenentzat edo genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzat.
2.–Aplikatzekoa den araudia.
Prozedura hau gauzatzeko, honako hauetan xedatutakoa beteko da: 20/2021 Legea, abenduaren 28koa, hizpide dituena premiazko neurri batzuk, enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko; 19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez neurri batzuk hartzen baitira, Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze-prozesuak gauzatzeko, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz; 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua; 7/1985 Foru Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriei buruzkoa; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.
3.–Betebeharrak.
3.1. Merezimendu lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) I. eranskinean zehazten den nazionalitateari buruzko baldintza betetzea.
b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.
c) I. eranskineko ezaugarrien taulan zehazten den titulua izatea, edo hura lortzeko moduan egotea eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
Baldin atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da egoki den baliozkotzea, edo homologazioa frogatzen duen agiria. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena eskuratu duten izangaiei, betiere eskuratu badute lanbide arautuen esparruan, Europar Batasuneko xedapenen babesean.
d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
e) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ez izatea.
f) Ezin izanen dute parte hartu toki-erakundearen deialdiaren xede den lanpostuan langile finko gisa ari diren langileek. Baldintza hori betetzen ez dutenak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geldituko dira haien jarduketa guztiak, galarazi gabe beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.
3.2. Izangaiek betebehar horiek frogatu beharko dituzte deialdiaren oinarrietan ezartzen den unean. Bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean, eta lanpostuaz jabetu arte, deusetan ukatu gabe 3.1.f. oinarrian ezarritakoa.
4.–Eskabideak, tasak, eta eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
4.1. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.
Deialdian parte hartzeko eskabideak telematikoki aurkeztu behar dira nahitaez, Leringo Udalaren erregistro elektroniko orokorraren bidez.
Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek eskabidea aurkeztu beharko dute, nahitaez, II. eranskineko eredu normalizatuaren arabera.
4.2. Eskabideak aurkezteko epea.
Eskabideak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
4.3. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
Eskaera aurkezteko unean, izangaiek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
–Merezimenduen autobaloraziorako inprimakia (III. eranskina), behar bezala betea, eta merezimenduen frogagirien kopiak, ordenatuta, jarraikiz merezimenduen autobaloraziorako inprimakian agertzen diren hurrenkerari.
Merezimenduak ez dira aintzat hartuko, ezta baloratuko ere, baldin eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean ez badaude lehen aipatutako moduan zerrendatuta, alegatuta eta frogatuta; betiere, kalifikazio-epaimahaiak dokumentazio gehiago eska dezake, uste badu merezimendu bat ez dagoela behar bezala frogatua.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Kalifikazio-epaimahaia izendatuko da deialdi hau onetsi ondoren eta izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi baino lehen. Kide kopurua bakoitia izanen da, hiru gutxienez, eta izendatu beharko da horien ordezkoen kopuru bera. Izendapen hori Leringo Udalaren web-orrian argitaratuko da.
5.2. Epaimahaia osatzerakoan, joko da gizonen eta emakumeen ordezkaritza orekatua lortzera.
5.3. Epaimahaia osatzen duten kideek ez dute eduki beharrik lanpostuan sartzeko eskatzen den titulazioaren ezagutza-arlo bereko titulurik, ez eta ikasketa maila bereko titulurik edo goragokorik ere.
5.4. Baldin eta langileen batzordeak ez badu proposatzen nor izendatu epaimahaian dagokion kidea izateko, eskatzen zaionetik 15 egun naturaleko epean, deialdia egiten duen organoak izendatuko du kide hori, hautatutako langileen ordezkarien artetik, dagokion eremuan.
5.5. Epaimahaia eratu beharko da merezimendu-lehiaketaren balorazioa egin aurretik.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, bertan ez badago gutxienez kideen gehiengo osoa.
Kide anitzeko organo horren eraketak eta jarduketek balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek.
5.6. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.7. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioaz eta aplikazioaz sortzen diren gorabehera guztiak.
5.8. Epaimahaiak aholkulari espezialistei deitzen ahalko die, bere eskumeneko jarduketetatik edozeinetan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6.–Izangaien onarpena.
6.1. Behin bukaturik eskabideak aurkezteko 15 egun naturaleko epea, onetsiko da izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko da argitara dadila Lerigo Udalaren web-orrian, eta, horrekin batera, epaimahaiaren osaera.
Baztertutako izangairik ez badago, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda, eta argitaratuko da Leringo Udalaren web-orrian.
6.2. Behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Toki-erakundearen atariko deialdiaren web fitxaren bidez aurkeztu behar dira erreklamazioak.
6.3. Erreklamazioak aurkezteko epea igaro eta horiek ebatzi ondoren, onetsiko da izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta deialdiaren web-orrian argitaratuko da.
6.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen prozedura gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
7.–Nola eginen den merezimendu-lehiaketaren bidezko salbuespenezko prozedura: baloratuko diren merezimenduak.
a) Merezimendu profesionalak: gehienez ere 60 puntu.
Baloratuko dira administrazio publikoetan egindako zerbitzuak, deialdia argitaratzen den egunera artekoak, gehienez 60 punturekin, puntuazio honen arabera:
a.1) Leringo Udalean, deialdiaren xedeko lanpostu berean egindako zerbitzuak: 3 puntu, egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.
a.2) Leringo Udalean, beste lanpostu batzuetan, egindako zerbitzuak: 1,5 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.
a.3) Beste administrazio publiko batzuetan, lanpostu berean edo beste lanpostu batzuetan, egindako zerbitzuak: 0,75 puntu, egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.
a.1, a.2 eta a.3 apartatuetarako oharrak:
1. Urteen kopurua osoa ez bada, emanen da zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa.
2. Gehienez ere 60 puntu emanen dira a) apartatu honetan.
3. Egindako zerbitzuak baloratuko dira zerbitzu bakoitzaren hasiera egunetik bukaera arte, edozein izanik ere egindako lanaldiaren ehunekoa.
4. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.
5. Izangaia egon bada prestakuntzarako zerbitzu berezietan edo jarduneko zerbitzu bereziko egoeran, halako aldiak kontatuko dira benetan bete duen lanpostuan egindako zerbitzu bezala.
Izangaia zerbitzu berezietan egon bada beste arrazoi batzuengatik, edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan, aldi horietako zerbitzuak kontatuko dira egoera horietan sartzerakoan zeukan lanpostuan aritu balitz bezala.
6. Aurreko azpiapartatuetan emandako puntuazioak elkarrekin bateraezinak izanen dira aldi berari dagokionez. Halakoetan, kasu bakoitzean handiena den puntuazioa emanen da.
Merezimendu profesionalak frogatuko dira dagokion erakundeak emandako ziurtagiriaren bidez. Ziurtagirian agertu behar dira zerbitzuaren iraupena, betetako lanbide-kategoria eta lan-bizitzaren txostena. Dokumentazio horretan agertu behar dira izendapenaren edo lan-harremanaren hasiera eguna eta bukaera eguna (edo, kasua bada, indarrean jarraitzen duela), izendapenaren eta kontratuaren xedea eta lanaldi mota.
Leringo Udalari baldin badagokio ziurtagiri hori ematea, eskatzaileak ez du aurkeztu beharko.
b) Beste merezimendu batzuk, gehienez ere 40 puntu:
b.1) Leringo Udalean, deialdiaren xede den plaza berean sartzeko prozesu bat gainditu izana, lanposturik eskuratu gabe, 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera argitaratutako deialdietan: 15 puntu plazarik eskuratu gabe gainditutako deialdi bakoitzeko.
b.2) Produktu fitosanitarioak profesionalki erabiltzeko txartela izatea: 5 puntu (oinarrizkoa) edo 10 puntu (kualifikatua).
b.3) Lanpostuari dagozkion gaietan (makinak, eskorgak, etab.) frogatutako ikastaro-ordu bakoitzeko, 0,5 puntu ordu bakoitzeko, eta 15 puntu gehienez.
c) Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du eman 7. oinarri honetan apartatu bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagorik.
d) Behin merezimenduak baloratuta (aurreko apartatuek ezarritakoari jarraikiz), %33ko desgaitasuna edo handiagoa frogatzen dutenek lortutako puntuazioari gehituko zaizkio 1,5 puntu, guztira, zuzenketa-faktore gisa.
8.–Kalifikazioa.
8.1. Merezimendu-lehiaketaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitaratuko du merezimenduen behin-behineko balorazioa, Leringo Udalaren web-orrian, eta 5 egun balioduneko epea emanen da alegazioak aurkezteko.
8.2. Behin 5 egun balioduneko epea iraganik, aurkeztutako alegazioak ebatziko dira, halakorik izan bada, eta merezimenduen behin betiko balorazioa eginen da. Ondoren, epaimahaiak organo eskudunari igorriko dizkio izangai bakoitzak lortutako puntuazioak, betebeharrak frogatzeko izapidea egiteko.
8.3. Baldin eta puntu-berdinketarik gertatzen bada, merezimendu-lehiaketaren salbuespenezko prozeduran parte hartzen dutenen artean, berdinketa ebatziko da merezimendu profesionalen apartatuan puntuazio handiena lortu duen izangaiaren alde; eta, hala ere berdinketak badirau, kontuan hartuko da apartatu horren azpiapartatu bakoitzean lortutako puntuazio handiena, zerrendatzen diren hurrenkeran.
Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinduta segitzen badute, berdinketa ebatziko da kalifikazio-epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren abizenetatik eta izenetik abiaturik.
8.4. Prozedura honetatik ez da sortuko aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendarik.
9.–Baldintzak frogatzea.
Organo eskudunak 10 egun balioduneko epea irekiko du, plaza hutsa eskuratzen duen izangaiak dokumentazioa aurkez dezan, honako baldintza hauek betetzen dituela frogatzeko:
a) Eskatzen diren tituluen kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu direla frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskabideak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.
10.–Izendapen edo kontratazio proposamena eta agirien aurkezpena.
10.1. Deialdiko 9. oinarrian ezarritako agiriak aurkezturik, epaimahaiak igorriko du puntuazio handiena lortu duen izangaia izendatzeko proposamena, espediente osoarekin batera.
Leringo Udalaren web-orrian argitaratuko da izendapen proposamen hori.
10.2. Proposatutako izangaia ez bada toki-erakundearen zerbitzuko langile finkoa, honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu 10 egun balioduneko epean, behin izendapen proposamena argitaraturik toki-erakundearen atarian, deialdiaren web fitxan:
a) Nortasun agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokide batena.
b) Txosten mediko ofiziala, frogatzen duena ez duela eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik, eragozten dionik karguaren eginkizunak betetzea.
c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.
d) Zina edo hitzematea, adierazten duena errespetatuko duela Nafarroako Foru Eraentza, men eginen diela Konstituzioari eta legeei, eta zuzen beteko dituela karguari dagozkion eginkizunak.
10.3. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezin izanen dira izendatu edo kontratatu agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaiak eta, orobat, deialdiko 3. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela frogatzen ez dutenak. Halakoetan, baliorik gabe geldituko dira haien jarduketa guztiak, deusetan galarazi gabe legokiekeen erantzukizuna, beren eskabideko faltsukeria dela-eta.
10.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, hutsik gelditu den plaza beteko da 8. eta 9. oinarrietan aipatzen den izangaien zerrendaren arabera, lanposturako baldintzak betetzen dituen hurrengoarekin, eta izangai horrekin erabiliko da aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera.
10.5. Deialdi honen xedeko lanposturako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, beste agiriren bat beharrezkoa baldin bada eskudantziak betetzeko, proposatzen den izangaiari eskatuko zaio, eta hark aurkeztu beharko du deialdi honen 10.2 apartatuan ezarritako moduan.
11.–Izendapena, lanpostu hutsen adjudikazioa eta jabetza hartzea.
11.1. Funtzionario izendatuko da aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaia, eta lanpostu hutsa adjudikatuko zaio.
11.2. Izendapenak eta lanpostuaz jabetzeak berekin ekarriko du nomina eta plantillako funtzionario bihurtzea izendatua, eta izanen ditu indarreko xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak. Alta emanen zaio Gizarte Segurantzako araubide orokorrean, araubide horretan ezarritakoaren babesean.
Aurrekoa gorabehera, aplikatuta abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua), Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean afiliaturik daudenek bi aukera izanen dituzte: edo segitzea martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo sartzea Gizarte Segurantzako araubide orokorrean.
11.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek izanen dituela jakinarazpenaren ondorio berberak, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).
11.4. Izendapen-ebazpenean finkatzen den egunean hartuko da lanpostuen jabetza.
11.5. Emandako epean, eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez dutenek eskubide guztiak galduko dituzte toki-erakundeko funtzionario izateko edo lan-kontratudun langile finko izateko. Hala bada, deialdiaren 10.4 apartatuan ezarritakoari jarraituko zaio.
11.6. Funtzionario bihurtzen diren izangaiei, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berek eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaie jabetza hartzearen egunetik beretik, indarreko araudian ezarritako kasuetan, hutsik gelditzen den lanpostua ere deialdiaren 10.4 atalean xedatzen den moduan beteko da.
11.7. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, egoera horien ondoriozko plaza hutsa zuzenean esleituko zaio funtzionario berriari.
12.–Jarduketen publikotasuna.
Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez ofizialki argitaratu beharreko izapideak, Leringo Udalaren web-orriko iragarki-taulan argitaratuko dira proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen informazioa eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunentzat jakingarri den guztia ere.
13.–Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka eta oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzenduko baitzaio administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen toki-erakundeari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi ondotik.
I. ERANSKINA.–HONAKO DEIALDI HONEN EZAUGARRIEN TAULA: DEIALDIA, MEREZIMENDU-LEHIAKETA BIDEZ BETE DAITEZEN LANPOSTU HUTS BATZUK, ALDI BATERAKO ENPLEGUA EGONKORTZEKO ETA FINKATZEKO PROZESU BEREZIAREN BARNEAN, JARRAIKIZ ABENDUAREN 28KO 20/2021 LEGEARI (LEGE HORREK HIZPIDE DITU PREMIAZKO NEURRI BATZUK, ENPLEGU PUBLIKOAN DAGOEN BEHIN-BEHINEKOTASUNA MURRIZTEKO)
DEIALDIA EGITEN DUEN TOKI ERAKUNDEA | LERINGO UDALA |
1.–Plazen identifikazioa.
PLAZAREN ZENBAKIA PLANTILLA ORGANIKOAN | LANPOSTUA | MAILA | ARAUBIDE JURIDIKOA | LANALDIA | DESTINOA | BEHAR DEN TITULAZIOA (adierazi) | NAHITAEZKO HIZKUNTZAK | MEREZIMENDUETAKO HIZKUNTZAK | BESTE BETEKIZUN BATZUK |
7 | Zerbitzu anitzetako enplegatua | D | Funtzionarioa | Osoa | Udal brigada | Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) Graduatua, Eskola Graduatua, Erdi Mailako Lanbide Heziketa edo baliokidea | EZ | EZ | B motako gidabaimena |
2.–Baldintzak.
a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa, jarraikiz Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuei.
Parte har dezakete, era berean, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.
c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, titulu hau izatea: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) Graduatuaren titulua, Eskola Graduatuen titulua, Erdi Mailako Lanbide Heziketakoa, edo horien baliokide bat; edo, bestela, titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.
Baldin atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da homologazioa frogatzen duen agiria.
d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
e) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.
f) B motako ibilgailuetarako gidabaimena izatea.
3.–Deialdiaren web fitxa, toki-erakundearen atarian.
https://www.lerin.es/inicio/.
4.–Lan publikoaren eskaintza onesten duen ebazpena, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialerako esteka.
Alkatetzaren 398. Ebazpena, 2023ko abenduaren 12koa.
https://bon.navarra.es/eu/iragarkia/-/texto/2023/268/19
5.–Deialdia onesten duen ebazpena.
Alkatetzaren 252. Ebazpena, 2024ko uztailaren 28koa.
II. ERANSKINA.–ESKABIDEA, HONAKO HONETAN PARTE HARTZEKO: DEIALDIA, MEREZIMENDU-LEHIAKETA BAT EGITEKO, ALDI BATERAKO ENPLEGUA EGONKORTZEKO ETA FINKATZEKO PROZESU BEREZIAREN BARNEAN
https://sedeelectronica.lerin.es/tablondeanuncios/anuncio.aspx?id=7250
III. ERANSKINA–MEREZIMENDUEN AUTOBALORAZIORAKO AGIRIA
https://sedeelectronica.lerin.es/tablondeanuncios/anuncio.aspx?id=7250
Iragarkiaren kodea: L2411476
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
