Iragarkia
167. ALDIZKARIA - 2024ko abuztuaren 16a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
ETXARRI ARANATZ
Deialdia, oposizio-lehiaketa bidez bete dadin administrari-ofizialaren lanpostu bat, funtzionarioen araubidekoa
Etxarri Aranazko Gobernu Batzarrak, 2024ko uztailaren 24an egindako bilkuran, erabaki zuen, besteak beste, deialdi bat onestea, administrari-ofizialaren lanpostu bat betetzeko, funtzionarioen araubidean. Deialdia gauzatuko da oinarri hauen arabera.
Etxarri Aranatzen, 2024ko uztailaren 24an.–Alkatea, María Saez de Albeniz Bregaña.
DEIALDIAREN OINARRIAK
1.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdiaren xedea da administrari-ofizialaren lanpostu bat betetzea oposizio-lehiaketa bidez, Etxarri Aranazko Udalaren zerbitzura aritzeko. Plantilla organikoan administrari-ofizial gisa identifikatuta dago, C mailakoa da, eta euskara nahitaez jakin behar da; hain zuzen, C1 jakite-maila izan behar da.
1.2. Izendapenak Etxarri Aranazko Udaleko funtzionario bilakatuko du izendatua, ondorio guztietarako, lanpostuaz jabetzen denetik aurrera. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean kidetuko da, eta, hala behar badu, bertan alta emanen zaio.
1.3. Lanpostuak izanen ditu Nafarroako administrazio publikoko langileen C mailako ordainsariak. Plantilla organikoan ezarrita dauden osagarriak ere izanen ditu.
1.4. Lanaldi osoa izanen du. Urteko lanaldia izanen da Udalaren bulegoetako gainerako langileek duten bera, eta zerbitzuaren beharretara egokituko da; beraz, Udalak noiznahi aldatzen ahalko du.
1.5. Egin beharreko lanak izanen dira bere mailari eta kategoriari dagozkienak; besteak beste jendeari harrera egitea eta Udalaren administrazio zerbitzuei sostengu ematea. Batzuk aipatzeko, eta zerrenda mugatua izan gabe, honako eginkizun hauek nabarmentzen dira:
–Jendea hartzea: kontsultei eta eskaerei erantzutea, erabiltzaileak bere alorrera iristen direnean, batez ere zehazki loturik baldin badaude katastroarekin, hirigintzarekin, artxiboekin eta izatezko bikoteekin.
–Irteerak erregistratzea: erregistratzea ateratzen diren eskaerak, gutuneria, bai eta jasotzen eta bidaltzen diren agiriak ere, betiere erregistratzeko jarraibideen arabera jasotzen eta bidaltzen direnak.
–Artxibo orokorra: artxibo orokorreko agirien irteerak eta sarrerak kontrolatzea. Udalaren agiriak eta espedienteak sailkatzea, katalogatzea eta antolatzea, jarraikiz sailkatzeko eta antolatzeko sistemari (artxibo orokorrerako ezarritakoari), eta begiratzea behar bezala dabilela eta eguneratzen dela.
–Katastroa: katastroko informazio-basea mantentzea eta eguneratzea, agiriak jasotzea, eta datuak eta izandako aldaketak eguneratzea. Jendeari kasu egitea eta planoak interpretatzea, finkak identifikatzeko edo lurzatiak lokalizatzeko, eta gai honetan herritarrek dituzten zalantzak argitzea. Katastroa kontrolatzeko lan administratiboak egitea, eta dagozkion ziurtagiriak idaztea. Titulartasunak aldatzeko katastroko fitxak betetzea. Aldaketak erregistratzea Digit bidez, Tracasarekin koordinaturik.
–Hirigintza eta jarduera sailkatuak: Jarduera sailkatuari hasiera emateko eskaera izapidetzea, eta eskaera hori formalizatzeko behar diren agiri guztiak jasotzea. Espedientea irekitzea, sailkatzea eta artxibatzea. Espediente guztiari jarraipena egitea eta gero hura artxibatzeaz arduratzea. Jardueraren bukaerako ziurtagiria eskatzea eta kontrolatzea, eta jarduera-lizentziako eta obra-lizentziako baldintzak betetzen direla kontrolatzea. Prozesua bukaturik, irekitzeko lizentzia bidaltzea, espediente guztiaren jarraipena egitea, eta gero hura artxibatzea.
–Osoko Bilkuraren eta Tokiko Gobernu Batzarraren espedienteak: prestatzea bilkuren deialdietarako behar diren kopiak eta agiriak, eta Udalbatzako kideei banatzea, osoko bilkuretarako, Tokiko Gobernu Batzarretarako eta Udaleko erabakitze organoetarako. Erabakitze organoek hartutako erabaki eta ebazpenak betetzea eta bideratzea, interesdunei igorriz eta jakinarazpenak eginez. Osoko Bilkuraren eta Gobernu Batzordearen akta-liburuak egitea. Bandoen kopiak egitea, Udaletxeko iragarki-taulan jartzeko, eta eguneraturik izatea jatorrizkoen artxibatzea, web-orriak, panel argidunak eta abar.
–Beste batzuk: bere alorreko (hirigintza eta katastroa) ediktuak jasotzea eta izapidetzea, betiere Udaleko posta bidez iristen badira behar den epean. Hirigintza Alorreko eta Idazkaritzako iragarki-taulak kontrolatzea eta jarraipena egitea, eta begiratzea eguneratzen dela eta behar bezala dagoela. Orobat, informazio publikorako eginbideak egitea. Udal kontratuak izapidetzean administrazio arloko sostengua ematea. Dirulaguntzak (proiektuak eta obrak) eskatzeko agiriak prestatzea. Idazkariak idazten dituen ebazpenak igortzea. Izatezko bikoteen erregistroa kudeatzea. Ezkontza zibilen aktak prestatzea eta espedienteak izapidetzea. Nekazaritza Politika Erkideko ziurtagiriak egitea. Laguntza ematea era guztietako dirulaguntzak kudeatzeko eta izapidetzeko. Ehiza-barrutiko txartelak izapidetzea eta trafiko isunak izapidetzea. Errolda mantentzeko laguntza ematea. Hilerria kudeatzea.
–Eta, oro har, aipatutakoen gisako lan guztiak, lanpostuari dagozkionak, zerbitzua dela-eta bere gain utzitakoak.
1.6. Halaber, deialdi honen xedea da zerrenda bat egitea hautapen prozeduran plaza eskuratzen ez dutenekin, aldi baterako kontratatzeko, jarraikiz deialdiaren 7.2 oinarriari.
2.–Betebehar orokorrak.
2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa, jarraikiz Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuei.
Parte har dezakete, era berean, espainiarren ezkontideek eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea, eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina.
c) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
d) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, titulu hauetako bat edukitzea, edo eskuratzeko baldintzetan egotea: Batxilergoa, II. mailako Lanbide Heziketa edo horien baliokidea.
e) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta inongo administrazio publikotan jardutetik kendua ez izatea.
f) Edukitzea Euskararen C1 gaitasun mailaren ziurtagiria, jarraikiz Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuari, erakunde ofizial batek emana, edo ofizialki baliokidetzat onartutako beste titulazioren bat.
Euskara maila hori frogatzeko beste bide bat ere izanen da, hots, proba egitea Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren bidez. Hala eginez gero, proba egin nahi duten izangaiek horixe adierazi beharko dute, deialdian parte hartzeko eskabide orokorrean, horretarako prestatutako tokian. Proba hori lehiaketaldia hasi baino lehen eginen da.
2.2. Lanpostua eskuratzen duen izangaiak frogatu beharko ditu aurreko betebeharrak, deialdi honen bederatzigarren oinarriak xedatzen duen maneran eta epean. Hori guztia bete beharko da eskabideak aurkezteko epea bururatzen den egunean eta oposizio prozedura osoan, izendapen eguna arte bete ere.
3.–Eskabideak.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezten ahalko dira Etxarri Aranazko Udalaren erregistro orokorrean (Kale Nagusia 10, Etxarri Aranatz), egoitza elektronikoan, edo baliatuz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea), hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik. Epearen azken eguna larunbata edo baliogabea bada, hurrengo lehen egun baliodunera arte luzatuko da.
Eskabideak deialdi honen I. eranskinean argitaratutako ereduari lotu behar zaizkio. Haietan izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela eskatutako baldintza guztiak, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
3.2. Desgaitasuna duten izangaiek, baldin egokitzapenik behar badute probak egiteko, denboran edo baliabideetan, hala eskatu beharko dute eskabidean, eta zehaztu beharko dute, horretarako ezarritako tokian, zer egokitzapen eskatzen duten edo zer moldaketa behar duten denboretan eta/edo baliabideetan. Horretarako, izangaiak egokitzat jotzen duen dokumentazioa aurkez dezake, eskabidea aurkeztearekin batera, 3.4 apartatuan ezarritakoari jarraikiz.
3.3. Izangaiek alegatu egin beharko dituzte kalifikazio-epaimahaiak baloratu beharreko merezimenduak, deialdi honen seigarren oinarriaren arabera. Dokumentazio hori aurkezten ez bada eskabideetarako ezartzen diren epean eta moduan, merezimenduak ez dira baloratuko.
3.4. Eskabideari agiri hauek erantsi beharko zaizkio:
a) Nortasun agiri nazionalaren (NANa) fotokopia, edo atzerritarren identifikazio zenbakiarena (AIZ).
b) Deialdi honen 2. oinarrian eskatzen diren titulazioen fotokopiak.
c) Izangaiek alegatzen dituzten merezimenduen frogagiriak, jarraikiz aurreko puntuari eta deialdi honen seigarren oinarriari.
d) Eskatutako euskara-maila frogatzen duen agiria (C1 ahoz eta idatziz).
e) Desgaitasun aitortua duten izangaiek aurkeztu beharko dute hura frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, parte hartzeko eskabidearekin batera. Halaber, egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, azterketak egiteko denboraren edo baliabideen aldetik. Kasu horretan eskabidean bertan adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean azaldu beharko dute zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.
Puntu honetan adierazitako agiriak aurkezten ez dituztenak ez dira deialdian onartuko. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
3.5. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
4.–Izangaiak onartzea eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Etxarri Aranazko Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian. Izangai bazterturik ez bada, alkateak zuzenean onesten ahalko du izangai onartuen behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean, izangai baztertuek –halakorik bada– erreklamazioak egin ditzakete eta eskabideetan egindako akatsak zuzendu, horrelakorik baldin bada, idazkia aurkeztuz Etxarri Aranazko Udaleko Erregistro Orokorrean.
4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan, eta halakorik egon bada haiei erantzun ondoren, Etxarri Aranazko Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.
4.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako hauek osatuko dute:
Epaimahaiburua: María Saez de Albeniz Bregaña, Etxarri Aranazko Udaleko alkatea.
Ordezkoa: Lur Iosu Larraza Lopez, Etxarri Aranazko Udaleko alkateordea.
1. epaimahaikidea: Natalia Razkin Sagastibeltza, Sakanako Mankomunitateko administrari-ofiziala.
Ordezkoa: Amaia Serrano Etxaiz, Sakanako Mankomunitateko administrari-ofiziala.
2. epaimahaikidea: Ruth Sanchez Palazuelos, Etxarri Aranazko Udaleko administrari-ofiziala, Etxarri Aranazko Udaleko funtzionarioak ordezkatuz.
Ordezkoa: Txomin Larrion Igoa, zerbitzu anitzetako enplegatua, Etxarri Aranazko Udaleko lan-kontratudunak ordezkatuz.
3. epaimahaikidea: Susana Mendinueta Flores, Cederna Garalur.
Ordezkoa: Aintzane Erdozia Razkin, Arbizuko Udaleko administrari-ofiziala.
4. epaimahaikidea: Lorena Almandoz Mutuberria, Etxarri Aranazko Udaleko kontu-hartzailea.
Ordezkoa: Maialen López Cambra, Altsasuko Udaleko kontu-hartzailea.
Epaimahaikide idazkaria: Miren Pereda Razkin, Etxarri Aranazko Udaleko idazkaria.
Ordezkoa: Urtzi Nazabal Goñi, Sakanako Mankomunitateko idazkaria.
5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Halaber, izangaiek mahaikideak errekusatzen ahalko dituzte inguruabar horiek gertatzen direnean, jarraikiz urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikuluari (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Epaimahaiaren osaera aldatzen bada, abstenitzeko edo errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla medio, horren berri emanen da izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendarekin batera.
5.3. Epaimahaia eratu beharko da hautaprobak hasi baino lehen, eta, haren eraketak eta jardunak balioa izan dezaten, kide guztien gehiengo osoa bildu beharko da gutxienez.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioaz eta aplikazioaz sortzen diren gorabehera guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jasotzen ahalko du proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.
6.1. Oposizio-lehiaketa hasiko da deialdia argitaratu eta gutxienez ere 2 hilabete iragandakoan. Lehiaketaldia eginen da lehenik, eta ondotik, oposizioaldia, oinarri hauetan zehaztu bezala. Hori dena, jarraikiz Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Araudiari.
6.2. Atariko fasea: euskara proba.
Lehiaketaldia hasi baino lehen, euskara proba baztertzailea eginen dute izangaiek, baldin ez badute agirien bidez frogatu deialdi honen oinarrietan eskatutako jakite-maila. Proba horretan ariketak eginen dira, idatzizkoak eta ahozkoak, eta horien bidez zehaztuko da izangaia gai den ala ez, C1 hizkuntza mailari dagokionez. Proba horiek Euskarabideko langileek eginen dituzte, eta, bukatutakoan, lehiaketaldia hasiko da.
6.3. Lehiaketaldia.
Lehiaketaldia ez da baztertzailea izanen, eta gehienez ere 30 puntu izanen ditu, baremo honen arabera:
6.3.1. Esperientzia (20 puntu gehienez).
1.–Udal batean administrari-ofizialaren lanetan emandako urte bakoitzeko: 4 puntu urteko.
2.–Nafarroako beste toki-erakunde batean administrari-ofizialaren lanetan emandako urte bakoitzeko: 2 puntu urteko.
Zerbitzuak frogatuko dira dagokion erakundeak emandako ziurtagiriaren bidez. Ziurtagirian agertu behar dira zerbitzuaren iraupena, betetako lanbide-kategoria eta lan-bizitzaren txostena. Dokumentazio horretan agertu behar dira izendapenaren edo lan-harremanaren hasiera eguna eta bukaera eguna (edo, kasua bada, indarrean jarraitzen duela), izendapenaren eta kontratuaren xedea eta lanaldi mota. Deialdia egiten duen toki-erakundeari badagokio ziurtagiri hori ematea, eskatzaileak ez du aurkeztu beharko.
Urte kopuruak ez badu egiten zenbaki oso bat, dagokion proportzioan kalkulatuko da puntuazioa.
Lanaldia osoa ez bada, dagokion proportzioan kalkulatuko da, orobat. Zerbitzuak bete izana frogatzen duten agirietan espresuki adieraziko da zerbitzuak lanaldi osokoak izan diren ala murriztukoak, eta lanaldia murriztua bazen, zenbatekoa.
6.3.2. Prestakuntza (10 puntu gehienez).
Deialdiaren xede den lanpostuarekin lotutako ikastaroak egiteagatik eta udalen berariazko aplikazio informatikoei buruzko ikastaroak egiteagatik (biztanleen udal-errolda, ekonomia-jardueren gaineko zerga, zirkulazioaren gaineko zerga, katastroaren kudeaketa, gainbalioak, kontribuzioa, diru-bilketaren kontrola, erregistro elektronikoa, espediente elektronikoa, mantentze-lan orokorrak):
–0,10 puntu, ordu bat eta 10 ordu bitarteko ikastaro bakoitzeko.
–0,15 puntu, 10 eta 20 ordu bitarteko ikastaro bakoitzeko.
–0,20 puntu, 20 ordutik gorako ikastaro bakoitzeko.
Lanpostuko gaiei buruzko prestakuntza, hobekuntza eta espezializazio ikastaroak, erakunde eta zentro ofizialek emanak edo homologatuak, eta Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Hitzarmenen esparruan egindako etengabeko prestakuntzako ekintzak (barnean direla prestakuntza informatikoa eta digitala) baldin eta deialdia argitaratu aurretik egin badira.
6.3.3. Ez dira baloratuko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren egindako zerbitzuak eta ikastaroak.
Epaimahaiak baloratuko ditu izangai bakoitzaren kasuan egokitzat jotzen dituen merezimenduak, bere iritzia arrazoituz, baremoaren apartatu bakoitzerako. Epaimahaiak ez du inoiz aintzat hartuko izangaiak alegatu gabeko merezimendurik edo agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, ez eta baremoan ezarritakoez bestelako merezimendurik ere, eta ezin izanen du eman apartatu bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik.
Epaimahaiak noiznahi eskatzen ahalko ditu azalpenak eta datu osagarriak, lehiakideek alegatutako merezimenduen gainean.
6.3.4. Lehiaketaldia bukatuta, epaimahaiak izangaien zerrenda argitaratuko du Etxarri Aranazko Udalaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan, puntuazioekin batera.
Behin-behineko kalifikazio horien aurka, alegazioak aurkezten ahalko dira bost egun naturaleko epean.
6.4. Oposizioaldia.
Oposizioa 2024ko abuztutik aurrera hasiko da.
Oposizioaldiak hiru proba izanen ditu. Egun desberdinetan eginen dira, eta behar bezala iragarriko dira.
6.4.1. Lehen proba: teoriko-praktikoa; test motako galde-sorta bati erantzun beharko zaio idatziz, deialdi honen II. eranskineko gaiei buruz. Lau aukera eskainiko dira galdera bakoitzari erantzuteko, baina bakarra izanen da zuzena.
Oker erantzuten den galdera bakoitzagatik kenduko da zuzen erantzundakoari ematen zaion balioaren %25.
Ariketa honetan, gehienez, 60 puntu eskuratzen ahal dira. Bazterturik geldituko dira gutxienez 30 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.
6.4.2. Bigarren proba: proba informatikoa. Ariketa praktiko bat edo gehiago egin beharko dira, toki administrazioan erabili ohi diren aplikazio informatikoei buruz. Proba honetan, gehienez, 10 puntu eskuratzen ahal dira. Bazterturik geldituko dira gutxienez 5 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.
6.4.3. Probak egiteko ez da inolako testurik kontsultatzen ahalko, ez eta hiztegirik edo antzeko beste materialik ere. Soilik mutur lodiko bolaluma urdina edo beltza. Izangaiek oharrak kopiatzen badituzte edo bestelako iruzurrak egiten badituzte, berehalakoan baztertuko dute probetatik.
6.4.4. Gutun-azal itxien sistema erabiliko da. Ariketa bakoitza zuzendutakoan, kalifikazio-epaimahaiak kalifikazioen zerrenda argitaratuko du Etxarri Aranazko Udaleko egoitza elektronikoko iragarki-taulan. Halaber, adieraziko ditu plikak jendaurrean irekitzeko eguna eta ordua.
Behin-behineko kalifikazio horien aurka, izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte 5 egun naturaleko epean.
6.4.5. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek agertu beharko dute aldean dutela nortasun agiri nazionala edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste identifikazio agiri bat. Oposiziotik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak edo aipatutako agirietako baten bidez nor diren frogatzen ez dutenak.
7.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta epaimahaiaren proposamena.
7.1. Izangaien kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak iragarki-taulan jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, guztira lortutako puntuazioaren araberako ordenan, eta izendapen proposamena igorriko du, puntuaziorik altuena lortzen duen izangaiaren alde.
Berdinketarik gertatuz gero, ebatziko da lehen ariketan puntuazio handiena lortu dutenen alde. Berdinduta jarraituz gero, kontuan hartuko da bigarren ariketan lortutako puntuazioa eta, azkenik, berdin jarraituz gero, jendaurreko zozketa eginen da.
7.2. Epaimahaiak, aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoren, parte-hartzaileen behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu Etxarri Aranazko Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, eta izangaien zerrenda alkateari igorriko dio, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik eta espediente osoarekin batera, hark ebazpena eman dezan izendapen proposamenari buruz, eta, gero, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin.
Probak gainditu dituzten gainerako izangaiak sartuko dira Etxarri Aranazko Udalaren kontratazioetarako zerrenda batean, lortutako puntuazioaren arabera. Zerrenda hori erabiliko da kontratazioak egiteko, Udalak ematen dituen zerbitzuetan sortzen diren premiei erantzuteko, jarraikiz deialdi honen 1.6 oinarriari.
8.–Agiriak aurkeztea.
8.1. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta hogeita hamar egun naturaleko epean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu, Etxarri Aranazko Udalaren erregistro orokorrean:
a) Nortasun agiri nazionalaren (NAN) fotokopia konpultsatua, edo beste agiri bat, frogatzen dituena izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna.
b) Deialdiko lanpostua betetzeko eskatzen diren tituluen fotokopia konpultsatua.
c) Osasun ziurtagiri ofiziala, erakusten duena interesdunak ez duela akats fisikorik nahiz psikikorik edo eritasunik, eragotziko liokeenik karguaren eginkizunak betetzea.
Desgaitasunen bat alegatu duten izangaiek, gainera, aurkeztu beharko dute frogagiri bat, esaten duena desgaitasuna bateragarria dela deialdiko lanpostuarekin. Balorazio eta orientazio talde eskudunek emandakoa izan behar du.
d) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.
e) Zinpeko aitorpena edo promesa, adierazten duena errespetatuko duela Nafarroako Foru Araubidea, men eginen diela Konstituzioari eta legeei, eta zuzen beteko dituela karguari dagozkion eginkizunak.
8.2. Epe horretan, interesdunak agiri horiek ekartzen ez baditu, salbu behar bezala frogatutako ezinbesteko kasuetan, ezin izanen da izendatu, eta indarrik gabe geldituko dira haren jarduketa guztiak, deusetan galarazi gabe eskabidean egindako faltsukeriagatik izan dezakeen erantzukizuna.
8.3. Aurreko apartatuan ezarritako kasuan, Alkatetzak baja beteko du prozesua gainditu duten izangaien zerrendan hurrengoa den izangaiarekin, eta harekin erabiliko da aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera.
9.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.
9.1. Alkatetzak, ebazpen baten bidez, Etxarri Aranazko Udaleko administrari-ofizial izendatuko du aurreko oinarrian ezarritakoa betetzen duen izangaia.
9.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
9.3. Izangai izendatuak hilabeteko epea izanen du lanpostuaz jabetzeko, izendapena jakinarazten denetik hasita. Ezinbesteko kasuetan salbu, aipatutako epean lanpostuaz jabetzen ez bada, galduko ditu Etxarri Aranazko Udaleko funtzionario izateko eskubide guztiak. Halakorik gertatzen bada, 8. oinarrian xedatuari jarraituko zaio.
10.–Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak.
10.1. Izangaien zerrenda bat prestatuko da, aldi baterako kontrataziorako, probak gainditu bai baina lanposturik lortu ez duten izangaiekin. Hori dena, jarraikiz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluari, eta deialdi honen 1.6 oinarriari.
Lortutako azken puntuazioaren arabera ezarriko da zein den ordena aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan.
Izangaiei dei egiten zaienean, administrari-ofizialaren lanpostua aldi baterako betetzeko, kontuan hartuko da zer dagoen ezarria Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginean, zazpigarren xedapen gehigarrian. Xedapen horren arabera, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan, hiru lanpostutik lehena gordeko da %33ko desgaitasuna edo handiagoa dutenek betetzeko, baldin eta zerrenda horretan badaude eta dagozkien hautaprobak gainditu badituzte, eta frogatzen badute desgaitauna bateragarria dela dagozkien zeregin eta eginkizunak betetzearekin.
10.2. Deitzea.
10.2.1. Probak gainditu dituzten izangaiak kontratatuko dira, oro har, zerbitzuaren beharren arabera, aurretiaz banakako deiak eginik.
10.2.2. Izangaiek, azkar lokalizatuak izateko, ematen ahalko dituzte harremanetarako zenbait telefono, posta helbide edo fax-zenbaki, eta eguneraturik izan beharko dituzte.
Izangaiei dei eginen zaie jarraikiz zerrenda bakoitzean dagoen lehentasun ordenari. Dei bakoitzaren idatzizko oharra jasoko da, adieraziz gorabeherak, eguna eta ordua.
Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, deituko zaio zerrendan hurrengoa denari, harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte. Izangaiekin harremanetan jartzerik izan ez bada, izangai horiek eutsiko diote zerrendan zuten postuari.
10.2.3. Aurreko sei hilabetean kontratatukoak lehentasuna izanen du berriz ere kontratatua izateko.
10.3. Uko egiteak.
10.3.1. Baldin izangai batek uko egiten badio eskaini zaion lanpostuari, zerrendaren bukaerara pasatuko da, salbu frogatzen badu honako egoera hauetako batean dagoela:
a) Horretara behartua egotea, indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik.
b) Baja-egoeran egotea, gaixotasun baten ondorioz.
c) Izendatua edo hautatua izatea kargu politiko baterako edo ordezkaritza kargu baterako, eta, horren ondorioz, bateraezintasuna izatea bere eginkizunetan aritzeko; aukeratua izatea administrazio publiko batean izendapen libreko postu batean aritzeko; edo Gorte Nagusiek edo parlamentu autonomiko batek hura aukeratzea konstituzio organoetan parte hartzeko edo Ganbera batek hautatu beharreko beste postu batean aritzeko.
d) Ezkontzearen edo bikote egonkor izatearen ondorioz dagokion lizentzia gozatzen aritzea, arau honekin bat: otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretua, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua.
e) Bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaideren bat hiltzea edo gaixotasun larriren bat izatea, otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuan ezarritako epean.
f) Amatasun, aitatasun edo adopzio nahiz harrera kasuetan, otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuan ezarritako epean.
g) Hiru urtetik beherako haur bat zaintzea, edo seme-alabak zaintzeko eszedentzian egotea.
h) Legezko zaintza dela eta, zuzenean zaintzea desgaitasun fisikoa, psikikoa edo sentsoriala duen norbait, %33ko edo hortik gorako minusbaliotasuna duena, eta lan ordaindurik ez duena. Hori frogatzeko, egoki diren frogagiriak aurkeztu beharko ditu.
i) Bere kargura izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaideren bat, bere kasa bizitzeko gauza ez dena, adinagatik (65 urtetik gorakoa), istripuagatik edo gaixotasunagatik, eta lan ordaindurik egiten ez duena. Hori frogatzeko, egoki diren frogagiriak aurkeztu beharko ditu.
j) Izangaiak hala erabakitzea, urtebetez genero indarkeriaren biktima izatearen ondorioz.
k) Erakunde ofizial baten beka bat jaso izana.
10.3.2. Aurreko apartatuan adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek edo pareko egoeretan daudenek (kontratazio arloan eskumena duen organoak baloratuko du egoera hori) hamar egun balioduneko epea izanen dute, onartu gabeko lanpostua eskaintzen zaien egunetik hasita, hori agiriekin eta modu frogagarrian egiaztatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.
10.3.3. Arestian aipatutako kasuetan, izangaiek jakinarazi beharko dute noiz dauden berriz zerbitzurako prest. Horretarako, agiriak aurkeztu beharko dituzte, adierazten dutenak noiz bukatu den uko egitea ekarri zuen egoera. Komunikazio hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.
Alegatutako egoera frogatzen ez badu horretarako ematen zaion epean, ulertuko da eskainitako kontratuari uko egiten diola, bidezko arrazoirik gabe, deiaren egunetik hasita.
Era berean, hautagaiak noiznahi komunikatzen ahalko dio Etxarri Aranazko Udalari ez deitzeko kausa batean dagoela, eta komunikatzearekin batean frogatu beharko du hori.
10.4. Zerrendatik kanporatzea.
10.4.1. Deia eragin duen zerrendatik kanpo geldituko dira honako egoera hauetako batean daudenak:
a) Ez betetzea betebehar orokorrak eta titulazioari lotutakoak, ezta lanpostuan aritzeko beharrezkotzat jotzen diren gainerako baldintzak ere.
b) Desgaitua egotea lanbidean jarduteko edo eginkizun publikoetan aritzeko, edo edozein administrazio publikotatik kendua izatea diziplinako espediente baten bidez, egoera horrek irauten duen bitartean.
10.4.2. Honako hau izanen da zerrendatik kanporatzeko prozedura:
Kanporatzeko kausaren bat dagoela jakinez gero, kasuan-kasuan eskumena duen organoak aginduzko txostena eginen du, eta, 10 eguneko entzunaldia eman ondoren, bidezkoa denean, izangaia kanporatzeko proposamena eginen dio Etxarri Aranazko alkateari.
Alkateak ebazpen bat emanen du izangaiak kanporatzeko, aurreko apartatuetan ezarritako arrazoiekin bat. Kanporatzeko ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio, gehienez ere 10 eguneko epean, eta espresuki adieraziko zaio kanporatzearen arrazoia.
Kanporatzeko prozedura izapidetu bitartean, ulertuko da pertsona ez dagoela kontratatzeko moduan.
10.4.3. Izangaiek zerrendan zeukaten tokia galduko dute, eta zerrendetako azken tokira igaroko dira, baldin honako hauetako bat egiten badute:
a) Uko egitea, justifikatu gabe, eskainitako lanpostuari edo bi lan-eskaintzari.
b) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea.
c) Sinatutako kontratuari uko egitea.
d) Kontratatzeko deitzea eta ezinezkoa izatea izangaiarekin harremanetan jartzea, hark emandako bitartekoen bidez, gutxienez 6 aldiz saiatuta 2 hilabeteko epean.
11.–Datuen babesa.
Datuen tratamenduaren arduraduna: Etxarri Aranazko Udala.
Datuak babesteko ordezkaria: idazkaritza@etxarriaranatz.eus.
Helburua: langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.
Oinarri juridikoa: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina.
Datuak kontserbatuko diren denbora: datuak edukiko dira aipatutako helburua betetzeko behar den denboran, eta gordeko dira Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan dezakeen bitartean. Era berean, bete beharko dira apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko Foru Legea).
Datuen hartzaileak: datuak epaileei nahiz auzitegiei lagatzen ahalko zaizkie, indarreko legeria betez, eta argitara emanen dira Udalaren web-orrian eta iragarki-tauletan, deialdian adierazi bezala.
Eskubideak: interesdunek eskubidea dute beren datuak ikusteko, akatsik baldin badago haiek zuzentzeko, bai eta, lehenbiziko apartatuan adierazitako helbidera joz, haiek ezabatzeko ere.
Halaber, interesdunek erreklamazioa aurkezten ahal dute Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, eskaera idazki bat bidaliz haren helbidera (Jorge Juan kalea 6, 28001 Madril), edo egoitza elektroniko honetara: www.agpd.es.
12.–Errekurtsoak.
Deialdi honen, bere oinarrien eta egintzen aurka, hautara, jar daitezke honako errekurtsoetako bat:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi eta biharamunetik hasita.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi ondotik.
c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzenduko baitzaio Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko Salari, bi hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
Gainera, kalifikazio epaimahaiaren erabakien kontra, posible da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Etxarri Aranazko Udaleko alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
I. ERANSKINA.–DEIALDIAN PARTE HARTZEKO ESKABIDEA, OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ BETE DADIN ADMINISTRARIAREN LANPOSTU BAT, FUNTZIONARIOEN ARAUBIDEKOA ETA ETXARRI ARANAZKO UDALAREN ZERBITZURA
I.–Hautapen-prozesua.
Deialdia egiten duen erakundea: Etxarri Aranazko Udala.
Lanpostuaren izena: Administrari-ofiziala.
II.–Datu pertsonalak.
Deiturak eta izena: .................................................................................................................................
Helbidea: ................................................................................................................................................
Telefonoa : ..............................................................................................................................................
Posta elektronikoko helbidea: ...............................................................................................................
III.–Aditzera ematen dut.
Eskabide honekin batera aurkezten ditut merezimenduak eta merezimenduen frogagirien kopiak, deialdiaren 3.4 oinarrian jasotzen den eran.
–Desgaitasun-baldintzak:
Desgaitasuna dut eta, hortaz, egokitzapenak eskatzen ditut (beste orri batean zehaztuko dira eskatutako egokitzapenak eta eskaeraren arrazoiak).
Desgaitasuna frogatzen duen agiria aurkezten dut, erakunde eskudun batek emana.
–Euskararen jakite-maila frogatzea:
Titulua erantsi da.
Ezin dut aurkeztu euskararen jakite-maila frogatzen duen agiririk, eta, bete beharreko baldintza izanik, konpromisoa hartzen dut Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak eginen dituen egiaztatze probetara aurkezteko.
Horiek horrela,
ADIERAZTEN DUT:
1.–Betetzen ditut baldintzak guztiak, deialdiaren oinarrietan eskatzen direnak hautapen-prozesuan parte hartzeko.
2.–Ez nago kondenatua dolozko delitu bat dela kausa, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik bereizia ere, eta ez nago desgaitua eginkizun publikoetan aritzeko.
3.–Ez dut berariazko kausarik indarreko xedapenetan ezarritako desgaitasunerako edo bateraezintasunerako.
4.–Errealitatearen isla zehatza dira alegatutako merezimenduak eta haien frogagiriak.
Horregatik guztiagatik,
Eskatzen dut onar nazatela eskabide honetan aipatzen den deialdian.
Eguna eta sinadura
Deklaratzen duenak baimena ematen dio toki-erakundeari, jarraikiz abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari (Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko Lege Organikoa), tratatu daitezen espedientean eta tramiteetan jasota dauden bere datuak, fitxategi automatizatu batean sartzeko, fitxategi horren helburua baita datu pertsonal horiek sartzen dituzten organoei erraztea dagozkien kudeaketa, egiaztapen eta jarraipen prozedurak kontrolatzea eta hobetzea; eta deklaratzen duenak badaki, aipatutako lege organikoaren arabera, toki-erakundearengana jo dezakeela, baldin bere eskubidea erabili nahi badu datu horiek ikusteko, zuzentzeko, ezabatzeko eta aurka egiteko, idatziz, eskatzailearen nortasunaren fede ematen duen frogarekin, eta erreferentzia gisa "Datuen babesa" paratuz.
II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, hizpide duena administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea. Prozeduran interesdun direnak; jarduteko gaitasuna eta interesdun kontzeptua; ordezkaritza; administrazio-prozeduran interesdunek beren burua identifikatzea eta sinatzea. Administrazio publikoen jarduera: arau orokorrak, erregistroak, administrazio-isiltasuna, epemugak eta epeak (zenbaketa). Administrazio-egintzak: betekizunak, eraginkortasuna, jakinarazpena. Administrazio-prozedura erkidea: bermeak, faseak. Administrazio-errekurtsoak: printzipio orokorrak, gora jotzeko errekurtsoa eta berraztertzeko errekurtsoa.
2.–Administrazio-dokumentuak: ofizioa, bandoa, instantzia, ziurtagiria, akta, zirkularra, eginbidea, erabakien helarazpena eta jakinarazpenak, ebazpenak, kontratua.
3.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa. Abstentzioa eta errekusazioa. Zehatzeko ahalaren printzipioak. Administrazio publikoaren erantzukizuna eta administrazio publikoen zerbitzuko agintari eta langileen erantzukizuna. Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa.
4.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, arautzen dituena Toki Araubidearen Oinarriak. II. titulua: Udalerria. I. kapitulua: Lurraldea eta biztanleria. II. kapitulua: Antolamendua. V. titulua: Toki-erakundeei buruzko xedapen orokorrak. I. kapitulua: Funtzionamenduaren araubidea. IV. kapitulua: Herritarrentzako informazioa eta haien parte-hartzea.
5.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. I. titulua: Toki-erakundeen antolaketa eta administrazioa. III. titulua: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrentzako informazioa eta haien parte-hartzea. IV. titulua: Toki-erakundeen ondasunak. V. titulua: Jarduerak, zerbitzuak eta obrak. IX. titulua: Nafarroako toki-erakundeen jarduketaren prozedura eta araubide juridikoa, inpugnazioa eta kontrola: bereziki, gora jotzeko errekurtsoa Nafarroako Administrazio Auzitegian (279/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa).
6.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa. Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak. Udal zergak. Aurrekontua eta gastu publikoa.
7.–614/1996 Foru Dekretua, azaroaren 11koa, arauak ematen dituena ekonomia-jardueren gaineko zerga edo lizentzia fiskala kudeatzeko.
8.–Ordenantza fiskala, arautzen duena herriko jabari publikoko lurzoruaren, lurgainaren eta lurpearen erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia.
9.–Ordenantza, laguntzak arautzen dituena eraikinak zaharberritzeko, edertzeko eta eraikinetako besta obra batzuetarako.
10.–Ordenantza fiskal orokorra.
11.–Ordenantza, arautzen duena nola erabili mendiko pistak eta bideak.
12.–Ordenantza, arautzen duena udal hilerria.
13.–Ordenantza, arautzen duena administrazio elektronikoa.
14.–Ordenantza orokorra, dirulaguntzei buruzkoa.
15.–Ordenantza, arautzen duena erantzukizunpeko adierazpenaren prozedura, obretarako, jarduera sailkaturako eta era guztietako jardueretarako.
16.–Ordenantza, ezkontza eta agur zibilak arautzen dituena.
17.–Ordenantza, arautzen duena Auntzetxe bordaren erabilera pribatua, jostaketa-jardueretarako.
18.–Ordenantza, arautzen duena merkataritza ez-egonkorra.
19.–Ordenantza, arautzen duena liburutegiaren funtzionamendu egokia.
20.–Ordenantza, arautzen duena animalia arriskutsuak eta bestelakoak edukitzea.
21.–Ordenantza, herri-lurrak arautzen dituena.
22.–12/2006 Foru Legea, azaroaren 21ekoa, Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroari eta katastroei buruzkoa. Atariko titulua (xedapen orokorrak) eta II. titulua (Lur-ondasunen Erregistroko eta katastroetako informazioa eskuratu, eman, erabili eta ziurtatzea).
23.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, zeinaren bidez onesten baita Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina. V. titulua. I. kapitulua: esku-hartzea lurzoruaren eraikuntzan eta erabileran.
24.–17/2020 Foru Legea, abenduaren 16koa, arautzen dituena Ingurumenean Eragina duten Jarduerak. I. titulua, V. kapitulua: jarduera sailkaturako lizentzia behar duten instalazioak eta jarduerak.
25.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa: III. kapitulua: Kontratuen tipologia eta araubide juridikoa. V. kapitulua: publizitate arauak eta adjudikazio prozedurak.
26.–Biztanleen udal errolda. Biztanleen udal erroldaren ezagutza orokorra. Biztanleen udal erroldako izapideak eta prozedurak. 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, arautzen dituena Toki Araubidearen Oinarriak, 15. artikulutik 17. artikulura. 1690/1986 Errege Dekretua, uztailaren 11koa, zeinaren bidez onesten baita Toki Erakundeetako Biztanleriaren eta Lurralde Mugaketaren Erregelamendua. II. titulua: Biztanleria eta errolda.
27.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina: langile motak; funtzionario publikoen hautaketa; funtzionario-izaera eskuratzea eta galtzea; plantilla organikoak, funtzionarioen zerrendak eta espediente pertsonalak; administrazio-egoerak; eskubideak eta betebeharrak; ordainsariak; administrazio-araubidean eta lan-araubidean kontratatutako langileak.
28.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa: I. titulua (xedapen orokorrak), II. titulua (berdintasunerako erakundeen antolaketako sistema) eta III. titulua (berdintasunerako eskubidea bermatzeko tresnak).
29.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, hizpide dituena Gardentasuna, Informazio Publikoa Eskuratzea eta Gobernu Ona: I. titulua (xedapen orokorrak); II. titulua, I. kapitulua (gardentasuna jarduera publikoan) eta III. kapitulua (publizitate aktiboa).
30.–Word 2016 testu-prozesadorea: lan eremua; eragiketak dokumentuekin; testuarekin lan egitea; formatua; orrialdearen diseinua; taulak; irudiak; estiloak; estekak txertatzea; goiburuak eta orri-oinak lantzea; edukien aurkibidea; ilustrazioak lantzea; korrespondentzia konbinatzea; eremuekin lan egitea; inprimaketaren konfigurazioa.
31.–Excel 2016 kalkulu-orria: lan eremua; eragiketak liburu eta orriekin; formatuak; eragiketak gelatxoekin eta gelatxo multzoekin; formulak; oinarrizko funtzioak eta funtzio aurreratuak; grafikoak; datuekin lan egitea Excel-en; txantiloiak erabili eta sortzea; taula dinamikoak; inprimaketaren konfigurazioa.
32.–Oinarrizko kontzeptuak Interneti eta posta elektronikoari buruz.
Iragarkiaren kodea: L2411404
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
