167. ALDIZKARIA - 2024ko abuztuaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2024ko uztailaren 31n hartua, zeinaren bidez deklaratzen baita premiazkoa dela "Oronozko (Baztan) Zunda etxea eraberritzea, desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako eguneko zentro gisa" izeneko proiektuaren obra egiteak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzearren.

2024ko otsailaren 22an, Baztango Udalaren osoko bilkurak honako hau erabaki zuen: onestea "Oronozko (Baztan) Zunda etxea eraberritzea, desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako eguneko zentro gisa" izeneko obraren proiektua; aitortzea eta deklaratzea proiektu hori onura publikokoa dela eta ukitutako ondasunak eta eskubideak okupatu beharra dagoela, proiektua onesteak berekin baitakar hori; hasiera batez onestea proiektuak ukitutako ondasunen eta eskubideen zerrenda; eta proiektua jendaurrean jartzea hamabost egun baliodunez. Hori argitara eman zen 2024ko martxoaren 14ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta 2024ko martxoaren 22an aipatu iragarkiaren akats zuzenketa argitaratu zen.

Jendaurrean jartzeko epea igarota, Baztango Udalak, 2024ko ekainaren 27an egindako osoko bilkuran, behin betiko onetsi zuen aipatutako proiektua, bai eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda ere. Zerrenda horretan, 6. poligonoko 2. lurzatiko baratzearen errentaria sartu zen, eta onespen horrek berekin dakar onura publikoaren deklarazioa eta okupatzeko premia. Halaber, erabaki zuen Nafarroako Gobernuari eskatzea okupazioa presakoa dela deklara dezala, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako ondorioetarako.

Proiektua burutzeko behar diren ondasun eta eskubideak lehenbailehen okupatu behar dira. Izan ere, Baztan-Bidasoa eskualdea behar adina azpiegituraz hornitu behar da, desgaitasun intelektuala duten pertsonei arreta emateko. Horretarako, Oronozko Zunda etxea premiaz eraberritu behar da. Horrez gain, Oronozko Zunda etxea oso hondatuta dago gaur egun, eta horrek eragozten du haren bizitza baliagarria luzatzea.

Baztango Udalak alegatutako arrazoiak ikusita eta balio justua ordaintzeko behar den kreditua badela egiaztatuta, Nafarroako Gobernuak justifikatutzat jotzen du desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideak okupatzea presakoa dela deklaratzea.

Horrenbestez, ikusirik txosten juridikoa, eta erabiliz Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak emandako ahalmenak, bai eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandakoak ere, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Deklaratzea premiazkoa dela "Oronozko (Baztan) Zunda etxea eraberritzea, desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako eguneko zentro gisa" izeneko proiektuaren obra egiteak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzearren.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea administrazio bidea amaitzen duela eta haren kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahal dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau Baztango Udalari jakinaraztea.

4. Erabaki hau igortzea Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuko Kudeaketa Juridikoaren eta Toki Antolamenduaren Atalera eta Laguntza Tekniko-administratiboaren Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko uztailaren 31n.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Félix Taberna Monzón.

Iragarkiaren kodea: F2411475