167. ALDIZKARIA - 2024ko abuztuaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2024ko uztailaren 31n hartua, zeinaren bidez deklaratzen baita premiazkoa dela "Nafarroako Erdialdean bio-hondakinak konpostatzeko instalazioa" izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideak okupatzea, nahitaez desjabetzeko.

2023ko azaroaren 23an, Mairagako Mankomunitateko Batzar Orokorrak erabaki zuen "Nafarroako Erdialdean bio-hondakinak konpostatzeko instalazioa" izeneko proiektua onestea. Hala, aitortu eta deklaratu zen onura publikoa zela, eta beharrezkoa zela proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda okupatzea, proiektuaren onespenak berekin zekarrelako. Era berean, erabaki zen proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda hasiera batez onestea eta jendaurrean jartzea hamabost egun balioduneko epean, eta Nafarroako Hiri Hondakinak Tratatzeko Partzuergoa deklaratu zen desjabetze-espedientearen onuradun.

Jendaurreko aldia alegaziorik aurkeztu gabe bukatu zenez, Mairagako Mankomunitatearen Batzar Orokorrak, 2024ko maiatzaren 9 egindako bilkuran, behin betiko onetsi zuen aipatutako proiektua, baita ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda ere. Onespen horrek berekin zekarren proiektuaren onura publikoaren deklarazioa eta okupatu beharra. Halaber, erabaki zuen Nafarroako Gobernuari eskatzea okupazioa premiazkoa zela deklara zezala, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako ondorioetarako.

Premiazkoa da proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideak okupatzea, lehenbailehen bete behar baitira etxeko eta merkataritzako bio-hondakinen gaikako bilketa eta tratamendua areagotzeko Hondakinen Planaren helburu estrategikoak, 14/2018 Foru Legeak eta indarrean dagoen Estatuko eta Europako araudiak ezarritako helburuei dagokienez, bai eta proiektu honi lotutako dirulaguntzez baliatu ahal izateko ere.

Nafarroako Gobernuak, Mairagako Mankomunitateak alegatutako arrazoiak ikusita, eta balio justua ordaintzeko behar den kreditua badela egiaztatuta, bidezkotzat jo du desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa premiazkoa dela deklaratzea.

Horrenbestez, ikusirik txosten juridikoa, eta erabiliz Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak emandako ahalmenak, bai eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandakoak ere, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Deklaratzea premiazkoa dela "Nafarroako Erdialdean bio-hondakinak konpostatzeko instalazioa" izeneko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideak okupatzea, nahitaez desjabetzearren.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea administrazio bidea amaitzen duela eta haren kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahal dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Mairagako Mankomunitateari jakinaraztea erabaki hau.

4. Erabaki hau igortzea Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuko Kudeaketa Juridikoaren eta Toki Antolamenduaren Atalera eta Laguntza Tekniko-administratiboaren Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko uztailaren 31n.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Félix Taberna Monzón.

Iragarkiaren kodea: F2411474