167. ALDIZKARIA - 2024ko abuztuaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2024ko uztailaren 24an hartua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileentzat ezarritako 2023ko ordainsariak ehuneko 2 igotzen dituena, 2024ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin.

2024rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko martxoaren 13ko 2/2024 Foru Legearen 6. artikuluak lehenengo apartatuan ezartzen du Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen eta estatutupeko langileen ordainsariei ezarriko zaiela Estatuko legedian sektore publikoko langileentzat 2024rako ezartzen den gehieneko igoera globala, 2024ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, deusetan galarazi gabe, hala dagokionean, ordainsarietan behar diren doikuntzak egitea ziurtatzeko ezen lanpostu bakoitzari esleitutako ordainsariak bat datozela lanpostuaren zailtasun tekniko bereziekin, arduraldiarekin, erantzukizunarekin, arriskuarekin edo nekagarritasunarekin.

2024rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko martxoaren 13ko 2/2024 Foru Lege horren beraren 7. artikuluak, bestalde, lehen apartatuan ezartzen du ezen, 2024ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako lan-kontratudunen ordainsariak haien hitzarmen kolektiboan zehazten direnak izanen direla, foru lege horretan funtzionarioentzat finkatutako irizpideekin bat etorriz.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan zuzendaritza karguetan aritzen diren izendapen libreko langileei dagokienez, martxoaren 13ko 2/2024 Foru Legearen 8. artikuluaren 3. apartatuak ezartzen du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan zuzendaritza karguetan aritzen diren izendapen libreko langileen ordainsariek 6. artikuluan xedatutakoaren aplikazioak eragindako igoera bera izanen dutela.

Ildo berean, arestian aipatutako martxoaren 13ko 2/2024 Foru Legearen 9. artikuluaren 11. apartatuan ezarritakoaren arabera, Nafarroako Gobernuko kideen eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko goi kargudunen eta gainerako behin-behineko langileen 2024ko ordainsariek 6. artikuluan xedatutakoaren aplikazioak eragindako igoera bera izanen dute.

Aurrekoa adierazita, enplegatu publikoen ordainsariak dagokion lege-tituluaren arabera igotzeko, beharrezkoa zen, lehenik eta behin, 2024rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko martxoaren 13ko 2/2024 Foru Legea onetsi eta indarrean jartzea, eta ondoren, onespena, gaikuntza eta zehaztapena gauzatu arte itxaron beharra zegoen.

Hala, 2023rako Estatuko Aurrekontu Orokorrak luzatu zirenez, ekainaren 26ko 4/2024 Errege Lege Dekretua argitara eman zen 2024ko 155. Estatuko Aldizkari Ofizialean, ekainaren 27koan. Horren bidez, Ukrainako eta Ekialde Hurbileko gatazken ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egiteko zenbait neurri luzatzen dira, eta premiazko neurriak hartzen dira zergen, energiaren eta gizartearen arloan. Errege lege dekretu horren I. tituluan sektore publikoko langileen ordainsariei buruzko zenbait neurri jasotzen dira. Zehazki, 6. artikuluaren lehen apartatuak honako hau ezartzen du: "2024. urtean, sektore publikoaren zerbitzura dauden langileen ordainsariek ehuneko 2ko gehieneko igoera izan ahalko dute, 2023ko abenduaren 31n indarrean zeudenen aldean. Azken horien barnean, sartuta daude 2023rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legearen 19.Bi.2 artikuluan aurreikusitakoaren ondoriozko igoerak, konparazioaren bi aldietarako homogeneotasunaren arabera, bai langileen kopuruari dagokionez, bai antzinatasunari dagokionez. Ordainsarien igoera horrek 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorio ekonomikoak". Era berean, artikulu bereko bosgarren apartatuak honako hau xedatzen du: "Lan-kontratudun langileen soldata-masa igo ahal izanen da artikulu honetako 1. paragrafotik 4.era bitartean aurreikusitako gehieneko ehunekoan, alderatutako bi aldiak homogeneoak izanik".

Ekainaren 26ko 4/2024 Errege Lege Dekretu horren hitzaurrean adierazten den bezala, 2023ko abenduaren 31n indarrean zeuden ordainsarien gaineko ehuneko 2ko gehieneko igoera globala beharrezko neurria da 2022ko urriaren 19an sinatutako XXI. mendeko Administrazio Baterako Esparru Akordioa betetzeko. Akordio horrek 2022tik 2024ra bitarteko ordainsarien igoeraren urte anitzeko esparru bat ezarri zuen administrazio publikoen zerbitzura dauden langileentzat.

Horrela, enplegatu publikoei dagokien ordainsarien igoerari heltzeko Estatuak behar duen gaikuntza onetsi ondoren, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura dauden langileen ordainsarien igoera onetsi behar da orain. Igoera hori ehuneko 2koa da 2023ko abenduaren 31n indarrean zeudenen gainean, 2023rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legearen 19.Bi.2 artikuluan aurreikusitakoaren ondoriozko igoerak barne.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen ordainsarien igoera horrek 32.947.429,83 euroko kostua dakarrela kalkulatu da, eta horretarako aurrekontuko kontsignazioa dago Nafarroako 2024rako Aurrekontu Orokorretako "Ordainsarien igoera" izeneko F30001 F3100 1800 921402 partidan.

Ordainsarien igoera 2024ko abuztuko nominan ordainduko da, eta atzeraeragina izanen du 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera.

Horiek horrela, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Gobernuak

ERABAKITZEN DU:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileei 2023rako ezarritako ordainsariak ehuneko 2 igotzea, 2024ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin.

2. Igoera aplikatzea, orobat, Nafarroako Gobernuko kideei, goi kargudunei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako gainerako behin-behineko langileei.

3. Erabaki hau Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira igortzea, langileen kudeaketa sisteman behar diren neurriak har daitezen erabaki hau betetzearren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esparru guztietan.

4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko uztailaren 24an.–Bigarren lehendakariordea, Ana Ollo Hualde, Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkariaren ordez.

Iragarkiaren kodea: F2411344