167. ALDIZKARIA - 2024ko abuztuaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

1664/2024 EBAZPENA, uztailaren 23koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak emana. Haren bidez, hautaketa-prozesurako deia egiten da ikertzaileen lan kontratazioa egiteko kontratu honi lotutako jarduera zientifiko-teknikoen kontratu bidez: "OTRI 2024901019-CFD zenbaki-simulazioak egitea DUSTFAN proiekturako".

2024ko uztailaren 19an, Ikerketa Zerbitzuak hautaketa-prozesurako deia egiteko eskatu zuen, ikertzaileak kontratatzeko proiektuko lankide gisa "OTRI 2024901019-CFD zenbaki-simulazioak egitea DUSTFAN proiekturako" ikerketa-proiektuarekin lotutako jarduera zientifiko-teknikoen kontratu bidez. Ikerketa-proiektuaren ikertzaile arduraduna Javier León Iriarte da, unibertsitateko irakasle titularra, Ingeniaritza Sailari atxikia.

Aintzat harturik Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren txosten-proposamena.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko 2023ko ekainaren 20an eman zuen 1306/2023 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Onestea hautaketa-prozesurako deialdia, ikertzaileen lan kontratazioa egiteko "OTRI 2024901019-CFD zenbaki-simulazioak egitea DUSTFAN proiekturako" kontratuari lotutako jarduera zientifiko-teknikoen kontratu bidez, baita deialdiaren oinarriak ere.

Bigarrena.–Ebazpen hau Hautaketa Batzordeko kideei eta Ikerketa Zerbitzuari aditzera ematea.

Hirugarrena.–Agindua ematea ebazpen hau Unibertsitatearen iragarki ohol elektronikoan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu dadin.

Iruñean, 2024ko uztailaren 23an.–Ikerketako errektoreordea, Francisco J. Arregui San Martín.

IKERTZAILEEN LAN KONTRATAZIOA EGITEKO HAUTAKETA-PROZESURAKO DEIALDIA HONAKO KONTRATU HAU GARATZEKO: "OTRI 2024901019-CFD ZENBAKI-SIMULAZIOAK EGITEA DUSTFAN PROIEKTURAKO"

Hauek dira deialdia arautuko duten

OINARRIAK

1.–Datu orokorrak.

–Deialdiaren xedea: deialdi honen xedea ikertzaileak hautatzea da, ondoren lan kontratazioa egiteko, jarduera zientifiko-teknikoen kontratu bidez, kontratu hau garatzeko: "OTRI 2024901019-CFD zenbaki-simulazioak egitea DUSTFAN proiekturako".

–Maila profesionala: proiektuko lankidea, batez ere ikerketa-lanetan aritzeko.

–Eginkizunak: automobil baten balaztatze-prozesuan partikulak biltzeko sistema baten funtzionamendua CFD bidez kalkulatzea. Egungo sistemaren ebaluazioa eta hobekuntza-proposamena.

–Kontratu mota: jarduera zientifiko-teknikoen kontratuaren modalitatearen bidez eginen da kontratazioa, Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 23bis artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

–Iraupena: mugagabea, "OTRI 2024901019 CFD zenbaki-simulazioak egitea DUSTFAN proiekturako" kontratuari lotua.

–Lanaldi mota: osoa.

–Ordainsariak: Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ikertzaileak Kontratatzeko Arautegiak bere eranskinean ezarritakoak, 2022. urtera egokituak; arautegi hori 2017ko maiatzaren 3ko Gobernu Kontseiluaren erabaki baten bidez onetsi zen, eta 2022ko apirilaren 12ko Gobernu Kontseiluaren erabaki baten bidez aldatu.

Diru-gehigarriak ordaintzeko aukera egonen da, proiektuan ezarritako helburuak betez gero. Diru-gehigarri horiek ordaintzeko, proiektuaren arduradunak ordainketa justifikatzen duen azken txosten bat egin beharko du, eta aurrekontuan diru kopuru nahikoa izan beharko da.

–Finantzaketa: OTRI 2024901019 kontratua.

–Argitaratzeko tokiak: deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeaz gainera, deialdiarekin lotutako egintza eta ebazpen guztiak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitaratuko dira, deialdiari dagokion atalean.

2.–Parte hartzeko baldintzak.

2.1. Hautaketa-prozesuan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa izatea edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiar Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.

Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko itunak aplikatzen diren eremuko estatuetako herritartasuna dutenen ezkontideek parte hartzeko aukera dute, betiere zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera dute, zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude, baldin eta 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

Halaber, aurreko paragrafoetan sartuta ez dauden herrialdeetakoak izan eta Espainian legezko bizilekua duten atzerritarrek administrazio publikoetako lan kontratupeko langile aritzeko aukera izanen dute. Espainian bizi ez diren atzerritarrek parte hartzeko aukera izanen dute, betiere parte hartzeko betekizunak betetzen badituzte. Kasu horretan, atzerritarrei buruzko legeek eskatzen dituzten baimenak lortu beharko dituzte kontratazioa egin ahal izateko.

b) 18 urte baino gehiago izatea, eta erretiro adina betea ez izatea.

c) Unibertsitate masterreko titulazio akademiko ofiziala izatea Ingeniaritza Mekaniko Aplikatu eta Konputazionalean.

Atzerrian lortutako titulazioen kasuan, baliokidetasun-ziurtagiria edo, bestela, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

d) Deialdiko xede diren lanpostuak betetzea galarazten duen gaixotasunik edo muga fisikorik edo psikikorik ez edukitzea.

e) Diziplinako espediente baten ondorioz edozein administrazio publikotako zerbitzutik baztertua ez izatea, eta ez egotea epai irmo baten bidez ezgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

2.2. Aurreko arauetan ezarri diren baldintzak eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dira, eta kontratazioa egin arte beteko dira.

3.–Eskaerak.

Parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hamar egun baliodunekoa da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Hautaketa-prozesu honetarako inskripzioa telematikoki egin beharko da, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetan:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/ikertzaileen-hautaprobak

Lehenik, "Hasi tramitea" botoia sakatu behar da.

"Erantsi fitxategiak" eremuan, dokumentu hauek erantsi beharko dira lanpostu kategoria bakoitzerako:

–Parte hartzeko eskabidea.

–Nortasun Agiri Nazionalaren, AIZaren edo pasaportearen fotokopia.

–Deialdian eskatzen den tituluaren fotokopia.

–Espediente akademikoaren fotokopia, batez besteko nota zehaztuta.

–Curriculum vitaea, norberak egoki jotzen dituen merezimenduen egiaztagiriekin batera.

Parte hartzeko eskabide eredua esteka honetan dago:

http://www2.unavarra.es/gesadj/registroGeneral/instancias/recursos-humanos/contratacion-personal-investigador.pdf

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da, baztertua izateko arrazoia esanez, baztertuen kasuan. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda.

4.2. Hirugarren oinarriak aipatzen dituen dokumentuak ez aurkezteagatik behin-behinean baztertzea galarazi gabe, eskaera epez kanpo aurkeztea edo lehiaketaren bidez lortu nahi den lanpostua betetzeko bete behar diren baldintzak ez betetzea baztertzeko arrazoiak izanen dira, eta, gainera, ezin izanen dira zuzendu.

4.3. Izangai baztertuek edo zerrendan azaldu ez direnek zilegi dute erreklamazioa egitea eta, akatsen bat badago, akatsak zuzentzea, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo 5 egun balioduneko epean. Ezartzen den epean baztertuak izateko arrazoia konpontzen ez duten izangaiak behin betiko baztertuko dira, eta ez dute probarik eginen.

4.4. Erreklamazioak aurkezteko eta akatsak zuzentzeko epea bukatu eta gero, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da.

4.5. Izangaiak hautaketa-prozesuan onartuen zerrendan egoteak edota 6.2 oinarriak aipatzen duen hautaketa-prozesua gainditu dutenen zerrendan egoteak ez du ekarriko inoiz ere unibertsitateak aitortzea betetzen dituztela deialdiko oinarrietan eskatu diren baldintza orokorrak edo bereziak. Kontratatzeko deitzen dituzten izangaiek ziurtatu eta egiaztatu beharko dituzte horiek, jatorrizko dokumentazioa aurkeztu beharko baitute kontratua sinatzen dutenean.

4.6. Parte hartzeko eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioarekin alderaturik jatorrizko dokumentazioa okerra edo faltsua bada edo aurkeztu ez bada, kontratua sinatzeko ezintasuna eta kontratazio zerrendatik baztertzea ekarriko du, interesdunak berak sinatuko duen erantzukizunpeko adierazpenarekin bat etorriz.

5.–Hautaketa-prozesua.

izangaien merezimenduak baloratuko dira, aurkeztutako dokumentazioarekin bat etorriz eta I. eranskineko baremoaren arabera.

Izangaiek eskabideak aurkezteko epea bukatzean dituzten merezimenduak bakarrik baloratuko dira, eta gero lortutakoak ez dira kontuan hartuko. Hautaketa Batzordeak inola ere ez du onartuko izangaiek alegatu ez duten edo agirien bidez frogatu ez duten merezimendurik, eta ezin izanen du apartatu bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman.

Adierazten diren merezimendu guztiak zuzenbidean baliozkoa den edozein baliabideren bidez frogatu behar dira.

Hautaketa Batzordeko kide bakoitzak baloratuko ditu izangaien merezimenduak. Azken puntuazioa izangai bakoitzari emandako puntuazioen batezbestekoa izanen da.

6.–Hautaketa-prozesuaren ebazpena.

6.1. Izangaiek aurkeztutako merezimenduen balorazioa amaitu eta gero, Hautaketa Batzordeak Ikerketako errektoreordeari bidaliko dio hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazioekin.

6.2. Ikerketako errektoreordeak ebazpena emanen du hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien zerrenda onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitaratuko da.

6.3. Deialdi honetan sortzen den kontratazio zerrendak 3 urteko indarraldia edukiko du argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Indarrean dagoen bitartean, kategoria bera eta ia eginkizun berak dituzten langileak kontratatzeko premia sortzen denean ere erabiltzen ahalko da kontratazio zerrenda hori, proiektu, kontratu, hitzarmen edo katedra baterako edo institutuko edo ikerketa-taldeko funtsetarako izan, betiere hurrenkera ordena errespetatuz.

6.4. Deialdi honen ondoriozko kontratazio zerrendan egonik kontratu bat onartzen duten izangaiei ez zaie beste edozein lanpostutarako kontraturik eskainiko. Dena dela, eskainiko zaie baldin eta kontratua bukatzeko 15 egun edo gutxiago gelditzen badira.

7.–Hautaketa-Batzordea.

–Batzordeburua: Juan Pablo Fuertes Bonel doktorea, kontratupeko irakasle doktorea, Ingeniaritza Sailari atxikia, Ikerketako errektoreordeak delegatuta.

–Idazkaria: Javier León Iriarte doktorea, unibertsitateko irakasle titularra, Ingeniaritza Sailari atxikia.

–Batzordekidea: Daniel Salcedo Pérez doktorea, unibertsitateko irakasle titularra, Ingeniaritza Sailari atxikia.

Ordezko Hautaketa-Batzordea.

–Batzordeburua: Pedro José Rivero Fuente doktorea, unibertsitateko irakasle titularra, Ingeniaritza Sailari atxikia.

–Idazkaria: Rodrigo Luri Irigoyen doktorea, unibertsitateko irakasle titularra, Ingeniaritza Sailari atxikia.

–Batzordekidea: Javier Valencia Monreal doktorea, unibertsitateko irakasle titularra, Ingeniaritza Sailari atxikia.

Hautaketa Batzordearen jarduerak, une oro, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legeak ezartzen dutenaren arabera gauzatuko dira. Jakinarazpenak egiteko eta bestelako gorabeheretarako, Hautaketa Batzordearen egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Kudeaketako eraikina izanen da.

8.–Datu Pertsonalen Babesa.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak langileen kudeaketaren arloan antolatutako prozesuetan parte hartzeak interesdunen datuak tratatzea ekarriko du berekin. Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da.

Datuen tratamendua aplikatzekoa zaion araudiari jarraikiz eginen da, hots, Datuak Babesteko 2016/679 EB Erregelamendu Orokorrari eta Datu Pertsonalak Babesteko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz. http://www.unavarra.es webgunean argitaratutako Tratamendu Jardueren Erregistroan kontsulta daiteke nola eginen den tratamendu hori, "Giza baliabideak" atalean.

Tratatuko diren datuak batez ere hautaketa-prozesuetako izangaienak eta NUPeko langileenak izanen dira; hauek hain zuzen ere: izena, deiturak, NANa, datu akademikoak eta profesionalak eta, beharrezkoa denean, bankuko datuak eta Gizarte Segurantzakoak, edo ondoren deskribatzen den xedea betetzeko beharrezkoak direnak.

Datuen tratamendua justifikatzen duen xedea hau da: hautaketa-prozedurak, mugikortasunekoak, egoera administratiboak, ziurtagiriak, edo Giza Baliabideen arloan NUPen eskumenekoak diren beste batzuk tramitatzea.

Xede horrek interes publikoa edo botere publikoa legitimatzen du, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluak ezartzen duen bezala. Hauek dira oinarri juridikoak, langileei buruzko beste arau batzuen artean: Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen Testu Bategina onesten duen 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, 2015eko urriaren 30ekoa, eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, 1993ko abuztuaren 30ekoa.

Datuak tratatzeko jarduerei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, haiei kontra egiteko eta transferitzeko. Horretarako, mezu bat bidali behar dute delegado.protecciondatos@unavarra.es helbidera, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoaren 11. artikulutik 18. artikulura bitartekoei jarraikiz. Desadostasunen bat izanez gero, Datuak Babesteko Espainiar Agentziara jo dezakete, https://www.aepd.es/ domeinuaren bidez.

9.–Errekurtsoak.

Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 38.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, eta zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegietan, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

I. ERANSKINA.–IKERTZAILEAK HAUTATZEKO BAREMOA

ERABILIKO DEN BAREMOA ETA/EDO EGINEN DIREN PROBAK

1. APARTATUA: Espediente akademikoa

Puntuak

50

Graduko espedientearen batez besteko nota. 10 puntu gehienez. Masterreko espedientearen batez besteko nota. 10 puntu gehienez.

Jariakinen Mekanikari loturiko Master Amaierako Lana. 10 puntu gehienez 0,1 eta 1 arteko propiortzionaltasun-koefizientea aplikatuko da aintzat harturik bat ote datozen jarduera eta lanpostuaren profila.

Espediente akademikoa 10 punturekin baloratuko da gehienez ere, Industria Mekaniko Aplikatu eta Konputazionalaren eta eskatzaileak master horretara sartzeko egindako graduaren puntuazioen batezbestekoa kalkulatuta. Titulazioen puntuazioak 0-10 tartean emanen dira, eta batezbestekoa irakasgai bakoitzaren ECTS kopuruaren arabera kalkulatuko da. Emaitzari honako ponderazio-faktorea aplikatuko zaio:

–Industria Teknologien Ingeniaritzako Graduko Mekanikako Aipamena egina izanez gero, 10 ponderazio-faktorea aplikatuko da.

–Gainerako kasuetan, 1 ponderazio-faktorea aplikatuko da.

Eskatzaileak Bologna Plana indarrean jarri aurretik lortu bazuen Industria Ingeniaritzako titulua, espediente akademikoa 10 punturekin baloratuko da gehienez ere, eta batezbestekoa irakasgai bakoitzaren kredituen kopuruaren arabera kalkulatuko da. Emaitzari 6 ponderazio-faktorea aplikatuko zaio baldin eta izangaiak mekanikako areagotzea egin badu. Gainerako kasuetan, 1 ponderazio-faktorea aplikatuko da.

CAD (zehazki, Solidworks) eta CFD (zehazki, XFlow) softwareen erabilerarekin lotutako irakasgaiak ikasi izana baloratuko da. Besteak beste, honako hauek hartuko dira kontuan: diseinu industriala, ordenagailuz lagundutako fabrikazioa, ingeniaritza grafikoa eta/edo aerodinamika. 2 puntu emanen dira egindako ECTS bakoitzeko, eta 20 puntu gehienez ere

2. APARTATUA: Jariakinen Mekanikaren Arloarekin lotutako jarduerak

Puntuak

20

Jariakinen Mekanikaren Arloan egindako argitalpenak eta/edo kongresuak: 10 puntu gehienez ere (5 puntu ekarpen bakoitzeko).

Jariakinen Mekanikaren Arloarekin lotutako ikerketa-proiektuetako lan-kontratuak. 1 puntu hilabete bakoitzeko, eta 10 puntu gehienez ere. Hilabetetik beherako aldiek puntuazio proportzionala jasoko dute

3. APARTATUA: Beste merezimendu batzuk

Puntuak

10

Ingelesa eta/edo alemana jakitea: Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziak jasotako mailen arabera baloratuko da, hain justu 2,5 puntu emanen dira ingeleseko C2 maila izateagatik, eta 2,5 puntu alemaneko B2 maila edo altuagoa izateagatik.

Ingeniaritzaren arloan baliatutako bekak: 1,5 puntu beka izandako urte bakoitzeko, eta 3 puntu gehienez ere.

Jariakinen Mekanikaren Arloan eskolak eman izana. 1 puntu emanen da emandako 60 orduko, eta 2 puntu gehienez ere

Hautaketa-prozesua gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuazioa 50 puntu da.

Hautaketa-prozesuaren azken emaitzan gerta daitezkeen berdinketak 2. apartatuan puntuazio handiena atera dutenen alde ebatziko dira. Berdinketa badago, 1. apartatuan puntuazio handiena lortzen dutenen alde. Berdinketak jarraitzen badu, hautaketa-prozesua zozketaz erabakiko da.

Iragarkiaren kodea: F2411419