2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
LOS ARCOS
Aldaketa, Eraikingintza-ordenantza orokorrean. Behin betiko onespena
Los Arcosko Udalak, 2023ko abenduaren 20an eta 2024ko maiatzaren 15ean egin osoko bilkuretan, hasiera batez onetsi zituen hainbat aldaketa Eraikingintza-ordenantza orokorrean.
Hasierako onespenaren erabakiak 2024ko 23. eta 122. nafarroako aldizkari ofizialetan argitaratu ziren –urtarrilaren 17an eta ekainaren 13an, hurrenez hurren–,eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu. Hortaz, behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.
Los Arcosen, 2024ko uztailaren 29an.–Alkatea, Eduardo García de Galdiano Baños.
ERAIKIGINTZA-ORDENANTZA OROKORRAREN ALDAKETA
4. artikuluaren (2. ordenantza partikularra) 10. apartatuan, (elementu irtenak) honako hau gehitzen da:
"Banderatxoak. Baimendurik daude fatxadetako banderatxoak, honako ezaugarri hauek badituzte:
–Olanaren gehieneko dimentsioak: 40 cm zabal eta 80 cm garai.
–Kalearen sestratik olanaren beheko muturrerainoko altuera librea: 3,20 m.
–Jabetzaren mugarainoko gutxieneko distantzia eraikin atxikietan: 80 cm".
Kapitulu berri bat gehitu zaio Eraikigintza-ordenantza orokorrari:
VII. KAPITULUA.–EGUZKI-ENERGIA BILTZEKO INSTALAZIOAK ARAUTZEA LOS ARCOSKO UDAL-MUGARTEAN
1. artikulua. Xedea.
Kapitulu honen xedea da Los Arcosko udal-mugartean jarriko diren instalazioen arau erregulatzaileak ezartzea. Instalazio horiek eguzki-energia bildu eta aprobetxatuko dute zelula fotovoltaikodun panelen bidez edo panel kolektore termikoen bidez.
2. artikulua. Aplikazio-eremua.
Los Arcosko udal-mugarte osoa hartuko da aplikazio-eremutzat. Ez da aplikazio eremu horretan sartuko "Estellerriko jarduera ekonomikoetarako eremua"ren eta "Los Arcosko abiadura-zirkuitua"ren udalez gaindiko plan sektorialen mugen barnean sartutako lurzorua, lurzoru horrek bere araudia baitu.
Kontuan hartuta hiriguneko eraikinen egoera eta ezaugarriak, lau gune bereizten dira, eta bakoitzak irizpide espezifikoak ditu instalazio mota horiek arautzeko:
–Alde Zaharra: nagusiki bizitegi-erabilera duen hiri-lurzorua da, zeina sartua baitago Udal Planeko 2. planoko "Los Arcos aztarnategia - Hirigune Historikoa" izeneko Arkeologi Gunearen mugaketan. Orobat, Alde Zaharraren barnean daude Done Jakue Bidearen eta Santa Maria elizaren Interes Kulturaleko Ondasunen mugen barnean sartutako eraikinak edo mugaketa horrek ukitutakoak (aurretik aipatutako esparruetatik kanpo daudenak). II. kapituluan arautzen dira haren berariazko irizpideak.
–Gainerako bizitegi-lurzorua: nagusiki bizitegi-erabilera duen hiri-lurzorua da (2., 3. eta 5. ordenantzek arautzen dute), gehi bizitegi-erabilera duen lurzoru urbanizagarria. III. kapituluan araututa dago berariaz.
–Industria-erabilerarako hiri-lurzoruak eta lurzoru urbanizagarriak: 4. ordenantzak araututako industria-erabilerarako lurzatiak eta eraikinak sartzen dira bertan: Industriak/Biltegiak eta industria-eraikin berriak. Orobat, industria-lurzoru urbanizagarria (SI1 eta 2 sektoreak). IV. eta V. kapituluetan arautzen dira dagozkien baldintza espezifikoak.
–Lurzoru urbanizaezina: Udal Planean hala sailkatuta dauden lurzoru urbanizaezin guztiak. VI. kapituluan arautzen dira dagozkien baldintza espezifikoak.
3. artikulua. Definizioak.
Eguzki-plaka edo panel esan ohi zaien gailuek eguzki-erradiazioen energia biltzen dute, eta hura energia termiko edo energia elektriko bihurtzen dute:
–Eguzki-instalazio termikoek zuzenean baliatzen dute eguzkitik jasotzen dugun energia, fluido bat berotzeko. Instalazio horiek erabiltzen dira eraikinetan etxeko ur beroa sortzeko, batez ere.
–Eguzki-instalazio fotovoltaikoak edo termoelektrikoak baliatzen dira zenbait material erdieroaleren ezaugarri fisikoez, argindarra sortzeko, abiapuntu hartuta eguzki-erradiazioa.
Kapitulu honetan arautzen dira panel fotovoltaiko nahiz termikoz osatutako eguzki-instalazioak, kontuan hartuta haiek kokatuta dauden lurzoruaren hirigintza sailkapena.
Alde Zaharreko instalazioak eta Interes Kulturaleko Ondasunen mugaketek ukitutako eraikinak
4. artikulua. Alde Zaharreko eta Interes Kulturaleko Ondasunen mugaketek ukitutako eraikinak eta katalogatutako eraikinak.
Alde Zaharreko eremuaren barruan, zeina sartua baitago Udal Planeko 2. planoko "Los Arcos aztarnategia - Hirigune Historikoa" izeneko Arkeologi Gunearen mugaketan, bai eta Donejakue Bidearen eta Santa Maria elizaren Interes Kulturaleko Ondasunen mugaketek ukitutako eraikinetan ere, eta ingurunera egokitzeko eta eraikin multzoaren estetika eta irudia babesteko arrazoiak tartean direla, mota horretako instalazioak baimentzen dira, hurrengo atalean adierazita dauden baldintzei jarraikiz, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak aldeko txostena eman ondoren. Edukia loteslea izanen da.
Bizitegi-erabilerako hiri-lurzoruko eta lurzoru urbanizagarriko instalazioak
5. artikulua. Instalazioen xedea.
Eguzki-instalazioak baimenduko dira, neurri batean edo osorik eraikinen energia beharrizana asetzeko direnean, dela etxeko ur beroa sortzeko (eguzki-instalazio termikoak), dela autokontsumorako argindarra sortzeko, apirilaren 5eko 244/2019 Errege Dekretuak araututakoaren arabera (errege dekretu horren bidez arautzen dira energia elektrikoaren autokontsumoaren baldintza administratiboak, teknikoak eta ekonomikoak).
6. artikulua. Eraikinen gaineko instalazioak.
1. Eguzki-panelak eraikinen estalki inklinatuetan paratu daitezke, honako baldintza hauek betez gero:
Estalkiaren isurialdeetan integratu beharko dira plakak, haiek duten inklinazio berarekin eta plano eta orientazio bera mantenduta. Oinplanoan, sortu behar dute forma erregularreko eremu bat, edo zenbait. Ez dira 25 cm-tik goiti ateratzen ahalko isurkiaren gainetik.
–Gutxienez 60 cm bereiziko dira fatxada planotik, mehelinetatik eta isurialdeen arteko topagune ertzetatik.
–Instalazioaren elementu osagarriak, hala nola biltegiak, kontagailuak, inbertsoreak, koadro elektrikoak, kanalizazioak eta abar, ezin izanen dira agerian gelditu eraikinen estalkian edo fatxadetan.
2. Eraikinetako estalki lauetan edo zabaltzetan instalazioak baimentzen dira, honako baldintza hauekin:
–Estalkiaren ertzekiko 60 cm-ko atzeraemangunea errespetatuko da, betiere bide publikotik ikusten ez badira.
–Panelak estalkiko karelen gailurraren altueratik behera geratu beharko dira.
–Eragin bisualak edo ingurumen eraginak egon daitezkeen kasuetan, Udalak eragin horiek minimizatzeko neurriak hartzeko eskatzen ahalko du.
3. Oro har, ezin izanen dira fatxadetan jarri.
4. Udal Plan Orokorreko Katalogoan sarturiko eraikinetan eguzki-panelak paratzeko eskaerak Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari bidaliko zaizkio, aurretiko txostena egin dezan. Txosten horren edukia loteslea izanen da.
7. artikulua. Eraikin bati lotutako lurzoru libre pribatuaren gaineko instalazioak.
1. Eguzki-panelak jar daitezke eraikin bati lotutako lurzoru libre pribatuan, honako baldintza hauek betez gero:
–Instalatzen ahalko dira, bakar-bakarrik, eraikin kontsumitzailea lehendik badagoenean edo aldi berean eraikin horretarako obra-lizentzia ematen denean.
–Panelak lurraren gainean jarriko dira, ikusi ezin diren toketan, eta inoiz ez eraikinaren fatxada nagusiaren aurrean. Instalazioak, euskarriak eta beste elementu batzuk barne, ezin izanen dira 1,50 metro baino altuagoak izan, lurretik neurtuta, eta bide publikotik ez ikusteko moduan jarriko dira.
–Instalazioak hartzen duen azalera kontuan hartuko da lurzoru horiei aplikatu beharreko ordenantzan aurreikusitako gehieneko okupazioa aplikatzeko.
Industria- eta ekipamendu-erabilerako hiri-lurzoruen gaineko instalazioak
8. artikulua. Instalazioen xedea.
Neurri batean edo osorik eraikinen energia beharrak asetzeko direnean baino ez dira baimenduko eguzki-instalazioak baimenduko, dela etxeko ur beroa sortzeko –eguzki instalazio termikoak–, dela autokontsumorako edo saltzeko elektrizitatea sortzeko, indarreko araudiaren arabera.
9. artikulua. Eraikinen gaineko instalazioak.
1. Eguzki-panelak eraikinen estalki inklinatuetan paratu daitezke, honako baldintza hauek betez gero:
–Estalkiaren isurialdeetan integratu beharko dira plakak, haiek duten inklinazio berarekin eta haien plano berdina mantenduta. Oinplanoan, sortu behar dute forma erregularreko eremu bat, edo zenbait.
–Gutxienez 60 cm bereiziko dira fatxada planotik, mehelinetatik eta isurialdeen arteko topagune ertzetatik.
–Eragin bisualak edo ingurumen eraginak izan daitezkeen kasuetan, Udalak eskatzen ahalko du neurriak har daitezela eragin horiek minimizatzeko, eta, hirigintza araudiak neurri horiek baimentzen ez baditu, baimena ukatzen ahalko du.
2. Estalki lauen gaineko instalazioak baimenduta daude, baina karelen atzean ezkutatuta gelditu beharko dute, horien gehienezko garaieraren azpitik.
3. Oro har, ezin izanen dira fatxadetan jarri.
Industria-lurzoru urbanizagarrian kokatutako instalazioak
10. artikulua. Instalazioen xedea.
Neurri batean edo osorik eraikinen energia beharrak asetzeko direnean baino ez dira baimenduko eguzki-instalazioak, baita autokontsumorako edo saltzeko elektrizitatea sortzeko direnean ere, betiere indarreko araudia betetzen badute.
11. artikulua. Eraikinen gaineko instalazioak.
1. Baimenduta dago eguzki-panelak instalatzea eraikinen estalkien gainean, bai isurialdean integratuta eta zuzenean bermatuta, bai bermatzeko egiturekin, eguzki-energia hobeki aprobetxatzeko.
2. Eragin bisualak edo ingurumen eraginak izan daitezkeen kasuetan, Udalak eskatzen ahalko du neurriak har daitezela eragin horiek minimizatzeko, eta, hirigintza araudiak neurri horiek baimentzen ez baditu, baimena ukatzen ahalko du.
Instalazioak, lurzoru urbanizaezinean
12. artikulua. Aurretiazko baimenak.
1. Eguzki-energia erabiliz energia elektrikoa lortzeko instalazioak ezartzea lurzoru urbanizaezineko lurzoru librean (eguzki-parkeak) berariaz arautua dago indarreko araudi sektorial autonomikoan (64/2006 Foru Agindua, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak emana), eta bete behar ditu, halaber, Udal Plan Orokorrean lurzoru urbanizaezinaren kategoria eta azpikategoria bakoitzerako ezarritako erabilera baimenduak edo baimengarriak.
2. Eraikin berriei loturiko instalazioen kasuan, beharrezkoa izanen da ezartzekoa den jarduera berriak arauzko baimena lortzea, Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren arloko departamentu eskudunak emana, hala dagokionean, lurzoru urbanizaezinean ezartzeko.
3. Lehendik badauden eraikinei lotutako instalazioen kasuan, horiek ezarri baldin baziren une hartan indarrean zen araudiaren arabera, baimendutzat joko da eguzki-panelen instalazioa, eta ez da beharrezkoa izanen aurretiazko baimenik izapidetzea.
13. artikulua. Eraikinen gaineko instalazioak.
1. Eguzki-panelak eraikinen estalki inklinatuetan paratu daitezke, honako baldintza hauek betez gero:
Plakak estalkiaren isurkietan integratu behar dira, isurkien inklinazio berarekin eta isurkien planoa eta orientazioa mantenduta, eta estalkiaren puntu batean ere ezin dira isurkien planotik 25 zentimetro baino gehiago irten.
–Hartutako eremua gutxienez 60 cm bereiziko da isurialdearen perimetrotik.
Instalazioaren elementuek ez dituzte gaindituko estalkiaren mugak.
2. Baimenduta dago estalki lauen edo zabaltzen gainean paratzea, azalera edo orientazio mugarik gabe.
3. Oro har, ezin izanen dira fatxadetan jarri.
4. Salbuespenez, proposatzen ahalko da eraikinetan eguzki-panelak jartzea konfigurazio edo kokapen bereziekin, ongi integraturik eraikin multzoaren arkitekturan. Proposamen horiek, baloratu ondoren, Udaleko Osoko Bilkurak baimendu beharko ditu espresuki.
14. artikulua. Sare elektrikoarekin konektatzeko linea elektrikoak.
Instalazio fotovoltaikoak linea elektriko bat eraikitzeko beharra badakar, energia sare orokorrarekin lotzeko punturaino garraiatzearren, beharrezkoa izanen da ingurumen eraginen ebaluazioaren espedientea izapidetzea (17/2020 Foru Legea, abenduaren 16koa, Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituena).
Aldeko txostena jaso arte ezin izanen da panel fotovoltaikoak jartzeko lizentzia eman.
Izapidetzea
16. artikulua. Lizentzia eskatzea.
Ordenantza honetan arautzen den instalazio bat ezartzeko, handitzeko edo legeztatzeko, Los Arcosko Udalari obra-lizentzia eskatu beharko zaio, edo, egoki denean, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu; behar diren agiriak ere aurkeztuko dira horretarako.
Lanak direla-eta hala egin behar izanez gero, proiektu bat aurkeztu beharko da, teknikari eskudun batek sinatua eta egoki den elkargo profesionalak ikus-onetsia, Eraikingintzaren Antolamenduari buruzko Legean xedatuari jarraikiz.
Proiektu bat aurkeztea beharrezkoa ez denean, memoria teknikoa aurkeztu beharko da, teknikari eskudun batek edo enpresa instalatzaile baimendu batek sinatua. Memoria horretan agertu beharko dira instalazioaren ezaugarri zehatzak: kokapena eta antolaketa, dimentsioak eta hartutako azalerak, elementuak, etab. Memoriak jasoko ditu horien deskribapen nahikoa, krokisak edo planoak eta aurrekontu xehatua.
Udal lizentzia eman aurretik, beharrezko baimenak izapidetuko dira, kontuan harturik Udal Planean eta gainerako araudi aplikagarrian ezarritako betebehar partikularrak.
Done Jakue Bidearen eta Santa Maria elizaren Interes Kulturaleko Ondasunen mugaketek ukitutako eraikinetarako edo Udal Planak babestutako eraikin gisa katalogatutakoetarako aurkezten diren eskaerak Vianako Printzea Erakundea- Kultura Zuzendaritza Nagusiari igorri beharko zaizkio, aurretiazko txostena egin dezan. Txosten horren edukia loteslea izango da.
Lizentziak, betiere, emanen dira jabetza eskubidea salbu utzirik eta hirugarrenei kalterik egin gabe. Eskatzailea izanen da lanek ekar ditzaketen kalte-galera eta ekintza juridiko guztien erantzule.
Iragarkiaren kodea: L2411358