165. ALDIZKARIA - 2024ko abuztuaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

230E/2024 EBAZPENA, uztailaren 31koa, Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez "2024ko trantsizio energetikorako toki erakundeentzako laguntzen deialdiaren bigarren edizioa" onesten baita. DDBN identifikazioa: 778429.

Horizonte 2030 Nafarroako Energia Planaren helburuen artean daude energiaren kontsumo eraginkorra sustatzea, energia berriztagarriek energiaren azken kontsumoan egiten duten ekarpena handitzea, erregai fosilen erabilera murriztea, garraioan energia berriztagarriak handitzea eta energia-komunitateak sustatzea.

Laguntzen deialdiaren lehen edizioak arrakasta ikusita, eta aurrekontuak erabilgarri daudenez, deskribatutako helburuak lortzen laguntzeko toki erakundeentzako laguntzen beste edizio baterako deialdia egiten da, hiru neurriren bidez: argiteria publikoaren instalazioak eta eraikin publikoen barruko argiteria-instalazioak berritzea, energia berriztagarrien instalazioetan inbertsioak egitea eta energia-proiektuak eta -auditoretzak idaztea.

Halaber, dirulaguntza hori Nafarroako 2024ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartzen da.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru Sektore Publiko Instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskumenak baliatuz.

EBAZTEN DUT:

1. Onestea honako dirulaguntza honen deialdiaren bigarren edizioa: "Laguntza toki erakundeentzat, trantsizio energetikorako-2024".

2. Dirulaguntza arautuko duten oinarriak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jasotzen dira.

3. Deialdi honetako konpromisoak betetzeko, honako gastu hauek baimentzea:

NEURRIA

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA
(euro)

1.A

Partida: 820001 82500 7609 425200 "Toki erakundeentzako laguntzak. Energia plana" edo baliokidea, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago

2024

50.000

1.B

Partida: 820001 82500 7609 425200 "Toki erakundeentzako laguntzak. Energia plana" edo baliokidea, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago

2024

250.000

2

Partida: 820001 82500 7609 425200 "Toki erakundeentzako laguntzak. Energia plana" edo baliokidea, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago

2024

250.000

3

Partida: 820001 82500 7609 425200 "Toki erakundeentzako laguntzak. Energia plana" edo baliokidea, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago

2024

50.000

Zenbateko horiek partiden artean transferitu ahal izango dira, bakoitzaren kreditu-beharren arabera eta deialdiaren 5. oinarri arautzailean ezarritako irizpideen arabera.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Errekurtso horretan, espedientearen zenbakia adieraziko da (goiburuan agertzen da, "Erreferentzia. espedientea" hitzen ondoren).

Iruñean, uztailaren 31n. Energia, I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia. Uxue Itoiz Mariñelarena.

I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Honako helburu hauek ditu Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko maiatzaren 30eko 2018/844 EB Zuzentarauak (haren bidez aldatu ziren eraikinen efizientzia energetikoari buruzko 210/31 EB Zuzentaraua eta efizientzia energetikoari buruzko 2012/27/EB Zuzentaraua):

–Berotegi-efektuko gasen isurketa %40 murriztea 1990eko isurketa-mailen aldean.

–Kontsumitutako energia berriztagarriaren proportzioa handitzea.

–Batasunak dituen helburuen araberako energia aurreztea lortzea.

Deialdi honetako laguntzek xede dute zuzentarau horretan aurreikusten diren helburuak lortzen laguntzea, bat egiten baitute 2030erako Nafarroako Energia Planarekin. Horretarako, efizientzia energetikoa sustatuko da kaleetako argiterian eta eraikin publikoen barneko argiterian, inbertsioak eginen dira energia berriztagarriko instalazioetan, energia berriztagarrietako eta energia-efizientziako proiektuak idatziko dira, erregai fosilekiko menpekotasuna murrizteko energia-jarduketako planak eta auditoretza energetikoak eginen dira Foru Komunitateko toki-erakundeetan.

Horretarako, honako neurri hauek zehaztu dira, dirulaguntzak jaso ditzaketenak (haien ezaugarriak deialdiaren II. eranskinean ageri dira):

NEURRIA

IZENA

1.A

Berritzea kaleetako argiteria publikoaren instalazioak eta eraikin publikoen barneko argiteriaren instalazioak, 500 biztanle baino gutxiagoko toki erakundeetan

1.B

Berritzea kaleetako argiteria publikoaren instalazioak eta eraikin publikoen barneko argiteriaren instalazioak

2

Inbertsioak energia berriztagarrien instalazioetan

3

Proiektu eta auditoretza energetikoak idaztea

2. oinarria.–Onuradunak.

Nafarroako toki erakundeak izanen dira laguntza hauen onuradunak, baldin egiten badituzte goian deskribatutako neurriekin lotutako inbertsioak, bai eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 192.2 artikuluan jasotako tokiko zerbitzu publikoak kudeatzen dituzten erakundeak ere (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

3. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak, lanak gauzatzeko epea eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Diruz lagungarriak izanen dira II. eranskinean zehaztutako neurrietako bakoitzean aipatzen diren jarduketak, baldin Nafarroan eginak badira.

Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Inbertsioaren ondoriozko gastu finantzarioak.

b) BEZa, baldin onuradunak berreskuratzen edo konpentsatzen ahal badu. Halakoetan, eskaeran adierazi beharko da.

2. Inbertsioak egiteko epea 2024ko urtarrilaren 1etik, 2024ko azaroaren 10a bitartekoa izanen da. Jarduketa gauzatutzat joko da gastuak epe horretan fakturaturik eta ordaindurik daudenean.

3. II. eranskinean neurri bakoitzerako zehaztutakoa izanen da dirulaguntzaren zenbatekoa.

Dirulaguntza kasu honetan handitu liteke:

Toki erakundeek emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde duten konpromisoa baloratuko da (bai banaka, bai elkarte, mankomunitate eta tokiko ekintza taldekide diren heinean). Hala, erakundeei %5eko gehigarria emanen zaie, baldin eta frogatzen badute 2024an hartu dutela genero berdintasuna sustatzeko IV. eranskinean aipatzen diren neurrietako bat.

Laguntza gehigarri hori ez zaie emango 2017tik 2023ra bitarteko deialdietan (urte hori barne) laguntza jaso zuten erakundeei.

4. oinarria.–Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun baliodunekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko dena.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztu beharko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko www.navarra.es atariko izapideen katalogoko dagokion fitxaren bidez (aurrerantzean, laguntzen fitxa).

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen (aurrerantzean, APEL) 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoaren arabera, ez dira aurkeztutzat joko laguntza-fitxaren bidez eskabidearen izapidea hastean eskuragarri dagoen formulario telematikoarekin bat ez datozen eta aipatutako fitxaren bidez telematikoki aurkezten ez diren eskabideak. Beraz, aurkeztu gabekotzat jotzen direnez, eskabide horiek ezin izanen dira zuzendu.

3. Toki erakundeek eskabide bat aurkeztu beharko dute jarduera bakoitzeko.

Laguntzak eskatzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa bereizitako dokumentuetan aurkeztuko da, haien izenarekin identifikatuta, eta II. eranskinean neurri bakoitzerako zehaztutakoa izango da.

4. Eskabideak ez baditu betetzen APELen 66. artikuluak aipatzen dituen baldintzak, organo eskudunak hamar egun balioduneko epea emango dio erakunde eskatzaileari zuzentzeko, eta adieraziko dio, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela.

Inola ere ezin izango da zuzendu II. eranskinean eskatutako dokumentazioa ez aurkeztea.

5. oinarria.–Laguntzak emateko prozedura.

1. Laguntza horiek emateko prozedura norgehiagokakoa izango da, eta, beraz, organo kudeatzaileak (Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuaren Energia Planaren eta Europako Proiektuen Atala) aurkeztutako eskabideak alderatuko ditu, neurri bakoitzeko lehentasun-hurrenkera bat ezartzeko, II. eranskinean neurri bakoitzerako ezarritako balorazio-irizpideen arabera. Hala ere, neurri bakoitzerako baimendutako gastuak eskaera guztiei erantzuteko aukera ematen badu, ez da beharrezkoa izango lehentasun hori egitea.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, baloraziorik handiena lortu duten eskaerei II. eranskinean neurri bakoitzerako ezarritako laguntza-intentsitatea aplikatuko zaie, bakoitzarentzat erabilgarri dagoen aurrekontu-kreditua agortu arte:

Neurri batean aurkeztutako eskabide guztiei erantzun ondoren kreditu erabilgarria badago, kreditu hori beste neurrien eskaerei erantzuteko erabiliko da, 1.A neurriari, 1.B neurriari, 2. neurriari eta 3. neurriari lehentasuna emanez, hurrenez hurren, eta neurri bakoitzean ezarritako lehentasun-ordenaren arabera.

2. Energia Planaren eta Europako Proiektuen Atalak II. eranskinean neurri bakoitzerako ezarritako balorazio-irizpideen arabera ebaluatuko ditu eskabideak, eta ebazpen-proposamena egingo dio organo eskudunari, non adieraziko baitu onuradunek dirulaguntza jasotzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela.

Energia, I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia izango da dirulaguntza emateari buruz ebazteko organo eskuduna. Ebazpena gehienez ere bi hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunetik zenbatzen hasita.

Eskabideak administrazio-isiltasunez ezetsitzat jo ahal izango dira, baldin eta, ezarritako gehieneko epea igaro ondoren, esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi ez bada. Hala eta guztiz ere, organo eskudunak laguntzak emateko edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinarazi beharko du, oinarri hauetan xedatutakoaren arabera.

3. Dirulaguntza eman ondoren, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratzen bada edo onuradunen batek uko egiten badio, eta horregatik kreditua neurri batean askatzen bada, edo kreditu eskuragarririk badago dirulaguntza eman ez delako, laguntza gehigarriak eman ahal izango zaizkie honako hauei:

a) Aurrekontu-krediturik ez izateagatik, zegokien laguntza osoa (%100) eman ez zaien neurri bereko eskabideak. Eta, jarraian, egoera berean dauden beste neurrien eskaerei, lehentasuna emanez 1.A neurriari, 1.B neurriari, 2. neurriari eta 3. neurriari.

b) Oraindik saldo erabilgarria badago, aurrekontu-krediturik ez izateagatik ezetsita geratu diren eskaerei erantzungo zaie, kreditua liberatu den neurrian, eta, ondoren, egoera berean dauden beste neurrien eskaerei, a) letran adierazitako ordenari jarraituz.

c) Oraindik saldo erabilgarria badago, oinarrietan adierazitako laguntza-ehunekoa osatu arte laguntzaren gehieneko zenbatekoa mugatuta duten eskaerei erantzungo zaie, a) letran adierazitako ordenari jarraituz.

6. oinarria.–Laguntzen justifikazioa eta ordainketa.

1. Onuradunek egindako inbertsioak justifikatu beharko dituzte, 3.2 oinarrian jasotako gauzatze-epearen amaierarako azken egunarekin. Horretarako, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute 8.1 oinarrian adierazitako moduan:

a) Onuradunaren izenean egindako jarduketen fakturak. Berrikuspena errazteko, fakturen zerrenda bat aurkeztu beharko da, laguntzen fitxan dagoen ereduaren arabera.

b) Fakturak onuradunaren izenean ordaindu izanaren frogagiriak.

c) II. eranskinean neurri bakoitzerako zehazten den dokumentazioa.

d) Hala badagokio, dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen den beste edozein agiri.

2. Justifikazioa adierazitako epearen ondoren egiten bada, baina hurrengo 10 egun baliodunen barruan, %10 murriztuko da ordaindu beharreko laguntza. Denbora gehiago igaro bada, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

3. Laguntzen organo kudeatzaileak onuradunek aurkeztutako justifikazio-agiriak aztertuko ditu, eta, dirulaguntza 60.000 eurotik gorakoa bada, gauzatutako inbertsioaren egiaztapen materiala egingo du aldez aurretik. Ondoren, ordaintzeko ebazpen-proposamena helaraziko dio organo eskudunari, eta bertan adieraziko du onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak betetzen dituztela.

4. Trantsizio Energetikoko Zerbitzuko zuzendariak dirulaguntza ordaintzeko ebazpena emango du, justifikazio-agiriak aurkeztu eta bi hilabeteko epean.

7. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntzaren erakunde onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

a) Diruz lagundutako inbertsioak egitea eta justifikatzea, 3. eta 6. oinarrietan ezarritako moduan eta epeetan.

b) Inbertsioaren jabetzari gutxienez 5 urtez eustea, ordainketa ebazten den egunetik zenbatzen hasita.

c) Emandako laguntzei uko eginez gero, horren berri ematea laguntzak kudeatzen dituen organoari.

d) II. eranskinean neurri bakoitzerako ezarritako betebehar espezifikoak.

e) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaileetan, dirulaguntza emateko ebazpenetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat betetzen ez bada, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, dirulaguntza itzuli beharko da, aipatutako foru legearen 35. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Era berean, aurreko betebeharren bat zati batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa egokitu ahal izango da proportzionaltasun-printzipioa aplikatuz, edo, hala badagokio, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki, diruz lagundutako jarduera 6.1 oinarrian adierazitako epean justifikatuz gero, ordaindu beharreko laguntza %10 murriztea aurreikusten da.

3. Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak beharrezko jarduerak egin ahal izango ditu, bai diruz lagundutako kontzeptuak materialki gauzatu direla egiaztatzeko, bai funtsak eman diren helburuetarako erabili direla egiaztatzeko.

8. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko harremana.

1. Eskabidea eta aurkeztu beharreko dokumentazio guztia telematikoki aurkeztu beharko da nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko www.navarra.es (Administrazio Publikoaren eremurako zerbitzuak) atariko laguntza-fitxaren bidez.

2. Administrazio-egintzak eta laguntza horiek emateko prozeduran egiten diren jarduera guztien jakinarazpenak telematikoki jakinaraziko zaizkio toki erakundeen helbide elektroniko gaitu bakarrari.

9. oinarria.–Dirulaguntzaren bateraezintasunari buruz.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste dirulaguntza batzuekin, diruz lagundu daitezkeen gastu berberetarako emandakoekin. Zehazki, bateraezinak dira indarrean dagoen Toki Inbertsioen Planeko ekarpenekin.

Dirulaguntza bateragarriak direnean, beste erakunde publiko edo pribatu edo partikular batzuek emandakoak direlako, dirulaguntzen zenbatekoak ezingo du gainditu, ez bakarka ez batera hartuta, onuradunak garatu beharreko jardueraren kostua.

10. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak Ogasun eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu-base Nazionalaren bidez (http://www.pap.minhap.gob.es/bdnstrans/GE/es/index) argitaratuko ditu emandako dirulaguntzak, honako hauek adierazita: deialdia, zein aurrekontu-kredituri egozten zaizkion, onuradunak eta emandako zenbatekoa.

Halaber, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Tramiteen Katalogoko laguntzen fitxan (www.navarra.es) deialdi honen emaitzak argitaratuko dira.

11. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile horien aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

II. ERANSKINA.–1. NEURRIA. ERAIKIN PUBLIKOETAN KANPOKO ARGITERIA PUBLIKOAREN ETA BARRUKO ARGITERIAREN INSTALAZIOAK BERRITZEA

1.A. neurria: 500 biztanletik beherako toki erakundeetako jarduketak.

1.B. neurria. 500 biztanletik gorako eta beherako toki erakundeetako jarduketak.

1.A. neurrian, 2. oinarrian adierazitako toki erakunde guztiak izan daitezke onuradun, haien biztanleria edozein dela ere, baldin eta jarduera 500 biztanletik beherako toki erakunde batean egiten bada. 2023ko urtarrilaren 1eko errolda-datuak hartuko dira erreferentziatzat. Eskaera egitean, bi azpineurrietatik zein eskatzen duten adierazi beharko dute (A edo B), eta ezin izango dute laguntza bietan eskatu.

1.–Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

Neurri horrek honako jarduketa hauek barne hartuko ditu, eraginkortasun energetiko handiagoa lortzeko helburuarekin.

Kanpoko argiteria publikoko instalazioak eta eraikin publikoetako barruko argiteria berritzea, honako hauek barne: ekipoak, linea eta instalazio elektrikoen eraberritzea, obra zibila eta obraren proiektua eta zuzendaritza.

Proiektuari lotutako inbertsio osoan sartuko dira instalazioak osorik egokitzeko behar diren inbertsio guztiak eta dirulaguntzari atxiki dakiokeen inbertsioa, hau da, laguntzaren xede den inbertsio osoaren zatia. Inbertsio hori erabiliko da puntuazioa kalkulatzeko, eta jaso beharreko laguntzaren ehunekoa aplikatuko zaio.

Dirulaguntzaren xede diren instalazioek baldintza hauek bete beharko dituzte:

1. 2015eko urtarrilaren 1etik aurrerako auditoretza bat izatea, honako baldintza hauek betetzen dituena:

a) Gutxieneko edukia:

–Dagoen instalazioaren diagnostikoa.

–Dagoen instalazioaren gainean proposatutako alternatibak, teknikoki eta ekonomikoki gutxienez hiru jarduketa desberdin aztertuz.

b) Kanpo-argiztapenerako jarduketen kasuan, aurretiazko auditoretza Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuak (IDAE) ezarritako protokoloaren arabera egin behar da.

2. Kanpoko argiztapenerako bakarrik, argi berriek honako ezaugarri hauek bete beharko dituzte:

a) FHSinst < %1 luminaria funtzionaletan eta FHSinst < %3 inguruneko luminarietan edo luminaria klasikoetan;

b) Kolore-tenperatura ≤ 3000 K;

c) Lanpara motak Led motakoa izan beharko du;

d) Erregulazio-sistema izan beharko du.

3. Honako hauetan xedatutakoa betetzea: Behe-tentsiorako Erregelamendu Elektroteknikoa (BTEE), abuztuaren 2ko 842/2002 Errege Dekretuaren bidez onetsia; Kanpo-argiztapeneko instalazioen energia-eraginkortasunari buruzko Erregelamendua, eta haren jarraibide tekniko osagarriak, EA-01etik EA-07ra bitartekoak (REEAE), azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuaren bidez onetsia; eta kanpoko argiteriako LED teknologia duten luminarientzat eska daitezkeen eskakizun teknikoak. Eraikin publikoetako barruko argiztapen-instalazioek Eraikuntzako Kode Teknikoa bete beharko dute, HE 3 atala ("Argiztapen-instalazioen energia-eraginkortasuna") eta indarrean dagoen gainerako legeria.

4. Proiektu tekniko batean edo memoria tekniko batean aurreikusita egotea, dagokionaren arabera, eta obra-zuzendaritza baten xede izatea. Zuzendaritza horrek honako baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Bien baturaren zenbateko diruz lagungarriak ez du gaindituko inbertsioaren zenbateko osoaren %10.

b) Pertsona fisiko edo juridiko batek egingo ditu, eta ezingo du inola ere parte hartu ondorengo erreforma gauzatzen.

2.–Laguntzaren zenbatekoa.

Organo kudeatzaileak diruz laguntzeko modukotzat jotzen duen gastuaren %60 izango da laguntzaren zenbatekoa.

Onuradun bakoitzeko laguntzaren gehieneko zenbatekoa:

–1.A neurria: 10.000 euro.

–1.B neurria: 30.000 euro.

3.–Laguntza eskatzeko dokumentazioa.

Laguntza hau eskatzeko, honako dokumentazio hau aurkeztu behar da, 4. oinarrian adierazitako epean eta moduan:

a) Toki erakundearen jarduerak planifikatzea 2026ra arte. Dokumentu honetan, tokiko erakundearen energia-eredua aldatzeko urteko jarduketak deskribatuko dira, gutxienez honako lerro hauek barne hartzen dituztenak:

1. Eraginkortasun energetikoa.

2. Energia berriztagarriak.

3. Ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegiturak.

4. Energia komunitateak eratzea.

Erantsitako dokumentazioan erantsita: 1. Jardueren plangintza.

b) 1. paragrafoko 1. puntuan eskatutakoa betetzen duen auditoretza.

Erantsitako dokumentazioan erantsita: 2. Energia-auditoretza.

c) Jarduketaren aurreproiektua, gutxienez honako hauek zehaztuta:

–Egungo egoera:

i. CM zenbakia.

ii. Unitateak.

iii. Erregulazio-sistema.

iv. Luminaria: potentzia, FSH eta tipologia.

v. Lanpara: potentzia, kolore-tenperatura.

vi. Potentzia osoa.

vii. CUPS.

–Auditorian deskribatutako proposamenetatik aukeratutako aukera, honako eremu hauek jasotzen dituena:

i. CM zk.

ii. Unitateak.

iii. Erregulazio-sistema.

iv. Luminaria: potentzia, FSH eta tipologia.

v. Lanpara: potentzia, kolore-tenperatura.

vi. Potentzia osoa.

–Instalazioen monitorizazioaren deskribapena.

–Energia aurreztearen justifikazioa, III. eranskinean deskribatutako metodologiaren arabera.

–Jarduketen aurrekontu xehatua, kontzeptuen araberako unitateko prezioa, proiektuaren kostua eta obra-zuzendaritzarena banakatuta.

Erantsitako dokumentazioan erantsita: 3. Aurreproiektua.

d) Jarduera egin nahi den argiztapen-instalazioarekin lotutako energia elektrikoaren horniduraren (edo horniduren) azken faktura. Faktura hau eskatzen da, kontratatutako potentzia berriarekin, energia-horniduran aurrezten dela egiaztatzeko (ikus 6. paragrafoko a) berariazko betebeharra).

Erantsitako dokumentazioan erantsita: 4. Horniduraren azken faktura.

e) Erakunde eskatzaileak iturri berriztagarrietatik sortutako elektrizitatea jatorri-bermearekin hornitzeko kontratua badu gutxienez, justifikatu egin beharko du.

Erakunde eskatzaileak egiaztatu beharko du kontsumitutako energia elektrikoaren jatorria %100 berriztagarria dela, eta agiri hauetakoren bat aurkeztu beharko du:

–Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak emandako ziurtagiria, 1522/2007 Jarraibide Tekniko Teknikoa aldatzen duen maiatzaren 20ko IET/931/2015 Aginduarekin bat etorriz, kontratatutako merkaturatzaileak merkaturatutako energia %100 berriztagarria dela egiaztatzen duena. A etiketa duen merkaturatzailea.

–Tokiko erakundearentzat merkaturatutako energiaren jatorria %100ean berriztagarria dela jasotzen duen faktura. A etiketa duen merkaturatzailea.

–Tokiko erakundeak eta enpresa merkaturatzaileak sinatutako energia elektrikoaren hornidura-kontratua, hornitutako energiaren %100 jatorri berriztagarrikoa dela egiaztatzen duena. A etiketa duen merkaturatzailea.

Erantsitako dokumentazioan erantsita: 5. Hornidura elektriko berriztagarria.

f) Toki erakundeak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekiko duen konpromisoa egiaztatzen duen dokumentazioa, deialdiaren 3.3.b) oinarrian adierazitako laguntza gehigarria justifikatzen duena, baldin eta alderdi horretako baldintzak betetzen badira.

Erantsitako dokumentazioan erantsita: 6 Berdintasunarekiko konpromisoa.

4.–Eskabideak baloratzeko irizpideak.

1. Laguntza hau emateko eskabideak baloratzeko irizpideak hauek izango dira:

a) Ratio energetiko-ekonomikoaren balorazioa: 80 puntu, gehienez.

Energia- eta ekonomia-ratioa honela definitzen da: proposatutako erreformarekin kWh/urtean lortutako aurrezpen teorikoaren eta eurotan (BEZa barne) egindako energia-eraginkortasunera bideratutako inbertsio onargarriaren arteko zatidura.

80 puntu emanez baloratuko da ratio energetiko ekonomikoa 1,25etik gorakoa denean, zero ratioa zero denean, eta gainerakoa bi balio horien artean lortutako erregresio lineal baten bidez.

b) Deialdi beraren aurreko edizioetan diru faltagatik ukatutako jardueretarako laguntza-eskabideak: 10 puntu.

c) Ingurumen-iraunkortasuna: Iturri berriztagarrietatik sortutako elektrizitatea jatorri-bermearekin edo "elektrizitate berdea" A etiketa duen merkaturatzailearekin hornitzeko kontratua izatea deialdiaren eskaera-epea amaitzen den egunean: 10 puntu.

2. Puntuazioetan berdinketa egonez gero, irizpide bakoitzean lortutako puntuazioaren arabera ebatziko da. Iraunez gero, laguntza-eskaera aurkeztu den eguna eta ordua lehenetsiko dira.

5.–Inbertsioa justifikatzeko dokumentazio espezifikoa.

Onuradunek dokumentazio espezifiko hau aurkeztu beharko dute, deialdiaren 6. oinarrian deskribatutakoaz gain, egindako inbertsioak justifikatzeko:

a) Obra-proiektua eta -zuzendaritza, 1. paragrafoko 3. puntuan (BTEE, REEAE eta EKTko HE3 atala) adierazitako indarreko araudietan eta legerian eskatutakoa zehaztuz.

Proiektu horrek, gainera, egindako erreformaren argazkiak eta 1. paragrafoan eskatutako betebeharrak justifikatzen dituen materialaren fitxa teknikoak jasoko ditu.

b) Berritutako instalazioaren behe-tentsioko erregistro-zenbakia. Erregistroa aldatzea nahitaezkoa bada, horren egiaztagiria. Bestela, enpresa instalatzailearen edo teknikari eskudunaren erantzukizunpeko adierazpena, erregistroa aldatu beharrik ez dagoela egiaztatzen duena.

6.–Betebehar espezifikoak.

Neurri honen onuradunek, 7. oinarrian zehaztutakoaz gain, betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Ordainketa-ebazpena jakinarazi eta hiru hilabeteko epean, onuradunak kontrataturiko potentziarekin bat datorren argiteria publikoko instalazioaren hornidura-kontratu berriaren kopia bat aurkeztuko du, jarduketaren memorian deskribatutakoa.

b) Dirulaguntza eman eta hurrengo bi urteetan, egindako eraberritzearen aurretik eta ondoren instalazioa alderatzen duen txosten-memoria aurkeztu beharko dute urte bakoitzeko ekainaren 30a baino lehen. Txosten horretan energia-kontsumoak zehaztuko dira, baita instalazioaren gastuak ere (mantentze prebentiboak eta zuzentzaileak, konponketak, etab.)

Adierazitako agiriak telematikoki aurkeztuko dira, deialdiaren 8.1 oinarrian adierazitako.

MODUAN.2. NEURRIA. ENERGIA BERRRIZTAGARRIEN INSTALAZIOETAKO INBERTSIOAK

1.–Jarduera diruz lagungarriak.

1.1. Neurri honen barrenean, jarduketa hauek sartzen dira:

Energia berriztagarrietako instalazioetan egindako inbertsioak (sorgailuak, energia biltzeko sistemak, kontrol-sistemak, etab.), hala erabilera termikorako, nola elektrikorako, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Energia-iturri berriztagarri bat erabiltzea (Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko apirilaren 23ko 2009/28/EE Zuzentarauaren arabera).

b) Elektrizitatea sortzeko instalazioak baldin badira, honelakoak behar dute izan:

–Isolatuak edo sarera konektatu gabeak.

–Autokontsumorako bideratuak, 244/2019 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraituz.

–Autokontsumo partekatutako instalazioak.

c) Jendearentzat zabalik dagoen lokal bat hornitzen badute, dibulgazio panel bat izan beharko da, gutxienez informazio hau dakarrena:

–Elektrizitatea sortzeko potentzia instalatua (kW).

–Eguneko produkzio metatua (kWh).

–Produkzio metatua, martxan jarri zenetik (kWh).

–Martxan jarri zenetik, zenbateko emisioa ekidin den guztira (kg CO2).

Instalatutako elementuak zein diren, laguntza emateko ebazpenean aditzera emanen da dibulgazio panelaren ordez panel finko bat jar litekeela, parametro hauei buruz kalkulatutako balioak aipatuko dituena:

–Elektrizitatea sortzeko potentzia instalatua (kW).

–Aurreikusten den eguneko produkzioa (kWh).

–Aurreikusten den urteko produkzioa (kWh).

d) Jendearentzat zabalik ez dauden lokaletan kokatutako instalazio fotovoltaikoen kasuan, edo fotovoltaikoak ez diren instalazioen kasuan, ez da beharrezkoa izanen neurtu beharreko parametroak istantean erakusten dituen dibulgazio panel bat jartzea. Kasu horietan, panel finko bat jarri beharko da, eta, hartan, parametro hauei dagokienez kalkulatzen diren balioak jarri beharko dira, gutxienez ere:

–Elektrizitatea sortzeko potentzia instalatua (kW).

–Aurreikusten den eguneko produkzioa (kWh).

–Aurreikusten den urteko produkzioa (kWh).

1.2. Gastu diruz lagungarriek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Inbertsio diruz lagungarriaren kostu osoa ezin da 1.500 eurotik beherakoa izan (BEZa aparte). Zenbateko horretan, hauek sartzen dira:

–Obra-proiektuaren kostua eta obra-zuzendaritzaren kostua, halakorik beharrezkoa bada. Bi kostu horien batura ezin da instalazioaren kostu osoaren %10etik gorakoa izan. Ekimenean energia-komunitate bat sartzen bada, kostu hori handiagoa izan liteke, baina, betiere, instalazioaren kostu osoaren %15 gainditu gabe.

–Panelaren kostua, halakorik behar bada, ezin da instalazioaren kostu osoaren %10etik gorakoa izan.

b) Klimatizazio sareetako inbertsioetan, biomasa edo eguzki energia termikoa erabiltzen duten eraikinetako kanpoko sareak baizik ez dira izanen diruz lagungarriak.

c) Bero-ponpak erabiltzen dituzten instalazioen inbertsioen kasuan, hornitutako energia berriztagarriaren eta ponpak emandako energia termiko erabilgarriaren arteko erlazioari dagokion inbertsioa baizik ez da izanen diruz lagungarria, 2009/28/EE Zuzentarauari jarraituz (zuzentarau horrek jarraibideak ezarri zituen Europar Batasuneko estatuek iturri berriztagarrietatik sortzen den energia kalkulatzeko). Ponpa martxan jartzeko lehen mailako energia guztia iturri berriztagarrietatik sortua bada, inbertsio guztia izanen da diruz lagungarria.

1.3. Ez dira diruz lagungarriak izanen Eraikingintzaren Kode Teknikoaren arabera nahitaezkoak diren energia berriztagarriko instalazioak (elektrikoak edo termikoak), salbuespen hauekin:

–Elektrizitatea sortzeko instalazio bat bada, parte bat besterik ez da diruz lagunduko: aipatu araudian eskatutakotik gora instalatutako potentziari dagokion zati proportzionala. Eraikingintzaren Kode Teknikoari jarraikiz proiektu batean aginduzkoa bada energia berriztagarrien instalazio bat egitea etxeko ur beroa sortzeko, diruz lagungarria izanen da berokuntzaren eta/edo hoztearen lagungarri gisa ere diseinatutako instalazioetan egindako inbertsioa bakarrik. Kasu honetan instalazioaren kostuaren ehuneko 70 baizik ez da diruz lagungarria izanen, ulertzen baita gainerako ehuneko 30 dela aipatu araua betetzeko behar den inbertsioa.

2.–Laguntzen zenbatekoa.

Laguntzaren zenbatekoa organo kudeatzaileak diruz lagungarritzat jotzen duen gastuaren %50 izanen da, eta 2. neurri honetan gehieneko laguntza 40.000 eurokoa izanen da onuradun bakoitzeko.

3.–Laguntza eskatzeko dokumentazioa.

Laguntza hau eskatzeko, honako dokumentazio hau aurkeztu behar da, 4. oinarrian esandako epean eta moduan:

a) Toki erakundeak 2026ra arte eginen dituen jarduketen plangintza. Dokumentu horretan, deskribatuko dira toki erakundeak eredu energetikoa aldatzeko urtean egin beharreko jarduketak. Gutxienez, arlo hauek jasoko dira:

1. Energia-efizientzia.

2. Energia berriztagarriak.

3. Ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegiturak.

4. Energia-komunitateak eratzea.

Erantsitako dokumentazioan aurkeztu beharko da, izen honekin: 1. Jarduketen plangintza.

b) Jarduketaren aurreproiektua, non gutxienez alderdi hauek zehaztuko baitira nahitaez:

–Egungo egoera eta lortu nahi den egoera.

–Energia sortzeko elementuen eta sistemen deskribapena eta fitxa teknikoa.

–Biltegiratzeko elementuen eta sistemen deskribapena eta fitxa teknikoa.

–Kontroleko sistemen eta metodologiaren deskribapena.

–Instalazioen hibridazio mota.

–Dibulgazio panelaren ezaugarrien deskribapena.

–Prozesuaren kronograma.

–Inbertsioen aurrekontua, kontzeptutan xehatua, berariaz aipaturik bai dibulgazio panela, bai obra-proiektua eta obra-zuzendaritza, halakorik baldin badago.

Erantsitako dokumentazioan aurkeztu beharko da, izen honekin: 2. Aurreproiektua.

c) Baldin erakunde eskatzaileak badu jatorri-bermea duten iturri berriztagarrietako elektrizitatearen hornidura kontratu bat gutxienez, hori frogatu beharko du.

Erakunde eskatzaileak frogatu beharko du kontsumitutako energia elektrikoa %100 berriztagarria dela. Horretarako, agiri hauetako bat aurkeztu beharko du:

–Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak emandako ziurtagiria, frogatzen duena kontratatu den entitate merkaturatzaileak merkaturatzen duen energia %100 berriztagarria dela, maiatzaren 20ko IET/931/2015 Aginduari jarraikiz, zeinak aldatu baitzuen ITC/1522/2007 Agindua.

–Toki erakundearentzat merkaturatutako energiaren jatorria %100 berriztagarria dela adierazten duen faktura.

–Toki erakundeak eta enpresa merkaturatzaileak sinatutako energia elektrikoaren hornidura kontratua, non frogatu beharko baita hornitzen den energiaren %100 jatorri berriztagarrikoa dela.

Erantsitako dokumentazioan aurkeztu beharko da, izen honekin: 3. Hornidura elektriko berriztagarria.

d) Erantzukizunpeko adierazpena, dauden energia berriztagarrien instalazioen kopuruaz, autokontsumo partekatuaz eta toki-erakundea kide den energia-komunitateez.

Erantsitako dokumentazioan aurkeztu beharko da, izen honekin: 4. Energia berriztagarrien ezarpen maila.

e) Toki erakundearen emakumeen eta gizonen berdintasunarekiko konpromisoa frogatzen duen dokumentazioa (justifika dadin deialdiaren 3.3.b oinarrian adierazitako laguntza gehigarria), baldin betetzen badira horri dagokionez eskatzen diren betebeharrak.

Erantsitako dokumentazioan aurkeztu beharko da, izen honekin: 4. Berdintasunarekiko konpromisoa.

Deialdiaren 4.5 oinarrian esaten den bezala, eskatutako dokumentazioa ez aurkeztea ezingo da inola ere zuzendu ahalko.

4.–Eskaerak baloratzeko irizpideak.

1. Hona hemen honelako laguntzak emateko eskaerak baloratzeko irizpideak:

1.1. Inplementatutako teknologia: 40 puntu arte.

a) Elektrizitatea sortzeko instalazio isolatua edo sare elektrikora konektatu gabea bada: 30 puntu.

b) Instalazioa autokontsumo elektrikorako baldin bada 244/2019 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraituz: 30 puntu.

c) Autokontsumo elektriko partekaturako instalazioak badira: 10 puntu.

d) Mikrosare elektriko bat instalatzen bada: 10 puntu.

Honako hau hartzen da mikrosaretzat: kargez, sorkuntza banatuko bi edo elementuz edo gehiagoz, biltegiratzeko elementuez eta kontroleko eta kudeaketako elementu eta sistemez osatutako multzoa; osagai horiek guztiak konexio-puntu beraren bidez daude lotuak sare elektrikoari, eta energia kudeatzeko estrategia bat dute atxikirik. Mikrosare hauek sorkuntza berriztagarriko iturrien bidez elikatu behar dira.

e) Instalazioaren erregaia (erregai modura biomasa erabiltzen duten erabilera termikoko instalazioetan bakarrik), 40 puntu arte:

–Instalazioa prestatua baldin badago egurrarekin funtzionatzeko: 40 puntu.

–Instalazioa prestatua baldin badago egurrarekin eta/edo ezpalekin funtzionatzeko: 30 puntu.

–Instalazioa prestatua baldin badago aldi berean egurrarekin, ezpalekin edo pelletekin funtzionatzeko: 25 puntu.

–Beste kasu batzuetan: 5 puntu.

f) Aerotermia, geotermia, hidrotermia, 40 puntu arte:

–Bero-ponpari eragiteko energia primarioa oso-osorik iturri berriztagarrietatik eta autoekoitzietatik baldin badator: 30 puntu.

–Bero-ponpari eragiteko energia primarioa jatorriaren bermea duten iturri berriztagarrietatik eta "elektrizitate berdetik" baldin badator: 20 puntu.

–Geotermiako edo hidrotermiako instalazio bat baldin bada: 5 puntu.

–Gainerako kasuetan: 5 puntu.

1.2. Biltegiratze energetikoa: 10 puntu arte.

a) Instalazioak energia potentzial hidrikoa biltzeko sistema baldin badu: 5 puntu.

b) Diruz lagundutako instalazioak energia elektrikoa biltegiratzeko sistema baldin badu: 5 puntu.

1.3. Energia berriztagarriak noraino ezarri diren: 30 puntu arte.

a) Toki erakundeak energia berriztagarriarekin jartzen duen lehenbiziko instalazioa bada: 15 puntu.

b) Toki erakundeak dagoeneko baldin badu energia berriztagarrien instalazio bat, bi edo hiru: 5 puntu.

c) Toki erakundeak energia berriztagarrien 3 instalazio baino gehiago baldin baditu: 0 puntu.

d) Toki erakundeak autokontsumo partekatua badu, Nafarroako Autokontsumoaren Erregistroan erregistratua. 10 puntu.

e) Toki erakundea kide gisa sarturik badago eskaera egiten den egunean legez ezarrita dagoen energia-komunitate batean edo kooperatiba energetiko batean: 10 puntu.

1.4. Ingurumen-jasangarritasuna: toki erakundeak iturri berriztagarrietatik sortutako elektrizitatea jatorri-bermearekin edo "elektrizitate berdearekin" hornitzeko kontratua badu, laguntza eskatzeko epea amaitzen den egunean: 10 puntu.

1.5. Deialdi beraren aurreko edizioetan diru faltagatik ukatutako jardueretarako laguntza-eskabideak: 10 puntu.

2. Puntuazioetan berdinketa egonez gero, irizpide bakoitzean lortutako puntuazioaren arabera ebatziko da. Iraunez gero, laguntza-eskaera aurkeztu den eguna eta ordua lehenetsiko dira.

5.–Inbertsioak justifikatzeko dokumentazio berariazkoa.

Onuradunek honako dokumentazio espezifiko hau aurkeztu beharko dute, 6. oinarrian deskribatutakoaz gain, egindako inbertsioak justifikatzeko:

1. Memoria edo proiektua, dagokionaren arabera, egindako jarduketa deskribatuz, instalazioaren eta hura osatzen duten elementuen argazkiak erantsiz, eta dagozkion fitxa teknikoak.

2. Eraikinen behe-tentsioko instalazio elektrikoen edo instalazio termikoen erregistro-zenbakia, dagokionaren arabera.

6.–Berariazko betebeharrak.

Neurri honen onuradunek, 7. oinarrian zehaztutakoaz gainera, betebehar hauek ere bete behar dituzte:

a) Dirulaguntza jaso eta hurrengo bi urteetan, ekainaren 30a baino lehen, emaitzei buruzko txosten-memoria bat aurkeztea, 1.1 apartatuko c) eta d) letretan zehaztutako bistaratze-panelean erregistratutako datuak azalduko dituena.

Aipatutako dokumentuak telematika bidez aurkeztuko dira, deialdiaren 8.1 oinarrian adierazitako moduan.

3. NEURRIA. ENERGIA AUDITORETZAK ETA PROIEKTUAK IDAZTEA

1.–Jarduera diruz lagungarriak.

1. Neurri honen barrenean, jarduketa hauek sartzen dira:

–Energia berriztagarrien proiektuak idaztea.

–Energia-efizientziako proiektuak idaztea (deialdi honetako 1. neurrian diruz lagungarriak diren proiektuak alde batera utzita).

–Erregai fosilekiko menpekotasuna murrizteko energia-jarduketako planak eta auditoretza energetikoak idaztea.

2.–Laguntzaren zenbatekoa.

Laguntzaren zenbatekoa izanen da organo kudeatzaileak diruz lagungarritzat jotako gastuaren %80.

Laguntzaren gehieneko zenbatekoa onuradun bakoitzeko: 5.000 euro.

3.–Laguntza eskatzeko dokumentazioa.

Laguntza hau eskatzeko, honako dokumentazio hau aurkeztu behar da, 4. oinarrian esandako epean eta moduan:

a) Eskaera-orria. Eskaera-orri hau telematikoki betetzen da tramitatzen den bitartean. Fitxaren bidez tramitazioa amaitzean, eskaeraren egiaztagiria sortuko da, eta eskaera-orrian adierazitako datuak jasoko ditu.

b) Toki erakundeak 2026ra arte eginen dituen jarduketen plangintza. Plangintza gisako dokumentu horretan, toki erakundearen konpromisoa jasoko da, eta, horrez gainera, deskribatuko dira eredu energetikoa aldatzeko urtez urte eginen diren jarduketak. Lerro hauek jasoko dira gutxienez:

1. Energia-efizientzia.

2. Energia berriztagarriak.

3. Ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegiturak.

4. Energia-komunitateak eratzea.

Erantsitako dokumentazioan aurkeztu beharko da, izen honekin: 1. Jarduketen plangintza.

c) Laguntzaren xede den proiektuaren deskripzio-memoria.

Erantsitako dokumentazioan aurkeztu beharko da, izen honekin: 2. Deskripzio-memoria.

d) Baldin erakunde eskatzaileak badu jatorri-bermea duten iturri berriztagarrietako elektrizitatearen hornidura kontratu bat gutxienez, hori frogatu beharko du.

Erakunde eskatzaileak frogatu beharko du kontsumitutako energia elektrikoa %100 berriztagarria dela. Horretarako, agiri hauetako bat aurkeztu beharko du:

–Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak emandako ziurtagiria, frogatzen duena kontratatu den entitate merkaturatzaileak merkaturatzen duen energia %100 berriztagarria dela, maiatzaren 20ko IET/931/2015 Aginduari jarraikiz, zeinak aldatu baitzuen ITC/1522/2007 Agindua. A etiketa duen merkaturatzailea.

–Toki erakundearentzat merkaturatutako energiaren jatorria %100 berriztagarria dela adierazten duen faktura. A etiketa duen merkaturatzailea.

–Toki erakundeak eta enpresa merkaturatzaileak sinatutako energia elektrikoaren hornidura kontratua, non frogatu beharko baita hornitzen den energiaren %100 jatorri berriztagarrikoa dela. A etiketa duen merkaturatzailea.

Erantsitako dokumentazioan aurkeztu beharko da, izen honekin: 3. Hornidura elektriko berriztagarria.

e) Toki erakundearen emakumeen eta gizonen berdintasunarekiko konpromisoa frogatzen duen dokumentazioa (justifika dadin deialdiaren 3.3.b oinarrian adierazitako laguntza gehigarria), baldin betetzen badira horri dagokionez eskatzen diren betebeharrak.

Erantsitako dokumentazioan aurkeztu beharko da, izen honekin: 4. Berdintasunarekiko konpromisoa.

f) Erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena energia berriztagarrien zenbat instalazio dituen toki erakundeak, autokontsumo partekatuko instalazioak Nafarroako Autokontsumoaren Erregistroan duen erregistro zenbakia (hala badagokio) eta/edo energia-komunitate bateko kide dela adierazten duen ziurtagiria.

Erantsitako dokumentazioan aurkeztu beharko da, izen honekin: 5. Erantzukizunpeko adierazpena, proiektuaren idazketa, toki-erakundearen izena.

4.–Eskaerak baloratzeko irizpideak.

Laguntza hau emateko eskabideak baloratzeko irizpideak honako hauek izango dira:

1. Toki erakundeak Nafarroako Autokontsumoaren Erregistroan erregistratutako autokontsumo partekatua badu: 15 puntu.

2. Energia berriztagarrien ezarpen-maila:

a) Instalazioa toki erakundean energia berriztagarrien lehen instalazioa bada: 40 puntu.

b) Toki erakundeak 1 eta 3 energia berriztagarriko instalazio artean baditu: 25 puntu.

c) Toki erakundeak energia berriztagarrien 3 instalazio baino gehiago baditu: 10 puntu.

3. Eskaera egin den egunean toki erakundea legez eratutako energia-erkidego edo energia-kooperatiba bateko kidea bada: 25 puntu.

4. Deialdi beraren aurreko edizioetan ukatutako jardueretarako laguntza-eskabideak: 10 puntu.

Eskatzaileei esleitutako puntuazioetan berdinketa egonez gero, irizpide bakoitzean adierazitako hurrenkeran lortutako puntuazioa kontuan hartuta ebatziko da. Iraunez gero, laguntza-eskaera aurkeztu den eguna eta ordua lehenetsiko dira.

5.–Inbertsioa justifikatzeko dokumentazio espezifikoa.

Onuradunek honako dokumentazio espezifiko hau aurkeztu beharko dute, 6. oinarrian deskribatutakoaz gain, egindako inbertsioak justifikatzeko:

–Laguntza eskatu den proiektuaren, auditoretzaren edo planaren kopia.

6.–Betebehar espezifikoak.

Neurri honen onuradunek 7. oinarriko betebeharrak betetzeaz gain, honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

–Dirulaguntza eman eta hurrengo bi urteetan, diruz lagundutako proiektua, auditoretza edo plana nola gauzatu den adierazten duen txosten-memoria aurkeztu beharko da, urte bakoitzeko ekainaren 30a baino lehen.

Adierazitako agiriak telematikoki aurkeztuko dira, deialdiaren 8.1 oinarrian adierazitako moduan.

III. ERANSKINA.–URTEKO ENERGIA AURREZPENA KALKULATZEA

Urteko energia aurrezpena (kWh) = [A]-[B]

Non:

[A]: Egungo luminarien urteko kontsumoa (kWh) = [1] * [2] + [1] * [3] * [4].

[B]: Luminarien urteko kontsumoa berritu ondoren (kWh) = [5] * [6] + [5] * [7] * [8].

[1]: Egungo luminaria guztien potentzia, osotara (kW).

[2]:Egun, potentzia osoan funtzionatzen duten ordu kopurua urtean (orduak).

[3]: Egun, potentzia arautuan funtzionatzen duten ordu kopurua urtean (orduak).

[4]: Egungo luminarien potentziaren erregulazio koefizientea (potentzia osoarekiko portzentajea).

[5]: Luminaria guztien potentzia, osotara, berritu ondoren.

[6]: Potentzia osoan funtzionatzen luminaria guztiek egiten duten ordu kopurua, berritu ondoren.

[7]: Potentzia arautuan funtzionatzen luminaria guztiek egiten duten ordu kopurua, berritu ondoren.

[8]: Egungo luminarien potentziaren erregulazio koefizientea (potentzia osoarekiko portzentajea), berritu ondoren.

Kontuan hartu behar da egungo funtzionamendu orduen kopuruak urtean (potentzia osoa [2] + potentzia arautua [3]) bat etorri behar duela urteko funtzionamendu orduen kopuruarekin (potentzia osoa [6] + potentzia arautua [7]) berritu ondoren.

IV. ERANSKINA.–EMAKUMEEN ETA GIZONEN BERDINTASUNA SUSTATZEKO NEURRIAK

1. Berdintasun plan bat izatea.

2. Emakumeen eta gizonen berdintasunerako ordenantza bat onetsi izana.

3. Emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko prestakuntza ekintzak diseinatu eta egin izana, plantillaren etengabeko prestakuntzaren planaren barnean, azken bi urteetan.

4. Hizkuntza idatzi eta bisual ez-sexista erabiltzea erakundearen komunikazioetan, webgunean, liburuxketan, kanpainetan eta abar.

5. Toki erakundearen emakumeen elkarte eta taldeei laguntza ematea.

6. Berdintasuna bultzatu eta babesteko ekintzak eta indarkeriaren aurkakoak antolatzea.

7. Genero indarkeriaren aurkako estatu itunaren funtsak aurreko ekitaldian erabili direla egiaztatzea.

8. Berdintasun adituak edukitzea langileen artean, bermatzeko lan prozesu guztietan emakumeen eta gizonen berdintasun printzipioa txertatzen dela.

9. Indarrean den zainketen aldeko tokiko itun batean parte hartzea.

10. Azken aurrekontu-ekitaldiko bi kontratu publikotan, gutxienez, genero klausulak txertatu izana frogatzea.

11. Azken aurrekontu-ekitaldiko dirulaguntza publikoen bi deialditan, gutxienez, genero klausulak txertatu izana frogatzea.

12. Frogatzea emakumeen eta gizonen presentzia orekatua dela udal organoetan eta udalaz gaindiko ordezkaritza-organoetan.

Iragarkiaren kodea: F2411721