164. ALDIZKARIA - 2024ko abuztuaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

308E/2024 EBAZPENA, uztailaren 13koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez partzialki onartzen baita asfalto-nahasketak ekoizteko eta zabaltzeko instalazio baten ingurumen baimen bateratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioa Altsasuko udal-mugartean dago, eta haren titularra Excavaciones y Transportes Orsa SL da.

Egun jardunean dagoen instalazio horrek badu lehendik ingurumen baimen bateratua, zeina eman baitzitzaion Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra aplikatuta; izan ere, jarduera hori sarturik dago aipatutako foru lege horren 1. eranskineko 16.7 taldean.

2023ko ekainaren 29an, titularrak ingurumen baimen bateratuan jasotako baldintzak aldatzeko eskatu zuen, NOx eta CO parametroetarako gehieneko isurketa-balioa aldatzeko asfaltoa fabrikatzeko instalazioko errekuntza-fokuetarako. Hain zuzen, CO parametroa kendu nahi da eta Nox parametroarentzat 250 mg/Nm³-ko gehieneko isurketa-balioa ezarri.

Ondoren, txosten tekniko bat aurkeztu zuen, bahe birakariaren erregailuaren CO isuriak murrizteko ezintasun teknikoa justifikatzeko. Txosten horretan argudiatu zuenez, instalazioko CO isuriak gertatzen dira, batez ere, bahe birakariko errekuntza osoa ez delako, lehortzeko danborra ez baita errekuntzarako ganbera estankoa. Beraz, ezin da barne-prozesuan eragin erregailura iristen den erregai guztiaren errekuntza ziurtatzeko. Petrolio-gas likidotura aldatzeaz arduratu den enpresak ekipoa berrikusi eta doitu du, eta ez du aurkitu CO parametrorako ezarritako gehieneko muga-balioa betetzea ahalbidetzen duen teknika erabilgarri hoberik.

1 MWtik beherako potentzia termiko izendatua duten errekuntza-instalazioetarako, 1 MWtik 5 MWera arteko potentzia duten errekuntza-fokuetarako, abenduaren 22ko 1042/2017 Errege Dekretuan ezarritako gehieneko isurketa-balioak aplikatuko dira. Hain zuzen, errege dekretu hori errekuntza instalazio ertainetatik atmosferara egiten diren zenbait agente kutsatzaileren emisioak mugatzeari buruzkoa da, eta airearen kalitateari eta atmosferaren babesari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen IV. eranskina eguneratu ere egiten du. Erregaia aldatu denez aipatu errege dekretua indarrean jarri ondoren, instalazio berrietarako balioak aplikatu behar zaizkio.

Bestalde, aurkeztutako justifikazioa onargarritzat jotzen da lehortzeko danborrean CO parametroarentzat ezarritako gehieneko muga-balioa betetzeko ezintasunari dagokionez, haren ezaugarri teknikoak direla eta. Gainera, koherentea da abenduaren 22ko 1042/2017 Errege Dekretuan errekuntza-instalazio ertainetarako ezarritako muga-balioekin.

Aurreko guztia ikusita, uste da eskatutako aldaketak instalazioaren ingurumen funtzionamendu egokia ahalbidetzen duela eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin bat datorrela. Beraz, 1., 2. eta 3. fokuetarako ezarritako gehieneko isurketa-balioak aldatzen dira.

Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 28. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, bidezkoa da ingurumen baimen bateratua aldatzea.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Partzialki onartzea asfalto-nahasketak ekoizteko eta zabaltzeko instalazio baten ingurumen baimen bateratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa; horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioa Altsasuko udal-mugartean dago, eta haren titularra Excavaciones y Transportes Orsa SL da.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Laugarrena.–Ebazpen hau Excavaciones y Transportes Orsa SLra igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko uztailaren 13an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/ConsultasAAU.html#/ConsultaAutorizacionesAmbientalesUnificadas.

Iragarkiaren kodea: F2411276