Iragarkia
163. ALDIZKARIA - 2024ko abuztuaren 9a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
299/2024 EBAZPENA, uztailaren 4koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialen antolaketa eta jarduna 2024-2025 ikasturtean arautzeko jarraibideak onesten dituena.
Abuztuaren 29ko 68/2018 Foru Dekretuaren bidez (haren bidez egokitu zen abenduaren 22ko 1041/2017 Errege Dekretua) ezarri ziren Nafarroan hizkuntzen irakaskuntzen oinarrizko mailako, tarteko mailako eta maila aurreratuko curriculumak, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak ezarritakoak.
Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena aurkeztu du Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialen antolaketa eta jarduna 2024-2025 ikasturtean arautuko dituzten jarraibideak onesteko.
Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialen antolaketak eta jardunak 2024-2025 ikasturtean bete beharko dituzten jarraibideak onestea. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.
2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzura, Ikasketak Antolatzeko Atalera eta Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialetara, behar diren ondorioak izan ditzaten.
4. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Iruñean, 2024ko uztailaren 4an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.
ERANSKINA.–IRUÑEKO ETA TUTERAKO HIZKUNTZA ESKOLA OFIZIALEN ANTOLAKETA ETA JARDUNA 2024-2025 IKASTURTEAN ARAUTZEKO JARRAIBIDEAK
I.–IKASTETXEKO URTEKO PROGRAMAZIO OROKORRA
Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialetako zuzendaritza taldeek Urteko Programazio Orokorra prestatuko dute, ikasturtea hasi baino lehen, departamentuen proposamenak eta Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituen helburuak eta lanerako planak aintzat hartuta. Programazio horrek bermatuko du hezkuntza-jarduera guztiak modu koordinatuan betetzen direla, eskumenak behar bezala baliatzen direla eta eskola-komunitateko sektore guztiek parte hartzen dutela.
A) Alderdi orokorrak
1. Xedapen orokorrak.
Urteko Programazio Orokorra (UPO) ikastetxearen plangintzarako, antolaketarako eta funtzionamendurako oinarrizko tresna da. Haren bidez, ikasturtean zehar garatuko diren hezkuntza proiektua, antolaketa eta funtzionamendu arauak eta kudeaketa proiektua zehaztea errazten da.
Dokumentu hori prestatzeko orduan, zorroztasuna, erraztasuna eta erabilgarritasuna hartuko dira kontuan.
UPOa prestatzeko, haren segimendua egiteko eta ebaluatzeko orientazio gida eskola kudeaketako EDUCA sisteman egonen da eskuragai (adibideak jasotzen ditu).
2. Informazioa biltzeko iturriak.
UPOa prestatzeko, iturri hauek aztertzearen ondoriozko jarduketa ildoak hartuko dira kontuan:
a) Aurreko ikasturte bukaerako memorian proposatutako hobekuntza eremuak.
b) Emaitzen azterketa eta hobetzeko proposamenak.
c) 2023-2026 aldirako hobekuntza plana, autoebaluazio prozesutik eratorria.
d) Zuzendaritza proiektua edo plan estrategikoa.
e) Aurreko ikasturteko gainbegiratze prozesuen ondorioz Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak nabarmendutako alderdiak eta gomendioak.
f) Hezkuntza Departamentuak ematen dituen ikasturte hasierako jarraibideak.
g) Ikastetxean ezarritako bestelako programak. Bereziki jorratuko dira ikastetxeko berrikuntza eta eraldatze orokorreko programak.
h) Ikastetxearen kalitatea kudeatzeko sistemaren autodiagnostikoa, halakorik bada.
3. Edukia: atalak eta garapena.
Urteko Programazio Orokorrean honako alderdi hauek formalizatu beharko dira, indarreko araudiarekin bat:
a) Sarrera.
b) Ikastetxearen Urteko Plana.
c) Departamentuen eta beste talde batzuen planak.
d) Urteko Inklusio Plana.
e) Tutoretza Ekintzaren urteko plana.
f) Urteko Bizikidetza Plana.
g) Hezkidetza Plana.
h) Ikastetxearen Hizkuntza Proiektua, ikasturtekoa.
i) Irakaskuntza-programazioak.
j) Ikastetxearen beste plan batzuk.
k) Proiektu eta programa instituzionalak.
l) Ikastetxearen Prestakuntza Plana.
m) Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen programazioa.
n) Urteko Programazio Orokorraren jarraipena eta ebaluazioa.
o) Eranskinak.
Ikastetxearen urteko plana da UPOaren elementu garrantzitsuenetako bat; izan ere, hortik abiatuta, organo eta taldeen jarduketa ildo nagusiak ezarri behar dira. Ikasturterako lehentasunez lortu nahi diren helburuak jasoko ditu, baita proposatutako helburuak eta jomugak lortzeko abian jarri behar diren ekintza garrantzitsuenak ere. Gauzatu beharreko ekintza edo zeregin horiek konponbide teknikoak eta neurri zehatzak eskainiko dizkiete departamentuei.
Departamentuek eta gainerako lantaldeek helburuen eta ekintzen plan propioa izanen dute, eta, horren bidez, urteko planean zehaztutako lehentasunezko helburuak ez ezik, ikastetxeko beste plan espezifiko batzuetatik ateratako helburuak ere formalizatuko dituzte.
Horrez gainera, ikastetxean ikasturtean ezarri gogo diren beste jarduketa plan espezifiko batzuk jasoko dira, bai eta ezarri behar diren beste proiektu eta programa propio batzuk ere.
Planen egitura operatiboari dagokionez, haien gauzatzea eta segimendua errazteko modukoa izanen da, eta honako hauek zehaztuko ditu: helburuak, adierazleak, noraino iritsi nahi den, ekintzak, arduradunak, denbora-plangintza eta ebaluazioa.
4. Prestaketa.
UPOaren prestaketa koordinatzearen erantzukizuna zuzendaritza taldeak izanen du, baina lan hori beste pertsona edo batzorde batzuen esku utz dezake.
Dokumentuaren eskema bat emanen da, parte hartu behar duten taldeak eta pertsonak finkatuko dira, talde bakoitzaren eginkizunak zehaztuko dira, tresna eta baliabideak jarriko dira eta epeak finkatuko dira.
Kasuan kasuko ikasturtean dauden beharrak eta aurreikuspenak azterturik, eta kontuan harturik organo bakoitzaren deliberoak eta erabakiak eta egindako oharrak eta ekarpenak, UPOaren atalak idatziko dira.
5. Tramitazioa, jarraipena eta ebaluazioa. Memoria.
Behin onetsirik, UPOa EDUCA aplikazioan argitaratuko da, urriaren 31 baino lehen. Ikastetxean ere utziko da, hezkuntza komunitateak eskura izan dezan.
Ikastetxeko zuzendaritza taldeak eta arduradunek aldizka eginen dute Urteko Programazio Orokorra osatzen duten planen, proiektuen eta programen garapen-mailaren jarraipena.
Hori baino lehen, bete beharreko prozedura finkatuko da (nola), informazioa biltzeko irizpideak zehaztuko dira (zer), arduradunak izendatuko dira (nork) eta epeak finkatuko dira (noiz).
Aztertu eta baloratuko da zenbateraino garatu diren proposatutako ekintzak, erantzukizunak nola bete diren, denbora-plangintza konplitu den eta proposatutako helburuak lortu diren.
Ikasturtea amaitzean, ikastetxeko eskola kontseiluak, irakasleen klaustroak eta zuzendaritza taldeak UPOaren betetze mailari buruzko amaierako ebaluazioa eginen dute. Horretarako, arduradun bakoitzak dagokion planaren, proiektuaren edo programaren emaitzak aztertuko ditu.
Atal bakoitzaren ebaluazio prozesuan, datu esanguratsuak jasoko dira bateko eta besteko iturrietatik (datuak, iritziak, ohartarazpenak eta abar), eta gero, datu horiek aztertu eta interpretatuko dira ezarritako irizpideei jarraikiz.
Amaierako hausnarketa eta balorazioa ez da kuantitatiboa soilik izanen, emaitza horien arrazoiak baloratuko baitira.
EDUCA aplikazioan bertan, ikasturte bukaerako memorian bilduko dira UPOaren jarraipen eta ebaluazio prozesuan lortutako ondoriorik eta proposamenik garrantzitsuenak.
Dokumentuak bi dimentsio izanen ditu. Lehenik, ebaluazioaren dimentsioa, ikastetxeko urteko plangintzaren garapenari buruzko balantzea erakutsiko duena. Honako alderdi hauek nabarmenduko dira: proposatutako ekintzak zenbateraino bete diren, erantzukizunak nola bete diren, denbora-plangintza egokia izan den, aldizkako jarraipena egin den eta helburuak zenbateraino bete diren (adierazleen eta jomugen arabera). Bigarrenik, dimentsio proiektiboa izanen du, etorkizunean esku hartzeko ildoak eskainiko baititu, zentzuzko hobekuntza proposamenak zehaztuta.
Azkenik, memoriaren eranskin gisa, txosten bat gehituko da, emaitzen analisi zehatza biltzen duena, eta, horrekin batera, gogoeta eginen da emaitza horiek eragin dituzten zergatiei buruz eta, hala badagokio, curriculum-elementuen, materialen, antolaketa-elementuen eta baliabide pertsonalen funtzionamenduan atzeman diren gabezia eta disfuntzioei buruz.
Behin onetsita, ikasturte bukaerako memoria ikastetxeko erreferentziazko ikuskatzailearen eskura jarriko da, EDUCA plataformaren bidez, uztailaren 10a baino lehen.
6. Gainbegiratzea.
Ikastetxeko erreferentziazko ikuskatzaileak UPOa eta ikasturte bukaerako memoria gainbegiratuko ditu, egiaztatzeko bat datozela indarreko araudiarekin eta ikastetxearen behar eta emaitzekin, eta, hala badagokio, behar diren zuzenketak eta doikuntzak egitea eskatuko du.
7. UPOari erantsi beharrekoak.
Eranskin gisa sartuko dira irakaskuntza programazioen adostasun agiriak.
UPOarekin batera, irakaskuntza programazioen adostasun agiriak aurkeztuko dira, ziurtatzearren programazioak egoki jaso dituela eskatzen diren atal guztiak. Hortaz, programazio horiek gordetzeko ardura ikastetxeei dagokie. Dena dela, beharrezkoa den kasuetan, Hezkuntza Departamentuko dagokion zerbitzuak programazioa berariaz eskatzen ahalko du, irakaskuntza ikuskatzeko prozesuetan sartzen direlako, kalifikazioen erreklamazio kasuetan, analisi estatistikoak egiteko edo beste arrazoi batzuengatik.
Irakaskuntza programazioen adostasun ereduak eskuragarri egonen dira, eranskin gisa, UPOan, EDUCAn.
B) UPOari buruzko argibideak
1. Autoebaluazioa eta ikastetxearen hobekuntza plana.
2022-2023 ikasturtean zehar, autoebaluazioaren esparruan, ikastetxeetan baterako gogoeta prozesu bat egin zen, eta horren ondorioz, haien jarduna hobetzeko zenbait eremu detektatu ziren. Ondoren, eta hautemandako beharrei erantzunez, EDUCA plataforman erregistratu diren hobekuntza planak egin dira (Ikastetxea > Dokumentazio instituzionala > Hobekuntza plana).
Plan horiek prestatu ondoren, bai ikastetxearen hobekuntza orokorreko plana, bai zikloetako hobekuntza planak, 2023-2026 aldia da horiek abian jarri, eta haien jarraipena eta ebaluazioa egiteko garaia.
Horretarako, 2023-2024 ikasturtean, hobekuntza planetan jasotako beharrei ikastetxeek lehenengo erantzun bat eman zieten UPOaren planen bidez. Planak abian jartzeko bigarren ikasturte honetan, ikastetxeko zuzendaritzak, 2024-2025 ikasturteko Urteko Programazio Orokorrean ikastetxearen urteko planaren urteko helburuak ezartzeko garaian, hobekuntza orokorreko planean ezarritako urteko helburuak hartuko ditu kontuan, besteak beste. Bestalde, UPOan sartutako zikloen urteko planetan, lantaldeek jaso beharko dituzte, helburuak zehaztean, autoebaluazio-prozesutik eratorritako zikloen hobekuntza planen helburuak.
Halaber, aipatzekoa da hobekuntza orokorreko planen eta zikloen hobekuntza planen ebaluazioa egin beharra dagoela 2023-2026 aldiko ikasturte bakoitzaren amaieran, 2024., 2025. eta 2026. urteetan. Hau da, baloratu beharko da noraino lortu diren helburuak nahiz noraino gauzatu diren planteatutako ekintzak, eta hobetzeko proposamenak eginen dira. Ebaluazio hori EDUCAn erregistratuko da, horretarako diseinatutako txantiloi digitaleko ataletan (ebaluazioa, balorazioa eta hobekuntzak).
Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak 2024-2025 ikasturtean gainbegiratuko du ikastetxearen urteko planak eta departamentuen planek jasotzen dituztela hobekuntza planean ikasturterako adostutako helburuak.
Hezkuntza Departamentuak lagunduko du ikastetxeen hobekuntza planaren helburuak garatzen eta lortzen, departamentuko zerbitzuen bidez, orientabideak, proposamenak, jardunbide egokien adibideak eta, hala badagokio, prestakuntza emanez irakasle-taldeari.
Ikastetxearen prestakuntza plana funtsezko elementua da prestakuntza instituzionalerako. Zuzendaritza taldeak ezarriko du haren edukia eta, betiere, hobekuntza planaren ondoriozko premiei erantzun beharko die.
2. Ikastetxeko ordutegi orokorra eta ordutegia planifikatzeko irizpideak.
2.1. Ikastetxeko ordutegi orokorra.
Ikastetxeko ordutegi orokorrak, zuzendaritza taldeak prestatu behar duenak, bermatuko du Urteko Programazio Orokorrean aurreikusitako jarduerak betetzea, bai irakaskuntzakoak, bai osagarriak.
Ikastetxeak goizeko eta arratsaldeko ordutegian egonen dira zabalik eskola-komunitatearentzat. Eskola-oporraldietan, behar diren bitartekoak jarriko dira ikastetxeak goizez zabalik egon daitezen.
Horrez gain, ikastetxeko ordutegi orokorrean eskola-egunetako orduen banaketa jasoko da, eskola-egutegiaren arabera eta ondoko irizpide hauei jarraikiz egina:
a) Irakaskuntza arautua. Eskola-ordutegia astelehenetik ostiralera bitartekoa izanen da, biak barne, goizeko eta arratsaldeko txandetan.
Oro har, ikastaro presentzialak emanen dira, zehazki, astean bi ordu eta 15 minutuko bi saio, hau da, 4,5 ordu astean talde bakoitzarentzat. Horrez gain, hizkuntza eskolek ezarriko dute zenbat ostiral izan beharko diren eskola-egun, talde bakoitzak guztira 130 eskola-ordu izan ditzan.
b) Ikastaro erdipresentzialetarako, urrutiko ikastaroetarako eta curriculuma malgutzeko ikastaroetarako baimena ematen ahalko da, baina, edonola ere, talde horietako ratioa eta irakasleen ordutegiko eskola-orduen zenbaketa talde presentzialetakoen berdinak izanen dira. Eskaerek Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuaren oniritzia eduki behar dute.
Ikastaro horien eskola-karga presentziala eta jarduera ez-presentzialak eta tutoretzak (presentzialak edo online) antolatzeko, kontuan hartuko da departamentuen planifikazioa, eta hura kasuan kasuko mailen programazioan jaso, eta irakasleen ordutegi pertsonalean islatuko da.
c) Hizkuntza eskola ofizialek baimena eskatu beharko diote Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari hizkuntzaren jarduera baten edo batzuen inguruko ikastaro monografikoak emateko, baita irakasleentzako eguneratze eta hobetze ikastaroak, beste profesional batzuei begirako ikastaroak edo berariazko gaiak ardatz hartzen dituztenak emateko ere. Ikastaro horiek ez dute ziurtapen ofizialik. Ikastaro horiek bukatzean, bertaratze ziurtagiri bat emanen da, non ordu kopurua adieraziko baita, baldin eta ikaslea eskolen %80ra joan bada, baina ez du ondorio akademikorik izanen.
d) Hizkuntza eskola ofizialek baimena eskatu beharko diote Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari ofizialak ez diren hizkuntzen lau hileko lantegiak antolatu eta emateko, esate baterako, arabiera, txinera, gaztelania atzerriko hizkuntza gisa, japoniera edo portugesa. Lantegi horietan astean ordu eta erdiko bi saio izanen dira, eta lantegia bukatzean ez da emanen ez ziurtagiri akademikorik ezta bertaratze ziurtagiririk ere.
2.2. Planifikatzeko irizpideak.
Ikasketaburuak ikasleen eta irakasleen ordutegiak prestatuko ditu, Urteko Programazio Orokorrean ezarritako irizpideak errespetatuz betiere.
Ikastetxeak ekitatez planifikatuko ditu txandak eta ordutegiak hizkuntza guztietarako, eta bermatuko du, ahal delarik, maila guztietan goizeko eta arratsaldeko txandak egotea.
3. Aniztasunari erantzutea. Antolaketari dagozkion alderdiak.
Ikastetxearen lan partekatua da aniztasunari erantzutea. Neurri metodologikoak, antolakuntzakoak eta prestakuntzakoak aplikatuz, ikasleen premiei emanen zaie erantzuna.
Hizkuntza eskola ofizialetan, derrigorrezkoen ondoko irakaskuntzak izanik, bi arreta mota bereiz daitezke: ikasgelan ematen dena eta azterketetan ematen dena.
Ikastetxeak behar den arreta emanen du ikasgelan, metodologiari eta baliabide teknikoei dagokienez (entzungailuak, mahai lagungarriak, toki handiagoa, etab.). Behin ohiko baliabide horiek inklusiboki antolatu ondoren, beharrezkoa izan daiteke ikastetxearen esku ez dauden beste neurri batzuk aurreikusiak izatea, esate baterako, ikasgelan espezialistak izatea (zeinu hizkuntzako interprete bat, adibidez). Kasu horietan, baimendu daiteke pertsona hori ohiko ikasgelan egotea, ikuspegi inklusiboz, eta, hala, helburu batzuk sendotzeaz gain, ahalbidetuko da ikasleak ikaskuntza prozesuan parte hartzea. Salbuespenez aukera hori justifikatzen denean, zehaztuko da zenbat denborarako aurreikusten den esku-hartze hori. Ikasle eskatzaileak ekarriko du kanpoko espezialista hori, eta hark ez dio trabarik ekarriko ikasgelako ikasleen irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuari.
Azterketen kudeaketan arreta emateari dagokionez, inklusiorako antolakuntza neurriak aplikatuko dituzte eskolek, eta ikasleei baliabide tekniko puntualak jarriko dizkie azterketak egiteko.
Nolanahi ere, ebaluazioari eta ziurtapenari dagokienez, ebaluaziorako araudi oinarrizkoak ezartzen duenari jarraituko diote hizkuntza eskola ofizialek.
Matrikula-orrian lauki bat ezarriko da premia bereziak dituzten ikasleak detektatzeko. Ikastetxeko Zuzendaritzak, Hezkuntza Departamentuaren aholkuekin, NHEBZaren bitartez, ikasleek bitartekoak eta baliabideak egokitzeko neurriak eskatu ahal izateko bideak ezarriko ditu, behar den justifikazio ofiziala aurkeztu ondoren.
4. Departamentuen programazioak eta jarduera-planak.
Departamentu bakoitzak 2024-2025 ikasturterako jarduketa-plana prestatuko du irailean, barnean direla departamentuko edo mailako bilerak eta ikasturteko zeregin nagusiak, hala nola kurtso eta maila guztietako ebaluazio probak prestatzea, ziurtapen proben pilotajea eta berrikuspena bereziki, kontuan harturik Hezkuntza Departamentuak horretarako ezarritakoa, eta hizkuntza bakoitzeko probak prestatzeko batzordearekin elkarlanean.
Ziurtapen proba horien pilotajerako, gure proba bateratuek izanen dute lehentasuna. Era berean, departamentuek Nafarroatik kanpoko eskoletako proben pilotajea erraztu eta lagunduko dute, ahal den neurrian.
Departamentuetako programazioa prestatzeko arduradun nagusiak departamentuetako buruak izanen dira. Programazioan honako alderdi hauek jasoko dira: helburuak, edukiak, denbora banaketa, alderdi metodologikoak eta ebaluazio eta kalifikaziorako irizpideak.
Departamentu bakoitzaren programazioaren ale bat ikastetxeko zuzendaritzari emanen zaio, ezartzen den epearen barnean, ikastetxeko Urteko Programazio Orokorrean sar dezan. Programazioek zuzendaritzaren "ontzat emana" jaso beharko dute.
Programazioaren bi ale, gutxienez, departamentuan geldituko dira: bata kide anitzeko gobernu organoen eskura, eta bestea departamentuaren eskura. Gainera, ale bana emanen zaio departamentuko kide bakoitzari.
5. Nahitaezko prestakuntza.
Etengabeko prestakuntza irakasleen eskubide eta betebehar bat da, baita Hezkuntza Departamentuaren eta ikastetxeen ardura bat ere; izan ere, azken helburua da Nafarroako hezkuntza sistemaren kalitatea hobetzea irakasleen lanbidea garatuz.
Hala, ikastetxeko prestakuntza instituzionaleko plan bat prestatuko du zuzendaritza taldeak ikastetxerako. Horretarako, Hezkuntza Departamentuak berak proposatutako proiektu estrategiko, plan eta lehentasunezko ildoen ondorioz sortutako prestakuntzarako beharrak aintzat hartuko ditu, baita ikastetxeko klaustroetan eta irakasle-taldeetan eginiko lanaren ondorioz sortutako prestakuntzarako beharrak eta Irakasleentzako Laguntza Zentroek eginiko hautemate prozesuetan jasotako prestakuntzarako beharrak ere.
Prestakuntza ekintzak klaustro osoari edo irakasle-talde jakin bati zuzentzen ahalko zaizkio. Hezkuntza Departamentuaren edo ikastetxeen proiektu estrategikoak, planak eta lehentasunezko ildoak gauzatzeko prestakuntza ekintzen proposamenak lehentasunezkoak izanen dira eta irakasleek nahitaez egin beharko dituzte.
Nahitaezko prestakuntza instituzionala ikasturte bakoitzean 35 ordukoa izanen da, baina ordu gehiagokoa izaten ahalko da ikastetxeak edo Hezkuntza Departamentuak ezarritako beharrak asetzeko beharrezkoa bada. Kasu horretan, nahitaezko prestakuntza instituzional horretako 35 orduez gaindiko ekintzak borondatezkoak izanen dira.
Ikastetxe bakoitzak Irakasleentzako Laguntza Zentro (ILZ) bat du esleituta eta erreferentziazko aholkulari bat du, ikastetxeko prestakuntza instituzionaleko plana egiten laguntzeko. Ikastetxeek prestakuntzaren arduraduna izendatuko dute, Irakasleentzako Laguntza Zentroko (ILZ) aholkulariarekin harremanetan egon dadin. Ez bada inor izendatzen, ikasketaburuak bere gain hartuko du zeregin hori.
Ikasturte beraren barnean, ikastetxez aldatzen diren irakasleek ikastetxe berriko zuzendariari aurkeztu beharko diote eginiko prestakuntza instituzionalari dagokion ziurtagiria. Prestakuntza instituzionaleko ekintzaren bat hasi eta amaitu gabe izanez gero, ez da dagokion ziurtagiria jasoko. Hala, irakasleak, egin dituen prestakuntza orduen kopurua egiaztatu ondoren (jatorrizko ikastetxeko zuzendariak emandako ziurtagiri baten bidez), prestakuntza orduak osatzen ahalko ditu jatorrizko ikastetxean hasitako prestakuntzarekin jarraituz edo, bestela, destinoko ikastetxeko prestakuntza ekintzak eginez.
Kontratu partziala duten irakasleek egin beharreko nahitaezko prestakuntza instituzionaleko orduak ezartzeko, nahitaezko prestakuntza instituzionaleko 35 orduei kontratuaren ehunekoa aplikatuko zaie.
Ez dute nahitaezko prestakuntza egin beharko lanaldiaren hereneko edo gutxiagoko kontratua duten irakasleek. Halere, prestakuntza hori borondatez egiteko aukera izanen dute. Interesdunak ez badu prestakuntza egiten, indarrean dagoen araudiak jasotako zereginak egiteko erabiliko ditu bere kontratuari dagozkion ordu osagarriak.
Nahitaezko prestakuntza instituzionaleko orduen zenbaketa malgutzeko, ikasturte bakoitzean gutxienez 25 ordu egin beharko dira, eta, beraz, elkarren segidako bi ikasturteko aldian egiten ahalko dira gainerako orduak. Edonola ere, bi urte horietan nahitaezko prestakuntza instituzionalari dagozkion 70 orduak bete beharko dira. Nolanahi ere, Hezkuntza Departamentuaren edo ikastetxeen proiektu estrategikoei, planei eta lehentasunezko ildoei buruzko prestakuntza bete beharko da.
Irakasleek ikastetxeko zuzendaritzaren aurrean akreditatu beharko dituzte eginiko prestakuntza ekintzak, eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak gainbegiratu beharko ditu.
35 orduko prestakuntza instituzionalaz gain, irakasleek prestakuntza indibidualerako eskubideaz baliatzen segitzen ahalko dute, nahi izanez gero.
6. Jarduera osagarriak.
Zuzendaritza taldeak, departamentuen eta Eskola Kontseiluaren proposamenak jaso ondoren, eskola jarduera osagarrien programazioa prestatuko du.
II.–IRAKASLEAK
1. Lanaldia.
225/1998 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera (irakasleen lanaldia eta ordutegia), irakasleek, oro har, Nafarroako Gobernuaren mendeko funtzionarioentzat finkatzen den lanaldi bera izanen dute, bete behar dituzten eginkizunen ezaugarrietara egokitua.
Irakasleek hogeita hamar ordu emanen dituzte astean ikastetxeko jardueretan. Denbora hori banatuko da eskola-orduetan, astean zenbatu beharreko ordu osagarrietan eta urtean zenbatu beharreko orduetan.
Gainerako orduak, ikastetxean bete beharrekoak ez direnak, erabiliko dira prestakuntzan, irakaslanak prestatzen eta batzorde, koordinazio, ikastetxeko proiektu, epaimahai edo antzekoetan parte hartzeko, azken horietan aritzeko izendatuz gero.
Ekaineko eta iraileko eskola gabeko lan egunetan, egunero ikastetxean egon beharreko bost orduko lanaldi etengabea egiteko baimena ematen ahalko zaie irakasleei, salbu eta lanaldi zatituan programatutako jarduerak. Irakasleek, azken azterketak egiteko finkatutako garaian, beren ordutegia egokitu beharko dute haiek egiteko programatu den egutegiaren arabera.
2. Orduen banaketa.
Irakasle bakoitzaren ordutegi pertsonalean asteko eskola-orduak eta astean zenbatu beharreko ordu osagarriak jasoko dira, 25 osotara, nahitaez ikastetxean egon beharrekoak. Horietatik, 5 ordu gutxienez ostiraletan izanen dira. Asteko beste 5 orduak, urtean zenbatu beharreko ordu osagarritzat hartuko dira.
2.1. Eskola-ordutegia.
Irakasleen eskola-ordutegia araudian ezarritakoa izanen da. Horretan sartuko dira, batetik, zuzeneko irakaskuntza-orduak, eta, bestetik, eskola-ordu gisa zenbatzen direnak.
Nafarroako irakaskuntza publikoaren kalitatea hobetzeko itunaren ondorioz, zeina argitaratu baitzen irailaren 14ko 86/2018 Foru Aginduaren bidez, zuzeneko irakaskuntza-orduak murriztu dira, eta murriztutako ordu horiek honela erabiliko dira: ordu bat ikastetxeko koordinazio lanetarako eta plangintza instituzionaleko agiriak prestatzeko, eta beste ordua ikastetxeak parte hartzen duen proiektuak, programak eta planak egiteko, bai eta aipatu foru aginduan adierazten diren zereginetarako ere.
Nolanahi ere, irakasleen eskola-orduen kopuruak bermatu beharko du kurtso arautuetako eta espezializazio kurtsoetako talde bakoitzak zuzeneko 130 eskola-ordu izatea.
Honako hauek hartuko dira eskola-ordutzat:
a) Zuzendaritza taldea.
Matrikula presentzialen kopurua ikusirik, zuzendaritza taldeek ordutegi hauek izanen dituzte:
–Iruñeko HEO: astean 63 eskola-ordu, honela banatuak: zuzendariak 13,5 ordu, ikasketaburuak 13,5 ordu, idazkariak 13,5 ordu, zuzendariordeak 13,5 ordu eta ikasketaburu albokoak 9 ordu.
–Tuterako HEO: astean 36 eskola-ordu, honela banatuak: zuzendariak 9 ordu, ikasketaburuak 9 ordu, idazkariak 9 ordu eta zuzendariordeak 9 ordu.
b) Departamentuetako buruak eta koordinatzaileak.
Kargu horietan aritzen diren pertsonek talde bati dagozkion 4,5 eskola-ordu erabiltzen ahalko dituzte astean eginkizun horietarako.
c) Ziurtapen probak prestatzea: 4,5 ordu alemanez, frantsesez eta ingelesez egindako maila bakoitzeko. Italierarako, 9 ordu esleituko dira guztira. Alemanaren C2.1 eta euskararen C2.1 kasuetan ez da ordurik esleitzen.
d) IKTen koordinazioa: 4,5 ordu.
e) Kalitate Programaren arduraduna: 4,5 ordu.
2.2. Astean zenbatu beharreko ordu osagarriak.
Astean zenbatu beharreko ordu osagarrietan, irakasle bakoitzari esleitutako jardueren arabera, honako hauek sartzen ahalko dira:
a) Astean ordu bat departamentuaren bileretarako.
b) Astean ordu 1 ikasleei arreta emateko.
c) 2 ordu, gehienez, ziurtapen, ebaluazio eta entsegu probak prestatzeko eta pilotajea egiteko.
d) Ordu 1 Eskola Kontseiluko kideentzat.
e) Ikastetxean egoteko orduak.
f) Ordu 1 koordinazio didaktikorako.
2.3. Urtean zenbatu beharreko orduak.
Astean egin beharreko 30 orduak betetzeko kontuan hartzen diren asteko 5 ordu urtean zenbatzeko ordu osagarriak dira. Ordu horiek, irakasle guztiek egin beharrekoak, lan hauetarako erabiliko dira:
a) Klaustroak.
b) Araubide libreko azterketak aplikatu eta zuzentzea.
c) Ikastetxean ezarritako beste edozein proba prestatzea, aplikatzea eta zuzentzea.
d) Proben emaitzak aztertzea.
e) Departamentuei dagozkien kasuan kasuko lanak, programazio didaktikoetan sartuta daudenak.
f) Plangintza instituzionaleko tresnak prestatzearekin edo berrikustearekin lotutako zereginak, baita prestakuntza instituzionaleko jarduerekin lotutakoak ere.
3. Ordutegien prestaketa eta onespena.
Ordutegiak prestatzeko, ikasketaburuak departamentuetako buruei jakinaraziko die zenbat talde, txanda eta ordutegi dauden maila bakoitzean, eta zenbat irakasle dituen departamentu bakoitzak. Departamentuko buruak ordu-tarte orekatuetan banatuko ditu taldeak, ikasketaburuaren jarraibideen arabera.
Irakasle bakoitzaren eskola-ordutegia asteko egun guztietan banatuko da, salbu eskolarik gabeko ostiraletan.
Ikasturtearen hasieran, departamentuek bilera berezi bat eginen dute ordu-tarteak kideen artean banatzeko, jarraibide hauetan jasotako irizpideak errespetatuz betiere.
3.1. Txanden eta taldeen banaketa.
Eskola goizez eta arratsaldez ematen duten ikastetxeetan, departamentu bakoitzeko irakasleek erabakiko dute bakoitza zein txandatan arituko den, goizez edo arratsaldez.
Ezinezkoa bada ordutegia betetzea aukeratzen den txandan, beste txandan bete beharko da.
Txandak hautatu ondoren, erabakiko da ordu-tarteak nola banatu.
Ordu-tarteak banatzerakoan departamentuko kideak ados jartzen ez badira, honela aukeratuko dira taldeak:
–Departamentuko kide bakoitzak talde bat hautatuko du, ekitaldian dauden departamentuko irakasle guztiekin txanda oso bat egin arte.
–Lehen txanda hori amaitutakoan, beste batzuk eginen dira, eskola-ordutegi indibidual guztiak osatu arte edo talde guztiak esleitu arte.
Aurrekoa gorabehera, taldeak hautatzeko prozesuan ordutegien arteko bateraezintasunak gertatzen badira, eta departamentuko kide guztien artean adostasunik ez badago, horren berri emanen zaio ikasketaburuari, konpon dezan.
Ordu-tarteak banatzeko bilera berezi horretan izaten diren gorabehera guztien akta eginen da eta departamentuko kide guztiek sinatuko dute; akta horren kopia bat ikasketaburuari emanen zaio berehala.
3.2. Hautatzeko ordena.
Ordena honi jarraikiz eginen da hautaketa:
1.–Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleen kidegoko katedradunak, ikastetxean behin betiko destinoa dutenak.
2.–Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleen kidegoko katedradunak, ikastetxean behin betiko destinoa ez dutenak.
3.–Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleak, ikastetxean behin betiko destinoa dutenak.
4.–Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleak, destinoaren zain daudenak.
5.–Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleak, praktikaldian daudenak.
6.–Zerbitzu-eginkizunetan dauden Bigarren Hezkuntzako kidegoko irakasleak.
7.–Funtzionarioak eta lan kontratu mugagabea dutenak, prestakuntzarako zerbitzu bereziak egiten ari direnak.
8.–Aldi baterako kontratudunak, lan edo administrazio araubidekoak.
Arestiko 1), 2), 3), 4) eta 6) ataletan, taldeak hautatzeko lehentasuna kidegoan duten antzinatasunak ezarriko du (borondatezko eszedentzietako denbora kontuan hartu gabe), eta antzinatasuna berdina baldin bada, atal bakoitzaren lehentasun hurrenkera ezartzeko, honako irizpide hauek aplikatuko dira bata bestearen atzetik:
–Nork duen antzinatasun handiena ikastetxean.
–Nor sartu zen lehenago kidegoan (urtea).
–Nork lortu zuen puntuaziorik handiena kidegoan sartzeko hautapen prozesuetan.
Aurreko 5) atalean, prozesua gainditu zuten oposiziogileen zerrendak onesteko ebazpenetan agertzen den hurrenkerak ezarriko du taldeak hautatzeko lehentasun hurrenkera.
Aurreko 7) eta 8) ataletan, Giza Baliabideen Zerbitzuko kasuan kasuko zerrendetan duten tokiak ezarriko du taldeak hautatzeko lehentasun hurrenkera.
3.3. Zaintzak.
Ikasketaburuak ezarri eta gainbegiratuko ditu ikastetxeko zaintzak, kontuan hartuta eskola-ordu guztietan egon behar dela zaintzako irakasleren bat ikastetxean.
Kontuan harturik hizkuntza eskola ofizialetako ikasleen ezaugarriak, zaintza lana ohiz kanpoko kasu eta egoera bereziak bideratzeko izanen da.
Zaintzako irakasleen eginkizun nagusiak hauek dira:
a) Beren zaintza aldian sortzen diren gorabehera guztiak konpontzea, bai eta ikastetxeko norbait mediku beharrean gertatuz gero hartarako kudeaketak egitea ere, eta ikasketaburua lehenbailehen jakinaren gainean jartzea.
b) Irakasleen puntualtasunaren eta asistentziaren berri ematea.
Arreta berezia edo zaintza modu desberdin batez egitea eskatzen duten egoeretan, ikastetxeko zuzendariak zilegi izanen du irakasle batzuei eskatzea zaintza-ordu horiek betetzeko.
3.4. Irakasleen ordutegi pertsonala.
Irakasleek beren asteko ordutegian jaso beharko dituzte ikastetxean nahitaez bete beharreko 25 orduak, eranskin honen 2. puntuan adierazitako jarraibideekin bat.
Halaber, ikastetxe bereko irakasle guztiek ordu beretan beteko dituzte ikastetxean egon beharreko 5 ordu, gutxienez, eskolarik gabeko ostiraletako goizetan.
Zuzendaritza taldeko kide diren irakasleen orduak txanda bakoitzean gutxienez kide baten presentzia ziurtatzeko moduan banatu beharko dira.
Irakasleek, azken azterketak egiteko finkatutako garaian, beren ordutegia egokitu beharko dute haiek egiteko programatu den egutegiaren arabera.
3.5. Ordutegia onetsi eta jakinaraztea.
Ikastetxeko zuzendaritzak onetsiko du ordutegia, indarreko araudiaren arabera. Onetsi arte, irakasleak beharturik daude ikasketaburuak prestatu eta zuzendariak behin-behinean onetsitako ordutegia betetzera. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ebatziko du haren gaineko edozein erreklamazio.
Ongi ikusteko moduko toki batean paratuko da irakasle guztien ordutegiari eta lantokiari buruzko informazioa: eskola-orduak, zaintza-orduak, departamentuko bilerak eta abar.
3.6. Irakasleen absentziak.
Aldi baterako ezintasun batengatik irakaslea lanera agertzen ez denean ikastetxeko zuzendaritzak egin behar duen kontrolak Hezkuntza Departamentuko webgunean ezarritakoari jarraituko dio:
https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/incapacidad-temporal
Aldi baterako ezintasun egoeran dauden eta MUFACEri atxikita dauden langileek bajaren frogagiria aurkeztu behar dute gehienez ere 3 eguneko epean, lanera huts egindako lehen egunetik zenbatzen hasita. Hurrengo berrespen agiriak hamabostean behin edo hilean behin aurkeztuko dira, medikuak zer erabakitzen duen. Alta-agirien kasuan, agiria egin eta gehienez 24 orduko epean jakinaraziko da.
Jatorrizko agiriak Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez bidal daitezke Hezkuntza Departamentura, aurrez aurre aurkeztu Nafarroako Gobernuaren Erregistro Ofizialeko edozein bulegotan, edo posta arrunta erabili.
Ordezkapenetarako, kotizazioetarako eta nominan eragina duten bestelako elementuetarako dauden epeak ongi betetzearren, proposatzen da komunikazioak Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez egitea.
Era berean, nahitaezkoa da ikastetxeko zuzendaritza taldeari kopia bat bidaltzea edo aurkeztea ahalik eta lasterren, ikastetxeak jakin dezan zehatz-mehatz bajak zenbat iraunen duen, bajaren bilakaera edo bukaeraren berri izan dezan eta, orobat, ordezkapen bat eskatu ahal izan dezan.
Alta-agiriari dagokionez, horren berri emateko epea betetzen ez bada irakaslea ikastetxera itzultzen den egunetik hasita 2 egun naturaleko epean, ikastetxeko zuzendaritzak horren berri emanen dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, indarreko araudian ezarri bezala jokatzeko. Era berean, ukitutako irakasleei idatziz emanen zaie horren berri.
Agiriak bidaltzean izandako edozein gorabeheraren berri emateko, helbide elektroniko hau erabil daiteke modu osagarrian: planificacionrheducacion@navarra.es.
Gaixotasuna edo istripua dela-eta aldi baterako ezintasuna duten eta Gizarte Segurantzari atxikita dauden langileek jakinarazi behar dute zer iraupen duen baja-agiriak lanera joaten ez diren lehen egunetik. Baja berresteko agiriak medikuak erabaki bezain maiz jakinarazi beharko dira. Era berean, baja amaitutzat emateko eta langilea bere lanpostura itzultzeko, ezinbestekoa da alta medikoaren partea jakinaraztea lantokiari egun berean.
Horrez gain, ezinbestekoa izanen da ikastetxeko zuzendaritza taldeari ahalik eta azkarren horien guztien berri ematea, zehatz-mehatz jakin dezan bajak zenbat iraunen duen, egoera hobera doan eta/edo baja noiz amaituko den. Hala, ordezkapena beharren arabera kudeatu ahal izanen dute.
Ikastetxeetan ezarriko da zer bidetatik eginen dituzten jakinarazpenak MUFACEri nahiz Gizarte Segurantzari atxikitako langileek, zuzendaritza talde bakoitzak zehazten duen funtzionamenduaren arabera.
Garrantzitsua da adieraztea ezen, gaixotasun bajengatiko egoerak jakinarazteaz gainera, erditzeagatiko lizentzia edo ama ez den gurasoarentzako lizentzia tramitatzeko komunikazioa bost eguneko epean egin behar dela gehienez, ezarritako prozedurari jarraikiz.
Ordezkapen egoeretan, ordezkoa ez bada egokitu zaion lanpostuan hasten, eta Kontrataziorako Atalari ez badio erregistro orokorraren bidez jakinarazi lanpostuari uko egin diola, ikastetxeko zuzendaritzak ez-agertzearen txosten bat bidaliko du contratoseducacion@navarra.es helbidera, lanpostua berriz eskain dadin.
III.–IRAKASLANA KOORDINATZEKO ORGANOAK
1. Departamentuak.
Departamentuak lantaldeak dira, eta haien gaineko ardura eta zuzendaritza departamentuko buruari dagozkio, eta, hori ez badago, ikasketaburuari.
Hizkuntza eskola bakoitzean, departamentu bat eratuko da irakasten den hizkuntza arautu bakoitzeko.
Ikastetxeko irakasle guztiak, zein hizkuntzatan ematen duten ordu gehien, hizkuntza horri dagokion departamentuari atxikirik egonen dira, eta departamentu horretan antolatzen diren bileretara joan beharko dute.
Departamentuen eginkizunak hauexek izanen dira:
a) Kasuan kasuko hizkuntzaren programazio didaktikoa prestatzea, jarraibide hauetan zehaztutakoaren arabera.
b) I. ataleko (Urteko Programazio Orokorra) 1.4 puntuan aipatzen den jarduketa-plana prestatzea, baita departamentuaren jardueren egutegia ere.
c) Ebaluazioko proba idatziak prestatzea.
d) Ikasturte bukaerako memoria prestatzea, emaitzen balorazioa barne, talde eta kurtsoen araberako kalifikazioen estatistikak eta errendimendu akademikoaren azterketa erabiliz horretarako; era berean, ikasleen ebaluazioan erabilitako irizpideen, prozeduren eta jardueren balorazioa, ikasle libreentzako probak barne.
e) Horrez gain, programazioan jasotako alderdi guztien garapenaren balorazioaren ondorioz proposatzen diren hobekuntzak jasoko dira.
Departamentuko buruak ikasturte bukaerako memoriaren ale bat emanen dio ikastetxeko zuzendariari, zuzendaritzak ezartzen duen epean eta, betiere, ekainaren 30a baino lehen.
f) Beste eginkizun batzuk.
Departamentuen zeregina da, halaber, hezkuntza arloko ikerketa eta kideen trebakuntza zientifiko eta didaktikoa bultzatzea.
Ikastetxeko ordutegiaren barruan, astean batez beste ordu 1 gordeko da, gutxienez, departamentuko kide guztiek bilera egin dezaten. Bilera horren helburua izanen da programazioa nola garatzen ari den aztertzea, materiala prestatzea, emaitzak aztertzea eta ebaluaziorako irizpideak zehaztea, bai eta ezartzen diren bestelako jarduera guztiak ere.
Ekainean, departamentuko bilerak erabiliko dira, bereziki, jarduketa-plana aztertzeko eta programazioak egokitzeko, gero ikasturte bukaerako memorian sartzeko.
Egindako bilera guztietan akta eginen da. Dokumentazio hori departamentuburuak erredaktatuko du, eta departamentuan artxibatuko da.
Bileretako aktez gain, departamentuek material inbentariagarri guztiaren zerrenda eguneratua izan beharko dute, bai eta ikasturtean zehar ikasleak ebaluatzeko baliatu diren probak eta agiriak ere.
2. Departamentuko burutza.
Irailean, ikastetxeko zuzendaritzak departamentu bakoitzeko burua izendatuko du, ikasturte horretarako. Kargu horri ezin zaio uko egin, eta ikastetxean behin betiko destinoa duen Hizkuntza Eskola Ofizialetako katedradunen kidegoko irakasle batek beteko du.
Katedradunik ez badago, departamentuko burua izendatu aurretik zuzendaritzak behar den informazioa bilduko du, karguan aritzeko hautagairik ba ote dagoen jakiteko.
Hautagai horiek aditzera emanen dute departamentuko bilera batean zer proiektu duten jarduketa ildoei dagokienez, eta ikastetxeko zuzendaritzak, departamentuaren iritzia entzun ondoren, izendapena eginen du.
Hautagairik ez badago, departamentuaren iritzia entzun eta gero, behin betiko destinoa duen kide bat izendatuko du, horrelakorik baldin badago.
Departamentuko buruak talde bati dagozkion eskola-orduak izanen ditu, eta zuzendaritzako beste ezein kargurekin bateraezina izanen da.
Departamentuko buruak eginkizun hauek ditu:
a) Departamentuaren jarduerak zuzendu eta koordinatzea.
b) Bilerak antolatu, prestatu eta zuzentzea, baita aktak idatzi eta sinatzea ere. Aktak kasuan kasuko departamentuan bilduko dira nahitaez.
c) Programazioa eta ikasturte bukaerako memoria prestatzeko lana koordinatzea, eta programazioa betetzen den begiratzea edukiei eta eskatzen diren gutxieneko mailei dagokienez.
d) Departamentuak prestaturiko proben kalifikazioak gainbegiratzea.
e) Azterketak kudeatzeko zereginen banaketa koordinatzea.
f) Ikasleen ebaluazioari buruzko erreklamazioak egiteko prozedura betetzen dela bermatzea, indarra duten arauei jarraikiz.
g) Material inbentariagarriaren zerrenda eguneratzea.
h) Ikasleen balorazioa egiteko erabili diren proba eta dokumentuak gordetzea.
i) Departamentuan atzematen den edozein akatsen berri zuzendaritzari eta ikasketaburuari ematea.
j) Hobekuntza pedagogikoa bultzatzea, bilerak prestakuntzarako lagungarriak izan daitezen.
k) Estandarizaziorako garrantzitsuak diren laginak biltzea, eta saioak antolatu eta gidatzea, beste eskoletako departamentuekin elkarlanean.
3. Departamentuko koordinazioa.
25 talde baino gehiago dituzten departamentuetako buruek beren departamentuko kide bat proposatu dezakete koordinatzaile lanak egin ditzan, baldin eta erabaki horrek plantilla handitzea ez badakar.
Irakaskuntza arautuko ikastaroetan 60 talde baino gehiago dituzten departamentuetan, beste koordinatzaile bat izendatzen ahalko da.
Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialeko ingeleseko departamentuak koordinazio osagarria izanen du, Lizarrako Luzapenaz arduratzeko.
Departamentuetako koordinatzaileek departamentuburuak esleitzen dizkien eginkizunak beteko dituzte, departamentuko kideen proposamenak kontuan hartuta.
Departamentuko koordinazio lanagatik ikastalde bakoitzeko esleitzen diren eskola-orduak kontatuko dira, eta lan hori zuzendaritzako beste ezein kargurekin bateraezina izanen da.
4. IKTen koordinazioa.
Eskolek informazioaren eta komunikazioaren teknologietarako (IKT) koordinatzaile bat izendatu dezakete klaustroko kideen artean, ikasturte baterako, lan horretarako gai den langileren bat baldin badago.
Koordinazio lan horretan aritzen denak ohiko talde baterako adina denbora izanen du zeregin horretarako.
Koordinatzaileak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Ikastetxeko zuzendaritzak eskuordeturik, teknologia berrien arlorako mintzakidea izatea Hezkuntza Departamentuarekin.
b) Zuzendaritza taldeari eta departamentuei aholku ematea baliabide eta material informatikoen erabilerari eta erosketari buruz.
c) Ikastetxeko zuzendaritzari proposatzea baliabide informatikoei erabilera didaktiko berriak emateko irizpideak.
d) Baliabide informatikoen egoera egokia zaintzea, instalazio eta ekipamendu informatikoak gainbegiratzea eta programen erabilgarritasuna bermatzea.
e) Teknologia berriei buruzko informazioa zabaltzea eta horren gainean dagoen dokumentazioa erabiltzeko bidea erraztea.
f) Ikastetxeko zuzendaritzarekin lankidetzan aritzea baliabide informatikoen inbentarioak eguneratzen eta arlo horretarako dauden aurrekontuak kudeatzen.
5. Luzapenaren koordinatzailea.
Luzapenaren koordinatzailearen helburua da unitate horretan irakasleren bat duten departamentuen jarduera akademikoa ahalik eta hobekien garatzen dela bermatzea. Bere lana aurrera eramateko erreferentzia nagusia ikastetxearen hezkuntza proiektuan eta urteko programazio orokorrean ezarritakoa izanen da; izan ere, agiri horietan argi eta garbi zehazten dira hizkuntza eskola ofizialaren arau eta helburuak. Ikasketaburuarekin koordinaturik jardun beharko du, hura baita agiri horietan ezarritakoa betetzearen arduradunetako bat.
Lizarrako Luzapenaren koordinatzaileak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Eskolarik gabeko ostiraletan eta deitzen zaion guztietan, zuzendaritza taldeko kideekin biltzera joatea.
b) Programazioak betetzen direla begiratzea.
c) Zuzendariari irakasleen hutsegiteen eta horien zergatien berri ematea.
d) Atzerapenak eta ordutegiaren inguruko gorabeherak apuntatzea eta zuzendariari horren berri ematea, ikasturte hasierako jarraibideak betez.
e) Zuzendaritza taldeak igortzen dion informazioa ikasleei eta irakasleei garaiz jakinaraztea.
f) Tierra Estella BHIko zuzendaritzarekin koordinatzea ikasgelen ekipamenduaren eta mantentze-lanen kudeaketa, baita eskola-egutegia eta azterketen egutegia ere.
IV.–IKASLEAK
1. Onarpenerako prozedura.
Hizkuntza eskola ofizialek ezarriko dituzte onarpen prozedurako eta hura ebazteko arauak.
Hizkuntza eskola ofizialek ikasturteko eskaintza akademikoaren publizitatea eginen dute, eta onarpen prozedura nolakoa den azalduko dute.
Eskabide bat, pertsonala eta besterenezina, beteko da, hizkuntza eta eskola bakoitzeko.
A1 ez den beste maila batera sartzeko, prozedura hauetako bat erabiliko da:
a) Hizkuntza baten jakite maila ziurtatzea otsailaren 28ko 30/2011 Foru Aginduaren eranskinean jasotako titulazioen bidez (foru agindu hori apirilaren 10eko 30/2018 Foru Aginduak aldatu zuen).
b) Mailaz igotzea: hizkuntzaren jarduera guztiak gainditzea, horietako bakoitzean puntuazioaren %50 gutxienez lortuta, azterketetarako indarreko zehaztapenen arabera.
c) Sailkatze/mailakatze proba egitea.
Mailakatzeko proba horien emaitzak ez du ondorio akademikorik eta ikasturte horrexetarako bakarrik balioko du. Ikasleek ez badute gainditzen esleitu zitzaien maila, behin baino ezin izanen dute errepikatu.
1.1. Ikaspostuen erreserba Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko ikasleentzat.
Ikaspostu kopuru bat gordeko da ekaineko deialdian "gai" kalifikazioarekin ikasketak bukatzen dituzten ikasleentzat, dela Bigarren Hezkuntzako ikastetxeen eta NUHEOren arteko lankidetza programakoentzat, dela That’s English! programakoentzat. Zehazki, honenbeste ikaspostu gordeko dira 2024-2025 ikasturtean:
–Ingelesa:
- B2.1 tarteko maila, Iruñeko HEO: 30 ikaspostu.
- B2.1 tarteko maila, Tuterako HEO: 10 ikaspostu.
- C1 maila, Iruñeko HEO: 10 ikaspostu.
- C1 maila, Tuterako HEO: 10 ikaspostu.
–Euskara:
- B2.1 tarteko maila, Iruñeko HEO: 16 ikaspostu.
- B2.1 tarteko maila, Tuterako HEO: 10 ikaspostu.
- C1 maila, Iruñeko HEO: 25 ikaspostu.
- C1 maila, Tuterako HEO: 10 ikaspostu.
1.2. Ikaspostuen erreserba Nafarroako Gobernuaren menpe jardunean ari diren irakasle eta hezitzaileentzat.
Toki kopuru bat erreserbatuko da, ikastaro arruntetan, maila hauetako jarduneko hezitzaile eta irakasleentzat: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta unibertsitateko irakasleak.
2024-2025 ikasturtean, baliabide gehiagorik gabe, irakasle berrientzat erreserbatu den toki kopurua hau da:
INGELESA | B2.1 | B2.2 | C1 |
Iruñeko HEO | 25 | 25 | 50 |
Tuterako HEO | 12 | 13 | 25 |
FRANTSESA + ALEMANA | B2.1 | B2.2 | C1 |
Iruñeko HEO | 12 | 13 | 25 |
Tuterako HEO | 6 | 6 | 12 |
Hezkuntza Departamentuak egiaztatuko du irakaslea jardunean dagoen ikastetxe publiko batean. Ikastetxe itunduetako irakasleek eta unibertsitatekoek beren ikastetxeko zuzendariaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute matrikula egitean.
Ondorio administratiboetarako, ikasle horiek ikastetxeko ikasle ofizialtzat hartuko dira.
Hizkuntza maila ziurtatzeko, hizkuntza eskola ofizialen ziurtapen proba gainditu behar da. Ikastaro hauetako parte-hartzea urtean nahitaez bete beharreko prestakuntza orduen barruan zenbatu daiteke. Hala ere, ikastaro hauetan parte hartzeagatik ez da prestakuntza orduen ziurtapenik jasoko.
2. Matrikulazioa.
Hizkuntza eskola ofizialek ikaspostuak eta epeak gordeko dituzte ikasle ofizialak izan diren eta ofizialak izaten segitu nahi duten ikasleentzat, hau da, mailaz igo edo kurtsoa errepikatzen dutenentzat.
Halaber, epe bat ezarriko dute ikasle berrien matrikularako, eta epe berezi bat Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko ikasketak bukatu dituzten ikasleentzat eta irakasleentzat, zeinak eranskin honen 1.1 eta 1.2 puntuetan aipatzen baitira, hurrenez hurren.
Matrikula prozesu horiek bukatuta, gelditzen diren ikaspostuak jende guztiari eskainiko zaizkio martxoaren 31ra arte.
Ikasle bat beste hizkuntza eskola ofizial batean matrikulaturik badago edo egon bada, espedientea lekualdatzea eskatu beharko du jatorrizko eskolan, destinokoan matrikula egin ahal izateko, behin tokia baieztatuta.
Hizkuntza berean ezin dira aldi berean eduki irakaskuntza arautuko bi matrikula.
Ziurtapen ikastaroetako ikasleak, ziurtagiririk gabe igotzen badira mailaz, era librean matrikulatzen ahal dira aurreko kurtsoko ziurtapen proba egiteko, ikasle ofizialaren izaera galdu gabe.
3. Matrikulari uko egitea.
Edozein ikaslek eska diezaioke, martxoaren 31ra arte, bere espediente akademikoan agertzen den hizkuntza eskola ofizialeko zuzendaritzari kasuan kasuko matrikulari uko egitea.
Ukoa tramitatu ondoren, matrikulari egindako ukoa ikaslearen espediente akademikoan jasota geratuko da eginbide baten bidez, eta ulertuko da ikasturte hori ez dela zenbatuko maila errepikatzearen ondorioetarako.
Irakaskuntza hauek dituzten ikasmailetako bakoitzean behin baizik ez zaio uko egiten ahalko matrikulari.
Orobat, dokumentu bidez justifikatzen ahal bada, hutsegite justifikatuei dagokienez asistentziari buruzko araudiak ezartzen dituen irizpideak betez, ukoak bide ematen du ikaspostu bat erreserbatzeko hurrengo ikasturtean; hala, zer matrikulari egin zaion uko, horren mailan eta hizkuntzan matrikulatzen ahalko da ikaslea, ekainean gainditu duten ikasleentzat irekitzen den epe berean.
Edozein kasutan, matrikula deuseztatzeak ez du berekin ekarriko ordaindutako tasak itzultzea baldin eta eskaera egiten bada eskolak hasita daudela.
4. Matrikularen lekualdaketa.
Ikasturtea bukatu gabe beste eskola batera aldatzen den ikasleak jatorrizko eskolak emandako egiaztagiri akademiko bat aurkeztu beharko du, eta jatorrizko eskolak ikaslearen espediente akademikoa bidaliko dio destinoko eskolari, azken honek eskatuta. Matrikula behin betikotzat joko da destinoko eskolak espediente akademikoa eta lekualdatzearen komunikazioa jasotzen dituen unetik aurrera.
5. Ikasle ofizialen bertaratzea.
Ikasle ofizialen eskubide eta betebeharra da eskoletara joatea, eta ezin da inola ere ezarri borondatezko bertaratzea duen sistemarik.
Ikasleei gutxienez %70eko bertaratzea eskatuko zaie hizkuntza horretan ikaspostua erreserbaturik edukitzeko eskubidea izateko. Bestela, eskubide hori galduko da.
Horretarako, irakasle guztiek egunero kontrolatuko dute ikasleak eskoletara joaten diren ala ez, hizkuntza eskola ofizialeko zuzendaritzak ezarritako protokoloei jarraituz. Hezkuntza Departamentuak protokolo horren berri izanen du, kontrolaren emaitza zein den jakiteko.
Ikasleek beren hutsegiteak kontsultatzen ahalko dituzte hilero Erabiltzaileen gunean. Ikastetxeko zuzendaritzak, azaroan eta ikasturtearen bukaeran, argitara emanen du onartutako hutsegiteen kopurua gainditu duten ikasleen zerrenda bat.
Zerrenda argitaratu eta bost egun balioduneko epean, ikasleek osasun edo lan arrazoiak alegatzen ahalko dituzte, behar bezala justifikatuak, Eskola Kontseiluak balora ditzan. Horretaz gain, behar bezala egiaztatutako kasuetan, honako hauek ere onartuko dira: graduondoko espezializazio praktikaldiak (enpresetan edo erakundeetan aritzeko bekak edo kontratuak eta unibertsitateko eta Lanbide Heziketako heziketa zikloetako lan praktikaldiak), laneko oporrak, ezkontzagatiko lan baimena, amatasun baja, Erasmus programak eta ikasketetako prestakuntza bekak.
Eskolak hasten direnetik azaroaren 15era bitarteko epean justifikatu gabeko absentziak 14 ordu edo gehiago badira ikastaro arruntetan (eta kopuru proportzionala beste ordutegietarako), ikasle ofizialaren izaera galduko da, baina ez azterketa egiteko eskubidea. Zuzendaritza taldeak ikasturte hasierako absentziak kudeatuko ditu, eta kasuan kasuko ziurtagiriak eskatuko ditu, hala badagokio ikaspostu hutsak matrikula berriei esleitzeko.
6. Ikasle libreen inskripzioa.
Maila bakoitzaren ziurtagiriak lortzeko, ikasle libreek inskripzioa egin beharko dute, Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituen modu, baldintza eta egunetan.
7. Ebaluazioa.
Ebaluazioari esker ikasleek zenbat aurreratzen duten neur daiteke, eta, orobat, proposaturiko helburuak lortzeko eta zuzentzeko neurriak hartu. Hori horrela, eta horren garrantzia kontuan hartuta, departamentu didaktikoetako irakasleek hasierako ebaluazio bat eginen dute ikasturtea hastean, beharrezkoa den informazioa jasotzeko, irakaskuntza eta ikaskuntza prozesua ikasleen ezaugarri eta ezagutzetara egokitzeko. Gainera, ebaluazio etengabea eta diagnostikoa eginen da ikasleen ikaskuntzari buruzko informazioa biltzeko behaketa sistematikoaren bidez, lanak baloratuz eta proba espezifikoen bidez.
Irakasleek proposatzen ahalko diete ezagutza eta gaitasun desberdinak dituzten ikasleei, hasierako ebaluazioaren bidez, beste maila batera pasatzeko, ikaspostu hutsik baldin badago. Hasierako ebaluazio horrek ez du eraginik izanen espediente akademikoan.
Horretarako, kontuan hartuko da programazio didaktikoek hizkuntza jarduera bakoitzaren edukiak, helburuak eta ebaluazio irizpideak biltzen dituztela abuztuaren 29ko 68/2018 Foru Dekretuak ezartzen duen curriculumeko ikasmaila bakoitzerako.
Ebaluazio agiri ofizialak espediente akademikoa eta kalifikazio aktak dira, abenduaren 22ko 1041/2017 Errege Dekretuaren 8. artikuluan ezarri bezala.
8. Kalifikazioa.
Goragoko ikasmaila batera igotzeko edozein ikasmailatatik, ebazpen honen 10. artikuluan zehazten diren agiri ofizialetan jaso beharko da hizkuntza jardueren kalifikazio osoa, "Ikasmailaz igotzen da" eta zenbakizko nota edo "Ez-gai" adieraziz.
Horretaz gain, A1 oinarrizko mailaren, A2 oinarrizko mailaren, B1 tarteko mailaren, B2 tarteko mailaren, C1 maila aurreratuaren eta C2 maila aurreratuaren ziurtagiriak lortzeko, kasuan kasuko proba egitean indarra duten zehaztapenak betez, foru agindu honen 7.3 artikuluan zehazten diren agiri ofizialetan jaso beharko da hizkuntza jardueren kalifikazio osoa, "Ikasmailaz igotzen da" eta zenbakizko nota, "Ez-gai" eta "Aurkeztu gabea" adieraziz.
9. Mailaz igotzea eta mailan gelditzea.
Deialdien muga: Oinarrizko maila, B1 tarteko maila, B2 tarteko maila, C1 maila aurreratua eta C2 maila aurreratua gainditzeko, ikasleek deialdi kopuru jakin bat izanen dute, alegia, maila bakoitzerako dauden ikasmailen bikoitza.
MAILA | IKASMAILA | DEIALDIEN MUGA |
Oinarrizkoa | A1 | |
A2 | 4 | |
B1 tarteko maila | B1 | 2 |
B2 tarteko maila | B2.1 | |
B2.2 | 4 | |
C1 maila aurreratua | C1 | 2 |
C2 maila aurreratua | C2.1 | |
C2.2 | 4 |
Ikasle bat zuzenean maila bateko bigarren ikasmailan sartzen bada, eskubidea izanen du lehendabiziko ikasmaila urte batean gainditu dutenek bezainbeste aldiz egiteko ikasketa horiek.
Maila epe horietan gainditu ezean, hizkuntza horretako ikasle ofizialaren izaera galduko da, eta ikasle berri gisa inskribatzeko prozesuari ekin beharko zaio.
10. Ziurtapen probei buruzko zehaztapen orokorrak.
Araubide bereziko hizkuntza irakaskuntzen maila bakoitzaren ziurtapen proba bateratuetako azterketen zehaztapenak Hezkuntza Departamentuak helburu horrekin argitaratzen dituenak izanen dira.
Hezkuntza Departamentuak argitara emanen ditu maila bakoitzaren azterketen izangaientzako zehaztapenak, baita proben ereduak ere, Hezkuntzaren Atariaren bidez:
https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/idiomas-plurilinguismo/escuelas-oficiales
Izangaientzako zehaztapenez gain, Hezkuntza Departamentuak beste batzuk ere ezarriko ditu proben prestaketa eta aplikazioa zehazteko xedearekin.
11. Araubide bereziko hizkuntza irakaskuntzen mailen ziurtapena.
Mailen ziurtapena egiteko, berariazko proba bat gainditu beharko da, haren bidez bermatuko baita lortu direla maila horretarako ezarrita dauden helburuak, hots, abuztuaren 29ko 68/2018 Foru Dekretuak ezarritako curriculumean eta indarreko zehaztapenetan finkatutakoak.
Modalitate ofizialean, A1 oinarrizko mailaren eta A2 oinarrizko mailaren ziurtagiriak etengabeko ebaluazioaren bidez ere lortzen ahalko dira. Aintzat hartu behar dira: abenduaren 22ko 1041/2017 Errege Dekretuaren 4. artikulua; 88/2007 Foru Agindua, uztailaren 4koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, martxoaren 19ko 22/2007 Foru Dekretuaren bidez araututako araubide bereziko hizkuntza irakaskuntzen oinarrizko eta erdiko mailak antolatzen dituena; eta 68/2018 Foru Dekretua, abuztuaren 29koa, Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoan (Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoaren bidez aldatu zena) jaso ziren araubide bereziko hizkuntza irakaskuntzen oinarrizko mailaren, tarteko mailaren eta maila aurreratuaren curriculumak ezartzen dituena.
Gainera, maila horretako ikasle ofizial batek etengabeko ebaluazioaren bidez gainditzen ez badu ikasturtean berariazko azken probako hizkuntza jardueraren bat, deialdi berezian aurkezten ahalko da horretara.
B1 tarteko mailaren, B2 tarteko mailaren, C1 maila aurreratuaren eta C2 maila aurreratuaren kasuan, proba bakarra izanen da maila ziurtatzeko, eta gutxienez urteko deialdi batean aplikatuko da hizkuntza eskola ofizialetan. Horretarako, hizkuntza bakoitzeko proba aldi berean aplikatuko da deialdi bakarrean, salbu ahozko adierazpenaren proba, horretarako egutegi bat prestatuko baita.
Antolaketa dela eta, behin Hezkuntza Departamentuak kalkulatuta zer behar dauden, egun desberdinak zehazten ahalko dira testu idatzien produkzioko eta koprodukzioko hizkuntza jarduerak eta idatzizko bitartekaritzakoak egiteko, zeinak ebazpen bidez urtero ezartzen den ziurtapen proben egutegian sartuko baitira.
Hizkuntzaren jarduera guztietan kalifikazio orokor positiboa izateak eskubidea emanen du dagokion ziurtagiria eskuratzeko. B1 tarteko mailaren, B2 tarteko mailaren, C1 maila aurreratuaren eta C2 maila aurreratuaren kasuan, ikasle batek lortzen ez badu gaitasun orokorreko ziurtagiria, gainditutako jardueren ziurtagiria eska dezake, probak egin eta 30 eguneko epean.
Hezkuntza Departamentuak eratu eta koordinatuko ditu prestaketa, balorazio eta pilotaje batzordeak, ziurtapen probak prestatzen dituztenak indarrean dauden zehaztapenekin bat.
Hezkuntza Departamentuak behar diren prozedurak zehaztuko ditu probak aplikatu eta kalifikatu eta gero emaitzen ebaluazio bat egin ahal izateko, eta, horrela, ondorengo proben antolamenduan eta prestakuntzan behar diren hobekuntzak eta zuzenketak egin ahal izateko.
12. Informazioa jasotzeko bidea eta erreklamazioak.
Ebaluazio prozesua ahalik eta gardenena izan dadin, ikasleek eskubidea izanen dute helburuak, edukiak, ebaluatu eta kalifikatzeko irizpideak, ebaluazio prozedurak, eskatzen diren gutxienekoak eta abar ezagutzeko.
Argibideak eskatzeko edo bidezko erreklamazioak egiteko, 49/2013 Foru Aginduaren VI. kapituluak araututako prozesuari jarraituko zaio.
Bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearekin, ikasleek edo, adingabeak izanez gero, gurasoek edo legezko tutoreek eskubidea izanen dute ebaluazio prozeduretako agiriak ikusteko eta horien kopia eskuratzeko. Ikastetxeek zerbitzu hori emateko behar den berariazko prozedura (komunikazio bideak, eskaera epeak, entrega epeak, tasak...) arautu beharko dute beren plangintza instituzionaleko agirietan.
V.–ANTOLAKETAKO ZENBAIT ALDERDI
1. Eskola informazioaren kudeaketa: EDUCA.
Ikastetxeetan, eskola informazioa EDUCA aplikazioaren bidez kudeatuko da.
Hezkuntza Departamentuaren webgunean, EDUCAri eta posta elektronikoari buruzko atalaren barnean, bai eta IKT zerbitzuen katalogoan ere, zenbait jarraibide eta bideotutorial argitaratzen dira, aplikazioaren moduluetara ohitzen laguntzen dutenak. Halaber, EDUCA taldearekin harremanetan jartzeko prozedura azaltzen da, funtzionalitate berriak eskatu, gorabeherak jakinarazi edo laguntza eskatzeari begira. EDUCA aplikaziotik bertatik egin daitezke eskaerak, goiburuko gorabeheren (@) ikonoan klik eginez. Atari horretatik bilaketak egiten ahalko dira ohiko prozedurei, zalantzei eta tutorialei dagokienez.
Hezkuntza Departamentuak prestakuntza eta informazio saioak antolatuko ditu ikasturtearen hasieran, koordinatzaileei, zuzendaritza taldeei eta administrazio arloko langileei EDUCA plataformaren berri emateko.
Zuzendaritza taldeak edo hark eskuordetutako pertsonak aholkuak emanen dizkie ikastetxeko erabiltzaileei EDUCA kudeaketa sistemari buruz. Horrez gain, sistema horren aldaketen eta funtzionalitate berrien informazioa jasoko du, eta haiek ikastetxean erabil daitezen sustatu eta koordinatuko du.
EDUCA arloan ikastetxeetan koordinazio lana eginen duten pertsonen erregistroa izateko asmoz, zuzendariak "Educa koordinatzailea" lanpostu osagarria esleitu beharko du aplikazioan.
Zuzendariak berrikusiko ditu EDUCAtik ikastetxeen direktorioan (Ikastetxearen menua > Ikastetxearen datuak > Ikastetxearen informazioa) argitaratzen diren datuak (hala nola posta helbidea, telefono zenbakia, helbide elektronikoa eta webgunea), eta aurkitzen dituen akatsen berri emanen dio EDUCAren laguntza zerbitzuari. Gogorarazi nahi da beste datu interesgarri batzuk gehi ditzakeela, adibidez, ikastetxearen helburuak, balioak, sariak eta abar.
Ikastetxeen ardura da eguneratuta edukitzea ikastetxeko langileen –irakaskuntza nahiz kudeaketa lanetan aritzen direnen–, ikasleen eta familien datu pertsonalak. Aplikazioak Cl@ve sistemaren bidez sartzeko aukera ematen badu ere (ziurtagiri elektronikoa, NAN elektronikoa, Cl@ve Iraunkorra), gogoan izan oso garrantzitsua dela, EDUCA egiaztagiria lortzeko, helbide elektroniko pertsonal bat erregistratzea fitxan.
Era berean, ikastetxe bakoitzaren ardura izanen da bere informazio akademikoa eskuratzeko asmoz programara jotzen dutenen sarbidea kudeatzea. Horrela, bada, ikasleek eta haien familiakoek informazio hori eskuratzeko dituzten arazoei ikastetxeak erantzunen die lehenbizi; eta arazo horiek ezin baditu modu autonomoan konpondu, EDUCA euskarriarekin harremanetan jarriko da.
Oso komenigarria da ikastetxeetako langileak EDUCAk gaituta dituen funtzionalitate guztien erabilerarekin ohitzea, besteak beste: ikasleen jarraipena, ebaluazio-saioaren kudeaketa (informazio-fluxua) eta informazio esanguratsua.
EDUCA aplikazioaren barruan, mezularitza sistema bat dago hezkuntza komunitateko kideen artean informazioa trukatzeko. Dena dela, helbide elektronikoko kontuak erabili beharra dagoenean, oroitarazten da sare publikoko irakasleek eta ikasleek @educacion.navarra.es helbide elektronikoak erabili behar dituztela jarduera akademikoan, tutoretza lanetan eta harreman profesionaletan.
Ikastetxe publikoek funtzio espezifikoetarako dituzten helbide elektronikoak EDUCAren bitartez kudeatzen dira (Ikastetxea > ikasNOVA posta eta zerbitzuak > Kontuen kudeaketa). Kontu berriak ireki beharra dagoenean, zuzendariak eskatu beharko du Erabiltzaileen Laguntza Zentroaren bidez. Kontu korporatibo horiek karguei lotutako zereginetarako dira, eta ez dira eskoletan baliatuko ikasleekin. Posta kontuen alternatiba gisa, gomendatzen da Googleko taldeak eta unitate partekatuak erabiltzea.
2. Kontabilitate sistema: ECOEDUCA.
Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko guztiek ECOEDUCA kontabilitate aplikazioa erabiliko dute kudeaketako kontu korrontearen diru-sarrerei eta gastuei lotutako eragiketak kontabilizatzeko. Eragiketa horiek aurrekontua betearazteari lotuta daude, eta beharrezkoak dira ikastetxearen ohiko funtzionamendua, mantentze-lanak eta kontserbazioa bermatzeko.
Diru-sarrerak banku-kontuan agertzen diren unean edo agiri bidez diru-sarreraren berri izaten den unean kontabilizatu behar dira. Erabili beharreko euskarria diru-sarreraren jakinarazpena edo bankuko kontu-laburpena da.
Gastuei lotutako eragiketek gastua justifikatzeko dokumentu-euskarria izanen dute beti; batez ere, ikastetxearen izenean egin behar diren fakturak.
3. Unibertsitateko ikasleen praktikak ikastetxeetan.
Praktiketako jarduera hori dagokion hezkuntza mailako ikastetxeetan egin behar da, eta hura antolatzeko eta gauzatzeko orduan beharrezkoa da irakasleen parte-hartzea. Ikasturte bakoitzean ikasle horien tutoretza lana egiten duten irakasleek aitortza bikoitza jasoko dute Hezkuntza Departamentuaren aldetik:
1.–Tutoretza: ikasturteko tutoretza lanaren ziurtagiria jasoko da. Lekualdatze-lehiaketetan merezimendutzat jotzen da.
2.–Prestakuntza: praktiken tutoretza lana prestakuntza indibidualeko ordu gisa kontabilizatuko da. Orduak kalkulatzeko, tutoretzapeko praktiken ikasketa-planean aipatzen diren ECTS kredituen kopurua hartuko da aintzat. Ikasle baten tutore lanetan irakasle batek baino gehiagok parte hartzen badu, berdin banatuko dira dagozkien prestakuntza orduak.
Hezkuntza Departamentuak tutoretza lan hori aitortuko die titulartasun publikoko ikastetxeetako irakasle funtzionarioei eta ikastetxe pribatu itunduetan lan-kontratu mugagabea duten irakasleei, gutxienez bi urteko antzinatasuna badute.
Praktikak egiteko ikasleak hartzen dituen ikastetxeari "prestakuntza ikastetxe" izaera aitortuko zaio, eta Hezkuntza Departamentuak ikastetxeentzat ezartzen dituen deialdietan baloratuko da inguruabar hori, kasuan kasuko deialdian ezartzen den moduan, halakorik jasotzen bada.
Ziurtagiria: praktiketako tutoretzaren eta prestakuntzaren ziurtagiriak lortzeko, beharrezkoa da prestakuntza-ikastetxe gisa aitortuta dagoen ikastetxeko zuzendariak Hezkuntza Departamentuari jakinaraztea, ekainaren 1a baino lehen, tutoretza-lana egin duten irakasleen datuak, Hezkuntzako atarian dagoen inprimaki honen bidez:
https://www.educacion.navarra.es/web/dpto/practicas-centros-docentes-formulario-final
Nafarroako Unibertsitate Publikoko gradu bukaerako lanak / master bukaerako lanak: praktiketan parte hartzen duten ikastetxeetako irakasle tutoreek eta zuzendaritza taldeak aukera izanen dute Giza eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak gradu bukaerako lanak / master bukaerako lanak defendatzeko antolatzen dituen aurrez aurreko saio batzuetara joateko.
Adingabea Babesteko Legearen arabera, curriculumeko praktikak egiten dituzten ikasleek sexu-izaerako delituen ziurtagiri negatiboa izan beharko dute. Baldintza hori betetzea Hezkuntza Departamentuak unibertsitate bakoitzarekin sinatzen duen hitzarmenean jasota dago, eta ikastetxeak agiri hori eskatzen ahalko dio ikasleari praktikak hasi baino lehen.
4. Laneko arriskuen prebentzioa.
Arriskuen ebaluazioren bat egin bada, ikasturte bukaerako memorian azaldu beharko dira Laneko Arriskuen Prebentziorako Atalak proposaturik hartu diren prebentzio neurriak, eta, horrekin batera, bete ez diren eta ezarritako gauzatze-epea iraungita duten neurriak arrazoituko dira.
Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetako irakaskuntzako eta irakaskuntzaz kanpoko langileren bati eraso egiten diotenean, ikastetxeetako zuzendaritzek kanpoko erasoen aurkako protokoloa jakinarazi eta ofizioz aktibatuko dute.
https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/riesgos-laborales/protocolos-de-actuacion
Ikastetxeetako zuzendaritzek kanpoko erasoen aurkako jarduketa protokolo bat dagoela jakinarazi beharko dute klaustroetan. Halaber, horren berri emanen zaie irakaskuntzaz kanpoko langileei ikasturtean hasierako berariazko bilera batean.
Kanpoko erasoen aurkako jarduketa protokolo hori Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe guztien webguneetan argitaratuko da, erraz ikusteko modukoa den lehentasunezko toki batean. Era berean, ikastetxeen barne-agirietan agertuko da: Internet, Drive eta abar.
Hezkuntza Departamentuko prebentzioko ordezkarien eginkizunei eta harremanetarako datuei buruzko informazioa Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe guztien webguneetan argitaratuko da, erraz ikusteko modukoa den lehentasunezko toki batean.
5. Kalitatea kudeatzeko sistema.
Kalitatea kudeatzeko sistemak (KKS) ezarri eta mantentzeko programa, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuak gidatzen duena, Nafarroako unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoei dago zuzendua.
Programan parte hartzen duten ikastetxeek ikastetxearen egoerari buruzko txosten bat jasoko dute irailean programari dagokionez.
5.1. Ikastetxeen konpromisoak eta erantzukizunak.
Programan parte hartzen duten ikastetxeek klaustroko kide bat izendatuko dute kalitate arduradun. Kalitate arduraduna EDUCAn erregistratuko da.
Programan kalitate sareko mintegiaren bidez parte hartzen duten ikastetxeen kasuan, zuzendariak eta kalitate arduradunak gutxienez 6 prestakuntza-saio laburretara eta koordinazio presentzialerako 2 bileratara joan beharko dute.
Programan modu autonomoan parte hartzen duten ikastetxeen kasuan, zuzendariak eta kalitatearen arduradunak gutxienez 5 prestakuntza-saio laburretara joan beharko dute.
Zuzendaritza taldean kide berriak badaude edo kalitate arduradun berri bat badago, pertsona horiek prestakuntza egin beharko dute ikastetxeko autodiagnostikoari, prozesuei / sistemei eta dokumentuen kudeaketari buruz, ikasturteko lehen hiruhilekoan.
5.2. Aholkularitza eta baliabideak.
Programaren informazio eta baliabide eguneratuak Kadineten web-orri berrian argitaratuko dira (https://kadinet.educacion.navarra.es/eu/).
IKKS-2020 Arauaren atal bakoitzari lotutako dokumentuak, tresnak eta bideotutorialak "Baliabideak" site-an argitaratuko dira.
Baliabide horiek eskura izanen dituzte ikastetxeko Autodiagnostikoan irailaren 15a baino lehen erregistratzen diren pertsona guztiek.
5.3. Eskaerak.
Ikastetxeek, Programan sartu, geratu edo hori utzi nahi badute, eta, hala badagokio, KKSaren kanpo ebaluazioa jaso nahi badute, 71/2020 Foru Aginduan onetsitako kasuan kasuko eranskinak erabili beharko dituzte.
Eskaerak Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuari bidaliko zaizkio, soieduca@navarra.es helbide elektronikora, 2025eko martxoaren 31 baino lehen.
Martxoan Programari buruzko zabalkunderako informazio saio bat eginen da, kalitate sareetan parte hartzen ez duten ikastetxeei zuzenduta egonen dena.
Iragarkiaren kodea: F2410716
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
