162. ALDIZKARIA - 2024ko abuztuaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

646E/2024 EBAZPENA, uztailaren 24koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpena formulatzen baita Uhalrod SLk sustatutako aluminiozko alanbre-burdina fabrikatzeko eta altzairuzko eta aluminiozko elementuak trefilatzeko eta kableak egiteko instalazioaren proiektuarentzat.

Eskaeraren xedea da aluminioa galdatzeko eta ijezteko prozesua martxan jartzea sustatzaileak Uharte Arakilgo Sargaitz poligonoan duen fabrikan. Horretarako, 2014an xede horretarako egikaritu ziren elementuak eta instalazioak erabiliko dira, eta dagoeneko egiten diren prozesuak mantenduko dira; hots, altzairuzko eta aluminiozko elementuak trefilatzea eta kableak egitea. Proposamenaren laburpena txosten honen II. eranskinean ageri da.

Azaldutako proiektuaren ezaugarriak direla eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 11ko 21/2013 Legearen I. eranskinaren e) epigrafeko 4. taldean sartzen da proiektua; horregatik, bertan ezarritakoarekin bat, ingurumen-inpaktuaren ohiko ebaluazioaren prozedura bete behar du.

–Aurrekariak.

2012an, Uhalrod SLk aluminioa galdatzeko eta ijezteko jarduera bat sustatu zuen Uharte Arakilgo Sargaitz poligonoan. Proposamena Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina onesten duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren I. eranskinean jaso zen, 2.5 apartatuaren b) letran. Modu horretan, dagokion ingurumen-baimen integratua izapidetu zen, zeina 166E/2013 Ebazpenaren bidez (maiatzaren 2koa, Ingurumeneko eta Uraren zuzendari nagusiarena) eman baitzen. Ebazpen horretan, aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpena ere formulatu zen jarduerarentzat.

Zenbait arrazoi direla eta, fabrika egin ondotik, galdatzeko eta ijezteko lerroa ez zen martxan jarri; hala ere, altzairua eta aluminioa trefilatzeko eta kableak egiteko prozesuak egin ziren.

Berandutze horren ondorioz, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren maiatzaren 17ko 320E/2018 Ebazpenaren bidez, ingurumen-baimen integratua iraungitzat jo zen.

Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea indarrean sartu ondotik, jarduera, altzairuzko eta aluminiozko elementuak trefilatzeko eta kableak egiteko prozesuei dagokienez, ingurumen-baimen bateratuari lotzen zaio, xedapen horren 1. eranskinaren 2.9 taldean sartzen baita.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren ekainaren 12ko 205E/2023 Ebazpenaren bidez, lantegi horren ingurumen-baimen bateratuaren aldaketa ez-funtsezkoari buruzko irizpena eman zen, 1.000 m²-ko biltegi berri bat jartzeari dagokiona.

Azkenik, gaur egun, sustatzaileak ingurumen-baimen integratua eskatu du aluminiozko alanbre-burdina galdatzeko eta ijezteko eta altzairuzko elementuak trefilatzeko eta kableak egiteko jarduerarako.

–Ingurumen-inpaktua ebaluatzeko izapidea.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluari jarraikiz, 2024ko urtarrilaren 25ean, sustatzaileak proiektua aurkeztu zion, ingurumen-inpaktuaren azterketarekin batera, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari, organo substantibo gisa; hark jendaurrean jarri zuen 2024ko martxoaren 4ko 46 zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutako iragarkiaren bidez, 30 egun baliodunez, adierazitako abenduaren 9ko 21/2013 Legean zehaztutako ondorioetarako.

Horrekin batera, 2024ko otsailaren 7an, zerbitzu horrek interesdunei kontsultatzeko izapideak hasi zituen, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikulua betez.

Izapide horietarako epea igaro ondotik, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak ingurumen-organoari jakinarazi dio ez dela alegaziorik jaso, eta eskura jarri dira kontsulta-izapideetan jasotako erantzunak. Kontsulta-izapideen laburpena txosten honen I. eranskinean jasotzen da.

2024ko maiatzaren 2an, sustatzaileak, 21/2013 Legearen 39. artikuluari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera aurkeztu zion Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, organo substantibo gisa. Eskaera hori Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari igorri zitzaion espedienteko dokumentazio osoarekin batera, 39.3 artikuluari jarraikiz.

–Espedientearen azterketa teknikoa.

Aurkeztutako ingurumen-inpaktuaren azterketak barne hartzen du abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluan adierazitako edukia, behar bezala aztertzen ditu proiektutik eratorritako ingurumen-ukipen nagusiak, eta ingurumen-inpaktu esanguratsurik ez eragitea bermatzeko neurriak ezartzen ditu, bereziki, ingurumen-kalitateari eta baliabide naturalen, energiaren eta uraren kontsumoari dagokienez.

Airea kutsatzeari, isuriei eta hondakinei dagokienez, lantegiko elementuen eta prozesuen ezaugarri teknikoei buruzko ingurumen-baimen integratu berrian jasotzen diren neurriek eta zaintza- eta kontrol-planek aukera emanen dute jarduera egiten den ingurunearen ingurumen-kalitatea zaintzeko moduan garatzeko jarduera.

Sargaitz poligonoa eta, bereziki, jarduera egiten den lurzatiak eta instalazioak, Sargaizko errekatik 60 m-ra (ekialdetik) daude, gutxi gorabehera; larizio pinuz eta haritzez (ilaundunak eta erkametzak) osatutako basoa, Basanoa gainean, 200-300 m-ra; eta Urbasa eta Andia kontserbazio bereziko eremuaren (KBE) iparraldeko muga du 500 m ingurura, baso-eremu horri dagokiola puntu horretan.

Proposamenak ez dio zuzenean eragiten ingurune naturalari, ez duelako zuzkidura berririk behar eta lurzoru industrialean lehendik dauden instalazioetan kokatuko delako. Hala ere, aurkeztutako dokumentazioan ez da ezartzen industria-eremuaren hegoaldearen ingurumen-integrazioari buruzko neurririk, argiteriak Urbasa eta Andia KBEko lurretan izanen duen eragina minimizatzeko. Horrenbestez, lantegiaren argiteriak industrialdearen hegoaldeko baso-masetan, bai KBEarekiko mugan, bai haren barnean, duen eragina arintzeko neurriren bat ezarri beharko da.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa teknikoa egin ondotik, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuko Ingurumen Ebaluazio Atalak ondorioztatzen du behar bezala egin dela ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozedura, eta bat dator proposamenarekin. Hala, proiektua ingurumenaren aldetik bideragarritzat jotzen da. Hortaz, ingurumen-inpaktuaren adierazpena egitea proposatzen da, zehaztuta ezen, ingurumen ondorioetarako soilik, proiektua gauzatzeko aukera dagoela. Betiere, bete beharko dira dokumentazio teknikoan aurreikusitako baldintzak, jardueraren ingurumen-baimen integratu berrian zehazten diren neurriak eta ebazpen honetatik eratortzen direnak.

Adierazitakoarekin bat, eta dagozkidan eskumenak erabiliz —zehazki, honako hauek ematen dizkidatenak: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak—, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpena formulatzea Uhalrod SLk sustatutako aluminiozko alanbre-burdina fabrikatzeko eta altzairuzko eta aluminiozko elementuak trefilatzeko eta kableak egiteko instalazioaren proiektuarentzat.

2. Aurkeztutako dokumentazio teknikoko baldintzei jarraikiz eginen da jarduera, eta gainera, baldintza hauek bete beharko dira:

–Instalazioetako kanpoko argiztapenak bete beharko du kanpoko argiztapen-instalazioetako eraginkortasun energiari buruzko erregelamendua onesten duen azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretua, argi arrotza eta faunaren gaineko eragina saihestearren.

–Adierazitako azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuaren arabera, Urbasa eta Andia KBEko lurrak, lantegiaren hegoaldetik gertu daudenak, E1 motako babes-eremutzat sailkatu behar dira. Beraz, lantegiaren hegoaldea eta, bereziki, "1. eraikineko" kanpoaldeko luminariak definitzeko, egokitzeko edo aldatzeko lanetan, adierazitako errege-dekretuko EA-01 eta EA-07 bitarteko jarraibide teknikoak bete beharko dira:

  • Argi-puntuen goi-hemisferioaren gehieneko fluxua (GHF) % 1 baino gutxiago izanen da argi-puntu guztietan eta kanpoaldeko argiteriaren edozein erabileratarako.
  • Argi zuri-urdinxka duten lanparak saihestu behar dira (LED argiak, esate baterako, LED-anbar argiak izan ezik). Beraz, sodio-lurrunezko lanparak edo LED-anbara (argi zuri-horia) erabiliko dira. Lanpara horiek erabiltzea ezinezkoa denean, 440 nm-tik beherako uhin-luzerako erradiazioa iragazi eginen da.

–Arrazoi beragatik, gomendatzen da kanpoko argiztapena behar diren lanorduetan edo lanetan bakarrik erabiltzea, eta gainerako denboran itzalita edukitzea.

–Azkenik, instalazioak balio naturaleko eremu horietatik ezkutatzeko helburu berarekin, lantegiaren hegoaldeko eta hego-mendebaldeko lorategiak hobetuko dira; lorategia Iruburko bidearen ondo-ondoan dago, eta lantegiko nabeak eta luminariak ezkutatuko dituzten zuhaixkak eta zuhaitzak landatuko dira. Tantakako ureztapen-sistema jarriko zaie landare horiei.

–Gomendatzen da espezie autoktonoak landatzea, hala nola ametza (Quercus pubescens), erkametza (Quercus faginea), haritz kanduduna (Quercus robur), lizar arrunta (Fraxinus excelsior), astigar arrunta (Acer campestre), zuhandorra (Cornus sanguinea) eta hurritza (Coryllus avellana).

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.4. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe administrazio-bidean eta proiektua baimentzen duen egintzaren aurka bidezkoak direnak.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 11ko 21/2013 Legearen 42 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

5. Ebazpen hau jakinaraztea Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari, Uharte Arakilgo Udalari, Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Atalari (4. demarkazioa, "Sakana-Mendialdea") eta sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko uztailaren 24an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

I. ERANSKINA.–PROIEKTUAK UKITZEN DITUEN ADMINISTRAZIOEI ETA INTERESDUNEI EGINDAKO KONTSULTA-IZAPIDEAREN LABURPENA

Ukitutako administrazio publiko gisa, kontsulta egin zaie Uharte Arakilgo Udalari, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari eta ingurumen-organoari (Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzua).

Ingurumenaren babesaren alorreko elkarte hauei ere egin zaie kontsulta: Espainiako Ornitologia Elkartea, Asociación en Defensa de la Tierra-Lurra, Greenpeace Espainia, Sustrai Erakuntza Fundazioa, Ekologistak Martxan-Landazuria, GURELUR-Fondo Navarro para la protección del medio natural eta Ekologistak Martxan.

Uharte Arakilgo Udalak azaroaren 8ko 234/2023 Ebazpenaren berri (Uharte Arakilgo alkate-presidentearena) eman du. Ebazpen horretan, adierazten da proposatzen den ingurumen-baimen integratuaren aldaketa, hirigintzari dagokionez, bateragarria dela Uharte Arakilgo arau subsidiarioekin.

Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak adierazi du ez dela beharrezkoa txostena egitea, ez delako kutsatzaile bereziki esanguratsurik isurtzen, aluminio purua lingotetan edo txatar garbia urtzen baita.

Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak, ingurumen-organo gisa, adierazi du, aintzat hartuta proposamena lurzoru industrial hiritartuan kokatzen dela, lehendik dauden nabeetan, eta ez denez instalazio berririk egin behar, ingurune naturalarekiko zuzeneko inpaktuak ez direla adierazgarriak.

Adierazi du, halaber, informazio publikoaren tramitearen eta kontsulten ondotik aurkeztuko dokumentu teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterketa prestatzen direnean, ohiko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eskaerarekin batera, ahalegina egin beharko dela baloratzeko industriaren hegoaldea, bide perimetralaren alboan dagoena, zuhaitz altuak landatuta integratzea ingurumenean, argiteriak Urbasa eta Andia KBEan izanen duen efektua (industriatik hurbil baitago) minimizatzeko.

Azkenik, jakinarazi du espedientearen azterketa teknikoa eginen dela, 21/2013 Legearen 40. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren adierazpena formulatzeko.

II. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN DESKRIBAPENA

UHALROD SLren instalazioetan (2014tik aurrera eraikiak) martxan jarri nahi dira aluminioa galdatzeko eta ijezteko prozesuak, trefilatu eta kableak egin aurretiko tratamendu gisa. Gaur egun, lantegiak trefilatzen eta kableak egiten dihardu dagoeneko, hornitzaileengandik jasotako materialekin.

Instalazio horiek Uharte Arakilgo Sargaitz poligonoan daude (udalerri horretako katastroko 1. poligonoko 294 eta 802 lurzatiak), eta 32.420 m² inguruko industria-azalera hartzen dute. Instalazioetan, 4 eraikin daude: 1. eraikina, hegoaldean, lehengaiak eta egindako produktua gordetzeko erabilia; 2. eraikina, erdialdean, nagusiki fabrikazio-nabetarako erabilia (hiru espazio ditu: trefilatzekoa, kableak egitekoa eta galdaketakoa eta ijezketakoa); 3. eraikina, bulegoena, mendebaldean dagoena, jarduerako lurzatiaren sarreratik (gaur egun ez da erabiltzen) hurbil, eta 4. eraikina, iparraldean, hau ere lehengaiak eta produktu amaitua gordetzeko erabilia. Kanpoaldeko espazio bat ere bada, biltegitarako erabilia, eta bideak eta aparkalekuak, bai langileentzat eta bisitentzat, bai lehengaiak ekartzen dituzten eta landutako produktua jasotzen duten ibilgailuentzat.

2013an emandako lehen ingurumen-baimen integratuaren ondotik egikaritu zen 2. eraikina, galdaketa- eta ijezketa-lerroko instalazioak egiteko. Beraz, prozesu horiek egiten ahalko dira eraikin horretan, lerro horretarako instalazio egokiak baitituzte. Nolanahi ere, 2. eraikin horretako beste eremu batzuetan, gaur egun egiten diren trefilatze-lanak eta kableak egiteko prozesuak egiten jarraituko dute.

Galdategiak ekipamendu nagusi hauek izanen ditu: galdatzeko dorrea, mantentze-labeak, aleak fintzeko unitatea, gasgabetzeko instalazioa, iragazteko instalazioa, ontziz aldatzeko kanaletak eta kanaleten mailaren kontrola.

Ijezketari dagokionez, lerro bat ezarriko da, eta gerorako utziko da hura bikoizteko aukera, betiere egungo okupazioa gainditu gabe. Prozesu horretarako, Spidem 8x36 ijezketa-lerro bat instalatuko da, dagoeneko beste lantegi batzuetan erabilia; aluminio ia purutik alanbre-burdina fabrikatzeko baliatzen da.

Galdatze- eta mantentze-prozesuan labeetan sortzen diren ezpurutasunak aluminioaren gainean flotatzen gelditzen dira. Hondakin hori (zepa) zepa kentzeko prozesuaren bidez kentzen da, eta lingote-ontzietan isurtzen. Ondotik, tratatu egiten da, ahalik eta aluminio gehiena berreskuratzeko, eta gainerakoa gorde egiten da, kudeatzaile baimendu batek jaso dezan.

Hozteko dorrean sobratzen den ura eta komunetako eta aldageletako hondakin-urak industria-poligonoko ur-kolektorera isurtzen dira.

Aluminioa galdatzean sortzen diren keak 2013an instalatutako arazte-sistema baten bidez arazten dira (keak hoztea, tratatzea eta iragaztea), eta, gero, atmosferara isurtzen dira, isurtze-fokuari exijitzen zaizkion balioak betez (partikula solidoak: 5 mg/Nm³; SO: 5 mg/Nm³; CO: 100 mg/Nm³; NOx: 100 mg/Nm³). Ke-iragazkiak 17,5 m-ko altuerako tximinia izan beharko du, eta hurbilen dauden etxebizitzetatik 175 m inguru ekialdera jarri beharko da.

Iragarkiaren kodea: F2411391