Iragarkia
162. ALDIZKARIA - 2024ko abuztuaren 8a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
622E/2024 EBAZPENA, uztailaren 4koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen-inpaktuaren adierazpena ematen duena Mendigorriko El Prado alderdian dagoen 6.560 plazako zerri gizendegiaren proiekturako; Jorge Dinis Gaspar da proiektuaren sustatzailea.
Proiektuaren ezaugarrien arabera, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskinean, 1. taldeko A) 3 epigrafean, sartzen da proiektua. Beraz, xedapen horretan ezarritakoarekin bat, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura bete behar du proiektuak.
Proiektua, halaber, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onesten duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren I. eranskineko 9.3.b) kategorian sartzen direnetakoa da, eta, beraz, ingurumen baimen integratuaren araubidearen mende dago.
Ingurumen ebaluazioaren prozeduraren laburpena.
Titularrak ingurumen baimen bateratua eskatu zion Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari; eskaerarekin batera ingurumen-inpaktuaren azterketa eta eskatutako gainerako dokumentazioa aurkeztu zituen.
Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak jendaurrean jarri zuen espedientean jasotako dokumentazioa 30 egunez, eta kontsulta izapidea ireki zuen proiektuak ukitzen dituen administrazio publikoentzat eta interesdunentzat, bat etorriz Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan ezarritakoarekin (113. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen).
Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak honako hauei egin zien kontsulta, ukitutako administrazio publiko baitira: Ingurumen Eraginaren Atalari, Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Abere Ekoizpenaren Atalari (Abeltzaintza Zerbitzua), Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari (Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia) eta Mendigorriko Udalari. Honako hauen erantzunak jaso dira espedientean: Ingurumen Eraginaren Atalarena, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalarena, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalarena eta Animalien Ekoizpenaren Atalarena. Horiez gain, kontsulta egin zitzaien zazpi pertsona interesduni. Jendaurrean egon den bitartean, Sustrai Erakuntza Fundazioaren testua sinatu duten ehun eta bat alegazio jaso dira.
Txosten honen II. eranskinean jaso da ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten eta jendaurreko informazioaren tramitearen emaitzen laburpena.
2023ko maiatzaren 4an, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko eskaera aurkeztu zuen titularrak Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan. 2023ko maiatzaren 5ean, zerbitzu horrek Biodibertsitatearen Zerbitzura igorri zuen espedientea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, azterketa teknikoa egin eta ingurumen-inpaktuaren adierazpen arrunta eman zezan.
2023ko maiatzaren 26an, Biodibertsitatearen Zerbitzuak errekerimendu bat bidali zuen dokumentazioa zabaltzeko. 2024ko otsailaren 7an, errekerimenduari erantzunez, sustatzaileak dokumentazio berria aurkeztu zuen.
Analisi teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa.
Mendigorriko El Prado alderdiko 3. poligonoko 173. eta 174. lurzatietan 20 eta 110 kg arteko zerrien gizendegi intentsibo bat ezarri nahi da. Kokalekua herri horretatik 1.800 metro mendebaldera dago, iparraldean eta hegoaldean igeltsuz eta hareharriz osatutako bi mendilerro txikik mugatzen duten ibarbide baten gainean.
Lur motari dagokionez, ustiategia laborantza-lurretan dago, "Nekeas" izeneko igeltsudun erliebe eremuan. Eremu horretan zereal esparruak eta arte, abaritz eta sastraka gipsikolak tartekatzen dira irtenguneen gainean. Eremu hori, oro har, nekazaritzako eta basogintzako mosaiko bat da, ehiza produktibitate onekoa, eta habitatek kontserbazio egoera bikainak dituzte.
Konektibitateri dagokionez, azpimarratzekoak dira Milagrotik Aezkoara doan errege altxonbidea eta "El Prado" bidea, hots, Mendigorriko herritarren paseorako eta aisialdirako zabaltze eremua. Bide horrek ukitutako esparrua mugatzen du, hegoaldetik. Bide horiek elkarri lotuta daude, bai eta Arrizabalaga-Lerin NA-601 errepideari ere, Mendigorriko sarreran, eta instalaziora sartzeko balio dute. Espedientean Lurralde Kohesiorako Departamentuko Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalaren eta Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuaren aldeko txostenak sartu dira.
Okupazioak ez die eragiten natura balio handiko elementuei; baina zuhaiztiak eta sastrakak dituzten barne esparruak daude, lanen esku hartzetik kanpo uzten direnak. Instalazioa lursailaren morfologiara egokitzeko, nabeak pareka lerrokatzen dira, ibarbidearen norabideari jarraituz, lautada mailakatuen gainean, eta indusketa txiki bat egiten da haien iparraldeko hegalean. Era berean, erdihondeatutako ur putzua eta erabat hondeatutako minda putzua okupazioaren buruan eta behealdean daude, hurrenez hurren. Lurrak jarduketan bertan konpentsatuta geratzen dira.
Jarduketa osagarriei dagokienez, ur hornidura aurreikusi da, Nafarroako Ubideko II. sektoreko (Ukar) ureztapen hidrantetik nekazaritzako pista baten plataformatik trazatutako hodi baten bidez. Horretarako, titularrak baimena eskatu dio ureztatzaileen elkarteari. Hornidura elektrikoa gasolio bidez elikatutako sorgailu elektriko autonomo baten bidez lortuko da.
Proiektuak simaurra kudeatzeko plan bat aurkeztu du. Plan horren arabera, abeltzaintzako gorozkiak kudeatzeko, 188 ha produktiboko azalera batean egin behar da banaketa bidezko balorizazio materiala, nitratoek eragindako kutsadurarik egon ezin den eremu batean, eta Mendigorria, Mañeru eta Ziraukiko udal-mugarteetako lehorreko eta ureztatutako nekazaritza finketako ongarri gisa.
Ingurumen-inpaktuaren azterketa eta txosten hau berrikusi ondoren, agerian geratzen denez, baliabideen kontsumoari eta airearen, lurzoruaren eta uren kalitatearen kontrolari lotutako ondorioez gain (ingurumen baimen integratuaren espedientean zehazten eta balioesten dira efektu horiek), faunari eragindako eragozpenak eta asaldurak, habitat naturaletan izaten ahal diren aldaketak eta instalazioa dagoen mendi-labore mosaikoa osatzen duten lurzoruaren erabilerak, banaketari lotutako eraginen metatze efektuaz gain, dira ingurumen ebaluazioan kontuan hartu beharreko alderdi nagusiak, bai eta proiektuaren eta natura ingurunearen eta giza erabileren balioen kontserbazioaren arteko bateragarritasuna zehaztea ere.
Espedientearen ingurumen-inpaktuaren analisi teknikoaren ondoren (horretan proiektuak ingurumenean edukiko dituen ondorioak ebaluatu dira), Ingurumen Ebaluazioaren Atalak jakinarazi du ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozedura zuzen egin dela eta proiektutakoak ez duela eragin esanguratsurik edukiko ingurumenean, behin ingurumen-inpaktuaren azterketako neurri zuzentzaileak eta ebaluazio honen ondorioz ezartzen diren neurri osagarriak aplikatuz gero.
Adierazitakoarekin bat, eta dagozkidan eskumenak erabiliz –zehazki, honako hauek ematen dizkidatenak: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak–, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. Aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpena ematea, Mendigorriko El Prado alderdian dagoen 6.560 plazako zerri instalazioaren proiekturako; Jorge Dinis Gaspar da proiektuaren sustatzailea.
2. Ezartzea jarduera egin beharko dela goiburuan aipaturiko espedienteari erantsitako dokumentazio teknikoan jasotzen diren baldintzei jarraikiz, bai eta ebazpen honetan aipatzen diren hauek betez ere:
–Ur andelen instalazioan izan ezik, altuera eta tipologia direla-eta zaila baita horiek integratzea eta eraikinen artean kokatu beharko baitira, inpaktuari buruzko azterketan eta dokumentazioaren eranskinetan ezarritakoaren arabera ezarriko dira instalazioak.
Modu horretan, nabeak topografiara egokitzeko, zelaigune mailakatu bat eraikiko da, deskribatutako lur erauzketako ezponden bertikaltasuna eta altuera ez handitzeko, ondoren ingurumena lehengoratzeko baldintza egokiak ziurtatzearren.
–Proiektuak jasotzen duen bezala, neurriak hartuko dira ur idoian faunaren ihesbidea errazteko, haren ertz bat oso etzana eginez, eta sare plastikoaren gainean sare plastiko zurrun bat jarrita, ezbeharrez putzura erortzen ahal diren animaliak errazago atera daitezen.
–Ur hornidura, Obanosko bidearen trazadura jarraituz Ukarko II. sektoreko ureztatze ahotik, instalazioaren iparraldean, eroanbidea bidearen errodadurako zelaigunearen barnean sartuta geratzeko moduan eginen da, ertzetako landaredi naturalari kalte egitea saihesteko.
–Baso esparruetan eta ustiategia iparraldetik eta ekialdetik mugatzen duen bide ertzean dagoen zur landaredia zaindu eginen da. Instalazioa kokatuta dagoen esparruan, eta Nekeas eremuari dagokion ingurunearen iparraldean, mendi-labore mosaikoa eginen da, proiektuan adierazitakoarekin bat etorriz. Banaketarako makinek eta formulek bideen galiboak eta sestrak errespetatuko dituzte, eta ertzetan dauden habitatei eragitea saihestuko dute, korridore natural eta faunarentzako babesleku gisa jarduten baitute.
–Instalazioa handitzen den zatian, argi kutsadura, argi arrotza eta faunaren gaineko eragina murrizteko, gehienez ere %5ekoa izanen da kanpoko argiteriako argi puntuen goiko hemisferioek igorritako argi fluxua, bat etorriz EA-03 jarraibide tekniko osagarriaren 1.1 apartatuan xedatutakoarekin. Jarraibide tekniko hori manu honetan dago jasota: 1890/2008 Errege Dekretua, azaroaren 14koa, kanpoko argiteria instalazioen energia eraginkortasunari buruzko Erregelamendua onartzen duena.
Komeni da argi zuri-urdinxka igortzen duten lanparak saihestea, eta haien ordez sodio lurrunezko lanparak, edo LED anbarrak (argi zuria edo horia) erabiltzea, edo 440 nm-tik beherako uhin luzerako erradiazioa iragaztea. Argi zuri-urdinxka igortzen duten lanparak saihestu ezin direnean, kanpoko argiak lanorduetan edo behar diren lanetan erabiliko dira. Gainerako orduetan itzalita egon beharko dute.
–Lanak hasten direnean, landare lurra aterako da (lurzoruaren azaleko geruza emankorra), eta gainerako hondeaketa lurretatik bereizita pilatuko da, ondoren, ezpondetan eta obrek ukitutako eremuak lehengoratzeko erabili ahal izateko.
–Instalazioaren ingurumen integrazioa.
- Aurreikusitakoarekin bat, bidean, iparraldeko eta ekialdeko mugan, landaketa etena eginen da, eta tamariz (Tamarix canariensis, T. gallica) etengabe landatuko da El Prado bidearen ondoan, instalaziora sartzeko puntuan bakarrik etenda. Aparkalekuan, bidetik hurbilen dagoen gunea saihestuko da, eta landaketa bat eginen da ezkutatzeko.
- Landaketetarako, eremuko baldintzetara egokitutako espezieak erabiliko dira, hala nola karraskak (Quercus rotundifolia), abaritza (Q. coccifera), hego-ipuruak (Juniperus oxicedrus) edo karraskilak (Rhamnus alaternus).
- Era berean, landaretza berritzeko tratamendua emanen zaie ondoz ondoko zelaiguneen artean sortutako ezponda berriei eta putzuak betetzeko ezpondei (landa lurreko ereintza), eta zelaigunearen iparraldeko mugan sortzen diren lur erauzketako ezpondei ere bai.
- Agindutako landaketek, instalazioaren ingurumen integraziorako funtsezko neurritzat hartuta, ureztapena eta jardueraren bizitza osoan zehar horien garapena eta eraginkortasuna bermatuko duten zainketak jaso beharko dituzte.
Jardueraren gaineko ingurumen zaintza:
–Instalazioa martxan jartzeko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak txosten bat aurkeztu beharko du, memoria bat eta dokumentazioa jasotzen dituena, egiaztatzeko hartu direla baimen honetan eskatutako ezponden landaketei eta hidroereintzari dagozkien neurri zuzentzaileak.
–Jarduketa nekazaritza jatorriko nitratoz kutsatzeko arriskua duen eremu baten barruan ez dagoen arren gaur egun, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren irailaren 15eko 147E/2020 Foru Aginduak xedatutakoari jarraikiz, simaurrak banatzeko lurralde planak bat etorri beharko du ingurune hartzailearen ingurumen balorazioarekin.
Nolanahi ere, kontuan hartu beharko dira kasu bakoitzean ezartzen diren banaketa mugak, demarkazio hidrografikoaren plan hidrologikoan jasotakoaren arabera, bai eta jarduera garatzen den unean gune kalteberetan indarrean dagoen jarduketa programa ere.
3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.4 artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe administrazio bidean eta proiektua baimentzen duen egintzaren aurka bidezkoak direnak.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
5. Ebazpen hau Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari eta Basozainak/Ingurumena Zaintzeko Atalari jakinaraztea (Lizarra hegoaldea), behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko uztailaren 4an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
I. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN DESKRIBAPENA
Mendigorriko 4. poligonoko 173. eta 174. lurzatietan zerri gizendegi intentsibo bat ezartzea proiektatu da. Horretarako, lau nabe berdin eraikiko dira, 6.646 plazako edukiera izanen dutenak: kanpoko putzu bat, mindaz estalia, eta beste bat, ura biltzeko. Horrez gain, lokal tekniko bat, siloak, karga nabeak eta jardueraren funtzionamendurako gainerako elementu teknikoak ere eraikiko dira.
Proiektatutako lau nabeak 102 × 15,6 metroko oinplanoa eta 5,9 metroko garaiera izanen dute gailurrean. Pareka taldekatuko dira, lursailaren mugaren iparraldean lerrokatuko diren bi zagora zelaigunetan. Buruan, mendebaldean eta beheko puntuan, ekialdean, ur putzua eta minda putzua jarriko dira, 3.876 m³-ko eta 1.400 m³-ko edukiera gordinarekin, hurrenez hurren. Bi putzuak plastikozko xaflaz iragazgaiztuta egonen dira. Minden kasuan, ezpondek 2H:1V-ko malda izanen dute; urarenaren kasuan, 1H:1V-koa, salbu eta 3H:1V-ra etzandako eta akabera zimurtsua duen ezpondetako batean, faunaren iheserako egokitua. Minda putzua polipropilenozko xafla flotatzaile malgu batekin estaliko da.
Sarbidea El Prado bidetik eginen da, hegoaldetik okupazioa mugatzen duen eta Arrizabalaga-Lerin NA-601 errepidearekin lotzen den pistatik, 21+850 kilometro puntuaren parean, eta lurzatiaren barneko bide batetik. Bide horren ondoan, hilotzen edukiontziak daude, silo motako egitura baten barruan sartuta, estalkiarekin, eta hilotzen kudeatzailearen sarbidea ahalbidetzen dute. Bigarren sarbide bat proposatzen da bide horretatik minda putzuraino, minden banaketaren fluxua ekoizpenari lotutako ibilgailuen fluxuarekin bereizteko.
Okupazioei dagokienez, kalkulatu da 18.114 m² inguru okupatuko direla zabalgunearekin eta osasun itxituraren barneko idoiekin; horietatik 9.263 m² zabalgune irmoekin eta bideekin okupatuko dira, eta 8.875 m², berriz, eraikinen estalkien, zolaten eta baltsen azalera iragazgaitzekin. Ustiategiak iparraldeko eta ekialdeko mugan landaketa sakabanatu bat ezartzea aurreikusi du.
Instalazioaren hornidura elektrikoa gasolioz elikatutako ekipo elektrogeno bidez eginen da, eta ur hornidura Nafarroako Ubidearen II. sektoreko (Ukar) ur hargune baten bidez hartuko da. Gainera, hornidura 50 m³-ko 2 ur andelek osatuko dute; horiek 3 metroko diametroa eta 7 metroko altuera izanen dute.
22 kg eta 110 kg arteko zerrien gizendegiko jarduera, abereak aldi berean sartuz eta ateraz hiltzeko, eta zikloen artean huste sanitarioa eginez. Ustiategiak 7.752 tona minden balorizazio materiala aurreikusten du. Minda mantenugai gisa balorizatzen da, 188 ha produktibotan banatuz. Horietatik 96 ha lehorrekoak dira, 84 ha ureztatuak, gehienbat galburu eta ekilore zerealak, eta 8 ha, berriz, mahastiak. Aurreikuspenen arabera, jarduerak kontsumo hauek eraginen ditu: 3.444 tona pentsu, 13.200 m³ ur eta 3.333 litro gasolio urteko. Bestalde, honako hauek isuriko dira atmosferara: amoniakoa, CO2-a, oxido nitrosoa eta metanoa (berotegi efektuko gasak).
II. ERANSKINA.–PROIEKTUAK UKITUTAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOEI ETA PERTSONA INTERESDUNEI EGINDAKO KONTSULTEN ETA INFORMAZIO PUBLIKOAREN IZAPIDEAREN LABURPENA
Hona hemen izapide horretan kontsultatutako erakundeen eta jasotako erantzunen laburpena:
Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atala | X |
Abeltzaintza Zerbitzuko Animalien Ekoizpenaren Atala | X |
Ingurumen Eraginaren Atala | X |
Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atala | X |
Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia | X |
Mendigorriko Udala | |
Lurra, lurraren defentsaren aldeko elkartea. | |
Iruñeko Ekologistak Martxan | |
Ecologistas en Acción | |
Gurelur | |
Sustrai Erakuntza Fundazioa | X |
Greenpeace Espainia | |
SEO/BirdLife |
Ingurumen Eraginaren Atalak jarduerarako lurralde esparrua ezartzen du. Instalazioak labore lurraren gainean proiektatzen dira, ibar batean, Nekeas erliebeen eta igeltsuen eremuan. Horretan, lehorreko zereal esparruak txandakatzen dira buztin hondoen eta sastraka gipsikolako masen gainean.
Eremuaren balioen artean, habitaten kontserbazio egoera ona eta erabilera partekatua aipatzen dira (nekazaritza, basogintza eta ehiza). Horiek mosaikoko paisaia gisa identifikatzen dute, eta horretan modu ordenatuan integratzen dira zenbait alderdi, hala nola topografia, isurketa ibilguak eta haien habitatak, presiozko ureztatze bihurtutako ondoko eremuetan gertatzen ez den bezala.
Ingurumen ebaluazioaren ondorioetarako, ingurumen-inpaktuaren azterketan kontuan hartu edo indartu beharreko alderdi gisa honako hauek ezartzen dira: mugikortasunari lotutako baldintzatzaileak, jarduerak eragindako sarbide eta trafikoagatik; azpiegitura nahikotasuna; eraikuntza eta birlandatze arloko esku-hartzea; fauna basatia babestea, ustekabean urmaelera eroriz gero ere. Dokumentazioak, gainera, alternatiben azterlan bat ekarri beharko du, txostenean azaltzen diren ingurumen eta lurralde gogoetak kontuan hartuz, eta Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren txostena Arrizabalaga-Lerin NA-601 errepidearekiko loturari buruz.
Lurraldearen Antolamenduaren Atalak lurralde- eta hirigintza-plangintzari buruzko zenbait ohar eman ditu, informazio modura, "Erdialdeko Eremuak" 4. LAPak (Lurralde Antolamenduko Planak) –hor kokatuta dago udalerria– horiei buruzko muga edo berezitasunak ezartzen ahal dituelako. Lurzoruaren sailkapenaren arabera, Babes Bereziko Eremuak eta Arrisku Naturalengatik Babestu Beharreko Lurzoruak dira horiek, eta faunarentzako Interes Bereziko Eremuen kategoria dute. Estepako Eremuak eta beste hainbat eremu, lurraldearen konektagarritasunarekin, paisaiarekin edo bide historikoekin lotutakoak.
Mendigorriko Udalaren hirigintza plangintzari dagokionez, adierazi da ezen lurzatia nekazaritzako edo abeltzaintzako produktibitate ertaineko lurzoru urbanizaezin gisa sailkatuta dagoela, eta kategoria horretarako jarduera mota hori baimengarria dela. Horrez gain, adierazi da proposamenak betetzen dituela akaberen eraikuntza baldintzak. Hain zuzen ere, gutxienez 6 metroko tartea utzi beharko da, eta ohartarazten da 173. lurzatiaren iparraldeko muturreko azalerak, baso lurzoru urbanizaezin gisa sailkatuta dagoenak, ezin izanen duela abeltzaintza esparrurik hartu.
Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina aplikatzeak ezarriko lituzkeen betebeharrak ere jaso dira txostenean: instalazioa ingurunera egokitzeko betebeharra betetzea, eta bide publikoetarako eta intereseko ibilbideetarako distantziak errespetatzea. Adierazi da, halaber, proiektuak kontuan hartu beharko dituela udalaz gaindiko plan eta/edo proiektu sektorialak, eta berariaz aipatu dira ureztalurrak eta abeltzaintzako ustiategietatik zenbait elementutara dauden distantziak.
Azkenik, jakinarazi du, gutxieneko distantziak aplikatu ahal izateko, eta ekainaren 24ko 148/2003 Legeari jarraikiz, abeltzaintzako instalazioa 1.810 metrora dagoela hiri lurzoru edo lurzoru urbanizagarri hurbilenetik (Mendigorria).
Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak egiaztatu du proiektuak betetzen dituela ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuan ezarritako kokapen baldintzak (haren bidez ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan abeltzaintzako instalazioen ingurumen baldintza teknikoak), bai eta hirigunearekiko distantzia ere, otsailaren 11ko 306/2020 Errege Dekretuaren arabera (zerri haztegi intentsiboak antolatzeko oinarrizko arauak ezartzen dituena). Zerbitzu horrek adierazten du, halaber, proiektuak betetzen dituela teknika erabilgarri onenak, zeinak ezartzen baitituzte oilategiko hegaztien edo zerrien hazkuntza intentsiboari dagozkion dokumentuak, eta hartu direla otsailaren 11ko 306/2020 Errege Dekretuaren 10. artikuluaren 1. puntuan ezarritako amoniako emisioak murrizteko neurriak, ontziei eta mindaren kanpo biltegiratzeari buruzkoak.
Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalaren txostenak egiaztatzen du instalazioek betetzen dituztela arau horretan ezarritako neurriak amoniako emisioak murrizteko, nabeei eta mindaren kanpo biltegiratzeari buruzkoak, eta simaurrak banatzeko aurkeztutako lurralde planean, lurzati bat bera ere ez dagoela nitratoek eragindako kutsadurarako eremu kalteberan (2020. urtea).
Abeltzaintza Zerbitzuak jakinarazten du proiektuak betetzen duela animalien ekoizpenari eta osasunari buruz indarrean dagoen araudia, eta aldeko txostena 348/2000 Errege Dekretua betetzearen baldintzapean dagoela; hain zuzen ere, errege dekretu horrek zerri haztegi intentsiboak antolatzeko oinarrizko arauak ezartzen ditu, eta zerri azienda estentsiboko ustiategiak antolatzeko oinarrizko araudia eta zerriak babesteko gutxieneko bi arauei buruzko urriaren 31ko 1135/2002 Errege Dekretua aldatzen ditu.
Adierazi du, argiaren eraginpean egoteari dagokionez, proiektuaren izapidetze fase honetan aurkeztutako dokumentazioak ez duela argitzen animaliak gutxienez 40 lux-eko argiaren eraginpean egonen diren, egunean 8 orduz gutxienez, aipatutako arauak ezartzen duen bezala, nahiz eta betekizun horrek ez duen izapideekin jarraitzeko oztoporik suposatzen.
Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Erregistroko Atalak jakinarazi du Nafarroako Arkeologia Inbentarioan proiektuaren xede den lurzatiari buruz ageri den informazioa berrikusi duela eta ez dagoela aztarnategi arkeologikorik katalogatuta horretan; hori dela eta, aldeko txostena eman du. Hala ere, adierazten du, lanak egiten diren bitartean, aurkikuntza arkeologikoren bat egiten bada, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko 14/2005 Foru Legearen arabera jokatuko dela, eta kalte egin diezaioketen jarduketak geldiaraziko direla eta kultura arloan eskumena duen departamentuari eta tokiko agintaritzari jakinaraziko zaiola.
Jendaurreko informazioaren izapidean egindako alegazioei buruzko azalpena.
Sustrai Erakuntza Elkartearen alegazioak jaso dira eta elkarte horren agiria beste 99 alegatzailek izenpetu dute, beren izenean, eta Mendigorriko El Molino kanpinaren jabetza dela eta, ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren kontrako irizpena eta instalazio berrien ezarpena geldiaraziko duen luzamendua eskatu dute.
Alegazio horietan ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren izapideak dituen zenbait gabezia nabarmendu dira, espedientean ez direlako jaso haztegiei aplikatu beharreko araudi sektorialaren aplikazioari buruzko txostenak, ez dagoelako 720 ALU gainditzeko salbuespenezko atalasea aplikatzeko justifikazio irizpiderik, eta, beren iritziz, proiektua lurralde mailan bateraezina dela adierazten dute, lurraldeak ezin baititu jasan jardueraren eraginak, proiektuaren tamainagatik eta inguruan dauden abeltegi ugarien inpaktu metagarriek eragindako saturazioagatik.
Adierazi du, halaber, azterketak ez duela hornidurarako baimena ebatzi, eta ez duela behar bezala ebaluatu eremuan ur masek izan duten kontrako bilakaera, nitratoek eragindako kutsadurarekiko zaurgarritzat jotako ondoko bi eremutatik gertu.
–Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren izapidean zehar, alegazioen ingurumen alderdiak sartu eta kontuan hartu dira, informazio publikoaren ondoren ingurumen-inpaktuari buruzko azterketarekin batera aurkeztutako jatorrizko dokumentazioan titularrak aurretik sartu ez zituenak.
III. ERANSKINA.–INGURUMEN-INPAKTUAREN AZTERKETAREN LABURPENA ETA ZAINTZA PLANA
Dokumentazioan jaso da ingurumen-inpaktuaren azterketa bat, ingurumen baimen integratua lortzeko aurkeztutako dokumentazioarekin koherentea, ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten izapidean emandako informazioa barne hartzen duena, eta aukera onuragarrientzat jotzen duena hautatutako aukera.
Azterketak alderdi garrantzitsuak jasotzen ditu, eta proiektuak ezarpenean eta funtzionamenduan izaten ahal dituen eraginak identifikatzen eta deskribatzen ditu. Proiektuaren ingurumen integrazioa bermatzeko beharrezkoak diren neurriak ezartzen ditu, eta honako hauek dira alderdi garrantzitsuenak: proiektatutakoa eta amonioaren eta berotegi efektuko gasen emisioak murriztea, lurzorua eta urak nitratoek eragindako kutsaduratik babestea eta instalazioak ezartzen diren esparruan integratzea. Proiektuak kontuan hartutako neurriak dira, alde batetik, ustiategiaren diseinuan egindako prebentzio neurriak, lanek proiektuaren eremuan duten eragina kontrolatzea eta funtzionamenduan zehar ingurumen eragina minimizatzea.
Ingurumen-inpaktuaren azterketak simaurrak banatzeko lurralde plan bat jasotzen du. Plan horrek baztertu egiten du nitratoek kutsatzeko arriskua duten eremuetatik hurbil dauden eremuetan banatzea, irailaren 15eko 147E/2020 Foru Aginduan jasotakoarekin bat (Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariarena, nekazaritzako iturrietatik datozen nitratoek urak kutsatzen ahal dituzten eremuak berrikustekoa eta 2018-2021 aldirako jarduketa programak aldatzekoa).
Azterketan, era berean, ingurumen zaintzako plan bat dago, eta bertan daude jasota proiektuaren eragin nagusien jarraipen eta kontrolerako betebeharrak, nagusiki jardueraren funtzionamendu faseari eragiten dietenak.
Iragarkiaren kodea: F2410736
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
