162. ALDIZKARIA - 2024ko abuztuaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Deialdia, dirulaguntzak emateko, banakako ebaluazioaren araubidean, 20.24an laguntza humanitarioko eta larrialdietako proiektuak egin daitezen. Laburpena

Dirulaguntzen Datu Base Nazionala (identifikazioa): 775603.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3.b eta 20.8.a artikuluetan ezarritakoari jarraikiz, argitara ematen da deialdiaren laburpena; haren testu osoa Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean kontsultatzen ahal da (https://www.infosubvenciones.es/bdnstrans/GE/eu/convocatoria/775603).

Lehena.–Onuradunak.

Onuradun izaten ahalko dira dirulaguntza emateko egoeran dauden pertsonak edo entitateak, jarraian azaltzen diren inguruabarretan badaude, eta Dirulaguntzen ordenantza orokorraren 10. artikuluan ezarritako debekuetakoren bat ere ez badute, dirulaguntzaren izaeragatik azken baldintza hori salbuespen ez bada behintzat, eta horixe azaltzen bada atal honetan.

Berariazko betebeharrak:

a) Pertsona juridikoak izatea, legez eratuak eta, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, inskribatuak egotea Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziaren (AECID) Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Erregistroan, dokumentazioa egunean edukita.

b) Irabazi asmorik ez edukitzea.

c) Erakundearen berariazko xedea izatea garapenerako lankidetza bultzatzen eta herrien arteko elkartasuna sustatzen duten jarduerak egitea.

d) Iruñean izatea egoitza soziala edo ordezkaritza iraunkorra. Hala ere, dirulaguntza jaso ahal izanen dute, baldintza hori bete ez arren, erakundeek, baldin eta egiaztatzen badute hegoaldeko herrialdeen egoerari buruzko elkartasuna eta sentsibilizazioa sustatzeko jarduerak egin dituztela Iruñean azken urtean.

e) Diruz lagundu nahi diren jarduerak txikiak izan beharko dira. Deialdi honetarako eskatutako jarduera beste proiektu handiago baten barnean badago, eskatutako jarduerak ezin izanen du gainditu proiektuko beste jarduera guztien %30.

f) Proiektua egin nahi den tokian bertako lankide bat izatea (kontrapartea). Lankide hori herri administrazioa edo GGKEa izan daiteke; aski izanen da izatea GGKE eskatzaileak berak delako herrialdean daukan ordezkaritza. Behar adina informazio eman beharko da proiektua gauzatzeko ardura duen erakundearen (tokiko bazkidea) helburuen eta lan esperientziaren inguruan.

g) Bere helburu sozialak bete ahal izateko egitura egokia izatea eta proposaturiko helburuak lortzeko behar den esperientzia eta gaitasun operatiboa frogatzea.

h) Erakunde eskatzaileak frogatu beharko du urtebeteko esperientzia duela, gutxienez, jardueraren arloan, eta aurkeztutako proiektuaren inguruko ezagutza zabala duela.

i) Erakunde eskatzaileak Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Udal Programako beste dirulaguntzaren bat jaso izan badu, eguneratuta izan beharko du jarraipenerako eta justifikaziorako txostenen aurkezpena, hala ezarrita baitago dirulaguntzaren deialdiaren oinarrietan.

Bigarrena.–Xedea.

1999az geroztik, eta Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Udal Programaren bidez, Iruñean edo hegoaldeko udalerrietan jardunean ari diren hainbat erakundek garatutako larrialdi humanitarioko jarduerak babesten ditu, garapeneko proiektuetan lankidetzan aritu direnak. Garapenerako nazioarteko lankidetzari buruzko 1998ko uztailaren 7ko Estatuko legeak, Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legeak eta garapen iraunkorrerako lankidetzari eta elkartasun globalari buruzko legearen aurreproiektuak garapenerako lankidetzaren ekintza-arlotzat hartzen dituzte larrialdiko jarduketa humanitarioak.

Tokiko erakunde batek larrialdi egoeren edo premia humanitarioen aurrean erantzuteko ahalmen mugatua duela onartuta ere, Iruñeko Udalak garrantzitsutzat jotzen du arlo horretan planteatzen diren ekimenei laguntza ematea. Bereziki, zera lortu nahi da: planteatzen diren ekintzak Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Udal Programak babestutako beste ekimen batzuekin osagarriak izatea.

Hirugarrena.–Oinarri arautzaileak.

Deialdia, dirulaguntzak emateko, banakako ebaluazioaren araubidean, 2024an laguntza humanitarioko eta larrialdietako proiektuak egin daitezen. https://www.pamplona.es/eu.

Laugarrena.–Zenbatekoa.

120.000 euro.

Bosgarrena.–Eskaerak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta haren indarraldi osoa hartuko du, kasu honetan 2024ko urriaren 18ra arte, betiere funtsak erabilgarri badaude.

Seigarrena.–Eskabideak aurkezteko modua.

Entitate bakoitzak eskabide bat aurkezten ahalko du, bide telematikoz aurkeztu beharrekoa, "Pertsona juridikoentzako dirulaguntzen eskabide elektronikoa" deritzon izapidearen bidez, Iruñeko Udalaren egoitza elektronikoan (www.pamplona.es/eu).

Zazpigarrena.–Dirulaguntza jaso dezaketen gastuak egiteko epea.

Proiektua gauzatzeko bera, hau da, sei hilabete, dirulaguntza ordaintzen den egunetik zenbatzen hasita, B.3) apartatuko f) letran adierazten den bezala.

Zortzigarrena.–Justifikazioa aurkezteko epea.

Justifikatzeko epea hiru hilabetekoa izanen da, V. Eranskinean ("Aurkezpen formularioa" eta "A.1) Aurreikusitako jarduketaren laburpena") ageri den "Bukaerako data"tik zenbatzen hasita.

Bederatzigarrena.–Ordaintzeko modua.

Ordainketa aurreratu bakarra eginen zaio GGKEari: eman den dirulaguntzaren zenbatekoaren %100, alegia.

Iruñean, 2024ko uztailaren 18an.–Sustapen Ekonomikoko, Europar Proiekzioko, Berrikuntzako, Gazteriako eta Garapenerako Lankidetzako zinegotzi ordezkaria, Mikel Armendáriz Barnechea.

Iragarkiaren kodea: L2411061