162. ALDIZKARIA - 2024ko abuztuaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LOS ARCOS

Ordenantza, laborantzako herri-lurrak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Los Arcosko Udalak, 2024ko maiatzaren 15eko osoko bilkuran, Los Arcosko Udalaren laborantzako herri-lurrak arautzeko ordenantzaren aldaketa onetsi zuen hasiera batez.

Hasierako onespenaren erabakia 2024ko 114. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 4an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu. Hortaz, behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Los Arcosen, 2024ko uztailaren 16an.–Alkatea, Eduardo García de Galdiano Baños.

ORDENANTZA, LOS ARCOSKO UDALAREN LABORANTZAKO HERRI-LURRAK ARAUTZEN DITUENA

I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Los Arcosko Udalaren laborantzako herri-lurren adjudikazioa eta aprobetxamendua arautzea, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen IV. tituluko II. kapituluarekin, eta Toki Entitateen Ondasunen Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren II. tituluko II. kapituluarekin, eta haietan ezarritako mugen barnean.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-lurretako ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira eta ez dira inongo tributuren mende egonen.

Haien izaera eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatzeko edo erabiltzeko era.

II. TITULUA.–HERRI-ONDASUNAK DEFENDATU ETA BERRESKURATZEA

4. artikulua.

4.a) Los Arcosko Udala bere herri-lurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da, eta hori guztia bateragarri eginen du duten izaera sozialarekin eta naturaren kontserbazioarekin.

4.b) Los Arcosko Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusita eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, akzio zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.

4.c) Los Arcosko Udalak herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren akzioak sustatzen ez dituenean, posible izanen da herritarren ekimena, horretarako ezartzen den eran. Horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie auzotarrei Los Arcosko Udalak.

4.d) Herri-lurrak itxi ahal izateko ezinbestekoa izanen da aldez aurretik Alkatetzak baimen idatzia ematea. Herri-lurrak eta jabetza pribatukoak ez dira inola ere elkarrekin ixten ahalko.

4.e) Onuradunen arteko aprobetxamendu-trukeak egiteko, aldez aurretik baterako eskaera egin eta adostasuna agertu beharko dute trukean interesa dutenek eta hark ukitutakoek, eta Udalak baimena eman beharko du.

III. TITULUA.–HERRI-LURRETAKO ONDASUNEN APROBETXAMENDUA

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

5. artikulua.

Hauek dira ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak:

a) Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak.

b) Herri-larreen aprobetxamenduak.

c) Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.

6. artikulua.

6.1. Orokorrean, herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusi izatea, edo bere kontu bizi den adingabea edo judizialki gaitua izatea.

b) Los Arcosko Biztanleen Udal Erroldan inskribaturik egotea, gutxienez ere urtebete lehenagotik, aprobetxamendua hasten den urtearen hasieran.

c) Los Arcosko Udalarekiko zerga betebeharrak egunean izatea.

6.2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatutakoa, familiakoekin bizi arren, baldin eta haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

6.3. Artikulu hau interpretatzean sortzen ahal diren zalantzak Udalak argituko ditu, banan-banan.

7. artikulua.

1. Onuradunek berek zuzenean landu beharko dituzte herri-lurrak, eta ez dituzte errentan ematen, ez eta ustiatzen ahalko ere, lan pertsonala ez den beste modu batean.

2 Onuradunei adjudikatutako lurzatien laborantza zenbaiten artean egitea ere hartuko da zuzenean eta pertsonalki egindakotzat, baldin elkartzen badira kooperatibetan edo legez eratutako lantaldeetan eta kide guztiek betetzen badituzte 6. artikuluan adierazitako baldintza guztiak.

8. artikulua.

Ordenantza honen ondorioetarako, laborantza lanak honelakoa behar du zuzenean eta pertsonalki egina dela ulertzeko: adjudikaziodunak berak egin beharko ditu laborantza lanak, eta ezin izanen du soldatapekorik hartu, non ez duten urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen. Alabaina, zuzeneko laborantza pertsonalaren izaera ez da galduko soldatapekoak hartzen badira gerora erasandako eritasun bat edo beste arrazoi pertsonal bat gertatzeagatik, Udal honen iritziz laborantza pertsonalki egitea eragozten duena. Horrelakoetan, 15 eguneko epearen barruan jakinaraziko zaio Los Arcosko Udalari, behar den baimena eman dezan. Ezintasun fisikoa edo beste arrazoiren bat, udalaren iritziz, behin betikoa bada eta herri-lurzatien laborantza zuzen eta pertsonalik egiten ahal ez bada, 9. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

9. artikulua.

Lehentasuna duten herritarrendako adjudikazioen kasuan, ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landu adjudikatzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epearen barrenean, Los Arcosko Udalak adjudikatu eginen ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarren arteko zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduaren bidez. Los Arcosko Udalak lurzatien titularrei adjudikaziotik ateratako diru-sarrerak ordainduko dizkie, lur-saria kendu ondoren norberaren laborea galarazten duen kausa agiri bidez eskatu eta egiaztatu ondoren.

Los Arcosko Udalak ezintasun fisikorik edo beste arrazoiren bat noiz dagoen erabakitzeko eskumena du, eta egokia iruditzen zaion dokumentazioa eskatuko du.

Beren laborantza apartzerian eman edo lagatzen duten onuradunei herri-lurretako lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazio aldia bukatu arte. Herri-lurrak kentzen zaizkien onuradunek apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte.

10. artikulua.

Los Arcosko Udalak egoki iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu noiznahi, lurzatiak zuzenean eta pertsonalki laboratzen direla ziurtatzeko. Ikuskapen hori egiteko trabak jarri edo eskatzen zaien dokumentazioa aurkezteari arrazoirik gabe uko eginez gero, herri-lurretako lurzatiak kenduko zaizkie, aitzineko artikuluan aipatzen diren ondorioak jasan beharko direlarik, bidezko diren zehapenez gainera.

Lurrak ez direla zuzenean eta pertsonalki lantzen ulertuko da honakoetan:

a) Nekazaritzako makineria izanik, adjudikatutako herri-lurrak lantzeko erabiltzen ez duenean.

b) Baldin eta egiaztagiria eskaturik justifikatzeko lanak egin direla, erosi direla erregaiak, ongarriak, lehengaiak edo saldu direla norberak egindako produktuak, agindutako epean aurkezten ez badira.

c) Nekazaritzako etekinak aitortzen ez badira pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean.

d) Laborantzako lurren jabe izanik, errentan ematen badituzte.

e) Udal zerbitzuen edo Nekazaritza Batzordearen txostenen arabera edo Udalean aurkeztutako salaketaren arabera, adjudikatu zaizkien lurzatiak zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituztenak, aurreko artikuluetan xedatutakoaren arabera.

f) Adjudikatutako lurzatiaren %80, gutxienez, lantzen ez denean.

II. KAPITULUA.–LABORANTZAKO HERRI-LURREN APROBETXAMENDUA

11. artikulua. Laborantzarako herri-lurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira:

A.–Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak.

B.–Herritarrendako adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduak.

C.–Los Arcosko Udalaren ustiapen zuzena edo enkante publikoaren bidezko adjudikazioa.

Los Arcosko Udalak laborantzako herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko hiru modu horiek erabiliko ditu, bata bestearen ondoren, emandako ordenaren arabera.

A.–Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak.

12. artikulua.

12.1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia-unitatearen titular diren herritarrek 6. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia-unitateko kide bakoitzarengatik, diru-sarrerek lanbidearteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo familia-unitatearen diru-sarrerek, guztira, soldata eta erdiaren azpitik egon.

12.2. Familia-unitatean ezintasun fisikoa edo psikikoa duen kiderik baldin badago, agiri bidez frogatuta, kide bakoitzeko kontatuko da lanbide arteko gutxieneko soldataren %60aren pareko diru-sarrera.

12.3. Errenta-mailak zehazteko kontuan hartuko diren irizpideak datu objektiboetan oinarrituko dira, hala nola pertsona fisikoen errenta-aitorpenean, dagozkion ondasunen katastro-ziurtagirian eta familia-unitateko kide bakoitzak egiten dituen jardueretan, aurkeztutako ziurtagirietan adierazitako ondasun guztiak Los Arcosko edo beste edozein tokitako familia-unitateko edozein kideren jabetzakoak direla dioen zinpeko aitorpenean, hiri-izaerakotzat hartuta norberaren etxebizitza, errentamenduan edo jabetzakoa ez den beste titulu batez lantzen diren lurren zinpeko aitorpenean, familia-unitateko kide bakoitzak dituen abelburuak eta zer motatakoak diren adierazten duen zinpeko aitorpenean, soldatagatiko diru-sarreretan, jarduerak egiteagatiko tokiko zerga-oinarrian, eta antzeko izaera duen beste edozeinetan.

12.4. Adjudikaziodunek bete egin beharko dituzte artikulu honetan aipatzen diren baldintzak adjudikazioak dirauen bitartean, eta udalak noiznahi ikuskatzen ahalko du betetzen ari ote diren.

13. artikulua.

Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 146. artikuluan ezarritakoa ukatu gabe, lotearen azalera aldagarria izanen da lurraren kalitatearen arabera eta 100 eta 500 erregu artekoa izanen da, gutxi gorabehera, zereala edo urteko beste labore batzuk landatzeko.

Lur-loteak ezarri ahal izanen dira, labore-bizitza urtekoa baino luzeagoa denean, erabakitzen diren baldintzetan.

Udalak puntukako balorazioa emanen die lote guztiei. Puntuazio horren arabera eta 15. artikuluan xedatutakoari jarraikiz ezarriko da dagokien kanona.

Loteak zozketa bidez adjudikatuko dira. Onuradunek uko egiten ahal diote aprobetxamenduari urte bakoitzeko uztailean, Udalari idazki batean horren berri emanda.

Aipatu epe hori iraganik, urtekoa osorik ordaindu beharko dute.

Adjudikatutako lurzatiari uko egiten dioten onuradunek ez dute banaketa modu horretako lurretan beste lurzatirik hartzeko eskubiderik izanen, beste adjudikazio bat egiten den arte.

14. artikulua.

14.1. Urtean behin egiten diren laboreetarako edo antzekoetarako aprobetxamenduaren epea 8 urtekoa izanen da. Adjudikaziodunak baldintza guztiak bete beharko ditu aprobetxamenduak irauten duen bitartean.

13. artikuluko bigarren lerroaldean xedatutakoaren kasuan, beste epe batzuk ezarri ahal izanen dira, baina epe horiek ezin izanen dira inola ere laborantzaren balio-bizitza baino luzeagoak izan.

14.2. Laborantzari dagokion epea amaitu ondoren edo lehenago amaituz gero, Udalak erabakiko du lursaila bere lehengo egoerara itzuli behar den edo landaketaz arduratuko den (bi kasuetan ez da inolako kalte-ordainik izanen).

Lehenengo kasuan, adjudikazioaren unean zegoen bezala geratu behar du lursailak (labore iraunkorra kenduta, hondarrak eta materialak –zutoinak, alanbreak, etab.– aterata eta hondealanak eta fintze lanak eginda, hurrengo laboreak jarri ahal izateko, etab.).

Bigarren kasuan, lursail osoa, landaketa barne, toki entitatearen eskura egonen da, beste herritar batzuei adjudikatzeko prozedurari ekin diezaion. Aurreko adjudikaziodunak ez du inolako eskubiderik izanen laborantzaren gainean, eta ezin izanen du eskatu landaketarekin sortu ahal izan diren beste erabilera edo eskubide batzuk.

14.3. Onuraduna hiltzen bada, familia-unitate bereko beste kide batek egiten ahalko du herri-lurrean urte anitzeko laborantzarekin jarraitzeko eskaera, baldin eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 142. artikuluan eta ordenantzaren 6. artikuluan jasotako onuradun-baldintzak betetzen baditu.

Bestela, lursaila itzuliko da, 12-4. apartatuan ezarritakoa aplikatuz.

Udalak begiratuko du aurrekoa bete dadin, egoki jotzen duen prozedura erabiliz. Herri-lurrak kentzen zaizkien onuradunek apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte.

15. artikulua.

Aprobetxamendu modu honetan, onuradunek ordaindu beharreko kanona Nekazaritza Batzordeak ezarriko du eta ezaugarri bereko lurretan eskualdeko errentamendu-prezioaren %50 izanen da.

Ordaindu behar den zenbatekoa izanen da lehen urterako proposatutako kanona; Udalak urtero eguneratuko du kanona, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.

Kanona urteko lehen hiruhilekoan ordainduko zaio Udalari.

B.–Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioa.

16. artikulua.

Lurzatiak lehentasunezko aprobetxamendu moduaren arabera banatu ondoren, geratzen diren laborantzako herri-lurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean adjudikatuko dira 6. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateen titular diren herritarren artean.

Toki-erakundeak erabakiko du zein izanen den herritarrentzako zuzeneko ajdudikazioko loteen azalera, lehentasunezko adjudikazioa egin ondotik, laborantza-lurretatik zenbateko azalera gelditzen den eta zenbat eskatzaile dauden kontuan hartuta, familia unitate bakoitzaren diru-sarrera garbien alderantzizko proportzioan, edo ustiategien tamainaren alderantzizko proportzioan, laborariak balira.

Herritarrentzako zuzeneko adjudikaziorako eskubidea izateko, ezinbesteko baldintza izanen da familia-unitatearen titularrak Gizarte Segurantzan alta emanda egotea, diru-sarrerak nagusiki nekazaritza- edo abeltzaintza-sektorekoak izatea, eta familia-unitatearen guztizko garbiak ez gainditzea LGS hura osatzen duten kideen kopuruaz biderkatzearen emaitza.

Herri-lurretako lurzatiak baliatzen diren bitartean Gizarte Segurantzan baja egiten bada edo adjudikaziodun gertatzen den edozein pertsonaren diru-sarrerak nagusiki nekazaritza- edo abeltzaintza-sektoretik etortzeari uzten badiote, adjudikazioa bukatutzat emanen da.

Baldintza hori betetzen ez duten pertsonek partekatutako lotea erabiltzeko aukera izanen dute.

17. artikulua.

Adjudikaziodunak zuzenean eta pertsonalki landu beharko ditu lurrak. Horretarako, ordenantza honetako 7., 8., 9. eta 10. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

18. artikulua.

Herritarrendako adjudikazio zuzeneko epeari aplikatuko zaio lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduentzat 14. artikuluan xedatutakoa.

18.1. Lur-loteak ezarri ahal izanen dira, labore-bizitza urtekoa baino luzeagoa denean, erabakitzen diren baldintzetan.

18.2. 15 urterako loteak "nekazari gazteentzat" adjudikatu ahal izanen dira, Udalak eta adjudikaziodun horiek zehaztutako labore-barietateetan, inbertsio espezifikoen berreskurapena bermatzeko eta nekazaritza-sektorean sartzea errazteko.

18.3. Era berean, herri-larreen aprobetxamendua erabiltzeko epea 15 urtekoa izanen da, eta adjudikaziodunak baldintza guztiak bete beharko ditu hura baliatzen den bitartean.

18.4. Laborantzari dagokion epea amaitu ondoren edo lehenago amaituz gero, Udalak erabakiko du lursaila bere lehengo egoerara itzuli behar den edo landaketaz arduratuko den (bi kasuetan ez da inolako kalte-ordainik izanen).

Lehenengo kasuan, adjudikazioaren unean zegoen bezala geratu behar du lursailak (labore iraunkorra kenduta, hondarrak eta materialak –zutoinak, alanbreak, etab.– aterata eta hondealanak eta fintze lanak eginda, hurrengo laboreak jarri ahal izateko, etab.).

Bigarren kasuan, lursail osoa, landaketa barne, toki entitatearen eskura egonen da, beste herritar batzuei adjudikatzeko prozedurari ekin diezaion. Aurreko adjudikaziodunak ez du inolako eskubiderik izanen laborantzaren gainean, eta ezin izanen du eskatu landaketarekin sortu ahal izan diren beste erabilera edo eskubide batzuk.

18.5. Onuraduna hiltzen bada, familia-unitate bereko beste kide batek egiten ahalko du herri-lurrean urte anitzeko laborantzarekin jarraitzeko eskaera, baldin eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 142. artikuluan eta ordenantzaren 6. artikuluan jasotako baldintzak betetzen baditu onuradun izateko.

Bestela, lursaila itzuliko da, 12.4 apartatuan ezarritakoa aplikatuz.

19. artikulua.

Zereala landatzeko herri-lurretako lurzatien adjudikaziodunek, hiru modalitateetako edozeinetan, ezin izanen dute nekazaritzako lanik egin (uztondoak irailaren 1a baino lehen erretzea barne), bilketa ondoko tratamendu fitosanitariorik egin irailaren 30a baino lehen, eta horiek egiten direnean, bazkalekua aprobetxatzen duen abeltzainaren aldez aurreko akordioa beharko dute, eta hura egin, betiere indarreko araudia betez.

20. artikulua.

Lotearen azalera aldagarria izanen da lurraren kalitatearen arabera, eta 100 eta 500 erregu artekoa izanen da, gutxi gorabehera, zereala eta urteko beste labore batzuk landatzeko.

Udalak puntukako balorazioa emanen die lote guztiei. Puntuazio horren arabera eta 21. artikuluan xedatutakoari jarraikiz ezarriko da dagokien kanona.

21. artikulua.

Udalbatzak onetsiko ditu aprobetxamendu mota honetako herri-lurzatien onuradunek ordaindu beharreko kanonak; ez dira izanen gisako lurrak errentan emateko zonaldean dabiltzan prezioen %90 baino gutxiago.

Udalak urtero eguneratuko du kanona, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 10. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Kanona urteko lehen hiruhilekoan ordainduko zaio Udalari.

22. artikulua.

Adjudikazioa zozketa bidez egingo da.

Adjudikaziodunek uko egiten ahal diote adjudikatutako loteari urte bakoitzeko uztailean, Udalari idazki batean horren berri emanda.

Aipatu aldi hori iraganik, zenbatekoa osorik ordaindu beharko dute.

Adjudikatutako loteari uko egiten dioten onuradunek ez dute banaketa modu horretako lurretan beste lurzatirik hartzeko eskubiderik izanen, beste adjudikazio bat egiten den arte.

23. artikulua.

Adjudikazioak egitean Los Arcosko Udalak kontuan hartu beharko du herri-lurretako loteak gorde beharra onuradun berriendako; horien azalera hasierakoaren %5 izanen da gehienez, eta onuradun berriek urte bakoitzeko uztailean eskatu ahal izanen dituzte loteak.

C.–Udalaren zuzeneko ustiapena edo enkante publikoa.

24. artikulua.

Laborantzako lurra sobera denean, Los Arcosko Udalak, aurreko banaketa modalitateetan ezarritako prozedurak aplikatu ondoren, enkante publiko arruntaren bidez adjudikatu eginen du, zozkatutako lurzatien aprobetxamendualdia bukatu arte, bat etorriz Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 156. artikuluaren prozedurarekin (erregelamendu hori onetsi zen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez).

Gelditu diren loteak enkantean aterako dira, hala 8. artikulua aplikatu ondokoak nola onuradun berriei erantzuteko egindako erreserbak.

Onuradun berriei erantzuteko erreserben enkantea halako moldez eginen da non beren xedeetarako behar diren mementoan kenduko baitzaizkio adjudikaziodunari.

Enkantea egin ondoren laborantzako lurrik soberan bada, Udalak zuzenean ustiatzen ahalko du.

III. KAPITULUA.–ADJUDIKATZEKO PROZEDURA

25. artikulua.

Laborantzako herri-lurrak herritarrei adjudikatzeko prozedura hasiko da, ediktua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta Udalaren taulan iragarkia jarriko, eskabideak onartzeko epea adierazita.

Udalak osoko bilkuran horrela erabaki ondotik, epea irekiko da, eskubidea izan uste dutenek herritarrendako lurzatien adjudikazioa eska dezaten, aipatutako aprobetxamendu motetarako.

26. artikulua.

Herritarren aprobetxamenduen eskatzaileek egiaztagiriak edo zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, honako hauek adierazita:

a) Bizilaguna izatea gutxienez ere urte bateko antzinatasunez.

b) Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

c) Familia-unitatea osatzen duten kideak; eta, herritarrendako lehentasunezko aprobetxamenduak eskatzen dituztenei dagokienez, ezintasun fisikoa edo adimenekoa duten kideak.

d) Udalerri honetan nahiz beste batzuetan jabetzan edukitako erreguen kopurua, bai eta errentamenduan edo beste titulu batez edukitakoena ere, eta labore motak.

e) Udal honetako hiri-lurreko ondasunen zerga-oinarriak eta besteetakoak, hala bada, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, eta familia unitateko kide bakoitzak zenbat abelburu dituen espezie bakoitzetik.

f) Familia unitateko kide bakoitzak dituen abelburuen kopurua eta zer espezietakoak diren.

g) Familia-unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak, nekazaritzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, pentsioen bidezkoak edo bestelako errentatakoak; errenta aitorpenaren edo bestelako frogagiriak aurkeztuz ziurtatu beharko dira. Aitorpen horren ordez, familia-unitateko kide bakoitzak errenta aitorpenaren oinarri likidagarria jasotzen duten ziurtagiriak aurkeztu ahal izanen ditu, Ogasunak emanda. Ziurtagirietan diru-sarreren jatorria adierazi beharko da.

h) Nekazaritzarako eskura duen makineriaren zerrenda zehaztua.

i) Gizarte Segurantzan alta emanda egotea edo herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren eskatzaileentzako azken ordainagiriaren fotokopia.

Zinpeko aitorpen hori egiaztatzeko, Udalak ahalmena du eskatzaileari beharrezkotzat jotzen dituen agiriak eskatzeko. Eskatutako epean agiri horiek aurkezten ez badira, eskabidea ezetsi egingo da.

27. artikulua.

Lehen bi aprobetxamendu moduetako lurzatiak adjudikatzeko gertatu diren baldintzei eutsi behar zaie adjudikazioaldi osoan, eta gerta litezkeen aldaketen berri eman beharko zaio Los Arcosko Udalari.

28. artikulua.

Los Arcosko Udalak onartuen zerrenda onetsiko du osoko bilkuran, eta Udalaren iragarki-taulan emanen da argitara, egoki irizten diren alegazioak egiteko. Alegaziorik aurkezten bada, haiek ebatzi eta behin betiko zerrenda onetsiko da. Alegaziorik ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da, besterik gabe.

29. artikulua.

Lehentasunezko aprobetxamendurako eta herritarrendako adjudikaziorako eskubidea duten familia-unitateko herritar titularren behin betiko zerrenda ateratakoan, Udalak zehaztu egingo ditu lurzatien loteak, haien ezaugarriak, azalerak, kanona eta abar.

IV. KAPITULUA.–HOBEKUNTZAK HERRI-ONDASUNETAN

30. artikulua.

Los Arcosko Udalak indarrik gabe uzten ahalko ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, dagozkien lurrek honako xede hau badute:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurra hobetzea.

c) Proiektu sozialak egitea.

d) Ingurumen arloan hobekuntzak egitea.

e) Udalak herri onurakotzat jotako lurrak lagatzea.

V. KAPITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

31. artikulua.

Arau-hauste administratibotzat hartzen dira ondoko hauek:

a) Lurzatiak zuzenean eta pertsonalki ez lantzea.

b) Adjudikatutako lurzatiaren %50, gutxienez, ez lantzea, edo 2 urte jarraian erein gabe egotea.

c) Lurrak lantzea udal adjudikaziorik gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak izan.

d) Aprobetxamenduen kanonak Udalak ezarritako epeetan ez ordaintzea.

e) Azpierrentamenduan ematea edo hirugarren batzuei lagatzea zuzeneko adjudikazioaren edo enkante publikoaren bidez adjudikatutako herri-lurretako loteak.

f) Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

g) Labore iraunkorrak (fruta-arbolak, zainzuriak, etab.) udal baimenik gabe landatzea.

h) Beste lurzatietatik bereizteko ildo-bizkarrak goldatzea.

i) Bideak edo landu gabeko lursailak lantzea.

j) Agiriak faltsutzea edo ondasunak nahiz datuak ezkutatzea, horiek funtsezkoak baldin badira lehenbiziko bi aprobetxamendu motak emateko.

k) Nekazaritza-lanak edo tratamendu fitosanitarioak 19. artikuluan araututakoak ez diren datetan egitea.

l) Adjudikazioetan zehaztutako epealdiak ez errespetatzea.

m) Azienden idoietatik ura hartzea eta horretarako tratamendu fitosanitarioetako makineria erabiltzea.

n) Lurrak goldatzean ildoa irekia uztea bide baten ertzean.

ñ) Harriak edo bestelako materialak botatzea bideetan, erretenetan, abelbideetan, larreetako lurretan eta beste herri-lur batzuetan.

o) Herbiziden bidezko tratamendua ezpondetan eta laborantzakoak ez diren beste eremu batzuetan.

32. artikulua.

Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:

–a), d), g) eta j) arau-hausteetan, kontzesioa galduko da.

–l) apartatuko arau-haustea eginez gero, zehapena izanen da herri-lurren adjudikaziodun izateko desgaikuntza.

–Gainerako arau-hausteetan, zein den egindako kaltearen balioa, haren halako bost eta hamar artekoa ordainduko da. Kopuru hori ezin zehaztu bada, 200,00 euroko isuna ezarriko da.

XEDAPENAK

Xedapen indargabetzaile bakarra.

Erregelamendu honek indarra hartzearekin batera, indarrik gabe geldituko da arlo honi buruz orain arte indarra izan duen maila bereko edo apalagoko udal araudia.

Azken xedapen bakarra.–Indarrean jartzea.

Erregelamendu honek ez du ondorio juridikorik sortuko harik eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte eta harik eta iragaten den arte Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitateko Administrazioak toki erakundeei egintzak edo erabakiak deuseztatzeko errekerimenduak egiteko ahalmena erabiltzeko epea. Hori dena, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoarekin bat (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Iragarkiaren kodea: L2410949