2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
JAUNTSARASKO KONTZEJUA
Ordenantza, herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituena. Behin betiko onespena
Jauntsarasko Kontzejuak, 2024ko ekainaren 22an batzarrean bilduta, behin betiko onetsi zuen Kontzejuko herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza, eta, iragarki honen bidez, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan oinarrituz, argitara ematen da.
Jaunsaratsen, 2024ko uztailaren 2an.–Alkatea, Pello Mirena Alsua Aristegui.
ORDENANTZA, JAUNTSARASKO KONTZEJUAREN HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA
I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea Jauntsarasko Kontzejuaren mugarteko herri-ondasunak administratzeko, erabiltzeko, zaintzeko, berreskuratzeko eta aprobetxatzeko.
2. artikulua. Herri-ondasunak dira bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.
3. artikulua. Herri-ondasunak dira besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak, eta ez dute beren gain tributurik izanen.
Haien izaeran eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.
4. artikulua. Herri-ondasunen gaineko arauak hauek dira: Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren gaineko ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, deusetan galarazi gabe xedatzen dena Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan.
II. TITULUA.–ADMINISTRAZIOA ETA XEDAPEN EGINTZAK
5. artikulua. Jauntsarasko Kontzejuaren ahalmenak dira herri-ondasunak erabiltzea, administratzea, aprobetxatzea eta antolatzea, ordenantza honetan azaltzen den moduan.
Herri-ondasunen arloan Jauntsarasko Kontzejuak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Herri-ondasunei buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.
6. artikulua. Lurzati txikiak saltzeko edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak deklaratu beharko du onura publikoa edo soziala, eta, hori egin baino lehen, Jauntsarasko Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela lortu beste bide batzuen bitartez, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.
Herri-ondasunak desafektatu ondoren, beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat jasoko da betiere, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertzen edo betetzen ez diren kasuetarako.
Itzuli beharra gertatzen bada, lur horiek Jauntsarasko Kontzejuaren ondarera itzuliko dira, herri-ondasun gisa.
Jarraituko zaio Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari.
III. TITULUA.–HERRI-ONDASUNAK DEFENDATZEA ETA BERRESKURATZEA
7. artikulua. Jauntsarasko Kontzejua ahaleginduko da herri-ondasunak zaintzen, defendatzen, berreskuratzen eta hobetzen, eta kontra eginen dio edozein pribatizazio saiori, edo herri-ondasunetarako kaltegarri izan daitekeen edozein ekintzari.
8. artikulua. Jauntsarasko Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahal du herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariak txostena eginda eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, ekintza zibilak sustatuko dira herri-ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.
9. artikulua. Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Jauntsarasko Kontzejuak Nafarroako Gobernuari, lursailen immatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen gehiegizko hedadura direla eta. Kontzejuko Batzarrak hartu beharko du jakinarazpen horien gaineko erabakia.
10. artikulua. Jauntsarasko Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko berariazko onespena beharko du, transakziorik egin nahi izanez gero ondasunak herri-ondarerako berreskuratzearren.
11. artikulua. Jauntsarasko Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du, beti, iraungi daitezen herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak, halakorik sortu bada baimen, kontzesio edo beste ezein tituluren kariaz, betiere horretarako ahalmen hertsatzaileak baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.
12. artikulua. Jauntsarasko Kontzejuak herri-ondasunei buruzko kontratuetan parte hartzen duenean, berak interpretatuko ditu kontratu horiek, eta berak ebatziko ditu, halaber, haiek betetzean sortzen diren zalantzak.
Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala betearaziko dira, galarazi gabe kontratisten eskubidea bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko.
13. artikulua. Jauntsarasko Kontzejuak herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, posible izanen da auzotarren ekintza, horretarako ezarritako eran. Ekintza horrek aurrera eginez gero, sortu diren gastuak itzuli beharko dizkie Jauntsarasko Kontzejuak herritarrei.
IV. TITULUA.–HERRI-ONDASUNEN APROBETXAMENDUA
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
14. artikulua. Honako aprobetxamendu hauek arautzen ditu ordenantzak:
a) Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak.
b) Herri-larreen aprobetxamendua.
c) Etxeetarako egur-aprobetxamenduak.
15. artikulua. Jauntsarasko Kontzejua ahaleginduko da herri-lurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen, eta duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du hori guztia.
16. artikulua.
1.–Orokorrean, familia unitateak edo norbanakoak izanen dira herri-lurretako aprobetxamenduen onuradunak, baldin eta beren ganadua Jauntsarasko Kontzejuko Aziendaburuen Erregistroan inskribaturik badute, eta baldintza hauek betetzen badituzte:
–Familia unitateak:
a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua.
b) Jauntsarasko Udalaren biztanleen erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea 5 urte lehenagotik, gutxienez.
c) Jaunsaratsen bizitzea urtean bederatzi hilabetez bederen, egiazki eta jarraian.
d) Jauntsarasko Kontzejuarekin zerga betebeharrak eta ordainketak egunean izatea.
e) Aziendak Jauntsarasko Kontzejuko Katastroan inskribaturik edukitzea, nagusiki bazka ekoizten duten herri-lurretako aprobetxamenduen onuradunentzat (larreen onuradunak).
f) Abeltzaintzan aritzea. Kontzeju honen iritziz nahikoa den moduan frogatu beharko du hori, eta Aziendaburuen Erregistroan alta emanda egon beharko du.
g) Berrogei eguneko epea betetzea, larreetan eta herri-lurretan aziendak berriz askatu aurretik. Epe horretan, ganaduak ukuiluetan edo belardi pribatuetan egon beharko du, baina inola ere ez Kontzejuaren jabetzako lurretan.
h) Nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategia Jauntsarasko mugartean edukitzea.
II. KAPITULUA.–LABORANTZAKO HERRI-LURREN APROBETXAMENDUA
17. artikulua. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatzen dutena, familiakoekin bizi arren, baldin haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldatatik beherakoak badira.
18. artikulua. Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateetako bizilagun titularrei zuzenean edo enkante bidez esleituko zaie herri-lurren aprobetxamendua.
19. artikulua. Urteko kanon hori 12 eurokoa izanen da erreguko.
20. artikulua. Herri-lurrak aprobetxatzeko epea 5 urtekoa izanen da.
21. artikulua. Herri-lurren aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki eginen da, eta ez da baimenik emanen azpierrentamendua egin edo beste batzuei lagatzeko.
22. artikulua. Jauntsarasko Kontzejuak egokiak iruditzen zaizkion egiaztatze lanak egiten ahal ditu noiznahi, ziurtatzeko zuzenean eta pertsonalki egiten ari dela lurzatietako laborantza.
22.1. Honako kasu hauetan ulertuko da herri-lurrak ez direla zuzenean eta pertsonalki aprobetxatzen ari:
a) Nekazaritzako makineria edukita, adjudikatutako herri-lurrak lantzeko erabiltzen ez dutenean.
b) Lurrak zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituztenean, Jauntsarasko Kontzejuaren Landazaintza Zerbitzuaren edo Nekazaritza Batzordearen txostenari jarraikiz.
c) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez dutenean, horretara beharturik ez egonik ere.
d) Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarrenei errentan emanak izatea.
e) Bazka ekoizten duten herri-lurren adjudikaziodun izanik, aziendak Abeltzaintza Zerbitzutik ateratzen dituztenean.
23. artikulua. Herri-lurretan bazkatzen den aziendak ziurtagiria beharko du, Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Babesari buruzko maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluak eskatutako baldintzak betetzen direla frogatzeko, eta foru lege horretako eta bere erregelamenduetako baldintza guztiak bete beharko ditu.
24. artikulua. Laborantzako herri-lurrak zuzen landu eta aprobetxatu beharko dituzte onuradunek.
25. artikulua. Onuradunek ezin izanen dituzte herri-lurrak erabili adjudikatutako ez beste edozein aprobetxamendutarako, Jauntsarasko Kontzejuaren aldez aurreko baimenik gabe.
26. artikulua. Adjudikatutako herri-lurretan itxiturak egiteko beharrezkoa da Kontzejuaren baimena. Itxiturak egiteko honako material hauek erabil daitezke: harlauzak, zura, landareak edo taketak burdin hariekin. Debeku da fabrika-obrako itxiturak egitea, hala nola adreiluzkoak edo hormigoi-blokezkoak.
27. artikulua. Herri-lurrak ezin izanen dira hesiz itxi jabetza pribatuko lurrekin batera, salbu eta enkante bidez eskuratu badira, eta Kontzejuaren oniritzia izanda.
28. artikulua. Ezin izanen da herri-lurren aprobetxamendua trukatu onuradunen artean, aldez aurretik interesdunek eskatu ez badute eta Kontzejuak baimena eman ez badu.
29. artikulua. Jauntsarasko Kontzejuak, hiru hilabete aurretik onuradunei jakinarazita, baliorik gabe utz ditzake aprobetxamenduen adjudikazioak, baldin sustatzen badu herri-lur horietan zuhaitzak landatzea edo beste hobekuntza batzuk egitea. Aditzera ematen da laborantzako lurren aprobetxamendua bertan behera uzteak ez duela ekarriko kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik onuradunarentzat. Hobekuntza horiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute, aldez aurretik.
III. KAPITULUA.–HERRI-LARREEN APROBETXAMENDUA
30. artikulua. Herri-lurretako aprobetxamenduen onuradunek garbi eduki behar dituzte lurzatiak, hau da, sasitzarik gabe, ongi ongarrituak eta, oro har, egoki nekazaritzarako. Urtero, iraila bukaera baino lehen, sasitza kendu beharko dute.
Urte bakoitzeko iraila bukaera baino lehen sasitza kendu eta lurzatia garbitzen ez bada, Kontzejua arduratuko da garbiketaz eta, ondoren, lan horren zenbatekoa pasatuko dio finkaren onuradunari.
31. artikulua. Jauntsarasko herri-larreek ustiapen unitate bateratua eratzen dute. Kontzejuak aprobetxamenduko eremu batzuk ezarri ditu, ohiturari eta tradizioari jarraikiz. Honako hauek dira herri-larreen eremu horiek:
1.–Oihanzabal.
2.–Landaburu.
32. artikulua. Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateetako bizilagun titularrei zuzenean adjudikatuko zaie herri-larreen aprobetxamendua.
33. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki eginen da, eta debeku dira azpierrentamendua zein lagapena. Horri dagokionez, Jauntsarasko Kontzejuak iritziko dio ez direla herri-larreak zuzenean aprobetxatzen ari, familia-unitateko bizilagun titularrek ganadua Abeltzaintza Zerbitzutik ateratzen dutenean.
34. artikulua. Herri-larreetan bazkatzen den aziendak ziurtagiria beharko du, frogatzeko betetzen direla maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluan eskatzen diren baldintzak (Herri-larreetan bazkatzen diren azienden osasun babesari buruzko Foru Legea), eta bete beharko dira lege horretan nahiz haren erregelamenduetan ezarritako gainerako baldintza guztiak.
35. artikulua. Debeku da txerri-azienda bazkatzea.
36. artikulua. Ordenantza honen 31. artikuluan aipatutako larreek jasan dezaketen abere-zama zehazteko, Jauntsarasko Kontzejuak honako baliokidetasun hauek ezarri ditu azienda espezieen artean:
A.–Behi-aziendako abelburua, AzLU bat.
B.–Zaldi-aziendako abelburua, AzLU bat.
C.–Ardi-aziendako hamaika abelburu, AzLU bat.
D.–Ahuntz-aziendako hamaika abelburu, AzLU bat.
37. artikulua. Jauntsarasko Kontzejuak larreak aprobetxatzeko irizpideak ezarriko ditu, larratzeko sasoiak, azienda motak eta haien kopurua finkatzeko xedez.
38. artikulua. Ganadua herri-lurretan daukaten abeltzainek auzolana egin beharko dute. Besteak beste, herri-larreak itxi, garbitu edo behar den baimenarekin erreko dituzte, larreak mantentzeko eta horiek era egokian funtziona dezaten. Abeltzainen batzordeak eskatzen duenean eta zehazten duen eremuan egin beharko dute lan hori. Titularrak betebehar hori bete ezin badu, norbait bidali beharko du bere ordez aritzeko.
39. artikulua. 16. edo 38. artikuluak betetzen ez dituzten abeltzainek ezin izanen dituzte eskuratu Kontzejuak Nekazaritza Politika Erkiderako banatzen dituen hektareak.
40. artikulua. Klimatologia dela eta, edo bazkaren kopuruak eta bolumenak bide emanez gero, 37. artikuluan zehaztutako eremuetan azienda sartzeko egunak aldatzen ahalko dira, Jauntsarasko Kontzejuak osoko bilkuran erabakia hartu ondoren.
41. artikulua. Jauntsarasko Kontzejuak, hiru hilabete aurretik onuradunei jakinarazita, baliorik gabe utz ditzake aprobetxamenduen adjudikazioak, baldin sustatzen badu herri-lur horietan zuhaitzak landatzea edo beste hobekuntza batzuk egitea. Hobekuntza horiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute.
IV. KAPITULUA.–ETXERAKO EGURRAREN APROBETXAMENDUA
42. artikulua. Mendian aski bada eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Jauntsarasko Kontzejuak etxerako epaitzak banatuko ditu denen artean, betiere herrian bertan erabiltzekoak badira.
43. artikulua. Jauntsarasko Kontzejuak urtero ezarriko du familia-unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.
44. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira eta ezin izanen dira saldu. Kontzejuko bizilagun guztiak izanen dira onuradun, bizilekua bertan finkatzen duten unetik hasita.
45. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra jaso ondotik hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendiko pistetan, ezta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere, kasu eginen zaie mendi zaindariordeak ematen dituen jarraibideei. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei ukatu eginen zaie aprobetxamendua, artikulu honetan agertzen dena betetzen duten arte.
Ordenantza hauek baliorik gabe uzten dituzte orain arteko ordenantza eta arau guztiak, herritarrei zenbait eskubide ematen zizkietenak zuhaitzak botatzeko, gurdiendako endaitzak, gapirioak eta abar egiteko.
V. TITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK
46. artikulua. Honako egitate hauek hartzen dira arau-hauste administratibotzat:
a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.
b) Ez betetzea Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko Foru Legea eta hori garatzen duen Erregelamendua.
c) Ez ordaintzea aprobetxamenduen kanonak Kontzejuak ezartzen dituen epeetan.
d) Herri-lurraren aprobetxamendua nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.
e) Herri-lurra ez erabiltzea adjudikazioaren helbururako.
f) Hildako abereak bertan uztea.
g) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion egitate edo ekintza oro.
47. artikulua. Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:
a), b), c), d) eta e) arau-hausteengatik emakida kenduko da, galarazi gabe Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek jartzen ahal dituzten zehapenak.
Gainerako arau-hausteengatik, zehapena izanen da ordaintzea egindako kaltearen balioa halako bostetik hamar bitarte. Balio hori zehazten ahal ez bada, hirurogei eurotik mila eta berrehun eurora bitarteko zehapena ezarriko da. Gainera, beste adjudikazio batean parte hartzeko eskubidea kendu ahalko zaio adjudikaziodunari.
Iragarkiaren kodea: L2410659