Iragarkia
162. ALDIZKARIA - 2024ko abuztuaren 8a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
GESALATZ
Deialdia, zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko
OINARRIAK
1.–Arau orokorrak.
1.1. Zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez eta lan-kontratudun finko gisa betetzea du xede deialdi honek, Gesalazko Udalaren plantillari atxikitzeko.
Halaber, deialdi honen bidez osatu nahi da aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat, hautapen-prozesuan lanposturik lortzen ez duten izangaiekin.
1.2. Lanpostuak izanen ditu Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta 1984ko uztailaren 4ko Lansarien behin-behineko Erregelamenduan eginiko sailkapeneko "E" mailari dagozkion ordainsariak, eta, kasu bada, plantilla organikoan lanpostu horri egotzitako ordandisari osagarriak.
1.3. Bi hilabeteko probaldia izanen da, eta bitarte horretan Udalak kontratua suntsiarazten edo hutsaltzen ahalko du, iruditzen bazaio lanpostuaren zereginak ez direla berak nahi bezala bete.
1.4. Hautaprobak gainditurik deialdi honetan hautatzen diren izangaiak Gizarte Segurantzaren Sistema Orokorrean afiliatu, eta alta emanen zaie.
1.5. Lanaldi jarraitua bete beharko da, eta zerbitzuaren beharretara egokiturik, administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko baitute.
1.6. Hautapen-prozedura gainditu bai baina lanposturik eskuratu ez duten izangaiak aldi baterako kontratazioak egiteko zerrenda batean sartuko dira. Udalak nahieran erabiltzen ahalko du zerrenda hori.
2.–Hauek dira lanpostuan bete beharreko eginkizun nagusiak.
–Udal bulego, instalazio eta biltegietako igeltserotza lanak oro har, eta horien mantentze-lanak; bai eta iturgintza, elektrizitate, pintura eta zurgintza lan txikiak ere.
–Instalatzea eta mantentzea hiri barneko altzariak: zutoinak, seinaleak, kale-argiak, bankuak, iturriak, eta abar.
–Jai eta ekitaldi publikoetan hiri barneko altzarien eta tresnen garraioa eta ezarpena: karpa, agertokiak, hesiak eta gainerako tresnak muntatzea eta desmuntatzea.
–Lorezaintza lanak: landatzea zuhaitzak, heskaiak eta landareak, eta horien ongarritzea eta tratamendu fitosanitarioa egitea, zuhaitzak eta zuhaixkak inaustea, lorategiak atontzea, belarra moztea eta ureztatze-azpiegiturak programatzea eta mantentzea.
–Udalaren kirol instalazioetako mantentze- eta kontrol-lanak.
–Garbiketa lanak: erratza pasatzea, zakarrontziak hustea, sastrakak kentzea.
–Kontrolatzea eta begiratzea ea Udalaren ordenantzak betetzen ote diren, eta ikuskapenak egitea hirigintza eta ingurumen gaietan, begiratuta ea araudia betetzen den arlo hauetan: obra-lizentziak, eremu publikoaren okupazioa, isurketak eta abar.
–Ur-honidurari lotutako lanak: sareak mantentzea eta konpontzea, kontagailuen kontrola eta jarraipena egitea, etxeko kontsumorako ura kloratzea, ur-biltegien klorazio-sistema kontrolatzea eta mantentzea eta zuntza instalatzea, dauden ur-hornidurako sareak aprobetxatzen dituzten metodoen bidez.
–Edateko ura tratatzea: instalazioak eta makineria garbitzea eta mantentzea, kontrola eta ponpaketa programazioa barne.
–Era guztietako udal zerbitzuak egitea, eta hala Alkatetzak nola eskuordetza duten organoek haren esku uzten dituzten zereginak, guztiak ere haren eskumen, maila eta kategoriaren barnean.
Agintzen ahal zaizkion beste antzeko batzuk, espezializazio jakin bat izan beharrik gabe lanbidea nolabait ezagutzea edo hartan trebetasun bat izatea eskatzen dutenak (iturgintzako eta elektrizitateko obra txikiak, hondarrak biltzea eta kaleak garbitzea, bai eskuz bai erraztatzeko makinaz, pintura, soldadura, jakinarazpenak banatzea, festetako lan bereziak etab.), baita hilerriarekin zerikusia dutenak eta bere maila eta kategoriaren barrenean bere esku uzten direnak ere.
3.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
Oposizioan parte hartzeko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, bete beharko dituzte abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 7. artikuluan zehaztutako baldintzak (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina. Hona hemen, laburtuta:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen zirkulazio askea aplikatzen den estaturen batekoa.
Parte har dezakete, era berean, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
b) Adinez nagusia izatea eta, kasua bada, erretiroa hartzeko gehieneko adina ez gainditzea.
c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, titulu hau izatea: DBHko Graduatuaren titulua, Eskola Graduatuaren titulua, Erdi Mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokide bat; edo, bestela, titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.
Baldin atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da homologazioa frogatzen duen agiria.
d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
e) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia.
f) B motako ibilgailuetarako gidabaimena izatea.
g) Produktu fitosanitarioak erabili ahal izateko titulu indarduna (oinarrizko mailakoa) edukitzea.
Arestiko baldintzak frogatu beharko ditu lanpostua eskuratzen duen izangaiak deialdi honetan xedatzen duen moduan eta epean. Hori guztia bete beharko da, gainera, eskabideak aurkezteko epea burutzen den egunean, bai eta oposizio prozedura osoan ere izendapen eguna arte.
4.–Eskabideak.
4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezten ahalko dira Gesalazko Udalaren erregistro orokorrean (Nueva kalea 1, Muetz), 9:00etatik 14:00etara, edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein baliatuz (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean.
Eskabidea aurkezten bada 39/2015 Legean ezarritako bideetako bat erabiliz, mezu elektroniko bat igorri beharko zaio Gesalazko Udalari (ayuntamiento@guesalaz.es) 24 orduko epean, inguruabar horren berri emanez. Eskabidea posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik.
Baldintza horiek bete ezean ez da iragarki honetako epetik kanpo iristen den proposamenik onartuko.
Eskabideak deialdi honen I. eranskinean argitaratutako ereduari lotu behar zaizkio. Haietan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
4.2. Desgaitasuna duten izangaiek, baldin egokitzapenik behar badute probak egiteko, denboran edo baliabideetan, hala eskatu beharko dute eskabidean, eta zehaztu beharko dute, horretarako ezarritako tokian, zer egokitzapen eskatzen duten edo zer moldaketa behar duten denboretan eta/edo baliabideetan. Horretarako, izangaiak egokitzat jotzen duen dokumentazioa aurkez dezake, eskabidea aurkeztean.
4.3. Eskabideari (I. eranskina) agiri hauek erantsi beharko zaizkio:
a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia edo atzerritarren identifikazio zenbakiarena.
b) Desgaitasun aitortua duten izangaiek aurkeztu beharko dute hura frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, parte hartzeko eskabidearekin batera. Halaber, egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, azterketak egiteko denboraren edo baliabideen aldetik. Kasu horretan eskabidean bertan adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean azaldu beharko dute zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.
Puntu honetan adierazitako agiriak aurkezten ez dituztenak ez dira deialdian onartuko. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
4.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
4.5. Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahal dira, noiznahi.
5.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Alkatetzak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan argitaratzeko aginduko du. Izangai bazterturik ez bada, alkateak zuzenean onesten ahalko du izangai onartuen zerrenda.
5.2. Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda argitaratu ondoko hamar egun baliodunen barrenean, erreklamazioak egiten ahalko dituzte eta, okerrik egin baldin badute, horiek zuzendu.
5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiei erantzun ondotik, alkateak ebazpen bat emanen du, onesten duena onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan. Ebazpen horretan bertan zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.
6.–Kalifikazio-epaimahaia.
6.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:
Epaimahaiburua: Juan Antonio Urra Caro, Gesalazko Udaleko alkatea, edo haren legezko ordezkoa.
Epaimahaikidea: Raquel Muñoz Lamoneda, zinegotzia. Ordezkoa: Juan José García González, zinegotzia.
Epaimahaikidea: Asier Alcasena Vizcar, zinegotzia. Ordezkoa: Pedro José Soto Eguren, zinegotzia.
Epaimahaikidea: Jose Antonio Zudaire Escobar, zinegotzia. Ordezkoa: Nerea Basterra Igea, zinegotzia.
Epaimahaikide idazkaria: María Belén Portillo Ochoa de Zabalegui, Gesalazko Udaleko idazkaria. Ordezkoa: María Concepción López Azanza, Abartzuzako Udaleko idazkaria.
Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.
6.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.
6.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.
6.4. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, laguntzeko proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
7.–Oposizio-lehiaketaren hasiera eta nondik norakoa.
7.1. Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean jakinaraziko da probak zer toki, egun eta ordutan hasiko diren.
7.2. Lehiaketaren nondik norakoa.
Izangaiek aurkezturiko merezimenduak baloratuko ditu epaimahaiak, ondotik heldu den baremoaren arabera.
7.2.1. Lanpostuko esperientzia:
–Zerbitzu anitzetako enplegatu gisa aritu izana toki-entitateetan: 5 puntu urteko.
–Igeltsero edo igeltserotzako peoi, iturgin, lorezain edo elektrikari gisa aritu izana, urtebetez gutxienez, sektore horietako enpresetan: 0,50 puntu urteko.
Dagokion enpresaren ziurtagiriaren bidez frogatuko da, zatikiak proportzioaren arabera hainbanatuta.
Aurreko apartatuetako merezimenduak zenbatzeko, kontuan hartuko dira, betiere behar bezala frogaturik, lan araubideko behin-behineko langile edo langile finko gisa, bitarteko gisa edo lanpostuaren jabe izanik egindako zerbitzuak, baina apartatu batean baino gehiagotan sartutako zerbitzuak denbora berean eginak badira, puntuaziorik handiena dutenak bakarrik baloratuko dira.
Frogaturiko esperientzia aldiak ez badu urte osorik hartzen, proportzioan dagokiona aterako da; hura hilabetetan kalkulatuko da, eta hilabete osoa gutxienez frogatzen duten kasuak baizik ez dira kontuan hartuko.
Lanean egonez gero eskabidea aurkezten den egunean, aldiak kontatuko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunera arte.
Aurreko ataletan gehienez ere 16 puntu lortzen ahal dira.
7.2.2. Euskaraz jakitea: (4 puntu gehienez).
Honako puntuazio hauek ezarri dira:
–B2 maila edo goragokoa: 4 puntu.
–B1 maila: 3 puntu.
–A2 maila: 2 puntu.
–A1 maila: 1 puntu.
Euskara maila egiaztatu beharko da. Izangaiak egiaztagiririk ez badu, Euskarabideak eginen duen mailaketa probara aurkezten ahalko da, ondoren merezimendu gisa baloratzeko.
Epaimahaiak Udalaren iragarki-taulan ikusgai jarriko ditu lehiaketako puntuazioak.
7.3. Oposizioaren nondik norakoa.
Oposizio-lehiaketaren deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta bi hilabetera hasiko da oposizioa; lehenago ez.
–Lehen ariketa: proba teorikoa, ondoko gaiei buruzko galderei idatzita erantzun beharrekoa:
a) Ezagupenak igeltserotzaz, zurgintzaz, elektrizitatez, iturgintzaz, lorezaintzaz, pinturaz, soldaduraz, eraikinen eta instalazioen gaineko mantentze lanaz eta egin beharreko lanarekin ikusteko duten bestelakoez.
Proba egiteko bi ordu emanen dira, gehienez ere. Gehieneko puntuazioa: 30 puntu. Puntuazioaren %50 lortzen ez duten izangaiak baztertuta geldituko dira.
–Bigarren ariketa: praktikoa, zenbait probaz osatua, deialdiaren 2. oinarrian adierazitako zenbait eginkizun edo zerbitzuri buruz. Epaimahaiak zehaztuko du ariketa honetako probak eginen diren egun bakarrean edo gehiagotan, bai eta zenbat denbora iraunen duten ere, edukiaren arabera.
Gehieneko puntuazioa: 40 puntu. Puntuazioaren %50 lortzen ez duten izangaiak baztertuta geldituko dira.
–Hirugarren ariketa: (Ez da baztertzailea) Elkarrizketa epaimahaikoekin Gesalazko udalerriaz eta bete beharreko lanpostuaz; epaimahaiak behar duen aholkularitza teknikoa izan dezake. 10 puntu emanen dira, gehienez.
Pliken sistema erabiliko da lehen ariketan.
8.–Probetarako deialdia.
8.1. Izangaien kalifikazioa amaituta, epaimahaiak azken ariketa egin den tokian paratuko du gainditu dutenen zerrenda, lortutako puntuazio-ordenaren arabera.
8.2. Probak egiteko deialdi bakarra izanen da, eta hartara izangaiek nortasun agiri nazionala daramatela agertu beharko dute. Probetara agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.
9.–Epaimahaiaren proposamena.
Epaimahaiak Gesalazko Udalaren Osoko Bilkurari igorriko dio puntuazio handiena lortu duen izangaia izendatzeko proposamena; Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere argitaratuko da.
10.–Agiriak aurkeztea.
10.1. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta hogeita hamar egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Gesalazko Udalaren erregistro orokorrean:
a) Deialdi honen 3. oinarrian eskatzen diren titulazioen fotokopiak.
b) B motako ibilgailuak gidatzeko baimenaren fotokopia.
c) Osasun ziurtagiri ofiziala, erakusten duena interesdunak ez duela akats fisikorik nahiz psikikorik edo eritasunik, karguaren eginkizunak betetzea eragotziko liokeenik.
Desgaitasunen bat alegatu duten izangaiek, gainera, aurkeztu beharko dute frogagiri bat, esaten duena desgaitasuna bateragarria dela deialdiko lanpostuarekin. Balorazio eta orientazio talde eskudunek emandakoa izan behar du.
d) Produktu fitosanitarioak erabili ahal izateko titulu indarduna (oinarrizko mailakoa).
Baldin eta izangaia Nafarroako beste Administrazio Publikoren bateko langile finkoa bada (ez deialdi hau egin duenekoa, baizik eta beste batekoa), goikoez gain, aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak frogatzen dituen ziurtagiria (sarrera, antzinatasuna, maila, egoera administratiboa eta abarri buruzkoa) aurkeztu beharko du.
e) Zin egin edo hitz ematea Nafarroako Foru Araubidea begiratu, Konstituzioa eta legeak onartu, eta karguari atxikirik dauden eginbeharrak zintzo beteko dituela.
10.2. Interesdunak agiri horiek aurkezten ez baditu ezarritako epean, behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan salbu, ezin izanen da kontratua egin eta bere jarduera guztiak baliogabetuta geratuko dira, hasierako eskabidean faltsukeria egiteagatik izan dezakeen erantzukizuna deusetan ukatu gabe.
10.3. Aurreko apartatuan azaldutakoa gertatzen bada, Udalak hutsunea beteko du puntuazioaren arabera ordenatutako zerrenda horretan ondo-ondotik datozen izangaiekin.
11.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.
Izendatzen diren izangaiek hilabeteko epea izanen dute jabetza hartzeko, izendapena jakinarazten zaienetik. Epe horretan, eta ezinbesteko kasuak salbu, jabetza hartzen ez badute, zerbitzu anitzetako enplegatu gisa kontratudun izateko eskubide guztiak galduko dituzte, eta horrela gertatuz gero, probak gainditu dituztenen zerrendan ondo-ondotik heldu denarekin beteko du hutsunea Osoko Bilkurak.
12.–Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak.
12.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan xedatuarekin bat (ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsia), eta deialdi honen 1.6 oinarrian ezarritakoarekin bat, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda prestatuko da, probak gainditu baina lanposturik lortu ez duten izangaiekin.
Lortutako azken puntuazioaren arabera ezarriko da zein den ordena aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan.
Esan beharra dago ezen, zerbitzu anitzetako enplegatuen aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetatik deitzeko, hiru lanpostutatik bat, lehenbizikoa, zerrenda horretan dauden eta %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaientzat erreserbatuko dela, hautaprobak gainditu badituzte eta frogatzen badute desgaitasun hori bateragarria dela bete beharreko lanarekin eta eginkizunekin; hori guztia, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren testu bategineko zazpigarren xedapen gehigarriak ezartzen duenaren arabera.
12.2. Deitzea.
12.2.1. Probak gainditu dituzten izangaien kontratazioa eginen da, oro har, zerbitzuaren beharren arabera, aurretiaz banakako deiak eginik.
12.2.2. Izangaiek harremanetarako zenbait telefono, helbide elektronikoa, ematen ahalko dituzte, azkar lokalizatu ahal izateko, eta eguneraturik eduki beharko dituzte.
Izangaiei dei eginen zaie zerrenda bakoitzean dagoen lehentasun ordenaren arabera. Telefonoz harremanetan jartzeko saiakera bat eginen da gutxienez, eta, harekin batera, mezu elektroniko bat bidaliko da, lanpostua eskaintzeko eta lanpostuaren ezaugarriak adierazteko.
Dei bakoitzaren idatzizko oharra eginen da, gorabeherak, eguna eta ordua adierazita.
Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte. Pertsona bat lokalizatu ezin izan dela ondorioztatzeko, beharrezkoa izanen da kontaktu-saialditik 24 ordu igaro izana erantzunik gabe (arestian aipatutakoa ikusita, harremanetan jartzeko ahaleginak gutxienez telefono bidezko saiakera bat eta mezu elektroniko bat bidaltzea ekarri beharko du).
Izangaiekin harremanetan jartzerik izan ez bada, izangai horiek zerrendan zuten postuari eutsiko diote.
12.3. Uko egiteak.
12.3.1. Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendaren bukaerara pasako da, honako egoera hauetakoren batean dagoela frogatu ezean:
a) Indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik horretara behartua egotea.
b) Gaixotasun baten ondoriozko baja-egoeran egotea.
c) Kargu politiko baterako edo ordezkaritza kargu baterako izendatua edo hautatua izatea, eta, horren ondorioz, bere eginkizunetan aritzeko bateraezintasuna izatea, administrazio publiko batean izendapen libreko postu batean aritzeko aukeratua izatea, edo Gorte Nagusiek edo parlamentu autonomiko batek aukeratua izatea konstituzio organoetan parte hartzeko edo ganbera batek hautatu beharreko beste postu batean aritzeko.
d) Ezkontzearen edo bikote egonkor izatearen ondorioz dagokion lizentzia gozatzen ari direnean, arau honekin bat: otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua onesten duena.
e) Otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuan ezarritako epean bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaideren bat hiltzen denean edo gaixotasun larriren bat duenean.
f) Amatasun, aitatasun edo adopzio zein harrera kasuetan, otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuan ezarritako epean.
g) Hiru urtetik beherako haur bat zaintzen egotea, edo seme-alabak zaintzeko eszedentzian.
h) Legezko zaintza dela eta, zuzenean zaintzea desgaitasun fisikoa, psikikoa edo sentsoriala duen pertsona bat, %33ko edo hortik gorako minusbalioa duena, eta lan ordaindurik ez duena. Hori frogatzeko, egoki diren frogagiriak aurkeztu beharko ditu.
i) Bere kargura izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaideren bat, bere kasa bizitzeko gauza ez dena adinagatik (65 urtetik gorakoa), istripuagatik edo gaixotasunagatik, eta lan ordaindurik egiten ez duena. Hori frogatzeko, egoki diren frogagiriak aurkeztu beharko ditu.
j) Izangaiak hala erabakitzen duenean, urtebetez genero indarkeriaren biktima izatearen ondorioz.
k) Erakunde ofizial baten beka bat jasotzen hasi denean.
12.3.2. Aurreko apartatuan adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek edo pareko egoeretan daudenek (kontratazio arloan eskumena duen organoak baloratuko du egoera hori) hamar egun balioduneko epea izanen dute, uko egitearen lanpostua eskaintzen zaien egunetik hasita, hori agiriekin eta modu frogagarrian egiaztatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.
12.3.3. Arestian aipatutako kasuetan, izangaiek jakinarazi beharko dute noiz dauden berriz zerbitzurako prest. Horretarako, agiriak aurkeztuko dituzte, adierazten dutenak noiz bukatu den uko egitea ekarri zuen egoera. Komunikazio hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.
Alegatutako egoera frogatzen ez badu horretarako ematen zaion epean, eskainitako kontratuari bidezko arrazoirik izan gabe uko egiten diola ulertuko da deiaren egunetik hasita.
Era berean, hautagaiak edozein unetan jakinarazi ahalko Udalari prestasunik ez izateko edozein kausatan dagoela, eta jakinarazpena egiten den unean frogatu beharko du.
12.4. Zerrendatik kanporatzea.
12.4.1. Deia eragin duen zerrendatik kanpo geratuko dira honako egoera hauetakoren batean dauden izangaiak:
a) Betebehar orokorrak eta titulazioari lotutakoak ez betetzea, ezta lanpostuan aritzeko beharrezkotzat jotzen diren gainerako baldintzak ere.
b) Lanbidean jarduteko edo eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua izatea, edo edozein administrazio publikotatik diziplinako espediente baten bidez kendua izatea, egoera horrek irauten duen bitartean.
12.4.2. Honako hau izanen da zerrendatik kanporatzeko prozedura:
Zerrendatik kanporatzeko inguruabarren bati antzemanez gero, idazkariak nahitaezko txosten bat emanen du, eta, kasua bada, izangaiari entzuna izateko aukera eman eta gero (10 egun balioduneko epea), alkateak izangai hori zerrendatik kanpo uzteko ebazpena emanen du, bat etorriz aurreko apartatuetan ezarritako arrazoiekin.
Kanporatzeko ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio gehienez ere 10 eguneko epean, eta espresuki adieraziko zaio kanporatzearen arrazoia.
Kanporatzeko prozedura izapidetu bitartean, ulertuko da pertsona ez dagoela kontratatzeko moduan.
12.4.3. Honako hauetakoren bat egin duten izangaiek zerrendan zeukaten tokia galdu eta zerrendetako azken tokira igaroko dira:
a) Uko egitea, justifikatu gabe, eskainitako lanpostuari edo bi lan-eskaintzari.
b) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea.
c) Sinatutako kontratuari uko egitea.
d) Kontratatzeko deitzea eta ezinezkoa izatea izangaiarekin harremanetan jartzea hark emandako bitartekoen bidez, gutxienez 6 aldiz saiatuta 2 hilabeteko epean.
13.–Datuen babesa.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluarekin bat (haren bidez, pertsona fisikoen babesa arautu zen datu pertsonalen tratamenduari dagokionez eta datu horien zirkulazio askeari dagokionez), Gesalazko Udala da parte-hartzaileek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.
–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.
–Oinarri juridikoa honako hau da: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren (haren bidez, pertsona fisikoen babesa arautu zen datu pertsonalen tratamenduari dagokionez eta datu horien zirkulazio askeari dagokionez) 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunaren eskariz kontratuaren aurreko neurriak aplikatzeko) eta Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, tratamenduaren arduradunari dagokion lege betebehar bat betetzeko).
–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko beharrezkoa den denbora guztian ere. Artxiboei eta dokumentazioari buruzko araudian ezarritakoa aplikatuko da. (Nafarroako toki entitateen dokumentuak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).
–Datuak komunikatuko dira legeak aurreikusitako kasuetan (5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onesten duena), barnean dela Gesalazko Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratzea.
–Titularrek eskubidea izanen dute datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, Gesalazko Udalaren bulegoetan. Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.
14.–Errekurtsoak.
Deialdi honen oinarrien aurka edo berau aplikatzeko egintzen aurka, hautara, ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:
a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako erabakia edo egintza jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.
c) Berraztertzeko errekurtsoa, deialdia egin duen organoari, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
Gesalatzen, 2024ko uztailaren 10ean.–Alkatea, Juan Antonio Urra Caro.
I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA
Iragarkiaren kodea: L2411108
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
