160. ALDIZKARIA - 2024ko abuztuaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

121C/2024 EBAZPENA, uztailaren 2koa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez erabakitzen baita erregistratu, gordailatu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu dadila Iruñeko Udala enpresaren langile lan-kontratudunentzako hitzarmen kolektiboa.

Ikusi da Iruñeko Udala enpresaren langile lan-kontratudunentzako hitzarmen kolektiboa aldatzeko erabakiaren testua (31000732011991 kode-zenbakia), zeina erregistroan sartu baitzen 2024ko ekainaren 13an, eta udaleko eta sindikatuetako ordezkariek sinatu baitzuten 2024ko ekainaren 3an.

Bat etorriz xedatuta dagoenarekin Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 84.3 artikuluan, bai eta Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onetsi zuen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan ere, eta Hitzarmen kolektiboak, lan akordio kolektiboak eta berdintasun planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ere.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidanak, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Agindua ematea Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan-Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatu dadin Iruñeko Udala enpresaren langile lan-kontratudunentzako hitzarmen kolektiboaren aldaketa (31000732011991 kode-zenbakia).

Bigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, orok jakin dezan.

Hirugarrena.–Ebazpen hau eskatzaileari jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpenak ez diola amaiera ematen administrazio bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal diola Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Laneko kontseilariari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Iruñean, 2024ko uztailaren 2an.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.

"IRUÑEKO UDALEKO ETA HAREN ERAKUNDE AUTONOMOETAKO LANGILEEN HITZARMEN KOLEKTIBOA" ALDATZEKO ERABAKIA

Iruñeko Udala enpresaren langile lan-kontratudunentzako hitzarmen kolektiboaren 28. artikulua aldatzea, testu bat gehitzeko, modu honetan idatzita:

"28. artikulua. Aldi baterako ezintasunaren pertzepzioa.

Edozein motatako ezintasunen kasuan, soldataren %100 jasoko da gertaera eragileak irauten duen bitartean.

Lan-istripuaren edo lanbide-gaixotasunaren kasuan. Soldataren %100 jasoko da, langilea lanean egonda bere lan egutegiaren arabera dagozkion kontzeptuak barne.

Genero-indarkeriako egoera baten testuinguruan aldi baterako ezintasunean dauden pertsonek, egoera hori lan-istripuarekin parekatuko duen lege-aldaketa gertatzen den bitartean, soldataren %100 jasoko dute, lanean egonda beren lan egutegiaren arabera dagozkien kontzeptuak barne. Puntu honetan jasotakoa izapidetzeko, egoera horretan dauden pertsonek genero-indarkeriaren biktima den emakumea direla egiaztatu beharko dute, eta aldi baterako ezintasun egoera horrekin lotuta dagoela egiaztatzen duen txosten medikoa aurkeztu beharko dute.

Aurreko paragrafoan aurreikusten dena indarrik gabe geldituko da, automatikoki, kontingentzia aldatzea erabakitzen duen lege-aldaketa gertatzen den unean.

Gizarte Segurantzaz kanpoko tratamendua behar duten lanbide-gaixotasunen kasuan, Udalak tratamendu horren zenbatekoa ordainduko du, betiere Laneko Segurtasun, Higiene eta Osasunerako Aholku Batzordeak egoki irizten badio."

Iruñean, 2024ko ekainaren 3an.

Iragarkiaren kodea: F2410677