2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
EGUESIBAR
Aldaketa, Telelanaren erregelamenduan
Honen bidez aditzera ematen da ezen Eguesibarko Udalak, 2024ko maiatzaren 29an egin osoko bilkuran, erabaki zuela aldaketa bat onestea Telelanaren erregelamenduan. Aldaketak eragiten die 8. eta 9. artikuluei, eta honela idatzita geratuko dira:
"8. artikulua. Telelanaren ezaugarri orokorrak.
1. Lan ez-presentzialaren iraunaldia.
Onartzeko ebazpenean berean zehaztuko da modu ez-presentzialean egiten ahalko den zerbitzu-ematearen iraupena.
Aurrekoa gorabehera, gehienez ere urtebeteko iraupena izanen du.
Zerbitzu-emate ez-presentzialean jarraitu nahi dutenek, beste eskaera bat aurkeztu beharko dute emandako iraunaldia amaitu baino lehen edo hura amaitu eta edozein unetan, eskaera baloratu dadin.
2. Asteko lanaldiaren banaketa.
Baimena emateko ebazpenean zehaztuko da modalitate ez-presentzialean bete beharreko lanaldia.
Oro har, zerbitzu-emate ez-presentziala egiten ahalko da astean behin gehienez.
Gerora sortzen bada enplegatuari edo zerbitzuaren beharrei dagokien gorabeheraren bat, lanaldiaren banaketa aldatzen ahalko da lan presentzialaren eta ez-presentzialaren artean, bai eta astean telelanerako ezarritako egun-kopurua handitu edo txikitu ere.
Eskatzaileak behar bezala justifikatzen badu, eguneko lanaldia orduka zatitzen ahalko da, modalitate presentzialean zein ez-presentzialean jarduteko.
Nolanahi ere, aste batean egiten ahal den ordukako telelanak ez du egun bat baino gehiago iraunen.
Telenanean aritzeko eguna aldatu nahi bada, 48 orduko aurrerapenarekin jakinaraziko da.
3. Ordutegia.
Telelaneko lanaldiak iraunen du lanaldi presentzialak adina.
Egin beharko da 4 orduko nahitaezko interkonexio bat, 8:00etatik 15:00etarako tartean, komunikazioa ahalbidetzeko gainerako udal langileekin eta gobernu taldearekin.
Lanpostuaren nahitaezko lanaldi arrunta osatzeko, telelanean dihardutenek asteko edozein egunetan lan egiten ahalko dute.
Telelangileak begiratu beharko du gaueko konexioaldiek nahasmendurik ez sortzea bizimodu osasungarriko ohituretan, gaueko atsedenaldiak barne; bereziki, telelaneko lanaldiaren eta hurrengo lanaldi presentzialaren artean.
9. artikulua. Langileak modalitate presentzialera itzultzea.
Era ez-presentzialean jarduten duten udal langileek honako arrazoi hauengatik itzuli beharko dute beren lanpostu presentzialera:
a) Modalitate ez-presentzialari borondatez uko egitea.
b) Telelanerako baimenaren aldia iragatea.
c) Zerbitzuaren beharrak.
d) Ezarritako helburuak ez betetzea.
e) Gerora sortzea arrazoiren batzuk, aldeko ebazpena emateko baldintzak nabarmen aldatzen dituztenak.
f) Asteko lanaldia era frogagarrian ez betetzea.
g) Udalak ezarritako kontrol-sistemak ez erabiltzea.
h) Alkateak hala eta berariaz erabakitzen duenean.
a) eta b) kasuetan izan ezik, Alkatetzaren ebazpen arrazoitu bat beharko da telelanerako baimena azkentzeko; horretarako, txostena eskatzen ahalko zaio ukitutako alorreko buruari.
Uko egin edo baimendutako aldia bukatu eta biharamunean itzuli beharko da modalitate presentzialera; eta gainerako kasuetan, ebazpena jakinarazi eta biharamunean".
Aldaketa indarrean jarriko da argitaratu eta biharamunetik, eta aplikatuko da –indarrean jartzen denetik– egun baimenduta dauden telelaneko egoeretan.
Argitara ematen da, bete beharrez ezarrita dagoena Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan eta aplikatzekoa den gainerako legedian.
Sarrigurenen, 2024ko maiatzaren 29an.–Alkatea, Xuriñe Peñas López.
Iragarkiaren kodea: L2410925