160. ALDIZKARIA - 2024ko abuztuaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

DONEZTEBE

Aldaketa, Terrazak jartzea eta ustiatzea arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Doneztebeko Udalak, 2024ko apirilaren 29an egindako ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa egitea Terrazak jartzea eta ustiatzea arautzen duen ordenantzaren 8. artikuluan.

Espedientea jendaurrean paratu zen, iragarkia argitaratuta 2024ko 101. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 16an, eta Udaleko iragarki-taulan. Jendaurreko epean ez zaio espedienteari inolako alegaziorik aurkeztu. Beraz, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatu da, eta argitara ematen dira aldaketak, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Donezteben, 2024ko uztailaren 18an.–Alkatea, M.ª Arantzazu Arregui Alberro.

TERRAZAK JARTZEA ETA USTIATZEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZAREN ALDAKETA

8. artikulua.

8. artikuluari azken paragrafo bat gehitzea.

Jabari publikoa terrazekin okupatzeko, espazio publikoen irisgarritasunari buruzko arauak eta ordenantza honetan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

Irizpide orokor gisa, oinezkoak ibiltzeko oztoporik gabeko zabalera bat ezarri da, eta beste bat ibilgailuen zirkulaziorako.

Oztoporik gabeko zabalera hori neurtzerakoan, hauek joko dira zabalera mugatzen duten oztopotzat: hiri altzariak, landareontziak, farolak, markesinak, zutoinak, hesiak eta espaloietan edo proiekzio bertikalean dagoen beste edozein elementu, ondoko terrazek hartzen duten eremua barne.

Oinezkoen edo ibilgailuen zirkulazioarekin lotutako arrazoi justifikatuak badaude eta udal zerbitzuek ebazpen arrazoitua ematen badute, ezarritako pasabide librea zabaltzen ahalko da.

8.1. Oinezkoen zirkulaziorako baldintzak.

Terrazak jartzen direnean oztoporik gabeko pasabide bat utzi beharko da –irisgarritasunari buruzko arauetan dago ezarrita–, irisgarritasunaren eta espazio publiko urbanizatuen sarbidean eta erabileran diskriminaziorik ez eragiteko oinarrizko baldintzak betetzen direla bermatuta, eta ez dira oztopo izanen oinezkoendako ibilbide irisgarrien baldintza orokorrak betetzeko.

Hirigune kontsolidatuetan, baldin eta ezinezkoa bada irisgarritasunari buruzko arauetan ezarritako betekizun guztiak betetzea, ordezko aukerak baimentzen ahalko dira, betiere irisgarritasuna ahalik eta gehien bermatuta eta dagoen egoera ez okertzeko irizpideari jarraituz. Aukera horiek terraza jartzeko lizentzian arrazoitu eta baimendu beharko dira.

Horri dagokionez, hurrengo baldintzak ezartzen dira:

–Higiezinaren fatxadaren eta terrazaren artean, oztoporik gabeko igarobidea 1,8 metrokoa izanen da, gutxienez. 1,80 metrotik beherako zabalera duen espaloia duten kaleetan, baimentzen ahalko da igarobidea dagoen espaloiaren zabalerakoa izatea.

–Oinezkoendako pasabidearen gutxieneko zabalera errespetatuko da proiekzio bertikal osoan, eta gutxienez 3,50 metroko garaiera arte oztoporik gabea izanen da, zabalera eta luzera guztian.

–Terrazako elementu bakar batek ere ezin ahalko du baimendutako eremua igaro, ezta oztoporik gabeko oinezkoendako pasabidea –aipatu berri dena– hartu ere.

–Oinezkoendako eremuetan dauden taberna eta antzeko instalazioetako terrazek okupatutako azalera detektatzeko modukoa izanen da, eta ikusteko desgaitasuna duten pertsonendako arriskutsuak izan daitezkeen elementuak edo egoerak saihestuko dira.

8.2. Ibilgailuen zirkulaziorako baldintzak.

–Terrazak jartzen direnean, oztoporik gabeko igarobide bat utzi beharko da ibilgailuen, larrialdietako zerbitzuen eta beste zerbitzu batzuen sarbidea bermatzeko. Halaber, finken atarietarako eta establezimendu publiko edo pribatuetarako sarbidea eta eraikinetako larrialdiko irteerak errespetatu beharko dira, eta ibilgailuak sartzeko edo irteteko maniobrak egiteko lekua bermatu.

–Igarotzeko 3,5 metroko zabalera librea gordeko da, gutxienez, eta galibo altuera 3,5 metrokoa edo hortik gorakoa izanen da; baldintza hori zabalera eta luzera osoan bete beharko da. Hori dela eta, terrazako elementu batek ere ez du gaindituko baimendutako eremua, eta ez ditu beste eremuak inbadituko.

–Gaur egun 3,5 metrotik beherako zabalera duen errodatze-banda duten kaleetan, oraingo zabalera errespetatuko da, betiere egoera ez okerragotzeko irizpideari jarraituz.

Ameztia kaleko establezimenduek ezin dute terrazarik instalatu, ez baitituzte adierazitako distantziak betetzen. Hortaz, kalean ibilgailuen joan-etorria eteten den aldietan ezarri ahal izanen dituzte, baina une oro zaindu beharko dute oinezkoak beren etxebizitzetara joan eta sartu ahal izatea, eta ibilgailuak eta anbulantziak ibili ahal izatea larrialdietan.

Iragarkiaren kodea: L2411165