2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
BETELU
Udal ordenantza, "Goikolako bainu-eremua" aisialdigunearen erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena
Udalak, 2024 apirilaren 30ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea udal ordenantza bat, Araxes ibaiko Goikola aisiald gunearen eta bainu-eremuaren erabilera arautzen duena.
Bukatu da jendaurrean egoteko epea, iragarkia argitaratu ondoren 2024ko 109. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 28koan, eta Udalaren iragarki-taulan, eta epe horretan inork ez du aurkeztu erreklamazio, kexa edo oharrik.
Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, hasierako onespena behin betikoa bilakatu da, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematen dira artikuluak.
Betelun, 2024ko uztailaren 5an.–Alkatea, Lorenzo Zubillaga Goicoechea.
ORDENANTZA, BETELUKO "GOIKOLAKO BAINU-EREMUA" AISIALDIGUNEAREN ERABILERA ARAUTZEN DUENA
Beteluko 2. poligonoko 897. eta 881. lurzatietan kokatua dagoen aisialdi gunea eta bainu-eremua (Goikola), urte osoan zehar erabiltzen da, eta udan bereziki, ekainaren 15etik irailaren 30era bitarte, non edonork goza dezakeen naturaz Araxes ibaiaren ertzean. Gunean badira aparkalekua, piknikgunea eta bainu-eremua.
Gune horren erabilera arautzeko, onetsi da ordenantza hau.
ORDENANTZA, BETELUKO "GOIKOLAKO BAINU-EREMUA" AISIALDIGUNEAREN ERABILERA ARAUTZEN DUENA
1. artikulua. Xedea eta aplikazio epea.
Ordenantza honek "Goikolako bainu-eremua" aisialdigunearen erabilera arautzen du –zeina baitago 2. poligonoko 897. eta 881. lurzatietan–, eta haren aplikazio epea urte osokoa da,
Erabiltzaileek kontuan hartu beharko dute guneak aipatu lurzatiak baino ez dituela barne hartzen, eta debeku dela eremu mugakideetara edo inguruetako eremu hesitu eta itxietara sartzea, titulartasun pribatukoak baitira.
2. artikulua. Beteluko Udalaren eskumena.
Ordenantza hau ematen da Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 84.1 artikuluan eta 139. artikulutik 141.era bitartean ezarritakoaren arabera, udalak dituen eskumenak erabiliz.
3. artikulua. Instalazioa erabiltzeko ordutegia.
Aisialdigunea eguneko 24 orduetan erabili ahal izanen da, baina erabat debekatuta dago eremuan kanpatzea edo gaua igarotzea.
4. artikulua. Bainu-eremua.
Bainatzea baimenduta dago seinaleztapenaren arabera ezarritako eremuetan.
Bainu-denboraldia urtero baimenduko da, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren urteko ebazpenean xedatutakoaren arabera.
Bainua ez dute ezein langilek zainduko; beraz, erabiltzaileek beren borondatez eginen dute beti, beren erantzukizunpean.
Ez dago baimenduta txakurrak sartzea uretan.
5. artikulua. Animaliak.
Aisialdigunearen erabiltzaileen lagun egiteko animaliek kontrolpean eta loturik egon beharko dute une oro, Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzko 19/2019 Foru Legearen 6.9 artikuluan ezarri bezala.
6. artikulua. Ibilgailuak.
Aparkatu behar da gainerako erabiltzaileei sartu eta ateratzeko maniobrak egiten uzteko moduan, bai eta gelditzen den espazioa ahalik eta hobekien erabiltzeko moduan ere.
Ibilgailuak zirkulazioa oztopatu gabe eta gainerako erabiltzaileentzat arriskurik sortu gabe gelditu eta aparkatuko dira.
7. artikulua. Kutsadura akustikoa.
Ez dago baimenduta erabiltzea megafonoak, bozgorailuak edo soinuak, ultrasoinuak edo zaratak sortzen dituzten tresnak, baldin eta bizilagunei eta erabiltzaileei enbarazu egiten badiete eta natura-ingurunea kaltetzen badute.
8. artikulua. Hondakinen autokudeaketa.
Gune hori kudeatzen da zero hondakineko eremu gisa.
Erabat debekatuta dago lurrera edo uretara botatzea edo uztea paperak, plastikoak, botilak, zigarrokinak, janari-hondarrak edo beste edozein hondakin organiko edo ez-organiko.
Erabiltzaileek beren hondakinen ardura hartu beharko dute.
9. artikulua. Sua.
Debeku da sua erabiltzea modu orotan, gasezko su txikiak, barbakoak edo gisakoak barne.
10. artikulua. Aulkiak, mahaiak edo bestelako altzariak paratzea.
Gunea erabiltzeko ordutegian soilik onartuko da aulkiak, mahaiak eta bestelakoak paratzea, eta beti bainu-eremutik urrun. Debeku da eguzkitakoak, karpak eta gisakoak erabili eta paratzea.
11. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.
–Hona hemen arau-hauste arinak:
a) Baimendutako aparkalekuetatik kanpo aparkatzea.
b) Aparkalekuan aulkiak, mahaiak eta halakoak jartzea.
c) Gaua igarotzea.
d) Lagun egiteko animaliak aske eramatea bainurako egokitutako eremuan.
e) Lagun egiteko animaliek espazio publikoetan utzitako gorozkiak ez biltzea.
f) Lurrera edo uretara botatzea edo uztea paperak, plastikoak, botilak, zigarrokinak, janari-hondarrak edo beste edozein hondakin organiko edo ez-organiko.
–Hona hemen arau-hauste astunak:
a) Arau-hauste arinetan berrerortzea.
–Hona hemen arau-hauste oso astunak:
a) Arau-hauste astunetan berrerortzea.
12. artikulua. Zehapenak.
Arau-hauste arinak 60 eurotik 150 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira; astunak 151 eurotik 600 eurora bitartekoekin, eta oso astunak 601 eurotik 3.000 eurora bitartekoekin.
13. artikulua. Xedapen orokorrak.
Ordenantza honen aurkako egiteak eta ez-egiteak arau-hauste administratibotzat joko dira eta bertan jasotakoaren arabera zehatuko dira.
Beteluko Udalaren eskumenekoak ez diren arau-hausteak dagokion administrazio eskudunari igorriko zaizkio.
Iragarkiaren kodea: L2410931