160. ALDIZKARIA - 2024ko abuztuaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

117C/2024 EBAZPENA, uztailaren 2koa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, Idea Servicios Socio Sanitarios SL enpresaren José Ramón Zalduendo egoitzarako (Caparroso) hitzarmen kolektiboa erregistratu, gordailatu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.

Aztertu da Idea Servicios Socio Sanitarios SL enpresak José Ramón Zalduendo egoitzarako (Caparroso) aurkeztutako hitzarmen kolektiboaren testua (kodea: 31101841012021), zeina erregistro honetan 2024ko maiatzaren 27an sartu baitzen, 2024ko otsailaren 26an enpresaren eta sindikatuen ordezkariek sinatu ondoren.

Bat etorriz Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onetsi zuen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege-dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. ataletan eta Hitzarmen kolektiboak, laneko akordio kolektiboak eta berdintasun planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoarekin,

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.–Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzea Idea Servicios Socio Sanitarios SL enpresak José Ramón Zalduendo egoitzarako (Caparroso) aurkeztutako hitzarmen kolektiboa (kodea: 31101841012021).

Bigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila xedatzea, orok jakin dezan.

Hirugarrena.–Ebazpen hau eskatzaileari jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpenak ez diola amaiera ematen administrazio bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal diola Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Iruñean, 2024ko uztailaren 2an.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.

Caparroson, 2024ko otsailaren 26an.

AGERTU DIRA:

Alde batetik, Cristina Patier Bernardez andrea, IDEA Servicios Sociosanitarios SL enpresaren ordezkari gisa.

Eta, bestetik, Leticia España Fernandez andrea, Caparrosoko lantokiko langileen delegatu gisa.

Bi alderdiek duten ordezkaritza aitortzen diote elkarri, eta behar diren deliberazioen ondoren,

ERABAKI DUTE:

Hitzarmen kolektibo hau formalizatzea aipatutako Caparrosoko lantokirako.

IDEA SERVICIOS SOCIOSANITARIOS SL ENPRESAREN JOSÉ RAMÓN ZALDUENDO EGOITZARAKO (CAPARROSO) LAN HITZARMEN KOLEKTIBOA

I.–APLIKAZIO-EREMUA

1. artikulua. Lurralde eremua.

Enpresa hitzarmen hau Caparrosoko José Ramón Zalduendo egoitzako langile guztiei aplikatuko zaie, hots, finkoei, behin-behinekoei eta bitartekoei, titulua dutenei eta ez dutenei, baldin zentro horretan lanean ari badira indarra duen legedian ezarritako edozein kontratu motaren bitartez.

Bazter utzi dira, berariaz, erlijio zerbitzua ematen duten pertsonak eta, orobat, Caparrosoko José Ramón Zalduendo egoitzarekin zerbitzuak emateko errentamendu kontratuak sinatuak dituzten enpresetako plantilletan dauden langileak.

2. artikulua. Indarraldia, salaketa eta osotasunarekiko lotura.

Hitzarmen hau 2023ko urtarrilaren 1etik 2025eko abenduaren 31 bitarterako da.

Hitzarmenaren indarraldia iraungitzearekin batera, salatutzat hartuko da, eta sinatu duten alderdiek, edo unean-unean legez ordezkatzen dituzten pertsonek, konpromisoa hartzen dute beste hitzarmen kolektibo baterako negoziazioa 2025eko hurrengo hiru hilabeteetan hasteko. Dena dela, akordio berariazkorik lortu bitartean, hitzarmen honen testu arau-emaileak indarrean segituko du.

Hitzarmen honetan bildutako klausulei atxikitzeak berekin dakar den-denak onartzea; beraz, ezinezkoa da artikulu bakar batzuei atxikitzea eta, besteetan, aplikatzekoa den estatuko edo probintziako hitzarmenari atxikitzea.

II.–LANGILEEN SAILKAPENA

3. artikulua. Lanbide sailkapena.

Eginkizunen arabera, langileak talde edo kategoria hauetan sailkatuko dira:

1. taldea: Goi mailako teknikariak.

1.1. Zentroko zuzendaria.

1.2. Medikua.

2. taldea: Erdi mailako teknikariak.

2.1. Erizaintzako unibertsitateko diplomaduna / Osasun laguntzaile teknikoa.

2.2. Gizarte laneko diplomaduna / Gizarte laguntzailea.

2.3. Fisioterapeuta.

2.4. Terapeuta.

3. taldea: Teknikari laguntzaileak.

3.1. Monitore okupazionala.

3.2. Erizaintzako laguntzailea / Zaintzailea.

3.3. Laguntzailea.

4. taldea: Administrazioko langileak.

4.1. Administrari-ofiziala.

4.2. Administrari laguntzailea.

4.3. Harreragilea / Monitorea.

5. taldea: Zerbitzu osagarrietako langileak.

5.1. Koordinatzailea.

5.2. Mantentze-lanetako langilea / Gidaria.

5.3. Zerbitzu anitzetako langileak - Garbiketa / Ikuztegiko langileak.

5.4. Sukaldaria.

5.5. Zerbitzu anitzetako langileak.

5.6. Ile-apaintzailea.

Artikulu honetan aipatzen den langileen sailkapena adibide gisara eman da. Beraz, zentroaren beharrak eta tamaina direla-eta beharrik ez badago, ez da nahitaezkoa lanpostu mota guztiak beteta izatea eta, aitzitik, hitzarmen kolektiboaren indarraldian lanbide kategoria berriak sortzen ahal dira, zerbitzu asistentziala zuzen emateko beharrezkoa bada.

4. artikulua. Lanbide kategorien definizioa eta eginbeharrak.

Zentroko zuzendaria.

Zentroko arduraduna da.

Zentroko plantilla osatzen duen diziplina anitzeko taldeko langile guztien burua da. Zentroko arlo guztietan egin beharreko jarduerak planifikatu, koordinatu, banatu eta gainbegiratzea dagokio, zentroaren funtzionamendua egokia izan dadin eta enpresa jardueraren helburuak bete daitezen:

–Arlo guztiak zuzenduko ditu, kasuan kasuko arduradunekin lankidetzan.

–Arlo bakoitzeko arduradunekin batera, eta zentroko langileen ordezkariekin hitz egin ondoren, urteko lan egutegiak eta arlo bakoitzeko zerbitzuak finkatuko ditu, zerbitzuak kalitatezkoak eta eraginkorrak izan daitezen.

–Langile eta egoiliarrentzako barne araudiak betetzen direla begiratuko du.

–Zentroan egunero ematen diren lan agindu guztiak jakin eta onetsiko ditu.

–Arloetako arduradunekin bilerak sustatuko ditu, aholkuak emateko eta zentroaren funtzionamendua, oro har, egokia dela egiaztatzeko.

–Langile guztiak motibatuko ditu, lan giro ona sortzeko, horrelako zerbitzu enpresa batean ezinbestekoa baita hori.

–Arlo guztietako lan planak gainbegiratu eta onetsiko ditu.

–Arlo guztietan, egoiliar bakoitzaren helburuak gainbegiratu eta onetsiko ditu.

–Egoiliarrekiko eta familiekiko harremanak zainduko ditu, zentroak ematen dituen zerbitzuetan konfiantza eta segurtasuna izan dezaten.

–Egoiliarrak zentroaren bizimoduan ahalik eta egokien egokitu eta integratzeko bideak gainbegiratuko ditu.

–Jardueren arloko langileekin eta eratzen diren lan taldeekin elkarlanean, jardueren plan orokorra prestatuko du, egoiliarren gaitasun eta ezaugarrien arabera.

–Aurrekontu-kontrolaren arduraduna izanen da, zentroaren funtzionamendu gastuen jarraipena eginez.

–Erakunde ofizialekin harremanak izanen ditu, informazioa emateko egiten diren eskaera guztiei erantzunez.

Medikua.

Zentroko zuzendaritzaren menpe dago zuzenean.

–Osasun arloaren funtzionamenduaren arduraduna da, zentroko zuzendari kudeatzailearen aurrean.

–Zuzendari kudeatzailearekin batera, bere arloari dagozkion auzi guztiak bideratuko ditu.

–Egoiliarrak zentroan sartzen direnean jasotzen den informazioa aintzat hartuz, bakoitzaren historia klinikoa prestatuko du, egoiliarren osasuna behar bezala zaintzeko behar diren tratamendu, segimendu eta kontrolak ezarriz.

–Erizainen eguneroko lan planak zehaztuko ditu.

–Erizaintzako laguntzaileentzat eta zaintzaileentzat erizainek prestatzen duten lan plana egiaztatu eta gainbegiratuko du.

–Zentroko diziplina anitzeko taldearekin elkarlanean arituko da, zentroan ahalik eta girorik onena izan dadin, horrela egoiliarrak hobeki integratuko baitira.

–Higienearen eta segurtasunaren arloko neurriak betearaziko ditu, baita zentroko zerbitzu bakoitzerako finkatutako osasun neurriak ere (ikuztegia, sukaldea, etab.).

–Zentroko zuzendaritzarekin eta jardueren arloko langileekin elkarlanean, jardueren plan orokorra prestatzen lagunduko du.

–Zuzeneko laguntza ematen duten langileentzako prestakuntza planak prestatzen lagunduko dio zentroko zuzendari kudeatzaileari, bakoitzaren lanbide kategoriaren arabera.

–Zentroko zuzendari kudeatzaileak finkatzen dituen ikerketa planetan lagunduko du.

–Zentroan egon beharreko orduetatik kanpora, sakelako telefonoaren bidez lokalizatzeko moduan izanen da.

Gizarte laneko diplomaduna / Gizarte laguntzailea.

Zentroko zuzendari kudeatzailearen menpe, ondoko eginkizun hauek dituen profesionala da:

–Zentroko gizarte lana planifikatu eta antolatzea, helburuak egoki programatuz eta lana arrazionalizatuz.

–Egoiliarren alderdi soziala ikertzeko azterlanak egitea edo horrelakoak prestatzen laguntzea.

–Bere eginkizunei dagozkien administrazio lanak egitea eta egoiliarren gizarte egoerari buruzko txostenak eta zentroko zuzendari kudeatzaileak eskatzen dizkionak prestatzea, zentroan berean eta kanpoan dauden baliabideei buruzko informazioa emanez eta egoiliarren egoera pertsonalaren, familiarraren eta sozialaren balorazioa eginez.

–Egoiliarren gizarte arazoak gizarte lanaren bidez konpontzea (banaka, taldeka eta lan komunitarioa).

–Egoiliarrak zentroko bizitzan eta beren ingurunean integratu eta parte hartzeko ekimenak sustatzea.

–Batzorde teknikoetan parte hartzea.

–Egoiliarrek berek konpon ezin dituzten arazoak konpontzeko behar diren kudeaketak egitea.

–Egoiliarrei laguntzeko banakako programak prestatzeko eta orientabideak emateko lanbide anitzeko taldeak egiten dituen bileretan parte hartzea.

–Aurreko zerrendan ez badago ere, zuzendari kudeatzaileak eskatzen dion beste edozein eginkizun, bere lanbidearen eta prestakuntza teknikoaren esparruan baldin badago.

Erizaintzako diplomaduna / Osasun laguntzaile teknikoa.

Zentroko medikuaren eta zuzendari kudeatzailearen menpe, honako eginkizun hauek dituen profesionala da:

–Egoiliarrak zaindu eta haiei arreta ematea, bakoitzaren behar pertsonaletan eta behar orokorretan.

–Botikak prestatzea, medikuaren aginduei jarraikiz.

–Erizaintzako laguntzaileen eta zaintzaileen lan plana egunero finkatu eta gainbegiratzea.

–Sendaketak egitea.

–Odol presioa, tenperatura eta antzekoak hartzea.

–Odola ateratzea, laborategian analizatzeko.

–Egoiliarren historia klinikoetan bere eginkizunekin zerikusia duten datuak jasotzea.

–Material medikoa eta bestelakoa gainbegiratu, zaindu eta garbitzea.

–Farmaziari eskaerak egitea eta botikak kontrolatzea.

–Zentroko lanbide anitzeko taldearekin bilerak egitea, zuzendari kudeatzaileak egoki ikusten duen guztietan.

–Erizaintzako laguntzaileekin eta zaintzaileekin bilerak egitea, lanbideko prestakuntzarako eta birziklatzeko.

–Bazkari eta afarietan, zentroko medikuak finkatutako dietak zorrozki betetzen direla zuzenean gainbegiratzea.

–Erizaintzako laguntzaileek eta zaintzaileek lan plana egoki betetzen dutela gainbegiratzea eta gertatzen diren gorabeheren berri ematea zuzendari kudeatzaileari.

–Ohiturak hartzeko eta jokabideak aldatzeko xedez teknikariek prestatzen dituzten programetan laguntzea.

–Laneko txandan izandako gorabeheren berri ematea zentroko medikuari eta zuzendari kudeatzaileari.

–Beste nagusirik ez dagoenean, erizaintzako laguntzaileek, zaintzaileek eta egoiliarrek zintzo jokatzen dutela begiratzea eta ordena egokiari eustea.

–Eginkizun horiez gain, behar izanez gero, egoiliarrak zaintzeko beste lan batzuk ere egin beharko ditu, betiere medikuak aginduta.

Fisioterapeuta.

Zentroko medikuaren eta zuzendari kudeatzailearen menpe, honako eginkizun hauek dituen profesionala da:

–Agintzen diren tratamendu eta errehabilitazio teknikak egitea.

–Eskatzen zaionean, zentroko lanbide anitzeko taldean parte hartzea, bere lanbide espezializazioarekin zerikusia duten probak edo balorazioak egiteko.

–Egiten duen tratamenduaren aplikazioaren segimendua eta ebaluazioa egitea.

–Bere espezialitateko tratamenduaren aplikazioa ezagutzea, ebaluatzea eta horren berri ematea eta, behar izanez gero, aldatzea, kanpoko baliabideak erabiliz.

–Bere espezialitateko baliabideak ezagutzea lurralde eremuan.

–Zentroan deitzen diren batzarretan eta lan-saioetan parte hartzea.

–Egoiliarren familiei eta erakundeei argibideak eta prestakuntza emateko antolatzen diren programetan laguntzea, bere eskumeneko gaietan.

–Laguntza behar duten profesionalei aholku ematea eriak mugitzeko jarraibideen gainean eta fisioterapiako teknikak erabiltzen dituzten tratamenduen gainean.

–Tratamenduak aztertu eta haien segimendua eta ebaluazioa egiteko zentroetan egiten diren lan-saioetan parte hartzea.

Oro har, eginkizun horiekin zerikusia izanik eskatzen zaizkion bestelako lanak, zerrenda honetan agertzen ez badira ere.

Terapeuta.

Zentroko arduradunaren edo zuzendariaren menpe dago zuzenean, eta eginkizun hauek ditu:

–Zentroko jardueren plan orokorrean parte hartzea.

–Terapia okupazionalari dagozkion esku-hartzeak egitea, hala nola oinarrizko eguneroko bizitzako jarduerak eta jarduera instrumentalak, lana, hezkuntza, aisia eta parte-hartze soziala entrenatzea, mantentzea eta garatzea. Era berean, erabiltzaileak errehabilitatzea / gaitzea, ingurunearekin erlazionatzeko edo jarduera okupazionalak egiteko gaitasunak berreskuratzea edo mantentzea, eta ortesiak, protesiak eta laguntza-produktuak egitea, egokitzea eta haien erabilera entrenatzea.

–Zentroko erabiltzaileen aisialdiko eta denbora libreko arloetan parte hartzea.

–Diziplina anitzeko gainerako taldearekin batera, parte hartzea zentroko erabiltzaileen errekuperazio- edo laguntza-prozesuaren ebaluazioan eta jarraipenean.

–Bere eskumeneko gaietan laguntzea (okupazio-arloen errehabilitazioa, laguntza-produktuak agintzea, egokitzapenak, irisgarritasuna, ergonomia, ekonomia artikularra, mobilizazio funtzionala eta erakundeen erabiltzaileen familiei informazioa ematea), erakundeen erabiltzaileen familiei prestakuntza eta informazioa emateko egiten diren programetan.

–Hitzarmena sinatzen den unean egiten duen beste edozein lan, bai eta modu iraunkorrean taldez aldatzea eragiten ez duten zereginak ere. Izan ere, landa egoitza denez, lankidetzan aritu behar du eguneroko zereginetan zaintzaileekin eta osasun-langileekin, lankidetza eskatzen zaionean, baina horrek galarazi gabe lanpostuaren funtsezko edukia terapeutarena izatea.

Monitore okupazionala.

Medikuaren, OLTen, psikologoaren eta zentroko zuzendari kudeatzailearen menpe dago zuzenean eta eginkizun hauek ditu:

–Egoiliarren nortasunari, adimenari eta gaitasunei lotutako alderdiak aztertzea, diagnostikatzea eta baloratzea.

–Jardueren plan orokorra prestatzea eta gauzatzea.

–Egoiliar bakoitzak bere arloan dituen helburu berariazkoak finkatzea.

–Egoiliarren alderdi psikologikoaren bilakaeraren segimendua egitea eta zuzendari kudeatzaileak eskatzen dizkion txostenak prestatzea.

–Barneko eta kanpoko jarduerak garatzea.

–Erizaintzako laguntzaileei / zaintzaileei aholku ematea, jardueren plan orokorrean parte har dezaten.

–Eginkizun horiez gain, behar izanez gero, egoiliarrak zaintzeko beste lan batzuk ere egin beharko ditu, betiere zentroko zuzendari kudeatzaileak aginduta.

Erizaintzako laguntzailea / Zaintzailea.

Zentroko medikuen, erizainen eta zuzendari kudeatzailearen menpe, laguntza lanak egiten dituen langilea da. Lan horiek desgaitasuna duten egoiliarrei eguneroko eginkizunetan laguntzekoak izan daitezke (osasun arlokoak izan ezik), edo egoiliarrek beren kasa baliatzeko errekuperazio edo ohitze prozesuetan laguntzekoak. Azkeneko kasu horretan, kasuan kasuko profesionalekin elkarlanean arituko da, haiek ematen dituzten jarraibideekin bat.

Egoiliarrei zuzeneko arreta ematea dagokio.

Hauek dira bere eginkizun nagusiak:

–Egoiliarrei arreta eman eta laguntzea eguneroko bizitzako jarduera guztietan, beren desgaitasuna dela-eta bakarrik egiterik ez badute.

–Egoiliarrei laguntzea garbiketa eta higiene pertsonalerako eginkizunetan eta behar fisiologikoetan.

–Janaria jaso eta banatzea, eta behar duten egoiliarrei ahora ematea.

–Egoiliarren egoeran atzematen dituen gorabeherak eguneroko laneko partean jasotzea eta txandako erizainari jakinaraztea.

–Egoiliarrek botikak ahotik nahiz uzkitik hartu behar dituztenean erizainari laguntzea, baita konstanteak eta diuresiak neurtzen eta laborategian analizatuko den gernu-lagina jasotzen ere.

–Osasun materiala eta bestelakoa eta lanean erabiltzen diren gelak garbitu eta zaintzea.

–Zuzeneko laguntzako gainerako langileekin batera, jardueren plana gauzatzen laguntzea.

–Egoiliarren post-mortem zainketetan laguntzea.

–Ustekabeko larrialdietan, egoiliarrei osasun zentrora laguntzea.

–Egoiliarrak etenik gabe zaintzea.

–Egoitzako zuzendari kudeatzaileak deiturik, bere lan ordutegian egiten diren bileretara joatea.

–Eginkizun horiez gain, behar izanez gero, egoiliarrak zaintzeko beste lan batzuk ere egin beharko ditu, betiere medikuak, OLTek edo zentroko zuzendari kudeatzaileak aginduta.

–Jantokiak muntatu eta desmuntatzea: mahaiko tresnak eta zapiak jartzea eta kentzea.

Laguntzailea.

Zuzendari kudeatzailearen, medikuaren edo txandako erizainaren agindupean, laguntzaile lana eginen du egoiliarrek zentrotik atera behar dutenean, ospitalera, kontsulta programatuetara, larrialdiko bisitetara, tramite ofizialak egitera eta abar.

Joan-etorri horietan egoiliarrak zuzenean zaintzeaz arduratuko dira (arreta, laguntza, garbiketa eta higiene pertsonala, behar fisiologikoak, jaten ematea, zaintzea eta joan-etorriak iraun bitartean egoiliarrek behar edo eskatzen duten beste edozein laguntza).

Administrari-ofiziala.

Zentroko zuzendari kudeatzailearen edo hark eskuordetzen duen pertsonaren menpe, eginkizun hauek egiten dituen langilea da:

–Kontabilitateko plantillak zuzen eta garaiz prestatzea (egunero, beharrezkoa bada) zuzendari kudeatzaileak finkatutako jarraibideekin bat, eta haiek kontabilizatzea.

–Langileen espedienteak kudeatzea eta eguneratuta izatea, eta ezarritako lan egutegia eta laneko absentziak kontrolatzea.

–Egoiliarrek zentroan bizitzera sartzen direnean aurkeztu behar duten dokumentazioa zuzen dagoen begiratzea.

–Biltegietako hilabeteko inbentarioa egiten laguntzea koordinatzaileari / ikuskatzaileari.

–Egoiliarrek dirua gordetzeko duten diru kutxa egunero kontrolatzea.

–Behar diren gauza guztien eskaera egitea, arloko arduradunek eskaturik.

–Egoiliarren mediku aldaketa egiteko behar diren izapidek egitea.

–Farmazia laguntza eskatzea horrelakorik ez duten egoiliarrentzat.

–Langileak kontratatzeko behar den dokumentazio guztia prestatzea.

–Hilabeteko nominak egiaztatzea.

–Zentroan sartzen diren eta kontsumitzen diren produktuak kontrolatu eta erregistratzea eta horien zerrendak zuzendari kudeatzaileari ematea, onetsi eta gero artxibatzeko.

–Agirien artxiboa eguneratuta izatea (albaranak, fakturak, banku agiriak eta abar).

–Fotokopiak egitea, eskaera guztiek arloko arduradun baten edo zuzendari kudeatzailearen oniritzia dutela begiratuz, eta hilean-hilean egindakoen laburpena prestatzea.

–Praktiketako langileen kontrolerako sinadurak kontrolatzea.

–Kutxako diruaren, telefonoaren eta harrera zerbitzuaren kontrola eramatea.

–Zentroko departamentu guztientzako koadernoak prestatzea eta plantilla aski duten begiratzea.

–Hilero, langileen kontrol fitxak prestatzea eta fitxategian ordena alfabetikoaren arabera artxibatzea.

–Farmaziako eskaerak egitea, erizainen jarraibideekin bat, eta egoiliarrentzako kanpo kontsultetarako hitzorduak eskatzea.

–Langileen orduak kontatzea, atzerapen eta ez-agertzeak apuntatzea eta orduak administrazioko ordenagailuan jasotzea.

Administrari laguntzailea.

Administrari-ofizialaren eta zentroko zuzendari kudeatzailearen edo hark eskuordetzen duen pertsonaren menpe, administrari-ofizialak eskuordetu edo adierazten dizkion administrazio eta harrera lanak egiten dituen langilea da.

Harreragilea.

Administrari-ofizialaren menpe dago zuzenean eta, oro har, zentroko zuzendari kudeatzailearen menpe. Hauek dira bere eginkizunak:

–Zentrora joaten diren bisita guztiei harrera egitea, arreta adeitsua eta xaloa ematea eta kasuan-kasuan behar den zentroko arduradunarengana eramatea.

–Telefono deiak hartu eta egitea, eta dagokion pertsonari bideratzea.

–Egoiliarrek zentrotik kanpoko harremanetarako egiten dituzten eskaerei kasu egitea.

–Administrari laguntzaileari laguntzea fotokopiak egiten, idazkiak garbira pasatzen, memoriak prestatzen edo zentroko zuzendari kudeatzaileari egoki iruditzen zaizkion bestelako lanetan.

Koordinatzailea / Gainbegiralea.

Zentroko zuzendaritzaren menpe, honako eginkizun hauek dituen langilea da:

–Zentroko zuzendaria ordeztea, hura kanpoan denean.

–Zuzendariarekin batera, bere arloari dagozkion auzi guztiak bideratzea.

–Egoitzaren eta zerbitzu orokorren funtzionamenduaren arduraduna da, zentroko zuzendaritzaren aurrean.

–Behar bezala identifikaturik joanen da, eta enpresak emandako laneko jantziak soinean dituela.

–Zuzendaritzarekin eta zuzendaritza taldeko gainerako kideekin bilerak egitea, zentroko funtzionamenduaren inguruko ohiko lanak jorratzeko.

–Zentroko hornigaiak antolatu eta kontrolatzea, hau da, sukaldekoak, ikuztegikoak, garbiketakoak eta osasun materialaz kanpoko gauzak.

–Instalazioen erabilera eta kontsumoa egokia dela gainbegiratu eta kontrolatzea.

–Zuzendaritzarekin batera, bere ardurapeko langileen lan ordutegiak finkatzea, egoitzaren funtzionamendua egokia eta zentzuzkoa izan dadin.

–Sukaldeko, ikuztegiko eta garbiketako zerbitzua eta, oro har, zentro osoa egoera onean dagoela kontrolatzea.

–Janariak medikuaren aginduei jarraikiz ontzen direla kontrolatzea.

–Mantentze-lanetako langileen lanak kontrolatzea.

–Laguntza zuzena ematen duten langileen, egoiliarren eta familiakoen artean giro ona sustatzea, egoiliarrak erabat integra daitezen zentroaren jardunean.

–Egoitzako langileek portaera, gizabide eta heziketa arau oinarrizkoak bete ditzaten begiratuko du, elkarbizitza harmoniatsua izateko giro egokiena lortzeko asmoz.

–Ile-apaintzailearen lan plana antolatzea.

Mantentze-lanetako langilea / Gidaria.

Koordinatzailearen/gainbegiralearen menpe, honako lan hauek egiten dituen langilea da:

–Zentroko aparatu eta instalazioak eta kanpoaldekoak kontserbatzea, kontrolatzea, konpontzea eta haien mantentze-lanez arduratzea.

–Bere arduradunak beharrezkotzat hartzen dituen kudeaketak egitea zentrotik kanpora.

–Egoiliarrak kanpoko kontsulta medikoetara eramatea eta gidari lana egitea kanpo jardueretan.

–Zentroan hartzen den material guztia jaso eta behar den tokira eramatea.

–Garbiketa lanak osatzen laguntzea, bere arduradunak adierazten duenaren arabera.

–Makinen aretoa, instalazioak, elektrizitate-panelak, transformadoreak, tailerrak eta antzekoak txukun edukitzea, horietan egon behar ez duten materialak pilatu ez daitezen.

–Zentroko aisialdiko jarduerak behar bezala gauzatzeko erabiltzen diren oholtzak, agertokiak, eserlekuak, zine-proiektorea, bozgorailuak eta abar muntatu eta desmuntatzea eta horien funtzionamenduaz arduratzea.

–Egoiliarrak eta erabiltzaileak kanpoko kontsulten zentroetara, ospitaleetara eta zentroko zuzendari kudeatzaileak agintzen duen beste toki batzuetara eraman eta ekartzea.

Zerbitzu anitzetako langileak - Garbiketa / Ikuztegiko langileak.

Koordinatzailearen / gainbegiralearen menpe, honako lan hauek egiten dituen langilea da:

–Zentroko eremu guztiak garbi mantentzea, garbitasun, ordena eta higiene egoera ezin hobean.

–Lan egin bitartean ikusten dituen matxuren eta narriaduren berri ematea koordinatzaile / gainbegiraleari.

–Zentroko arropa zuria eta egoiliarren arropak garbitu, zaindu, konpondu eta lisatzea.

–Egoiliarren arropen identifikazio marketan ikusten dituen akatsak koordinatzaile / gainbegiraleari jakinaraztea.

–Sukalde zerbitzuari laguntzea otorduetan erabiltzen diren ontziak eta mahai tresnak garbitzen.

–Arropa zuria eta bestelakoa zentroak dituen biltegietan eta egoiliarren armairuetan banatzea.

Sukaldaria.

Koordinatzaile / gainbegiralearen menpe dago zuzenean eta eginkizun hauek dagozkio:

–Menu orokorra eta medikuak agindutako dietak prestatzea eta behar bezala ontzea.

–Janaria gurdietan jartzea, gero banaketa egin dadin.

–Lanean erabiltzen dituen plater eta tresna guztiak garbitzea, garbiketako langileekin batera.

–Sukaldea, despentsa, hozkailuak eta sukaldeko tresna guztiak ongi ordenaturik eta egoera ezin hobean edukitzea.

Ile-apaintzailea.

Zentroko koordinatzaile / gainbegiralearen menpe dago zuzenean.

–Koordinatzaileak / gainbegiraleak finkatzen duen lan plana egitea, eta ilea apaintzea adierazten zaizkion egoiliarrei.

5. artikulua. Langileak kontratatzea.

Enpresak du zentrorako langileak kontratatzeko ahalmen esklusiboa, bai kontratatu finkoen kasuan eta bai aldi baterakoen kasuan.

Enpresan daramaten denboraren arabera sail hauetan banatzen dira langileak:

–Langile finkoak: lan egiteko modu iraunkorrean kontratatzen direnean.

–Aldi baterako langileak: denbora jakin baterako kontratatutakoak, Langileen Estatutuan indarrean dagoen aldi baterako kontratazioaren arabera.

–Ordezkoak: aldi baterako ezintasunaren egoeran, oporretan edo enpresak lanpostua erreserbatu beharra duen beste egoera batean dauden langileen ordez jarduten duten aldi baterako langileak.

Aldi baterako langileak finko eginez gero, aldi baterako langile gisa emandako denbora aintzat hartuko zaie, bai probaldiaren ondorioetarako, bai antzinatasunaren ondorioetarako.

Kontratazioak indarra duen araudiari jarraikiz eginen dira, oro har.

6. artikulua. Probaldia.

Langile sartu berriek probaldi bat pasatu beharko dute, zeina ez baita luzeagoa izanen hurrengo eskala honetan adierazten dena baino:

a) Goi mailako teknikariak: hiru hilabete.

b) Erdi mailako teknikariak: hiru hilabete.

c) Teknikari laguntzaileak: bi hilabete.

d) Administrazioko, zerbitzu osagarrietako eta kualifikaziorik gabeko gainerako langileak: hamabost egun.

Probaldian alderdiek bertan behera uzten ahalko dute kontratua, kalte-ordainerako eskubiderik gabe. Probaldia pasatuta, kontratuak ondorio guztiak sortuko ditu.

Langilea aldi baterako ezintasun egoeran suertatzen bada probaldian, denbora tarte hori ez da probaldiaren barne hartuko, alderdiak ados jartzen badira, betiere.

Aurretik behin-behineko, aldi baterako edo bitarteko gisa lan egin duten langileek, probaldia gainditu baldin bazuten, ez dute berriro igaro beharrik, azkeneko kontratazioa kontratu berriaren data baino bi hilabete lehenago egin baldin bazen gehienez.

7. artikulua. Lan kontratuaren azkentzea.

Lan kontratua Langileen Estatutuan edo horren ordezko arauetan legez ezarritako arrazoiengatik azkenduko da.

Langileari dagokio erretiroa hartzea erabakitzea, betiere legezko baldintzak beteta. Edonola ere, errespetatuko dira Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalean 2013ean erregistratu ziren erretiro partzialeko hitzarmenak.

Enpresatik borondatez alde egin nahi duen langileak gutxienez hamabost egun lehenagotik abisatu beharko du. Epe hori betetzen ez badu, aurreabisurako epea bete arte falta diren egunei dagokiena kenduko zaio likidaziotik.

Enpresak abisua behar den denboran eta moduan jasotzen badu, langileari lan harremanaren bukaeran dagokion likidazioa ordaintzera behartua egonen da. Betebehar hori betetzen ez badu, langileak eskubidea izanen du bi eguneko soldata jasotzeko likidazioaren ordainketan atzeratutako egun bakoitzeko.

8. artikulua. Lanbide igoera.

Enpresako langile guztiek lehentasunezko eskubidea izanen dute edozein lanbide taldetan sortzen diren lanpostu hutsak betetzeko, baldintza berberetan.

III.–LANALDIA ETA OPORRAK

9. artikulua. Lanaldia.

Honako hau izanen da urteko benetako lanorduen kopurua:

–2023. urtea: 1.679 ordu.

–2024. urtea: 1.672 ordu (-7h).

–2025. urtea: 1.672 ordu.

10. artikulua. Lan egutegia.

Urteko lehen hilabetean, enpresak lan egutegi bat prestatuko du, txandak eta ordutegiak zehaztuta. Egutegi hori hiru hilean behin berrikusten ahalko da.

Nolanahi ere, hiruhileko berrikusketaren ondoren urteko egutegia aldatzen bada, zahar egoitzako zuzendaritzak zentroko langileen ordezkariei eskatu beharko die lan egutegiaren gaineko txostena egin dezatela, zerbitzu bakoitzaren beharrak oinarri harturik, akordioa beharrezkoa izaki, betiere egoiliarrei ahalik eta arretarik onena ematearren.

Nolanahi ere, eutsi eginen zaie urteko egutegia eta txanden egutegia egoiliarren kopurura egokitzeko usadioei eta ohiturei.

11. artikulua. Aparteko orduak.

Arau gisa, ohiz egiten diren aparteko orduak kenduko dira.

Ustekabeko eta presako arrazoiengatik sortzen diren beharrak ordezkapenen bidez betetzea ezinezkoa den kasuetan, eta, baldin eta langileak borondatez onartzen badu, ordu gehiago egiten ahalko dira, eta gero, konpentsazio gisa, dagokion atseden-denbora emanen zaio langileari.

Ezinbestez egin behar badira, dagokion ordaina ohiko orduaren % 175ekoa izanen da gutxienez; diru konpentsazioa eman beharrean ordu konpentsazioa lehenetsiko da. Edonola ere, enpresak urte bakoitzeko urtarrilaren 15a baino lehenago egin dezake atseden bidezko konpentsazioa.

Langileari dagokio aparteko orduen ordainketa edo atsedena hautatzea.

Lanaldi partzialeko langileek ordu osagarriak egiten ahalko dituzte Langileen Estatutuan ezarritakoaren arabera.

12. artikulua. Atsedenaldiak.

Lanaldiaren bukaeratik hurrengo lanaldia hasi bitartean segidan 12 ordu pasatuko dira gutxienez.

Langile guztiek astean egun eta erdiko atsedenaldia egiteko eskubidea dute, etenik gabe, edo legez ezartzen den denborakoa.

Eguneko lanaldia sei ordutik gorakoa den guztietan, langileek hogei minutuko atsedenaldia izanen dute, norberaren lan planean agertu beharreko eguneroko programazioaren barrenean.

Atsedenaldi hori benetako lan denboratzat hartuko da.

13. artikulua. Oporrak.

Urteko oporraldia 30 egun naturalekoa da.

Oporraldiaren hasierako eguna langileek eta enpresak aurretik adostu beharko dute.

Langileek, lan egutegian finkatutako orduen eta hitzarmenean ezarritako orduen arteko aldea zenbatekoa den, horrenbeste ordu izanen dituzte opor gisa, betiere legezko araudian ezarritako gutxieneko oporraldia errespetatuz.

Urteko 30 egun naturaleko oporraldia 15 eguneko 2 epetan har daiteke. Adostasunik lortu ezean oporrak hartzeko egunei dagokienez, langileak 15 egun naturaleko epe bat aukera dezake, eta enpresak bestea.

Adostasunik ez badago, lehenengo urtean, antzinatasunaren arabera eginen da, eta hurrengo urteetan, txandaka. Hau da, zerrenda bat osatuko da, eta, hala, urte batean lehenbizikoz aukeratzen dutenak hurrengo urtean azkenak izanen dira, eta hurrengo urteetan berdin. Egoitzako lana eta oporrak errazago antolatzeko, 15 egun langileak berak aukeratuko ditu, eta 15 egun zuzendaritzak.

Oporren banaketa enpresak eta langileen ordezkariek ituntzen duten oporren egutegiari jarraikiz eginen da, eta egun horiek lansarien taularen arabera ordainduko dira. Horren ondorioetarako, larunbatak laneguntzat hartuko dira.

Oporren egutegia urteko lehenengo bi hilabeteetan finkatuko da.

Lan txanda berean, kategoria bakoitzean, aldi berean oporretan egoten ahalko dira langileen erdiak gehienez.

Enpresak langile baten oporrak baimenduz gero, hasi aurreko azkeneko hamabost egunetan ezin izanen dira aldatu. Ezinbesteko arrazoiengatik aldatu behar baldin badira, aldaketagatik sortzen zaizkion gastuak ordainduko zaizkio langile kaltetuari, gastu horien frogagiriak aurkeztu eta gero, eta beste 2 opor egunen konpentsazioa emanen zaio, betiere batzorde mistoak baimena emanda.

Oporraldian aldi baterako ezintasuna gertatuz gero, eta horren ondorioz langileak urte naturalean dagozkion oporrak hartzerik ez badu, ezintasuna bukatu ondoren hartzen ahalko ditu, ezintasuna sortu duen kontingentzia eta igarotako denbora edozein direla ere.

IV.–BAIMENAK, LIZENTZIAK ETA ESZEDENTZIAK

14. artikulua. Baimen ordainduak.

Langileek, ahalik eta denbora gehienarekin aldez aurretik abisatuta eta ondoren justifikatuta, baimena dute lanera ez agertzeko, benetako soldata indarduna eskuratzeko eskubidea galdu gabe, honako arrazoi hauetakoren bat tartean denean, eta kasu bakoitzean adierazten den denboraz:

a) Ezkontzeagatik edo izatezko bikotea osatzeagatik, Nafarroako bikote egonkorren erregistroan behar bezala erregistratuta, 15 egun. Egun horiek oporrei metatzen ahalko zaizkie, enpresarekin adostuta.

b) Emaztea edo bikotekidea erditzeagatik: 3 egun.

c) Ezkontideak, izatezko bikotekideak edo odol edo ezkontza bidezko bigarren mailarainoko ahaideek (izatezko bikotekidearen odol bidezko ahaideak barne) edo langilearekin etxe berean bizi den eta haren zaintza behar duen beste edozein pertsonak istripu edo eritasun larria baldin badute, ospitaleratu behar badute edo etxean atseden hartzea eskatzen duen ospitaleratzerik gabeko ebakuntza kirurgikoa baldin badute: bost egun. Kirurgia anbulatorioa egiten denean: egun bat.

d) Seme-alaben, ezkontidearen edo izatezko bikotekidearen heriotzagatik: 5 eguneko baimena; 150 km baino gehiago egin behar izanez gero, 7 egun.

e) Ohiko bizilekua aldatzea: egun bat.

f) Seme-alaben edo anai-arreben ezkontzagatik: egun bat.

g) Semearen edo alabaren bataioagatik eta jaunartzeagatik: egun bat.

h) Langileak gizarte segurantzako medikuaren kontsultara joan behar duenean, dela familia medikuarengana, dela espezialistarengana, behar den denbora emanen zaio; betiere, ezinezkoa bada kontsulta horietara lanorduetatik kanpo joatea eta medikuek baja-agiria edo kontsultaren ziurtagiria ematen badute. Aitari, amari edo seme-alabaren bati medikuarenera laguntzeko ere ateratzen ahalko dira lantokitik, kontsultara joateko behar den denboraz, eta betiere medikuaren ziurtagiria aurkeztuz.

i) Ezkontidea eta seme-alabak mediku espezialistengana laguntzea eta tratamendu onkologikorako bisita medikoak egitea, ezinbesteko denbora eta betiere Foru Komunitatean badira.

j) Nahitaezko eginbehar publiko eta pertsonal bat betetzeko: ezinbesteko denbora.

k) Bederatzi hilabetetik beherako haurrari esnea emateko: egunero ordu bat edo egiten duen lanaldiaren zati proportzionala. Langileak nahi izanez gero, horren ordez 30 minutuko bi geldialdi hartzen ahalko ditu egunero, aipatu aldiak irauten duen bitartean, edo lizentzia honengatik dagokion denbora haurdunaldiko lizentziari eransten ahalko dio. Baimen hori ezin izanen dute aldi berean hartu bi ezkontideek edo gurasoek.

l) Titulu akademiko bat lortzeko edo lanpostu bat eskuratzeko oposizio bat lortzeko asmoz Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak edota Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan, ofizial edo aitortuetan, izena eman duten langileek azterketetara eta gaitasun eta ebaluazio probetara joateko behar-beharrezkoa den denbora hartzen ahalko dute.

m) Legezko zaintza dela eta, langileren batek 12 urtetik beherako haur bat edo ordaindutako lanik egiten ez duen urritu fisiko, psikiko nahiz zentzumenezkoren bat bere kargu izanez gero (bigarren maila arteko ahaideak), eskubidea izanen du lanaldia murrizteko, zortziren bat gutxienez eta erdia gehienez ere, lansaria ere hein berean murriztuta.

n) Langile haurdunek eskubidea dute lanetik alde egiteko, lansaria izateko eskubidearekin, jaio aurreko azterketak eta erditzearen prestaketa teknikak egiteko. Horretarako, aldez aurretik enpresari abisatu egin behar zaio, eta horiek lanaldian egin beharra justifikatu.

Langile guztiek soldatarik gabeko 30 egun eskatzen ahalko dituzte urtero, gehienez, bost lanegun lehenagotik eskatuz gero. Baimen horiek hartuta, oporraldietarako finkatutako gutxieneko langile kopurua bermatzen bada, enpresak onartu beharko ditu.

Langile emakumezkoek, erdituz gero, 112 egun ordaindu hartzeko eskubidea izanen dute, beraiek nahi bezala banatuak, legez ezartzen diren epe eta baldintzetan.

15. artikulua. Ordu sindikalak.

Langileen ordezkari edo enpresa batzordeko kide bakoitzak 15 ordu izanen ditu hilean, bere beharren arabera banatuta.

Ordezkarien ordu sindikalak delegatu baten edo gehiagoren esku pilatzen ahal dira, erabiltzeari uzten dion delegatuaren baimena izanez gero. Kreditu hori erabiltzeko, nahikoa izanen da zuzendaritzari jakinaraztea langilea noiz egonen den lanpostutik kanpo eta noiz arte. Hori egin baino 24 ordu lehenago jakinarazi behar da, zentroa errazago antola dadin. Halaber, hala egin eta ondoko 48 lanorduetan justifikatu behar da, behar bezala, lantokitik kanpo egon izana.

Artikulu honetan adierazitako baimenak hartzen badira, ez da inolaz ere murriztuko 13. artikuluan ezarritako urteko opor egunen kopurua.

16. artikulua. Eszedentziak.

1. Eszedentzia borondatezkoa edo nahitaezkoa izaten ahal da. Nahitaezkoa, lanpostua gorde eta antzinatasuna kontatzeko eskubidea ematen duena, lanera joatea galarazten duen kargu publikoren baterako izendatu edo hautatua izateagatik emanen da. Lanera itzultzea kargu publikoa utzi eta hurrengo hilaren barruan eskatu beharko da.

2. Enpresan gutxienez urtebeteko antzinatasuna duen langileak eskubidea du borondatezko eszedentzia izateko, bi hilabeterako gutxienez eta bost urterako gehienez. Langile bat eskubide horretaz berriro baliatu ahal izateko, aurreko eszedentzia bukatu eta lau urte igaro beharko dira.

3. 2 eta 4 hilabete bitarteko eszedentzietan, muga izanen da gehienez ere aldi berean 2 pertsona egotea batera gainjarritako aldietan, zerbitzua beteta dagoela bermatuta betiere.

4. Langileek eskubidea izanen dute eszedentzia bat hartzeko, 3 urtetik gorakoa izanen ez dena, seme edo alaba bakoitza zaintzeko, Langileen Estatutuan eta harekin bat datozen arauetan ezarritakoaren arabera.

5. Eszedentzian dagoen langileak ez du beste eskubiderik enpresan hutsik dauden eta bere kategoriakoak edo antzekoak diren lanpostuetan sartu ahal izateko lehentasuna izatea baizik.

6. Negoziazio kolektiboaren bidez ezartzen diren beste egoera batzuetan ere hartzen ahal dute eszedentzia langileek, han ezarritako araubide eta ondorioekin.

17. artikulua. Ikastaroetan parte hartzea.

Enpresak, bere ekimenez edo langileek eskatuta, langileak bere lanbide jarduerari buruzko ikastaroetara, mintegietara, jardunaldietara edo antzekoetara joatea erabakiz gero, jarduera egiten den tokiraino joateko eta etortzeko gastuak eta mantenu eta ostatukoak ere bere gain hartuko ditu, baita izena emateko gastuak ere. Parte-hartzaileek behar bezala justifikatu beharko dituzte gastu horiek.

Enpresek hala eskatzen duten langileen eskura jarriko dute prestakuntzarako baimena eskatzeko eredua.

Enpresak baimena ukatzen badu, antolaketako edo produkzioko arrazoiak eman beharko ditu, eta langileari jakinarazi.

Enpresak, prestakuntza ikastaroen eskaeraren aurrean, langileari antzeko ikastaro bat eskaini diezaioke, eta horrek lehentasuna izanen du beste edozeinen gainetik. Bestelako aukerarik eskaini ezean, non ez den berariaz ukatzen aurretik adierazitako arrazoiengatik, 10 egun natural igaro ondoren eredu ofizialean eskaera egin denetik, ulertuko da onartzen dela eskatutako ikastarora joatea.

Enpresak sustatutako nahitaezko ikastaroetara joatea, ikastaroetan eta joan-etorrietan emandako denboraren % 100, benetan lan egindako denboratzat hartuko da.

Prestakuntza enpresak nahitaez egitera behartzen badu, benetako lan-orduetan egin beharko da nahitaez, eta, beraz, ordaindu egin beharko da.

Prestakuntza borondatezkoa bada, ez dira konpentsatuko ikastaroetan eta joan-etorrietan emandako orduak.

18. artikulua. Aldi baterako ezintasuna.

Laneko eritasun baten edo lan istripu baten ondoriozko aldi baterako ezintasun kasuetan, enpresak langileari eskubidez dagokion prestazioa bajaren lehenbiziko egunetik osatuko du, taulen araberako hileko soldataren gehi antzinatasun sariaren % 100 berdindu arte.

Langilea ospitaleratu behar izanez gero lan istripuagatik edo lanbide gaixotasunagatik, hileko oinarrizko soldataren gehi antzinatasun sariaren % 100 jasotzeko eskubidea izanen du, baina ospitaleratua egon bitartean bakarrik.

Haurdun dauden langileen kasuan, aldi baterako lan ezintasuna amatasun bajaren aurreko eritasun arrunt baten ondorioz baldin bada, haurdunaldiaren seigarren hilabetetik haurra jaio arte taulen araberako hileko soldataren eta antzinatasun sariaren % 100 ordaindu beharko dio enpresak. Osagarri hori ordaindu beharko da, orobat, aldi baterako ezintasuna haurdunaldiko arriskua dagoelako agintzen denean, mediku batek diagnostikatuta. Horrelakoetan, osagarria haurdunaldiko arriskua diagnostikatzen den egunetik aplikatuko da. Egun horrek baja-agiriaren datarekin bat etorri beharko du.

Eritasun arrunta edo lanekoa ez den istripua gertatuz gero, langileak oinarrizko soldataren gehi antzinatasun sariaren % 100 jasotzeko eskubidea izanen du aldi baterako ezintasunaren (ABE) lehenengo prozesua bitartean, hura gertatu aurreko urtean. Aldi baterako ezintasun egoeraren bigarren prozesuan % 90eko osagarria jasoko du, aipatutako baldintza betez gero. Gaixotasun arruntagatiko 3. bajan honela osatuko da: 4. egunetik 180. egunera aldi baterako ezintasuna osatuko da oinarrizko soldataren gehi antzinatasun sariaren % 80 arte (1. egunetik 3.era ez da osatuko). Gehienez ere 1.000 euro gordin urtean, plantilla osorako, urte naturaleko eta hitzarmenak indarra duen bitartean, hau da, 2025era arte. Zenbateko horretara iristean, ordaintzeari utziko zaio.

Aldi baterako ezintasun egoeraren hurrengo prozesuetan, langileak ez du inolako osagarririk jasoko.

Baliaezintasuna dakarten eritasun kasuetan, enpresak, diagnostikoa profesional independente batekin kontsultatu ondoren, oinarrizko soldataren gehi antzinatasun sariaren % 100era artekoa ordainduko du.

V.–ORDAINSARIAK, PLUSAK ETA OSAGARRIAK

19. artikulua. Oinarrizko soldata (hilabete naturala).

Lanbide kategoria bakoitzeko lanpostuen balorazioa eginda, kategoria bakoitzari dagozkion hileko oinarrizko soldatak I. eranskinekoak izanen dira hitzarmenaren iraupen osorako, laguntzailearen lanbide kategoriakoa izan ezik, horiei lan egindako ordu bakoitzeko 7,11 euroko soldata ordainduko baitzaie. Diru-kopuru horren barnean lansari kontzeptu guztiak sartzen dira (soldata, atsedenaldiak, aparteko sarien hainbanaketa eta oporretako sarien hainbanaketa).

Maila bakoitzeko hileko soldataren barnean honako kontzeptu hauek sartzen dira: lanorduak, atsedenaldiak eta hitzarmen honetan eta legezko araudian ezarrita dauden jaiegunak, errekuperatu behar ez direnak.

20. artikulua. Laneratze plusa.

Laneratze plus bat ezartzen da langile guztientzat, lantokira joateko gastuen kontzeptuarengatik. Egoitzako langile guztiei ordainduko zaie, hilabeteko 30 egunengatik eta hamabi hilabetez.

–2023. urtea: 59 euro X 12 ordainsari.

–2024. urtea: 62 euro X 12 ordainsari.

–2025. urtea: 65 euro X 12 ordainsari.

21. artikulua. Soldaten berrikuspena.

19. artikuluan finkatutako oinarrizko soldata honela igoko da:

–2023. urterako, 2022ko oinarrizko soldata Nafarroako 2022ko KPIarekin igoko da.

–2024. urterako, 2023ko oinarrizko soldata Nafarroako 2023ko KPIarekin igoko da.

–2025. urterako, 2024ko oinarrizko soldata Nafarroako 2024ko KPIarekin igoko da.

2023. urteari dagozkion atzerapenak hitzarmen hau sinatu eta hurrengo bi hilabeteetan ordainduko dira.

22. artikulua. Goragoko kategoriako lanak.

Enpresaren beharrak direla kausa, langileren batek kontratatu zuten lanbide kategoriaz goragoko lanbide kategoria bati dagozkion lanak egiten baditu, lan horiek benetan egiten dituen bitartean goiko kategoriari dagokion soldata jasotzeko eskubidea izanen du. Kategoria horretan sei hilabete baino gehiago ematen baditu jarraian eta hartan lanpostu hutsik baldin badago, lanpostuak betetzeko orduan, enpresaren hitzarmen honen 5. eta 8. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

Lanean ari den kategorian lanpostu hutsik ez badago, lanean hasi zenetik 6 hilabete igarota, langilea bere lanbide kategoriari dagozkion lanak egitera itzuliko da, deusetan galarazi gabe legeek horren gainean ezartzen dutena.

23. artikulua. Gaueko lanaren plusa eta jaiegun berezietako plusa.

Lana 22:00etatik hurrengo eguneko 08:00ak bitarte egiten duten langileek gaueko lanaren plusa kobratzeko eskubidea izanen dute.

Plus hori jasotzeko zenbatekoak honako hauek izanen dira hitzarmenaren indarraldian:

–2023. urtea: 19 euro.

–2024. urtea: 20 euro.

–2025. urtea: 22 euro.

Abenduaren 24an, 31n eta urtarrilaren 5ean (Gabon gaua, Urtezahar gaua eta Errege gaua, hurrenez hurren) gaueko txandan aritzen diren langileek ondoko ordainsari berezia jasoko dute:

–2023. eta 2024. urteak: 110 euro.

–2025. urtea: 120 euro.

Abenduaren 25ean, urtarrilaren 1ean eta urtarrilaren 6an (Eguberri eguna, Urte Berri eguna eta Errege eguna, hurrenez hurren) aritzen diren langileek ondoko ordainsari berezi hau jasoko dute:

–2023. eta 2024. urteak: 88 euro.

–2025. urtea: 96 euro.

Jaiegun berezietako plusa eta gaueko plus berezia (hitzarmena sinatzen denetik izanen ditu ondorioak).

24. artikulua. Jaiegunetako eta igandeko lanaren plusa.

Jaiegunetako eta igandeko lanaren plusaren kontzeptuarengatik (*), langileek ondoko zenbateko hauek jasoko dituzte:

–2023. urtea: 19 euro.

–2024. urtea: 20 euro.

–2025. urtea: 22 euro.

Gaueko plusa, errekuperatzekoak ez diren jaiegunetako plusa eta igandeetako plusa ordaintzeko, langilea lanean hasteko eguna eta ez ateratzekoa hartuko da aintzat, nahiz eta jai ordu gehienak ateratzeko egunekoak izan.

Jaiegunetako eta gaueko lanaren plusak ez dira langilea oporraldietan dagoen bitartean ordainduko, ez eta baimen ordaindua duen egunetan ere; benetan lan egiten den egunetan ordainduko da, bakar-bakarrik.

(*) Errekuperatu behar ez diren jaiegunen kontzeptuaren barrenean ez dira igandeak sartuko; izan ere, multzo hori urtean errekuperatu behar ez diren 14 jaiegunek osatzen dute.

25. artikulua. Aparteko haborokinak.

Hitzarmen honen pean dauden langileek aparteko bi ordainsari jasoko dituzte, kasuan kasuko hilabeteko soldata errealaren adinakoak, antzinatasun saria barne.

Ekaineko aparteko ordainsaria hilabete horretako nominarekin batera ordainduko da.

Eguberrietako aparteko ordainsaria abenduaren 24rako ordainduko da.

Lanean urteko edozein unetan hasita ere, langileek eskubidea izanen dute aparteko ordainsarietatik dagokien zati proportzionala jasotzeko, lanean emandako denboraren arabera.

26. artikulua. Antzinatasuna.

Antzinatasunari dagokion osagarria hirurtekotan ordainduko da, 23 euro bakoitzeko. Gehienez bi ordainduko dira.

Hitzarmen hau sinatzen denetik aurrerako ondorioekin.

Hirurtekoak kontatzean, probaldiak eta ikasten emandako denbora ere kontatuko dira.

27. artikulua. Arropa eta oinetakoak.

Enpresak arropa edo uniformea eta oinetakoak emanen dizkie langileei. Gutxienez urtean behin berrituko dira, edo lanean erabiltzearen ondorioz beharrezkoa den guztietan. Arropa guztia berehala berrituko da erabileraren ondorioz hautsi edo hondatu bada, eta uniforme zaharra edo hondatua bueltatuko da.

Langile berriei bi sorta oso emanen zaizkie lan-harremana hastean.

Enpresak eman ez, eta langileak bere oinetakoak erostea hautatzen duenean, baldin eta bere eginkizunak betetzeko egokiak badira, 38 euroko konpentsazioa ordainduko zaio.

28. artikulua. Dietak.

Hitzarmenaren indarraldian, dieta erdiagatik 9,01 euro ordainduko dira eta dieta osoagatik 30,05 euro.

29. artikulua. Kilometrajea.

Enpresaren beharrak direla-eta langileak, bere borondatez, bere ibilgailua erabili beharra duenean, enpresak 0,19 euro ordainduko dizkio kilometroko.

VI.–LAN OSASUNA

30. artikulua. Erantzukizun zibileko asegurua.

Enpresak, erantzukizun zibileko poliza baten bidez, aseguru bat eginen die langile guztiei, lanaren ondorioz gerta litezkeen erantzukizunak estaltzeko.

Hitzarmen honen pean dauden langile guztiek aseguraturik egon beharko dute eta akreditazioa TC-2 buletinen bidez eginen da.

Nahitaezko eszedentzian dauden langile guztiak ere aseguratuko dira, kargu publiko bat betetzeko izendatu edo hautatu direnak izan ezik, zentroaren TC delakoetan agertzen ez badira ere.

31. artikulua. Bizi eta istripu asegurua.

Enpresak aseguru poliza bat itunduko du, laneko istripuaren edo eritasun profesionalaren kasuetarako. Hona hemen aseguratutako kapitala:

a) 24.040,48 euro, laneko istripuaren ondoriozko heriotzagatik.

b) 27.045,54 euro, laneko istripuaren edo eritasun profesionalaren ondoriozko ezintasun iraunkor absolutuagatik edozein lanbide edo ogibidetarako.

32. artikulua. Lan osasuna.

Osasunaren eta segurtasunaren arloko arauei dagokienez, enpresak unean-unean indarra duten legeetan xedatutakoari segituko dio.

Urtean behin, osasun azterketa eginen zaie langile guztiei.

VII.–DIZIPLINA ARAUBIDEA

33. artikulua. Falten eta zehapenen araubidea.

–Honako hauek dira falta arinak:

a) Hogeita hamar egunean lanera hiru aldiz berandu iristea.

b) Lanera joan ez eta hurrengo 24 orduetan hutsegitearen arrazoiak ez jakinaraztea, beharrezko frogagiria aurkeztu gabe.

c) Zerbitzua bertan behera uztea bidezko arrazoirik izan gabe, nahiz denbora laburrerako izan. Baldin eta enpresari, egoiliarrei edo lankideei kalte larri edo oso larriak eragiten ez badizkie.

d) Zabarkeriaz jokatzea arauei edo jasotako aginduei dagokienez.

–Honako hauek izanen dira falta astunak:

a) Hogeita hamar egunean lanera berandu iristea, hirutan baino gehiagotan eta hamar aldiz gehienez.

b) Hogeita hamar egunean, bidezko arrazoirik izan gabe, behin baino gehiagotan lanera ez joatea.

c) Zerbitzuari dagokionez, agindutako lanetan behar den arreta ez jartzea eta nagusien jarraibideei jaramonik ez egitea, enpresaren edo egoiliarren kalterako.

d) Hirurogei egunean falta arin bera behin baino gehiagotan egitea.

e) Lanera joan ez eta hurrengo 24 orduetan hutsegitearen arrazoiak ez jakinaraztea, beharrezko frogagiria aurkeztu gabe. Bigarren aldia denean 60 egunean.

–Honako hauek dira falta oso astunak:

a) Urtebetean lanera 20 alditan baino gehiagotan berandu iristea.

b) Hilabetean, bidezko arrazoirik izan gabe, hirutan lanera ez joatea.

c) Eritasuna edo istripua simulatzea.

d) Hitzezko eta egitezko tratu txarrak ematea egoiliarrei, goragokoei eta lankideei.

e) Lanetik alde egitea edo zabarkeria larriz aritzea, enpresari kalte larriak eginez gero edo egoiliarrei egin ahal izanez gero.

f) Agindutako kudeaketetan iruzurra, leialtasunik eza edo konfiantza-abusua erakustea, eta enpresari nahiz hirugarrenei lapurtzea, ebastea edo jokabide horren konplize gisa aritzea, enpresaren eraikinetan zerbitzua ematerakoan.

g) Agintekeria.

h) Hiruhileko batean falta astunak behin baino gehiagotan egitea.

Aurreko artikuluetako falten zerrenda adierazpen gisa eman da.

34. artikulua. Zehapenak.

Enpresak zehapenak jartzeko ahalmena du. Zehapenak idatziz komunikatuko zaizkio langileari; gertakariak, faltaren gradua eta ezarritako zehapena adieraziko dira.

Falta astunak eta oso astunak delegatu sindikalari edo enpresa batzordeari jakinaraziko zaizkio, horrelakorik baldin badago.

Enpresak, egindako falten larritasuna eta inguruabarrak kontuan hartuta, gehienez zehapen hauek jartzen ahal ditu:

a) Falta arinengatik:

–Idatzizko kargu-hartzea.

–Enplegu eta soldatarik gabe uztea hiru egunez gehienez.

–Ezarritako epean justifikaziorik gabe lanera ez joateagatik edo berandu iristeagatik lan egin ez den benetako denborari dagozkion ordainsariak hein berean murriztea, etenaldi edo kargu-hartze posiblea ukatu gabe.

b) Falta astunengatik.

–Enplegu eta soldata gabe uztea hiru egunetik hilabetera bitarte.

–Justifikaziorik gabe lanera ez joateagatik edo berandu iristeagatik lan egin ez den benetako denborari dagozkion ordainsariak hein berean murriztea (eten ere egin daiteke).

c) Falta oso astunengatik:

–Enplegu eta soldata gabe uztea, hilabetetik hiru hilabetera bitarte.

–Kaleratzea.

35. artikulua. Arau-hausteen preskripzioa.

Langileek egindako falta arinak hamar egunen buruan preskribatuko dira, astunak hogei egunen buruan eta oso astunak hirurogei egunen buruan, enpresak faltaren berri duen egunetik aitzina, kasu guztietan.

VIII.–ENPLEGUAREN EGONKORTASUNA, FUNTSEZKO ALDAKETAK, HITZARMENA EZ APLIKATZEA

36. artikulua. Subrogazioa.

Langileen enplegua egonkorra izan dadin, sektorea profesionalizatu dadin eta, ahal dela, auzien ugaltzea galaraztearren, honako arau hauek adostu dituzte bi alderdiek:

1. Kontrata baten emakida bukatzen denean, ateratzen den enpresari atxikitako langileak kontrataren enpresa titular berriari atxikiko zaizkio, eta enpresa berria langileek aurreko enpresan zituzten eskubide eta betebehar guztietan subrogatuko da. Gainera, subrogazioaren ondoko 30 eguneko epean, agiri bat eman beharko die langileei, aurreko enpresan zituzten eskubide guztiak aitortzen zaizkiela jasotzen duena, langileen antzinatasuna eta kategoria berariaz adierazita.

Ildo horretan, aurreko paragrafoan xedatutakoarekin bat, ateratzen den enpresari atxikitako langileak subrogatuak izateko, honako egoeraren batean egon beharko dute:

a) Ateratzen den enpresarentzat lanean ari den jarduneko langilea izatea, gutxienez 6 hilabeteko antzinatasuna duena, edozein delarik ere lan kontratuaren modalitatea edo izaera.

b) Kontrataren titulartasuna aldatzen den unean, kontratua etenda baina lanera bueltatzeko eskubidea duen langilea izatea (eri daudenak, istripua izan dutenak, eszedentzian edo amatasun bajan daudenak, etab.), betiere lan kontratua eten baino lehen a) atalean ezarritako gutxieneko antzinatasuna baldin badu.

c) Ordezte-kontratu baten bidez, a) eta b) ataletan aipatutako langile motaren bat ordezten ari den langilea izatea.

Ateratzen den enpresak zerbitzuen esleipenaren galeraren berri eman beharko die ukitutako langileei, baita enpresa esleipen-hartzaile berriaren izena ere, horren berri jakin bezain pronto.

37. artikulua. Eskubide sindikalak.

1. Ezin izanen da langile bakar bat ere baztertu sindikatu baten afiliatua izateagatik.

2. Langile guztiek dute hautesle eta hautetsi izateko eskubidea, Langileen Estatutuan eta SALO-Sindikatu Askatasunaren Lege Organikoan ezarritako baldintzak betez gero.

3. Enpresa batzordeko kideek eta delegatu sindikalek legean ezarritako berme guztiak izanen dituzte.

4. SALOko IV. tituluko 8. artikuluan ezarritakoarekin bat, sindikatu batean afiliatutako langileek honako hauek egiten ahalko dituzte enpresaren edo lantokiaren esparruan:

a) Sindikatuaren atalak eratzea, sindikatuaren estatutuetan ezarritakoari jarraikiz.

b) Bilerak egitea (enpresaburuari jakinarazita), kuotak biltzea eta sindikatuaren informazioa banatzea, hori guztia lanorduetatik kanpora eta zentroaren ohiko jardunari kalte eragin gabe.

c) Bere sindikatuari bidaltzeko informazioa jasotzea.

d) Afiliatuentzat eta langile guztientzat interesgarriak izan daitezkeen iragarkien berri emateko, enpresak iragarki-taula bat jartzen utziko die. Iragarki-taulak lantokian berean egon beharko du, langileek aise ikusteko moduko toki batean.

5. Ordezkaritza handieneko sindikatuetan lurralde, autonomia erkidego edo estatu osorako kargua dutenek eskubide hauek izanen dituzte, SALOren 9. artikuluaren arabera:

a) Aldez aurretik enpresaburuari jakinarazita, lantokietan sartzea, bere sindikatuak bertan egiten dituen jardueretan edo langile guztientzat egiten direnetan parte hartzeko, ohiko lana eten gabe.

b) Lan hitzarmenen negoziazioetan parte hartzen duten ordezkari sindikalek, enpresaren batean jardunean segitzen badute, behar diren baimen ordainduak izanen dituzte negoziazio lana behar bezala egiteko, betiere haiek ere negoziazioaren eragin esparruaren pean baldin badaude.

c) Bere karguari dagozkion eginkizun sindikalak gauzatzeko behar diren baimen ordaindu gabeak hartzea.

d) Bere karguak iraun bitartean nahitaezko eszedentzia hartzea eta, horrelakoetan, lanpostua erreserbatzea eta antzinatasuna kontatzea. Kargua utzi eta hurrengo hilabetearen barrenean bere lanpostura itzuli beharko du.

6.–Enpresa delegatuek edo hitzarmena negoziatzeko mahaiko kideek negoziazio horretarako behar den denbora izanen dute, dagozkien ordu sindikalez gainera.

7.–Zentroko langileei bertan biltzeko eskubidea bermatuko zaie, baldin eta zentroaren jarduerari kalte egiten ez badio eta, nolanahi ere, indarra duten legeekin bat.

Bilera baino lehen enpresako zuzendariari edo ordezkariari haren berri emanen zaio, behar den denborarekin, hala nola zein izanen den eguneko gai-zerrenda eta zentrokoak ez diren zenbat lagun etorriko diren bilerara.

Langileen eskubide hori bermatzeko, zentroek eguneko lana moldatzen ahalko dute, langileak bilerara joan ahal izateko.

38. artikulua. Lanaldiaren banaketa irregularra.

Enpresak, gehienez ere, urteko lanaldiaren % 5 bana dezake era irregularrean, baldin eta justifikaturik badago, produkzioa edo antolaketa direla eta.

Edonola ere, soilik enpresak eta langileen ordezkariek berariaz eta idatziz hitzartzen dutenean, urteko lanaldiaren % 10era arte bana daiteke era irregularrean.

39. artikulua. Funtsezko aldaketak.

Langileen Estatutuaren 41. artikuluko laneko baldintzetako funtsezko aldaketa egiteko, Langileen Estatutuak 2012ko otsailaren 12a baino lehenago zeukan idazketari jarraituko zaio. Hona hemen hitzez hitz:

"1. Enpresako zuzendaritzak, arrazoi ekonomikoak, teknikoak, antolaketakoak edo produkziokoak tartean daudela frogaturik dagoenean, erabaki dezake laneko baldintzetako funtsezko aldaketa egitea. Lan baldintzetako funtsezko aldaketatzat hartuko dira, besteak beste, arlo hauek ukitzen dituztenak:

a) Lanaldia.

b) Ordutegia eta lan denboraren banaketa.

c) Txandakako lan araubidea.

d) Ordainketa-sistema.

e) Lan sistema eta errendimendua.

f) Eginkizunak, lege honen 39. artikuluan mugigarritasun funtzionalerako aurreikusten diren mugak gainditzen dituztenean.

Ulertuko da artikulu honetako arrazoiak tartean daudela proposatutako neurriak hartzeak laguntzen duenean enpresaren eboluzio negatiboa prebenitzen edo haren egoera eta aurreikuspenak hobetzen, bere baliabideak egokiago antolatuz, merkatuko lehiakortasunean laguntzeko edo eskariari hobeki erantzuteko.

2. Aldaketa indibidualtzat hartzen da langileek banaka dituzten laneko baldintzak aldatzea.

Aldaketa kolektibotzat hartzen da langileek akordio edo hitzarmen kolektibo baten ondorioz edo enpresaburuak bere kasa eragin kolektiboarekin harturiko erabaki baten ondorioz aitorturik dituzten baldintzak aldatzea.

Aurreko paragrafoan xedatua gorabehera, ez dira aldaketa kolektibotzat hartuko, artikulu honen 4. apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, ondoko langile kopuruei laurogeita hamar egunetik beherako epe batean eragiten dieten aldaketa funtzionalak eta lan ordutegiko aldaketak:

a) Hamar langile, ehun langiletik beherako enpresetan.

b) Enpresako langileen ehuneko 10, ehun eta hirurehun langile bitarte dituzten enpresetan.

c) Hogeita hamar langile, hirurehun langile edo gehiagoko enpresetan.

3. Bankako lan baldintzak funtsean aldatzeko erabakiak indarra hartu baino hogeita hamar egun lehenago, gutxienez ere, jakinarazi beharko die enpresaburuak langileari eta bere legezko ordezkariei.

Artikulu honetako 1. apartatuko a), b) eta c) paragrafoetako kasuetan, 50.1a) artikuluan xedatua ukatu gabe, langilea kalteturik gertatzen bada funtsezko aldaketa bat dela eta, eskubidea izanen du kontratua hutsaltzeko eta kalte-ordain bat jasotzeko, hogei eguneko soldata adinakoa lan egindako urte bakoitzeko, urte batetik beherako epeak hilabeteen arabera hainbanatuta eta gehieneko muga bederatzi hilabetekoa izanda.

Aldaketak aipatutako eraginkortasun epean duen exekutagarritasuna ukatu gabe, kontratua hutsaltzea hautatu gabe enpresaren erabakiarekin ados ez dagoen langileak haren aurka egin dezake eskumena duen jurisdikzioan. Epaiak erabakiko du aldaketa justifikaturik dagoen ala ez, eta, azken kasu horretan, langileari aitortuko dio aurreko baldintza berberetan lanpostura itzultzeko eskubidea.

Artikulu honen hurrengo apartatuan zehazten diren aurreikuspenak ez betetzeko asmoz, enpresak funtsezko aldaketak egiten dituenean 2. apartatuko azken paragrafoko atalasetako kopuruetan baino gutxiagotan eta laneko baldintzetan laurogeita hamar eguneko epe jarraituetan, horrelakorik justifikatzen duen arrazoi berririk izan gabe, ulertuko da aldaketa berri horiek lege-iruzurrean egin direla, eta baliorik nahiz ondoriorik gabekotzat joko.

4. Negoziazio kolektiboan ezar daitezkeen berariazko prozedurak gorabehera, lan baldintza kolektiboetan funtsezko aldaketa egitea erabaki aurretik, langileen legezko ordezkariak dituzten enpresetan kontsultaldi bat egin beharko da haiekin, hamabost egunekoa gehienez, enpresaren erabakia ekarri duten arrazoiei buruz eta haren ondorioak saihestu edo murrizteko aukerari buruz, baita ukitutako langileen gaineko ondorioak apaltzeko behar diren neurriei buruz ere.

Atal sindikalek hartuko dute parte solaskide gisa kontsultaldian enpresako zuzendaritzaren aurrean, haiek hala erabakitzen dutenean, baldin eta enpresa batzordeko kideen artean edo langileen delegatuen artean gehiengoa osatzen badute.

Kontsultaldian, alderdiek fede onez negoziatu beharko dute, akordioa lortzeko asmoz. Akordio horretarako, ados egon beharko du enpresa batzordeko edo batzordeetako kideen gehiengoak, langileen delegatuen gehiengoak edo, kasua bada, halako haien gehiengoa ordezkatzen duten ordezkaritza sindikalen gehiengoa, halakorik balego.

Langileen legezko ordezkaritzarik ez duten enpresetan, langileek hitzarmena negoziatzeko ordezkaritza esleitzen ahal diote, beren hautura, enpresako langileek demokratikoki aukeratutako hiru kidez osatutako batzorde bati, edo, bestela, enpresaren sektorean ordezkaritza gehien duten eta hitzarmen kolektiboaren negoziazio batzordean parte hartzeko zilegitasuna duten sindikatuek, beren ordezkaritzaren arabera, izendatutako kideek osatuko batzorde bati, zeinak kide kopuru bera izanen baitu.

Kasu guztietan, izendapena bost eguneko epean egin beharko da, kontsultaldia hasten denetik hasita, eta izendapen faltak ezin du hura geldiarazi. Batzordeak erabakiak hartzeko, kideen gehiengoaren aldeko botoak beharko dira. Negoziazioa egiten bada sindikatuek izendatutako kideen batzordearekin, enpresaburuak, zein enpresaburuen erakundetan dagoen integraturik, horiexei esleitzen ahal die bere ordezkaritza, eta horiek autonomia erkidegoan ordezkaritza handiena dutenak izan daitezke, kontuan izan gabe erakundea sektorekoa edo sektoreartekoa den.

Enpresaburuak eta langileen ordezkaritzak edozein unetan erabaki dezakete kontsultaldia enpresaren arloan aplikatzekoa den bitartekotza edo arbitraje prozesuarekin ordeztea. Horretarako ezarritako gehieneko epean gauzatu beharko da.

Kontsultaldia akordioa lortuta bukatzen bada, ulertuko da hitzarmena ez aplikatzeko 1. apartatuan adierazi diren arrazoiak daudela, eta akordio hori jurisdikzio eskudunean baizik ezin izanen da aurkaratu, iruzur, dolo, hertsapen edo eskubide-abusu kasuetan. Hori guztia ukitutako langileen eskubidea ukatu gabe artikulu honetako 3. apartatuko bigarren paragrafoan aurreikusitakoa hautatzeko.

5. Aldaketa kolektiboa langileek akordio edo hitzarmen kolektibo baten ondorioz edo enpresaburuak bere kasa eragin kolektiboarekin harturiko erabaki baten ondorioz aitorturik dituzten laneko baldintzei badagokie, kontsultaldia akordiorik gabe bukatu ondoren, enpresaburuak langileei jakinaraziko die zer erabaki duen aldaketaz, eta horrek ondorioak sortuko ditu artikulu honetako 3. apartatuak zehazten duen epea iraganda.

Atal honetan aipatzen diren erabaki horien kontra, gatazka kolektiboan erreklamatu daiteke, artikulu honetako 3. apartatuan aurreikusitako ekintza indibiduala ukatu gabe. Gatazka jartzeak ekintza indibidualen tramitazioa geldiaraziko du, hura ebatzi arte.

6. Aldaketa lege honen III. tituluan araututako hitzarmen kolektiboetan ezarritako lan baldintzei dagokienean, horiek sektorekoak edo enpresarialak izan, aldaketa edozein momentutan egin daiteke akordioa badago, 4. apartatuan ezarritakoarekin bat. Sektoreko hitzarmen kolektiboak direnean, akordioa horren batzorde paritarioari jakinarazi beharko zaio.

Kontsultaldian akordiorik ez bada, edozein alderdik jar dezake desadostasuna hitzarmenaren batzorde paritarioaren menpe, eta horrek, gehienez ere, zazpi eguneko epea izanen du erabakitzeko, desadostasuna planteatzen zaionetik. Batzorde paritarioan akordiorik lortzen ez bada, hurrengo paragrafoan aipatzen diren prozedurak erabil ditzakete alderdiek.

Lege honen 83. artikuluan aurreikusitako lanbide arteko akordioen bidez, estatukoak edo autonomia erkidegokoak izan, aplikazio orokor eta zuzeneko prozedurak ezarri behar dira apartatu honetako akordioen negoziazioan desadostasunak eraginkortasunez konpontzeko, desadostasunak arbitrajearen menpe jartzeko aurreko konpromisoa barne. Halakoetan arbitraje-epaiak kontsultaldiko akordioek adinako eraginkortasuna izanen du, eta 91. artikuluan ezarritako arrazoietan oinarrituta eta prozeduraren arabera baino ezin da errekurritu.

Sektoreko hitzarmen kolektiboetan ezarritako baldintzetako aldaketak 1. apartatuko b), c), d), e) eta f) letretako gaiei buruzkoak izanen dira, eta haien indarraldiak ezin du gainditu aldatu gogo den hitzarmen kolektiboaren indarraldia.

7. Lekualdaketei dagokienez, lege honen 40. artikuluan ezarritako berariazko arauetan ezarritakoari jarraituko zaio".

40. artikulua. Hitzarmen honen lan baldintzak ez aplikatzea.

Hitzarmen hau aplikatu gabe uztea proposatu daiteke, bakar-bakarrik, egoitzaren porrot ekonomikoa deklaratu ondoren, eta, ahal den heinean, neurriak enpresa batzordearekin adostuta.

IX.–LEGERIA OSAGARRIA, BATZORDEAK

41. artikulua. Batzorde paritarioa.

Hitzarmen honen interpretazioari eta segimenduari buruzko kontuak argitzeko, eta betiere lan arloko agintariek eta organo jurisdikzionalek legez dituzten eskumenak deusetan ukatu gabe, hitzarmena sinatu eta hilabeteko epean, batzorde paritario bat eratuko da, enpresa batzordearen eta enpresaren ordezkariek osatua, bi alderdiek kide kopuru bera izanen dutelarik.

Batzorde paritarioak 2 kide izanen ditu: lantokiko langileen ordezkari bat eta enpresaren beste bat.

Batzordearen bi alderdietako edozeinek batzordea biltzeko eskatuz gero, bilera 7 eguneko epean egin beharko da, beranduenez. Halakoetan, sortzen diren desadostasunak idatziz ebatziko ditu, batzorde paritarioari eskatutako bilera egiten denetik 15 egun naturaleko epean gehienez, eta dagokion akta egin beharko du. Batzordeak eskumen hauek izanen ditu:

A) Enpresako hitzarmen honetako edozein arau interpretatzea.

B) Enpresako hitzarmen honetako konpromisoak garatzea.

Batzorde paritarioa alderdietako edozeinek eskatzen duenean bilduko da. Akordioek baliozkotasuna izateko, beharrezkoa da 2 kideek aho batez erabakitzea, eta halakorik ezean, desadostasuna jurisdikzio eskudunera igor dezake alderdietako edozeinek.

42. artikulua. Lege subsidiarioak.

Hitzarmen honetan ezarri ez diren gaietarako, Langileen Estatutuan eta lan arloko legedi orokorrean xedatutakoa aplikatuko da.

1. ERANSKINA.–SOLDATA-TAULAK

2023. URTEA

GEROKULTORE ZAINTZAILEA

ZER. ­ANITZAK

ILE-­APAINTZAILEA

ERIZAINTZA

TERAPEUTA ­OKUPAZIONALA

ZUZENDARIA

GIZARTE-­LANGILEA

Oinarrizko soldata

1.184,07

1.044,74

1.731,81

1.492,40

1.417,8

2.048,45

1.385,82

Laneratze plusa

59,00

59,00

Gaueko plusa

19,00

Igande / jaiegunetako plusa

19,00

Gaueko plus berezia (abenduaren 24a eta 31, eta urtarrilaren 5a gauez)

110,00

Plus berezia (abenduaren 25a eta urtarrilaren 1a eta 6a)

88,00

Antzinatasun plusa

23,00

Iragarkiaren kodea: F2410679