1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
199/2023 EBAZPENA, abenduaren 29koa, Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez adierazten baita onura publikokoak direla "El Oliado" parke eolikoa (16 MW) eta bertan sortzen den energia ateratzeko azpiegiturak (Lodosa eta Sesma).
Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren otsailaren 8ko 13/2023 Ebazpenaren bidez M. Torres Desarrollos Energéticos SLri aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena eman zitzaizkion "El Oliado" parke eolikoa eraikitzeko Lodosa, Mendabia eta Sesmako udal mugartean.
Nafarroan parke eolikoa jartzeko baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 20. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, 2023ko irailaren 15ean M. Torres Desarrollos Energéticos SL enpresak eskatu zuen adierazteko "El Oliado" parke eolikoa (16 MW) eta bertan sortzen den energia ateratzeko azpiegiturak onura publikokoak direla.
Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 144. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, aipatu eskaera jendaurrean jarri zen hogeita hamar egunez, iragarkia argitaratu baitzen 2023ko 211. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 10ekoan, eta Diario de Noticias egunkarian, 2023ko urriaren 11n. Halaber, iragarkia Lodosako, Mendabiako eta Sesmako udalei igorri zitzaien, aldi berean jendaurrean jar zezaten. Egintza hori egiaztatzen duten eginbideak daude espedientean.
Jendaurrean jartzeko izapidearen esparruan honako alegazio hauek jaso ziren:
ALEGAZIOA | DATA |
1. | Mendabiako Udala | 2023-11-07 |
2. | Fermín Javier Magallón Álvarez de Eulate | 2023-11-23 |
Alegazioak M. Torres Desarrollos Energéticos SL enpresari bidali zitzaizkion eta hark idazki batean bidez erantzun zien 2023ko abenduaren 14an. Txosten eta alegazio horiek eta emandako erantzunak I. eranskinean daude.
Proiektuak ukitutako ondasunen eta eskubideen zerrendan ez da aldaketarik gertatu onura publikoa adierazteko izapidean; 2023ko 211. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 10ekoan, argitaratutako bera da.
Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 151. artikuluan adierazten denez, "Edozein unetan eta libreki, onura publikoaren deklarazioaren eskatzaileak beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak erostea adostu dezake horien titularrekin. Instalazioaren onura publikoa deklaratzen denean, akordio horrek Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 24. artikuluan aurreikusitako izaera eta ondorioak hartuko ditu, eta, beraz, horrek desjabetze espedientearen amaiera ekarriko du. Kasu horietan, onura publikoaren deklarazioaren onuradunak eskatzen ahalko dio agintari eskudunari Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Erregelamenduaren 59. artikuluan ezarritako mekanismoa aplikatzeko".
Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, eta Nafarroan parke eolikoa jartzeko baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak proposatu du instalazioaren onura publikoa zehazki deklaratzea eta M. Torres Desarrollos Energéticos SL enpresa onuraduntzat jotzea desjabetze-espedientean.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. Instalazioari, zehazki, onura publikoaren deklarazioa ematea, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 54., 55. eta 56. artikuluetan, eta hori garatzen duen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 148. eta 149. artikuluetan ezarritakoarekin bat eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140.4 artikuluan aipatutako ondorioetarako.
2. M. Torres Desarrollos Energéticos SL enpresa onuraduntzat jotzea desjabetze espedientean.
3. Aurkeztutako alegazioei erantzutea.
4. Ebazpen hau Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
6. Ebazpen hau jakinaraztea M. Torres Desarrollos Energéticos SL enpresari eta ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei, eta ohartaraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita. Errekurtsoan espediente zenbakia adierazi beharko da.
7. Ebazpen hau Lodosako, Mendabiako eta Sesmako udalei jakinaraztea, eta aditzera ematea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2023ko abenduaren 19an.–Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.
I. ERANSKINA.–JASOTAKO ALEGAZIOAK
Jarraian jendaurreko informazioaren izapidean jasotako alegazioak laburtu eta aztertuko ditugu.
1. alegazioa. Mendabiako Udala.
Ukitutako ondasunen eta eskubideen zerrendan ez dira ageri 8. poligonoko 116., 119. eta 189. lursailak ez 10. poligonoko 1.032. lursaila (Mendabiako udal-mugartekoak), eta horregatik eskatzen du sar daitezela proiektuak ukitutako lursailen artean.
Erantzuna:
Izapidetzearen aurreko etapetan proiektuak eragina zuen Mendabiako udal-mugarteko zenbait lursailetan, baina izapide administratiboan egin diren aldaketa batzuen ondorioz orain proiektuak ez du ukitzen Mendabiako udal-mugartea. Hala ageri da proiektua onura publikokoa dela adierazteko aurkeztu den eskaerari erantzuteko argitara emandako ukitutako ondasunen eta eskubideen zerrendan.
M. Torres Desarrollos Energéticos SLk alegazio horri erantzun dio esanez "El Oliado" parke eolikoaren proiektua egiteko gaur egun ez litzatekeela lurrik okupatu beharko, ez aldi batez ez behin betiko, Mendabiako udal-mugartean.
2. alegazioa. Fermín Javier Magallón Álvarez de Eulate.
Ebazpen honen irismenetik kanpo dauden zenbait konturen artean alegatzaileak adierazten du 11. poligonoko 153. lursailaren inguruan ez datozela bat baimen administratiboaren izapidean argitaratutako ukitutako ondasunen eta zerrenda eta proiektua onura publikokoa dela adierazteko izapidean argitaratutakoa. Gainera, adierazten du lursaila berea dela eta proiektuaren eragina txikiagoa dela, eta hori argitzeko eskatzen du.
Erantzuna:
Proiektuak ukitutako ondasunen eta eskubideen zerrenda 2023ko 211. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 10ekoan.
Beste alde batetik, M. Torres Desarrollos Energéticos SLk alegazioari erantzuteko azaldu du 11. poligonoko 153. lursailean jasanen den eragina txikiagoa izateko arrazoiak teknikoak baino ez direla, eta adierazi du ebazpen hau eman aurretik arrazoi horien azalpena idatziz jakinarazi zaiola alegatzaileari.
Iragarkiaren kodea: F2318629