1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1086E/2023 EBAZPENA, abenduaren 18koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ematen baita honako aldaketa honek izanen duen eraginari buruzko txostena: "Bidasoko bide berdea egokitzeko udalez gaindiko proiektu sektoriala aldatzea ibilbidea Doneztebe-Elizondo tartearekin luzatzeko Doneztebe, Bertizarana eta Baztango udalerrietan. Sustatzailea: Cederna Garalur elkartea".
2022ko urtarrilaren 3an Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak, organo substantiboa den aldetik, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen-eraginaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera igorri zuen Biodibertsitatearen Zerbitzura.
Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.b artikuluaren arabera, ingurumen-eraginaren ebaluazio sinplifikatuaren xede izanen dira "I. eta II. eranskinean sartuta ez dauden proiektuak, baldin eta nabarmen, zuzenean edo zeharka eragiten badiete Natura 2000 Sareko eremu babestuei". Proiektuaren zati bat Natura 2000 Sarean dago, hain zuzen ere "Baztan ibaia eta Artesiaga erreka" (ES2200023), "Belate" (ES2200018) eta "Bertizko jaurerria" (ES2200017) kontserbazio bereziko eremuetan.
21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen-eraginaren txostena eman aurretik Biodibertsitatearen Zerbitzuak kontsulta egin die eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, beren eskumeneko gaiei dagokienez oharrak edo iradokizunak egin ditzaten. 10 kontsulta egin dira: Doneztebe, Bertizarana eta Baztango udalak; Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala (Kultura Zuzendaritza Nagusia); Ibai Ingurunearen Atala (Biodibertsitatearen Zerbitzua); Ekologistak martxan Iruñea-Ecologistas en Acción; Gurelur-Ingurune Naturala Babesteko Nafarroako Funtsa; Lurra, lurraren defentsaren aldeko elkartea; Nafarroako Mendi Federazioa; Nafarroako Arrantza Federazioa.
2022ko abuztuaren 10ean Ibai Ingurunearen Atalaren erantzuna jaso da. Erantzun horretan zenbait gogoeta tekniko berezi egiten dira. Gainera, bideen eraikuntza dela eta, atal horren ustez ez da egokia Krainer horma jartzea Donezteben (proiektuaren arabera, 0+340 eta 0+530 kilometro-puntuen artean), kontuan edukita nolako eragina izanen lukeen egungo ibaiertzeko landaretzan, Bertizko Parke Naturalaren barneko jarduketen inguruko kontsulta egin behar litzaiokeela parke hori kudeatzen duen organoari, eta eskatzen du aztertzeko Artesiaga errekako zubian egin daitekeen (11+440 eta 11+480 kilometro-puntuen artean). Iradokizun horiek kontuan eduki dira txosten honen ingurumen-baldintzetan.
Bertizko Parke Naturalaren barnean egin nahi dien jarduketak direla eta, 2023ko uztailaren 3an Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atalak eta Ibai Ingurunearen Atalak batera egindako txostena dago. Bertan zehazten da bide berdea Bertizen zehar egun dauden bideetatik pasatuko dela eta horrela ez dela beste biderik egin beharko Bidasoa ibaitik gertu.
–Proiektuaren deskribapena:
Egin nahi den jarduketaren helburua da Bidasoko trenbide zaharra birgaitzea turismoko eta aisialdiko jarduerak egiteko. Jatorrizko plataforma erabili ezin den tarteetan ibilbide alternatiboak eginen dira bide berdean aurrera egin ahal izateko.
Proposatutako ibilbidea 15,3 km luze da. Proiektuaren eremuak Doneztebe eta Elizondo arteko tartea hartzen du.
Proiektuan kontuan hartu diren diseinu-irizpideak Nafarroako Bizikletaren Plan Zuzentzailean ezarritako gidalerroetan oinarritzen dira; hona: bide berrien zabalera 3,5 m; metro bateko arekak; zabor-legar artifizialezko zoladura, malda handiko tarteetan eta uholdeak gerta daitezkeen tarteetan izan ezik, horietan hormigoizkoa izanen baita.
Proiektuaren memorian zenbait alternatiba aztertzen dira (7.2 atala), hautatuak eta eginen diren jarduketak zehazten dira tarteka (zabor-legarrezko bide berriak, dauden bideak eta hormigoizko bideak). Bide berrietan sasiak garbitu beharko dira kaxaren zabalera eta alboetan 0,5 metro gehiago hartzen duen eremuan (esaterako, 3,5 metro zabal diren pistetan 4,5 metro zabal den eremuan garbitu beharko dira sasiak).
Autoklabean landutako zurezko pasabide batzuk jarriko dira, bao batekoak; ubidean ez dute euskarririk edukiko. Azpiegitura garrantzitsuena Baztan ibaiko pasabide berria izanen da: 60 m luze izanen da eta Lekaroz ikastetxearen ondoan eginen da (13+740 kp). Pasabidea eraikitzeko proiektua (diseinua eta kalkuluak) geroago idatziko da.
–Ingurumen-azterketa:
Aurkeztutako ingurumen-agirian (UGPSren 2. eranskina) zehazten da zer-nolako ondorioak izanen dituen proiektuak ingurumenean (batez ere landaretzan eta faunan) eta zenbait prebentzio-neurri eta neurri zuzentzaile proposatzen dira ondorio horiek saihesteko.
Bide berdearen eragin-eremuan dauden landaretza-mota nagusiak honako hauek dira: Baztan ibaiaren ertzetako landaretza, hariztiak, ordokietako lizardi-hariztiak, zuhaixka-heskaiak eta larre mesofiloak. Eremuan egoten ahal diren espezie botanikoetan Prunus lusitanica eta Illecebrum verticillatum nabarmentzen dira (zaurgarritzat jotzen dira Nafarroako Florako Espezie Mehatxatuen Katalogoan), bai eta Angelica razulii ere, megaforbio-komunitateetan bizi dena eta banak edo oso bakantzat jotzen dena.
Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoan sartutako fauna-espezie hauek daude:
–Desagertzeko arriskuan: ibai-karramarroa (Austropotamobius pallipes) eta igaraba (Lutra lutra).
–Zaurgarriak: miru gorria (Milvus milvus), bidoi europarra (Mustela lutreola) eta mirotz zuria (Circus cyaneus).
–Interes berezikoak: burtaina (Cottus gobio), martin arrantzalea (Alcedo atthis), ur-zozoa (Cinclus cinclus), desman piriniotarra (Galemys pyrenaicus), muxar grisa (Glis glis), zata (Caprimulgus europaeus) eta euli-txori grisa (Muscicapa striata).
Ingurumen-agirian adierazten da fauna-espezie horiei ez dietela eraginen proiektuko lanek.
Halaber, 15. kapituluan zehazten da bide berdeko zer kilometro-puntuan izanen diren eragin handienak eraikuntza-fasean. Fase horretako lanek landaretza naturalari eraginen dio (eragin negatiboa eta moderatua). Faunak eragin motelagoak jasanen ditu (negatiboak eta baxuak). Ingurumen-dokumentuaren 16. kapituluan neurri zuzentzaileak proposatzen dira animaliek zein landareek jasanen lituzketen eragin horiek kasu batzuetan kontrolatzeko eta beste batzuetan murrizteko.
Beste alde batetik, bide berdearen ustiapenaren fasean landareen zein animalien gaineko eraginak negatiboak eta baxuak izanen dira.
–Ingurumen ebaluazioa:
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen duela proiektuak ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta bete beharrari buruz edo ingurumen inpaktuaren txostena emateari buruz, txosten horretan ezarritako baldintzetan.
Aurkeztutako dokumentazioa ikusita eta proiektuaren lanek, ustiapenak eta bertan behera uzteak ingurumenean edukitzen ahal duten eragina aztertuta, Ingurumen Eraginaren Atalak uste du ezen, kontsulten emaitza kontuan hartuta eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, proiektuak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean ez Natura 2000 Sarearen balioetan, baldin eta ingurumen-eraginaren txosten honetan biltzen den guztia eta ingurumen-agirian (16. kapitulua) proposatzen diren prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak betetzen badira.
Horrenbestez, proposatzen da Bidasoko bide berdea Doneztebe-Elizondo tartearekin luzatzeko udalez gaindiko proiektu sektoriala aldatzearen aldeko txostena egitea, txosten honetan ezartzen diren baldintzak bete behar direla adierazita. Ez dago zertan egin proiektuak ingurumenean izanen duen eraginaren ebaluazio arruntik. Nolanahi ere, indarrean dagoen legeriaren arabera beharrezkoak diren beste baimen edo baimen batzuk lortu beharko dira, batez ere Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimena.
Proiektuak ingurumenean izanen duen eraginaren ebaluazio sinplifikatua ongi burutu denez gero, adierazitakoarekin bat etorriz eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. "Bidasoko bide berdea egokitzeko udalez gaindiko proiektu sektoriala aldatzea ibilbidea Doneztebe-Elizondo tartearekin luzatzeko Doneztebe, Bertizarana eta Baztango udalerrietan. Sustatzailea: Cederna Garalur elkartea" deritzon aldaketak ez du eragin nabarmenik edukiko ingurumenean, ingurumen-eraginaren txosten honetan adierazten den bezala, eta, beraz, ez dago zertan egin 21/2013 Legearen II. tituluaren I. kapituluaren 1. atalean arautzen den ingurumen-eraginaren ebaluazio arrunta.
Nolanahi ere, baimentzeak berekin dakar honako baldintza hauek bete behar izatea:
1. Eraikuntza-fasean eragin handienak jasanen dituzten bide berdearen tarteetan bederen obraren ingurumen-zuzendaria beharko da (tarte horiek ingurumen-azterlanaren 15. kapituluan zehazten dira).
2. Donezteben aldatutako tartean (0+340 kp - 0+600 kp) ez da eginen proiektuko Krainer horma, zoladura hormigoizkoa gabe zabor-legarrezkoa edo beste gai iragazkor batez egina izan behar da, eta gutxienez metro bateko tartea egon beharko da bidetik ezpondaren gailurrera eta zuhaitzetara. Tarte hori mantentzeko, bidea lurzatien itxiera berriraino atzeratuko da eta, beharrezkoa izanez gero, areka ibilgarria beste era batera diseinatuko da edota bidearen zabalera murriztuko da eta 1,5 m-tan utziko da.
3. Egokitzat jotzen da Narbarteko gasolindegiaren ondoko ibilbidea (3+500 kilometro-puntuaren inguruan), ez baitu inolako eraginik edukiko ingurumenean (trenbide zaharra gasolindegiko lubetaren azpian geratu zen, baina oso ongi artatutako tunela dago). Hala ere, ingurumenaren ikuspegitik, oinezkoentzat baizik izanen ez litzatekeen bidezidorra egin liteke tunelaren barnean, behin betiko onetsitako bizikleta-bidearen osagarri gisa; hori eginez gero, aztertu beharko da zer egin daitekeen landaretzari, mendi-hegalari eta saguzar-populazioei ahalik kalte gutxien egiteko.
4. Bertizko Parke Naturaleko tartea (5+520 - 5+900): Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atalak eta Ibai Ingurunearen Atalak 2023ko uztailaren 3an egindako txostenean ezarritako ibilbidea eginen da.
5. Oronoz Mugairin aldatutako tartea (6+380 - 6+600): baldin eta azkenean tarte honetako ibilbidea onesten bada, bide berdea ubidetik ahalik urrunen eginen da, Bidasoa ibaia KBErekiko paraleloan egonen den 15 metroko zabalerako berdegunearen barnean. Hori guztia Baztango Udalaren Plan Orokorrean zehazten da (aldaketa egituratzailea: UE. 3, UE. 5, AR.1 eta SGZV.1). Horrela ibaia eta beraren ertzak konektore ekologikoak izanen dira orain arte bezala eta lur-zerrenda batean ibai-ondoko berezko zuhaitzak landatzen ahalko dira bide berdearen eta KBEaren artean: Fraxinus excelsior, Alnus glutinosa e.a.
6. KBEko tartea (7+300 - 10+360):
a) Errodaduraren zabalera 3 metrokoa izanen da gehienez (aurreikusitakoa 3,5 m da).
b) Tarte honetan (batez ere 7+300 - 8+600 kilometro-puntuen artean) harri silizeozko lubetak daude, gainean iratze (Polystichum setiferum, esaterako) eta beste landare interesgarri ugari dituztenak. Harri-lubeta horiek egonkortu behar izanez gero, paisaia-integrazioa eta landare horien babesa ahalbidetzen dituen teknika erabiliko da (esaterako, sareak lehenetsi hormigoizko gunitatuaren aldean...).
7. Artesiaga errekako bi zubien arteko tartea (11+440 - 11+480), "Baztan ibaia eta Artesiaga erreka" KBEren barruan: trenbide zaharreko zubia (11+500) zeharkatzen duen bidea oinezkoentzako soilik izanen da (zabalera 1,50 m gehienez); aldiz, bizikleta-bidea egungo pistatik eta zubi berririk joanen da.
Zubi zaharraren birgaitzea: Artesiaga errekako zubia (11+500) birgaitu baino hilabete batzuk lehenago teknikari eskudun batek egiaztatu behar du saguzarrik dagoen ala ez (koloniak zein animalia bakanak). Saguzarrak daudela egiaztatuz gero, prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira ugaztun horiei kalte ez egiteko.
8. Sasiak garbitzeko eta zuhaitzak mozteko ingurumen-baldintzak:
a) Oro har, proiektuan proposatzen den bezala, kaxaren zabalera eta alboetan 0,5 metro gehiago hartzen duen eremuan garbituko dira sasiak. Hala ere, beharrezkoa bada, bidearen errodaduraren zabalera txikituko da, eta kasuren batean, zuhaitz interesgarriren bat ez moztu behari izateko ere bai.
b) Zuhaitzen bat moztu behar izanez gero, Basozaintzari jakinarazi beharko zaio, haiek oniritzia eman eta markatzeko: Bidasoko barrutia (948-450096, gmabidasoa@navarra.es).
c) Adarrak oinarritik inausiko dira tresna egokiak erabiliz, eta orbaintze-gune biribila utziko da zauriak behar bezala itxi daitezen.
d) Urteko mantentze-lanak (bidea inbaditzen duten sasiak garbitzea eta zuhaitzen eta zuhaixken adarrak inaustea) eskuz eginen dira; ez da herbizidarik aplikatzen ahalko, ezta desugerketarik egin ere landaredian.
e) Ez da utzi beharko inguruan metatutako landaretza pilarik, eta in situ ebakitako materiala erretiratu edo birrindu beharko da.
9. Pasabideak: UGPSn ezartzen den bezala, pasabideak eraikitzeko proiektuan haien diseinua eta kalkuluak zehaztuko dira, batez ere Baztan ibaiko zubi berriarenak (60 m luze, Lekarozko ikastetxetik gertu, 13+740 kp).
Horien diseinuan igarobide lehorrak egon behar dira animaliak urertzetik ibiltzeko, eta hondeatzen diren eremuak eta harri-lubetak paisaian integratu behar dira (esaterako, landare-lurrez bete harri-blokeen arteko hutsuneak eta zumezko hesolak eta zumeak jarri).
10. Obran birziklatutako agregakinen portzentaje bat erabiliko da, Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen 19.3 artikulua aplikatuz. Proiektu honetan gutxienez %40 izan beharko da. Obran, birziklatutako agregakinen kalitatea bermatu beharko da.
11. Obra-zuinketarako, lanak hasi baino berrogeita zortzi ordu lehenago, Ingurumen Jarraipenaren Bulegoari abisatuko zaio (seguimiento.ambiental@navarra.es o 848 426689).
12. Obren egutegia: ibilgua ukitzen duten lanak ekainetik azarora bitartean eginen dira, salmonidoen ugaltze aldia ez oztopatzeko. Ibilguaren ertzeko lanek, batez ere sastrakak kentzeak, bisoi europarra hazteko garai kritikoa saihestuko dute (apirila-abuztua); beraz, lan horiek iraila eta martxoa bitartean eginen dira.
13. Espresuki debekatuta dago ibai ibilguan edonolako isurketak egitea, eta arreta berezia jarriko da substantzia kutsagarriak erabiltzean, hala nola gasolioa, olioak eta hormigoia.
14. Obra hondakin guztiak hondakinen kudeatzaile baimendu baten eskura jarri beharko dira, araudian bertan ezarritako moduan.
3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak adierazten duenari jarraiki, ingurumen txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak ukatu gabe, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jartzen ahal direnak ukatu gabe.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen hau igortzea Lurralde eta Paisaia Zerbitzura, Ingurumen Zaintzako Taldera (Bidasoko barrutia) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2023ko abenduaren 18an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
Iragarkiaren kodea: F2318002