16. ALDIZKARIA - 2024ko urtarrilaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

7963E/2023 EBAZPENA, abenduaren 18koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baitira 2024rako dirulaguntza deialdi bat eta haren oinarri arautzaileak, langabeei zuzendutako prestakuntza ekintzak egiteko, horiek kontratatzeko konpromisoarekin. DDBN identifikazioa: 733623.

Nafarroako Gobernuak adierazi du lanerako prestakuntza bultzatu nahi duela, horren bidez enpresen lehiakortasun beharrei erantzuteko eta langabeen nahiz landunen lanbide sustapena eta garapen pertsonala lortzeko xedeak asetzeko.

Lan arloko enplegurako lanbide prestakuntzaren sistema arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legeak eta ondoren lege hori garatu eta betearazteko eman den araudiak sistemaren goitik beherako erreformari ekin diote, eta hori kontuan hartu da deialdi honetan.

Bai lege horretan, bai garatzen duen uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuan jasota dago, lanerako prestakuntzaren arloko ekimenen barruan, langabeei horren eskaintza egitea, besteak beste kontratatzeko konpromisoa duten prestakuntza programak.

694/2017 Errege Dekretua garatzen duen martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren bidez, administrazio eskudunen prestakuntza eskaintza finantzatzeko dirulaguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak ezarri ziren, barnean sartuta kontratatzeko konpromisoa atxikita duten prestakuntza programak. Agindu horretan ezartzen denez, administrazio publiko eskudunek dirulaguntzak emateko edozein prozedura aplikatzen ahalko dute, entitate onuradunen arteko lehia ahalbidetzen duena, eta prozedura horiek aipatutako aginduaren II. kapituluan ezarritako oinarri arautzaileek arautuko dituzte.

Dirulaguntzak banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz emanen dira. Prozedura hori azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan dago ezarrita, eta xede du beste proposamen batzuekin alderatu beharrik ez duten jarduketak finantzatzea. Horrenbestez, dirulaguntzak emateko ebazpenak eskaeren aurkezpen-hurrenkeraren arabera emanen dira, jarduketa diruz lagungarriaren konkurrentzia eta eskatutako gainerako betekizunak betetzen direla egiaztatu ondoren betiere, deialdiari esleitutako aurrekontu-kreditua agortu arte.

Hortaz, dirulaguntzen xedea da bai parte-hartzaileen bai enpresen prestakuntza- eta enplegu-premiak asetzea; beraz, komeni da dirulaguntzak ahalik eta gehien egoki dakizkion prestakuntza- eta okupazio-premiak sortzen diren uneari.

Langabeei prestakuntza profesionala emateko eta enpresei beren beharrei erantzunen dieten profilak aurkitzen laguntzeko, aurreikusten da kontratazio-tasa gainditzea, aurreko urtean baino enpresa gehiagotara iristea eta aurrekontuaren betetze portzentajea ere handitzea.

Horrez gain, 2024rako helburuen artean, lanbide-arlo jakin batzuetan dagoen segregazio horizontala murrizten jarraitu nahi da, hala nola hauetan: Eraikuntza eta Obra Zibila, Elektrizitatea eta Elektronika, Energia eta Ura, Instalazioa eta Mantentze-lanak, eta Garraioa eta Ibilgailuen Mantentze-lanak; izan ere, emakumeak parte-hartzaile guztien %10 baino gutxiago dira haietan. Hala, aurreikusten da gutxienez 5 emakumek egitea lanbide-arlo horien prestakuntza.

Dirulaguntza hauek kudeatutako dirulaguntzak dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 3.4.a) artikuluaren arabera. Estatuari dagokio horien araudi osoa edo oinarrizkoa ezartzea; horiek kudeatzeko eskumena, berriz, osoa zein partziala, beste administrazio publiko batzuena da.

Deialdi honek eragin zuzena du Nafarroako 2021-2024 aldirako Enplegu Planean, zehazki 0.E.2.2.2 helburu estrategikoan ("Prestakuntza Nafarroako eskaeren eta beharren arabera planifikatzea eta diseinatzea, enpleguan zuzeneko eragin handiagoa lortzeko"), eta horren barrenean jasotako neurri honetan: "Modalitate duala enplegurako prestakuntza-programetan sartzeko prozesuan aurrera egitea; kontratatzeko konpromisoa atxikia duen prestakuntza bultzatzea; prestakuntza- eta ikaskuntza-kontratuak; eta, enpresan eskuratutako ezagutzak praktikan jartzeko edozein modalitate, lan-merkatura sartzeko azken zubi gisa".

Gobernuak 2023ko azaroaren 22an hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zitzaion Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari dirulaguntzen deialdi bat tramita zezan banakako ebaluazioaren araubidean, langabeak kontratatzeko konpromisoa atxikia duten prestakuntza ekintzak diruz laguntzeko.

Deialdi honetako dirulaguntzak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 3.4.a) artikuluaren araberakoak dira (Estatuari dagokio horien araudi osoa edo oinarrizkoa ezartzea, eta osoki zein partzialki kudeatzeko eskumena, berriz, beste administrazio publiko batzuei), baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 1. artikuluaren araberakoak ere.

Halaber, laguntza hauek Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduarekin bat datoz. Erregelamendu horren bidez, barne merkatuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdiko oinarriak onestea. Oinarri arautzaile horiek ebazpen honen I. eranskinean ageri dira.

2. Dirulaguntza publikoak emateko deialdia onestea, 2024an Nafarroako Foru Komunitatean langabeak kontratatzeko konpromisoa atxikita duten prestakuntza ekintzak finantzatzeko.

3. 750.000 euroko gastua baimentzea, 2023ko gastu aurrekontuko "Enplegu konpromisoa duten eta hainbat taldetarako diren prestakuntza ekintzak. Konferentzia sektoriala" izeneko 950002 96200 4709 242104 partidaren baliokidea izateko 2024an gaitzen den partidaren kargura.

4. 200.000 euro gehiago baimentzen ahalko dira gehienez, baina, hori gauzatu ahal izateko, legez aurreikusitako inguruabarren bat gertatzearen ondorioz baimendu beharko da. Kreditu gehigarri horretarako baimena, kasua bada, organo eskudunak emanen du, eta deialdiaren modu berean argitaratuko da. Horrek ez du ekarriko beste epe bat irekitzea dirulaguntza eskaerak aurkezteko, ez eta ebazteko eta jakinarazteko gehieneko beste epe bat hastea ere. Hori guztia Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluaren 3. apartatuko a) erregelako 2. kasuan xedatutakoa aplikatuz, hau da, erabilgarri dagoen aurrekontu-kredituaren zenbatekoa handitu bada kreditua sortu, gehitu edo eranstearen ondorioz.

5. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta aipatu aldizkarian argitaratu arte.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2023ko abenduaren 18an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

I. ERANSKINA.–OINARRIAK

1.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da dirulaguntza batzuk emateko prozedura arautzea, haien bidez Nafarroako Foru Komunitatean langabezian dauden langileek gaitasun profesionalak eskuratzeko eta hobetzeko prestakuntza ekintzak finantzatzeko, kontrataziorako konpromisoak atxikiak dituztenak.

2.–Entitate onuradunak.

2.1. Honako hauek izaten ahalko dira deialdi honetan araututako dirulaguntzen onuradun:

a) Nafarroako Foru Komunitateko enpresak, haien elkarteak edo entitateak, diruz lagundutako prestakuntza ekintzetan parte hartzen duten pertsonak kontratatzeko konpromisoa beretzat hartzen badute.

b) Prestakuntza entitateak, publikoak zein pribatuak, barnean sartuta Lanbide Heziketako titulartasun pribatuko ikastetxe bateratuak. Kasu horretan, prestakuntza entitateek kontrataziorako konpromisoa beren gain hartzen ahalko dute kontratazioa eginen duten beste enpresa batzuekin akordioak edo hitzarmenak sinatuz. Nolanahi ere, prestakuntza entitate onuradunak hartuko du bere gain prestakuntza jarduera diruz lagundua gauzatzeko nahiz kontratatzeko konpromisoa betetzeko ardura.

c) Prestakuntza entitate publiko edo pribatuen taldeak, enpresak eta haien elkarte edo entitateak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluan ezarritakoarekin bat. Taldeko entitate guztiek entitate onuradunentzat ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte. Talde horren eraketa agiri pribatu batean jaso beharko da, eta bertan taldearen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko da, entitate onuradun den aldetik dagozkion betebeharrak betetzeko adinako ahalen jabe. Kasu horretan, berariaz adieraziko dira, laguntzaren eskabidean, taldeko entitate bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak, baita haietako bakoitzak aplikatuko duen dirulaguntzaren zenbatekoa ere, horiek ere entitate onuraduntzat hartuko baitira. Taldea ezin izanen da desegin harik eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako preskripzio-epea iragan arte.

Paragrafo honetan aipatzen den inskripzioa ez zaie eskatuko beren langileei prestakuntza ematen dieten enpresei, prestakuntza hori beren kabuz eman edo kontrataziora joz eman.

2.2. Prestakuntza entitate publikoak edo pribatuak, enpresak eta haien elkarteak edo entitateak eta Lanbide Heziketako titulartasun pribatuko ikastetxe bateratuak, kasuan kasuko prestakuntza entitateen erregistroan inskribatuta egon beharko dira dirulaguntzaren xede diren prestakuntza espezialitateak irakasteko; horrez gain, diruz lagundutako ekintzaren berri emateko jarduerak egin baino lehen, eskatutako prestakuntza espezialitateak emateko instalazioak eduki beharko dituzte Nafarroako Foru Komunitatean, behar bezala inskribatutakoak.

2.3. Entitate batek prestakuntza eman nahi baldin badu Nafarroan inskribatuta dituenez beste lokal edo instalazio batzuetan, adierazi beharko du, ekintzen berri emateko jarduerak egin aurretik, zer instalazio edo lokal erabiliko dituen prestakuntza emateko, eta hura erabil dezakeela dioen akordioa edo kontratua aurkeztu beharko du. Betiere, eskatutako prestakuntza espezialitateetarako akreditutaturik edo inskribaturik egon beharko dute lokal edo instalazio horiek, entitate eskatzaileei inskripziorako eskatzen zaien epe berean.

2.4. Honako hauek ezin izanen dira izan oinarri hauetan arautzen diren dirulaguntzen onuradun:

a) Administrazio publikoak, sozietate publikoak, enpresa publikoak eta haiei loturik edo haien mendean dauden entitateak.

b) Eskaera egin aurreko sei hilabeteetan langile kopurua murriztu duten enpresak eta entitateak. Ondorio horietarako, kontratu mugagabea dutenak eta, hala badagokio, bazkide langileak edo laneko bazkideak baino ez dira kontuan hartuko. Ez dira konputatuko heriotzaren, erretiroaren edo baliaezintasunaren ondoriozko bajak.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan aipatzen diren kasuetakoren batean dauden entitateak.

2.1 oinarriko c) atalean sartutako taldeak ezin izanen dira onuradun izan baldin eta taldeko entitateren batek debeku horietakoren bat badu.

3.–Dirulaguntzaren xedeko jarduketak.

–Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera bideratuta ez dauden espezialitateei dagozkien prestakuntza ekintzak.

–Prestakuntza ibilbideak, honako hauekin konbinatzen ahalko direnak: hainbat espezialitate, gutxienez bi espezialitateko hainbat prestakuntza modulu, prestakuntza espezialitate bat edo gehiago eta prestakuntza modulu bat edo batzuk.

Prestakuntza ekintzak eta ibilbideak enpresa kontratatzaileek bete beharreko lanpostuen prestakuntza premietara egokitu behar dira.

3.1. Prestakuntza ekintza guztiek jaso beharko dute, prestakuntza teknikoarekin batera, eraldaketa digitalari, garapen jasangarriari eta genero-zeharkakotasunari buruzko prestakuntza, salbu eta haien edukiak arlo horietakoak badira.

a) Prestakuntza teknikoa.

Prestakuntza teknikoa profesionaltasun-ziurtagiri bat lortzearekin loturarik ez duten prestakuntza espezialitateei dagokie, eta prestakuntza horren xede diren kualifikazio-premiei eta/edo enplegu-eskakizun espezifikoei erantzunen die. Erreferentetzat izanen dute irailaren 9ko 30/2015 Legearen 20.3 artikuluan aurreikusitako Prestakuntza Espezialitateen Katalogoa, eta horien iraupena, edukiak eta emateko baldintzak bertan ezarritakoak izanen dira.

Entitate eskatzaileak prestakuntza proiektuaren fitxa bete beharko du. Fitxa horretan beharrezkoa den informazioa jasotzen da, NL-NEZek, entitatearekin elkarlanean, premia zehatzari erantzuteko prestakuntza egokia diseinatu eta taxutu dezan.

b) Eraldaketa digitalari, garapen jasangarriari eta genero-zeharkakotasunari buruzko prestakuntza.

Honako hauei buruzko prestakuntza jarduerak dira: lan-ingurunean teknologia digital berriak integratzea eta teknologia horiek duten eragina (zerbitzu berriak sortzea, profil profesionalak aldatzea edo sortzea, lan-prozesuak aldatzea, komunikazio-kanal berriak, etab.); garapen jasangarria (egungo premiak asetzea ahalbidetzen duen garapena, etorkizuneko belaunaldien gaitasuna arriskuan jarri gabe, eta oreka bermatuta hazkunde ekonomikoaren, ingurumenaren zaintzaren eta gizarte-ongizatearen artean); eta genero-zeharkakotasuna. Genero-zeharkakotasuna estrategia eraginkor bat da emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko bidean aurrera egiteko, genero-desberdintasunak ezabatzeko, lan-prozedurak eta -metodoak zuzentzeko eta arlo horretan gizarte-aldaketarako joerak sustatzeko.

Prestakuntza teknikoan ematen diren prestakuntza espezialitateekin lotuta egon beharko du, eta prestakuntza horretan erabiltzen den irakaskuntza-modalitate bera erabili beharko da. Prestakuntza teknikoa emateko modalitatea mistoa denean, aurrez aurrekoa edo teleprestakuntzakoa izan daiteke.

Eraldaketa digitaleko prestakuntza prestatzeko, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak prestatutako erreferentzia-materialak erabiltzen ahalko dira: https://sites.google.com/happeninn.es/tdndicefamprofesionalessne/Indice-TD-SNE-familias-profesionales.

Halaber, Prestakuntza Espezialitateen Katalogoko prestakuntza espezialitate batzuk erabili ahal izanen dira erreferentzia-material gisa.

Eskatutako prestakuntza tekniko guztiak batera zenbat irauten duen, horrexek zehaztuko du prestakuntza horretarako gehienez finantzatu daitekeena:

–50 ordutik beherakoa bada: 2 ordu.

–100 ordutik beherakoa bada: 5 ordu.

–100 ordukoa edo hortik gorakoa bada: 10 ordu.

Entitateak hiru eremuen artean banatzen ahalko ditu orduak, egokitzat jotzen duenaren arabera.

Salbuespen gisa, NL-NEZek prestakuntza hori ez gauzatzea baliozkotuko du, entitateak justifikazio arrazoitua eman ondoren.

3.2. Dirulaguntza onartzeko ebazpena eman eta biharamunetik hasita gauzatzen ahalko dira prestakuntza ekintzak, eta hurrengo urteko ekainaren 30a baino lehen bukatu behar dira.

3.3. Eguneko eskola-orduak ezin izanen dira 8 baino gehiago izan, eta asteko muga 40 izanen da.

Aurrez aurreko modalitatean antolatzen diren prestakuntza ekintzak gehienez 30 ikasleko taldetan egiteko programatuko dira.

Teleprestakuntzako modalitatean, gutxienez tutore bat izan beharko da 80 parte-hartzaileko. Tutore-irakasleek prestakuntza edo esperientzia izan beharko dute modalitate horretan.

Ekintza mistoetan muga horiek errespetatu eginen dira, prestakuntza emateko modalitatearen arabera.

3.4. Teleprestakuntzako plataformak online ikasteko sistema bat izan beharko du, ikasleen prestakuntza kudeatzeko eta segurtatzeko behar besteko ahalmenekoa. Baldintza hauek bete beharko ditu, gutxienez:

–Aplikatzekoa den arau teknikoan adierazitako fidagarritasun, segurtasun, irisgarritasun eta elkarreragin mailak izatea.

–Ikasle guztiak aldi berean sartzea ahalbidetzea, segurtatuta plataformaren banda-zabalera uniformea dela ikastaroaren etapa guztietan.

–Plataforma erabiltzeko behar diren lizentziak izatea.

–24 × 7 eskuragarri egotea.

–Backup-a, sistema eroriz gero datu guztiak berreskuratzen ahalko direla bermatzeko behar den aldizkakotasuna duena.

–Ikasleen eta egiten diren jarduera guztien erregistroak, eta txostenen edizioa.

Entitate onuradunak plataformarako sarbidea emanen die Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko teknikariei; horretarako, gako bat emanen die, prestakuntza ekintza guztien kontrola eta jarraipena egin ahal ditzaten.

Oinarri arautzaile hauetan teleprestakuntzakoplataformari buruz jasotzen ez den guztirako, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2014ko maiatzaren 26ko Ebazpenaren I. eranskina beteko da (Teleprestakuntzako plataformaren eta ikaskuntza-eduki birtualaren baldintza teknikoak, profesionaltasun-ziurtagiria lortzera bideratuta ez dauden eta teleprestakuntzako modalitatekoak diren prestakuntza espezialitateetarako). Aipatu ebazpenaren bidez, teleprestakuntzako modalitatean eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren kudeaketa esparruan lanerako prestakuntza ematen duten prestakuntza zentro eta entitateen akreditazioa eta inskripzioa arautzen dira.

3.5. Irakasleek irakasleen fitxategiko aplikazioan inskribatuta egon beharko dute. Hala ez bada, izena emateko eskatu beharko du helbide honetan: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/enplegurako-prestakuntzako-irakasleen-fitxategian-izena-ematea.

4.–Kontratatzeko konpromisoa.

4.1. Enpresek, haien elkarteek edo gainerako entitate onuradunek prestakuntza bukatzen duten pertsonen ehuneko 40 kontratatu beharko dute, gutxienez.

Entitate onuraduna prestakuntza entitate bat denean, kontratazioa beren gain hartzen duten enpresa edo entitateek prestakuntza bukatzen duten pertsonen %40 kontratatu beharko dute, gutxienez. Nolanahi ere, prestakuntza entitate onuradunak hartuko du bere gain prestakuntza jarduera diruz lagundua gauzatzeko nahiz kontratatzeko konpromisoa betetzeko ardura. Enpresa edo entitateekin sinatutako akordioetan, prestakuntza jaso duten langileen kontratazio-konpromisoak jasoko dira, kopurutan.

Ondorio horietarako, honela zehaztuko da kontratatu beharreko gutxieneko parte-hartzaile kopurua: prestakuntza bukatzen dutenen %40 kalkulatu eta goragoko zenbaki osora biribilduko da.

Ikasle batek prestakuntza bukatu duela joko da prestakuntza ekintzaren iraupenaren %75ean, gutxienez ere, parte hartu baldin badu.

4.2. Honako baldintza hauen arabera beteko da %40ko nahitaezko kontratazio ehuneko hori:

a) Kontratazioak emandako prestakuntza teknikoarekin lotura zuzena duen lanpostu egokietan egin beharko dira. Baldintza horiek betetzen dituela ulertuko da lanpostuaren xedea denean prestakuntza teknikoan eskuratutako ezagutza teoriko-praktikoei lotutako lanak egitea.

b) Kontratazioak prestakuntza ekintzaren bigarren egunetik 6 hilabetera bitartean eginen dira, ekintza bukatu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita (prestakuntzaren %25 eginda).

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak epe hori luzatzeko baimena ematen ahal du, bukatu aurretik, entitate onuradunak eskaera arrazoitua egiten badu.

c) Lan-kontratuak lan araudiaren araberakoak izanen dira, eta, ahal dela, mugagabeak edo, bestela, gutxienez 6 hilabetekoak, lanaldi osoa denean, edo 9 hilabetekoak, lanaldi partziala denean. Azken kasu horretan, eguneko lanaldia gutxienez %50ekoa izanen da.

d) Aurreko apartatuan adierazitako aldi baterako kontratazioa kontratu bakar batean egin beharko da.

e) Kontratazio-baldintza betetzat joko da, halaber, kontratazioa enpresa-talde bereko enpresetan egiten bada edo kontratatu beharreko pertsonak bazkide langile edo lan-bazkide gisa sartzen badira kooperatiba eta lan-sozietateetan.

f) Ikasleek kontratazioari uko egiteak ez du justifikatuko ez betetzea nahitaezko kontratazio-ehunekoa, %40koa, non eta ez den kontratatzeko moduko beste ikaslerik.

g) Kontratatutako pertsona edozein arrazoirengatik lanpostutik kentzen bada, entitate onuradunak 15 egun naturaleko epean ordeztuko du, kontratatzeko moduko beste ikaslerik ez dagoenean izan ezik.

4.3. Kontratu horiek Gizarte Segurantzaren kotizaziorako pizgarri edo onurez baliatzen ahalko dira, edo kasuan kasuko kontratuagatik legozkiokeen bestelako laguntzez, horrelako pizgarri edo onurak arautzen dituen araudiaren arabera.

5.–Irakasleei ordaintzea.

5.1. Irakasleen kostuen barnean sartzen dira prestakuntza ekintza ematearen ondoriozkoak, bai eta irakaslanaren prestakuntza, jarraipena eta kontrola, irakaskuntza ebaluatzea, tutoretzak, joan-etorriak eta prestakuntza jarduerako irakasleek egotzitako beste edozein ere.

Oinarri honetan aipatzen den orduko kostua kostu gordina da, hau da, barnean hartzen ditu zergak, kenkariak edo legez egin beharreko beste edozein gastu.

5.2. Prestakuntza ekintza bakoitzean, irakasleen kostuak izanen dira, gutxienez, entitate onuradunak prestakuntza amaitu ondoren aurkeztu beharreko justifikazioko memoria ekonomikoan eskatzen duen dirulaguntzaren zenbatekoaren %35.

Eskatutako dirulaguntzan akatsen bat badago, irakasleen kostuak kalkulatzeko, akatsa zuzendu ondoren ateratzen den zenbatekoa hartuko da kontuan.

5.3. Honela kalkulatuko da kostua orduko: prestakuntza ekintzarako eskatutako dirulaguntzaren %35 zati ekintza horren ordu guztien kopurua.

Zatiketa eginda ateratzen den orduko kostua 40 euro baino gutxiagokoa baldin bada aurrez aurreko modalitatean edo 30 euro baino gutxiagokoa teleprestakuntzan, orduko kostua, gutxienez ere, 40 eurokoa izanen da aurrez aurreko modalitatean eta 30 eurokoa teleprestakuntzan. Modalitate mistoan, kasuan kasuko kostuak aplikatuko dira, zenbat ordu eman diren aurrez aurreko modalitatean eta teleprestakuntzan.

Kopuru horrek ez du zerikusirik prestakuntza ekintzaren mailarekin, prestakuntza amaitzen duten pertsonekin edo entitateari azkenean ordaintzen zaion dirulaguntzarekin.

5.4. Prestakuntza ekintza batean irakasle bat baino gehiago badago, horietako bakoitzak kostu desberdina izan dezake entitatearentzat. Nolanahi ere, irakasle guztien guztizko gastuak eskatutako dirulaguntzaren %35ekoa izan beharko du gutxienez, eta irakasle bakoitzaren orduko kostuak, aurreko puntuan adierazitakoa.

5.5. Oinarri honetan aipatutako kostuak gutxieneko kostuak dira. Prestakuntza entitateak portzentaje eta orduko kostu handiagoak ordaintzen ahalko dizkie irakasleei.

5.6. Oinarri honetan adierazitakoa betetzen ez bada, entitateari eskatuko zaio hilabeteko epean zuzentzeko. Zuzentzen ez bada, entitateari eskatuko zaio eskatutako dirulaguntzaren %35 ere itzul dezala, gehi dagozkion berandutze-interesak, likidatutako dirulaguntza ordaindu zen egunetik itzulketaren ebazpena ematen den egunera artekoak.

Itzulitako zenbatekoak irakasleei ordainduko zaizkie, oinarri honetan ezarritakoa bete arte.

5.7. Oinarri honetan adierazitakoa noraino bete den kontuan hartzen ahalko da etorkizuneko deialdien balorazioan.

6.–Dirulaguntzen zenbatekoa.

6.1. Prestakuntza ekintzetatik gehienez 300 prestakuntza ordurako dirulaguntza emanen da parte-hartzaile bakoitzeko.

6.2. Honako dirulaguntza hau emanen da: dirulaguntza ematen den unean Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ezarrita dituen modulu ekonomiko espezifikoetan (lanbide-arloen arabera xehakaturik) parte-hartzaile eta ordu bakoitzeko ezarritako zenbatekoa.

Teleprestakuntza bidez ematen badira ekintzak, modulu ekonomikoak ezin izanen du honako hau gainditu: aurrez aurreko modalitaterako ezarritako modulu ekonomikoaren ehuneko 75.

6.3. Teleprestakuntzako modalitatetzat joko da baldin eta prestakuntza ekintzaren aurrez aurreko zatia iraupen osoaren %20 edo gutxiago bada.

7.–Prestakuntza ekintzetako parte-hartzaileak.

7.1. Honako hauek parte har dezakete deialdi honetan aurreikusitako prestakuntza ekintzetan:

a) Langabeak, enplegu zerbitzu publikoetan lan-eskatzaile gisa inskribaturik badaude.

b) Enplegu prekarioa duten langileek; ulertuko da langile batek enplegu prekarioa duela indarrean dagoen lanbide arteko gutxieneko soldatatik beherako soldata duenean hilean.

c) Enplegu sozial babestuko programetan ari diren landunak.

Nolanahi ere, b) eta c) letretan deskribatutako parte-hartzaileen kopurua ez da izanen programatutako parte-hartzaile guztien ehuneko 30 baino handiagoa.

Langileak prestakuntzaren hasieran zein lan egoeratan dauden, horren arabera esanen da langileak lanean ari direla edo lanik gabe daudela.

Aldi baterako enplegu erregulazioko espediente baten menpe dauden langileen kasuan, Enplegua babesteko zenbait neurri sozial hartu zituen irailaren 29ko 30/2020 Errege Lege-dekretuan ezarritako baldintzetan badaude, ez dira lanean dauden pertsonatzat hartuko TMS/368/2019 Aginduaren 18.4 artikuluan ezarritako mugaren ondorioetarako, azaroaren 25eko TES/1109/2020 Aginduan ezarritakoa betez.

Eskatzaileek behin baino ezin izanen dute parte hartu prestakuntza ekintza bakoitzean.

7.2. Honako hauek ezin izanen dute ebazpen honetan araututako prestakuntza ekintzetan parte hartu:

a) Administrazio publikoetako, sozietate publikoetako, enpresa publikoetako eta haiei loturik edo haien mendean dauden entitateetako langileek.

b) Dirulaguntzaren onuradun diren enpresetako edo bestelako entitateetako langileek, bai eta dirulaguntza emateko oinarri izan ziren konpromisoak (langileak kontratatzekoak) beren gain hartu zituzten enpresetakoek ere.

7.3. Ikasleen inskripzio-orriak entitate onuradunek gordeko dituzte, eta prestakuntza ekintzen ebaluazio, jarraipen eta kontrolerako organo eskudunen eskura egonen dira.

7.4. Entitate onuradunak hautatuko du nork hartzen duen parte prestakuntza ekintzetan; era berean, ardura izanen du segurtatzeko ezen parte-hartzaileek prestakuntza ekintzan sartzeko baldintzak edo hura egiteko oinarrizko konpetentziak dituztela, kasuan kasuko ekintzaren errekerimenduen arabera.

7.5. Ikasleek prestakuntza ekintzetara joan beharra dute, eta haiek aprobetxatu. Prestakuntza ekintzan parte hartzeak dituen betebeharren berri emanen die parte-hartzaileei entitate onuradunak. Honako hauek dira baztertuta gelditzeko arrazoiak:

a) Arrazoitu gabeko hiru bertaratze-hutsegite baino gehiago egitea hilabete batean.

b) Prestakuntza ekintza ez aprobetxatzea.

c) Prestakuntza ekintza normaltasunez egitea oztopatzea.

d) Begirune edo adeitasun falta irakasleekin, ikaskideekin edo prestakuntza ematen duen entitateko langileekin.

e) Prestakuntza ematen duen entitateko instalazioak eta ekipamenduak behar bezala ez erabiltzea.

f) Prestakuntza ematen duen entitateko funtzionamendu araudian jasotzen den beste edozein.

7.6. Prestakuntza ekintza bidezko arrazoirik gabe uzten duten ikasleek ezin izanen dute izena eman ez eta parte hartu ere Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak antolatutako beste prestakuntza ekintza batean harik eta 3 hilabete pasatzen diren arte aurreko prestakuntza uzten denetik. Kanporatutako ikasleen kasuan, epe hori 12 hilabetekoa izanen da, ikaslea kanporatzen denetik zenbatzen hasita.

7.7. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak prestakuntza ekintza bat kautelaz eteten ahal du, prestakuntza normaltasunez emateko eragin nabarmena duten irregulartasunak atzematen direnean.

7.8. Prestakuntza ekintzaren ikaskuntzaren ebaluazioa eginen da. Alderdi horiek modu independentean ebaluatuko dira prestakuntza-espezialitate bakoitzean. Parte-hartzaile bat espezialitate batean gai dela jotzeko, joan beharko du espezialitate horretako orduen ehuneko 75era, gutxienez ere, eta hura probetxuz gainditu.

Salbuespenez, eta behar bezala justifikatutako ez-bertaratzeetan baino ez, parte hartzaile batek gai kalifikazioa lortu ahal izanen du, espezialitate batean, baldin iraupenaren ehuneko 65era gutxienez ere joan bada eta aplikatutako ikaskuntza-kontrolak gainditu baditu.

Justifikatutako hutsegitetzat joko da ikasleak ez bertaratzea eritasunagatik edo istripuagatik, familiakoak zaindu behar izateagatik edo prestakuntza entitatearen zuzendaritzak aintzat hartzen duen aparteko beste edozein inguruabarrengatik. Ikasleek ekarri beharko dituzte ez-bertaratzeen arrazoia egiazki justifikatzen duten agiriak. Nolanahi ere, modulu edo prestakuntza-espezialitate bakoitzeko bertaratzeen eta justifikatutako hutsegiteen baturak, gutxienez, haren iraupenaren %75 izan behar du.

8.–Bekak eta laguntzak.

8.1. Prestakuntza ekintzetan parte hartzen duten langabeak martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren IV. kapituluan ezarritako beken eta laguntzen onuradun izaten ahalko dira, baldin betetzen badituzte arau horretan eta oinarri honetan ezarritako betebehar eta baldintzak.

Langabetzat joko da prestakuntzaren hasieran langabezian eta enplegu eskatzaile gisa inskribatuta dagoena enplegu zerbitzu publikoetan. Bestela, ez da beka edo laguntzarik jasotzeko eskubiderik izanen. Era berean, beka edo laguntza jasotzeko eskubidea eten eginen da baldin eta langabea lanean hasten bada.

Laguntzak eta bekak zuzeneko emakida-araubidearen bidez emanen dira, Lan arloko enplegurako lanbide heziketaren sistema arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legearen 6.5.d) artikuluan ezarritakoaren arabera.

Entitate onuradunak langabeei informazioa emanen die eskuratzen ahal dituzten laguntzei eta bekei buruz eta horiek eskuratzeko eskatzen diren betebeharrei buruz, eta bekak eta laguntzak eskatzeko ereduak helaraziko dizkie. Nafarroako Gobernuaren Atarian egonen dira eskuragarri (www.nafarroa.eus), tramiteen atalean dagoen deialdiaren fitxan, bekei eta laguntzei buruzko informazioa, aurkeztu beharreko dokumentazioa eta eskaera ereduak.

Langabeek prestakuntza ekintza bukatu aurretik eskatu beharko dute laguntza edo beka, eta eskatutako dokumentazioa ere orduan aurkeztu beharko dute.

Entitate onuradunak ikasleen eskaerak eta frogagiriak bidaliko ditu Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzura 10 egun naturaleko epean, prestakuntza ekintza bukatu eta biharamunetik hasita, honako hauekin batera: ikasleak prestakuntzara bertaratu direla frogatzeko agiriak eta eskatutako laguntzari edo bekari buruzko dokumentazioa.

Eskaera horietan jasotako informazioa IRIS aplikazioaren Beken atalean erregistratu beharko da, erabilgarri badago.

Bi hilabete baino gehiago irauten duten prestakuntza ekintzen kasuan, entitateak tarteko bidalketa bat egiten ahalko du, eskaerarekin eta prestakuntzara bertaratu izanaren frogagiriekin eta eskatutako bekari edo laguntzari buruzko dokumentazioarekin, hots, epe horri dagozkionekin.

Nolanahi ere, oinarri honetan jasotako beken eta laguntzen zenbatekoak aldatzen badira, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak horiek emateko unean ezarritako zenbatekoetara egokituko dira.

8.2. Bekak eta laguntzak:

a) Emakumeak bertaratzeko beka.

Honako lanbide arlo hauetako prestakuntza ekintzetan parte hartzen duten emakumeei dagokie: Eraikuntza eta Obra Zibila; Elektrizitatea eta Elektronika; Energia eta Ura; Instalazioa eta Mantentze-lanak; eta Garraioa eta Ibilgailuen Mantentze-lanak. Bekaren zenbatekoa 9 eurokoa izanen da ekintzara bertaratutako egun bakoitzeko. Pertsona batek egun berean parte hartzen badu Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak lanerako prestakuntzaren sistemaren barnean diruz lagundutako lanbide-arlo horietako bi prestakuntza ekintzatan edo gehiagotan, haietako batengatik kobratuko du beka hau.

b) Desgaitasuna duten pertsonentzako beka.

Ehuneko 33ko edo hortik gorako desgaitasuna dutenentzat, betiere Estatuko edo autonomia erkidegoko entitateak egiaztaturik. Bekaren zenbatekoa 9 eurokoa izanen da ekintzara bertaratutako egun bakoitzeko. Pertsona batek egun berean Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako bi prestakuntza ekintzatan edo gehiagotan parte hartzen badu lanerako prestakuntzaren sistemaren barnean, haietako batengatik kobratuko du beka hau.

c) Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako beka.

Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei dagokien beka da, eta egoera hori honako hauen bidez egiaztatuko da: administrazio eskudunek edo harrera zentroko gizarte zerbitzuek emandako ziurtagiria, ebazpen judiziala, babes agindua edo fiskaltzaren txostena. Bekaren zenbatekoa 10 eurokoa izanen da ekintzara bertaratutako egun bakoitzeko. Pertsona batek egun berean Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako bi prestakuntza ekintzatan edo gehiagotan parte hartzen badu, haietako batengatik bakarrik kobratuko du beka hau.

d) Garraiorako laguntza.

Prestakuntza ekintzetara joaten diren langabeek eskubidea izanen dute garraio publikorako laguntza jasotzeko. Ikasleak inskribatuta dauden enplegu agentziaren datu-basean ageri den helbidea hartuko da kontuan, nahiz eta jakinarazpenetarako emandako helbidea beste bat izan. Kontuan hartzen ahalko da zein helbidetan bizi ohi den, baldin eta helbide hori ez badator bat aipatu datu-basearekin eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egiazta badezake.

Prestakuntzara joateko hiri-garraio publikoaren sarea erabiltzen badute, bertaratzen diren ikastaro eta egun bakoitzeko gehienez ere 1,5 euroko laguntza jasotzeko eskubidea izanen dute.

Beharrezkoa balitz hiriarteko garraio publikoa erabiltzea, bertaratzen diren ikastaro eta egun bakoitzeko gehienez ere 15 euroko laguntza jasotzeko eskubidea izanen lukete. Hiriarteko joan-etorrietan garraio publikoa erabili beharrak eragindako benetako gastua garraio txartelen bitartez frogatuko da.

Langabearen ohiko helbidetik ikastetxera joateko garraiobide publikorik ez badago, edo garraiobide horrek prestakuntza ekintzarako egokia den ordutegi erregularrik ez badu, garraioa norberaren ibilgailua erabiliz eginez gero laguntzarako eskubidea izaten ahalko da. Gorabehera hori laguntzaren ordainketarako eskumena duen organoak aztertu beharko du. Garraiorako norberaren ibilgailua erabiliz gero, laguntza kilometroko 0,19 eurokoa izanen da, muga honekin: 15 euro bertaratze egun eta ikastaro bakoitzeko.

e) Mantenurako laguntza.

Goizez eta arratsaldez egiten diren jardueretan parte hartzen duten langabeek hartzen ahalko dute laguntza hau, baldin eta horixe bada prestakuntza ekintzaren ohiko ordutegia (eta ez salbuespenezkoa), eta bizilekua ekintza ematen den herritik 20 km-ra baino gehiagora badute. Laguntza horren zenbatekoa 12 eurokoa izanen da ikastaroko egun bakoitzeko.

f) Ostaturako eta mantenurako laguntza.

Laguntza horretarako eskubidea izanen da, garraio sarea dela-eta, joan-etorriak eskolak hasi aurretik eta bukatu ondoren egunero egin ezin direnean eta langabearen bizilekua ekintza ematen den herritik 90 km-ra baino gehiagora dagoenean. Betiere, inguruabar hori Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko organo kudeatzaileak aztertu beharko du. Gehienez ere 33,33 euro hartzen ahalko da egunean kontzeptu horrengatik. Gainera, langabeak hasieran eta bukaeran ohiko bizilekutik egiten dituen joan-etorrien zenbatekoa kobratzen ahalko du, gehienez ere 30 euro, biak baturik. Laguntza hori ez da bateragarria izanen norberaren ibilgailuan edo hiriarteko garraioan egindako joan-etorrietarako laguntzarekin.

Ostatuko gastu erreala errentamendu kontratuaren bidez, fakturaren bidez edo froga-balioa duen beste edozein agiriren bidez frogatuko da.

g) Kontziliaziorako laguntza.

12 urtetik beherako seme-alabak edo mendekotasuna duen 2. gradurainoko ahaideren bat dituzten langabeek hartzen ahalko dute laguntza hau, horiekin bizi badira, eta prestakuntza ekintza hastean betebehar hauek betetzen badituzte:

Ondorio Askotarako Errenta Adierazle Publikoaren (OAEAP) %75etik gorako errentarik ez izatea. Ulertuko da betebehar hori betetzen dela baldin familia-unitatea osatzen duten kide guztien errenten baturak, kideen kopuruarekin zatiturik, OAEAParen %75 gainditzen ez badu, martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren 22. artikuluarekin bat.

Kontziliaziorako laguntzaren zenbatekoa eguneko OAEAParen %75ekoa izanen da, ikaslea ikastarora bertaratzen den egun bakoitzeko.

8.3. Bekak edo laguntzak eskuratzeko eskubidea galduko da prestakuntza ekintza bakoitzean hilean hirutan baino gehiagotan huts eginez gero justifikaziorik gabe. Nolanahi ere, ez da eskubiderik izanen prestakuntza ekintzara agertzen ez den egunei dagozkien garraio eta mantenurako laguntzak jasotzeko, ezta justifikatu gabeko bertaratze-hutsegiteei dagozkien bekak eta kontziliaziorako laguntzak jasotzeko ere.

Modalitate mistoko edo teleprestakuntzako prestakuntza ekintzak direnean, bekak eta laguntzak soilik jasoko dira langabeak prestakuntza entitatera bertaratzen direnean.

9.–Eskaerak, dokumentazioa eta haiek aurkezteko epea.

9.1. Eskaerak elektronikoki aurkeztu behar dira, Nafarroako Gobernuaren atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko deialdiaren fitxako "Eskaerak aurkeztea" tramitetik, fitxa horretan bertan eskuragarri dagoen eskaera-orriaren eredu normalizatua erabilita.

9.2. Entitate eskatzaileak honako erantzukizunpeko adierazpen hauek egin beharko ditu eskaera sinatzean:

a) Adierazpena, dioena Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aipatutako egoera bakar batean ere ez dagoela, horrek onuradun izatea galaraziko bailioke.

b) Helburu bererako eskatu edo emandako dirulaguntzen gaineko adierazpena.

c) Behar adina instalazio eta giza baliabide badituela dioen adierazpena, irailaren 9ko 30/2015 Legearen 20.3 artikuluan aurreikusitako Prestakuntza Espezialitateen Katalogoko espezialitateen prestakuntza emateko.

9.3. Eskaerekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Eskaera-orria sinatzen duten pertsonak edo pertsonek pertsona juridiko eskatzailearen izenean jarduteko duten ordezkaritza frogatzen duten agiriak.

b) Prestakuntza proiektua justifikatzeko memoria.

c) Prestakuntza proiektuaren fitxa.

d) Programaren laburpena, aurreikusitako prestakuntza ekintza bakoitza adierazita.

e) Aurretik Nafarroako Gobernuaren inolako dirulaguntzarik jaso ez bada, "Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera" inprimakia aurkeztu beharko da.

f) Aurrekoaz gain, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak beste zeinahi dokumentu edo informazio osagarri eskatzen ahalko du, baldin eta espedientea ebazteko beharrezkotzat jotzen badu.

Beste edozein administraziori lehendik aurkeztutako agiriak ez dira berriz aurkeztu beharko. Ondorio horietarako, interesdunak adierazi beharko du zer unetan eta zer administrazio organotan aurkeztu zituen dokumentu horiek, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak elektronikoki lortu beharko ditu bere sare korporatiboen bidez edo kontsulta eginez datu-bitartekotzarako plataformetan edo horretarako gaitutako beste sistema elektroniko batzuen bitartez.

9.4. Eskaerak aurkezteko epea hasiko da deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean, eta bukatuko da 2024ko azaroaren 15ean.

10.–Errekerimenduak, eta tramitera ez onartzea.

Dirulaguntzarako eskabidea aurkeztuta, horrek deialdi honetan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, entitate interesdunei errekerimendua eginen zaie akatsak zuzen ditzaten, 10 eguneko epean, errekerimendua jaso eta biharamunetik hasita. Behar diren informazioak edo agiriak aurkeztuko dira eta adieraziko zaie halaber, hala egin ezean eskabideari uko egin diotela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin bat.

11.–Organo eskudunak eta laguntzak emateko prozedura.

11.1. Laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez emanen dira, eta eskaerak aurkezten diren neurrian eta hurrenkeran tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan kreditua dagoen artean.

11.2. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea da deialdi honen xedeko eskaerak ebazteko eskumena duen organoa.

11.3. Laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuari dagokio.

11.4. Instrukzio organoak, ebaluazioaren emaitza eta, kasua bada, geroko alegazioak ikusirik, ebazpen proposamen bat eginen du, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari bidaliko dio ebatz dezan.

11.5. Prozedura ebazteko eta ebazpena jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da gehienez, eskabidea aurkeztu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Epe hori ebazpenik eman gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

12.–Entitate onuradunen betebeharrak.

12.1. Deialdi honetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betebeharrak galarazi gabe, entitate onuradunek betebehar hauek ere izanen dituzte:

a) Bermatzea prestakuntza ekintzak doakoak direla diruz lagundutako prestakuntzan parte hartzen duten pertsonentzat.

b) Ikasleei honako hauen berri ematea: prestakuntzaren norainokoa; prestakuntzak profesionaltasun-ziurtagiri osoa edo haren ziurtapen partziala lortzea dakarren ala ez; eskubideak eta betebeharrak; eta ezarritako kontratazioen oinarrizko baldintzak.

c) Prestakuntza ekintza hasi baino lehen, enpresako langileen legezko ordezkariei jakinaraztea kontrataziorako konpromisoa duen programaren onespena, proposatutako kontratazioaren oinarrizko baldintzak eta prestakuntza ekintzan parte hartuko duten ikasleen zerrenda.

d) Dirulaguntza emateko oinarri den prestakuntza ekintza egitea, deialdi honetako baldintzen eta baldintza formal eta materialen arabera, baita eman beharreko dirulaguntza zehazteko oinarri izan ziren onarpen baldintzen arabera ere.

e) Deialdi honetan jasotako edozein jardueratara joateak dakarren arriskua estaltzea; horretarako, frankiziarik gabeko poliza bat kontratatu beharko du, edo, bestela, horren berme gutuna. Estaldura hau izan beharko du gutxienez: laguntza medikoa, farmazeutikoa eta ospitalekoa, ikastaroaren ordutegiaren barruan gertatutako edozein istriputarako; horren barnean dago bisitak egiteko irteera baimenduak eta ohiko bizilekutik ikastaroa ematen den tokira joateko behar den denbora (joan-etorriak edozein garraiobidetan izaten ahal dira). Gutxieneko kalte-ordaina 36.000 eurokoa izanen da heriotzagatik eta 72.000 eurokoa baliaezintasun iraunkorragatik, baldin eta egoera horiek sortzen badira ikastaroan, irteeretan, bisitetan eta in itinere joan-etorrietan gertatutako istripu baten ondorioz.

f) Irakasleei hilero ordainsaria ordaintzea.

g) Entitate onuradunak emanen dio parte-hartzaile bakoitzari ebaluazio positiboarekin gainditutako prestakuntzaren diploma. Agiri hori Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emanen du, IRIS aplikazio informatikoaren bidez.

h) Kontratatutako pertsona lanpostuan mantentzea, deialdi honetako 4.2 c) oinarrian aipatzen den moduan. Oinarri honetan xedatutakoa bete ezean, 18. oinarrian xedatutakoari jarraituko zaio.

i) Prozeduraren instrukzio fasean behar den informazioa eta dokumentazioa aurkeztea; prestakuntza ekintzak gauzatzea eta dirulaguntza justifikatzea Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ezarritako formatu, epe eta bideak erabilita; eta kontrol organo eskudunen eskura edukitzea parte-hartzaileek prestakuntza ekintzetan parte hartu dutela frogatzen duten agiriak, behar bezala sinatuak, bai eta haien ikaskuntzaren ebaluazio kontrolak eta egindako prestakuntza jardueraren erregistroak ere, prestakuntza teleprestakuntza modalitatean eman bada.

j) Aurreko deialdietan emandako eta ordaindutako diru zenbatekoen itzulketak egin edo, hala badagokio, bermatu izana, baldin eta itzulketa hori betearazpen bidera jo aurreko erreklamazioaren bitartez edo itzulketa egin beharrari buruzko ebazpenaren bitartez eskatu bazaio, eta ebazpen irmo bat baldin badago, salbu eta egintza eten bada.

k) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzen dituzten beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuk hartu direla, harturiko funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen. Diru-sarrera horiek bateraezinak dira xede bereko dirulaguntzarekin. Beraz, harturiko zenbatekoan gutxituko da dirulaguntza.

l) Nafarroako Foru Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko tributu betebeharrak egunean izatea.

m) Kontabilitate bereizia edo kontabilitate kode egokia eramatea, diruz lagundutako jarduerarekin egindako transakzio guztiei dagokienez, eta kontabilitateko datuak erregistratu eta biltegiratzeko sistema informatizatua izatea.

n) Dirulaguntzaren xede den jarduera egin dela eta jasotako funtsak erabili direla frogatzen duten agiriak gordetzea, gutxienez 4 urteko epean, egiaztatzeko eta kontrolatzeko jarduketen ondorioetarako. Epe hori zenbatuko da entitate onuradunak aipatu frogagiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori iragan gabe haien jarduera eten edo bertan behera uzten duten entitateek, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari igorri beharko diote aipatu dokumentazioaren kopia, dirulaguntzaren frogagiriak aurkezteko betebeharra galarazi gabe.

ñ) Oinarri honetan berariaz ezarri ez den orotan, bete beharko dira Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, lanerako prestakuntzaren gaineko araudiak eta aplikagarri diren gainerako arauek ezarritako betebeharrak.

Jarduerak osorik edo partez gauzatzeko hirugarren pertsona fisiko edo juridikoekin kontratu bat sinatzen den kasuetan, entitate onuraduna ez da aipatu diren betebeharretatik salbuetsita egonen.

12.2.1. Entitate eta pertsona juridiko onuradunek gardentasun betebeharra dute, hain zuzen ere, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarrita dagoena, baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urtebetean Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak urteko haien diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.

Horretarako, inguruabar horiek dituzten entitate eta pertsona juridiko onuradunek, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, foru lege horren 12.4 artikuluan aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute, entitatearen legezko ordezkariak sinatuta:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuka banakatuta. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

d) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Atal honetan ezarritako mugak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da, ez guztizko batura.

Informazio hori ez da eman beharrik izanen baldin hura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren atariko web-orrian argitaratuta badago.

12.2.2. Entitate eta pertsona juridiko onuradunek ez badute gardentasun betebeharra bete behar, aurreko ataleko inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpen bat aurkeztu beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita.

12.2.3. Aurreko bi ataletan xedatutako gardentasun betebeharrak betetzeko, aipatu dokumentazioa igorri beharko da Nafarroako Gobernuaren atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko deialdiaren fitxan dagoen "Gardentasunari buruzko adierazpena" tramitearen bidez.

Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko emandako dirulaguntza, ezta aurrerakinak edo ordainketa partzialak ere, eta kasua bada, kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1 c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

12.2.4. Aurrekoa galarazi gabe, errekerimendua eginez gero, entitate onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, aipatu arauan ezarritako isunak eta zehapenak ezartzea erabakitzen ahalko da, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

13.–Prestakuntza gauzatzea eta haren hasiera jakinaraztea.

13.1. Prestakuntza ekintzak garatu eta ematerakoan, uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan eta martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren 17. artikuluan araututakoa beteko da.

13.2. IRIS aplikazio informatikoaren bidez emanen da prestakuntza ekintzen hasieraren berri, ekintza bakoitza hasi baino 2 egun natural lehenago, gutxienez ere.

Hasieraren berri eman ondoren ekintza aldatu edo bertan behera utziz gero, ekintza hasteko aurreikusitako data baino lehenago jakinarazi beharko da, salbu eta tokia, eguna nahiz ordutegia aldatzea edo ekintza eten eta berriz hastea eragin duten arrazoiak justifikatuta badaude eta garaiz aurreikusi ezinak badira, edo ekintza hasi ondoren gertatzen bada.

Ezarritako epeetan jakinarazi ezean, ez egintzat joko da prestakuntza ekintza, salbu eta aurreikus ezineko arrazoiengatik gertatu bada, behar bezala justifikaturik eta gorabehera horiek gertatzean komunikaturik.

13.3. Prestakuntza ekintza hasten duten parte-hartzaileen zerrenda IRIS aplikazio informatikoaren bidez bidaliko da, prestakuntza ekintzaren orduen %25 eman baino lehen.

13.4. Prestakuntza ekintza hasi ondoren ikaspostu hutsik badago edo norbaitek bere tokia uzten badu, beste pertsona batzuk sartzen ahalko dira prestakuntzan, baldin eta prestakuntzak irauten duen denboraren %25 gainditu ez bada.

13.5. Prestakuntza entitateak IRIS aplikazio informatikoan erregistratu beharko du prestakuntza ekintzan parte hartzen duten pertsona guztien zerrenda, aurreko atalean adierazitako epe berberetan. Baliozkotzat joko dira prestakuntzaren %25 gainditzen den eskola egunera arte (egun hori barne) egindako informazio erregistroak.

13.6. Prestakuntza ekintza hasi ondoren, entitate onuradunek ikastaroaren jarraipenerako dokumentazioa bete beharko dute, "Agirien taula. Konpromisoa" agirian zehazten diren epeetan eta moduan. Agiri hori Nafarroako Atariko tramiteen atarian (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan, dago eskuragarri.

14.–Gastu diruz lagungarriak.

Prestakuntza entitateak bete beharko du martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren 13. artikuluan gastu diruz lagungarriei buruz ezarritakoa, dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa modulu ekonomikoen bidez egin ala ez.

15.–Dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa.

15.1. Dirulaguntzaren justifikazioa moduluen bidezko egiaztapen modalitatean eginen da.

15.2. Entitate onuradunek ez dute kontabilitatean edo merkataritzan garrantzia duten liburu, erregistro eta agiriak aurkeztu beharrik, ez eta egindako gastuak justifikatzeko bestelako dokumentaziorik ere. Hala ere, onuradunak jasotako funtsen aplikazioaren frogagiriak gorde beharko ditu, agiri elektronikoak barne, egiaztatze- eta kontrol-jardueren xede izan daitezkeen bitartean, bai eta hala eskatzen duen beste edozein legezko betebehar ere.

15.3. Dirulaguntzaren azken justifikazioa aurkeztu baino lehen, entitateak honako hauek eskatzen ahalko ditu:

a) Dirulaguntzaren aurrerakina, entitate onuradunak funtsen hornidura behar duela frogatuz gero, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aurreikusitakoari jarraituz. Diruz lagundutako ekintza hasi aurretik, ordainketa aurreratua aurreikusten ahalko da, gehienez ere emandako zenbateko osoaren %25 izanen dena. Halaber, %35 gehiago ere aurrez ordaintzea aurreikus daiteke, diruz lagundutako ekintza hasi dela egiaztatu ondoren. Halaber, onuradunak eskaturik, aurrerakin bakar bat ordaintzen ahalko da, emandako zenbatekoaren %60koa gehienez, diruz lagundutako ekintza hasi dela egiaztatu ondoren. Entitate onuradunak aurrerakin-eskaera aurkeztu beharko du, funtsez hornitu beharra justifikatuta.

b) Justifikazio partzialaren bidez ordaintzea. Entitate onuradunak ordainketa partziala egiteko eskaera aurkeztu beharko du, gauzatutako ekintzak eta gauzatuaren ehunekoa zehaztuta. Entitateak justifikatutako zenbatekoa ordainduko da, ez besterik.

Aurrerakinaren eta justifikazio partzialarekin egindako ordainketaren baturak ez du inola ere gaindituko guztira emandakoaren %60; gainerako %40a diruz lagundutako jarduera bukatu, justifikatu eta egiaztatu ondoren pagatuko da.

15.4. Dirulaguntzaren azken likidazioa egiteko, entitate onuradunak agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

1. Prestakuntza ekintzaren ebaluazioari buruzko txosten bat, 16.2 oinarrian adierazten den bezala.

2. Justifikazio memoria ekonomikoa, gutxienez honako hauek jasoko dituena:

a) Onuradunaren egiaztapena edo, hori ez bada, adierazpena, prestakuntza ekintzak gauzatutako unitate fisikoen kopuruari buruz: prestakuntza bukatzen duten parte-hartzaileak eta prestakuntza orduak.

b) Dirulaguntzaren zenbatekoa, jardueren datuetan eta oinarri arautzaileetako moduluetan edo fakturetan oinarriturik kalkulatua.

c) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten bestelako dirulaguntzen edo diru-sarreren azalpena, bakoitzaren zenbatekoa eta jatorria adierazita.

15.5. Dirulaguntza justifikatzeko gehieneko epea hilabetekoa izanen da, prestakuntza ekintza bukatu eta biharamunetik hasita, eta, nolanahi ere, dirulaguntza emateko ebazpenaren hurrengo urteko uztailaren 31 baino lehen.

Dirulaguntza justifikatzeko ezarritako epea iragaten bada aurreko ataletan adierazitako agiriak aurkeztu gabe, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak entitate onuradunari eskatuko dio agiri horiek aurkez ditzala, 15 eguneko epean. Epe hori luzaezina izanen da. Epe horietan justifikaziorik ez aurkezteak berekin ekarriko du justifikatu gabeko gastu eta ordainketak kobratzeko eskubidea galtzea edo 18. oinarrian ezarritako itzulketa-prozedura hastea.

15.6. Justifikatutako gastua ez bada iristen aldez aurretik edo kontura ordaindutako guztizko zenbatekora, bidezko izanen da frogagiri bat aurkeztea erakusteko diru-sarrera bat egin dela Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren alde, aldez aurretik edo kontura ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa. Diru-sarrera horren bitartez entitate onuradunak uko egiten dio laguntza zati horri.

15.7. Frogagiriak egiaztatuta, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak espedientea bukatzeko eta likidatzeko ebazpena emanen du, hiru hilabeteko gehieneko epean, dokumentazio hori aurkeztu eta biharamunetik hasita. Hala badagokio, errekerimendua eginen du justifikatu gabeko zenbatekoak edo dirulaguntzaren baldintzekin bat etortzen ez direnak itzultzeko. Kasu horietan dagozkion berandutze-interesak aplikatuko dira, azken ordainketaren egiazko datatik likidazio ebazpenaren egunera arte doan epearen gainean kalkulatuta.

15.8. Dirulaguntzaren zenbatekoa finkatze aldera, eta aurrez aurreko ekintzen kasuan, ikasle batek prestakuntza bukatu duela joko da prestakuntza ekintzako orduen %75era edo gehiagotara joan bada. Prestakuntza ekintzak teleprestakuntzako modalitatearen bidez eman badira, ikasle batek ekintza bukatu duela joko da haren ikaskuntzaren jarraipena egiteko aldian-aldian egiten diren kontrolen gutxienez %75 eginez gero, konektatuta egon den ordu kopurua gorabehera.

15.9. Justifikazioaren ondorioetarako, aurrez aurreko ekintzetan, ulertuko da langabeen kasuan prestakuntza ekintza bukatu dutela ekintza bertan behera utzi behar izan dutenean lana aurkitu badute, beka baten onuradun badira edo lanekoak ez diren praktikak egitea izenpetuta badute, bai eta egiaztatutako gaixotasunagatik edo istripuagatik baja hartu badute ere, baldin eta aipatutako kasuetan, gutxienez, prestakuntza jardueraren %25 egin badute. Prestakuntza ekintzak teleprestakuntzaren modalitatean eman badira, pertsona horiek egina izan beharko dute, gutxienez, beren ikaskuntzaren jarraipena egiteko aldian aldiko kontrolen %25, edozein dela ere konektatuta egon diren ordu kopurua.

Ezin dira 15 egun natural baino gehiago pasatu langabeak prestakuntza ekintza uzten duen egunetik kontratua, beka edo lanekoak ez diren praktikak hasten diren egunera arte.

15.10. Aurrez aurreko prestakuntza ekintzetan, aurreko atalean ezarritakoez bestelako arrazoiengatik ekintzak bertan behera uzten badira prestakuntza orduen %25 eman ondoren, prestakuntza ekintzak hasi dituzten parte-hartzaileen kopuruaren %15era arteko desbideratzeak onartuko dira, prestakuntza ekintza bakoitzeko. Prestakuntza ekintzak teleprestakuntzaren modalitatean eman badira, prestakuntza ekintzaren iraupenaren %25 eman ondoren utzi beharko dira bertan behera.

Aurrez aurreko ekintzetan, ulertuko da prestakuntza hasi dutela prestakuntza ekintza hasi zenetik %25eko tartearen barnean egun batean parte hartu duten pertsona guztiek. Prestakuntza ekintzak teleprestakuntzaren modalitatean eman badira, ulertuko da prestakuntza hasi dutela prestakuntza ekintza hasi zenetik %25eko tartearen barnean prestakuntza plataforman sartu diren pertsona guztiek.

Dirulaguntzak justifikatzeari begira prestakuntza ekintza bukatu duten pertsonak nor diren zehazteko oinarri honetan ezarritakoa ez da aplikatuko eskuratutako gaitasun profesionalak ebaluatu eta egiaztatzearen ondorioetarako, bat etorrita abuztuaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoarekin.

16.–Prestakuntzaren ebaluazioa, kontrola eta jarraipena egiteko plana.

16.1. Parte-hartzaileek prestakuntza ekintzen kalitatea ebaluatuko dute. Ebaluazio hori IRIS aplikazioan eskuragarri dagoen kalitate digitala ebaluatzeko galdetegiaren bidez eginen da. Prestakuntza entitateak galdetegi hori emanen die parte-hartzaileei, ahal dela prestakuntza ekintza bukatu aurretik.

16.2. Galdetegiak betetzeko eta entregatzeko epea bukatu ondoren, IRIS aplikazioak lortutako erantzunen batezbestekoak eta ehunekoak tabulatu eta kalkulatuko ditu.

Entitate onuradunek, galdetegien emaitzak aztertuta eta prestakuntza prozesuaren beste alderdi batzuk kontuan hartuta, 15.4.2 oinarrian aipatutako kalitate-ebaluazioaren txostena bete beharko dute IRISen, balorazioarekin eta, hala badagokio, hartutako neurriekin.

16.3. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak jarraipen eta kontrolerako lan hauek egiten ahalko ditu:

a) "Denbora errealeko" jarduketak. Atal honetan sartzen da prestakuntza jardueraren jarraipena egitea ematen den tokian bertan, ebidentzia fisikoak eta testigantzak bilduz jarduera egin bitartean, prestakuntzaren arduradunak, ikasleak eta irakasleak elkarrizketatuz, honako hauen gaineko egiaztapen teknikoa egiteko asmoz: prestakuntza ekintza nola egiten den, edukiak, parte-hartzaileen benetako kopurua, instalazioak eta baliabide pedagogikoak. Horrez gainera, begiratuko da ea argitalpenetan eta bestelako hedabideetan adierazi den jarduerak Nafarroako Gobernuak finantzatu dituela.

b) "Ex post" jarduketak. Prestakuntza ekintzak bukatu ondoren egiten ahalko dira. Entitate onuradunei, prestakuntzaren arduradunei, ikasleei eta irakasleei elkarrizketak eginen zaizkie, froga fisikoak, lekukotzak eta agiriak jaso eta, beste batzuen artean, honako hauen gaineko egiaztapen teknikoa egiteko:

–Prestakuntza ekintzak egin diren.

–Parte-hartzaileen benetako kopurua zein den.

–Parte-hartzaileei prestakuntzaren ziurtagiria edo diploma eman zaien.

–Irakasleei ordaindu zaien.

Horretarako, entitate onuradunei edozein dokumentazio eskatu edo kanpoko auditoretza egiten ahalko die, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren iritziz lan horiek betetzeko bidezkoa bada.

Kontrolerako ekintza horien ondorioz ez-betetzeak daudela ikusiz gero, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak entitateei eskatuko die ez-betetzeak sortu dituzten egoerak zuzentzeko.

Ez-betetzeak kontuan hartzen ahalko dira hurrengo urteetako deialdien balorazioan.

17.–Azpikontratazioa.

17.1. Kontratatzeko konpromisoa beretzat hartzen duten enpresek, haien elkarteek edo entitateek beren baliabideak erabiliz edo behin bakarrik azpikontratatuz ematen ahalko dute prestakuntza, partzialki edo osorik. Ondorio horietarako, ez da azpikontrataziotzat joko irakasleak kontratatzea. Irakasleen kontratazioa aipatzen denean, pertsona fisikoen eta juridikoen kontratazioa dela ulertzen da.

Nolanahi ere, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera gauzatzearen erantzukizuna hartuko du bere gain administrazio publikoaren aurrean, eta berak zein azpikontratistak bermatu beharko dute jarraipen eta kontrol erakundeen eginkizunak behar bezala betetzen direla.

17.2. Entitate onuradunek ezin izanen dituzte hirugarrenekin azpikontratatu esleitu zaien prestakuntza jarduera gauzatzea. Ondorio horietarako, ez da azpikontrataziotzat joko irakasleak kontratatzea. Irakasleen kontratazioa aipatzen denean, pertsona fisikoen kontratazioa baizik ez dela ulertzen da.

17.3. Azpikontratazioa entitateari lotutako entitateekin egiten bada, honako inguruabar hauek gertatu beharko dira:

–Kontratazioa merkatuko ohiko baldintzetan egitea.

–Aldez aurretik organo emailearen baimena eskuratzea.

17.4. Aurreko atalean aipatutako organo emaileak aldez aurretik eman beharreko baimenari dagokionez, espresuki ematen ahalko da dirulaguntza emateko ebazpenaren bidez, edo baimena eskatu eta biharamunetik 15 egun naturaleko epean igorritako ebazpenaren bidez. Baimena eman dela ulertuko da aipatu epea igaro denean laguntza ematen duen organoaren erabakirik gabe.

17.5. Edonola ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Lege Orokorraren 26. artikuluan ezartzen diren betebeharrak aplikatuko zaizkie entitate onuradunei eta kontratistei.

18.–Ez-betetzeak eta dirulaguntzen itzulketa.

18.1. Ez baldin badira betetzen deialdi honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako betebeharrak eta laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak, dirulaguntza osorik edo partez kobratzeko eskubidea galduko da, eta, aldez aurretik bidezko den itzulketa-prozeduraren ondoren, jasotako dirulaguntza osorik edo partez itzuli beharko da, bidezko berandutze-interesak eta guzti (ordainketa egiten denetik itzulketa egin beharra dagoela erabakitzen den egunera artekoak).

Orobat, entitate onuradunak ia osorik betetzen baditu dagozkion betebeharrak eta frogatzen badu bere eginbeharrak betetzeko jarrera garbia duela, proportzionaltasun-printzipioari jarraituz zehaztuko da itzuli edo ordaindu beharreko zenbatekoa, ikusita dirulaguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren. Ez-betetzeak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.1.p) artikuluan ezarritakoaren arabera neurtuko dira.

18.2. Aurreko atalean aipatutako ez-betetzeen maila honako irizpide hauen arabera zehaztuko da:

a) Dirulaguntza eman zen helburuei dagokienez edo justifikazioaren betebeharrari dagokionez ez-betetzea erabatekoa bada, emandako dirulaguntzaren %100 itzuli beharko da. Era berean, ez-betetze osoa gertatu dela ulertuko da diruz lagundutako jarduera ez bada bere helburuen ehuneko 25era iristen, emandako dirulaguntzaren adierazlearen arabera neurtuta.

b) Dirulaguntza eman zen helburuei dagokienez edo justifikazioaren betebeharrari dagokionez ez-betetzea partziala bada, emandako dirulaguntzaren zati bat itzuli beharko da. Aurreko paragrafoan aipatutako adierazlea %25etik %100era bitarte bete bada, ez-betetzearena adinako ehunekoa kenduko zaio dirulaguntzari, baldin eta gastuak behar bezala justifikatu badira.

Dagokion dokumentazioa ez bada aurkezten justifikazioa egiteko epeetan, partzialetan zein amaierakoan, baina bai aurkezten bada horien ondorengo 5 egunetan, honako hau izanen da atzerapenaren penalizazioa: emandako dirulaguntzaren zenbatekoa %5 murriztuko da. Atzerapeneko seigarren egunetik aurrera, %1 erantsiko da eguneko, 15 egunez gehienez ere.

c) Prestakuntza bukatzen dutenen ehuneko 40 gutxienez kontratatzeko konpromisoa ez betetzeak berekin ekarriko du likidatu beharreko gehieneko dirulaguntza gutxitzea edo, kasua bada, likidatutako dirulaguntzaren zati bat itzultzea. Zer zenbateko itzuliko den zehazteko, kontratatu ez diren ikasleen portzentajeari legokiokeen dirulaguntza-ehunekoa kalkulatuko da. Portzentaje hori %20 handituko da, eta hori aplikatuko zaio likidatu beharreko gehieneko dirulaguntzari.

Kontratatutako pertsona 4.2 c) oinarrian ezarritako denboran lanpostuan mantentzeko betebeharra ez bada betetzen, eta horren arrazoia bidegabeko kaleratzea baldin bada, emandako dirulaguntzaren %100 itzuli beharko da.

Ez-betetzea zehaztearen ondorioetarako, ez dira kontuan hartuko kontratatutako pertsonen borondatezko bajak.

18.3. Dirua itzultzeko ezarritako kasuren bat gertatu dela jakitean hasiko da ofizioz dirua itzultzeko prozedura, oinarri arautzaile hauetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoarekin bat.

18.4. Itzuli beharrak ez du galarazten Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean "Dirulaguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboei" buruz ezarritakoa.

18.5. Kobratzeko eskubidea galtzeagatik edo uko egiteengatik askatutako zenbatekoak erabil daitezke kontratatzeko konpromisoa atxikia duten beste prestakuntza ekintza batzuk gauzatzeko, eta, horretarako, ez da beharrezkoa izanen beste deialdi bat egitea.

19.–Datuen babesa.

19.1. Entitate eskatzaileek eta entitate onuradunek komunikazioetan ematen duten informazioa datuak babesteari buruz indarra duen araudiaren mende egonen da.

19.2. Entitate eskatzaileen ordezkari diren pertsona fisikoen eta diruz lagundutako jardueretan parte hartzen duten pertsonen identifikazio datuak fitxategi informatikoetan sartuko dira, bidezkoak diren ondorioetarako, eta, horri dagokionez, interesdunak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan oro har aitortzen diren eskubideez baliatzen ahalko dira. Aipatu erregelamendua datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa da, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen du. Zehazki, entitate onuradunen erantzukizuna izanen da aipatutako EBren Erregelamenduaren 13. artikuluan ezartzen den informazioa ematea diruz lagundutako jardueran parte hartzen duten pertsonei.

20.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri hauetan agertzen ez den orotan uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua garatzen duen martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduan xedatutakoa aplikatuko da. 694/2017 Errege Dekretuaren bidez garatu zen irailaren 9ko 30/2015 Legea, hizpide duena lan arloan enplegurako lanbide heziketako sistema arautzea. Aipatu agindua, berriz, azaroaren 25eko TES/1109/2020 Aginduak aldatu zuen. Aplikagarri izanen dira, orobat: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea; Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legea; Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea, eta arlo honetan aplikatzekoa den beste edozein arauzko xedapen.

21.–Dirulaguntzen publizitatea.

21.1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Gobernuaren atarian (www.nafarroa.eus), eta bertan adieraziko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, entitate onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Entitate onuradunek berariaz aipatu behar dute Nafarroako Gobernuaren eta Laneko eta Ekonomia Sozialeko Ministerioaren finantzabidea informazio, argitalpen, material didaktiko eta ziurtagiri guztietan, baita zerbitzuak eta ekintzak egiten diren toki guztietan ere.

Horretarako, Nafarroako Gobernuaren logotipoa lehentasunezko toki batean agertu beharko da, eta ezin izanen da inola ere izan entitate sustatzailearena edo antolatzailearena baino txikiagoa. Kasu guztietan, otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuan deskribatutako ezaugarri teknikoak errespetatuko dira. Foru dekretu horren bidez aldatu zen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituena.

21.2. Entitate onuradunak deialdi hau jakinarazi eta zabaltzeko erabiltzen dituen dokumentazio, publizitate, irudi edo material guztietan, hizkuntzaren erabilera ez-sexista egin beharko da, emakumeak diskriminatzen dituen edozein eredu edo estereotipo sexista baztertu, eta berdintasun balioetan, presentzia orekatuan eta rolen eta genero identitateen aniztasunean oinarritutako irudia sustatu.

22.–Errekurtsoak.

Pertsona edo entitate interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute oinarri arautzaile hauen aurka eta haien aplikazioaren ondoriozko egintzen aurka, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, bat etorrita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluan xedatutakoarekin. Errekurritutako egintza berariazkoa ez bada, edozein unetan jartzen ahalko da gora jotzeko errekurtsoa, isiltasun administratiboaren ondorioak hasi eta biharamunetik aurrera.

Iragarkiaren kodea: F2317950