16. ALDIZKARIA - 2024ko urtarrilaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1020E/2023 EBAZPENA, abenduaren 20koa, Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusiak emana, industriako enpresa handien inbertsioetarako laguntzen 2024ko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 735429 A) motako proiektuetarako; 735471 B) motako proiektuetarako.

Industria funtsezko elementua da ekonomia mugiarazteko eta enplegua sortzeko. Nafarroan industriaren pisua handia da BPGd-ean eta enpleguaren egituran, eta halako eskualde eta herrialdeetan hobeki jasan da ziklo ekonomiko txarra, arrazoi hauengatik: enplegua neurri apalagoan suntsitu da, esportazioak handitu dira eta, horren ondorioz, barne eskaeraren beherakadaren eragina arindu da.

Industriako enpresa ertain eta txikiek nahiz nekazaritzako elikagaien industriek inbertsioak egin ditzaten laguntzeko neurriak osatzeko asmoz, azken urteotan industriako enpresa handietan inbertsioak egiteko laguntzen deialdiak egin dira. Neurri horri jarraipena emateko, 2024ko deialdia onesten da.

Horretarako, Nafarroako Gobernuak 2023ko urriaren 4ko erabaki baten bidez hartu zuen 2025erako urte anitzeko gastua egiteko konpromisoa, 3.000.000 eurokoa.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak.

EBAZTEN DUT:

1. Industriako enpresa handietan inbertsioak egiteko laguntzen 2024ko deialdia onestea.

2. Deialdiko oinarri arautzaileak onestea. Oinarri arautzaile horiek ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. 3.000.000 euroko gastua baimentzea 2023ko gastuen aurrekontuko "Enpresa handietan inbertsioak egiteko dirulaguntza" izeneko 810007 81200 7701 422207 partidaren 2025eko aurrekontuko partida baliokidearen kargura, baldin eta kreditu egoki eta nahikorik badago.

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

810007-81200-7701-422207: Enpresa handietan inbertsioak egiteko dirulaguntza

2025

3.000.000,00

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2023ko abenduaren 20an.–Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusia, Iñigo Arruti Torre.

ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Laguntzen xedea.

Laguntza hauen xedea da Nafarroako industriako enpresa handietan inbertsioak egin daitezen sustatzea, enpresa horien hazkunde jasangarria eta lehiakortasuna sendotzeko eta haietan enplegua sortzeko.

Deialdi honek bi laguntza mota biltzen ditu, inbertsio proiektuen kokapenaren eta helburuaren arabera, 3. oinarrian adierazten den bezala:

–"Inbertsiorako eskualdeko laguntzak", Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren III. kapituluaren arabera (erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarritzat jo ziren, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz).

–"De minimis laguntzak", Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduaren arabera (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzko Erregelamendua).

2. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

1. Betebehar hauek betetzen dituzten enpresek jasotzen ahalko dituzte laguntzak:

a) Enpresa handia izatea, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 24. definizioaren arabera. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria bateragarritzat jo ziren barne merkatuarekin, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (aurrerantzean, KSEO).

b) Nafarroan establezimendu bat edukitzea, edo edukitzeko asmoa izatea.

c) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea edo inskribatzeko eskatu izana, hala balegokio honako honen arabera: Nafarroako Industria Erregistroa sortzen duen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikulua (2013ko 94. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 20koa).

d) Enpresek 3. oinarriko 1.1 apartatuan definitutako inbertsio proiektua egin behar badute, laguntza zer inbertsiotarako eskatzen den, inbertsio hori garatuko den establezimendura lekualdatu ez izana laguntza eskatu aurreko bi urteetan.

e) Dirulaguntzen onuraduna izateko ezarritako debeku-egoeretan ez egotea, zeinak jasotzen baitira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan.

Zehazki, laguntza eskatzearekin batera baimena ematen zaio Industria Sustatzeko Zerbitzuari zuzenean eskura ditzan eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duten egiaztagiriak; laguntza emateko ebazpen proposamena ematen den unean izan beharko dituzte egunean aipatu betebeharrak. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskaeran, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

f) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

Egoera horretan dauden entitateak eta enpresak laguntzen onuradun izaten ahalko dira berriz, baldin eta ezarritako zehapena edo zigorra beteta badute eta berdintasun-plan bat prestatu badute indarreko legerian aurreikusitako baldintzetan, halakorik exijitzen ahal bazaie.

2. Laguntza jasoko duen enpresan egiturazko aldaketarik gertatzen bada (eraldatzea, bat-egitea, zatiketa edo aktibo eta pasiboen lagapen globala), ondorengoak oinarriotan ezarritako baldintzak bete beharko ditu onuradun izaerari eusteko, eta hori behar bezala frogatu beharko du. Subrogazioa laguntza ordaintzeko ebazpenean baimenduko da, baimendu behar bada.

3. Ezin dira onuradun izan:

a) 3. oinarriko 1.1 apartatuko proiektuetarako laguntzak eskatzen dituzten enpresak, honako egoeretako batean badaude:

–Betetzeke dagoen berreskuratze agindu baten mende egotea, baldin Batzordeak, aurrez, legez kanpokotzat eta barne merkatuarekin bateraezintzat jo badu Espainiak emandako laguntza bat.

–"Krisian dagoen enpresa" izatea; krisian dagoen enpresatzat joko da KSEOaren 2. artikuluko 18. definizioarekin bat datorrena. Salbuespena dira 2019ko abenduaren 31n krisian ez zeudenak baina 2020ko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra bitartean krisian dauden enpresak izatera pasatu direnak.

b) Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 2. artikuluan aipatzen diren sektore publikoko entitateak.

4. Oinarri honetako betekizunak laguntzen fitxan dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko dira.

5. 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan, ezin izanen dira onuradun izan zuzenbide publikoko erakundeez bestelako pertsona fisiko eta juridikoak, baldin eta irabazi-asmorik badute eta betetzen ez badituzte Merkataritzako eragiketetako berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak.

Honako agiri hauen bidez frogatuko da bete egin direla ordainketa-epeak:

a) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkezten ahal duten pertsona fisiko eta juridikoen kasuan, ordezkaritza-ahal nahikoa duen pertsona fisikoak sinatutako ziurtagiria, edo, pertsona juridikoen kasuan, administrazio organoak edo behar adinako ordezkaritza-ahala duen organo baliokideak sinatutako ziurtagiria, non adieraziko baita bete direla abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak. Egoera hori egiaztatzeko, b) letran aurreikusitako frogabideren bat ere erabil dezakete.

b) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoen kasuan, honako hauen bidez:

1. Kontuen Auditoreen Erregistro Ofizialean (KAEO) inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiria, jasoko duena auditatutako azken urteko kontuen memorian deskribatutako ordainketen arloko informazioaren transkripzio banakatua, kontu horietatik ondorioztatzen denean lortu dela abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzeko maila, apartatu honetan zehaztutakoa, oinarri hartuta uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatutako informazioa.

Ziurtagiri hori baliozkoa izanen da hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte.

2. Aurreko ziurtagiria ezin bada egin, KAEOn inskribatutako auditore batek egindako «Adostutako prozeduren gaineko txostena», non adieraziko baita ezen, berrikuspena eginda sozietatearen hornitzaileei erreferentziazko data batean ordaintzeke dauden fakturen lagin adierazgarri bati (betetzea ziurtatzeko kontuan hartutako data deialdiaren argitalpen-data baino geroagokoa izan beharko da), ez dela salbuespenik detektatu abenduaren 29ko 3/2004 Legearen ordainketa-epeak betetzeko orduan, edo, halakorik detektatu bada, ez dutela eragozten hurrengo paragrafoan eskatzen den betetze-maila lortzea.

Ondorio horietarako, baldintza hori betetzat joko da baldin eta 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak betetzeko maila baldin bada 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoaren adinakoa edo handiagoa.

Nahi izanez gero, 5. apartatuko dokumentazio hori laguntza-eskaerarekin batera aurkezten ahalko da, eta, une horretan aurkeztu ezean, hilabeteko epea emanen da horretarako, dirulaguntza emateko ebazpenean. Hala ere, b) letrako dokumentazioa ezin bada lortu epe hori baino lehen, eskatu izanaren egiaztagiria aurkeztuko da, eta egiaztagiri hori eskuratu eta berehala aurkeztuko da.

Epe hori eskatutako dokumentazioa aurkeztu gabe iraganik, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

3. oinarria.–Inbertsio proiektu motak, kokalekuaren eta helburuaren arabera.

1. Honako hauek izanen dira inbertsio proiektu motak, kokalekuaren eta helburuaren arabera:

1.1. A) motako proiektuak, "Inbertsiorako eskualdeko laguntzak" delakoen xede direnak:

Proiektu hauek eskualdeko laguntzen mapan ageri diren udalerrietan kokatutakoak dira (mapa hori laguntzen fitxan kontsultatu daiteke, http://www.nafarroa.eus helbidean), eta haien helburua, oinarri honetako 2. apartatuko a), b) eta c) letretan aurreikusitakoren bat.

1.2. B) motako proiektuak, "De minimis laguntzak" delakoen xede direnak:

–Eskualdeko laguntzen mapatik kanpo kokatutakoak, 2. apartatuan aurreikusitako helbururen bat dutenak.

–Eskualdeko laguntzen mapan ageri diren udalerrietan kokatutakoak, baina 2. apartatuko d), e) eta f) letretan ezarritako helbururen bat dutenak.

2. Inbertsio proiektuetako helburuak honako hauek izanen dira:

a) Establezimendu berri bat sortzea.

b) Establezimendu baten jarduera dibertsifikatzea, baldin eta jarduera berria ez bada establezimenduan lehen egiten zen jarduera berbera edo antzekoa (KSEOaren 2. artikuluko 50. definizioaren arabera).

c) Establezimendu bati dagozkion aktiboak erostea, baldin eta erositako aktiboak erabiliz eginen den jarduera berria ez bada aktiboak eskuratu aurretik egiten zenaren berbera edo antzekoa (KSEOaren 2. artikuluko 50. definizioaren arabera), eta honako baldintza hauek betetzen badira:

1. Establezimendua itxita egotea, edo erosi ezean itxiko bazen.

2. Aktiboak eroslearekin harremanik ez duen hirugarren bati erosiak izatea.

3. Eragiketa merkatu-baldintzetan gertatzea.

Hasierako jabearen familiako kide batek edo enplegatu batek hartzen dutenean enpresa txiki bat, aktiboak eroslearekin harremanik ez duen hirugarren bati erosteko baldintza ez da aplikatuko. Enpresa batek akzioak eroste hutsa ez da inbertsioa izanen.

d) Lehendik dagoen establezimendu bat handitzea.

e) Industria prozesuen efizientzia hobetzea.

f) Nafarroatik kanpoko beste ekoizpen instalazio batzuetako industria jarduerak sartzea.

4. oinarria.–Inbertsio proiektuen betebeharrak.

Aktibo material eta immaterialetan inbertitzeko proiektuak izanen dira diruz lagungarriak, baldintza hauek betetzen badituzte:

1. Honako ekonomia-jarduera hauetako baten barruan sarturik egotea:

a) –A) motako proiektuak, "Inbertsiorako eskualdeko laguntzak" delakoen xede direnak:

Manufaktura-industria (2009ko Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionalaren –aurrerantzean EJSN– C taldeko 13. mailatik 33.era, biak barne).

Salbuespena izanen dira EBFTaren I. eranskinean zerrendatutako produktuak (arrantza eta akuikulturako produktuak eraldatzeko sektorea izan ezik), bai eta nekazaritzako produktuak eraldatzeko, merkaturatzeko edo garatzeko jarduera guztiak ere.

–B) motako proiektuak, "De minimis laguntzak" delakoen xede direnak:

Manufaktura-industriak (2009ko EJSNaren C taldea), salbu EBFTaren I. eranskinean zerrendaturiko produktuak (arrantzako eta akuikulturako produkturen eraldatze-sektorea izan ezik).

b) Lurrunaren eta aire girotuaren horniketa (2009ko EJSNaren D taldeko 353. jarduera).

c) Hondakinen tratamendu eta ezabaketa; balorizazio eta deskontaminazio jarduerak, eta hondakinak kudeatzeko beste zerbitzu batzuk (2009ko EJSNaren E taldeko 382., 383. eta 390. jarduerak).

d) Salgaien gordailutzea, biltegiratzea eta manipulatzea, eta garraioarekin loturiko beste jarduera batzuk (2009ko EJSNaren H taldeko 521., 5224. eta 5229. jarduerak).

e) Informazioa eta komunikazioak (2009ko EJSNaren J taldea), salbu eta banda zabaleko sareak garatzeko inbertsio proiektuak.

f) Ingeniaritzako zerbitzu teknikoak, aholkularitza teknikoarekin lotuta dauden beste jarduera batzuk eta saiakuntza eta analisi teknikoak (2009ko EJSNaren M taldeko 7112. eta 712. jarduerak).

g) Ikerketa eta garapena (2009ko EJSNaren M taldeko 72. jarduera).

h) Diseinu espezializatuko jarduerak (2009ko EJSNaren M taldeko 741. jarduera).

2. Aurrekontu diruz lagungarria (laguntzak kudeatzen dituen organoak 5. oinarriarekin bat zehaztua) 300.000 eurokoa izatea gutxienez.

3. Nafarroan kokatuta egotea. Ulertuko da proiektuen kokalekua dela inbertsioak fisikoki egiten diren tokia. Ez bada posible proiektuen kokaleku fisikoa zehaztea, ulertuko da eskatzailearen egoitzan dagoela, hots, jarduera garatzen duen zentroan. Eskatzaileak egoitza bat baino gehiago baditu edo jarduera zenbait zentrotan garatzen badu, proiektua zertara bideratzen den, jarduera hori garatzen duen zentroa izanen da proiektuaren kokalekua.

4. Kalte nabarmenik ez eragitea Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan ezarritako ingurumen-helburuetan. Erregelamendu hori inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzkoa da eta 2019/2088 (EB) Erregelamendua (Taxonomiari buruzko Erregelamendua) aldatzen du. Baldintza hori betetzen dela egiaztatuko da laguntza-eskaerari erantsitako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez.

5. Inbertsioak gauzatzea laguntzak eskatzen diren egunetik 2025eko maiatzaren 31ra bitarte, 9. oinarrian ezartzen denarekin bat.

5. oinarria.–Kostu diruz lagungarriak.

1. Aktibo material eta immaterialetan egiten diren inbertsioen kostuak izanen dira diruz lagungarriak, baldintza hauek betetzen badituzte:

1.1. Inbertsioak proiektuari badagozkio zalantzarik gabe eta honako hauetan badautza:

a) Industrian erabiltzeko lurrak eskuratzea, zenbatekoa ez bada proiektuaren aurrekontu diruz lagungarriaren %10 baino handiagoa.

b) Ondasun higiezinak eta instalazio orokorrak eskuratzea, eraikitzea edo hobetzea.

c) Makineria, ekipo-ondasunak eta ondoko instalazioak eskuratzea.

d) Aktibo immaterialak eskuratzea: patenteak, lizentziak, ezagutza teknikoak edo jabetza intelektualeko beste eskubide batzuk. 3. oinarriko 1.1 apartatuan adierazitako inbertsio proiektuetarako, aktibo immaterialen kostu diruz lagungarriak muga bat izanen du, alegia, proiektuaren kostu diruz lagungarriaren %50 izanen da gehienez ere.

e) Beste kostu batzuk, b), c) eta d) letrei loturikoak, esate baterako, obra-, jarduera- eta irekiera-lizentziak eskuratzeagatik izandako kostuak, edo arkitektura eta ingeniaritza enpresen edo aholkularitzakoen zerbitzu-sariak; b), c) eta d) letren kostuaren %20ko mugarekin.

1.1 apartatu honetako letra bakoitzari dagozkion inbertsio moten informazioa laguntzen fitxan argitaratuko da.

1.2. Lursailak eta ondasun higiezinak eskuratuz gero (1.1 apartatuko a) eta b) letrak), zenbateko diruz lagungarria ezin izanen da izan horien merkatu balioa baino handiagoa, eta hori egiaztatzeko, behar bezala akreditatuta dagoen eta dagokion erregistro ofizialean izena emana duen tasatzaile independente baten ziurtagiria beharko da, edo bestela, behar bezala baimendutako erakunde publiko batek emandakoa. Ziurtagiri hori ez da beharrezkoa izanen nahitaez desjabetutako eskuratzeen kasuan, edo konkurtso-prozesu batean eskuratzen badira, prezioa ezartzeko araudi espezifikoko prozedura betetzen bada.

Eskuratutako lursailak edo ondasun higiezinak enpresarenak badira edo KSEOaren arabera hari zuzenean nahiz zeharka loturiko edo elkarturiko beste enpresa batenak badira, edo haienak izan badira azken 10 urteetan, eskuratze horiek ez dira diruz lagungarriak izanen.

1.3. 1.1 apartatuko d) eta e) letretako aktibo immaterialek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Laguntza jasotzen duen establezimenduan bakarrik erabiliko dira.

Ulertuko da hodeian kudeatzeko software programek edo urrutitik gailu mugikorren edo fabrikaren eremutik kanpo dauden terminalen bidez erabiltzeko diseinatu direnek baldintza hau betetzen dutela, baldin eta establezimendu onuradunarekin harreman zuzena badute.

b) Aktibo amortizagarritzat hartuko dira.

c) Eroslearekin loturarik ez duten hirugarrenei erosiko zaizkie, merkatuko baldintzetan.

1.4. Proiektuaren helburua zein den (3.2 oinarrian adierazitakoen artekoa, betiere), kostu diruz lagungarriek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Aktiboek berriak izan beharko dute baldin eta eskualdeko laguntzen maparen barruan kokatutako proiektu baten helburua 3.2 oinarriko a) eta b) letretan aurreikusitakoren bat bada.

b) Eskualdeko laguntzen maparen barruan kokatutako proiektu baten helburua 3.2 oinarriko b) letrakoa bada, kostu diruz lagungarriak berrerabilitako aktiboen kontabilitate-balioaren %200 baino handiagoak izanen dira gutxienez, inbertsio proiektua hasi aurreko ekitaldi fiskalean erregistraturik.

c) Proiektuaren helburua 3.2 oinarriko c) letrakoa bada, kostu diruz lagungarriei kenduko zaizkie aktiboen kostuak, aktibo horiek aurreko laguntza baten xede izanik eskuratu badira.

2. Diruz lagungarriak izan daitezen, inbertsioak enpresaren ibilgetuaren kontu espezifikoetan aktibatu behar dira.

3. Kontzeptu hauek ez dira diruz lagungarriak:

a) Luxuzko gastuak.

b) Laguntzak kudeatzen dituen organoaren iritziz neurriz kanpokoak direnak, proiektuaren helburua edo xedea kontuan hartuta.

c) Enpresako langileek ibilgeturako egindako lanak.

d) Eratzeko eta lehenbiziko aldiz ezartzeko gastuak.

e) Aktiboak birjartzeko, mantentzeko eta ordezteko inbertsioak, salbu eta teknologiarengatik, errendimenduarengatik edo prestazioengatik ekoizpen gaitasuna handitzen badute.

f) Ibilgailuak, barnean erabiltzekoak salbu, esaterako, orga jasotzaileak eta pala kargatzaileak; horiek diruz lagungarriak izanen dira.

g) Zorren interesak eta bestelako finantza-gastuak.

h) Balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa).

i) 9. oinarrian adierazitakoa betetzen ez duten kostuak (hots, inbertsioak gauzatzeko aldian fakturatu eta ordaindu ez direnak).

j) Laguntzaren eskaeraren eguna baino lehenagoko ordainketa aurreratuak edo fakturak dituzten inbertsioak.

k) 500 eurotik beherako inbertsio elementuak.

l) 500 eurotik beherako zenbatekoaz kontabilizatu edo fakturatzen den inbertsio elementuaren zatia.

4. Enpresak bere merkataritza-jardueraren ondoriozko kostu diruz lagungarriak izan baditu, kostu horiek ordainduta egon beharko dute aplikatzen zaion araudi sektorialean ezartzen diren ordainketa-aldietan, edo, bestela, merkataritza eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako epealdietan.

6. oinarria.–Finantza-errentamendua.

Instalazioetan edo makinerian inbertitzeko diren finantza-errentamendu bidezko eskuratzeen gastua soilik izanen da diruz lagungarria, honako baldintza hauek betetzen direnean:

a) Onuradunak konpromisoa hartu beharko du ondasuna erosteko aukera gauzatzeko, eta horrek eragiketaren BEZa aldez aurretik ordaintzea ekarriko du.

b) Inbertsioaren fakturaren data, finantza-errentamenduaren kontratuarena eta eragiketaren BEZa ordaindu izanarena 9. oinarrian ezarritako gauzatze aldiaren barrukoak izanen dira.

Ez dira diruz lagungarriak izanen errentatzailearen marjinak, interesak, gastu orokorrak eta finantza-errentamenduari lotutako aseguruen gastuak.

Inbertsioari dagokion laguntzaren zenbatekoak muga bat izanen du, zehazki, laguntzak ordaintzeko proposamena egiten den egunean ordainduta dagoen amortizazioaren zenbatekoa.

7. oinarria.–Bigarren eskuko ondasunak eskuratzea.

Bigarren eskuko ekipamendu ondasunak eskuratzeko kostuak diruz lagun daitezke, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Saltzailearen adierazpen bat izatea, ondasunen jatorria zehaztu eta Espainiako edo Europar Batasuneko dirulaguntzarik jaso ez dutela adierazteko.

b) Prezioa ez izatea erreferentziako merkatu balioa eta antzeko ondasun berrien kostua baino handiagoa; tasatzaile independente batek egiaztatuko du hori.

Diruz lagungarriak izanen dira ondasun horiek desmuntatzeko, lekualdatzeko, muntatzeko eta egokitzeko gastuak, baldin inbertsioaren kostu handiagoaren gisa kontabilizatzen badira.

8. oinarria.–Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa.

1. Kostu diruz lagungarriren baten zenbatekoa, BEZa kenduta, 12.000 eurotik gorakoa bada (ekipamendu ondasunen hornidura kasuetan eta arkitektura, ingeniaritza edo aholkularitza enpresek zerbitzu prestazio bat egiten duten kasuetan), edo 30.000 eurotik gorakoa (obra gauzatzeko kostuaren kasuan), onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz aukeratu dela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztuko ditu, eta aukeratutako eskaintza zergatik hautatu duen justifikatu beharko du "Hornitzailea aukeratzeko justifikazioa" izeneko inprimakian, zeina laguntzen fitxan baitago.

Onuradunek ez dituzte hiru eskaintza horiek aurkeztu beharko "Hornitzailea aukeratzeko jarraibideak" agirian adierazitako kasuetan (laguntzen fitxan eskuragarri); hala ere, inguruabar hori justifikatu beharko dute aipatu inprimakian.

2. Inprimakia eta, kasua bada, hiru eskaintzak, inbertsioen justifikazioarekin batera aurkeztuko dira, 15. oinarrian adierazitako moduan.

3. Laguntzak kudeatzen dituen organoaren ustez onuradunak hornitzailearen hautaketari buruz aurkeztu duen egiaztagiria ez bada nahikoa, inbertsio horri dagokion dirulaguntza ez da ordainduko.

9. oinarria.–Inbertsioak gauzatzeko epea.

1. Inbertsioak laguntza eskatzen den egunetik 2025eko maiatzaren 31ra bitarte gauzatu beharko dira. Ondorio horietarako, inbertsioa gauzatuta dagoela ulertuko da honako baldintza hauek betetzen direnean:

–Inbertsioa fisikoki burututa egotea; 16.2 oinarrian adierazitako moduan egiaztatuko da hori.

–Inbertsioa osorik fakturatuta egotea gauzatze aldiaren barruan.

–Inbertsioa ordainduta egotea gauzatze aldiaren barruan (fakturaren bat ez bada aldi horretan ordaintzen, faktura hori baizik ez da laguntzatik kanpo geratuko).

Ordaindukoak, confirmingak, kanbio-letrak edo bestelako kanbio-efektuak erabiltzen badira, laguntzaren onuradunak gauzatze aldiaren barruan egin beharko du ordainketa.

2. 3.1.1 oinarrian adierazitako proiektuen kasuan, laguntzek duten izaera pizgarria bermatzearren, zeina jasota baitago KSEOaren 6. artikuluan, ez dira diruz lagunduko laguntzen eskaera eguna baino lehen hasitako edo gauzatutako inbertsioak. Hori egiaztatzeko, laguntzak kudeatzen dituen organoak bisita bat egiten ahalko du enpresaren establezimendura.

Aipatu erregelamendu horren 2.23) artikuluaren arabera, "lanen hasiera" da inbertsioko eraikuntza-lanen hasiera, edo, bestela, ekipamendu eskaerarako egiten den lehen konpromiso irmoa edo inbertsioa atzeraezina egiten duen beste konpromiso bat, data hori lehenagokoa bada. Inbertsioa egiteko baimenak lortzea ez da inbertsioaren hasieratzat hartuko. Laguntza eskatu baino lehenagoko baimenen zenbatekoa ez da izanen diruz lagungarria. Eskualdatzeen kasuan, ulertuko da inbertsioak hasten direla erositako establezimenduari zuzenean lotutako aktiboak eskuratzen diren unean.

3. Proiektuak gauzatzeko epea (2025eko maiatzaren 31) luzatzea eskatzen ahalko da, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluan ezarritakoarekin bat, baldin eta enpresari egotz ez dakizkiokeen kausengatik bada. Luzapena baimentzen bada, 2025eko abuztuaren 31ra arte luzatuko da gehienez.

Luzapen eskaera 2025eko apirilaren 15era arte aurkezten ahalko da, laguntzen fitxan eskuragarri dagoen formularioaren bidez, eta laguntzak kudeatzen dituen organoak ebatziko du.

10. oinarria.–Laguntzaren zenbatekoa.

1. Laguntzaren zenbatekoa inbertsio proiektuaren aurrekontu diruz lagungarriaren %10 izanen da, eta muga hauek izanen dira, proiektu mota bakoitzerako:

PROIEKTU MOTA

GEHIENEKO LAGUNTZA

A) motako proiektuak, "Inbertsiorako eskualdeko laguntzak" delakoekin finantzatuak

500.000 euro

B) motako proiektuak, "De minimis laguntzak" delakoekin finantzatuak

200.000 euro

Enpresek, establezimendu bakoitzeko, inbertsio proiektu baterako laguntza eskatzen ahalko dute, baina enpresa batek 500.000 euro jasotzen ahalko ditu gehienez osotara, 200.000 euro de minimis laguntzen kasuan.

2. A) motako proiektuen kasuan, laguntzen onuradunak kostu diruz lagungarrien %25eko ekarpen finantziarioa egin beharko du gutxienez, dela baliabide propioen bidez, dela inongo laguntza publikorik ez duen kanpoko finantzaketaren bidez.

11. oinarria.–Laguntza eskaera.

1. Eskaerak aurkezteko epea 2 hilabetekoa izanen da. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta mugaegunaren hilabetean argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean bukatuko da.

2. Eskaerak modu telematikoan aurkeztu beharko dira laguntzen fitxaren bidez (Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko –http://www.nafarroa.eus– tramiteen katalogoan dagokion fitxa).

3. Eskaera telematikoari honako agiri hauek erantsiko zaizkio, behar denean, laguntzen fitxan eskuragarri dauden ereduen arabera:

a) Enpresaren eta inbertsio proiektuaren datuak biltzen dituen inprimakia.

b) Enpresa eta proiektua deskribatzen dituen memoria tekniko eta ekonomikoa. Uste bada inbertsio proiektua S4ko lehentasun edo lan-ildoetako batean sartzen dela, hori frogatzen duen memoria aurkeztu beharko da.

c) Enpresaren tamainari buruzko ziurtagiria, eskatzailea enpresa handia dela adierazten duena, merkataritza ganbara batek edo "egiteko publiko-administratiboak" legez esleituta dauzkan zuzenbide publikoko beste erakunde batek egina (egiteko horietakoa baita honelako ziurtagiriak egitea).

Gainera, enpresaren tamainari buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da.

d) Erantzukizunpeko adierazpena, non adieraziko baita betetzen direla onuradun izateko gainerako betekizunak (2. oinarria) eta inbertsio proiektuak ez diola kalte nabarmenik eragiten ingurumenari (4.4 oinarrian eskatzen denarekin bat).

e) Kasua bada, 19. oinarrian ezarritakoaren ondorioetarako, jasotako beste laguntza batzuen egiaztagiriak.

f) 2023an alta emanda egon diren langileen batez besteko plantillari buruzko txostenak, enpresak Nafarroan dituen kotizazio kontuei dagozkienak, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emanak, 12. oinarriko 1.1.1 apartatuan ezarritakoaren ondorioetarako.

g) 1.1.2 eta 2.4 irizpideak baloratzeko: enpresa eskatzailearen 2021eko eta 2022ko ekitaldietako urteko kontuak, itxiak, izenpetuak eta merkataritzako erregistroan gordailutuak (auditatuak, nahitaezkoa denean).

h) 12. oinarriko 1.1.3 irizpidea baloratzeko: 2023ko abenduaren 31ko lan-bizitzaren txostenak, enpresak Nafarroan dauzkan kotizazio kontuei dagozkienak, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emanak.

i) 12. oinarriko 1.1.4 irizpidea baloratzeko ("Langileen prestakuntzaren sustapena"): prestakuntza hobariduna tramitatu den urte bakoitzeko "Enpresa txostena" edo "Laburpen txostena - ekitaldia". Txosten horiek www.fundae.es webgunean daude eskuragarri.

j) 1.1.5 irizpidea baloratzeko ("Genero berdintasuna"): 12. oinarriko neurrietako bat frogatzen duten agiriak.

k) 1.2 irizpidea baloratzeko ("Ekoizpen ezarpen berria"): baldintza hori frogatzen duten agiriak, 12. oinarriaren arabera.

l) 12. oinarriko 2.2 irizpidea baloratzeko ("Inbertsioak fabrikazio aurreratuko sistemetan (4.0 industria)"): eraldaketa digitalerako plana.

4. Ez da beharrezkoa izanen g) letran adierazitako agiriak aurkeztea, industriako enpresa handietan inbertsioak egiteko laguntzen aurreko deialdietan aurkeztu badira. Halakoetan, adierazi beharko da agiri horiek zer espediente-zenbakiren harira aurkeztu ziren.

5. Eskaerak ez baditu betetzen oinarri honetako a), b), c), d) eta e) letretan adierazitako baldintzak, Industria Sustatzeko Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaera bertan behera uzten duela ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.

Bestalde, ez badira aurkezten f) letratik l) letrara bitarte adierazitako agiriak, ezin izanen da hori zuzendu, eta hortaz, ezin izanen dira lortu 12. oinarriko irizpideen araberako puntuak.

12. oinarria.–Laguntza eskaerak baloratzeko irizpideak.

Eskaerak baloratzeko irizpideak honako hauek izanen dira; gehienez ere 100 puntu lortzen ahalko dira:

1. Proiektua eginen duen enpresa baloratzeko irizpideak:

1.1. Nafarroan 2024ko urtarrilaren 1etik baino lehenagotik diharduten enpresak:

1.1.1. Enpresak Nafarroan dituen langileen kopurua:

ENPRESAK NAFARROAN DUEN BATEZ BESTEKO
PLANTILLA 2023. URTEAN

PUNTUAZIOA

100 langile baino gutxiago

2

100 langiletik 250 langilera bitarte

4

250 langile baino gehiago

6

Langileen kopurua zein den jakiteko, erreparatuko zaie 2023. urtean altan zeuden langileen batez besteko plantillaren txostenei, zeinak enpresak Nafarroan dituen kotizazio kontuei baitagozkie; txosten horiek Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak eginak izanen dira.

1.1.2. Enpresaren hazkundea:

2022. URTEKO NEGOZIO-ZIFRAREN ZENBATEKO GARBIA /

2021. URTEKO NEGOZIO-ZIFRAREN ZENBATEKO GARBIA

PUNTUAZIOA

≥ 1,00 eta < 1,10

2

≥ 1,10 eta < 1,20

3

≥ 1,20 eta < 1,50

5

≥ 1,5

7

Negozio-zifraren zenbateko garbia enpresa eskatzailearen 2021eko eta 2022ko ekitaldien galeren eta irabazien kontuetan agertzen dena izanen da.

1.1.3. Enpresa eskatzaileak Nafarroan duen enplegu mugagabearen ehunekoa, 2023ko abenduaren 31n:

KONTRATU MUGAGABEA DUTEN PERTSONEN KOPURUA /

GUZTIZKO KONTRATU KOPURUA

PUNTUAZIOA

≥ %85 eta < %90

3

≥ %90 eta < %95

5

≥ %95

7

Kontratu mugagabea duten pertsonen kopurua eta guztizko kontratu kopurua Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak emanen dituen lan bizitzako txostenetan (2023ko abenduaren 31ra artekoak) ageri direnak izanen dira, eta enpresak Nafarroan duen kotizazio-kontu bakoitzarenak izanen dira.

1.1.4. Langileen prestakuntzaren sustapena:

Baloratuko da enpresak azken hiru urteetan (2021-2023) FUNDAEren hobari programaren bitartez enpresa-prestakuntza sustatu eta egin izana. Prestakuntza hori tramitatu den urte bakoitzeko bi puntu emanen dira, eta 5 puntu gehienez.

Eskatzaileak eskaerarekin batera aurkeztuko du "enpresa txostena" edo "laburpen txostena - ekitaldia", prestakuntza hobariduna tramitatu duen urte bakoitzarena. Txosten horiek www.fundae.es webgunean eskuratu ditzake eskatzaileak.

Baloratuko da "Prestakuntza ekintzetarako erabilgarri" atala (lehen txostena bada) edo "Kreditu erabilgarria" atala (bigarren txostena bada) positiboa izatea.

1.1.5. Genero berdintasuna sustatzeko neurri hauetakoren bat hartzea: 2 puntu.

a) Aitortzaren edo bereizgarriren bat lortu izana bere langileekin tratu eta aukera berdintasunaren politikak aplikatu dituelako (esate baterako, Berdintasuneko Ministerioaren "Berdintasuna enpresan" deituriko bereizgarria edo NEEZE-Nafarroako Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkartearen "Reconcilia" zigilua, eta abar).

b) Zuzendaritza-postuetan %30, gutxienez, emakumeak izatea. Neurri hori justifikatzeko, enpresak emandako ziurtagiri bat aurkeztu beharko da, non adieraziko baita zuzendaritza-postuetan ari diren emakumeen ehunekoa, onetsitako edo ikuskatutako urteko azken kontuetan jasotako zuzendaritza-postu guztietatik. Modu horretan ezin bada justifikatu, merkataritza erregistroak zuzendaritza-karguei buruz emandako ziurtagiriaren bidez edo enpresako Zuzendaritza Batzordeak, ahaldundutako pertsonak edo administratzaileak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da.

c) 50 langile baino gutxiago dituen enpresa bada, legez berdintasun plana izatera behartua ez dagoenez, honako hauek baloratuko dira:

–Emakumeen eta gizonen berdintasun plan bat izatea, urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuaren arabera erregistratua.

–Familia, lana eta bizitza pertsonala bateragarri egiteko neurriak edo berdintasuna sustatzeko beste batzuk aplikatu izana; hori, enpresaren eta langileen ordezkarien artean sinatutako dokumentu baten bidez frogatuko da.

–Laneko sexu-jazarpenari eta sexuan oinarritutako jazarpenari aurrea hartzeko eta aurre egiteko protokolo bat edo neurri espezifikoak onartu edo zabaldu izana; hori aurreko neurrian bezala egiaztatuko da.

1.1.6. Enpresa nagusiaren helbide soziala Nafarroan izatea: 3 puntu.

1.2. Ekoizpen ezarpen berria Nafarroan: 30 puntu, oinarri honen 1.1 apartatuen guztizkoari dagozkionak. Honako baldintza hauetakoren bat bete beharko da:

a) Enpresa Nafarroan ekoizten hastea 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera.

b) Proiektuaren xedea izatea uholde, sute edo beste natura-hondamendien ondorioz edo enpresaren nahiarekin zerikusirik ez duen istripu batengatik hondatutako nabeak, makinak eta instalazioak berreraikitzea. Kasu horietan, berreraikitako aktiboen aseguru polizek ekarritako ordainketek gehi emandako laguntzak ez dituzte kostuak gaindituko.

Ekoizpen ezarpen berrien kasuak eta egiaztagiriak laguntzen fitxan zehaztuko dira.

2. Inbertsio proiektua baloratzeko irizpideak:

2.1. 5.1.1 oinarriko c) eta d) letretan sartutako inbertsioen ehunekoa, inbertsio diruz lagungarri osoari dagokionez:

C) eta D) LETREN INBERTSIOAREN %

PUNTUAZIOA

≥ %0 eta < %25

5

≥ %25 eta < %50

10

≥ %50 eta < %75

15

≥ %75

20

2.2. Trantsizio digitala: fabrikazio aurreratuko sistemetan (4.0 industria) egindako inbertsioaren ehunekoa, inbertsio diruz lagungarri osoari dagokionez:

4.0 INDUSTRIAN EGINDAKO INBERTSIOAREN %

PUNTUAZIOA

≥ %10 eta < %25

5

≥ %25 eta < %50

10

≥ %50 eta < %75

15

≥ %75

20

4.0 industrian egindako inbertsiotzat hartuko dira kategoria hauetako batean sartuta daudenak:

–Robotika aurreratua edo adimen artifizialduna.

–Ikusmen artifiziala.

–Fabrikazio gehigarria.

–Errealitate birtuala.

–Errealitate areagotua.

–Simulazio edo biki digitala.

–Big data, analitika aurreratua eta adimen enpresariala.

–Gauzen Internet.

–Hodei-konputazioa.

–Zibersegurtasuna.

–AGV.

Aipatu puntuazioa lortzeko beharrezkoa izanen da enpresak eraldaketa digitalerako plan bat edukitzea, eta horren irismena izatea "Industria aktiboa 4.0 programa" edo "4.0 Ibilbideak" laguntzen programan aurreikusitakoa edo UNE 0061:2019 arauan (4.0 Industria. Digitalizaziorako kudeaketa sistema. Baldintzak ebaluatzeko irizpideak) ezarritakoa; enpresaren egoera arau horretan ezarritako irizpideekin eta arloekin bat ebaluatu beharko da. (Dimentsioak: negozio-estrategia eta testuingurua, azpiegitura teknologikoa, antolaketa eta pertsonak, prozesuak eta produktuak eta zerbitzuak).

2.3. Proiektua bat etortzea zuzenean Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiako (S4) lehentasun tematikoetako edo trantsizioetako batekin.

LEHENTASUN TEMATIKOAK / TRANTSIZIOAK

PUNTUAZIOA

Mugikortasun elektrikoa eta konektatua eta energia berdearen industria

10

Gainerako lehentasun tematikoak / trantsizioak (ekologikoa eta digitala)

5

2.4. Inbertsio ahalegina: ratio bat da, inbertsio proiektuaren guztizko kostu diruz lagungarriaren eta 2022ko ekitaldiko urteko kontuetan ageri den negozio-zifraren artekoa.

Puntuazioa (osoko zenbakia) lortutako ehuneko balioa izanen da (inbertsio diruz lagungarria / negozio-zifra, %gisa), gehienez 20 puntu.

Inbertsio ahalegina = Osoko zk. (Inbertsio diruz lagungarria / negozio-zifra, %gisa)

Oinarri honen 1.2 apartatuaren arabera ezarpena berria dela jotzen bada, enpresek 20 puntu lortuko dituzte apartatu honetan.

3. Lortutako puntuazioan berdinketarik bada, irizpide hauei hurrenez hurren jarraikiz hautsiko da:

a) Laguntzarik jaso ez izana industriako enpresa handietan inbertsioak egiteko laguntzen 2023ko deialdian.

b) Ondoko irizpideetan puntuazio handiagoa lortu izana:

1. Trantsizio digitala (2.2 irizpidea).

2. Inbertsio ahalegina (2.4 irizpidea).

3. Inbertsio proiektua baloratzeko irizpideak (2. apartatuko irizpideen guztizko puntuazioa).

c) Eskaera aurkeztu den eguna.

13. oinarria.–Laguntzak ematea.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasun-hurrenkera bat ezartzeko, aurreko oinarrian ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei 10. oinarrian ezarritako laguntza intentsitatea aplikatuko zaie, deialdi honetarako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte. Aurrekontua aski ez izateagatik ezin bete diren eskaerak ezetsi eginen dira.

2. Industria Sustatzeko Zerbitzuak, laguntzak kudeatzen dituen organoa den aldetik, laguntzak emateko proposamena eginen du, eta bertan adieraziko du onuradunek laguntzak hartzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituztela.

Eskaerak ebaluatu bitartean, organo kudeatzaileak zilegi izanen du beharrezko jotzen dituen egiaztapen jarduketak egitea, eta beharrezko jotzen duen nahi beste informazio osagarri edo argigarri eskatzen ahalko die eskatzaileei, eta ohartaraziko die ezen, ez badiote egindako errekerimenduari 10 egun balioduneko epean erantzuten, aurkeztutako dokumentazioaren arabera ebatziko dela laguntza ematearen gainean.

3. Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusiak ebatziko du laguntzen deialdia. Laguntzak emateko eta ukatzeko ebazpena hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaie eskatzaileei, eskaerak aurkezteko epea (11. oinarrian) amaitzen denetik zenbatzen hasita.

Ezarritako epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago dirulaguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

4. Baldin eta laguntza esleitu ondoren deklaratzen bada hura kobratzeko eskubidea galdu dela edo onuradunen batek laguntzari uko egiten badio eta, horren ondorioz, nahikoa kreditu askatzen bada, diru hori erabiltzen ahalko da behar adina aurrekontu ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaerei erantzuteko. Azken laguntza horiek noiz ematen diren kontuan hartuta, inbertsioak gauzatu eta justifikatzeko beste epe bat finkatzen ahalko da.

14. oinarria.–Inbertsio proiektua aldatzea eta ez-gauzatzeak jakinaraztea.

1. Laguntzak ematearen gainean ebatzi ostean, inbertsio proiektuetan honako aldaketa hauek egitea baimentzen ahalko da:

a) Inbertsio proiektuaren kokalekua Nafarroako beste udalerri batera aldatzea.

b) Inbertsio berriak eranstea. Inbertsio horiek 5. oinarrian kostu diruz lagungarrietarako eskatutako baldintzak bete beharko dituzte.

c) Inbertsio baten unitate kopurua aldatzea, gorantz edo beherantz.

d) Inbertsioak aurreikusitakoa baino kostu txikiagoan edo handiagoan eskuratzea.

Aldaketa horiek egiteko baimena inbertsioen justifikazioa (15. oinarria) aurkezten denean eskatu behar da. Ordainketa ebazteko eskumena daukan organoak emanen du aldaketa egiteko baimena, bidezkoa denean.

2. Eskaeran sartutako inbertsioren bat kentzen bada laguntzak emateari buruz ebatzi baino lehen, jakinarazi beharko da, laguntzaren fitxaren bidez; hori ez da proiektuaren aldaketatzat joko, baina kontuan hartuko da laguntza ematerakoan.

3. Aldaketak baimentzeak ez du inola ere ekarriko emandako laguntza handitzea, eta gerta liteke laguntza kobratzeko eskubidea galtzea, honako inguruabar hauek gertatzen badira:

a) Proiektuari emandako puntuazioa birkalkulatu ondoren, egiaztatzen bada ez dela iristen 13.1 oinarriko lehentasun-hurrenkeran onuradun izateko behar den gutxienekora.

b) Gauzatu ez denaren zenbateko garbiak (gauzatu gabeko inbertsioen zenbatekoa ken onetsitako inbertsio berrien zenbatekoa eta laguntza emateko ebazpenean onetsitako inbertsioen kostu gehigarria) laguntza emateko ebazpenean onetsitako aurrekontuaren %30 gainditzen badu.

Ondorio horietarako, "ez-gauzatzea" izanen da diruz lagundutako inbertsioak ez egitea.

4. Aurreko apartatuko b) letran ezarritakoa ez da aplikatuko onuradunak 2024ko urriaren 31 baino lehen jakinarazten badu gauzatuko diren inbertsioen aurrekontua txikiagoa dela laguntza emateko ebazpenean onetsitakoa baino. Jakinarazpen hori laguntzen fitxaren bitartez egin beharko da, bertan eskuragarri dagoen inprimakiaren bidez.

Kasu honetan, organo eskudunak ebazpen bat emanen du, jakinarazi den gauzatu gabeko inbertsioari soilik dagokion laguntzaren zenbatekoa kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratzeko.

15. oinarria.–Egindako inbertsioen justifikazioa.

1. Onuradunek laguntzen fitxaren bitartez aurkeztu beharko dute gauzatutako inbertsioen justifikazioa. Horretarako epea laguntza emateko ebazpena jakinarazten den egunean hasiko da, eta 9. oinarrian proiektua gauzatzeko adierazitako aldia (hasierakoa edo luzatua) amaitu eta hilabete beranduago bukatuko da.

2. Horretarako honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da laguntzaren fitxaren bitartez:

a) Gauzatutako inbertsioen zerrenda, Excelen: onartutako inbertsioen Excel fitxategia laguntzak kudeatzen dituen organoak bidaliko du, onuradunek behar bezala bete dezaten.

b) Inbertsioen fakturak eta ordainagiriak; 9. oinarriko gauzatze-epearen barneko data izan beharko dute.

c) Laguntza emateko ebazpenean onetsitako proiektuari dagokionez izan diren desbideratzeen memoria xehea eta arrazoitua.

d) Ibilgetuaren liburu handiak (2. taldea), zeinetan inbertsioak kontabilizatu baitira.

e) 2. taldeko batura eta saldoen balantze osoa (amortizazio kontuak barne), ahalik eta xehakatuen, 2024ko abenduaren 31n eta horren ostean eskuragarri dagoen azken egunean.

f) Itxitako azken zerga-ekitaldiko urteko kontu erregistratuak (auditatuak, nahitaezkoa den kasuetan).

g) Hornitzailearen hautaketari buruzko egiaztagiriak, 8. oinarrian ezarritakoarekin bat.

h) Laguntza ordaindu aurreko erantzukizunpeko adierazpena, laguntzen fitxan eskuragarri dagoen ereduaren arabera.

i) 60.000 euro arteko laguntzen kasuan, gauzatutako inbertsioen argazkiak, eta, kasua bada, identifikazio plakenak, 16.2 oinarrian ezarritakoaren arabera.

j) Lursailak eta ondasun higiezinak erosi badira: salerosketaren eskritura eta behar bezala akreditatutako eta dagokion erregistro ofizialean izena emanda dagoen tasatzaile independentearen ziurtagiria edo behar bezala baimendutako erakunde publikoarena. Ziurtagiri hori ez da beharrezkoa izanen nahitaez desjabetutako eskuratzeen kasuan, edo konkurtso-prozesu batean eskuratzen badira, prezioa ezartzeko araudi espezifikoko prozedura betetzen bada. Halaber, ondasun higiezinak eskuratuz gero, ondare-eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergari dagokien likidazioa aurkeztu beharko da, non adierazi beharko baita eskuratzearen zenbatekoarekiko adostasuna.

k) Obra zibileko proiektuen kasuan: obra bukaerako ziurtagiria, udaleko sarrera-erregistroarekin, eta obra-lizentzia.

l) Ekipamendu-ondasunak edo bigarren eskuko ondasunak eskuratuz gero: ondasunen jatorriari buruzko saltzailearen adierazpena, non aditzera emanen baitu ondasun horiek ez direla izan Espainiako edo Europako ezein dirulaguntzaren xede, eta tasatzaile independentearen ziurtagiria.

m) Inbertsioak finantza-errentamenduaren bidez finantzatzen badira: finantza-errentamenduaren kontratua, erosteko aukera erabiltzeko konpromiso irmoa, eragiketaren BEZa aldez aurretik ordaindu izanaren ordainagiria eta sorrarazitako lehen eta azken kuotaren ordainagiriak.

3. Dirulaguntza justifikatzeko betebeharra ez bada betetzen edo justifikazioa nahikoa ez bada, laguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo laguntzaren zenbatekoa doituko da, zein den kasua.

Justifikazioa egiten bada oinarri honetan ezarritako epea bukatu ondoren, baina, betiere, hurrengo 10 egun balioduneko epearen barnean, kobratu beharreko dirulaguntza %5 murriztuko da. Denbora gehiago igaro bada, deklaratuko da galdu dela laguntza kobratzeko eskubidea. 13.4 oinarriaren arabera diruz laguntzen diren proiektuen kasuan, haientzako beste gauzatze- eta justifikazio-epe bat ezartzen bada, laguntza emateko ebazpenean xedatutakoari jarraituko zaio.

16. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. Dirulaguntzak kudeatzen dituen organoak onuradunek aurkeztutako justifikazioa aztertu eta ordaindu beharreko laguntzaren zenbatekoa zehaztuko du. Horretarako, onuradunei eskatzen ahalko die beharrezko jotzen duen informazio osagarri eta argigarri guztia, eta adieraziko die ezen, ez badiote errekerimendu hori erantzuten 10 egun balioduneko epean, aurkeztutako dokumentazioarekin ebatziko duela laguntzaren ordainketa.

2. Dirulaguntzak 60.000 eurotik gorakoak baldin badira, laguntzen organo kudeatzaileak inbertsioaren egiaztapen materiala egin beharko du ordainketa egin aurretik. Horretarako, bisita bat eginen da inbertsioak egin diren enpresaren establezimendura, eta bisita hori egiaztapen txosten batean jasoko da.

Une horretan enpresaren establezimenduan ez dauden inbertsio elementuei dagokien dirulaguntza ez da ordainduko.

Dirulaguntzaren zenbatekoa 60.000 eurora bitartekoa bada, onuradunek argazki bidez egiaztatu beharko dute inbertsioak gauzatu dituztela.

3. Laguntzak kudeatzen dituen organoak Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusiari eginen dio ordainketa proposamena, non adieraziko baitu onuradunak bete dituela bai dirulaguntzaren xede ziren helburuak, bai dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen dioten baldintzak.

4. Ordaintzeko ebazpena inbertsioen justifikazioa aurkeztu ondoko sei hilabetean emanen da.

5. 9.3 oinarriaren arabera gauzatzeko epea luzatzea baimentzen zaien proiektuen kasuan edo, hala badagokio, 13.4 oinarriaren arabera diruz laguntzen diren proiektuen kasuan, laguntzak ordaintzeko prozedura honako hau izanen da:

a) 15.2. oinarrian ezarritako justifikazio-dokumentazioa aurkezteko epea honako hau izanen da: inbertsioa gauzatzeko epea luzatzeko ebazpenean ezartzen dena, edo laguntza emateko ebazpenean ezartzen dena, kasuan kasukoa. Dokumentazioa aurkeztu ondoren, 2025eko abenduaren 31 baino lehen emanen den ebazpenaren bidez, laguntzaren konturako ordainketa egiteko agindua emanen da, justifikatutako inbertsioei dagokiena, eta deklaratuko da justifikatu ez diren inbertsioei dagokien laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela.

b) 2026ko ekainaren 30a baino lehen, aipatutako justifikazioa aztertu eta bidezko egiaztapenak egin ondoren, konturako ordainketa likidatzeko ebazpena emanen da.

Ebazpen horretan adieraziko da onuradunek bete dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten betebeharrak, eta laguntzaren azken zenbatekoa zehaztuko da. Azken zenbateko hori egin den konturako ordainketa baino txikiagoa bada, aldea itzuli egin beharko da.

17. oinarria.–Onuradunen betebeharrak

1. Onuradunek betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Dirulaguntza ematen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunek gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute telematikoki, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa. Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori jasoko da adierazpenean).

3.c) artikuluko baldintzak betetzen dituztenek ez badute betetzen foru lege horren 12.4 artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra, ezin izanen da ordaindu onartutako dirulaguntza.

b) Inbertsio proiektua gauzatzea 9. oinarrian adierazitako epean.

c) 30.000 eurotik gorako laguntzen onuradunek aurkeztu beharko dute, dirulaguntza eman zaiela jakinarazten zaienetik hilabeteko epean, eta baldin eta halakorik aurkeztu ez badute laguntzak eskatzeko unean, abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak (2.5 oinarrian adierazita daude).

d) Inbertsioak enpresaren ibilgetuan kontabilizatzea.

e) Gauzatutako inbertsioak justifikatzea 15. oinarrian aurreikusitako moduan.

f) Diruz lagundutako inbertsioak enpresaren jarduera ekonomikoari atxikita mantentzea, zazpi urtez bederen erregistro publiko batean inskribatzen ahal diren ondasunen kasuan, eta bost urtez gainerako ondasunen kasuan, inbertsioak amaitzen direnetik aurrera.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 28.5 artikuluan aipatutako kasuetan ez da betegabetzat joko xedearen betebeharra.

g) Enpresek 3. oinarriko 1.1 apartatuan zehaztutako inbertsio proiekturen bat egin behar badute:

–Konpromisoa hartzea laguntzaren xedeko hasierako inbertsioa egin den establezimendutik ez lekualdatzeko inbertsioa burutzen denetik bi urteko epean.

–Proiektuaren kostu diruz lagungarriaren %25eko ekarpen finantzarioa egitea gutxienez.

h) Industria Sustatzeko Zerbitzuari baimena eskatzea aurreko letran adierazitako epean dirulaguntzaren xedeko ondasunen destinoa edo karga aldatzen bada edo ondasunak besterentzen badira.

i) Konpromisoa hartzea enpresa ez deslokalizatzeko, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezartzen denarekin bat, eta deslokalizatzen bada, jasotako laguntza itzultzeko konpromisoa, arau horretan ezarritako moduan.

j) Behar bezalako publizitate publikoa egitea inbertsio proiektuaren finantzaketari buruz, enpresaren webgunean, ikusteko moduko toki batean, honako esaldi hau jarriz: "‘xxx’ inbertsio proiektuak Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza jaso du, industriako enpresa handien inbertsioetarako laguntzen 2024ko dirulaguntza deialdiaren bitartez". Betebehar hau nahitaez bete behar da dirulaguntzaren ordainketa egin dadin.

k) Proiektuari lotutako egiaztagiri guztiak lau urtez gordetzea, laguntza ordaintzen den urteko abenduaren 31tik aitzina.

l) Nafarroako Gobernuak, Ogasuneko Ministerioak edo beste edozein kontrol eta fiskalizazio organo eskudunek egin ditzaketen kontrolak onartzea eta horietan laguntzeko prest agertzea.

m) Diruz lagundutako inbertsioak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari. Jakin bezain laster eman beharko da horren berri eta, betiere, proiektua gauzatu dela justifikatu baino lehen.

n) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, edo, kasua bada, hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Hala ere, enpresa-deslokalizazioa gertatuz gero, 18/2020 Foru Legearen 7. artikuluan ezarritako baldintzen arabera itzuliko da dirulaguntza.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

18. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak enpresa eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren (GHEb) bidez eginen dira. Jakinarazpen edo komunikazioaren bidalketaren berri emanen da eskatzaileak jarritako helbide elektronikoaren bitartez.

19. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

Halakoetan, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 8. artikuluan ezarritako metaketa arauak izanen dira aplikatzekoak; eta 3.1.1) oinarrian adierazitako proiektuen kasuan, laguntza hauek metagarriak izanen dira diruz laguntzen ahal diren bestelako kostu identifikagarriei erantzuten dietenekin, edo kostu diruz lagungarri berberei osorik edo partez erantzuten dietenekin baldin eta metaketak ez badu gainditzen laguntzaren intentsitatea edo aipatu erregelamenduak kategoria bakoitzerako xedatutakoaren arabera aplikatu daitekeen laguntza kopururik handiena.

Halaber, gainerako proiektuetan, erregelamenduan de minimis laguntzei buruzko 5. artikuluan ezarritako metaketa arauak aplikatuko dira.

20. oinarria.–Jakinarazteko betebeharretik salbuetsitako laguntza araubidea.

3.1.1 oinarrian adierazitako inbertsio proiektuetarako ematen diren laguntzak salbuetsita daude jakinarazteko betebeharretik (EBFTaren 108. artikuluaren 3. apartatuan ezarria), betetzen baitituzte Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. kapituluan eta III. kapituluaren 14. artikuluan ("Inbertsiorako eskualdeko laguntzak") ezarritako baldintzak, zeinak barne-merkatuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk ezartzen baititu, EBFTaren 107. eta 108 artikuluak aplikatuz (2014ko L187. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, ekainaren 26koa). Erregelamendu horren aplikazio aldia 2026ko abenduaren 31ra arte luzatu da Batzordearen 2023ko ekainaren 23ko 2023/1315 (EB) Erregelamenduaren bidez (2023ko L167/1 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, ekainaren 30ekoa).

21. oinarria.–De minimis laguntzak.

3.1.2 oinarrian xedatutako inbertsio proiektuetarako ematen diren laguntzak de minimis laguntzak izanen dira, bat etorriz Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduan ezarritakoarekin (erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamendurako Itunaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da).

Interesdunek kasuan kasuko zerga-ekitaldian eta aurreko bi zerga-ekitaldietan hartutako bestelako de minimis laguntzak aitortu beharko dituzte eskaera-orrian.

22. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Industria Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak, emandako diru kopurua eta dirulaguntzen helburua.

23. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaileen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik.

Iragarkiaren kodea: F2400098