16. ALDIZKARIA - 2024ko urtarrilaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

419E/2023 EBAZPENA, abenduaren 14koa, Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aldatzen baitira errepideko garraio zerbitzua ematen duten enpresa pribatuek bidaiarien eta salgaien garraiorako erabiltzen dituzten flotak eraldatzeko laguntzen deialdiaren oinarriak, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.

Azaroaren 16ko 983/2021 Errege Dekretuaren bidez, autonomia erkidegoei eta Ceuta eta Melilla hiriei zuzeneko laguntzak ematea onetsi zen, errepideko garraio zerbitzua ematen duten enpresa pribatuek eta garraio pribatu osagarria egiten duten enpresek eraldatu ditzaten bidaiariak eta salgaiak garraiatzeko flotak, hori Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.

Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak maiatzaren 27an emandako 84E/2022 Ebazpenaren bidez onetsi zen "Errepideko garraio zerbitzua ematen duten enpresa pribatuek eta garraio pribatu osagarria egiten duten enpresek bidaiarien eta salgaien garraiorako erabiltzen dituzten flotak eraldatzeko laguntzak" dirulaguntzen deialdia, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.

Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren apirilaren 28ko 96E/2023 Ebazpenaren bidez, "Errepideko garraio zerbitzua ematen duten enpresa pribatuek eta garraio pribatu osagarria egiten duten enpresek bidaiarien eta salgaien garraiorako erabiltzen dituzten flotak eraldatzeko laguntzak" deialdian, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparrukoan, aurrekontua handitu zen, eta deialdiko 8., 10. eta 12. oinarriak aldatu ziren.

Trantsizio Energetikorako, Proiektu Estrategikoen eta S4ren zuzendari nagusiaren urriaren 16ko 331E/2023 Ebazpenaren bidez, errepideko garraio zerbitzua ematen duten enpresa pribatuek eta garraio pribatu osagarria egiten duten enpresek bidaiarien eta salgaien garraiorako erabiltzen dituzten flotak eraldatzeko laguntzen deialdian, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparrukoan, 1., 8. eta 14. oinarriak eta I. eranskina aldatu ziren.

Azaroaren 10eko TMA/1227/2023 Aginduaren bidez, azaroaren 16ko 983/2021 Errege Dekretuaren I., III. eta V. eranskinak aldatu ziren –errege dekretu horren bidez autonomia erkidegoei eta Ceuta eta Melilla hiriei zuzeneko laguntzak ematea onetsi zen, errepideko garraio zerbitzua ematen duten enpresa pribatuek eta garraio pribatu osagarria egiten duten enpresek eraldatu ditzaten bidaiariak eta salgaiak garraiatzeko flotak, hori Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan–. Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak proposatu du deialdiaren I. eta II. eranskinak aldatzea, aipatutakoa kontuan hartuta.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Errepideko garraio zerbitzua ematen duten enpresa pribatuek bidaiarien eta salgaien garraiorako erabiltzen dituzten flotak eraldatzeko laguntzen deialdian, I. eranskineko 2. atalean ("Laguntzen zenbatekoa eta baldintzak"), epigrafe hauek aldatzea: "2. jarduera: karbono gutxiko energia alternatiboko ibilgailu berriak erostea" eta "5. jarduera: tren-autobideetarako erdi-atoiak erostea". Aipatutako deialdia Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren maiatzaren 27ko 84E/2022 Ebazpenaren bidez onetsi zen, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. Hortaz, epigrafe horiek testu hau izanen dute aurrerantzean:

"Ibilgailua leasing edo renting finantzaketa-eragiketen bidez erostea diruz laguntzeko ezinbestekoa izanen da:

a. Kasuan kasuko leasing edo renting kontratuan bi urteko indarraldia ezartzea, gutxienez, indarra hartzen duenetik, eta kontratua formalizatzea laguntza eskaeraren erregistro-dataren ostean. Era berean, dagokion leasing edo renting kontratuak jaso beharko du laguntzaren azken hartzailearen aldeko erosketa aukera edo laguntzaren azken hartzaileari ibilgailua saltzeko konpromisoa, esku-hartzaileek adostutako edozein forma juridiko erabiliz –kontratuan bertan sartuta, haren eranskinean edo adenda batean, edo baita kontratu bereizi batean ere–. Erosketa aukera edo saltzeko konpromisoa hornitzailearen edo fabrikatzailearen edo leasing edo renting konpainiaren bitartez gauzatuko da.

b. Laguntzaren azken hartzaileak konpromisoa hartu beharko du leasing edo renting kontratua bukatzen denean ibilgailuaren jabetza eskuratzeko.

c. Laguntza eskaeraren tramitazioa laguntzaren azken hartzaileak edo entitate laguntzaile batek kudeatzen ahal du.

Ez da beharrezkoa izanen entitate laguntzaileak egoitza Nafarroako Foru Komunitatean edukitzea.

d. Leasing edo renting kontratuan berariaz ezarri behar da errentaria kasuan kasuko laguntzaren azken hartzailea dela, eta adierazi beharko da, berariaz baita ere, leasing edo renting enpresari laguntzaren zenbatekoa data horretan ordaintzen zaionean laguntza osoa erabiliko duela errentariak ordaintzeke dituen errentamendu- edo ordainketa-kuotak murrizteko, ala laguntza jasotzen denean ordaintzeke duen guztizko kopurua murrizteko, errentariak hautatu duenaren arabera.

e. Kontratuan ezarri behar da ezen, ordaintzeke dauden kuoten batura laguntzaren zenbatekoa baino txikiagoa izanez gero, azken hartzaileari ordaindu gabe gelditzen den laguntza-soberakina errentamendu-kontratuaren indarraldia amaitutakoan ordaindu behar diola leasing edo renting enpresak laguntzaren azken hartzaileari.

Beraz, errentariak ebazpen honetan ezartzen diren baldintzak eta bateraezintasunak bete beharko ditu, laguntzaren azken hartzailea den aldetik.

f. Leasing edo renting eragiketa eginez gero, beti, kasu guztietan, laguntza nork tramitatzen duen kontuan hartu gabe, laguntzaren azken hartzaileak dokumentu bat sinatu behar du, eragiketa formalizatzen duen leasing edo renting enpresari laguntza kobratzeko eskubidea lagatzeko".

2. II. eranskina, "Egindako jarduketa frogatzeko eskatzen den dokumentazioa" izenekoa, aldatzea:

a. "2. jarduera: Karbono gutxiko energia alternatiboko ibilgailu berriak erostea" epigrafearen 4. eta 8. atalak aldatzea. Testu hau izanen dute:

"4. Renting edo leasing bidez egiten bada erosketa, renting edo leasing eragiketaren kontratuaren kopia aurkeztu beharko da; kontratuaren iraupena bi urtekoa izan behar da gutxienez eta errentariak laguntzaren eskatzailea edo laguntzaren azken hartzaile potentziala izan behar du. Kontratuaren datak laguntza-eskaeraren erregistro-dataren ostekoa izan behar du. Horrez gain, berariaz adieraziko da renting edo leasing enpresak laguntzaren guztizkoa jasanaraziko duela errentariak ordaintzeke dituen kuotetan, renting edo leasing enpresak laguntzaren zenbatekoa jasotzen duenetik aurrera, edo ordaintzeke dagoen guztizkoari murriztuko diola, laguntza jasotzen duenetik aurrera. Halaber, kontratuan ezarri behar da, ordaintzeke dauden kuoten batura laguntzaren zenbatekoa baino txikiagoa izanez gero, nola ordaindu behar zaion azken hartzaileari errentamendu-kontratua amaitutakoan ordaindu gabe gelditzen den laguntza-soberakina.

Era berean, kontratu-agiri bat aurkeztu beharko da, ibilgailua laguntzaren azken hartzaileari erosteko aukera ematea edo saltzeko konpromisoa hartzea jasotzen duena. Erosteko aukera edo saltzeko konpromisoa hornitzailearen, fabrikatzailearen edo leasing edo renting konpainiaren bitartez gauzatuko da.

Horrekin batera, laguntzaren azken hartzailearen konpromisoa aurkeztuko da, leasing edo renting kontratua bukatzen denean ibilgailuaren jabetza eskuratzekoa".

"8. Ibilgailuaren salerosketa-faktura ordaindu dela frogatzen duten agiriak: Baliozko ordainketa-frogagiriak izanen dira honako hauek identifikatzen dituztenak:

a) Azken hartzailea: argi gelditu behar da ordaintzaile bakarra laguntzaren azken hartzailea dela, bai zuzeneko ordainketa baten bidez edo beraren izenean egindako ordainketa baten bidez (frogagiria behar da), bai «renting» edo finantza-leasing enpresaren bidez (kasu honetan frogagiriak kontratua eta finantza-entitateak hornitzaileari azken hartzailearen izenean egindako ordainketaren egiaztagiria dira).

b) Ordaindutako kopuruak hartuko dituen hirugarrena (saltokia, kontzesionarioa edo fabrikatzaile/inportatzailea).

c) Ordainketaren data (balio-data) edo laguntzaren azken hartzailearen funtsak irten diren eguna.

d) Dirulaguntza eragiten duen ibilgailua.

e) Baldin eta renting edo leasing delakoak baliatzen badira, enpresa errentatzailea."

b. "5. jarduera: Tren-autobideetarako erdi-atoiak erostea" epigrafearen 6. atala aldatzea. Testu hau izanen du:

"6. Renting edo leasing bidez egiten bada erosketa, renting edo leasing eragiketaren kontratuaren kopia aurkeztu beharko da; kontratuaren iraupena bi urtekoa izan behar da gutxienez eta errentariak laguntzaren eskatzailea edo laguntzaren azken hartzaile potentziala izan behar du. Kontratuaren datak laguntza-eskaeraren erregistro-dataren ostekoa izan behar du. Horrez gain, berariaz adieraziko da renting edo leasing enpresak laguntzaren guztizkoa jasanaraziko duela errentariak ordaintzeke dituen kuotetan, renting edo leasing enpresak laguntzaren zenbatekoa jasotzen duenetik aurrera, edo ordaintzeke dagoen guztizkoari murriztuko diola, laguntza jasotzen duenetik aurrera. Halaber, kontratuan ezarri behar da, ordaintzeke dauden kuoten batura laguntzaren zenbatekoa baino txikiagoa izanez gero, nola ordaindu behar zaion azken hartzaileari errentamendu-kontratua amaitutakoan ordaindu gabe gelditzen den laguntza-soberakina. Ibilgailuaren salerosketa-faktura ordaindu dela frogatzen duten agiriak: Ordainketa-frogagiriak baliozkoak izanen dira honako hauek identifikatu badaitezke: eroslea edo azken hartzailea, saltzailea edo renting/leasing enpresa, data eta ibilgailuaren bastidore zenbakia.

Kontratu-agiri bat aurkeztu beharko da, ibilgailua laguntzaren azken hartzaileari erosteko aukera ematea edo saltzeko konpromisoa hartzea jasotzen duena. Erosteko aukera edo saltzeko konpromisoa hornitzailearen, fabrikatzailearen edo leasing edo renting konpainiaren bitartez gauzatuko da.

Horrekin batera, laguntzaren azken hartzailearen konpromisoa aurkeztuko da, leasing edo renting kontratua bukatzen denean ibilgailuaren jabetza eskuratzekoa".

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2023ko abenduaren 14an.–Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

Iragarkiaren kodea: F2317700