159. ALDIZKARIA - 2024ko abuztuaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

2588/2024 EBAZPENA, uztailaren 2koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko PFEZeko erdi mailako tituludunen sei lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdia onesten duena.

Abenduaren 27ko 307/2023 Foru Dekretuaren bidez (2023ko 269. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abenduaren 29koan), Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako 2022ko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen, Estatuko 2023ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legean aurreikusitako ordezte-tasari dagokiona. Foru dekretu horretan, besteak beste, PFEZeko erdi mailako tituludunen lanpostu huts batzuk sartu ziren, funtzionarioen araubidekoak eta B mailakoak.

Halaber, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ekainaren 11an emandako 2291/2024 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko PFEZeko erdi mailako tituludunen lanpostu hutsak lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko.

Aurrekoa kontuan harturik, bidezkoa da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko erdi mailako euskara teknikarien sei lanpostu sarrera prozedurari jarraikiz eta oposizio bidez betetzeko deialdia onestea, baita haren oinarriak ere.

Hortaz, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik dauzkadan eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko PFEZeko erdi mailako tituludunen sei lanpostu sarrera prozedurari jarraikiz eta oposizio sistema erabiliz betetzeko deialdia, baita haren oinarriak ere.

2. Agintzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Prozedurak Kudeatzeko Zerbitzuari, Egiturako, Plantillako eta Langileen Aldi Baterako Kontratazioetako Zerbitzuari eta Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuari, Jendearentzako Argibideen eta Erregistro Orokorraren Bulegoari eta izendatutako epaimahaikideei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko uztailaren 2an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ordezko gisa, hura kanpoan baita (32/2023 Foru Agindua, abenduaren 11koa). Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuko zuzendaria, Raquel San Martín Ederra.

DEIALDIA, PFEZ-EKO ERDI MAILAKO TITULUDUNEEN SEI LANPOSTU OPOSIZIO BIDEZ BETETZEKO

Hona hemen deialdiaren

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da PFEZeko erdi mailako tituludunen sei lanpostu oposizio bidez betetzea. Lanpostuak funtzionarioen araubidekoak dira, A mailakoak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuan aritzekoak; zehazki, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ekainaren 11ko 2291/2024 Ebazpenaren bidez deitutako lekualdatze lehiaketaren ondorioz bete gabe gelditzen diren lanpostuak eskainiko dira. Haien plantilla zenbakiak, eskakizunak eta destinoak lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldia egin baino lehen zehaztuko dira.

1.2. Sei lanpostu huts horiek txanda hauetan banatuko dira:

–Bi lanpostu txanda irekian.

–Hiru lanpostu, igoera txandan.

–Lanpostu bat erreserba txandan, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten pertsonentzat.

1.3. Igoera txandako lanposturen bat bete gabe geldituz gero, izangaiak ez iristeagatik hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuaziora, lanpostu horiek txanda irekikoei gehituko zaizkie.

Era berean, desgaitasuna dutenen pertsonendako erreserba txandako lanpostuak bete gabe geldituz gero, izangaiek hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa lortu ez dutelako, dagokion txandakoei gehituko zaizkie, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen Estatutuaren 15.3 artikuluan ezarritako hurrenkerari jarraikiz.

Bestetik, igoera txandan edota desgaitasuna dutenen pertsonendako erreserba txandetan eskaintzen diren lanpostu hutsen –arestian aipaturiko txandari dagozkionen– kopurua baino izangai gehiagok gainditzen badute prozesua, txanda horietan lanpostua eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horren izangaiekin lehian eta eskuratutako azken puntuazioaren arabera.

Era berean, igoera txandako izangaiek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostuak eskuratzeko, aurreko paragrafoan adierazitako modu berean, baldin eta deialdiaren 2.1.2 oinarriko betebehar berariazkoak betetzen ez badituzte deialdiaren 8.1 oinarrian agiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denean.

2.–Betebeharrak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

2.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.

Parte hartzen ahalko dute, orobat, Espainiako edo Europar Batasuneko estaturen bateko nazionalitatea duten pertsonen ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako nazionalitatea dutenen ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez edukitzea gainditurik erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina.

c) Graduko, diplomako, ingeniaritza teknikoko edo arkitektura teknikoko titulu unibertsitarioa edo aurreko horietako bat edo baten baliokidetzat hartutako beste titulu bat izatea, edo lizentzia edo ingeniaritza bateko edo arkitekturako edo horien baliokidetzat hartutako beste titulu bateko lehenengo hiru ikasmailak osorik gaindituak izatea. Edo, bestela, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako horietako bat erdiesteko moduan izatea.

Tituluak atzerrian lortuak badira, baliozkoturik edo homologaturik daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena eskuratu duten izangaiei, Europar Batasuneko xedapenen babesean eta lanbide arautuen esparruan eskuratu ere.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, eta administrazio publiko baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

2.1.2. Igoera txandako izangaientzako berariazko betebeharrak:

Txanda honetako izangaiek, honako betebehar hauek ere bete beharko dituzte, aurreko apartatuan adierazitakoez gain:

a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoa izatea, edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoa izatea, eta ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian, salbu eta borondatezko eszedentzian den pertsona zerbitzuak ematen ari bada –langile finko gisa edo aldi baterako– deialdia egin duen administrazio bereko beste lanpostu batean.

Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen Estatutuaren zortzigarren xedapen gehigarrian ezarri dena aplikatuz, igoera txanda honetan parte hartzeko gainerako betebeharrak betetzen dituzten Nafarroako Parlamentuko funtzionarioek ere txanda horretan parte hartzen ahalko dute.

b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo beheragokoa izatea.

c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua izatea, salbu Nafarroako Polizia Kidegoetako kideen kasuan, horiek frogatu beharko baitute kidego horretan zortzi urteko benetako zerbitzualdia egin dutela.

2.1.3. Desgaitasuna dutenentzako erreserba txandako izangaien berariazko betebeharrak:

Desgaitasuna duten pertsonendako erreserba txandako izangaiek, 2.1.1 apartatuan aipatzen diren betebeharrak betetzeaz gainera, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna eduki beharko dute, ofizialki aitortua.

2.2. Betebehar horiek bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean, eta lanpostuaren jabetza hartu arte.

2.3. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte betebehar horiek.

3.–Eskaerak, tasak eta dokumentazioa.

3.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskaerak hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztuko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

3.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen prozesu honetan parte hartu nahi dutenek telematikoki aurkeztu beharko dute eskaera, Internet bitartez, https://www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa helbidean, "Enplegu publikoko deialdiak" atalean, deialdi honen fitxan sartuz.

Desgaitasuna izateagatik eta hala behar izateagatik probak egiteko denboretan eta bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek hala adierazi beharko dute eskaeran, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten edo denbora eta/edo bitartekoak nola doitu behar diren. Horretarako, izangaiak egoki deritzon dokumentazioa gehitzen ahalko du, eskaera aurkeztean, 3.4 apartatuan ezarritakoari jarraikiz.

3.3. Tasak.

Funtzio publikoan sartzeko eta bertan gora egiteko hautapen prozeduretan parte hartzeko eskubideengatik ordaindu beharreko tasa 41,60 eurokoa da.

Telematika bidez ordaindu behar da tasa hori, eskaera formalizatzean, ordainketa telematikoa egiteko sistema seguru baten bidez.

Tasa ordaintzetik salbuetsita egonen dira:

a) %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua dutenak.

b) Hautaproben deialdia argitaratu baino gutxienez hilabete lehenagotik langabe gisa inskribaturik daudenak.

Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak behar diren kontsultak eginen ditu aurreko paragrafoan adierazitako salbuespen egoera egiaztatzeko (langabezia egoera). Izangaiak baimenik ematen ez badu kontsulta hori egiteko, kasuan kasuko enplegu bulegoak emandako ziurtagiri bat aurkeztu beharko du, non agertuko baita zer egunetan inskribatu zen langabe gisa.

Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.

Tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

3.4. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskaera online aurkezteko unean, izangaiek, kasuaren arabera, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, eskaneatuta:

Bat.–Tasarik ez ordaintzeko aukera baliatu nahi badu eta langabezia egoera kontsultatzeko baimenik ematen ez badu, kasuan kasuko enplegu bulegoak emandako ziurtagiri bat aurkeztu beharko da, non agertuko baita zer egunetan inskribatu zen langabe gisa.

Bi.–Deialdian igoera txandan parte hartu nahi duten izangaiek, aurrekoaz gainera, deialdi honen 2.1.2 apartatuan aipatzen diren betebeharrak betetzen dituztela frogatzen duen agiria gehitu beharko diote eskaerari, baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa ez den Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finkoak badira, edota Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoak.

Hiru.–%33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu behar dute:

–IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organo eskudunak emandako ziurtagiria.

–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat edukitzeagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

Lau.–Desgaitasuna izanik probak egiteko denboretan edota bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa eransten ahalko dute hura justifikatzeko.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zehatzak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak telematika bidez aurkeztu beharko dira (www.nafarroa.eus), deialdi honi dagokion aipamenetik abiatuta.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzita, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

4.4. Ez da itzuliko funtzio publikora sartzeko eta bertan jarduteko hautapen prozeduretan parte hartzeko eskubideengatik ordaindutakoa, baldin eta izangaiak baztertzen badira haiei egozten ahal zaizkien arrazoiengatik.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen prozedura gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izaten ahal dituzten eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: María José Bermejo Barcos andrea, ogasuneko teknikaria, Nafarroako Foru Ogasunari atxikia.

Ordezko epaimahaiburua: María Pilar Alegría Zueco andrea, ogasuneko teknikaria, Nafarroako Foru Ogasunari atxikia.

Epaimahaikidea: Amalia Imaz Martínez andrea, ogasuneko kudeatzaile eta ikertzaile laguntzailea, Nafarroako Foru Ogasunari atxikia.

Ordezko epaimahaikidea: Mercedes Fernández de Piérola Martínez andrea, ogasuneko kudeatzaile eta ikertzaile laguntzailea, Nafarroako Foru Ogasunari atxikia.

Epaimahaikidea: José Miguel González Erdozáin jauna, ogasuneko kudeatzaile eta ikertzaile laguntzailea, Nafarroako Foru Ogasunari atxikia.

Ordezko epaimahaikidea: Ana María Grau Irigoyen andrea, Nafarroako Foru Ogasunaren Entitate Laguntzaileen Unitate Administratiboaren unitateburua.

Epaimahaikidea: Beatriz Goicoechea Ferrandez andrea, Langileen Batzordea ordezkatuz.

Ordezko epaimahaikidea: Begoña Moreno Aramendía andrea, Langileen Batzordearen ordezkaria.

Batzordekide idazkaria: María Pilar Redal García andrea, ogasuneko kudeatzaile eta ikertzaile laguntzailea, Nafarroako Foru Ogasunari atxikia.

Ordezko epaimahaikide idazkaria: Ana Olalde Armendáriz jauna, ogasuneko kudeatzaile eta ikertzaile laguntzailea, Nafarroako Foru Ogasunari atxikia.

5.2. Epaimahaia hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da.

Epaimahaia ez da eratzen ezta jarduten ahalko ere, gutxienez ere kideen gehiengo osoa bertan ez bada.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izaten ahal du, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oposizioa 2025eko urtarriletik aurrera hasiko da.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da non, noiz eta zer ordutan eginen den oposizioko lehen proba.

Epaimahaiak gutxienez 48 orduko aurrerapenarekin eta deialdi honen 11. oinarrian ezartzen den moduan emanen ditu argitara hurrengo probetako deialdiak; bertan, proba egitera deituta dauden izangaien zerrenda emanen du, baita oposizioaren proba non, noiz eta zer ordutan eginen den adierazi ere.

Oposizioko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

6.2. Oposizioko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta deialdiko I. eranskinean zehazten den gai zerrendako gaiei buruz galdetuko da.

Zein egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarra duen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitortu bat duten izangaientzat, denboraren eta baliabideen aldetik, eskaeran hala eskatu badute.

6.3. Oposizioak proba hauek izanen ditu:

6.3.1. Lehenbiziko proba:

Proba teorikoa izanen da. Test motako 60 galderari –gehienez– erantzun beharko zaie idatziz, ebazpen honen I. eranskineko 1. zatian (Nafarroako finantza-zuzenbidea eta zerga zuzenbidea) agertzen diren gaiei buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko lau aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, hain zuzen ere erantzun zuzenaren balioaren herena.

Epaimahaiak esanen du, hasi baino lehen, zenbat denbora dagoen proba hau egiteko.

Proba egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza izan ezik.

Lehenbiziko proba honetan, gehienez ere 30 puntu lor daitezke. Bazterturik geldituko dira proba honetan gutxienez ere 15 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

6.3.2. Bigarren proba:

Teorikoa izanen da, eta ausaz hartutako bi gai garatu beharko dira idatziz: bata, 2. zatian jasotakoen artean (Zuzenbide zibila eta merkataritza zuzenbidea), eta, bestea, I. eranskineko gai zerrendako 3. zatian jasotakoen artean (Administrazio zuzenbidea).

Proba idatzi hori egiteko 4 ordu izanen dira gehienez.

Bigarren proba honetan 30 puntu lortzen ahal dira gehienez ere. Gai bakoitzak gehienez ere 15 puntuko balorazioa izanen du.

Bazterturik geldituko dira proba honetan gutxienez ere 15 puntu lortzen ez dituzten izangaiak. Bazterturik geldituko dira, orobat, gai batean zero puntuko kalifikazioa lortzen dutenak.

Probak egiteko ez da erabiltzen ahalko inolako testurik edo dokumentaziorik, ezta kalkulagailurik, gailu elektronikorik, hiztegirik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza izan ezik.

6.3.3. Hirugarren proba:

Proba teoriko-praktikoa izanen da. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari eta ondarearen gaineko zergari buruz epaimahaiak proposatuko dituen kasu praktiko batzuk garatu eta ebatzi beharko dira, idatziz.

Proba hau egiteko, hiru ordu izanen dira gehienez.

Proba egiteko, izangaiek lege testuak erabiltzen ahalko dituzte kontsulta elementu gisa, paperezko euskarrian, baldin eta horietan zuzenbide positiboaz besteko eduki gehigarririk ez badago. Ondorio horietarako, ez dira eduki gehigarritzat joko indizeak eta oin oharrak, beste arau batzuetara eginiko igorpenak eta erreferentziak dituztenak. Aitzitik, ez dira onartuko jurisprudentziari edo administrazio doktrinari eginiko aipamenak dauzkaten konpilazioak edo testuak, edo doktrinaren gaineko iruzkinak edo oposiziogileak berak egindako oharrak dauzkatenak. Epaimahaiak eskubidea izanen du edozein unetan izangaien testuak berrikusi eta kentzeko, baldin eta paragrafo honetan xedatutakoari kontra egiten badiote. Ez da gailu elektronikorik edo bestelako materialik erabiltzen ahalko, salbu kalkulagailu ez-finantzarioak eta mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza.

Hirugarren proban 20 puntu lortzen ahal dira gehienez ere. Bazterturik geldituko dira proba honetan gutxienez ere 10 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

6.4. Bigarren eta hirugarren probak plika sistemaren bidez eginen dira.

6.5. Proba bakoitzaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak www.nafarroa.eus web orrian (deialdiaren fitxan) argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea ezarriko du interesdunek eskubidezkotzat jotzen duten guztia alega dezaten telematika bidez.

7.–Gainditzen duten izangaien zerrenda.

7.1. Hautaprobak bukaturik, oposizioa gainditu duten izangaien zerrenda argitaratuko du kalifikazio epaimahaiak, lortutako kalifikazioak adierazita, txanden arabera banatuta eta lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik. Zerrenda Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira igorriko da, betebeharrak egiaztatzeko eta lanpostu hutsak hautatzeko tramiteak egin daitezen.

7.2. Puntu berdinketarik gertatuz gero, lehenbiziko proban puntu gehien lortzen dutenen alde ebatziko da. Eta, hala ere, berdinduta segitzen badute, bigarren proban eta hirugarren proban lortutako puntuazioak hartuko dira kontuan, ordena horretan.

7.3. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren abizenetatik eta izenetik abiaturik.

8.–Betebeharrak frogatzea eta lanpostu hutsak hautatzea.

8.1. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak 10 egun balioduneko epea irekiko du, izangaiek aurkez ditzaten betebehar hau betetzen dutela frogatzeko agiriak, ezartzen den bidea erabiliz:

Deialdiaren 2.1.1.c) apartatuan eskatzen diren tituluetako baten kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.

8.2. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldirako deia eginen du, argitara emanez aukera daitezkeen lanpostu hutsen zerrenda eta hautapen ekitaldirako deitutako izangaien zerrenda (lanpostu hutsak hautatzeko lehentasun-ordenari jarraituz antolatua, txandaren arabera eta puntuazio ordenaren arabera). Bertan adieraziko da, halaber, izangaiek zer betebehar frogatu dituzten eta zer epe duten lanpostu hutsak hautatzeko.

Informazio hori jendaurrean paratuko da, deialdiaren fitxan.

Ondoren, izangai bakoitzak jakinaraziko du, horretarako ezarritako epearen barrenean, lanpostu hutsak betetzeko daukan lehentasun-ordena.

8.3. Lanpostu hutsak hautatzerakoan, %33ko desgaitasun aitortua edo hortik gorakoa duten izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik, kontuan hartu gabe zein txandaren bidez hartu duten parte.

Desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen egiaztagiria balorazio eta orientazio talde eskudunek eginen dute, ofizioz. Egiaztagiri hori espedienteari erantsiko zaio.

Aurrekoa gorabehera, desgaitasuna duen izangairen bat baldin badago, eta horrek eragina badu lanpostu batean edo bestean jarduteko, lanpostuen hautaketa hasi aurretik, haren desgaitasunarekin hobekien egokitzen dena eskainiko zaio, balorazio eta orientazio talde eskudunak horren gainean egiten duen txostena aztertu eta gero.

Bestalde, hautaprobak igoera txandan gainditzen dituzten izangaiek deialdiko lanpostuak hautatzeko lehentasuna izanen dute txanda irekiko izangaien aldean, desgaitasuna dutenen txandako izangaientzako salbuespenarekin, betiere.

9.–Izendapena proposatzea eta agiriak aurkeztea.

9.1. Behin lanpostu hutsak hautatzeko tramitea bukaturik, epaimahaiak Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izangaiak izendatzeko proposamena, non agertuko baitira hautapen prozesua gainditu duten izangaien artetik deialdiko lanpostu kopuruan sartzen direnak.

Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da izendapen proposamen hori, baita deialdiaren fitxan ere, 11. oinarrian aurreikusitakoarekin bat.

9.2. Proposatzen diren izangaiek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 30 egun naturaleko epean:

A.–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaien kasuan:

a) Nortasun agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako txostena, frogatzen duena interesdunak ez duela lanpostuan aritzea eragotziko liokeen gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik.

c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela ezgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela bereizia izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

d) Zinpeko aitorpena edo promesa, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

B.–Deialdi hau egin duen Nafarroako administrazio publikoaz beste bateko langile finko diren izangaiek edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finko diren izangaiek, baldin eta igoera txandan parte hartzen badute, ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, aurreko ataleko dokumentazioaz gainera, frogatzeko jatorrizko administrazioan jardunean daudela, edo borondatezko eszedentzian daudela eta lanean ari direla deialdia egin duen administrazio bereko beste lanpostu finko edo aldi baterako batean.

9.3. Epe horren barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaiak eta, orobat, deialdiko 2. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela frogatzen ez dutenak ez dira izendatzen ahalko, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko egintza guztiak, galarazi gabe beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.

9.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak oposizioa gainditu duten izangaien zerrendan –7. oinarrian aipatzen den horretan– hurrengoa den izangaiarekin beteko du lanpostua, baldin eta hutsik geratu den lanpostuaren betebeharrak betetzen baditu, eta izangai horrekin aurreko ataletan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

9.5. Deialdi honen xede den lanposturako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak, bere eskudantziak erabiltzeko besteren baten beharra izanez gero, proposatzen den izangaiari eskatuko dio, eta horrek deialdi honen 9.2 apartatuan ezarritako moduan aurkeztu beharko du.

9.6. Izangai batek ez badu lanpostua hautatzen prozedurak agintzen duen moduan eta epean, edo hautapen prozesuari uko egiten badio, edo betetzen ez baditu lanpostuan aritzeko deialdian ezarritako betebeharrak edo ez badu aurkezten eskatutako dokumentazioa, prozedurak agintzen duen moduan eta epean, administrazio organo eskudunak haren baja beteko du, prozesua gainditu duten izangaien zerrendan hurrengoa den izangaiarekin.

Aurreko apartatuetan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko aurretik egindako lanpostu hutsen hautaketa. Beraz, halakoetan proposatzen diren izangai berriei zuzenean adjudikatuko zaizkie egoera horien ondoriozko lanpostu hutsak.

10.–Izendapena egitea, lanpostu hutsak esleitzea eta jabetza hartzea.

10.1. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bitartez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionario izendatuko ditu aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, deialdiko lanpostuan aritzeko. Ebazpen horren bidez, lanpostu hutsen esleipena ere eginen da.

10.2. Izendapenaren eta lanpostuaren jabetza hartzearen bidez, izendatuak bihurtuko dira nominako eta plantillako funtzionario, eta izanen dituzte indarreko xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioen arloan. Horrekin batera, Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatuko dira, eta alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntuan xedatutakoa aplikatzearen ondorioz, Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean afiliaturik daudenek bi aukera izanen dituzte: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren montepioan segitzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez arauturiko eskubide pasiboen araubideak babesturik, edo Gizarte Segurantzako araubide orokorrean sartzea.

10.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak.

Izendatutako izangaiek hilabeteko epean jabetu beharko dute lanpostuez, izendapena jakinarazten zaienetik hasita.

Aipatutako epean, eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangairen bat lanpostuaz jabetzen ez bada, galduko ditu Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario izateko eskubide guztiak. Halakoetan, jarraituko zaio deialdiaren 9.4 apartatuan ezarritakoari.

10.4. Baldin funtzionario bihurtutako izangaiei borondatezko eszedentzia ematen bazaie, jabetza hartzen duten egunetik beretik, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berek eskatuta, hutsik gelditzen den lanpostua beteko da, era berean, deialdiaren 9.4 apartatuan ezarritako moduan, indarreko araudian ezarritako kasuetan.

10.5. Aurreko bi apartatuetan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautapena. Beraz, funtzionario berriei zuzenean adjudikatuko zaie egoera horien ondoriozko lanpostuak.

11.–Jarduketen publizitatea.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko tramiteak, proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunentzat jakingarri den informazio orokor guztia ere, deialdiaren fitxan argitaratuko da, Nafarroako Gobernuaren webgunean: www.nafarroa.eus.

12.–Administrazio Erroaren esparruan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak.

12.1. Bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin eta aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan eta oinarri honetan ezarritako prozedurarekin, aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek prestatuko dira hautapen prozesuan parte hartu eta lanposturik lortzen ez duten izangaiekin:

a) Hautapen prozesua gainditu arren, lanpostua lortu ez duten izangaien zerrenda.

b) Prozesu osoa gainditu ez duten izangaien zerrenda.

12.2. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez onetsiko dira, alde batetik, hautapen prozesua gainditu arren lanpostua lortu ez duten izangaien zerrenda, eta bestetik, prozesu osoa gainditu ez duten izangaien zerrenda, aplikatu beharreko kudeaketa arauekin bat.

Berdinketak ebazteko, kontuan hartuko dira deialdi honetan horretarako ezarritako irizpideak.

12.3. Izangaiei lanerako deitu eta, hala badagokio, haiek kontratatzean, honako hauetan xedatutakoari jarraikiz jokatuko da: Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; Aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Agindua, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Kontrataziorako deitzen diren izangaiek frogatu beharko dute, kontratua sinatzeko unean, betetzen dituztela deialdian eskatzen diren baldintzak.

Eskatutako baldintzak bete beharko dira sarrera prozedurarako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio aldiak iraun bitartean.

Kontrataziorako izangaien zerrendak onetsi baino lehen, kasua bada, epe bat irekitzen ahalko da hizkuntzen maila egiaztatzeko, eta betebehar hori eskatzen hasiko da horretarako emanen den epea bukatu eta gero.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik deialdian eskatutako baldintzak betetzen dituztela; izan ere, horiek oinarri honetan adierazten den moduan frogatu beharko dituzte.

13.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdiaren, haren oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori guztia bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

I. ERANSKINA.–GAI ZERRENDA

1. zatia.–Nafarroako finantza-zuzenbidea eta zerga zuzenbidea.

1. gaia.–Zerga zuzenbidea: kontzeptua eta edukia. Iturriak. Zergei buruzko Foru Lege Orokorra: printzipio orokorrak.

2. gaia.–Zergak: kontzeptua, xedeak eta motak. Harreman juridiko-tributarioa. Zerga-egitatea. Zergapetua ez egotea eta salbuespena. Sortzapena. Preskripzioa. Zerga arauaren aplikazioa. Interpretazioa, kalifikazioa eta integrazioa. Analogia zerga zuzenbidean. Simulazioa.

3. gaia.–Zerga betebeharrak: zerga betebehar nagusia, konturako ordainketak egitearen zerga betebeharra, partikularren arteko zerga betebeharrak, zerga betebehar osagarriak, zerga betebehar formalak eta zerga betebeharrak elkarren laguntzaren esparruan. Zergapekoen eskubideak. Gizarte lankidetza zergen kudeaketan. Zerga gaietan eragina duten datuen isilpekotasuna.

4. gaia.–Zergapekoak. Subjektu pasiboak. Zergaduna eta zergadunaren ordezkoa. Oinordekoak. Erantzule solidario eta subsidiarioak. Beste zergapeko batzuk. Zerga ordenan jarduteko ahalmena. Ordezkaritza. Egoitza fiskala. Zentsuaren kudeaketa. Fakturatzeko betebeharra.

5. gaia.–Zerga betebehar nagusiaren eta konturako ordainketak egiteko betebeharraren kuantifikazio elementuak. Zerga-oinarria: kontzeptua eta zehaztapen edo zenbatespen araubideak. Likidazio-oinarria. Balioak egiaztatzea. Karga tasa. Zerga kuota. Zerga zorra.

6. gaia.–Zergen kudeaketa Nafarroan (I). Kontzeptua eta ezaugarriak. Zergapekoari informazioa eta laguntza ematea. Zerga kontsulta. Identifikazio fiskaleko zenbakia. Froga, jakinarazpenak, ebazteko betebeharra eta ebazteko epea.

7. gaia.–Zergen kudeaketa Nafarroan (II). Nafarroako zergak kudeatzeko jarduketak eta prozedurak. Abiaraztea. Aitorpenak. Autolikidazioak. Egiaztatze laburtuko jarduketak. Zergen arloko likidazioak. Entzute tramitea eta alegazioak. Sarrera bidegabeen itzulketa. Autolikidazioen zuzenketa eta zerga jasanarazpena duten egintzak eta atxikipenak eta konturako sarrerak aurkaratzea.

8. gaia.–Zergen bilketa Nafarroan (I): Jarduketak eta prozedurak. Diru-bilketako organoak. Zorren iraungipena: ordainketa eta iraungitzeko beste modu batzuk. Ordaintzera behartuta daudenak. Zerga zorraren bermeak. Geroratzeak eta ordainketa zatikatuak.

9. gaia.–Zergen bilketa Nafarroan (II): Zergak biltzeko prozedura premiamendu aldian. Premiamendu prozedura. Prozeduraren izaera. Faseak: hasiera, ondasunen eta eskubideen enbargoa, besterentzea eta prozeduraren bukaera. Hirugarrengotza. Erantzuleen eta oinordekoen kontrako prozedurak.

10. gaia.–Zergen ikuskapena Nafarroan. Organoak. Eginkizunak. Ahalmenak. Betebeharrak. Agiriak aztertzea. Jarduketa motak. Zergen gaietan eragina duen informazioa eskuratzeko jarduketak. Argibide eta aholkuak emateko jarduketak.

11. gaia.–Zergak ikuskatzeko prozedura Nafarroan. Egiaztatzeko eta ikertzeko jarduketak. Prozeduraren hasiera eta garapena. Ikuskapen jarduketen epea, tokia eta ordutegia. Ikuskapen prozedurako kautelazko neurrien ezaugarriak eta motak. Prozeduraren amaiera. Ikuskapen jarduketen agiriak.

12. gaia.–Arau-hausteak eta zehapenak Nafarroako zerga zuzenbidean: araubide orokorra. Zergen arloko arau-hauste arinak eta astunak. Zergen arloko arau-hauste arinengatiko eta astunengatiko zehapenak. Zehapen motak. Zehapenak ezartzeko eskumena duten organoak eta zehapen prozedura. Zehapenen mailaketa. Erantzukizuna azkentzea.

13. gaia.–Ogasun Publikoaren kontrako delituak. Ikuskapen prozedura Nafarroan eta Ogasun Publikoaren kontrako delituak. Ogasun Publikoaren kontrako delituei loturiko likidazioak. Nafarroako zergen arloari eragiten dioten Estatuko laguntzak berreskuratzea.

14. gaia.–Zergen arloko egintzen berrikuspena administrazio bidean, Nafarroan: Arau komunak. Berrikuspen prozedura bereziak. Berraztertzeko errekurtsoa. Erreklamazio ekonomiko-administratiboak. Aparteko berrikuspen errekurtsoa.

15. gaia.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren xedapenak Ogasunaren arloan. Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko hitzarmen ekonomikoa. Xedapen orokorrak. Zerga harmonizazioa: arau komunak. Kudeatzeari eta prozedurari buruzko arauak. Toki ogasunak. Arbitraje Batzordea. Ekarpen Ekonomikoa: Ekarpen ekonomikoa zehazteko metodoa. Koordinazio Batzordea.

16. gaia.–Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko hitzarmen ekonomikoa. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga. Ondarearen gaineko zerga. Sozietateen gaineko zerga. Ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga. Oinordetzen eta dohaintzen gaineko zerga. Balio erantsiaren gaineko zerga. Zerga bereziak. Ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zerga.

17. gaia.–Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga. Zergaren araubide juridikoa, izaera, helburua eta aplikazio eremua. Zerga-egitatearen esparru material eta pertsonala. Errentaren zehaztapena. Zerga kuota. Zerga zorra. Baterako tributazioa. Zergaldia eta zergaren sortzapena. Zergaren kudeaketa.

18. gaia.–Ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga. Izaera, helburua eta aplikazio eremua. Elementu pertsonalak. Zergapeturik egotea. Establezimendu iraunkorraren bidez lortutako errentak. Establezimendu iraunkorrik gabe lortutako errentak. Egoiliar ez diren entitateen ondasun higiezinen gaineko karga berezia.

19. gaia.–Pertsona fisikoen ondarearen gaineko zerga. Araubide juridikoa, izaera, helburua eta aplikazio eremua. Zerga-egitatea. Subjektu pasiboa. Ondare elementuen eratxikitzea eta egozpena. Zerga-oinarria eta likidazio oinarria. Sortzapena. Zerga zorra. Zergaren kudeaketa.

20. gaia.–Sozietateen gaineko Zerga. Izaera eta aplikazio eremua. Zerga-egitatea. Zergaduna. Zerga-oinarria. Zergaldia eta zergaren sortzapena. Zerga zorra. Salbuespen partziala duten entitateen araubidea. Zergaren kudeaketa.

21. gaia.–Oinordetzen eta dohaintzen gaineko zerga. Xedapen orokorrak. Zerga-egitatea. Salbuespenak. Zergaren subjektu pasibo eta erantzuleak. Zerga-oinarria. Likidazio-oinarria. Zerga zorra. Sortzapena eta preskripzioa. Arau bereziak.

22. gaia.–Balio erantsiaren gaineko zerga. Zergaren araubide juridikoa, izaera eta aplikazio eremua. Zerga-egitatearen zehaztapena. Salbuespenak. Sortzapena. Zerga-oinarria. Subjektu pasiboak. Zerga-tasak. Kenkariak eta itzulketak. Araubide bereziak. Subjektu pasiboen betebeharrak.

23. gaia.–Ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zerga. Izaera, edukia eta printzipio orokorrak. Kostu bidezko ondare eskualdaketak. Sozietate eragiketak. Egintza juridiko dokumentatuak. Xedapen komunak: onura fiskalak, balioak egiaztatzea, sortzapena eta preskripzioa.

24. gaia.–Zerga bereziak. Zergaren araubide juridikoa, izaera eta aplikazio eremua. Fabrikazioaren gaineko zerga bereziak. Zenbait garraiobideren gaineko zerga berezia.

25. gaia.–13/2007 Foru Legea, apirilaren 4koa, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzkoa: aplikazio eremua eta Nafarroako Ogasun Publikoa. Nafarroako Aurrekontu Orokorrak: edukia eta onespena; exekuzioa eta likidazioa.

2. zatia.–Zuzenbide zibila eta merkataritza zuzenbidea.

1. gaia.–Pertsonaren kontzeptua. Pertsona motak. Pertsona fisikoak: jaiotza eta iraungipena. Pertsona juridikoak: kontzeptua, izaera eta motak. Pertsona juridikoen eraketa eta iraungipena. Gaitasun juridikoa eta jarduteko gaitasuna. Nafarroako Foru Zuzenbide Zibila: pertsona juridikoak eta norbanakoen gaitasuna. Ordezkaritza. Espainiako nazionalitatea eskuratu eta galtzea. Nafarroako foru zuzenbide zibila: Nafarroako forudunaren izaera zibila.

2. gaia.–Ondasunen araubidea bikote ezkonduan Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren arabera. Bikote egonkorra Nafarroan. Ondasunen likidazioa bigarren ezkontzan edo ondorengoetan. Elkarri laguntzeko erkidegoak. Dohaintzak familiarentzat eta familia ondarearen batasunerako eta jarraitutasunerako. Etxea Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Konpilazioan.

3. gaia.–Eskubide errealak: kontzeptua eta motak. Eskubide errealen eta kreditu eskubideen arteko diferentziak. Jabetza. Jabetza eskuratu eta galtzeko moduak. Jabetza Erregistroa. Hipotekei buruzko printzipioak.

4. gaia.–Edukitza. Gozamena. Zortasuna. Ondasun-erkidegoa. Arau bereziak Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilean: gauzen edukitzaren eta jabetzaren printzipio orokorrak, gozamena, zortasunak, ondasun eta eskubideen erkidegoak.

5. gaia.–Berme eskubide errealak: kontzeptua eta sailkapena. Hipoteka. Bahia. Higigarrien hipoteka eta eskualdaketarik gabeko bahitura. Antikresia. Berme errealak Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilean.

6. gaia.–Betebeharrak: kontzeptua eta motak. Betebeharren iturriak. Betebeharren froga. Kredituen pilaketa eta hurrenkera. Betebeharrak azkentzea. Denboraren eragina harreman juridikoetan. Betebeharrak oro har Nafarroako foru zuzenbide zibilean.

7. gaia.–Kontratua: kontzeptua eta motak. Kontratuen osagaiak. Kontratuak sortzea, burutzea eta gauzatzea. Kontratuen eraginkortasunik eza. Kontratuen interpretazioa. Kontratuen forma.

8. gaia.–Salerosketa: kontzeptua eta elementuak. Salerosketaren edukia. Errentamendu kontratua: kontzeptua eta motak. Hiri finken errentamendua. Landa finken errentamendua. Salerosketa eta errentamendua Nafarroako foru zuzenbide zibilean.

9. gaia.–Dohaintza: kontzeptua eta motak. Dohaintzaren osagaiak. Dohaintzaren ondorioak. Dohaintzak errebokatzea eta murriztea. Inter vivos dohaintza Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilean.

10. gaia.–Mortis causa oinordetza: kontzeptua eta motak. Jaraunspena: kontzeptua eta jaraunspena zein egoeratan egon daitekeen. Jaraunspena onartzea. Jaraunslea eta legatu hartzailea. Gehiagotzeko eskubidea. Testamentu bidezko oinordetza: kontzeptua eta testamentu motak. Nahitaezko oinordetza. Testamenturik gabeko oinordetza.

11. gaia.–Oinordetza Nafarroako foru zuzenbide zibilean: oinarrizko printzipioak. Mortis causa dohaintzak. Oinordetza itunak edo kontratuak. Testamentua eta haren formak. Xedatzeko askatasunaren mugak. Fiduziario komisarioak. Konfiantzazko jaraunsleak. Legezko oinordetza. Jaraunspena eta beste liberalitate batzuk onartzea eta ukatzea.

12. gaia.–Merkataritzako kontabilitatea. Kontabilitate formala: nahitaezko liburuak. Liburuek bete beharrekoak. Frogatzeko eraginkortasuna. Liburuak erakutsi eta haien berri ematea. Kontabilitate materiala: Urteko kontuak. Egiaztatzea, auditoretza eta kontu gordailua.

13. gaia.–Merkataritza enpresa. Banakako enpresaburua: gaitasuna eta debekuak. Proba, enpresaburuaren izaera eskuratzea eta galtzea. Ezkondutako pertsonak merkataritzan aritzea. Atzerriko enpresaburura. Merkataritzako Erregistroa.

14. gaia.–Merkataritza sozietateak: kontzeptua eta sailkapena. Merkataritza sozietateak eratzeko baldintzak. Sozietate irregularra. Sozietateen nazionalitatea. Sozietate kolektiboak eta komanditarioak. Erantzukizun mugatuko sozietatea: haren araubide juridikoari buruzko alderdi nagusiak.

15. gaia.–Sozietate anonimoa: kontzeptua eta ezaugarriak. Fundazioa. Eskritura soziala eta estatutuak. Akzioak eta obligazioak. Sozietate anonimoaren organoak.

16. gaia.–Merkataritza sozietateak desegitea. Likidazioa eta banaketa. Merkataritza sozietateen eraldaketa, bat-egitea eta bereizketa.

17. gaia.–Merkataritzako obligazioak: ezaugarri orokorrak. Merkataritza kontratuak: kontzeptua eta motak. Merkataritzako kontratuen burutzea, forma eta froga. Merkataritza kontratuen inguruabarrak aldatzearen ondorioak. Preskribatzea merkataritza zuzenbidean.

3. zatia–Administrazio Zuzenbidea.

1. gaia.–Europar Batasuneko erakundeak: Kontseilua, Batzordea, Parlamentua. Justizia Auzitegia. Kontuen Auzitegia. Batasunaren antolamendu juridikoa eta haren iturriak.

2. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: ezaugarriak eta egitura. Koroa. Gorte Nagusiak. Gobernua. Botere judiziala. Konstituzio Auzitegia. Oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak.

3. gaia.–Estatuaren lurralde antolaketa Konstituzioan. Espainiako 1978ko Konstituzioaren lehenengo xedapen gehigarria. Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa: izaera eta esanahia. Atariko titulua. Nafarroaren eskumenak.

4. gaia.–Administrazio zuzenbidearen iturburuak. Konstituzioa. Legea. Lege maila duten Gobernuaren xedapenak: Lege dekretuak eta legegintzako dekretuak. Erregelamendua: kontzeptua, ezaugarriak eta motak. Erregelamenduen mugak. Legez kontrako erregelamenduak.

5. gaia.–Administrazio publikoa eta sektore publikoa: kontzeptuak. Xedapen orokorrak, jarduteko printzipioak eta sektore publikoaren funtzionamendua urriaren 1eko 40/2015 Legean. Administrazio publikoen organoak. Hitzarmenak. Administrazioen arteko harremanak.

6. gaia.–Administrazio egintza. Kontzeptua eta ezaugarriak. Administrazio egintzen sailkapenak. Administrazio egintzaren elementuak: subjektua, objektua, helburua eta forma. Administrazio egintzen arrazoibidea. Administrazioaren isiltasuna.

7. gaia.–Administrazio egintzen eraginkortasuna. Jakinarazpena eta argitalpena. Administrazio egintzen betearazpena. Administrazio egintzen baliotasuna eta baliogabetasuna. Administrazio egintzen ofiziozko berrikuspena.

8. gaia.–Kontratu Publikoei buruzko Foru Legea: kontratazio publikoaren printzipioak. Aplikazio eremua. Esleipen botereak. Kontratistak: ahalmena eta kaudimena. Kontratuen tipologia eta araubide juridikoa. Esleipen prozedurak. Kontratuak esleitzea. exekuzio printzipioak. Kontratu publikoen baliogabetasuna.

9. gaia.–Administrazio prozedura. Interesdunak. Herritarrek administrazio publikoekiko harremanetan dituzten eskubideak. Administrazio publikoekin bitarteko elektronikoen bidez harremanetan jartzeko eskubidea eta betebeharra. Administrazio errekurtsoak: kontzeptua eta motak.

10. gaia.–Administrazioarekiko auzien jurisdikzioa: izaera, hedadura eta mugak. Administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren organoak. Alderdiak, administrazioarekiko auzien prozesuan: ahalmena, legitimazioa eta defentsa. Administrazioarekiko auzien prozesuko alderdi nagusiak. Epaia. Epaien kontrako errekurtsoak.

11. gaia.–Nafarroako Parlamentua edo Gorteak: Aurrekariak. Parlamentarien hautaketa, eskumenak eta estatutua. Antolaketa eta funtzionamendua. Eginkizunak: bereziki eginkizun legegilea. Nafarroako Kontuen Ganbera. Arartekoa.

12. gaia.–Nafarroako Gobernua. Eginkizunak. Osaera, izendapena, eraketa eta kargu-uztea. Eskudantzia eta eskumenak. Funtzionamendua. Erantzukizun politikoa, parlamentuaren kontrola eta Nafarroako Parlamentua desegitea. Nafarroako Gobernuko lehendakaria.

13. gaia.–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko Foru Legean ezarritako printzipio orokorrak. Pertsonek Foru Administrazio Publikoarekiko harremanetan dituzten eskubideak. Antolaketa: printzipio orokorrak, egitura organikoa, kide anitzeko organoak eta administrazio organoen eskumenak.

14. gaia.–11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa: Xedapen orokorrak. Dirulaguntzak emateko eta kudeatzeko prozedurak. Dirulaguntzak itzultzea.

15. gaia.–Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 15 artikulua: Xedapen orokorrak. Gardentasuna: gardentasuna jarduera publikoan eta publizitate aktiboa. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: arau orokorrak, hura gauzatzeko prozedura eta aurkaratzeko araubidea. Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua.

16. gaia.–Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua. langile motak. Funtzionario publikoak hautatzea. Administrazio egoerak. Funtzionarioen eskubideak, betebeharrak eta bateraezintasunak. Ordainsariak. Diziplina araubidea.

17. gaia.–Genero berdintasuna. 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarriari buruzkoa: berdintasun printzipioa eta bazterkeriaren kontrako babesa. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa. 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Xedapen orokorrak. Datu babesaren printzipioak. Pertsonen eskubideak.

Iragarkiaren kodea: F2410668