159. ALDIZKARIA - 2024ko abuztuaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1693/2024 EBAZPENA, uztailaren 30ekoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez agintzen da argitaratzeko Gobernu Kontseiluaren 2024ko uztailaren 30eko "Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileak kontratatzeko arautegia aldatzen duena".

2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, agintzen dut argitaratzeko Gobernu Kontseiluak 2024ko uztailaren 30ean hartutako "Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileak kontratatzeko arautegia aldatzen duena".

GOBERNU KONTSEILUAREN ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO IKERTZAILEAK KONTRATATZEKO ARAUTEGIA ALDATZEN DUENA

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikertzaileak Kontratatzeko Arautegiak –Gobernu Kontseiluak 2017ko maiatzaren 3an hartutako erabaki baten bidez onetsia– berari jarraikiz kontratatutako ikertzaileen bateraezintasunen araubidea arautzen du 22.6 artikuluan, eta ezartzen du araubide hori 1984ko abenduaren 26ko 53/1984 Legean eta hura garatzeko araudian ezarritakoaren araberakoa izanen dela.

Araudi horrek berariaz ezartzen du badagoela aukera bateragarritasuna baimentzeko irakaskuntzaren eremuan bigarren lanpostu publiko bat betetzeko, unibertsitateko irakasle elkartu gisa eta lanaldi partzialean. Hori hala izanik ere, ez du aipatzen bateragarritasuna baimentzeko aukera unibertsitateko irakasle lanpostua ordezko irakaslearen modalitate berrian betetzeko; modalitate hori Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoak ezarri du, eta oso antzekoa da lanpostua betetzeko kondizioei dagokienez.

Unibertsitatearen esparruan, egoera horrek batez ere ikerketa-proiektu espezifikoen esparruan kontratatutako ikertzaileei eragiten die, baldin eta ikertzaile gisa duten kontratua ordezko irakaslearen kontratuarekin bateragarri egin nahi badute.

Egoera horri heltzeko, eta kontuan izanik bateragarritasun hori interesekoa dela Unibertsitatearentzat, bidezkoa da 22.6 artikulua aldatzea, halako moldez non 1984ko abenduaren 26ko 53/1984 Legearen 4.1 artikuluaren ondorioetarako ordezko irakaslearen lanpostu bat betetzea irakasle elkartuaren lanpostu bat betetzearen baliokidetzat joko baita. Errektoreari dagokio bateragarritasun hori baimentzea.

Horiek horrela, honako hau da Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak, 2024ko uztailaren 30ean egindako bileran, hartu duen

ERABAKIA:

Lehenbizikoa.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikertzaileak Kontratatzeko Arautegia aldatzea, Gobernu Kontseiluak 2017ko maiatzaren 3ko erabaki baten bidez onetsia. Honela idatzita geldituko da haren 22.6 artikulua:

"Arautegi honen arabera kontratatutako langileak 1984ko abenduaren 26ko 53/1984 Legean ezarritako bateraezintasunen araubidearen mende egonen dira. Lege horren 4.1 artikuluaren ondorioetarako, ordezko irakaslearen lanpostu bat betetzea irakasle elkartuaren lanpostu bat betetzearen baliokidetzat joko da, eta errektoreari dagokio bateragarritasun hori baimentzea.

Kontratua indarrean denean kontratupeko pertsona bateraezintasun kausaren batean erortzen bada, kontratua iraungiko da arrazoi horrengatik, 1984ko abenduaren 26ko 53/1984 Legearen arabera dagokion aukera eskubidea baztertu gabe, beharrezkoa bada."

Bigarrena.–Erabaki hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hirugarrena.–Erabaki honek Nafarroako Unibertsitate Publikoko iragarki ohol elektronikoan argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Laugarrena.–Erabaki honen berri ematea Ikerketako Errektoreordetzari eta Giza Baliabideen Zerbitzuari.

Bosgarrena.–Erabaki honen aurka zilegi da berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea Gobernu Kontseiluari zuzendua, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako maila bereko epaitegietan, bi hilabeteko epean, biak ere argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2024ko uztailaren 30ean.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.

Iragarkiaren kodea: F2411457