Iragarkia
159. ALDIZKARIA - 2024ko abuztuaren 5a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1692/2024 EBAZPENA, uztailaren 30ekoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez agintzen da argitaratzeko "Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleen mugikortasunari buruzko araudia aldatzen duena", Gobernu Kontseiluak 2024ko uztailaren 30ean hartu zuen erabaki baten bidez onetsia.
2024ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekreturen bidez onetsi ziren Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, agindua ematen dut Gobernu Kontseiluak 2024ko uztailaren 30ean hartutako erabakia argitaratzeko. Erabaki horren bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleen mugikortasunari buruzko araudia aldatu da.
"ERABAKIA, IKASLEEN MUGIKORTASUNARI BURUZKO NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAREN ARAUDIA ALDATZEN DUENA
Nazioartekotzeko eta Lankidetzako errektoreordeak eskaturik, indarrean dagoen araudia aldatzea proposatzen da (96. zenbakiko NAOa, 2022ko maiatzaren 18koa), mugikortasunaren kudeaketa akademikoaren egitura sinplifikatzeko, mugikortasuneko arduradun akademikoaren eta titulazioko nazioarteko harremanetako koordinatzailearen figurak mugikortasuneko irakasle tutore akademikoaren figura berriarekin ordezkatuz.
Hain zuzen ere, beste unibertsitate batzuekiko konparaketa eginik, ondorioztatu da konplexuegia dela NUPeko mugikortasunaren kudeaketa akademikoaren egungo egitura (hiru maila: dekanordea/zuzendariordea, koordinatzailea eta arduraduna). Beraz, bi mailako egitura batera igarotzea proposatzen da: dekanordeak/zuzendariordeak ikastegiko mugikortasunaren estrategia eta plangintza hartuko ditu bere gain, eta destinoen kudeaketa akademikoa, berriz, destinoak eta mugikortasun prozesuak ongi ezagutzen dituzten tutoreen talde batek eginen du, modu autonomoan.
Mugikortasuneko koordinatzailearen eta mugikortasuneko arduradun akademikoaren eginkizunak zehazten zituzten artikulu guztietan egin da aldaketa hori, eta, harekin batera, beste bi aldaketa egin dira araudian, hura mugikortasunaren egungo beharretara egokitzeko:
–Mugikortasun birtualerako muga berriak ezarri dira.
–Mugikortasun deialdietan parte hartzeko baldintza akademiko espezifikoak kendu dira, deialdi bakoitzean ezarriko baitira.
Nazioartekotzeko eta Lankidetzako errektoreordeak proposaturik, hau da Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak 2024ko uztailaren 30ean egindako bileran hartu duen
ERABAKIA:
Lehenbizikoa.–Onestea Ikasleen Mugikortasunari buruzko Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Araudiaren aldaketa –Gobernu Kontseiluak 2022ko maiatzaren 6an hartutako erabaki baten bidez onetsi zuen araudi hori (96. zenbakiko NAOa, 2022ko maiatzaren 18koa)–, erabaki honen eranskinean ezartzen den moduan.
Bigarrena.–Erabaki hau aditzera ematea Nazioartekotzeko eta Lankidetzako Errektoreordetzari, Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako Errektoreordetzari, Irakaskuntzako Errektoreordetzari, Nazioartekotzeko Batzordeari eta Nazioartekotze eta Lankidetza Atalari.
Hirugarrena.–Erabaki honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Laugarrena.–Erabaki honen aurka, zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien epaitegietan, bi hilabeteko epean, erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 38.4 artikuluan eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetako 144.1 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz."
Iruñean, 2024ko uztailaren 30ean.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.
I. ERANSKINA
Aldaketa hauek egin dira Ikasleen Mugikortasunari buruzko Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Araudian, Gobernu Kontseiluak 2014ko azaroaren 24an hartutako erabaki baten bidez onetsi eta 2014ko abenduaren 23an Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan:
Lehenbizikoa.–3. artikulua aldatu da ("Mugikortasunaren arloan eskumena duten organoak eta unitateak"), eta honela idatzia geldituko da:
3. artikulua. Mugikortasunaren arloan eskumena duten organoak eta unitateak.
Honako hauek dira mugikortasunaren arloan eskumena duten organoak eta unitateak:
a) Nazioarteko harremanen eta lankidetzaren arloan eta ikasleen eta enpleguaren arloan eskumena duten errektoreordeak.
b) NUPeko Nazioartekotze Batzordea.
c) Nazioartekotzean eskumena duten dekanordeak edo ikastegiko zuzendariordeak.
d) Nazioarteko ikasleei espainiera irakasteko koordinatzailea.
e) Mugikortasuneko irakasle tutore akademikoak.
f) Mugikortasuneko praktiketako irakasle tutoreak.
g) Nazioarteko harremanetako eta garapenerako lankidetzako unitate kudeatzailea.
Bigarrena.–6. artikulua aldatu da ("Nazioartekotzeko Batzordearen eginkizunak"), eta honela idatzia geldituko da:
6. artikulua. Nazioartekotzeko Batzordearen eginkizunak.
Araudiaren xedeari dagokionez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Nazioartekotzeko Batzordeari dagokio:
a) Graduko eta masterreko mugikortasuneko programen berri ematea.
b) Aholku ematea nazioarteko beste programa eta jarduera batzuei buruz.
c) Nazioarteko esparruko askotariko programa eta ekintzei buruzko mintegi eta saio informatiboen antolaketan parte hartzea.
d) Jardueren antolaketa sustatzea beste hezkuntza-sistema batzuei buruzko ikasleak hartzeko, ez nahitaez truke programa edo hitzarmen espezifikoen esparruan.
e) Aholku ematea, beharrezkoa bada, nazioarteko harremanen eta lankidetzaren gaietan eskumena duen errektoreordeari, honako hauei buruz: mugikortasun deialdien edukia, haien baremoak, mugikortasuneko ikaspostuak, bai eta ikaspostu horiek ikasleei esleitzeari buruz ere.
f) Bestalde, e) apartatuko deialdien esparruan egiten ahal diren erreklamazio edo baliabideak ikertzea, eta nazioarteko harremanen eta lankidetzaren gaietan eskumena duen Errektoreordetzari jakinaraztea. Arlo horretan, dekanordetzek edo ikastegiko zuzendariordeek aukera izanen dute beren presentzia ukitutako erakundeetako mugikortasuneko irakasle tutore akademikoengan eskuordetzeko.
g) Gobernu Kontseiluari araudia aldatzeko proposatzea.
h) Erakunde eskudunei aholku ematea eta proposamenak bidaltzea beste edozein gairi buruz nazioarteko harremanen eta mugikortasunaren esparruan, araudian espezifikoki ezarri gabekoak.
i) Nazioartekotzearen arloko dekanordeek edo ikastegiko zuzendariordeek emandako emaitzen jarraipena eta urteko analisia egitea eta mugikortasuneko programa eta hitzarmenen emaitzak hobetzera zuzendutako ekintzak proposatzea.
Hirugarrena.–8. artikulua aldatu da ("Ikastegi bakoitzean nazioartekotzearen arloko eskumena duen Dekanordetzaren edo Zuzendariordetzaren eginkizunak"), eta honela idatzia geldituko da:
8. artikulua. Ikastegi bakoitzean nazioartekotzearen arloko eskumena duen dekanordearen edo zuzendariordearen eginkizunak.
Araudiari dagokionez, dekanordeari edo ikastegiko zuzendariari dagokio:
a) Ikasleen mugikortasunerako irizpide eta orientazioez arduratzea, bai nazio mailan bai nazioartean, dagokion ikastegian.
b) Nazioarteko ikasleak ikastegian hartzeaz eta harrera egiteaz arduratzea, nazioarteko harremanen eta lankidetzaren gaian eskuduna den errektoreordearekin eta nazioarteko harremanetako eta garapenerako lankidetzako unitate kudeatzailearekin lankidetzan.
c) Identifikatzea zer erakunderekin lehenetsi behar diren hitzarmenak eta haien sinadura proposatzea. Hitzarmen horien edukiaz eta kudeaketaz arduratzea, nazioarteko harremanen eta garapenerako lankidetzaren arloko unitate kudeatzailearekin lankidetzan.
Mugikortasuneko eskaintza berritzeari uko egin edo baztertu nahi izanez gero, horren berri ematea nazioarteko harremanen eta garapenerako lankidetzaren arloko unitate kudeatzaileari.
d) Deialdietako ikaspostuen eskaintza proposatzea nazioarteko harremanen eta garapenerako lankidetzaren arloko unitate kudeatzailearekin lankidetzan.
e) Mugikortasuneko irakasle tutoreak nor izanen diren proposatzea, haien eginkizunak koordinatu eta gainbegiratzea, eta haiei prestakuntza ematea eginkizunok modu egoki eta eguneratuan gauzatu ditzaten.
f) Ikastegiko titulazioetako kredituak aitortzeko irizpide orokorrak ezartzea, behar diren mugikortasuneko deialdien barrenean.
g) Nazioarteko harremanen eta garapenerako lankidetzaren arloko unitate kudeatzailearen eta ikastegien arteko solaskidea izatea.
h) Ikastegira datozen ikasleen zerrenda zabaltzea irakasle izanen dituztenei.
i) Ikasleei beren titulazioko mugikortasuneko gai akademikoen berri ematea.
j) Ziurtatzea mugikortasuneko programa eta hitzarmenekin lotutako informazioa, bai eta kredituak aitortzeko irizpideak ere, erabilgarri, eskuragarri eta eguneratuta daudela ikastegiaren webean bertan, edo behar bezala zuzenduta nazioarteko harremanetako eta garapenerako lankidetzako unitate kudeatzailearen webera.
k) Ikastegiko Batzordeari eta Ikastegiko Kalitatearen Berme Batzordeari (IKBB) ikasleen mugikortasunaren esparruan garatzen diren jardueren berri ematea erregularki edo hark eskatutakoan.
l) Mugikortasunaren emaitzen eta kalitatearen urteroko jarraipena eta analisia egitea, gero Ikastegiko Kalitatearen Berme Batzordearen (IKBB) eta Nazioartekotzeko Batzordearen aurrean aurkezteko.
m) Nazioarteko harremanen eta kooperazioaren arloan eta ikasleen eta enpleguaren arloan eskumena duten errektoreordetzei bidaltzea aurreko ataleko emaitzak.
n) Mugikortasuneko emaitzen eta kalitatearen analisia ikusirik, organo eskudunei proposamenak bidaltzea titulazioak, ikastegiak eta oro har Unibertsitate osoa hobetzeko.
Laugarrena.–IV. kapitulua ezabatu da ("Titulazio bakoitzeko Nazioarteko Harremanetako eta Mugikortasuneko koordinatzaileak"), 9. eta 10. artikuluek integratua, edukirik gabe gelditu baita.
Bosgarrena.–VI. kapitulua aldatu da ("Mugikortasuneko arduradun akademikoa"), eta honela idatzia geldituko da:
VI. kapitulua. Mugikortasuneko irakasle tutore akademikoak.
Seigarrena.–13. artikulua aldatu da ("Mugikortasuneko arduradun akademikoaren definizioa"), eta honela idatzia geldituko da:
13. artikulua. Mugikortasuneko irakasle tutore akademikoen definizioa.
Mugikortasuneko irakasle tutore akademikoak mugikortasuneko destino bati edo gehiagori loturiko kudeaketa akademikoaz arduratzen dira. Haien izendapena dagokion mugikortasun deialdia onestearekin batera eginen da.
Zazpigarrena.–14. artikulua aldatu da ("Mugikortasuneko arduradun akademikoaren eginkizunak"), eta honela idatzia geldituko da:
14. artikulua. Mugikortasuneko tutore akademikoaren eginkizunak.
Mugikortasuneko irakasle tutore akademikoek eginkizun hauek izanen dituzte, beren ardurapeko instituzioei eta instituzio horietako mugikortasuneko ikasleei dagokienez:
a) Identifikatzen laguntzea zein diren hitzarmenak ezartzeko lehenetsi behar diren instituzio giltzarriak edo arrazoi akademikoak, oreka arrazoiak edo beste arrazoi batzuk direla-eta zein diren giltzarri izateari utzi dioten instituzioak.
b) Erakunde sozialarekin eta nazioartekotzearen arloan eskuduna den dekanordearekin edo zuzendariordearekin koordinatzea truke bakoitzeko betekizun eta baldintzak –iraupena, maila, zer titulaziotan edo ikasketa-arlotan eskaintzen den, kalifikazio sistemak, mugikortasunaren eduki akademikoa (Gradu Amaierako Lana eta/edo irakasgaiak), etab.–, eta dekanordeari edo zuzendariordeari xede horretarako beharrezkoak diren destinoei buruzko informazioa bidaltzea.
c) Ikaslearekin batera zehaztea destinoko goi mailako hezkuntza instituzioaren eskaintza akademikoa, ikasketa-konpromisoaren edukia eta, beharrezkoa bada, aldaketak.
d) Ikasketa-konpromisoak sinatzea.
e) Ikasketa-konpromisoan sartutako NUPeko irakasgaietara bideratzea erakunde hartzailean egindako irakasgaiei dagozkien emaitza akademikoak, ikasketa-konpromisoan jasotakoarekin bat etorriz, eta atzerrian lortutako emaitzak Espainiako kalifikazio sistemara transkribatzea, beharrezkoa bada.
f) Ikasleei informazioa eta aholku ematea programa edo erakunde hartzailean mugikortasunarekin lotutako alderdi akademikoei buruz, NUPeko Tutoretza Planaren esparruan.
g) Informazioa eta aholku ematea goi mailako hezkuntzako beste instituzio batzuetako ikasleei NUPeko mugikortasunean eta ontzat ematea Nafarroako Unibertsitate Publikoko beren matrikulari.
h) Ikastegi bakoitzean nazioartekotzearen arloan eskumena duen dekanordeari edo zuzendariordeari egokitzat jotzen dituen aldaketak proposatzea aldebiko hitzarmenen edukian, eta gertatzen diren eta ezagutzen dituzten aldaketen berri ematea.
i) Ikasleen trukearen urteko jarraipena egitea, eta ikastegi bakoitzean nazioartekotzearen arloan eskumena duen dekanordearekin edo zuzendariordearekin emaitzak partekatzea, eta hobetzeko proposamenetan laguntzea.
Zortzigarrena.–22. artikulua aldatu da ("Hitzarmenak sinatzea"), eta honela idatzia geldituko da:
22. artikulua. Hitzarmenak sinatzea.
1. Nazioarteko harremanen eta lankidetzaren arloan eskumena duen errektoreordeari proposatzen ahalko zaio nazioko nahiz nazioarteko hitzarmen bat sinatzea, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Hitzarmenen Arautegian jasotakoaren arabera. Arautegi hori Gobernu Kontseiluak onetsi zuen 2011ko otsailaren 18an (NAO, 2011ko martxoaren 8koa).
2. Proposamenak nazioarteko harremanen eta garapenerako lankidetzaren arloko unitate kudeatzaileari zuzendu beharko zaizkio, eta nazioartekotzearen arloan eskumenak dituen dekanordearen edo zuzendariordearen oniritzia izan beharko dute.
3. Nazioarteko harremanen eta lankidetzaren arloan eskumena duen errektoreordeari dagokio mugikortasun hitzarmenen proposamenei oniritzia ematea, bai eta hitzarmen horiek formalizatzea ere, edo, hala badagokio, errektoreari bidaltzea sina ditzan. Errektoreordeak formalizatutako hitzarmenaren berri emanen die haren jarduera-eremuaren eraginpeko ikastegiei, bai eta nazioarteko harremanen eta garapenerako lankidetzaren arloko unitate kudeatzaileari ere.
4. Errektoreordeak aukera izanen du hitzarmenerako proposamena ez onartzeko, bai eta indarrean dauden hitzarmenak salatzeko ere, NUPen interesekin bat egiten ez badute.
Bederatzigarrena.–24. artikulua aldatu da ("Ikasketa-konpromisoa, ikastea xede duen mugikortasunean"), eta honela idatzia geldituko da:
24. artikulua. Ikasketa-konpromisoa, ikastea xede duen mugikortasunean.
1. Ikasketa-konpromisoa dokumentu bat da, zeinean jasotzen baita ikasleak destinoko erakundean eginen dituen ikasgaiak, irakasgaiak eta kredituak, eta NUPeko ikasketa-planeko irakasgaiekin duten korrespondentzia. Horiek guztiak mugikortasuna amaitu ondoren aitortuko zaizkio, NUPen destinoko erakundeak emandako ziurtagiri akademikoa jaso ondoren.
2. NUPeko ikasketa-planetako irakasgai guztiak, Ikasketa Amaierako Lanak barne, sartzen ahalko dira ikasketa-konpromisoetan, eta aitortzen ahalko dira mugikortasun programetan eginez gero, salbu eta ikasleak mugikortasuna egin duen ikasturte akademikoaren aurreko seihileko edo ikasturteetan NUPen jadanik matrikulatuak zituenak.
3. Baliozkoa izan dadin, ikasketa-konpromisoa ikasleek eta mugikortasuneko irakasle tutore akademikoak sinatu beharko dute.
4. Konpromiso hori mugikortasuna egin aurretik formalizatuko da, eta loteslea izanen da, gerora aldatzeko aukera izanen den arren, hala badagokio.
5. Ikasketa-konpromisoaren aldaketak baliozkoak izan daitezen, beharrezkoa izanen da haiek arrazoitzea eta ikasleak eta mugikortasuneko irakasle tutore akademikoak idatziz onartzea. Ikasketa-konpromisoaren aldaketak haren parte dira. Aldaketak adostu ondoren, mugikortasuneko irakasle tutore akademikoak nazioarteko harremanen eta garapenerako lankidetzaren arloko unitate kudeatzaileari jakinaraziko dizkio, ondoren izapidetu ditzan. Ez da aldaketa-proposamenik onartuko destinoko erakundean seihilekoa edo ikasturte akademikoa hasten denetik hilabete bat igaro ondoren.
Hamargarrena.–27. artikulua aldatu da ("Ikasketa-konpromisoa, ikastea xede duen mugikortasunean"), eta honela idatzia geldituko da:
27. artikulua. Aitorpen akademikoa, ikastea xede duen mugikortasunean.
1. Ikasleen mugikortasuneko egonaldia amaituta, eta erakunde kideak emandako ikasketa-konpromisoa eta ikasketa-ziurtagiria ikusita, mugikortasuneko irakasle tutore akademikoak "Ikasketen aitorpena" dokumentua eginen du aitortutako ikasketak ikasleen espediente akademikoan sartzeko.
2. "Ikasketen aitorpen"ean ikasketa-konpromisoa osatzen duten NUPeko irakasgai guztiak jasoko dira, eta irakasgai bakoitza ebaluatzeko banakako akta izanen da.
3. Ikasketa-konpromisoan sartutako NUPeko irakasgaiak joaten diren ikasleen espediente akademikoan sartuko dira titulu honetan aurreikusitakoaren arabera, eta mugikortasunean parte hartzen duten ikasleei ezin izanen zaie inola ere eskatu azterketak edo proba gehigarriak egitea, edo bueltatzen direnean lan osagarriak aurkeztea edo beste edozein ebaluazio mota egitea NUPen.
Hamaikagarrena.–35. artikulua aldatu da ("Ikasketa-konpromisoa graduko eta masterreko mugikortasunean"), eta honela idatzia geldituko da:
35. artikulua. Ikasketa-konpromisoa graduko eta masterreko mugikortasunean.
Ikasteko helburua duen mugikortasuneko ikasleak ikasketa-konpromiso bat formalizatu beharko du, eta honako hauek jasoko ditu:
a) Ikasturte bateko mugikortasun presentzialerako: matrikula berriko 43 ECTS gutxienez eta 72 ECTS gehienez, titulua lortzeko beharrezkoak direnak.
b) Seihileko bateko mugikortasun presentzialerako: matrikula berriko 18 ECTS gutxienez eta 42 ECTS gehienez, titulua lortzeko beharrezkoak direnak, salbu eta Prestakuntza Solidarioko Programan, non gutxienez 12 ECTS beharko diren.
c) Mugikortasun birtualerako eta mugikortasun konbinaturako: matrikula berriko 2 ECTS gutxienez eta 12 ECTS gehienez.
Hamaikagarrena.–16. artikuluaren 36. artikulua aldatu da ("Parte hartzeko betekizunak"), eta honela idatzia geldituko da:
36. artikulua. Parte hartzeko betekizunak.
1. Mugikortasun-programa batean parte hartzeko, NUPeko ikasleak arduraldi osorako egon behar dira matrikulatuak beren ikasketa-planean, bai eskaera egiten duten ikasturtean, bai mugikortasuna egiten duten ikasturtean. Nolanahi ere, Nazioartekotzeko Batzordeak zilegi izanen du arduraldi partzialean matrikulatutako ikasleen egoerak banaka baloratzea.
2. Deialdian parte hartzeko eta mugikortasuna egiteko, ezinbesteko baldintza izanen da ikasleak dagokion matrikularen tasak eta prezio publikoak ezarritako epeetan ordaindu izana.
3. Eskaera aurkezteko unean, ikasketetan jarraitzeko baldintzak bete behar ditu ikasleak.
4. Eskatzaileek, gainera, dagozkien deialdietan parte hartzeko ezartzen diren baldintza guztiak bete beharko dituzte.
Hamahirugarrena.–37. artikulua aldatu da ("Prozedura eta edukia"), eta honela idatzia geldituko da:
37. artikulua. Prozedura eta edukia.
1. Urtero, eta horretarako zehazten den epearen barnean, errektoreak edo, hala badagokio, eskumena duen errektoreordetzak mugikortasun deialdiak argitaratuko ditu.
2. Deialdi horrek gutxienez honako alderdi hauek jasoko ditu oinarrietan:
a) Parte hartzeko baldintza akademikoak.
b) Eskainitako ikaspostuen baldintzak: destinoa, iraupena, NUPeko eskakizun linguistikoak edo akademikoak, zer titulaziotan eta seihilekotan eskaintzen diren, zein den mugikortasuneko irakasle tutore akademikoa, zein programatan kokatzen diren eta egokitzat jotzen diren beste batzuk. NUPek, halaber, destinoko erakundeak eskatzen dituen eskakizun akademiko eta linguistikoak ere jasoko ditu, baldin eta deialdia argitaratu aurretik jakinarazi bazaizkio.
c) Parte hartzeko prozedura, hautaketa-irizpideak eta esleipena.
d) Trukerako ikaspostuen ikasle onuradunei eskainitako diru-laguntzak, hala badagokio.
e) Ikasle hautatuen betebeharrak.
f) Destino bakoitzari esleitutako mugikortasuneko irakasle tutorearen izendapena.
Hamalaugarrena.–44. artikulua aldatu da ("Mugikortasun programetan parte hartzera NUPetik kanpora joaten diren ikasleen betebeharrak"), eta honela idatzia geldituko da:
44. artikulua. Mugikortasun programetan parte hartzera NUPetik kanpora joaten diren ikasleen betebeharrak.
Mugikortasun-programa edo -hitzarmen batean parte hartzen duten NUPeko ikasleek, unibertsitateko araudian ezarritako betebehar orokorrez gain, honako betebehar hauek dituzte:
a) Kredituak aitortzeko ikastegiak dituen irizpide akademikoen arabera, eta mugikortasuneko irakasle tutore akademikoaren laguntzarekin, ikasketa-konpromisoa formalizatzea eta, hala badagokio, hura aldatzea, garaiz eta forman.
b) Matrikula egitea NUPen mugikortasuna egiten duen ikasturtean, eta matrikulan ikasketa-konpromisoan jasotako irakasgaiak sartzea gutxienez, kasuan kasuko deialdian ezarritakoaren arabera.
c) Izena emateko eta matrikulatzeko izapideak egitea destinoko erakundean, bai eta onarpenerako eta egonaldirako hark eskatzen dion beste edozein izapide ere.
d) Europako Osasun Txartela lortzea edo mugikortasun aldian osasun laguntza bermatuko dion asegurua kontratatzea. Era berean, ikasleen erantzukizuna da bestelako istripu-aseguruak edo hirugarrenentzako kalte-aseguruak kontratatzea, destinoko erakundeak halakorik eskatzen badu.
e) Harrerako herrialdean legezko sarrerari eta egonaldiari buruz indarrean dagoen araudia betetzea, bai eta dagokion bisa lortzea ere, beharrezkoa bada.
f) Destinoko erakundearen arauak eta harrerako herrialdearen legeak betetzea.
g) NUP sustatzen laguntzea destinoko erakundean horretarako antolatzen ahal diren jardueretan.
h) Ikasketa-konpromisoan jasotako programa aprobetxamenduz betetzea.
i) Behin mugikortasuna amaituta, nazioarteko harremanen eta garapenerako lankidetzaren arloko unitate kudeatzailean aurkeztea destinoko erakundeak emandako egonaldiaren ziurtagiria, ikaslearen azken txostena eta kasuan kasuko deialdian eskatzen den gainerako dokumentazioa.
Hamabosgarrena.–54. artikulua aldatu da ("Uko egiteak"), eta honela idatzia geldituko da:
54. artikulua. Uko egiteak.
1. NUPeko ikasketa-aldia hasi ondoren ikasleren batek uko egiten badie ikasketei, idatziz jakinarazi behar dio mugikortasuneko irakasle tutoreari eta nazioarteko harremanen eta garapenerako lankidetzaren arloko unitate kudeatzaileari.
2. Ikasleari ez zaizkio itzuliko ordainduak dituen tasak eta prezio publikoak, ez eta NUPeko mugikortasun programaren ondoriozko bestelako gasturik ere, non eta ez dion larritasun handiko arrazoiengatik egin uko matrikulari.
Iragarkiaren kodea: F2411456
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
