2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
FUNES
Udal ordenantza, "La pista" udal instalazioaren erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena
Funesko Udalak, 2024ko apirilaren 24an egindako osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Funesko Udalaren "La pista" instalazioaren erabilera arautzen duen udal ordenantza.
Onespenaren erabakia 2024ko 99. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 14an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi eta argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Funesen, 2024ko ekainaren 28an.–Alkatea, Ignacio Felipe Domínguez Martínez.
UDAL ORDENANTZA, FUNESKO UDALAREN "LA PISTA" INSTALAZIOAREN ERABILERA ARAUTZEN DUENA
ZIOEN AZALPENA
Ikusi da jarduera fisikoa eta kirola praktikatzea tresna onenetako bat dela osasuna babesteko, bizi kalitatea hobetzeko eta gizarte integraziorako.
Herritarren prestakuntza eta kultura fisikoa gero eta handiagoa da, eta hazkunde nabarmena eragin du Funesko udalerrian kalitateko kirol zerbitzu eta azpiegituren eskaeran. Horregatik, Udal honen kirol politikaren helburuak dira, besteak beste, kirol ekipamendu berriak eraikitzea eta kirol jarduera fisikoa eskaintzeko zerbitzuak zabaltzea, herritarren eskaera gero eta handiago horri erantzun nahirik.
Espainiako Konstituzioak berak, 43. artikuluaren 3. apartatuan, aitortzen du kirolak duen garrantzia, hala xedatzen baitu: "botere publikoek osasun heziketa, heziketa fisikoa eta kirola sustatuko dituzte. Era berean, aisialdiaren erabilera egokia erraztuko dute".
Bere aldetik, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2.m) artikuluak adierazten du udalek kasu guztietan ere kirol jarduera edo instalazioen gaineko eta aisialdia betetzearen gaineko eskumenak izanen dituztela.
Udalaren kirol instalazioak oinarrizko ekipamenduak dira Funesko Udalak eskaintzen dituen kirol zerbitzuak bermatzeko. Haien helburu nagusia da osasun publikoa zaintzea prebentzio neurrien bidez eta behar diren zerbitzuak eskaintzea, eta horiekin batera, heziketa fisikoa eta kirola sustatzea eta aisialdiaren eta denbora librearen erabilera egokia erraztea.
Proposatzen den proiektua, beraz, goian aipaturiko helburuak betetzeko asmoz proposatu da, Udalaren kirol arloaren inguruan herritarrek adierazten duten eskaera gero eta handiagoari erantzun nahian.
ATARIKO TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Xedea.
Erregelamendu honen xedea da arautzea Funesko Udalaren "La Pista" instalazioaren erabilera eta funtzionamendua eta, horiekin batera, erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak ere bai.
Erregelamendu hau udalaren "La Pista" instalazioan aplikatuko da, bertan adierazten den moduan, hain zuzen.
2. artikulua. Definizioak.
1. Udal instalazioak.
Kirola eta jarduera fiskoa praktikatzeko aukera eskaintzen duten eraikin, higiezin, zelai, bulego edo espazioak dira, era guztietakoak, kanpokoak nahiz estaliak, itxiak edo irekiak, barne direla kirol jarduera aurrera eramateko beharrezkoak diren ekipamendu eremuak, osagarriak edo funtzionatzeko behar direnak, Funesko Udala denean haien titularra, edo haren esku direnean, titulu juridiko baten bitartez.
2. Erabiltzaileak.
Erregelamendu honen ondorioetarako, pertsona erabiltzaileak dira honako hauek:
a) Udal instalazioak banaka edo taldeka erabiltzen dituztenak.
b) Programatutako jardueretako edo ikastetxeetako edo eskoletako ikasleak.
c) Lehiaketetan parte hartzen dutenak.
d) Haien laguntzaileak eta ikusleak.
3. Erabilera titulua.
Instalazio edo jarduera horretarako sarbidea ematen duen agiria da, dagokion tasa, prezio publiko edo tarifa ordaindu dela egiaztatzen duena, dagokionean.
4. Kirol jarduera gidatua.
Kirol jardueren udal programan sartzen den eta zuzendaritza tekniko batekin egiten den kirol jarduera fisikoa da, aurrera eramaten dena Funesko herriaren kirol garapenean inplikatuta dauden agenteek ezarritako irizpide teknikoei jarraikiz.
5. Erabilera librea.
Udal instalazioetan eta zuzendaritza teknikorik gabe egiten den kirol jarduera fisikoa da.
3. artikulua. Aplikazio-eremua.
1. Erregelamendu honetan jasotako arauak "La Pista" udal instalazioari aplikatuko zaizkio.
2. Nolanahi dela ere, erregelamendu honen arauak aplikatzeko, kontuan hartuko da udal instalazioa sarbide librekoa den ala ez.
I. TITULUA.–UDAL INSTALAZIOEN ERABILERA-ARAU OROKORRAK
I. KAPITULUA.–"LA PISTA" UDAL INSTALAZIOAREN ERABILERA
4. artikulua. Erabiltzeko ordutegia.
"La Pista" udal instalazioa erabiltzen ahalko da astelehenetik ostiralera 15:00etatik 17:00etara eta 20:00etatik 22:00etara, eta asteburuetan 10:00etatik 12:00etara eta 15:00etatik 17:00etara, erreserba eginez. Gainerako orduak erabilera librekoak izanen dira, eta ordu horietan ezinen da partidarik egon.
II. KAPITULUA.–ERABILTZAILEEN ESKUBIDEAK, BETEBEHARRAK ETA JARDUERA DEBEKATUAK
5. artikulua. Erabiltzaileen eskubideak.
Honako hauek dira erabiltzaileen eskubideak:
a) Kirol zerbitzuei buruzko informazio hau eskuratzeko eskubidea:
1. Zerbitzua ematen den ordutegia.
2. Zerbitzu etenaldiak edo gertatzen den edozein gorabehera.
3. Iradokizunak eta kexak egiteko aukera, ezarritako prozeduren bidez.
b) Erabiltzeko baldintza onetan dauden eta desgaitasunen bat duten pertsonentzat irisgarriak diren kirol instalazioak izatea.
c) Edozein iradokizun, erreklamazio edo kexa aurkeztea eta ezarritako epean erantzuna jasotzea, kirol zerbitzuen kartan jasotzen diren baldintzetan.
d) Norbere datu pertsonalen gaineko sarbide, zuzentze, deuseztatze eta aurkaratze eskubideak baliatzea, datu pertsonalen babesari buruzko araudian ezarritakoaren arabera.
e) Instalazioak erabiltzea haien osasunaren babesa eta segurtasuna bermatzen duten baldintzetan, araudi erregulatzailean ezarritakoaren arabera.
6. artikulua. Udalaren instalazioen erabiltzaileen betebeharrak.
Udalaren instalazioen erabiltzaileen betebeharrak honako hauek dira:
a) Erabilera erreserbatzea, hala badagokio, zerbitzuen erabilera-tituluak iraunaldian gordetzea eta errekerimenduaren bidez egiaztatzea.
b) Udal instalazioak modu egokian erabiltzea. Erabiltzaileen erantzukizuna izanen da Udalaren "La pista" instalazioan ematen duten denboran haien asmo txarrez edo zabarkeriaz kalte edo galerarik eragiten bazaie instalazioei edo hirugarrenei.
c) Kirol zerbitzuen ordutegiak eta funtzionamendua errespetatzea.
d) Jarrera zuzena eta errespetuzkoa izatea gainerako erabiltzaileekiko.
e) Indarrean dagoen araudian ezarritakoa betetzea, eta bereziki, tabakoa, alkohola eta substantzia estupefazienteen kontsumoari dagokionez.
f) Ez sartzea esparruetan beirazko, metalezko edota erabiltzaileen integritatea eta osasuna arriskuan jartzen ahal dituzten bestelako materialez egindako ontziak. Paperezkoak edo plastikozkoak bakarrik erabil daitezke. Salbuespen dira "La pista" udal instalazioan antolatzen diren ekitaldi ludiko/kulturalak.
g) Edari alkoholdunak ez sartzea kirol esparruetara, salbu instalazio horretan antolatutako ekitaldi ludiko/kulturaletan.
h) Erregelamendu honetan jasotzen diren arau orokorrak eta zentro bakoitzeko kirol eremuen erabilerarako jarraibide espezifikoak betetzea eta errespetatzea.
i) Udalak ezartzen dituen zehapenak betetzea.
Udalaren instalazioen barrenean, pertsona helduek arduratu beharko dute beren ardurapean dituzten adingabeen segurtasunaz. 8 urtetik beherako umeek gurasoen edo haien ardura dutenen zaintzapean egon beharko dute instalazioetan, istripuak saihesteko eta gainerako erabiltzaileei eragozpenik ez sortzeko.
–Erabiltzaile adindunek erantzun beharko dute, baldin eta beren gain dituzten adingabeek erregelamenduko arauak betetzen ez badituzte edo bertan zehazturiko arau-hausterik egiten badute.
–Erabiltzaileek beren gain hartuko dituzte instalazioetan gertatzen diren objektu pertsonalen galerak, desagertzeak edo hondatzeak.
7. artikulua. Erabiltzaileen jardunbide debekatuak.
1. Debeku da:
a) Galaraztea edo eragoztea udalaren instalazioen funtzionamendu normala.
b) Udalaren instalazioak edo haien egiturak erabiltzea haien xedea ez den edozein erabilerarako.
c) Udalaren instalazioak edo haien elementuak kaltetzen ahal dituzten egintzak egitea.
d) Udalaren instalazioaren edo haien edozein elementuren erabilera eragoztea gainerako erabiltzaileei.
e) Aurretiazko baimenik gabe sartzea mahaiak, aulkiak, eguzkitakoak, etzaulkiak eta bestelako edonolako altzariak.
f) Substantziak eta edonolako hondakinak botatzea horretarako jarritako ontzietatik kanpo.
g) Pankartak, sinboloak, ikurrak edo legendak sartzea edo erakustea, haien edukiagatik edo erakusten diren egoeragatik portaera bortitzak, xenofoboak edo arrazistak piztu edo sustatzeko egintzatzat hartzen ahal badira, edo kirol jardueran parte hartzen ari direnei mespretxu agerikoa erakusteko egintzatzat.
h) Armak, bengalak, petardo lehergarriak, edo edozein produktu suharbera, ke sortzailea edo korrosiboa sartzea.
i) Erreserbatutako kirol eremuen erabilera azpierrentan ematea, uztea edo mailegatzea hirugarren pertsonei edo entitateei, baimen espresurik gabe.
j) Instalazioetako baliabide eta ekipamenduetan kalte eragiten duten jokaerak.
2. Funesko Udala ez da erantzule izanen:
a) Erabiltzaileak lesiorik izaten badu, non ez den instalazioen edo ekipamenduen egoera txarraren ondorioz gertatu.
b) Erregelamendu hau ez betetzearen edo instalazioen edo ekipamenduen erabilera okerraren ondorioz kalteak sortzen badira.
Informazioa eta komunikazioa.
8. artikulua. Erreklamazioak eta iradokizunak.
Erabiltzaileek erreklamazioak eta iradokizunak egiten ahalko dituzte Funesko Udalak ezartzen dituen bideak erabiliz.
9. artikulua. Zerbitzuaren ordutegia.
Erabiltzaileek "La Pista" udal instalazioa erabiltzeko erreserbak egiten ahalko dituzte, astelehenetik ostiralera 15:00etatik 17:00etara eta 20:00etatik 22:00etara, eta asteburuetan 10:00etatik 12:00etara eta 15:00etatik 17:00etara. Gainerako orduak erabilera librekoak izanen dira, eta ordu horietan ezinen da partidarik egon.
Funesko Udalak bere egiten du horiek aldatzeko aukera, baldin arrazoi teknikoak edo antolakuntza arlokoak tartean badira.
Funesko Udalak hemen azaldutako ordutegiak aldatzen ahal ditu, hala behar duenean, eta instalazioetan kirol, kultura nahiz gizarte ekitaldiak antolatzen direnean.
Erreserbak:
–Erreserba egiteko erabili behar da Funesko Udalak horretarako kontratutako online plataforma, euro 1 orduko prezioan. Erreserba egin ahal izateko, plataforman alta emanda egon beharko da.
(https://villadefunes.reservas24h.es/portal/intranet.aspx)
–Pista erreserbatzeko, ezinbestekoa da izena eta abizenak adieraztea. Erreserba bakoitzean, egun eta ordu bakarra esleituko da pertsona edo talde bakoitzeko.
–Erreserba onartu eta jakinaraziko zaio interesdunari, betiere artikulu honetan aipatzen diren lehentasunezko egoeren jarduerarik ez bada.
–Erreserba eskatu duen taldea une oro izanen da barruan gertatzen denaren erantzule, erreserbak irauten duen bitartean.
–Erreserbaturiko orduaren 10 minutu igarota, erabiltzaileek ez badute pista okupatzen, erreserba bertan behera geldituko da.
–Erreserbatutako pista ez erabiltzeak zehapena ekartzen ahal du.
–Erreserba egin duen erabiltzaileak eta harekin aritu direnek ez dute erreserba berritzen ahalko hurrengo ordurako.
VI. TITULUA.–ZEHAPEN ARAUBIDEA
10. artikulua. Arau-hauste administratiboak.
1. Erregelamendu honen hurrengo artikuluetan zehazten diren ekintzak eta ez-egiteak izanen dira arau-hauste administratiboak, hauen arabera: Administrazio publikoen araubide juridikoari buruzko eta administrazio prozedura erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 127.1 artikulua (legezkotasun printzipioa) eta 129.1 artikulua (tipikotasun printzipioa); urriaren 1eko Administrazio publikoen administrazio prozedura erkideari buruzko 39/2015 Legea; Toki araubidearen oinarriak erregulatzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 139. artikulua.
2. Erregelamendu honetan xedatutakoaren kontrako arau-hausteak oso astunak, astunak edo arinak izanen dira.
XII. KAPITULUA.–FALTEN TIPOLOGIA: OSO ASTUNAK, ASTUNAK EDO ARINAK
11. artikulua. Falta oso astunak.
Arau-hauste oso astuntzat joko dira honako hauek:
a) "La pista" udal instalazioaren erabilera desegokia, bizikidetzaren nahasmendu nabarmena dakarrena eta beste pertsona batzuen lasaitasunari, eskubide legitimoen erabilerari edo jardueren garapen normalari larriki, berehala eta zuzenean eragiten diona.
b) Udal instalazioaren edo hango edozein elementuren erabilera eragoztea gainerako erabiltzaileei.
c) Udal instalazioaren funtzionamendu normala galaraztea edo larriki oztopatzea.
d) Udal instalazioko ekipamenduak, azpiegiturak, instalazioak, elementuak edo materialak modu larri eta nabarmenean hondatzea edo lapurtzea.
e) Eraso fisikoa egitea beste erabiltzaile bati.
f) Armak, bengalak, petardo lehergarriak, edo edozein produktu suharbera, ke sortzailea edo korrosiboa sartzea.
g) Sua piztea.
h) Erreserbatutako kirol eremuen erabilera azpierrentan ematea, uztea edo mailegatzea hirugarren pertsonei edo entitateei, baimen espresurik gabe.
i) Legez kanpoko substantziak kontsumitzea eta saltzea.
j) Instalazioak, ekipamenduak, kirol materiala edo erabiltzaileen gauzak ebastea, lapurtzea edo nahita hondatzea.
12. artikulua. Falta astunak.
Falta astuntzat joko dira:
a) Udal instalazioak edo hango materialak edo ekipamenduak modu desegokian erabiltzea, oso astuntzat jotzeko baldintzak gertatzen ez direnean.
b) Instalazioaren ekipamendu, azpiegitura, instalazio, elementu edo materialak hondatzea oso astuntzat jotzen ez denean.
c) Ahoz erasotzea beste erabiltzaile bati.
d) Ez errespetatzea kirol zerbitzuen ordutegiak eta funtzionamendua.
e) Tabako, alkohol edo substantzia estupefazienteen kontsumoari buruzko indarreko araudia ez betetzea.
f) Kirol zerbitzuetan erabiltzea beirazko, metalezko edo bestelako materialez egindako ontziak, paperezkoak edo plastikozkoak ez direnak. Salbuespena: "La Pista" instalazioan antolatutako jarduera ludikoak/kulturalak.
g) Instalazioetara sartzea edozein motatako ibilgailuarekin, jarduera baterako eremu egokia izan ezean, jardueraren iraupenerako ezarritako denbora mugaren barnean, eta aldez aurretik ordainduta dagokion prezio publikoa. Barne dira bizikletak, patineteak, ibilgailu bateriadunak, etab.
h) Pintadak egitea edo itsasgarriak edo antzekoak jartzea "La Pista" instalazioan. 13. artikulua. Falta arinak.
Falta arintzat hartzen da:
a) Substantziak eta edonolako hondakinak botatzea horretarako jarritako ontzietatik kanpo.
b) Erregelamendu honetan ezarritako erabiltzaileen betebeharrak ez betetzea edo debekatutako ekintzak egitea, falta astuna edo oso astuna ez direnean.
13. artikulua. Zehapenak.
1. Arau-hausteak zigortzeko ahala duen organoak honako isun ekonomikoak ezarriko ditu:
a) Arau-hauste oso astunak: 3.000 euro arteko isuna.
b) Arau-hauste astunak: 1.500 euro arteko isuna.
c) Arau-hauste arinak: 750 euro arteko isuna.
2. Zehapenaren maila ezartzeko aintzat hartuko dira intentzioa, eragindako kalteen izaera eta errepikapena.
3. Espediente zehatzailea ebatziko duen organoaren ebazpen arrazoituaren bidez, arau-hauste astunen eta oso astunen kasuan isun ekonomikoaren ordez neurri alternatibo bat ezartzen ahalko da; hau da, erabiltzaileei udal instalazioa erabiltzeko eskubidea kentzea denbora-tarte hauetan:
a) Arau-hauste oso astunak: sei hilabete eta urtebete artekoa.
b) Arau-hauste astunak: hamabost egun eta hilabete artekoa.
c) Arau-hauste arinak: egun bat eta hamabost egun artekoa.
14. artikulua. Lehengoratzea eta kalte-ordaina.
Erregelamendu honetan zehaztutako gertaerengatik ezar daitezkeen zehapenak gorabehera, arau-hauslea behartuta egonen da, hala dagokionean, ondasunak lehen zuten egoerara itzultzera eta berritzera, eragindako kalte eta galeren ordaina emanez.
15. artikulua. Erantzuleak.
1. Erregelamendu honetako arauak hausten dituztenak izanen dira erantzuleak.
2. Arau-haustea dakarten ekintzak hainbaten artean burutzen direnean, eta ezinezkoa denean zehaztea bakoitzak noraino hartu duen parte, guztiak izanen dira erantzule modu solidarioan, prozedura erkideari buruzko legedian ezarritakoari jarraikiz.
16. artikulua. Prozedura.
1. Funesko Udaleko alkatetzari dagokio zehapenak ezartzeko ahalmena.
17. artikulua. Arau-hauste eta zehapenen preskripzioa.
Arau-hauste oso astunak bi urteren buruan preskribatuko dira, astunak urtebeteren buruan eta arinak sei hilabeteren buruan.
Azken xedapen bakarra.–Argitaratzea, indarrean jartzea eta komunikazio-egintza.
Erregelamendu hau indarrean jarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.
Iragarkiaren kodea: L2410443