158. ALDIZKARIA - 2024ko abuztuaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

9/2024 FORU AGINDUA, uztailaren 4koa, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariak emana, Nafarroako Kontsumoko Arbitraje Batzordeko burua izendatzen duena.

Kontsumoko Arbitraje Sistema arautzen duen otsailaren 15eko 231/2008 Errege Dekretuaren 7.1 artikuluan ezartzen denez, arbitraje batzordeek buru eta idazkari bana izanen dituzte, eta kargu horiek administrazio publikoen zerbitzuko langileek eta aipatu organoari atxikitako laguntzako langileek beteko dituzte. Kontsumoko Arbitraje Batzordea zein administrazioren mende dagoen, horrexek izendatuko ditu batzordeko burua eta idazkaria, eta izendapena Kontsumoko Arbitraje Batzordearen lurralde eremuari dagokion aldizkari ofizialean argitaratuko da.

Kontuan harturik Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariaren azaroaren 23ko 33/2023 Foru Aginduak izendatutako buruak kargua uztea erabaki duela, bidezkoa da foru agindu honen bidez buru berria izendatzea.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Javier Zazu Ercille jauna, Nafarroako Kontsumoko Arbitraje Batzordeko burua, kargutik kentzea, berak hala eskatu baitu, eta egindako lana eskertzea.

2. Carlos Agúndez Salinas jauna, Nafarroako Kontsumoko Arbitraje Batzordeko ordezko burua, kargutik kentzea, berak hala eskatu baitu, eta egindako lanagatik eskerrak ematea.

3. Rosa de Luis Aboitiz andrea Nafarroako Kontsumoko Arbitraje Batzordeko buru izendatzea, 2024ko uztailaren 4tik aurrerako ondorioekin.

4. Foru agindu hau interesdunei jakinaraztea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2024ko uztailaren 4an.–Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilaria, Mikel Irujo Amezaga.

Iragarkiaren kodea: F2410713