158. ALDIZKARIA - 2024ko abuztuaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

CINTRUÉNIGO

Deialdia, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko lanpostu hutsak, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean. Musikako irakaslearen (perkusioa) lanpostuari uko egitea eta bete gabe deklaratzea

Cintruenigoko Gobernu Batzarrak, 2024ko uztailaren 4an egin bilkura berezian, erabaki hau hartu zuen, besteak beste:

Tokiko Gobernu Batzarrak 2022ko azaroaren 25eko bilkuran hartutako erabaki baten bidez, deialdi bat onetsi zen lanpostu hutsak oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean. Hori dena, jarraikiz abenduaren 28ko 20/2021 Legean xedatuta dagoenari (enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzkoa). Deialdia argitaratu zen 2022ko 247. Nafarroako Aldizkari Ofizialean (berezia), abenduaren 12an.

Tokiko Gobernu Batzarrak 2024ko maiatzaren 21eko bilkuran hartutako erabaki baten bidez, Xabier Olcoz Pascual izendatu zen lanaldi partzialeko aldizkako langile lan-kontratudun finko, musikako irakaslearen (perkusioa) lanpostuan aritzeko. Hortaz, izangaiak lanpostuaren jabetza hartu behar zuen 2024ko ekainaren 28an. Hori dena, bat etorriz uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen 6.4 artikuluarekin (19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, hizpide dituena neurri batzuk, Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze prozesuak gauzatzeko, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz).

Ikusirik Olcoz izangaiak, 2024ko ekainaren 28an, eskabide bat aurkeztu zuela kontratazioari uko egiten ziola adierazteko, bertan zehazten zituen arrazoiengatik.

Kontuan hartuta urriaren 1eko 39/2015 Legearen 94. artikuluak zer xedatzen duen interesdunek atzera egiteari eta uko egiteari dagokionez (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

Kontuan hartuta deialdiaren 10.5 oinarrian ezarritakoa, eta ikusirik ez dagoela aukerarik 9.4 oinarrian ezarritakoa aplikatzeko; hau da, lanpostu hutsa baldintzak betetzen dituen beste izangairen batek betetzeko, Olcoz baita prozesua gainditu duen bakarra.

Horrenbestez,

ERABAKI DA:

1. Erabat onartzea Xabier Olcoz Pascualek 2024ko ekainaren 28an aurkeztutako uko egitea, eta deklaratzea eskubide guztiak galdu dituela Cintruenigoko Udaleko langile lan-kontratudun izateko.

2. Bete gabe uztea musikako irakaslearen lanpostu hutsa (A70 plaza, perkusioa) oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia, gainditu duen izangai bakarrak uko egin baitio, eta prozedura amaitutzat ematea.

3. Erabaki hau toki-erakundeko langileria alorrera igortzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan, bai eta interesdunari jakinaraztea ere; orobat, ohartaraztea ezen ebazpen honen aurka, zeinak administrazio-bidea bukatzen baitu, errekurtso hauetako bat aurkezten ahal dela:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazten den egunaren biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazten denetik hasita.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Cintruenigon, 2024ko uztailaren 5ean.–Alkatea, Óscar Bea Trincado.

Iragarkiaren kodea: L2410730