Iragarkia
158. ALDIZKARIA - 2024ko abuztuaren 2a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
69/2024 FORU AGINDUA, ekainaren 26koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez xedatzen baita Transporte sanitario de Navarra BIDEAN SL sozietate publikoaren estatutuak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Nafarroako Gobernuak, 2023ko apirilaren 5eko bilkuran, baimena eman zion Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoa SLri erantzukizun mugatuko sozietate bat eratzeko, Transporte sanitario de Navarra BIDEAN SL sozietate-izenekoa. Erabakiaren eranskinean sozietatearen estatutuak gehitu ziren.
Estatutuak onetsi ondoren, Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legearen 108. artikuluan xedatutakoarekin bat, bidezkoa da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Horrenbestez,
AGINTZEN DUT:
Transporte sanitario de Navarra BIDEAN SL sozietate publikoaren estatutuak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela xedatzea. Estatutuak foru agindu honen eranskinean azaltzen dira.
Iruñean, 2024ko ekainaren 26an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, José Luis Arasti Pérez.
TRANSPORTE SANITARIO DE NAVARRA BIDEAN SOZIETATE PUBLIKOAREN ESTATUTUAK
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Izena.
Sozietateak TRANSPORTE SANITARIO DE NAVARRA BIDEAN SOCIEDAD LIMITADA izena izanen du, eta haren helburua izanen da osasun garraioaren zerbitzua ematea Nafarroako Gobernuak osasun prestazioen arloan dituen betebeharretatik eratorritako premiei.
2. artikulua. Araubide juridikoa.
Sozietatea, sozietate mugatuaren forma juridikoa izanen duena, estatutu hauen arabera arautuko da, eta, estatutu hauetan aurreikusita ez dagoen orotan eta aginduzko betebeharretan, Kapital Sozietateei buruzko Legean eta aplikatu beharreko gainerako xedapenetan xedatutakoaren arabera.
3. artikulua. Egoitza soziala.
Sozietateak Iruñeko (Nafarroa) Bakearen plazan (z.g.) du egoitza eta, Administrazio Kontseiluaren erabakiaren bidez, filialak, sukurtsalak, delegazioak, agentziak eta gordailuak sortzen ahal ditu edozein lekutan.
4. artikulua. Iraupena.
Sozietatea iraupen mugagaberako eratzen da, eta sozietatea eratzeko eskritura egilesten den egunean bertan hasiko dira haren eragiketak.
5. artikulua. Sozietatearen helburua.
Sozietatearen helburua hauxe da:
Osasun garraioa eskaintzea, modalitate guztietan: urgentea, programatua eta programatu gabeko arrunta. Osasun garraioko planak modu integralean egitea, osasun zerbitzu publikoekin eta Nafarroako Gobernuko larrialdietako eta babes zibileko zerbitzuekin koordinatuta. Horretarako, garraio hori kudeatzeko gaitasun osoa izanen du, plangintza, gauzapena eta kontrola barne. Horretarako, behar diren bitarteko guztiak erabiltzen ahalko ditu, berekiak zein hitzartuak edo itunduak.
Jardueraren sailkapen ekonomikoa Jarduera Ekonomikoen Kode Nazionalaren 8690 epigrafean sartzen da, (Beste osasun jarduera batzuk).
II. KAPITULUA.–KAPITAL SOZIALA. PARTAIDETZA SOZIALAK
6. artikulua. Kapital soziala eta partaidetzak.
Kapital soziala –guztiz ordainduta dago– 3.000 eurotan finkatzen da, eta ehun partaidetza sozialetan banatzen da. Bakoitzak 30 euroko balio nominala du, eta 1etik 100era zenbakituta daude, biak barne.
Partaidetzak zatiezinak eta metagarriak dira. Ez dira balore negoziagarriak izanen, ezin dira tituluen edo kontuko idatzoharren bidez ordezkatuta egoten ahalko, eta ez dira "akzio" deitzen ahalko.
Legean aurreikusitako moduan ebatziko da partaidetzen gaineko eskubideen jabekidetasuna eta titularkidetasuna, bai eta partaidetza horien gozamena, bahia edo enbargoa ere.
7. artikulua. Borondatezko eskualdaketa.
Honako arau hauek mugatzen dute partaidetzen salmenta edo lagapena:
a) Partaidetzak eskualdatzeko asmoa duen bazkideak idatziz jakinarazi beharko dio Administrazio Kontseiluko lehendakariari; hartara, horrek jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean gainerako bazkideei jakinarazi ondoren, bazkideek hurrengo hogeita hamar eguneko epean erosteko aukera izan dezaten. Erosle bat baino gehiago badago, haien artean banatuko dira, bakoitzak duen partaidetzaren proportzioan.
b) Bazkideetako batek ere ez badu lehentasunez eskuratzeko eskubidea erabiltzen, sozietateak eskuratzen ahalko ditu besterendu nahi diren tituluak, aurreko epea amaitu ondoko hogeita hamar eguneko epean.
c) Ez bazkideek ez sozietateak ez badute lehentasunez eskuratzeko eskubidea erabiltzen, partaidetzen titularrak askatasunez eskualdatzen ahalko ditu, legez ezarritako baldintzak betez.
III. KAPITULUA.–SOZIETATEAREN ORGANOAK
8. artikulua. Sozietatearen organoak.
Sozietatearen administrazioa eta ordezkaritza honako hauen gain egonen da, bakoitzaren eskumenen esparruan:
1.–Batzar Nagusia.
2.–Administrazio Kontseilua.
9. artikulua. Batzar Nagusia.
Bazkideek, behar bezala deitu eta eratutako Batzar Nagusian bilduta, estatutu hauetan ezarritako gehiengoen bidez erabakiko dute, eta hala badagokio, legeak ezarritakoen bidez, Batzarraren eskumeneko gaiei buruz. Bazkide guztiak, baita disidenteak eta ez daudenak ere, Batzar Nagusiak baliozkotasunez hartutako erabakien mende egonen dira. Salbu geratzen dira legean ezarritako banantze eta aurkaratze eskubideak.
10. artikulua. Batzar motak. Batzarrak nahitaez deitu behar izatea.
Batzar nagusiak arruntak edo bereziak izaten ahal dira.
Batzar Nagusi Arrunta ekitaldi sozial bakoitzeko lehen sei hilabeteen barruan bildu behar da sozietatearen kudeaketa eta aurreko ekitaldiko kontuak onesteko, hala badagokio, eta emaitzaren aplikazioaz ebazteko.
Batzar Nagusi Berezia urteko batzar arrunta ez den beste edozein da. Administrazio Kontseiluak sozietatearen intereserako beharrezkoa edo komenigarria deritzonean eginen du deialdia, eta betiere legeak eta estatutuek agintzen duten datetan edo kasuetan.
11. artikulua. Deialdia egiten duen organoa.
Administrazio Kontseiluak eginen du batzarrerako deialdia, haren baitan hartutako erabakiaren bidez, eta, hala badagokio, likidatzaileek.
12. artikulua. Deialdiaren aurrerapena.
Deialditik batzarra egiteko aurreikusitako datara bitarte gutxienez 15 eguneko epea egon beharko da, non eta legezko xedapen batek ez duen epe handiago bat eskatzen.
13. artikulua. Deitzeko modua.
1.–Sozietateak web korporatiborik ez badu, batzarretarako deialdia banakako eta idatzizko edozein komunikazio prozeduraren bidez eginen da, eta ziurtatuko da bazkide guztiek horretarako emandako helbidean edo sozietatearen dokumentazioan agertzen den helbidean iragarkia jasoko dutela. Bazkideren bat atzerrian bizi bada, deialdi indibiduala eginen zaio baldin eta lurralde nazionalean jakinarazpenetarako leku bat edo helbide elektroniko bat eman badu horretarako.
Jakinarazpen hori posta elektronikoz egiten ahalko da, bazkide bakoitzak emandako helbide elektronikora, baldin eta bidalketak hartzaileak jaso duela egiaztatzeko sistema teknikoren bat badu.
2.–Sozietateak web korporatiboa badu, merkataritza-erregistroan inskribatua eta BORMEn argitaratua, batzarretarako deialdiak argitaratzeko, web horretan sartuko dira.
3.–Estatutu hauetan aurreikusitakoaren arabera, web korporatiboan bazkideen eremu pribatua sortu bada, batzarretarako deialdien iragarkiak web horren barruan egiten ahalko dira, dela eremu publikoan dela, konfidentzialtasuna gordetzeko, bazkideen eremu pribatuan. Azken kasu horretan, bazkide bakoitza bere identifikazio sistemaren bidez soilik sartzen ahalko da iragarkietara. Hala ere, deialdia eremu publikoan egin beharko da, bere izaeragatik bazkideek ez ezik beste pertsona batzuek ere horren berri izan behar dutenean.
4.–Deialdia web korporatiboan iragarkia sartuz egiten bada ere, sozietateak posta elektroniko bidez jakinarazten ahalko die bazkideei iragarkia sartu duela.
5.–Web korporatiboa badago, batzarrerako deialdi bati dagokionez bazkideek eskubidez ezagutzen edo eskuratzen ahalko duten dokumentazioa web korporatiboan sartuko da, dela eremu publikoan, dela horretarako gaitutako bazkideen eremu pribatuan, bazkideen eskura jartzeko. Bazkideen eremu pribatuan sartzen bada, aurreko paragrafoetan xedatutakoa aplikatuko zaio.
6.–Legezko arau berezi batek hala xedatzen duenean, batzarrerako deialdia eginen da, bertan ezartzen den moduan.
14. artikulua. Batzar unibertsala.
Bazkideen batzarra behar bezala eratuta geratuko da edozein auzi eztabaidatzeko, aurretik deialdirik egin behar izan gabe, kapital soziala oso-osorik bertan edo ordezkatuta dagoenean eta bertaratuek aho batez onartzen dituztenean bilera egitea eta gai-zerrenda. Baldintza horiek betez gero, batzar unibertsalak egiten ahalko dira, parte-hartzaileak leku geografiko desberdinetan badaude ere, baldin eta horiek elkarrekin konektatuta badaude bideokonferentzia bidez edo bertaratuak ezagutzea eta identifikatzea eta haien arteko etengabeko komunikazioa ahalbidetzen dituzten beste bitarteko telematiko batzuen bidez.
15. artikulua. Batzordeak erabakiak idatziz eta bilkurarik gabe hartzea.
1.–Bazkideen batzarrak bilkurarik gabe hartzen ahalko ditu erabakiak, ondoren ezartzen diren baldintzak eta prozedura betez.
2.–Baldintzak:
–Batzarraren erabakiaren xede diren gaiak baiezko edo ezezko botoa emateko modukoak izatea.
–Bazkide guztiek adieraztea erabakiak bilkurarik gabe hartzearekin ados daudela.
3.–Prozedura.
3.1. Administrazio Kontseiluak bazkideei jakinaraziko die zer gaitaz eskatzen dion Batzarrari bilkurarik gabeko erabakiak hartzea eta, egoki baderitzo, gai bakoitzari buruzko erabaki proposamena eginen du.
Horretarako, alderdi horiek jasotzen dituen idatzizko jakinarazpena bidaliko dio bazkide bakoitzari, gai bakoitzari buruzko beharrezko informazio guztiarekin batera.
3.2. Jakinarazpen horrek epe bat emanen du, 10 egunetik gorakoa izanen ez dena, bazkideek adieraz dezaten erabakiak hartzeko sistema horrekin ados dauden ala ez eta beren botoa eman dezaten.
3.3. Epe horretan bazkideren batek adostasuna adierazi ez badu, prozedura bertan behera geratuko da, eta bazkide guztiek adostasuna adierazi badute, berriz, prozedurak aurrera jarraituko du.
Bazkideren batek proposatutako gai guztiei edo batzuei buruz botoa emateak esan nahi du prozedurarekin ados dagoela.
Bazkideren batek, proposatutako gairen bati buruz botoa eman badu baina beste batzuei buruz ez, horiei dagokienez abstenitu egiten dela ulertuko da.
3.4. Aplikatzekoak diren legeek ezarritako bitartekoez gain, prozedura honetan aurreikusitako komunikazioak idazki fisiko edo elektroniko bidez egiten ahalko dira, edo komunikazioa egiten duen subjektuaren identitatea eta edukiaren osotasuna behar bezala bermatzen duen urrutiko beste edozein komunikabideren bidez.
4.–Prozeduraren eta, hala badagokio, hartutako erabakien akta.
Merkataritza-erregistroaren Erregelamenduaren 100. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, sozietatean ziurtatzeko ahalmena duten pertsonek aktan jasoko dituzte jarraitutako prozedura eta, hala badagokio, hartutako erabakiak. Aktan, honako hauek adieraziko dira: bazkideen nortasuna, bazkide guztiak prozedurarekin ados daudela, batzarraren borondatea osatzeko erabilitako sistema eta bazkide bakoitzak emandako botoa. Ulertuko da erabakiak egoitza sozialean hartu direla, eta emandako azken botoa jasotzen den egunean.
16. artikulua. Batzarra egiteko tokia. Bitarteko telematikoen bidez bertaratzea.
1.–Sozietateak egoitza duen udal-mugartean eginen da batzar orokorra. Deialdian ez bada agertzen bilkura egiteko lekua, ulertuko da batzarra egoitza sozialean egiteko deitzen dela.
2.–Batzar Nagusian parte hartzeko, bi aukera izanen dira: edo bilera eginen den tokira joatea, edo baliabide telematikoen bidez parte hartzea. Horretarako, erabiliko diren bitartekoak zehaztuko dira deialdian. Bitarteko horiek bermatu beharko dute parte-hartzaileak ezagutzea eta identifikatzea eta haien arteko etengabeko komunikazioa, bai eta Administrazio Kontseiluak aurreikusitako bazkideen eskubideak baliatzeko epeak eta moduak ere, batzarra modu ordenatuan egin ahal izateko.
3.–Ulertuko da aipatutako edozein modutan bertaratzen direnak bilera bakar batera joan direla eta bilera hori egoitza sozialean eginen dela.
17. artikulua. Bazkideak batzar nagusietan ordezkatzea.
1.–Edozein pertsonak ordezkatzen ahalko ditu bazkideak batzar nagusietan.
Aplikatzekoak diren legeek ezarritako bitartekoez gain, ordezkaritza idazki fisiko edo elektroniko bidez ematen ahalko da, edo ematen duen subjektuaren identitatea behar bezala bermatzen duen urrutiko beste edozein komunikabideren bidez. Dokumentu publikoz ziurtatuta ez badago, batzar bakoitzerako berariazkoa izanen da ordezkapena.
2.–Web korporatiboaren barruan bazkideen eremu pribatua baldin badago, bazkideak bertan ematen ahalko du ordezkaritza, bere identifikazio sistema erabilita, ordezkaritza idazkia duen dokumentua formatu elektronikoan sartuz –bazkideak izenpetu duela joko da– edo eremu horren bidez bere borondatea beste era batera adieraziz.
Ordezkaritza ezeztatzen ahalko da beti, eta automatikoki ezeztatutzat joko da bazkidea batzarrera agertzen bada, fisikoki edo telematikoki, edo hark ordezkaritza eman aurretik edo ondoren urrutiko botoa ematen badu. Ordezkaritza bat baino gehiago emanez gero, azken tokian jasotakoa izanen da nagusi.
18. artikulua. Urrutiko boto aurreratua deitutako batzar nagusietan.
1.–Bazkideek beren botoa ematen ahalko dute bazkideen Batzar Nagusiaren deialdiko gai-zerrendan jasotako puntu edo gaiei buruz. Horretarako, batzarra egin aurretik igorri beharko dute botoa, aplikatu beharreko legeriak ezarritako bitartekoez, idazki fisiko edo elektronikoz edo botoa ematen duen bazkidearen nortasuna behar bezala bermatzen duen urrutiko beste edozein komunikabideren bidez. Urrutiko botoan, bazkideak bereiz eman beharko du botoa kasuan kasuko batzarraren gai-zerrendan jasotako gai edo puntu bakoitzari buruz. Botorik eman ezean gai bati edo gehiagori buruz, ulertuko da horiei dagokienez abstenitzen dela.
2.–Web korporatiboaren barruan bazkideen eremu pribatua baldin badago, bazkideak bertan ematen ahalko du botoa, bere identifikazio sistema erabilita, botoa duen dokumentua formatu elektronikoan sartuz edo eremu horren bidez beren borondatea beste era batera adieraziz.
3.–Boto aurreratua batzarra hasteko ezarritako ordua baino gutxienez 24 ordu lehenago jaso behar du sozietateak. Une horretara arte botoa ezeztatzen edo aldatzen ahalko da. Epe hori igarotakoan, urrutiko boto aurreratua indarrik gabe uzten ahalko da, bakarrik, bazkidea batzarrera bertaratuta edo telematikoki parte hartuta.
19. artikulua. Batzarra eratzea eta erabakiak hartzea.
1.–Batzarra eratzea, batzarraren mahaia eta batzarraren garapena.
Batzarraren mahaia lehendakariak eta idazkariak osatuko dute, hau da, kargu horiek Administrazio Kontseiluan dituztenek. Izendapen hori egin ezean, bazkide zaharrena izanen da lehendakaria, eta gazteena, berriz, idazkaria. Pertsona batek izaten ahalko ditu bi karguak.
Gai-zerrendan sartu aurretik, bertaratuen zerrenda osatuko da. Bertaratutako bazkideen eta ordezkatutako bazkideen izenak adieraziko dira, bai eta dituzten partaidetza kopurua –beraienak nahiz besterenak– eta dagozkien botoak ere. Ulertuko da batzarrera bertaratu direla aldez aurretik urrutiko botoa eman duten bazkideak edo, deialdian hala aurreikusi delako, bitarteko telematikoen bidez bertaratu direnak, bat etorriz Kapital Sozietateei buruzko Legearen 189. eta 182. artikuluetan aurreikusitakoarekin.
Zerrendaren amaieran, zehaztuko da zenbat bazkide bertaratu diren edo ordezkatuta dauden, zenbateko kapitalaren titular diren eta zenbat boto dagokion bakoitzari.
Bertaratuen zerrenda bazkideen batzarraren aktaren hasieran agertuko da edo, bestela, eranskin bidez erantsiko zaio aktari.
Bertaratuen zerrenda osatu ondoren, lehendakariak, hala badagokio, baliozkotasunez eratutzat joko du batzarra, eta zehaztuko du horrek gai-zerrendan jasotako gai guztiak aztertzen ahalko dituen. Era berean, batzarraren esanera jarriko da, hala badagokio, batzarrean beste pertsona batzuk egotea baimentzen duen.
Bilkura hasi ondoren, idazkariak gai-zerrenda osatzen duten puntuak irakurriko ditu, eta gai horiei buruz eztabaidatuko da. Lehenengo, lehendakariak parte hartuko du eta, ondoren, horretarako izendatzen dituen pertsonek.
Horiek hitz egin ondoren, lehendakariak hitza emanen die hala eskatzen duten bazkideei. Gai-zerrendaren mugen barruan zuzendu eta mantenduko du eztabaida, eta amaiera emanen dio, bere ustez, gaia behar bezala landu denean. Azkenik, erabaki proposamenak bozkatuko dira.
2.–Erabakiak hartzea. Gehiengoaren printzipioa.
Partaidetza bakoitzak bere titularrari boto bat emateko eskubidea ematen dio.
Batzar Nagusiaren erabakiak behar bezala emandako botoen gehiengoz hartuko dira, gutxienez kapital soziala osatzen duten partaidetza sozialei dagozkien botoen herena bederen ordezkatzen badute. Boto zuriak ez dira kontuan hartuko.
Hala ere, duten garrantzia dela eta, gehiengo indartuak behar dira honako erabaki hauetarako:
a) Kapital soziala handitzeko edo murrizteko eta gehiengo kalifikatua eskatzen den estatutuen beste edozein aldaketa egiteko, kapital soziala osatzen duten partaidetzei dagozkien botoen erdiak baino gehiagok horren aldekoa izan beharko du.
b) Kapital soziala osatzen duten partaidetzei dagozkien botoen bi herenen aldeko botoa beharko da, gutxienez, administratzaileei baimena emateko sozietatearen xede berbera, antzekoa edo osagarria duten jardueretan aritzeko, beren kontura edo besteren kontura; kapital gehikuntzetan lehentasun eskubidea kentzeko edo mugatzeko; aktiboaren eta pasiboaren eraldaketa, bat-egitea, zatitzea eta guztiz lagatzea erabakitzeko; egoitza atzerrira lekualdatzeko; eta bazkideak kanporatzeko.
3.–Quoruma eta gehiengo bereziak.
Salbu uzten dira, beren izaeragatik, quorum edo legez ezarritako gehiengo jakin batzuekin hartu behar diren eta estatutuak aldatzerik ez duten akordioak.
20. artikulua. Administrazio Kontseilua.
Sozietatea administrazio kontseilu batek administratu eta ordezkatuko du. Kide anitzekoa izanen da eta gutxienez hiru eta gehienez hamabi kontseilarik osatuko dute. Kontseilari izendatzeko ez da zertan bazkidea izan, eta pertsona fisikoak zein juridikoak izaten ahalko dira. Pertsona juridiko bat izendatzen bada kontseilari, hark pertsona fisiko bat izendatuko du bere ordezkari gisa, karguari dagozkion eginkizunak betetzeko. Administrazio kontseiluak lehendakari bat eta lehendakariorde bat izendatzen ahalko ditu bere kideen artetik, lehendakaria ez dagoenetarako edo ezintasun fisikoko kasuetarako. Idazkari bat ere aukeratuko du, eta, hala badagokio, idazkariorde bat. Horiek ez dute zertan kontseilariak izan. Kontseiluko kideak ez badira, idazkariak eta idazkariordeak hitza izanen dute kontseiluan, baina botorik ez. Kontseilari kargua lau urtez beteko da. Nolanahi ere, edozein unetan kargugabetzen ahalko dira, Batzar Nagusiaren erabakiz, baliozkotasunez emandako botoen gehiengoz, betiere kapital soziala osatzen duten partaidetzei dagozkien botoen heren bat ordezkatzen badute gutxienez. Boto zuriak ez dira kontuan hartuko.
21. artikulua. Kontseilarien ordainsaria.
Kontseilariek urtean ordainsari bat izanen dute, eta horren barruan sartuko dira bai kontseiluaren bileretara eta horiek prestatzeko era guztietako bileretara bertaratzeagatiko dietak eta horietarako joan-etorrien gastuengatiko kalte-ordainak, Batzar Nagusiak ekitaldi sozial bakoitzerako zehazten duen zenbateko finkoan.
22. artikulua. Kontseiluburua.
Administrazio Kontseiluko lehendakariak eginen du konpainiaren goi-zuzendaritza, eta Batzar Nagusiaren eta ordezkatzen duen Kontseiluaren erabakiak betetzen direla zainduko du. Sinadura soziala izanen du; hargatik eragotzi gabe kontseiluak aipatutako sinadura soziala erabiltzeari buruz hartzen dituen erabakiak. Halaber, indarreko legeek edo estatutuek ematen dioten beste edozein ahalmen izanen du.
Administrazio Kontseiluko lehendakaria Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuaren titularra izanen da, betiere kontseiluko kidea bada.
23. artikulua. Kontseiluaren bilerak deitzea.
1.–Lehendakariak eginen du deialdia, edo lehendakaria ordezten duenak edo kontseiluko kideen heren bat gutxienez osatzen duten kontseilariek, Kapital Sozietateei buruzko Legearen 246. artikuluan xedatutakoarekin bat.
2.–Deialdia idazki fisikoaren edo posta elektronikoaren bidez eginen da. Kontseilari bakoitzaren helbidera bidaliko da, jaso dela egiaztatu ahal izateko moduan, bilera egin baino gutxienez hiru egun lehenago, eta adieraziko da bilera zer tokitan, zer egunetan eta zer ordutan eginen den eta gai-zerrenda zein izanen den.
3.–Sozietateak web korporatiboa badu eta bertan Administrazio Kontseiluaren eremu pribatua sortu bada, deialdia egiteko, bertan sartuko da deialdiaren idazkia duen dokumentua, formatu elektronikoan, eta kontseiluko kide bakoitzak bere identifikazio sistemaren bidez baino ez du hori eskuratzen ahalko.
Kontseilari bakoitzari mezu elektroniko bat bidaliko zaio, deialdiaren idazkia sartuko dela ohartarazteko.
4.–Eremu pribatu horretan jarriko da, kontseiluko kideen eskura, deialdi bati dagokionez edo bestelako kasu batean eskubidez ezagutzen edo eskuratzen ahalko duten dokumentazioa. Kasu horretan, aurreko paragrafoan xedatutakoa aplikatuko da.
5.–Ez da beharrezkoa izanen deialdia egitea baldin eta, kontseilari guztiak bertaratuta edo ordezkatuta egonda edo konektatuta egonda parte-hartzaileak ezagutzea eta identifikatzea eta haien arteko etengabeko komunikazioa ahalbidetzen dituzten beste bitarteko telematiko batzuen bidez, aho batez onartzen badute Administrazio Kontseilua eratzea, bai eta haren gai-zerrenda ere.
24. artikulua. Botoa ordezkatzea edo eskuordetzea.
Kontseilariek beste kontseilari bat baino ez dute ordezkatzen ahalko bileretan. Ordezkaritza modu berezian emanen da bilera bakoitzerako, aplikatzekoak diren legeek ezarritako bitartekoen bidez, bai eta idazki fisiko edo elektronikoaren bidez edo ordezkaritza ematen duen kontseilariaren nortasuna behar bezala bermatzen duen urrutiko beste edozein komunikabideren bidez ere, lehendakariari zuzenduta.
Sozietateak web korporatiboa badu eta horren barruan Administrazio Kontseiluaren eremu pribatua sortu bada, kontseilariak bertan eskuordetzen ahalko du botoa, identifikatzeko sistema erabilita, ordezkaritza idazkia duen dokumentua formatu elektronikoan sartuz edo eremu horren bidez beren borondatea beste era batera adieraziz.
Ordezkaritza ezeztatzen ahalko da beti, eta automatikoki ezeztatutzat joko da kontseilaria bilerara agertzen bada, fisikoki edo telematikoki, edo hark ordezkaritza eman aurretik edo ondoren urrutiko botoa ematen badu. Ordezkaritza bat baino gehiago emanez gero, azken tokian jasotakoa izanen da nagusi.
25. artikulua. Eraketa eta erabakiak hartzea.
1.–Administrazio Kontseilua modu baliozkoan eratuko da kontseiluko kide gehienak –haiek edo ordezkariak– bileran daudenean.
Bileran dauden kontseilarien gehiengo osoz hartuko dira erabakiak eta, berdinketa izanez gero, lehendakariaren botoak erabakiko du.
Administrazio Kontseiluaren ahalmenak eskuordetzen direnean, Kapital Sozietateei buruzko Legearen 249. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da. Eta legeriak gehiengo indartua eskatzen duenean, bertan xedatutakoari jarraituko zaio.
2.–Kontseiluak idatziz eta bilerarik gabe hartutako erabakiak ere baliozkoak izanen dira, baldin eta kontseilaririk ez badago erabakiak hartzeko modu horren aurka.
Proposatzen diren erabakiak jasoko dituen idazkia eta kontseilari guztien horien gaineko botoa bitarteko elektronikoen bidez adierazten ahalko dira.
Zehazki, sozietateak web korporatiboa badu eta horren barruan Administrazio Kontseiluaren eremu pribatua sortu bada, mota horretako erabakiak hartzeko, eremu horretan sartzen ahalko da proposatutako erabakiak eta kontseilari guztiek horien gainean emandako botoa jasotzen dituen dokumentua, formatu elektronikoan. Botoa emanen dute, halaber, eremu pribatu horretan, beren identifikazio sistema erabilita, botoa jasotzen duen dokumentua formatu elektronikoan sartuz edo eremu horren bidez beren borondatea beste era batera adieraziz. Ondorio horietarako, sozietateak posta elektronikoz jakinarazten ahalko die kontseilariei zer sartu duen.
3.–Baliozkoa izanen da kontseilari batek emandako urrutiko botoa, aurrez aurre egitekoa den eta jada deitua dagoen Administrazio Kontseiluaren bilera bati dagokionez.
Aplikatzekoa den legeriak ezarritako bitartekoez gain, botoa idatziz, fisikoki edo elektronikoki ematen ahalko da, edo, bestela, botoa ematen duen kontseilariaren nortasuna behar bezala bermatzen duen urrutiko beste edozein komunikabideren bidez, kontseiluko lehendakariari zuzenduta. Kontseilariak botoa eman beharko du kontseiluaren gai-zerrendan jasotako gai bakoitzari buruz. Botorik eman ezean gai bati edo gehiagori buruz, ulertuko da horiei dagokienez abstenitzen dela.
Web korporatiboaren barruan bazkideen eremu pribatua baldin badago, bazkideak bertan ematen ahalko du botoa, bere identifikazio sistema erabilita, botoa duen idazkia jasotzen duen dokumentua formatu elektronikoan sartuz edo eremu horren bidez beren borondatea beste era batera adieraziz. Kontseiluaren bilera hasteko ezarritako ordua baino gutxienez 24 ordu lehenago sartu beharko da dokumentua.
Urrutiko botoak kontseilua behar bezala eratzen bada bakarrik izanen ditu ondorioak, eta bilera hasteko ezarritako ordua baino gutxienez 24 ordu lehenago jaso beharko du kontseiluak. Une horretara arte botoa ezeztatzen edo aldatzen ahalko da. Epe hori igarotakoan, urrutiko botoa indarrik gabe uzten ahalko da, bakarrik, kontseilaria bilerara bertaratuta edo telematikoki parte hartuta.
26. artikulua. Kontseilua non eginen den. Bitarteko telematikoen bidez bertaratzea.
1.–Kontseilua deialdian adierazitako lekuan eginen da. Deialdian ez bada agertzen kontseilua egiteko lekua, ulertuko da egoitza sozialean egiteko deitzen dela.
2.–Bitarteko telematikoen bidez bertaratzen ahalko da kontseilura. Horretarako, erabiliko diren bitartekoak zehaztuko dira deialdian. Bitarteko horiek bertaratzen direnak ezagutzea eta identifikatzea eta haien arteko etengabeko komunikazioa ahalbidetu beharko dute.
3.–Ulertuko da edozein modutan bertaratzen direnak bilera bakar batera joan direla eta bilera hori egoitza sozialean egin dela.
27. artikulua. Kontseiluaren barruko batzordeak.
Administrazio Kontseiluaren funtzionamenduari buruz aurreko artikuluan ezarritako arauak kontseiluak bere baitan sortzen duen edozein batzorderi ere aplikatuko zaizkio, bereziki web korporatiboaren bidez Administrazio Kontseiluarentzat eremu pribatu bat sortzeari, botoa eskuordetzeari, urrutiko botoa emateari eta bitarteko telematikoen bidez bileretara joateari dagokienez.
28. artikulua. Kudeatzailetza.
Administrazio Kontseiluak erabakiko du kudeatzailea izendatzea, kargugabetzea eta hari ahalmenak ematea.
Gaitasun handiko pertsona bat izendatu beharko da, zeinak kontratua eta ordainsariak izanen baititu. Horien baldintzak organo eskudunak finkatuko ditu, Nafarroako Enpresa Sektore Publikoaren barruan goi-zuzendaritzako lanpostuetarako ezarritako jarraibideen arabera.
V. KAPITULUA.–EKITALDI SOZIALA, URTEKO KONTUAK ETA MOZKINEN BANAKETA
29. artikulua. Ekitaldi soziala.
Ekitaldi soziala urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean hasi eta abenduaren 31n amaituko da.
30. artikulua. Urteko kontuak.
Administrazio Kontseiluak urteko kontuak, kudeaketaren gaineko txostena eta, hala badagokio, emaitza aplikatzeko proposamena gehienez ere hiru hilabeteko epean aurkeztu beharko ditu, ekitaldi soziala amaitzen denetik zenbatzen hasita.
31. artikulua. Mozkinen banaketa.
Mozkinak, halakorik izanez gero, sozietatea eratzeko helburuetara bideratuko dira; hargatik eragotzi gabe Kapital Sozietateei buruzko Legearen 274. artikuluaren arabera, legezko erreserba ezartzeari eta arian-arian handitzea.
VI. KAPITULUA.–DESEGITEA, LIKIDATZEA, ERALDATZEA, BAT-EGITEA ETA ZATITZEA
32. artikulua. Desegitea.
Sozietatea deseginen da legean aurreikusitako kausen ondorioz eta moduetan.
33. artikulua. Likidazioa.
Likidazio aldian, legean eta estatutu hauetan aurreikusitako arauak aplikatuko zaizkio sozietateari, baldin eta likidazioaren legezko araubide espezifikoarekin bateraezinak ez badira.
34. artikulua. Eraldatzea, bat-egitea, zatitzea eta desegitea.
Eraldatzearen, bat-egitearen, zatitzearen eta desegitearen kasuetan, Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko erabakia beharko da, Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legean aurreikusitakoarekin bat etorriz.
VII. KAPITULUA.–ADMINISTRATZAILEAK GAITZEA. DATU PERTSONALEN BABESA
35. artikulua. Administrazio kontseilua gaitzea.
Administrazio Kontseiluak eskumen osoa du estatutu hauetan web korporatiboaren eremu pribatuei, botoa eskuordetzeari, urrutiko botoa emateari eta batzarretara eta kontseiluetara bitarteko telematikoen bidez bertaratzeari buruz xedatutakoa garatzeko eta, oro har, sozietatearen, bazkideen eta administratzaileen artean bitarteko horien bidez komunikatzeari buruzko guztia garatzeko ere bai. Bereziki, sozietatearekiko harremanetan, bazkideak eta administratzaileak identifikatzeko bitartekoak egokitzen ahalko dituzte gertatzen ahal diren bilakaera teknologikoetara. Administratzaileek ahalmen hori baliatuko dutela jakinarazi beharko diete bazkideei.
36. artikulua. Datu pertsonalen babesa.
Datuen babeseko indarreko araudian ezarritakoarekin bat etorriz, bazkideen, administratzaileen eta kontseiluko kideen datu pertsonalak dagozkien fitxategietan sartuko dira, automatizatuak izan edo ez. Fitxategi horiek sozietateak sortuko ditu haien izaeraren berezko betebehar eta eskubideak kudeatze aldera, webgune korporatiboaren administrazioa barne, hala badagokio, legean eta estatutu hauetan xedatutakoaren arabera. Haiek beren eskubideak sozietatearen egoitzan baliatzen ahalko dituzte, haien nortasuna egiaztatzeko aukera ematen duten bitartekoak erabiliz. Datuak gordeko dira harremanak irauten duen bitartean eta sozietateari erantzukizunak eskatzen ahal zaizkion bitartean.
VIII. KAPITULUA.–ORDEZKO ESKUBIDEA
37. artikulua. Araubide osagarria.
Estatutu hauetan aurreikusi ez den orotan, Kapital Sozietateei buruzko Legean eta aplikatzekoak diren gainerako legeetan xedatutakoari jarraituko zaio.
Iragarkiaren kodea: F2410284
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
