2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ZUÑIGA
Udal ordenantza, laguntzak arautzen dituena oinarrizko ondasunak eta zerbitzuak eskuratzeko. Behin betiko onespena
Osorik ematen da argitara Oinarrizko ondasunak eta zerbitzuak eskuratzeko laguntzak arautzen dituen udal ordenantza, zeina Udalak hasiera batez onetsi baitzuen 2024ko martxoaren 7ko osoko bilkuran. Hori dena, jarraikiz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legeari. Nahitaezko iragarkia argitaraturik iragarki-taulan eta 2024ko 76. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 16an, ez da haren aurkako erreklamaziorik aurkeztu legezko epean; beraz, aipatutako udal erabakiarekin bat etorriz, ordenantza behin betiko onetsitzat jotzen da.
Zuñigan, 2024ko ekainaren 13an.–Alkatea, Pedro María Oteiza Díaz.
ORDENANTZA, ARAUTZEN DUENA OINARRIZKO ONDASUNAK ETA ZERBITZUAK ESKURATZEKO JOAN-ETORRIETARAKO LAGUNTZA EKONOMIKOA
SARRERA
Espainiako bankuak 2122. Agiria eman zuen 2021. urtean Espainiako landa-eremuko biztanleek zerbitzuak eskuratzeko zeukaten moduari buruz. Agiri horretan jasotakoaren arabera, autonomia-erkidegoen barruan, landa-eremuko udalerriek defizit handia zeukaten zerbitzuak eskuratzeko hiri-inguruneetakoen aldean. Orobat, alde handia zegoen landa-eremuaren eta hiriguneen artean zerbitzuak eskuratzeko aukerei dagokienez.
Halaber, agirian jasotakoaren arabera, landa-eremuko udalerri bateko biztanleek, batez beste, 23 kilometro inguru egin behar dituzte oinarrizko toki-ondasun eta -zerbitzuetara iristeko, hala nola liburutegia, haur eskola edo supermerkatua. Hiri-inguruneko udalerrien kasuan, ordea, batez besteko distantzia 2 kilometrokoa da. Horrek esan nahi du, bada, 20 kilometro pasatxoko aldea dagoela landa-eremuko udalerrien eta hiri-inguruneko udalerrien artean, tokiko ondasun eta zerbitzuetara iristeaz ari garela.
Zuñiga herrian oinarrizko zerbitzu gehienak falta dira: supermerkatua, ikastetxea, oinarrizko osasun-laguntza, kutxazain automatikoa, ospitalea, gasolindegia eta abar. Hortaz, Zuñigako herritarrek, zerbitzu horiek eskuratzeko, beste herri batzuetara joan behar dute, eta horrek gastu ekonomikoa eragiten die.
Izan ere, Zuñigako herritarrek hiri-inguruneetako udalerrietan bizi direnek baino 23 kilometro gehiago egin behar dituzte oinarrizko ondasun eta zerbitzu batzuk eskuratzeko, hala nola supermerkatua edo ospitalea, eta horrek zailtasun handiagoak eta kostu altuagoak eragiten dizkie ondasun eta zerbitzuez hornitzeko orduan.
Halaber, Nafarroako Foru Ogasunak pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruz argitaratzen duen estatistikako datuen arabera, Zuñiga Nafarroako herri xumeenetako bat da, errenta-aitorpen txikiena dutenetako bat baita. Zehazki, 2021ean, errenta-aitorpen txikiena egin zuen Nafarroako udalerria izan zen, eta 2022an, bertako herritarren errenta-aitorpenak, batez beste, Nafarroako txikienak izan ziren.
Orobat, nabarmendu behar da Zuñiga dela azken 10 urteetan Nafarroan, ehunekotan, biztanlerik gehien galdu dituen herria; zehazki, %48 jaitsi da bertako biztanleria. Horrek esan nahi du azken urteetan 43 biztanle galdu dituela.
Bestalde, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen VI. kapituluak (221. artikulua eta ondokoak) arautzen du Nafarroako toki entitateek erakunde publiko eta pribatuei eta partikularrei tokiko eskumenei lotutako zerbitzuak eta jarduerak osatu edo ordeztu beharrez laguntza ekonomikoak eman eta sustatzeko modua.
Zuñigako herritarrek, hortaz, gastu osagarri bat daukate, oinarrizko ondasunak eta zerbitzuak eskuratzeko joan-etorriek eragindakoa. Premia hori gero eta agerikoagoa, eta Zuñigako Udalak hari aurre egiten lagundu nahi die.
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honen xedea da arautzea zer baldintzatan emanen dizkien laguntza ekonomikoak Zuñigako Udalak bertan bizi direnei, laguntzeko zati batean ordaintzen udalerrian ez dauden oinarrizko ondasun eta zerbitzu zehatz batzuk eskuratzeko egiten dituzten joan-etorriek eragindako gastuak, horretarako onura publikoko edo gizarte intereseko arrazoiak daudela irizten baitio.
2. artikulua. Onuradunak eta onuradunek bete beharreko baldintzak.
Laguntza ematen den urteko uztailaren 1ean udalerrian erroldatuta daudenei emanen dizkie Udalak laguntzak.
Onuradunak ezin izanen dira egon Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako debeku egoeretako batean, eta egunean izan behar dituzte zerga- eta tributu-betebeharrak Zuñigako Udalarekin.
3. artikulua. Laguntzen zenbatekoa.
Urtean 150 euroko laguntza emanen zaio onuradun bakoitzari.
4. artikulua. Laguntzak ematea.
Zuñigako Udalak ofizioz emanen dio herritar bakoitzari dagokion laguntza.
5. artikulua. Laguntzak jasotzea.
Udalak urteko bigarren seihilekoan ordainduko ditu laguntzak.
6. artikulua. Aplikatuko beharreko araudia.
Aplikatuko den araubide juridikoa da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritakoa, baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritakoa ere.
AZKEN XEDAPENA
Lehena.–Ordenantza hau behin betiko onespenaren iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Iragarkiaren kodea: L2409935