154. ALDIZKARIA - 2024ko uztailaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EGUESIBAR

Deialdia, 2024-2025 ikasturtean eskola jantokietan jateko dirulaguntza bereziak emateko. Laburpena

Dirulaguntzen Datu Base Nazionala (identifikazioa): 771981.

Argitara ematen da deialdiaren laburpena, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3.b eta 20.8.a artikuluekin; haren testu osoa kontsulta daiteke Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (https://www.infosubvenciones.es/bdnstrans/GE/eu/convocatoria/771981).

Helburua eta xedea.

Dirulaguntza hauen xedea da prozedura juridikoa arautzea eskola jantokietan jateko laguntza bereziak emateko Eguesibarren bizi diren eta bertan erroldatuta dauden familiei, banakako ebaluazio araubidean, baldin eta haien umeak Haur Hezkuntzako 2. zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikasketak egiten ari badira (kontuan hartu gabe ikastetxearen kokalekua), familiako bizitza bateratzen laguntzeko lan egoerarekin eta prestakuntza nahiz osasun egoerarekin.

Onuradunak.

Honako baldintza hauetakoren bat betetzen duten familia-unitateak. Familiako bizitza honako hauekin kontziliatzea:

I.–Bi gurasoak, legezko tutoreak edota adingabea behin-behinean hartu eta tutore gisa aritzen diren pertsonak lanean aritzea jantoki garaian, eta ondorioz ezinezkoa izatea etxean jaten ematea.

–Lan-eszedentzia hartu dutenen kasuan, laguntza emanen da eszedentzia amaitutakoan.

–Deialdiaren xedea eta helburuak betetzen direla ulertuko da pertsona horiek gutxienez lanaldi erdian lan egiten badute, edo lanaldi erdia baino gutxiago denean, baldin eta lanaldi hori eskola-jantokiaren ordutegiarekin bat badator. Aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente kasuan (ABEEE), egoera hori frogatzen duen egiaztagiria aurkeztu beharko da.

II.–Bi gurasoek edota legezko tutoreek iraupen luzeko prestakuntza-jarduerak gauzatzen badituzte (unibertsitate ikasketak, lanbide heziketa, ikastaro espezifikoak...) eta jarduera horiek eskola-ordutegiarekin bat badatoz. Emanen den laguntza kalkulatzerakoan kontuan hartuko da prestakuntza-jarduera zenbat hilabetekoa den.

III.–Eskatzaileak egiaztatzea mendekotasun egoeran dagoela, desgaitasuna duela (%33 edo handiagoa), edo aldi baterako gaixotasuna dela eta medikuaren baja duela, betiere egoerak irauten duen bitartean eskola-jantokiaren ordutegian adingabekoari arreta ematea eragozten badu.

Era berean, deialdi honek barne hartuko ditu aurreko ataletan (I., II., III.) adierazitako egoeretako bi betetzen dituzten eskabideak.

Aintzat hartuko dira halaber, ez-ohikoak izanik, gizarte zerbitzuek eginiko aldez aurreko txostena izan gabe ere laguntza ematea beharrezkoa den egoerak. Balorazio batzordeak aztertuko ditu salbuespen egoerak. Honako hauek hartuko dira salbuespen egoeratzat:

a) Adingabea babesteko prebentzioko baliabidea bada eskola jantokian jatea. Salbuetsiko da muga ekonomikoak eta erroldatzearen antzinatasun baldintza betetzetik.

b) Adingabeak gizarte esku-hartzeko plan baten ondorioz jaten badu eskola jantokian.

Bi egoera horiek, salbuespen gisa, %90erainoko dirulaguntza ematea ekar dezakete. Ikastetxe itunduen kasuan, eskola jantokirako sarbidea guztiek baldintza berberetan izanen dutela bermatzeko, zenbateko handiago batekin osatzen ahalko da udal laguntza, Nafarroako Gobernuak ikastetxe publiko eta itunduetarako ematen duen laguntza parekatzeko.

Inola ere ez dira gastu diruz lagungarritzat hartuko zakote-ontzi zerbitzua edo jantoki zerbitzuaren gastuari ez dagozkion beste gastu batzuk.

Eskabideak aurkezteko epea.

2024-2025 ikasturterako eskaerak aurkezteko epea 2024ko irailaren 5etik 13ra izanen da. Epe horretan aurkezten ahalko dira eskabideak, udalaren erregistro elektronikoaren bidez edo aurrez aurre, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuan, aldez aurretik 012 zenbakiaren bidez hitzordua eskatuta.

Sarrigurenen (Eguesibar), 2024ko ekainaren 27an.–Alkatea, Xuriñe Peñas López.

Iragarkiaren kodea: L2410492