154. ALDIZKARIA - 2024ko uztailaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OLTZA ZENDEA

Oinarrizko datuak berritzea, kolektiboki, Izuren eta Artazkotzen arteko errepideak ukitutako udal jarduketa-eremuan. Informazio publikoa

Oltza Zendeako Udaleko alkate udalburuak 352/2024 Ebazpena eman zuen 2024ko maiatzaren 21ean. Hona hemen testu osoa:

Ikusirik behin eta berriz adierazi diotela Oltza Zendeako Udalak, Artazkozko Kontzejuak eta Izuko Kontzejuak Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari (Nafarroako Gobernua) nahi dutela Izuren eta Artazkotzen arteko bidea sartzea Nafarroako errepide sarean.

Ikusirik Nafarroako Gobernuaren Zainketa Zerbitzuak komunikazio bat egin duela, non eskatzen baita hobetu dadila egindako eskaera; zehazki:

"Prozedurari hasiera emateko, beharrezkoa da Udalaren osoko bilkuraren erabaki bat, Nafarroako Gobernuan errepideen eskumena duen erakundeari eskatzeko onar dezala transferentzia hori. Gainera, eskaera horretan argi eta garbi azaldu beharko dira aipatutako tartearen hasierarako eta bukaerarako puntu zehatzak, errepide-sarearekin behar diren loturak, eta tokiko sarearekin izan daitezkeen loturak, baita garrantzitsua izan daitekeen edo kontuan hartu beharreko beste edozein inguruabar ere.

Era berean, beharrezkoa da jakitea zein den transferentziak ukitu ditzakeen lurren katastroko eta/edo erregistroko egoera. Aurretik, alderdiek adostu behar dute fisikoki noraino iristen den transferentzia hori. Hala, lurzati indibidualetan kontsignatu ahal izanen dira, erregistra daitezen (edo alta eman dakien Lur-ondasunen Zerbitzuan), jarraikiz araututako izapidetzeari, hain zuzen, Nafarroako Foru Komunitateko ondarearen araudian araututako izapidetzeari".

Ikusirik ezen, Oltza Zendeako Udalak 2024ko otsailaren 29an egindako osoko bilkuran, erabaki zela espediente administratibo bati hasiera ematea, gauzatu dadin Izuren eta Artazkozen arteko bidea transferitzea, hots, Nafarroako Gobernuan errepideen eskumena duen erakundeari transferitzea, errepide hori sar dadin Nafarroako errepide sarean.

Honako kilometro-puntu hauek proposatu dira tarte horren hasierarako eta bukaerarako:

Hasiera: Asiaindik Izura sartzeko puntua, hots, NA-7018 errepideko 0,35 kilometro-puntua (koordenatuak: X=599010,08 Y=4742468,45).

Bukaera: Artazkozko irteera, hots, NA-7018 errepideko 1,57 kilometro-puntua (koordenatuak: X=5599659,11 Y=4741333,43).

Ikusirik Servicios de Catastros de Navarra SLko teknikariek 2024ko urtarrilaren 18an aurkeztutako txostena (enpresa hori arduratzen baita katastroaren mantentze-lanez), non beharrezkotzat jotzen baitu bide hori katastroan mugatzea, erregistroan inskriba dadin, gero Nafarroako Gobernuari lagatzeko. Eta kontuan hartu behar da ezen, katastroari dagokionez, 1989an ezarri zirela bide horren inguruko katastro-lurzatiak. Igorri zen lurzatiak biltzeko planoetan agertzen dena, eta igorri zen, orobat, katastroan bildu beharreko eremuaren aireko argazkietan agertzen dena, nahiz eta ez duen beharrezko zehaztasunik. Errepidearen inguruko katastro-lurzatien mugak ez zirenez zehatz bildu, mugak birdoitu behar dira, bai hizketagai dugun bidearen lurzatienak, bai Izuko eta Artazkozko kontzejuak gurutzatzen dituzten zeharbideenak ere.

Horrenbestez, prozedura bat izapidetu behar da, kolektiboki berritu daitezen Lur-ondasunen Erregistroko datuak, baldin zehatzak ez badira edo bat ez badatoz inskribatu beharreko errealitatearekin, hots, Izuren eta Artazkotzen arteko errepideak ukitutako jarduketa-eremuko ondasun higiezinen errealitatearekin. Jarduketa-eremu horren barnean sartzen dira Izuko 11. poligonoko 79., 80., 81., 82., 83., 84., 87., 88., 89., 90., 93., 94., 204. eta 258. lurzatiak eta Artazkozko 6. poligonoko 73., 74., 75., 76., 77., 79., 80., 81., 84. eta 85. lurzatiak, denak ere Oltza Zendeakoak. Hori dena, jarraikiz azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 28 bis artikuluari (Nafarroako Lur-Ondasunen Erregistroari eta katastroei buruzko Foru Legea).

Horiek horrela, indarreko legediak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbiziko.–Prozedura bati hasiera ematea, kolektiboki berritu daitezen Izuren eta Artazkotzen arteko errepideak ukitutako jarduketa-eremuko funtsezko datuak. Jarduketa eremu horren barnean sartzen dira Izuko 11. poligonoko 79., 80., 81., 82., 83., 84., 87., 88., 89., 90., 93., 94., 204. eta 258. lurzatiak eta Artazkozko 6. poligonoko 73., 74., 75., 76., 77., 79., 80., 81., 84. eta 85. lurzatiak, denak ere Oltza Zendeakoak.

Bigarrena.–Espedientea jendaurrean jartzea hilabetez, iragarkia jarrita Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ukitutako jabeek aurkeztu ditzaten (behar izanez gero) jabetza-tituluak eta komenigarritzat jotzen den agiri oro.

Hirugarrena.–Erabaki honen berri ematea Udalbatzari, hurrengo ohiko bilkuran.

Oltza Zendean, 2024ko ekainaren 25ean.–Alkatea, José María Cuende Vallejo.

Iragarkiaren kodea: L2410141