154. ALDIZKARIA - 2024ko uztailaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

73/2024 EBAZPENA, ekainaren 12koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Urbasa eta Andiako parke naturaleko mendietan etxeko txakurrak aske ibiltzea debekatzen duena.

Urbasa-Andia mendiek 15.820 hektareako azalera dute guztira, eta ardi, behi eta zaldi aziendaren 40.000 bat buru hartzen dituzte urtero, Nafarroa guztiko 350 abeltzaintzako ustiategitatik etorriak. Mendi horietako bazkalekuak garrantzi handiko baliabidea dira Neolitotik paisaia horri itxura ematen joan den aziendarentzat.

Gainera, mendi horietan dagoen abeltzaintza jarduera funtsezkotzat jotzen da Europar Batasunaren intereseko zenbait habitaten kontserbaziorako –Habitaten Zuzentarauak definitzen ditu era horretako habitatak– eta, horregatik, urriaren 8ko 228/2007 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Urbasa eta Andiako kontserbazio bereziko eremurako kudeaketa planaren oinarrizko alderdietako bat da abeltzaintza.

Azken urteotan gero eta gehiago dira, nabarmen gainera, Urbasa eta Andia mendietan aske dabiltzan etxeko txakurrak, eta gero eta gehiagotan gertatzen dira aziendari egiten dizkioten erasoak eta molestiak. Gaur egungo araudiak txakurrak kontrolpean izatea eskatzen du, baina ez du berariaz esaten lotuak egon behar dutenik, eta hori tirabira handia ari da eragiten bisitarien eta abeltzainen artean, txakurrak aske izateari buruzko arauak eta aziendari eragiten ari zaizkion kalteak direla-eta.

Honako hauek dira parke naturalari aplikatu beharreko arauzko xedapenak:

–13/1990 Foru Legea, abenduaren 31koa, Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzkoa; 59/1992 Foru Dekretuaren bidez onetsitako erregelamenduak garatzen du.

–9/1996 Foru Legea, Nafarroako Naturaguneei buruzkoa.

–2/1993 Foru Legea, Basa Fauna eta Haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzkoa.

–267/1996 Foru Dekretua, uztailaren 1ekoa, Urbasa eta Andia Mendietako Natura Baliabideak Antolatzeko Plana arautzen duena, irailaren 7ko 198/2011 Foru Dekretuak aldatua.

13/1990 Foru Legearen 64. artikuluarekin bat, Oihan Administrazioari dagokio, Ingurumen Administrazioak txosten loteslea egin ondoren, mendietako josteta jarduera arautzea, ingurune naturala begiratzea printzipioa izanik, bisitarien etorriak edo ingurunearen ahultasunak horretara bultzaturik.

Basa Fauna eta Haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko 2/1993 Foru Legearen 34. artikulua aintzat hartuta, ingurune naturalean egiten diren kirol, aisia eta turismoko jarduerek ingurunea errespetatu beharko dute eta landa ingurunearen ezaugarriak eta haren ingurumen arloko balioak hartu beharko dituzte kontuan, basa fauna errespetatzea barne.

Azkenik, Nafarroako Naturaguneei buruzko 9/1996 Foru Legeak parke natural deklaratu zuenez, ezinbestean kontrolatu eta antolatu behar dira turismo eta aisia arloko jarduerak, baina betiere helburu nagusia izanik basa fauna eta florako elementu naturalak eta espezieak babestea eta iraunaraztea.

Aisiako erabilerarekin loturiko araudiak, Urbasa eta Andiako Natura Baliabideak Antolatzeko Plana onesten duen uztailaren 1eko 267/1996 Foru Dekretuaren 29.3 artikuluan jasoa dagoenak, hauxe dio:

"Lagun-animaliak egon egon daitezke jabeek haien osasun agiriak, hori egitea nahitaezkoa denean, ager baditzakete. Animalia horiek beti beren jabeen kontrolpean egon beharko dute eta aziendari edo basa faunari eragozpenik ez die sortu beharko. Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak debekua ezar dezake animaliak aske ibiltzeko natur parkean eta agin dezake uhal edo katearekin lotuta ibili behar dutela".

2023ko otsailaren 24an egin zen Urbasa eta Andiako Patronatuaren bilkuran, etxeko txakurrek abeltzaintza jardueran eragiten dituzten eragozpenengatik abeltzainak pairatzen ari diren arazoa azaldu zuen Urbasa eta Andia Mendietako Larre Batzordeak.

Ildo horretan, Urbasa eta Andia mendietako bazkalekuak erabiltzen dituzten abeltzaintzako ustiategi gehienak biltzen dituen Urbasa eta Andiako Larre Batzordeak 2023. urtean eskatu zuen, Ingurumen Zuzendaritza Nagusira igorritako eskabide baten bidez, Ameskoetako Limitaciones Mendiko Batzarrearekin batera, etxeko txakurrak lotuta ibil daitezela, abeltzaintzarekin inolako gorabeherarik sor ez dadin.

Ikusita Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuak egindako txostena, non justifikatzen baita etxeko txakurrak uhalekin edo antzekoekin lotuak eramatea jabeei eskatzeko erabakia, ez diezaioten molestiarik eragin aziendari ezta kalterik ere Urbasa eta Andiako parke naturaleko bazkalekuak erabiltzen dituzten abeltzaintzako ustiategiei.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta aintzat harturik Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuan jasotakoa

EBAZTEN DUT:

1. Urbasa eta Andia mendietako parke naturalean txakurrak uhalekin edo antzekoekin lotuak eraman beharko dira, une oro jabeen kontrolpean egon daitezen eta, horrela, mendi horietan bateragarriak izan daitezen aisiako erabilera eta abeltzaintza jarduera. Baldintza horrek ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

2. Behar diren neurri guztiak hartu beharko dira iragartzeko eta jakitera emateko txakurrak, Urbasa eta Andia mendietan dauden bitartean, une oro uhalekin edo antzekoekin lotuak eraman beharko direla. Hala bada, parke naturalaren web orrian eta egokitzat jotzen diren hedabideetan zabalduko dira argibideak.

Orobat, kartel bertikalen bidez seinaleztatuko da betekizuna, parkeko hainbat tokitan, aparkalekuetan eta bisitariak hartzeko guneetan.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuko Baso Ondarearen Bulegoari, Lizarrako basozainei, Ameskoetako Limitaciones Mendiko Batzarrari eta Urbasa eta Andiako Larre Batzordeari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2024ko ekainaren 12an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Iragarkiaren kodea: F2410869